Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

7

 

— Ikusi duk Irlandarraren taberna?

        Baiezko keinua nik Estanis Acevedo Gomez Sasari, ezagutzen dut John Ford-en filmografia. Boz kraskatuz galdetu du, afonia honek ez du itxura onik.

        Lente handia eskuin begian zeramala zabaldu dit kaleko atea, «lupa erlojugileon hirugarren begia duk». Izerditua du kopeta, flexoaren argipetik aterarazi dut. Unatua dirudi, bizar moztuak aurpegia eztitu arren.

        — Neure erlojuarekin ari ninduan beharrean. Ikusi nahi duk?

        — Bai horixe!

        Leiho ondoko mahaira hurbildu gara. Lehengo antz bera hartu diot, erlojugileak bakarrik daki zer dagoen gainean. Metal eta larruzko uhalak ikusi ditut, estalkiak, sokak, esferak, bihurkinak, torlojuak, oliontziak, orratzak, matxardak, malgukiak, disolbatzaileak, trapu finak, zurda fineko eskuilak, olio bereziak eta ardoa, aurreko bisitan ekarritako botilan. Dagoenaren bosten bat ere ez da.

        — Eta zer moduz?

        — Aste batzuk barru amaiturik egongo duk...

        Sasaren begi berde etsituek zalantza agertu dute.

        — Popatik hartzera! Zulora joan aurretik amaituko diat maisu-lan hau —tragoa jo dio ardoari botilatik—. Nahi?

        — Ez.

        Irri espantagarria egin du bat-batean, ikaratu naiz.

        — Zeharo usteldurik nagok barrenetik, kakarraldoak jan eta jan ari zaizkidak. Dimitrik eta Andreik kakarraldo esaten zidatean, bahekien?

        — Bai, zeuk esanda.

        Toalla more batez sikatu ditu bekokia eta kokots irtena.

        — Larruagatik zela ziotean. Bai zera! Koldartzat hartu ninditean Bartzelonakoa gertatu ostean. Baina zer zakitek eurek, ba!

        Kostata eutsi diot begiratuari, beherakada izugarria nabari zaio gorputz osoan. Ile-kalparra soilago ageri da aurreko bisitaren aldean. Begi mindu gorrituak ere handitu dira betzuloetan. Denbora erlatiboa dela esan zuenarekin gomutatu naiz Bartzelonakoaz galdetu baino lehen.

        — Non gelditu ginen aurrekoan?

        — Sobietar Batasunaren eta Danimarkaren arteko finalerdiari begira, sobieten trapua lapurtzea adostu zenuten.

        — Adostu? Inposatu egin zidatean! Ederra nire kideen plana: bandera ostu eta lehenengo zatian haizatu!

        Sasa berehala itzuli da iraganeko kontuetara. Gracia auzoko pisuko telebistan Lev Jashin eta Jose Anjel Iribar ageri dira, biak ala biak beltzez jantzita. Aurrez aurre egongo dira finalean, dudarik ez dute. Dimitrik bere buruari galdetu dio nolakoak diren Errusiako trajeak, ozen, «hobeak, ez dituk inondik ere tergalezkoak». Andrei ez da kikildu.

        «John Wayne-ren antza dik Iribarrek!».

        «Jashinek dik!».

        — Zer dela-eta ziren Andrei Iribarren zale amorratua eta Dimitri Jashinena?

        — Ostia, bazuan garaia!

        — Bazuen zerikusirik futbolarekin?

        — Ez, bistan zagok. Bataren eta bestearen lehentasun ideologikoak ez zituan berdinak. Hortik zatorrek kontua. Baina Bartzelonara joan ez bagina, ez zuan sukarrik sortuko. Neu ninduan garai hartan benetako futbolzale bakarra, esan nian lehengoan.

        Aulki banatan eseri gara. Hezetasun honek kalte baino ezin diezaieke ekarri erlojuei. Hautsik ez dut antzematen, ostera. Sasak sudur motza laztandu du eta gomutetan murgildu da berriro ahots marrantatuaz.

        Jokalari sobietarrak Muntadaseko aireportura iritsi dira ekainaren 15ean. Paristik datoz, lagun arteko partida bi jokatu dituzte entrenamendu gisa. Beren-beregi atondutako prentsa-aretoan berba gutxi kazetariei. Beskov entrenatzaileak beldur die uda-mineko sargoriari eta Nou Camp-i berari. Danimarkarrei onena opatu ondoren, aretotik irten da beste ezer erantsi gabe. Journalistek haserre bizian alde egin dute.

        «Zer nahi dute, ba!», sutu da Dimitri, «badakite eurek sobietikoz?».

        Entrenatzailearen eta itzultzailearen alboan, sobieten kapitaina ere ikusi dute. Jashinek ez du deus esan telebistarako, baina haren hitz batzuk daude egunkarian: «Partida gaueko 10:30ean da. Ordu horretan lo-zorroan egon ohi naiz nirean». Barregarria iruditu zaio La Vanguardia Española-ko kazetari katalanari, «Lo geratuko ote da Armiarma Beltza?», idatzi du argazki baten azpian.

        «Faxista!».

        Atezain errusiarra telebistan agertu den momentuan Dimitrik ostera ere oihukatu duelako hasi da eztabaida.

        «Hollywood-eko aktorea ematen dik!».

        «Bai, Gary Cooper», barre egin dio Andreik errukirik gabe.

        Orduantxe bota du filmarena.

        «Cooper loretxu hutsa duk, Waynek baditik!».

        Sasak besterik pentsatu du, «hutsa Wayne, faxista harroa», Dimitri faxistago. Baina isilik gelditu da, adi dago telebistari, KGBkoak baliatuko ei dira inor infiltratzeko Espainian. Bolo-bolo dabil Txislenko aurrelariak berak geratzeko asmoa duela. Batek daki, ez diote baimenik emango Real Madriden ez bada.

        Sobiet guztiek traje eta gorbata dituzte soinean. Espainiarrak ez bezala, ez dira profesionalak; ezta amateurrak ere, daniarrak ez bezala. Gaitza da ulertzen, edozelan ere jokalari finak. Ikuskizun dago atezain daniarrak zenbat bider sartu beharko duen bere atean Txislenkok bidalitakoak jasotzen. Tupolev ehiza-hegazkinen formazioa dirudi errusiarren erasoak.

        — Tribunatik ikusi nahi nian sobieten diseinua berdegunean —zelai erdia marraztu dit Sasak eskuin eskuko eri adierazleaz—. Baina ezinezkoa zuan, sarrerek 200na pezeta balio zitean anfiteatroan. Zutunik egon beharko genian harmailetan, sarrera bakoitzeko 50 ordaindu zitian Dimitrik. Hobeto ikusiko ditek bandera han, baieztatu zian.

        Dimitriren ahotsari trufatu zaio Sasa zakur-eztula etorri zaion unean. Barrenak eztarritik irten beharrean egin du algara.

        — Baso bete ur nahi duzu?

        Ezetz egin dit arrapostu eskuaz, laster pasako zaio. Luze joan da, ordea, bere onera etorri arte.

        — Zer gertatu zen banderarekin? —galdetu diot komunetik irten denean.

        Atxuriko elizarantz begiratu du, erantzuna handik baletor bezala.

        Morenetaren kanpaiak entzutean kaleratu dira Sasa, Dimitri eta Andrei. Ordu batzuk lehenago katalan batek telefonoz hots egin die Futbol Federaziotik. Autoz eraman behar dituzte Danimarkaren eta Sobietar Batasunaren banderak Nou Campera. Sobietena gorri argiagoz tindatu omen dute, ez du berezkoa.

        «Taldearen delegatuak abisua emango dio Khrustxevi», argitu die Dimitrik.

        Sasa mintzatu da katalanarekin. Jaso ahala eman dizkie argibideak bere kideei. Harro sentitu da.

        «Joan Ripollen tailerrean okertu dituk neurriekin eta beste handiago bat josi behar izan ditek», azaldu du hariaren bestaldean berba egiten dionak.

        Sasa harritu egin da.

        «Bandera bi?», durundi egin du Andreiren bozak.

        «Eta ez dakizue onena: bart ostu omen ditek lehena tailerrean bertan!».

        Dimitrik ulertu egin du: bandera bakarra barik, bi haizatuko dituzte harmailetan. Bata eurek eta bestea katalanek. Laidoa salatuko dute sobietek, Franco seinalatu. «Baina jokatuko ditek, barren!».

        Azalpen zehatzak emateko exijitu dio Sasak gazte katalanari, Ossa motoarekiko morroia ote den galdetu du bere baitan.

        «Nou Campera Joan XXIII etorbidetik sartuko dituk. Eguerdi aldera joango dituk».

        «Dituk?».

        «Bi zoazak».

        Une batez isilik geratu dira Graciako pisuan.

        Katalanak berak hautsi du isiltasuna: «Askatasunaren ikurra B-319785 beltz batean zakartek».

        «Besterik?».

        «Hori bakarrik. Joan orain eta zain geratu. Ez dizuete aurre egingo, ez zoazak armaturik. Zorte on».

        Sasak ez dio erantzun, ongi baino hobeki portatu dira katalanak. Begirada azkar batez ulertarazi die Andrei eta Dimitriri etxetik irten beharrean daudela. Dimitri pistolen bila abiatu da atoan. «Ongietorri ahaztezina emango zieagu federazioaren idazkariari eta bere txoferrari!». Folke Bernadotte zamakoaren marinel batek esan zion non lortu hiru Beretta, ikaratzeko soilik. Sasa ez da armarik eramatearen aldekoa, baina amore eman behar izan du. Hogei minuturen buruan Seat Costa batean heldu dira adierazitako kalera.

        — Neronek lapurtua —argitu dit Sasak, Graciako pisuan telefonoz hitz egitean sumatu zioten antzeko harrotasunez—. Gidatzen nekien bakarra ninduan, baimen barik.

        Kalean ordubete inguru eman ostean, ehun metrora ikusi dute Citroën Tiburon beltza. Autoaren aurrean ipini dira zebra-bide batean, Dimitrik gidariarengana destatu du kanoia, idazkariarengana Andreik. Sasa zain dago Seat Costan.

        «Bandera, di-da!», premiatu ditu Dimitrik.

        Gidariaren ondoan dagoenak harrituta bezain ikaratuta erantzun du: «Ze bandera?».

        «Sobieten bandera, ondo dakik!».

        «Baina ze bandera eta ze bandera ondo!».

        Andreik, dar-dar batean, paparretik oratu dio: «Maletategia zabaltzen ez baduk, tiro egingo diat buruan!».

        «Non daukazue trapu puta hori?».

        Gidaria da lauretan lasaiena. Hark ireki du maleteroa: «Autoan ez daramagu banderarik».

        «Marka gurea, Dimitri! Hemen ez zagok trapurik».

        — Andreik berak behartu zian gure autora sartzera, Dimitrik garbitu egingo zian federazioko ustezko idazkaria. Ordurako jende mordoa zebilean espantuka...