Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

11

 

Egunsentian batera oinez abiatu naiz San Anton zubitik, esku izoztuak berokiko poltsikoetatik atera gabe. Ordu bi inguru eman ditut, zubirik zubi, Ziridinieva itsasontzi ugertura dagoen kaira heldu arte. Hamasei urte daramatza muilaturik, herdoil hutsa da, badago zer hustu eta zer garbitu. Hainbatetan haizaturiko Zipreko bandera zarpaila, ezkerraldean metatutako bobinen kobreak lohituta, zeremoniarik gabe erriatu eta komandantziaren kaxoi baten barruan dago gordeta.

        Ibilaldi luzeak parada eskaini dit zerrenda bat buruz osatzeko Ignacio Zabala Garai Dimitriri aletu beharreko gai guztiekin: itsasontzia; atezainak; Bartzelona; Sasa; Andrei; eta Zorrotzaurreko proiektua. Zamakoaren parera ailegatzean, batera eta bestera begiratu dut. Lazunetan edo karpatan dabilen zahar burumotz bat baino ez da inguruan. Dei egin diot Dimitriri bere izenaz. Ez da denbora luzea joan, garrasiek alertaturik, kubiertara agertu den arte.

        — Estanisek bidali hau, bada...

        — Bai, Sasak.

        — Sasa? Estanis!!!

        Izugarri goititu du ahots lakarra. Beldurrak airean gibelatu naiz, ez ote nau egurtu behar begi biziko zoro honek. Nire eskuineko agurea eta biltegi bateko teilatura ihes egin duten kaioak ere ikaratu dira.

        Di-da batean aztertu dut aurrean dudan gizona. Ziridinievaren branka dirudi haren kokotsak. Aurpegi iharra, bizar egin gabeak leundua, begi erne eta mesfidatiak, azal zimurra. Eusten dion txatarra puskari ere behatu diot. Bakardade tokia da hau, Dimitriren morena-zuloa.

        — Egia esateko, ez nau inork bidali.

        Pasagune mehar batetik ontziratu naiz. Marearen mudantzak zabalduriko kiratsa hesitzen du alkohol usainak. Dimitriren barren usteletatik dator, gradu ugariko karga daroa zamako herdoilduak. Sasak ez nau alferrik zigortu, «Dimitri alkoholizaturik zagok zeharo».

        — Eta zer nahi duk? Hi ez haiz ni botatzera etorri, argi zagok hori.

        Bisaia zorrotzeko laguna apur batean baretu da.

        Ukabilak miatu dizkit, hatz-koskorrak etsaminatu. Boxeolari baten eskuak ditu berak, hezur-haragizko mailu zahar bi, begirada itzultzera derrigortu nau ispilu baten lez. Behatua zigor hutsa izan da, lehenengoan ulertu dut. Bide batez, kanpoko amenazoa ordezkatzen duen arrantzale pattalari ere bidali dio errekadua.

        — Edozein kasutan, Estanis kakarraldo puta hutsa duk.

        Dimitri txopako barandara makurtu da. Haize-kontra jarri zait, itsasorantz doa hegoa. Gure azpian lehorretik botatako sastar ugari inguratu zaigu. Gasolio-orbanik ez da ageri.

        — Bizi da? Hilabeteak ikusi barik...

        Zerrendaren ordena etorri zait akordura. Ez dut oraindino Estanis Acevedo Gomez Sasari buruz berba egin gura. Lehen gaia aipatu diot.

        Ziridinieva ez duk itsasontziaren benetako izena —erantzun dit.

        — Badakit, Sasak argitu zidan.

        — Estanis!

        Atzera ere sutu da. Barkatzeko eskatu diot. Oraingo honetan, ordea, ez da berehalakoan lasaitu, «Kontakatilua zer duk, ba!», zelan eten haren isuria, «Zer daki itsasontzi honetaz? Kakarraldoa beti zelatan!».

        Ahoa itxi dut. Dimitriren arrantzak errepidera ailegatu dira. Aitzinetik pasa diren hiru nerabe begira gelditu zaizkigu. Modako galtza ezin zabalagoak dituzte soinean, ipurdi bakoak.

        Riurik. Hori duk itsasontziaren lehenbiziko bataioa.

        Dimitrik mespretxua adierazi dit bere altzairuzko eskuekin, berak emandakoa du gustukoago. Neronek ere bai. Baiezko keinua egin eta gaiaz beste egin dut.

        — Eta zeinek bota behar zaitu hemendik?

        Ziridinieva ez da irabazi-galdu parametroetan sartzen, leherrarazi beharreko estadioa da, berehalako batean gainera. Erabakia politikoa da, jakina, baina tartean ez da bizilagunak aitortu gura dion zio ideologikorik. Abandoibarran daude hiriko museo prestigiotsuenak. Eta Sobietar Batasun ohiaren txatarra puska ez da mausoleo bat. Zelan azaldu ez dagoela kontu pertsonalik. San Mames futbol zelaiko burdinazko arku historikoa etorri zait gogora. Hiri honetako ikonoak ez badu tokirik amets berrian, nola salbatu zamaontzi zaharra?

        — Hiri puta honetan berriari esker aberastu gura duenak oztopo dik zaharra —argudiatu du letaginak diruditen hortzak karraskatuz.

        Andres Peruarena Andreiri buruz ari zait, susmo hutsa baino gehiago da.

        Gure paretik atoiontzi bat igarotzean bizkar eman dit. Hori baliaturik, ahoa ireki barik mintzatu natzaio: Bide horretatik nahi haut, Dimitri, baina ez horren arin, azken zubira iristeko arriskua zagok Bartzelonan une batez geratu gabe. Han gertatutakoen berri emango didak beste ezeren aurretik. Abia hadi Graciara.

        — Lasai egon —adoretu dut bere baieztapena zokoratuz—, inork ez zaitu hemendik bidaliko!

        Gizonak mesfidantzaz begiratu dit, lehorreko marinel eskarmentatua da. Bat-bateko eguraldi aldaketari usaina zelan hartu, hala igarri dit doinu faltsua. Haren behako zemaigarriari ezikusia egin diot, eta ontzi barrura sartzeko gomitaren zain geratu naiz. Kanpoaldetik, aspaldi errendituriko karkasa da Ziridinieva.

        — Kanporatu egingo naitek, bai horixe. Lehenago edo geroago kanporatuko naitek. Ez, ordea, burdinek ubelduriko eskumuturrak agerian, telebistetako kameralarien bazka, dibertimendu ditugun beltz horiek bezala, hil-hotzik baizik! Hil-hotzik!

        Dimitriren begi txipi irtenek dir-dir egin dute. Mimesia gura du ontziarekin. Bakarrik da hilerri honetan, ugerraren ofizial. Sobietar Batasuneko ikur barik, Jugoslaviaren aurkako finalean Jashini ateratako argazki historikoa paraturik du ohatze gainean, Sasak kontatua.

        Atezainaren izena bota diot brastakoan, lehen zubitik bigarrenera.

        — Jashin? Kazeta bateko errotatiba erditutako putre lumadun zikina al haiz?

        — Ez, Estanisek kontatutakoak ekarri nau hona.

        — Eta ze ostia kontatu dik kakarraldo putak?

        Zamako barrura sartzeko eskatu dio atezainaren gaineko aipuak, ondoko agurearekin ez omen da fidatzen. Ate estu batetik barruratu gara gela ilun batera, argizuloa baino ez dauka. Iltze bakarreko Jesukristo kirasdun bat dago aurreko paretan hamabi apostoluak lagun, denak lepamozturik. Jesukristo aguretua da, hezetasunak eta zurminak apaldurik, duintasunik gabekoa, Txislenko, Ivanov, Ponedelnik, Korneev eta Jusainov deabru errusiarrek behin eta berriro gezi errealistez zulaturik. Beste aldean, Jashin atezainak apostoluek fede barik botatako baloi guztiak gelditu eta moilara bidaltzen ditu, Angolako banderapeko beste kargaontzi bat eta Santurtziko atoiontzi zaharra gainbeheraren bazka diren angelura.

        Dimitrik bi piezatako sofa urratu batera esertzeko keinu egin eta etiketarik gabeko botila bat zabaldu du. Lepoa egingo nuke ozpina dela.

        — Nasdrovia! UGTko Jesukristo iraingarri honen kontra bota beharko nikek ontzia —berba egitean sudur-mintzak harrotu zaizkio—. Badakik zelan hil zen Jashin?

        Dimitri aulki batean jesarri da, bekoz beko. Odoletan ditu begi grisak, ardotan itotzen ari da. Ez dut luzaz arakatu, ikusmiran sentitu dut neure burua. Soa beste nonbaitera aldatu beharrez, ondoko fitxategian iltzatu ditut begiak. Pizgailuak, egutegiak, giltzatakoak, propaganda orriak eta urrezko luma bat gordetzen ditu tiraderetan. Hori ere badakit Sasari esker.

        — 89an zendu zuan atezain sobietarra, urdaileko minbiziak jota. Eta lau urte lehenago hanka bat moztu ziotean. Gainbehera goranzkoa duk beti... Hik badakik zer den hori?

        Begiratzeaz bat, ile xarpa zuriak antzeman dizkiot sudur eta belarrietan. Isilik segitu dut.

        — Hik ez dakik ezer! Armiarma Beltza, herren! Ez dakik zer den hori! Geometrian eta trigonometrian zuan batez ere jantzia. Tridimentsionalitatea zuan besteekiko aldea. Arriskua usnatu, akatsak sasoiz konpondu eta une egokian toki egokian egon. Sena eta ikasketak! Futbolean hasi aurretik lan-tresnen fabrika bateko atezain aritu zuan izotz-gaineko hockeyan. Zirrosiak edo Bilboko Udaleko Hirigintza zuzendariak garbituko naitek ni, baina. Edo biok!

        Dimitrik azken zubira —Zorrotzaurrera— salto egitea desio du hirugarrena zapaldu gabe. Ezin dut inolaz ere ametitu. Ziridinievaren kapitaina gure proiektuaren kontrako banderaduna izanagatik ere, hiperbolea da hiltzea. Zirrosiarenak, aldiz, begien bistakoa dirudi, Sasaren minbiziarenak bestekoa. Estanisek esandakoetara bueltatu naiz.

        — Bartzelonako ekintzarena kontatu zidak.

        Hiriaren izena entzuteaz bat, ikaratuta edo nazkatuta, Dimitrik esku gotorrak ababor-istribor astindu eta listua bota du. Nahi gabe eskuin begiaren ondoan zipriztindu nau.

        — Barkatu! Estanis Bartzelonakoaz mintzatu zaik... —izutik edo nazkatik barre-algarara egin du ziztu bizian—. Ederra diagu kontua! Eta zer kontatu dik? Bartzelonan ez zuan ezer gertatu eta!

        Segituan hazka egin du buru soilduan, zerbait gomutatu balitzaio bezala.

        — Sozialistok finala galdu genian, eta zer?

        — Estanisen arabera, bandera bat galdu zenuten.

        Dimitrik zutitzera egin du amorraturik. Begira geratu natzaio. Begi erne eta dirdaitsuak sutan daude. Bat-batean gomutetan murgildu da, baina ez Bartzelonakoetan. 1988ko irailaren 16an Erandioko Ondarresa tabernara joan dira hiru kideak. Baiezkoa eman dio Andreik Dimitriren gonbitari, azkenekoz eman ere. Jabeek Athletic saindutu arren, ez dago ikonografia mehatxagarririk. Gaur ere sesioa isiotu da. Jashinen eta Iribarren ekarpen historikoak deliberatzen ari dira zokondo ilun batean, testamentu-zabaltze batera azaldu dira. Langileak txikiteoan dabiltza tartera sartu gabe, ezagunak dituzte Dimitri eta Andrei. Lantzean behin, Sasa ere ahalegintzen da lubaki bat egiten. Baina Gordon Banks Banks of England bere atezaina ez da ongi etorria berdegunera. Ingalaterrako atezain ohia ez da Iribarren eta Jashinen olinpo berekoa, argi daukate hala Dimitrik nola Andreik. Gainera, makurrenean ere badaude su-eten eta bategite estrategikoak.

        Sasa beste behin ere umiliatu ostean, asteroko errituala ipini dute martxan. Andreik ezpainak jelaz busti eta, eskolan ikasi bezala, metrailadore baten lez kokatu ditu Espainiako lurmuturrak:

        «Iribar; Rivilla, Olivella, Calleja; Zoco, Fuste; Amancio, Pereda, Marcelino, Suarez eta Lapetra».

        Eta gaineratu egin du:

        «Iribar, Matxitxako!!!».

        Bizkaian sorturiko indarra zabaltzerako, Sasaren begiak Dimitrirenetan daude ainguraturik, tiroa noiz itzuliko zain. Honek ez ditu ezpainak zertan busti, baina bere patxaranaren jela baliatu du bereizgarri legez. Andreik ez bezala, puntu eta kometako geldiuneak luzatu ditu Sobietar Batasuneko handitasuna azpimarratzeko:

        «Jashin...; Shustikov, Sherternev, Mudrik...; Voronin, Anitxkin...; Txislenko, Ivanov, Ponedelnik, Korneev eta Jusainov».

        Bai eta punto eta kito ezarri ere:

        «Jashin, Txeliuskin!!!».

        Nahiz eta lehorrekoa izan, Lev Jashinek badaki igerian, non eta ur izoztuetan, garbi utzi gura dio. Andreik ez daki non dagoen Txeliuskin lurmuturra. Bare irudikatzen du, izotza urtean bederatzi edo hamar hilabetean, pinguinoak, hartz zuriak, itsas zakur bizardunak eta itsas lehoiak bizilagun bakar, bare edozein kasutan, huskeria Bizkaiko Golkoko enbaten aldean. Haizete beldurgarriek zaildu dute Iribar.

        Elkar mehatxatu ondoren, nor bere gogoko txapelketarekin gogoratu da.

        «Bazakiagu denok zer gertatu zen Frantziakoan!».

        «Heuk esan duk. Bazakiagu denok! Eta Espainiakoan! Bartzelonan!!!».

        Sasa ikusezin balitz bezala ari dira, haren atezainak ez du halako mailarik, geldiketak soilik dira argumentu sesio honetan, ez diote Bartzelonan gertatutakoaz erantzukizunik eskatuko.

        — Musean aritzen gintuan astero Ondarresan —argitu dit Dimitrik oroipenetatik itzulita.

        Lehengo sosegua berreskuratu du. Banderarena horren modu gordinean atera izana ezin barkatuzko hanka-sartzea izan da. Ahazteko erregutu diot. Ez dirudi, baina, entzun didanik. Oroitzapenetara barneratu da berriro. Amatatu egin zaizkio begi biziak.

        — Ondarresan apurtu zenuten harremana...

        — Peruarena jauna bazebilean urte mordoa militantziatik aldendua. Hartan haizatu zian afiliazio berria, «Garai berriak zatozak», zioan, «Garai berriak zatozak». Bertan akabatuko nian, barren!

        — Zein afiliazio?

        Artez erantzun beharrean, Bartzelonako porrot negargarria leporatu dio Andreiri, Sobietar Batasuneko bandera ostea zen euren ardura nagusia.

        — 1988 hartan kolore berriak bandera berria ekarri zion.

        Hori esan eta gero, kubiertara egin dugu ostera ere. Desertu auzoko autobusak klaxona jo dio Dimitriri gure aurretik pasatu denean. Esku-turuta batekin egin du arrapostu kapitainak.

        — Noiz ezagutu zenuten elkar?

        Dimitrik artilezko bufanda grisa ipini du lepoan.

        — 1963an, garbi diat akordua, urtebete geroago joan gintuan Bartzelonara. Atxuriko Miren Itziar tabernan ezagutu genian Estanisek eta biok Peruarena jauna. Atxuritarrak gaituk gu. Hura Bilbao-Bartzelona trenean zebilean gidariaren laguntzaile eta aldian-aldian Atxuriko geltokitik azaltzeko beharra zian, burokrazia. Ez..., bere aitaren lagun bat zian hangoan. Bai, hori duk. Aita makinista zuan Iruñerriko aldirikoetan.

        — Errailetik irten zen haren trena, ezta?

        — Estanisek kontatu dik hori? Kakarraldo puta hori beti ibiltzen duk dena nahasten.

        Jarraitzen utzi diot, interesatzen zait hori sinestea.

        — Peruarena jaunak trena laga nahi zian. Arkitektura ikasi nahi zian Madrilen. Istripuarena gertatu aurretik zian erabakita. Esan diadan moduan, Miren Itziarren biltzen gintuan. Soldadore nenbilean La Navalen, irakurrita nian Marx. Igitaien ordez, mailuak behar genitian. Peruarena jaunak, ordea, planoen premia handian ikusten zian Euskal Herria. Arkitektoak. Garai berrietako arkitektoa izan gura zian. Eta erabaki genian lehenengoz Bartzelonan eraikitzea. Planoz eta mailuz.

        Une horretan klaxona entzun dugu berriro.

        — Bazatorrek autobusa, Ondarresatik —Dimitrik mailukada iritzi dio gidariaren joari—. Egun itxita zagok. Basamortuetan ez duk ezer.

        Baduk, baduk, esan dut neure kolkorako.

        Bazegoen 88an behinik behin. Entzun balit bezala, Dimitri ostera ere bihurtu zaio gogoratzeari. Ondarresara joan zaio gogoa.

        «Apurtu barik, eraiki! Hiri berria», aldarrikatu du Andreik apo-begiak zabalduz. Patxaran basoa jaso du. Mozkorturik dago.

        «Hiri berria? Peruarena jaunak eta garai berrietako lagunek diseinatua, noski». Dimitrik topa egiteko keinua egin du. 64ko finalaren azken errepikapenean daude, ondo baino hobeto daki. Amaitu egin da betiko. «78an bezala. Hartan herria, eta orain hiria. Euskal hiria. Desegiten onak zarete zuek!».

        Sasaren esanekin ekin diot neuk ere Bartzelona osteko lehen egunak osatzeari. Handik bueltan Euskaldunara sartu zen Ignacio Zabala Garai Dimitri, soldadore arituak behar zituzten. Enpresa batek gas-ontzia enkargatua zuen. Euskaldunan, La Navalen bezala, lan franko zegoen egiteko. Bakanak ziren larruzko diru-zorroetan Jashinen argazkia —Hierrotik ebaki zuten ikusgarri hura— gordetzen ausartzen zirenak, Iribarzaleak ziren behargin gehientsuenak. Lan nekeza zuen fabrikan.

        — Eta beste biak? Sasa, adibidez?

        — Bartzelonara ailegatu baino lehen utzi zioan Sasa izateari. Neure oparia zuan goitizen hura, konprenitzen duk? Koldar alaena! Koldar hutsa izan duk beti. Itzulitakoan, ofizioetan hasi zuan, Errekaldeko tailer batean erlojugile, ez zegoan sindikaturik hor. Berdin duk. Hura ez zegoan salbatzerik. Batzuekin ezinezkoa duk.

        — Eta Andrei?

        — Andrei? —zalantza egin du, mamu bati buruz galdetu banio bezala—. Peruarena jauna... Ez zagok argi. Izenak ez dituk bat-batean galtzen. Bartzelonatik itzulitakoan hasi zuan. Garai berrietako arkitekto gisa ikusten zian bere burua, esan diat lehenago, ez ninduan fidatzen. Eta asmatu egin nian. Madrileratu bezain pronto bihurtu zuan Andres.

        Ahab goranahiaren bulegora joan zait gogoa. Lan-mahaiaren atzeko pareta zabalean dago ikusgai orla, Lehendakariaren erretratuaren maila berean: Andres Peruarena Epaltza jauna, arkitekturan lizentziaturik, 1972an, Madrilgo Arkitektura Eskola. Eta beste berrogeita bederatzi gazte inguruan, Espainiako probintzia bezainbat. Erraz ulertzen da zer dela-eta mespretxatzen duen Donostiako Fakultatea. Baita Iruñeko Opusenari dion herra, zio diferenteak biak ala biak.

        — Desertuko hiri nagusian herri berdea eraiki nahian...

        Batek daki zergatik bota dudan arrunkeria, atoan damutu zait. Ignacio Zabala Dimitri honek ez du halako punturik estimatzen. Neurrikoa eman dit ordainetan:

        — Desertuan ez zagok hiririk. Ikusi duk «Paris, Texas»? Travis... Travis! Erdu hona!

        Geldiro-geldiro esaneko bildu zaigu katu beltza. Agerpenak hotzikara eman dit, Isoszele zenaren akordua ekarri, gaixoa. Ez dut ahoa zabaldu.

        — Bilbo ez-hiri bihurtzen ari duk! Bai, ez harritu, neuk ere bazakiat zer den ez-hiri bat. Mailuaren hotsik gabe, planoak orri hutsak dituk!

        Dimitrik berriro jauzi egin du azken zubira, Zorrotzaurrera, zeharbidez. Han gelditzeko betarik eman gabe, Andrei ekarri behar dut lehenbailehen ahotara, dakarren eguraldi aldaketa, ur zikinean agertu berri diren gasolio-orbanak, korrokoien ugaltzea, zeruaren ederra, edozer. Jakingo balu nor naizen, Travis beltzak atzaparrak zorroztuko lituzke. Azken aldiz Ondarresa tabernara biltzeko gomita egin diot. Onartu egin du.

        — Peruarena jauna lotsatuta zegoan gurekin. Lehenagotik ere bai! Harrokerian ugertzen hasia zuan!

        Azkenekoz joan da Andrei 1988ko irailaren 16an. Nahita aukeratu du eguna Dimitrik, Euskalduna ontziola behin betiko zarratu dute. Poliziaren eta beharginen arteko borrokak luze jo du, duin eutsi diete Deustuko zubi azpitik pilota eta ke-poteei.

        «Garai berriak zatozak. Lur eman behar zieagu ezizenei».

        «Zuk aspaldi galdu zenuen».

        Hitanoa ukatu dio. Solaskideak ezentzuna egin du. «Andres, hobe duk Andres», pentsatu du, gero eta urrunago sumatzen du bere goitizena. Gero eta barregarriago, gero eta zikinago taberna. Pozarren ailegatu da minutu batzuk lehenago, Vega Sicilia edan du lehen aldiz gaur Gran Via kaleko jatetxe batean. Bulegoa estreinatu du Imanol del Val arkitektoarekin, hiri berria bategite ausarten premian dago. Amazonas esaten diote Abandoibarrari, Alaska, Afrika, orube eta moilei, hiria arkitektoena da, zubi berriek elkarrengana hurbilaraziko dituzte Nerbioiren alde biak.

        — Eta une horretan Ibaizabal Nerbioi bihurtzen zaiguk, mudantza erabatekoa duk.

        Ironia baino areago, etsipena igarri diot. Euri fin batek bildu gaitu. Dimitrik eskuaren binperraz xukatu du kopeta bustia. 88an jarraitu du besoak beso gainean.

        «Itsasontziak eraiki ditudan tokian eraikiko duzu zeuk hiria, nondik eta Deustuko zubi gainetik, txakurrak lez».

        Dimitrik edalontzia txikitu du eskuin eskuaz, Andres Peruarena helburu bihurtu, betiko madarikatu du josulagunen zubia. Sasak ezker-eskuin begiratu du, larri, baina inor ez da mugitu, ez dute ikusten. Andrei ez da kikildu, agerian dago Dimitriren jokabide zitala. Ez da bere kontra saiatuko, beharbada trufa egin beharko lioke. Begirada mehatxagarriari eustera mugatu da, ordea, nahikoa da oraingo honetarako.

        «Iribar pozik egongo da zurekin, Peruarena jauna!».

        Andres ez da oldartu, Bartzelonan berak ere puskatu zuen basoa, joan dira garai haiek betiko.

        — Andrei ugertu ostean hasi zuan hiri honetan dena ugertzen. Herdoilaren ukoarekin bizi izan gaituk luzaro eta, egokitu garenean, atzera ere distira. Itsutu behar gaitik!

        Dimitrik nire zerrendaren azken zubian —Zorrotzaurren— geratzeko asmoa omen dauka, Bartzelona ahaztu, Ondarresako sesioei lur eman, artean zubia ez den zubi hauskorrean pausatu, zartarazi, berandu baino lehen.

        — Eta orain ni paretik kendu gura nahian zabilek. Orain dela aste batzuk udaltzainek udal-ziegetara eroan ninditean. Bigarren aldia duk. Mezu argia ikasi nian: urrundu Enzo Padovanoren proiektutik. Ni hiltzeko prest zagok Andres Peruarena.