Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

9

 

«Iribar; Rivilla, Olivella, Calleja; Zoco, Fuste; Amancio, Pereda, Marcelino, Suarez eta Lapetra!». Esataria egun historiko batez mintzo da, ekainak 21, «ekainak 21!», Espainiak birrindu egingo du Sobietar Batasuna finalean. Graciako pisuan adi daude denak, aurreko lau egunetako borroka jasangaitzak sosegua ekarri du azkenean.

        Bart agirika egin dio Dimitrik Sasari. Lepotik heldu dio, patio ondoko leihotik agertu da haren burua dingilizka. Argitsua eta zabala da patioa, lehen pisuetako terrazak daude, landare ugari. Andreik aurre egin dio Dimitriri, ekintzak porrot egin duenetik ez du bakean utzi, «hi haiz hi antolatzaile fina, dena pikutara joan duk». Gutxienez, hamar egun emango dituzte pisutik irten gabe, Europako Txapelketa amaitu arte. Sasak bakarrik du baimena egunkaria eta janaria erosten joateko. Adostua da. Inork ez du ekintzan parte hartzen ikusi.

        Bi egun lehenago Francok Bilbon egindako bisita hartu du La Vanguardia Española-ren lehen orriak. Bizkaiko mugan egin diote harrera agintariek. Orozkoko Jesus eta Maria ikastegiko neska atzeratuek eman diote lore-sorta Carmen Polori. Geroago, Begoñako basilikaren ezkilak jo dituzte bisitarien omenez, 21 ordenantza-salba. Gobernadore zibilak Bizkaiko herriari hots egin dio, 1937koan bezain ongietorri bero baten premian da Caudilloa. Begoñako elizaren aurreko plaza mukuru egon da, asko dira Te Deum-a entzun gabe geratu direnak. Arratsaldean, Bilboko Gran Vian aritu dira herritarrak bibaka eta goraka.

        «Begiratu zer idatzi duten pankartetan».

        Andreik bakarrik begiratu dio Sasari.

        «Los productores de Guernica y Lumo saludan a Franco. Sasikumeak!».

        «Beharturik denak!».

        Bartzelonako ekintzaren gainean lerrorik ñimiñoenik ere ez. Ez eta atzokoan ere. Dimitrik ez daki hori ona ala txarra den. Sasa eta Andreiren axolagabekeriak izorratzen du gehien. Beste edozein ekimen saboteatu dute, argi du.

        «Madrilgo finalean ezingo duk inor sartu bandera batekin. Dagoeneko jakinaren gainean zaudek. Sator hutsak gaituk!».

        Andrei soilik ausartu da kontra egiten: «Katalanek eurek eman zigutek okerreko informazioa. Errua ez duk gurea».

        — Zerk huts egin zuen egun hartan? —galdetu diot Sasari.

        Erlojugileak begi gaineko marra fin urdinduak goratu ditu, erantzunik eza adierazi nahian. Hamar minutu lehenago, kaleko atea zabaltzeaz bat, aurreko bisitetako dinamikari eutsi dio. Erlojua erakutsi eta baso bete ardo eskaini dit. Etxe barruan gaitzeko hotza egiten du, urtarrila gogor sartu da. Gainera, estufa matxuratu zaio bart. Are ahulago sumatu dut, zeharo urraturik du boza, itzaltzen hasia begitartea. Aski ezagunak ditut sintomok, Sasaren gainbeherak ez dauka traza onik.

        — Dimitri eta Andrei erreta zeudean. Ezin ninditean ni identifikatu. Finalerdiaren egunean, banderarik gabe, Seat Costara igo zituan Dimitri eta Andrei, mekaguenka, tirorik egin ez izanaz damu eginda. Nik aurretiaz erabakitako tokian laga nian autoa, bolada batean ez zian inork kausituko. Metroz bueltatu gintuan etxera; «Putakume horiek okerreko informazioa eman zigutek!» esaten zian Andreik, «Aitzakiarik ez, barregarri geratu gaituk!» Dimitrik.

        — Eta zu?

        — Ni? Isilik...

        Segituan murgildu da egun hartako oroipenetan. Arratsaldeko zortzietan hasi da Espainia-Hungaria finalerdia Madrilen, telebistak apur batean baretu ditu pisukideak. Andreik animuak bidali dizkio Iribarri.

        «Espainiak irabaztea nahi duk, ala?», oldartu zaio Dimitri piperturik.

        Andreik ezentzuna egin du, Nou Campen egon behar zuten.

        Dimitrik atzera ere ekin dio: «Euskalduna balitz, Jashinek ez likek Espainiarekin jokatuko».

        «Hire armiarma horrek ez zian gaur eguerdian kale egingo. Gainera, hain azkarra eta ausarta baldin bada, zergatik ez du Jashinek sobieten bandera haizatzen? Bera duk sobietarra!».

        — Horrela ibili zituan finalaren eguna iritsi bitarte. Finalerdietan Sobietar Batasunak Danimarka garaitu zian eta Espainiak Hungaria. Jashin eta Iribar buruz buru egongo zituan finalean. Andrei eta Dimitri, kideak izateari utzita.

        Lau egun joan eta gero, ekainaren 21ean, zeharo muturtu dira jarrerak, Sasa ez dago mapan. Espainiako jokalarienen ondoren, TVEko esatariak sobietarren izenak zelan edo halan ahoskatu ditu: «Jashin...; Shustikov, Sherternev, Mudrik...; Voronin, Anitxkin...; Txislenko, Ivanov, Ponedelnik, Korneev eta Jusainov». Finala atezainena da, talde bakoitzean hamaikana goardameta ikusten dituzte bai Dimitrik bai Andreik. Sasa egunkaria erosten joan da egunero bezala. Albait beranduen bueltatu da. Nou Campeko finalerdiaz gero, ezin ditu bere kideak jasan.

        — Madrilgo Chamartin futbol-zelaia gainezka zegoan, laurogei mila ikusle inguru, Francisco Franco eta Juan Carlos eta Sofia Printze-Printzesak barne. Zelan azaldu, Andrei eta Dimitri sinetsirik zeudean partida hark salba ziezaiekeela ekintza.

        Telefono-hotsak moztu dit baietz esan behar nuen momentuan. Oraingo honetan Sasak ez du hartu. Finalera itzuli da.

        «Jashin, begiratze hutsaz baloiak geratzen dituen izotz horma!», azpimarratu du esatariak.

        Andreik ezin izan dio barreari eutsi: «Ugari ikusiko dizkik horrek sareetarako bidean».

        «Aditua aditu beti, faxista izan arren!».

        — Oker zebilean Dimitri. Ahots grisa Espainiako jokalarien dohainez ari zuan. Izotz puska gorria zenbat eta duinagoa izan, are handiagoa izango zuan espainiarren garaipena.

        Esatariak Andreiren eta Dimitriren arteko ika-mikei ezaxola jarraitu du: «Jashin: iaz Urrezko Baloia eman zioten. Halako saririk duen atezain bakarra...».

        «Entzun duk?», galdetu du Dimitrik.

        «Iribarrek meritu handiagoak ditik, baina Francok agintzen duen bitartean ez zizkiotek aitortuko».

        «Eta Luis Suarezi? Ez diote galego horri ere Urrezko Baloia eman?».

        «Suarezek Inter de Milanen jokatzen dik», lagundu du Sasak.

        Dimitrik begiradaz kalitu du, «ez haiz, ez hago!» esan nahiko balu moduan, Jashin bera baino beltzagoa da batzuetan.

        «Hire beharra daukadanean galdetuko diat. Andrei eta bion artekoa duk hau».

        Hala iruditu zaio berari ere, kanpo sumatzen du bere burua ailegatu zirenetik. Aldian-aldian, hasieran, laguntza eske jotzen zuten berarengana, elkarri min handiagoa sartu aldera. Ekintzaren porrota gertatu denetik, gogaikarri bihurtu zaie. Hori baino okerrago, ikusezin.

        «Gainera, galegoa bada Francoren laguna izango duk», temoso Andreik.

        Luis Suarezek berak fabrikatu du lehen golaren jokaldia, eskuinetik, txapelketako gol guztiak bezala, denak atera baitira tornu beretik, goiko agindua omen da. Haren aldaketa Mudrikek moztu du eta errebotea Peredak aprobetxatu du obus bat bidaltzeko sobietarren sareetara. Sasak salto egin du.

        «Gola!».

        «Hori duk hori, ikusmena!», barre egin du Andreik. «Miopia dik hire atezainak?».

        Bi minutu geroago, Khusainoven erantzunak Sasak erositako ardoaz edalontzia betetzen harrapatu du Andrei, baloia Iribarren beso azpitik sartu da. Bana. Sasa bozkariatu egin da. Ez zaie beste biei batere gustatu, horren ikusezin ez delako erakusgarri. Andreik zimiko mingarria egin dio eskuin besoan.

        — Arkonadari ere antzera gertatu zitzaioan Parisko finalean, 84an. Atezain euskaldunen akatsa omen duk, patua —adierazi dit ahots ahulez Sasak. Gero Bartzelonakora joan zaio gogoa berriro—. Hiru minutuan, bada, gol bi. Atzera egin nian pozezko salto.

        — Baina, hi, Jashinen ala Iribarren alde hengoen?

        — Ni Francoren kontra. Baina Marcelinok bigarrena lortu zuenean hunkitu ninduan, ez zagok azaltzerik, eta errusiarrek irabazi balute, berdin hunkituko ninduan. Hori sinetsi gura diat bederen, seguru, bai, futbolaren alde ni.

        Burukada historikoa azken minutuetan heldu da, luzapen denbora onarturik zuten zegoeneko guztiek. Amanciok erdiratu du eta Marcelinok, ezker zutoinaren parean, armiarmaren sarea zulatu du ostera ere.

        — Historiak Peredari aitortu ziok erdiratzea, baina Amancio izan zuan.

        Ez nago interesaturik Sasaren biografiekin. Badakit zer gertatu zen hurrengo egunetan. Astelehenean Pardora joan ziren irabazleak. Francok, Iribarren traje grisari begira zegoela, garaipena eskertu zien guztiei bihotzez. PCUSek Beskov entrenatzailea kanporatu zuen eta L'Equipe egunkaria bi herrien arteko errekontziliazioaz mintzatu zen.