MESEDEETAKO ZUBIA
Uma rua deserta não é uma rua onde não passa ninguém, mas uma rua onde os que passam, passam nela como se fosse deserta.
Fernando Pessoa
Porque un puente, aunque se tenga el deseo de tenderlo y toda obra sea un puente hacia y desde algo, no es verdaderamente un puente mientras los hombres no lo crucen. Un puente es un hombre cruzando un puente.
Julio Cortazar
San Frantzisko kale maldatsua datorkit burura, Bilbok ere badu Harlem, bost zubik San Anton, Erriberakoa, Mesedeetakoa, Areatzakoa (Bailen kaletik) eta Cantalojas hura inguratu arren. Elkarrengandik urrun gaitezen eraikitzen baitituzte zubi batzuk, hormigoizko ziurtagiri, harrizko hesi, burdinazko zigor. Eta haiek zeharkatuz gero, arrotz irizten diogu bestaldekoari, lohi zikin likits ugerdo zabar zakar beltz ezain satsu. Bortitza. Bestaldekoak bortxa sortzen du.
Urtarrilaren 12an Andresek garbi zeukan bera zela zubia iragan behar zuen gizona. Metrora sartu nintzen goizean goiz. Eguberritan erositako bizar-makina matxuratua aldatzeko asmotan nenbilen. Eskailerak eta igogailua jendez lepo zeuden.
Oposizioak zaudek Erakusketa Azokan argitu zidan sama-bueltan palestinarra zeroan sabel beteko mutil batek.
Hemeretzi edo hogei urte behar zituen. Zoriondu egin nuen bere ausardiagatik. Azken urteetan aurkeztutakoen adina ikaragarri muturreratzen ari zen. Nire ingurua arakatu nuen. Hara ez zihoazelakoan, giltzain tankerako emakume biren alboan paratu nintzen. Belarria eman nien. Hitz eta pitz ziharduten Bizkaiko Foru Aldundiko lan-poltsa bati buruz. Kalaka ezin tristeagoa zen, negarra eragiteko modukoa. Foru Agiritegi Historikoaren bulegoan ikusten zuen batek bere burua; zahar itxurako medailoi-gerriko zilarkara zabala zeraman andrazko urduria zen. Besteak haren oihartzuna zirudien, lepoaldeko imitaziozko bitxiak astintzen zituen behin eta berriro adiskidearen berbak berresteko. Bizkar eman nien. Funtzio publikoa identitate afera bilakatu beharrean zeuden bagoi-kide guztiak. Abandora iristean, barre erdeinagarrizko kristau bibotedun batek hizkuntza eskakizunak ekarri zituen ahotara. Zeharbidez begiratu nion. Emakume gazteago batekin ari zen hizketan. Eskarmentu handikoa ematen zuen, ezer onik ez. Halako batean, lehen profila lortzeko bost urte zeramatzala bota zuen ezaxola; alai, menturaz. Kirten handiagorik! Ez zuen inoiz ere lortuko. Asper-asper eginda, azterketara ez zihoan norbait bilatu nuen. Gibelaldean lo egiten ahalegintzen ari zen gizonezko hegoamerikar bat boliviarra edo perutarra hauteman nuen. Herra ezkutatzen zuen zuhurtziaz, lan egitetik omen zetorren. Kupitu egin nintzen.
Zenbat lagun aurkeztuko zarete?
Euskal administrazioaren behargin bihurtzeko irrikan zebilen jendez mukuru zihoan metroa.
20.000 inguru. Oso etsamina zaila izango duk.
Zorte ona opatu nion bihotzez Indautxun jaitsi baino lehen.
Areilzako irteeratik kaleratzean, haize hotzak min eman zidan belarrietan. Adio herri sufritu baten negarrari. Aitzineko erakusleihoaren alimaleko sei lorontzi txinatarrak behatu nituen, zein baino zein zatarragoak. Nike bereizgarri faltsua zeroan kafe kolorekoari erreparatzen ari nintzaion sakelako telefonoak hiru dei galdu nituela abisatu zidan unean. Andresenak ziren. Zer nahi ote zuen kabroiak. Zena zelarik, ezin zen deus onik izan. Urgentziazko bilera batera joateko zitatu nahiko ninduen. Edo, are okerrago, amets erotikoen atal berri bat kontatu. Azken aldian, Blonda eta Beltza balira bezala begiratzen zien Carmeri eta Nekaneri. Eurak konturatuak ziren.
Bi egun lehenago arpoia eskuan zuela harrapatu nuen Andres Rekalde arte aretoan. Ez dut gomutan zer dela-eta joan ginen. Londoneko artista batek berrogei argazki manipulatu bildu zituen. Ukitu surrealista bat bilatzen zuen, zuri-beltzezko hiri-argazkietan Verones, Tiziano eta Tintorettoren artelanak txertatuz. Zerbeza bat edatera ospa egitea, ez zebilkidan besterik gogoan. Han barik, edonon. Andres ni bezain gogaituta zegoen, baina lantzean-lantzean argazkien gaineko iritzia ematen zien lankideei. Ordurako Carme eta Nekane hobeto moldatzen ziren elkarrekin. Andres sinetsita zegoen berari esker zela. Auskalo. Halako batean, baleari arpoia. Nekaneren titiei begira lotu zen lotsagabe. Moby Dick gaixoa. Bularra nabarmentzen zion artilezko jertseak.
Erdibidean janari-denda batera sartu nintzen arroz eta jogurrak erosten. Eskaintza onak zeuden markaren produktu batzuetan. Atun latak prezio erdian zeuden. Baita sukaldeko papera ere. Ustekabean Andresen deiak asaldatu ninduen.
Goiz osoa eman diat hire atzetik. Non demontre ibili haiz?
Piztu berria diat telefonoa, ez nian bateriarik. Urrun entzuten diat.
Itsaso puta hau duk. Mundakan gaudek.
Mundakan?
Bilbon hasitako talde-terapiari segida eman nahi zion. Nekanerekin eta Carmerekin ailegatu zen bezperan, Eusko Treneko azkenean. Asteburua igaro behar zuten Imanol del Valen apartamentuan. Arroza eta jogurrak barik, berrogei lata atun eta bederatzi paper-erroilu hartu nituen. Dendaren 2x1 1+2 bihurtua zen Andresi esker. Barre egin nuen. Nire ezkerrean, sudur motzeko agure batek konplizitatezko imintzioa zuzendu zidan neure gogoetari igarriko balio bezala. Aurrez kozinatutako patata-tortilla zeroan.
Nekane erabat bizkorturik zabilek. Goiko Talako behatokira joatea proposatu dik. Olaturik gabeko barra erakutsi ziok Carmeri, Laida luze eta zabal, San Pedro Atxerre, Izaro eta Ogoño. Abaguneaz baliatu nauk biei argazki bat ateratzeko. Nekane eder zagok. Haizea bizi zabilek eta etengabe jausten zaizkiok aurpegira ile-xerloak. Hitz emanda gaudek apartamentura bueltatu arte ez diegula lan-kontuei helduko. Baina ez duk erraza.
Zer esan nahi duk?
Portu ondoko taberna batera egin diagu. Makal batzuen azpian eseri gaituk, ardo zuria edatera. Gune publikoen eta pribatuen arteko oreka azpimarratu dik Carmek, badakik plazak, pasealekuak eta moilak.
Eta zer aurpegiratu dio Nekanek?
Hemen ere publikoa pribatizatuz doala. Hurrena dentsitate baxuko ereduaren gaineko auzia atera dik, zelan izorratzen ari den kostaldea...
Imajinatzen diat ikuspuntua.
Nagusitutako ereduak jendearen arteko harremanei egiten ziek kalte, hiritarrak arrotz bilakaraziz. Horixe ikuspuntua. Carme ados zagok. Solasari amaiera emateko probestu diat. Urbanismo-ereduek dakartzaten eraginak ez zaizkidak piperrik inporta, baina bi emakumeen arteko adostasun maila aintzat hartzekoa duk. Gero eta handiagoa duk.
Etxera ailegatu orduko, sofan laga nituen atun latak. Isoszele koitaduak usaindu ahal izan balitu bezala usnatu zituen. Bat ematea ebatzi nuen. Azken batean, berrogei neuzkan. Sofatik lehenbailehen jaisteko agindu nion. Katu zantarrak mespretxuzko marraka batez ordaindu zidan. Gero eta desatseginago zebilen.
Telebista piztu nuen. Artean hogei minutu falta ziren eguerdiko albisteak hasteko. Teletestuarenekin konformatu nintzen. Ingalaterrako futbol-prestatzaileari lerro urdin bat eskaintzen zion, luze gabe kanporatu behar zuten. Sasarekin gogoratu nintzen.
Bazkaldu ostean etxepeko tabernara jaitsi nintzen. Irribarre ederreko neska bategatik sartzen nintzen aldian-aldian. Lan-orduak prezio erdian egiten omen zituen adats horaileko bulgariarra zen. Tamalez, ez zegoen. Sakelakoa begiratu nuen. Ez zegoen deirik. Patxarana eskatu eta komunera sartu nintzen. Txiza egiten ari nintzela jo zuen telefonoak. Esku bat zakilean eta bestea eskuin-belarrian lotu nintzen.
Zer moduz Bilbo aldean?.
Oliba-koloreko gizon bat jarri zitzaidan alboan. Harritu samar behatu eta gero, zakilari zuzendu zion zelata.
Hemen ezin hobeto zoak dena.
Pozten nauk.
Ondoko laguna txiza egiten hasia zen. Mundakan lanari ekin gabeak ziren artean. Eta ez ei zuten pikorik jotzeko asmo handirik. Bat-batean Andresek geroago hots egingo zidala iragarri zidan. Telefonoa gordetzean atzera ere sentitu nuen ezkerreko morroiaren begiratu deserosoa.
Etxera igo nintzen artez. Lotara baino lehen beste patxaran bat edan nuen. Zortziak arte lo egingo nuen eta gero atera, planik ez banuen ere. Gemari deitu nion, behinolako lagun bati. Beste bulego batean lankideak izan ginen garaian ibiliak ginen elkarrekin. Harrezkeroztik, oso noizean behin elkartzen ginen.
Bost eta erdietan jo zuen sakelakoak ostera ere. Lokartu berria nintzen.
Ze demontre nahi duk?
Ideia zoragarri bat diat.
Ideia bat... Zertarako?
Zertarako izango duk, ba! Nekane eta Carme are sintonia hobean ipintzeko! Jolas bat asmatu diat. Ipuin bana idatzarazi behar zieat afalostean, non emakumeak senar-emazte ohiak diren. Ni, berriz, banatu berriei entzutera mugatuko den erredentzio asmorik gabeko aitorlea.
Astiroago joateko eskatu nion. Sofan kuzkurtuta, telebistaren bolumena itzali nuen.
Oso erraza duk. A eta C dituk pertsonaiak. Berdin ziok nor den bat eta nor bestea. Nik hasiera emango zieat eta eurek erabaki beharko ditek zergatik jotzen duen behea harremanak. Sano dibertigarria izan daitekek.
Andresen arabera Mundakako bidaiaren arrazoi bakarra profesionala zen. Zer edo zer aipatu zidan bitartekarien lan-prozedurei buruz, zer edo zer sinestezina. Gezurti hutsa zer zen, ba. Larrua jo nahi zuen haietako batekin. Edo biekin. Hura zeharo ezinezkoa izaki. Puntuatu nahi zuen, bederen.
Astakeria aitzinera, otu zitzaidan atoan. Zertzeko adorea ematear egon nintzen. Itxoiteko erregutu nion, ordea. Telefonoa eskegi bezain laster, zelan salbatu pentsatzen hasi nintzen. Emakume biek elkar ezagutu zuteneko lehen egunak gomutatu zitzaizkidan. «Nekane eta bion artean ez zagok horrenbesteko alderik», aitortu zidan Carmek Lancor lantegiaren alboan. Itsasbehera bizia zegoen. Itsasadarraren beste aldean garabiak txatarra deskargatzen ari ziren. «Neronek ere ikusten diat arkitektura sozial baten beharra. Eta horretan ere banabilek. Bestalde, gure proiektuak errealak dituk, eta erantzun errealak eman behar zaizkiek. Nekane sinetsirik zagok Padovano arkitekturaren tiburoia dela. Honek, baina, ez dik horrela funtzionatzen. Gure bezeroak hezur eta haragizkoak dituk. Bilboko Udalak planak ditik Zorrotzaurrerako. Zer egin behar dugu? Zubigile neutralik ez zagok».
Andresentzako ideia kasualitatez bururatu zitzaidan, nire ondoan zegoen arkitektura aldizkari bati esker. Birgaitze-lanen gaineko zenbaki berezia zen. Nekanek ongi ezagutzen zuen arkitektura mota hura. Eta Zorrotzaurrek, azken batean, berriztatzea aldarrikatzen zuen. Hots egin nion. Andresek artega hartu zuen sakelakoa. Lancor fabrikaren berritze dibertigarri bana proposatu behar zuten lankide biek. Ideia ehun hitzetan azaldu ondoren, eztabaidatu egingo zuten. Hura ere pitokeria galanta zen, noski. Andresi hobezina iruditu zitzaion.
Ardoa kargutuko duk gainerakoaz. Ezin dibertigarriagoa izango duk.
Hurrengo deia gaueko hamaiketan entzun nuen. Mustardatutako saltxitxa zuriak eta patata-purea afaltzen ari nintzen Gemarekin aleman batean. Padovano gora Padovano behera ari ginen. Zarako blusa purpura eta Massimo Duttiren praka beltz estuak beztitzen zituen. Xelebre iritzi nion Inditex taldearen aldarri hari, baina ez nion deus esan. Konturatu gabe iraganeko kontuetara lerratuak ginen. Gemaren herdoilik gabeko mihia gupidagabe ari zitzaidan. Esaten zuenaren erdia ere ez nuen gomutan. Beste pasarte batzuk, berriz, ez ziren kontatzen zituen modukoak. Baina hala oroitzen bazituen, hobe bakea ematea, harekin onez onean behar izaten zuen beti. Nik, gainera, ez nuen lehen-minik, janak ekar zezakeenari ateak ixteko erarik onena begitantzen zitzaidan-eta.
Gema beteago eta zatarrago zegoen. Garagardoak eta bakardadeak niri baino kalte handiagoa eragin zioten. Lehenak, behinik behin, aterabide samurragoa zeukan. Topa egitea proposatu zuen.
Alemanian bost mila zerbeza mota baino gehiago zaudek.
Lantzean-lantzean botatzen zituen halako arrunkeriak. Muturra bustitzen ari ginen gogotik. Erdinger Gemak, Beck's nik. Egiatan hanturik zuen sabela. Gustagarria zen hala ere.
Andresek deitu orduko, desenkusatu eta jatetxetik irten nintzen txarto entzuten zelako aitzakiaz.
Ezin hobeto zoak. Godaletak erdi beterik zaudek, hutsik Julian Madrid bi botilak. Lancor fabrikaren berriztatzeari buruzko proposamena irakurri berri dik Nekanek. Padovano giltzapetzeko polizia-etxe bilakaraziko dik. Txalo jo diagu gogoz. Bravoak entzutean Nekane hunkitu egin duk.
Hunkitu?
Besagainak goratu ditik deseroso. Carmek ardo basokadan bilatu dik etenaldiak eskatzen zion denbora. «Itxoin ezan, ordaina datorkin-eta», esan ziok. Afaldu aurretik merkataritza-guneen gainean hitz egin diagu. Geroago deituko diat berriro, eurengana bueltatu behar diat orain.
Merkataritza-gune erraldoiei buruz entzuteko irrikaz gelditu nintzen. Bilbo Eraiki ez zegoen prest halakorik ametitzeko Zorrotzaurren. Eraikin eta ekipamenduen zerrenda zehatza zeukan Nekanek. Hiru bilera eginak zituen auzokideekin. Ez zitzaien erraza egingo, ordea. Zorrotzaurre hiri baten moduan ulertu nahi zuen Udalak. Manhattan. Simulazio bat. Hark hala desio bazuen, Enzo Padovanok lehentasuna emango zien gune pribatuei eta pribatu izaerako publikoei. Agorafobiari gomita.
Gemak errieta eman zidan kanpoan luze egoteagatik. Hamabost minutu bere esanetan. Saltxitxak eta patata-purea hotz zeuden. Neure buruari galdetu nion zertan nenbilen andrazko harekin. Aspertzen ari nintzen. Aitzakia hutsa jarri nion alde egin ahal izateko.
Etxera iritsi bezain laster Keler lata bat ireki nuen. Futbol partida baten laburpena zegoen telebistan. Sasa etorri zitzaidan akordura berriro. Beste lata bi eta harenera joan, horra hor egundoko ideia. Telebista zuenetz ere ez nuen gogoratzen. Bigarren lata edan nuen telebista aurrean lokartu baino lehen. Oso berandu izan behar zuen telefonoak itzartu ninduenean.
Ostia! Belu duk. Gainera, kasik ez diat entzuten.
Ezin diat ozenago berba egin.
Berdin ziok. Zelan joan da jolasa?
Ondo. Tira, ez uste nuen moduan. Carme gauerdia jota lotaratu duk. Unaturik zegoan. Benny Goodman-en musika jarri diat. Nekanek gogoko dik klarinete-jolea. Barrenak berotzen geratu gaituk luzaz, Armagnac botila bat topatu diagu egongelan. Emakumeei begirako urbanismo berri baten beharrari buruz mintzatu duk Nekane. Baita haurrei begirakoaz ere. Zein da Bilbon haur baten autonomia? Hasi behar diagu horrekin kezkatzen estudioan.
Ez nion berba zikin bakar bat ere sinetsi. Seme-alabei itzuri zebilen balea hiltzaile doilorra ez zen horren erraz gurituko. Nabarmenkeria hutsean ari zitzaidan kabroia.
Bilboko arkitekto-bulegoak ere aipatu ditiagu; euren arteko harremanak eta halakoak, Antonio Carlos Jobimen bossa nova epelera aldatu baino lehen. Neure burua zalea bezain ez-aditua definitu dudan unean, Nekanek koñak apur bat isuri dik kristalezko mahai baxu baten gainera. Batera makurtu gaituk likidoa xurgatzen eta gure eskuek talka egin ditek. Barre goxo batez ferekatu zizkidak.
Andresek haren esku luze finei erreparatuko zien oharkabean; arpoiari oratu Ahabek. Goseak zegoen, itsasoratu beharrez.
Tamalez, ez duk ezer gertatu. Begiradak.
Begiradak?
Bai, begiradak soilik. Baina gaur zer edo zer aldatu duk.
Biharamunean, ohetik jaiki baino lehen, eskukoa hartu nuen. Ez zegoen ez mezurik ez dei galdurik. Andresek berriro hots egin balit, entzungo nuen. Salako sofan eseri nintzen, nire manta eskoziarrean bildurik. Erdi Aroko aztarnategi bati buruzko dokumental batek, marrazki bizidunek eta meza nagusiak osatzen zuten telebista-eskaintza. Meza utzi nuen. Isoszelek desadostasunezko keinu adierazgarria egin zidan. Ordu laurdena joan aurretik, lo seko gelditu nintzen. Esnatu nintzenean, ordubete geroago, hotzak nengoen. Lo-gelara itzuli nintzen sakelakoa begiratzen. Ez zegoen ezer berririk.
Kalera jaitsi nintzen egunkaria erosten. Lehen orrialdean idazle, abeslari, artista eta, oro har, kultura munduko jende ugarik babesa ematen zioten ikus-entzunezko proiektu bat sortzeari. Telebistako kazetari ezagun bat ageri zen argazkian komunikatu bat irakurtzen. Une hartan telefonoak hiru bider jo zuen labur. Mezu bat. Presaka atera nuen poltsikotik. Andresena behar zuen. Telefonia konpainiak bidalitako iragarkia zen, ordea. Enpresa popatik hartzera bidali eta urrats larriz etxeratu nintzen. 15:37an bateriarik gabe geratua zela pentsatu nuen; 17:24an ezbeharren bat gertatu zitzaiola; 18:00ak eta 20:15ak artean zazpi aldiz begiratu nuen pantaila.