Zubigilea
Zubigilea
2007, nobela
176 orrialde
978-84-95511-97-3
azala: Lander Garro
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2005, nobela
2002, nobela
 

 

UDALETXEKO ZUBIA

 

Nekane Zuluagari buruz ditudan gomutak ezin argiagoak dira. Denbora ez da garezurrean pilaturik geratu zaizkidan irudiak lausotzeaz kargutu, atzo gertatu izan balira bezala ikusten ditut denak. Lehen aldian zalditegi bateko moxalek zelatatu gintuzten. Arkitektura fakultateko ikaskide baten landetxean ginen hainbat lagun asteburu pasa. Nekane eta biok, Lasarteko lasterketetan parte hartu ohi zuen Picto izeneko zaldi ederra ikusten jaitsi ginen, larrutarako gogoa genuen. Igitai okertu biren ondoan, kalamuzko soka luzanga eta lodia bistaratu zuen Nekanek. Habe batetik pasarazi eta, besoak zabal-zabal nituela, eskumuturrak estutu zizkidan min apur bat eragin arte. Eszena Nobuyoshi Arakiren argazki liburu batean zuen ikusia eta ikasia. Kortarik ez zen han ageri, ospitale psikiatriko bateko korridore hitsa baizik. Aluan bilo beltz sarria zuten gorputz zurbileko emakume japoniar bi eskuak estekatu eta ahoa bozatzen ari zitzaizkion gizon mendre bati. Erotismoan maisua da Araki, zioen Nekanek. Erretratuek bazuten hartatik, ukaezina da, baina argazki gehienetan pornografia hutsa zegoen.

        Inor lotzea baino, azpiratua izatea nahiago zuen; are zehazkiago, oinperatua zenaren itxura hartzea. Berdin zitzaion eskumuturrak bilurrez trabatzea, orkatilak estekatzea edo ahoa zapi zuri batez estaltzea. Argazkietan agertzea ere gogoko zuen. Bere Leica 50arekin ateratzen nizkion. Kaskarrak ziren oso, ez naiz argazkilaria. Ezin susmatuzko lekuak hautatzen zituen zeregin hartarako, hala nola Itsas-Argi arrantzontzi hondatuaren kubiertan, Gros auzoko mekanika-tailer zikin batean, Saturraran hondartzan euri-zaparrada handi baten pean, futbol-talde bateko aldageletan, saltoki handi batzuetako komunetan, hiribide desertuetan edo Polloe kanposantuan. Ondarreta aldeko argazkilari profesional baten estudioan errebelatzen zituen. Urtebete lehenago harekin oheratu izanak ematen zion konfiantza.

        Ez dut esaterik elkarrekin irten ginela. Arkitektura Goi Eskola Teknikoan genbiltzan, hirugarren urtean Nekane eta laugarrenean ni. Moneok Koldo Mitxelena Kulturunean eskainitako hitzaldi batean xarmatu ninduen, destainaz egin zion erronka: «Norainoko erantzukizuna duzu hiriaren eraikitze aldrebesean?». Boza indartsu nagusitu zen aretoaren atzealdetik, salaketa tonua bereganaturik. Berbaldira bildutako gehienok Nekanerengana bihurtu genituen gure samak. Munta handiko makina bat arkitektori leporatu zien sosen eta politasun hutsaren bila aritzea, kontsumismo, espekulazio eta politikari ustelen meneko. Beste edozeini nabarmenkeria egotziko nion, auzo-lotsa eragitea, Eraikuntza 1 eskolako irakaslearen berbei distira ateratzea. Arkitekto tuterarra kanta ezaguna zuelako irribarre egin eta adarrei lotu zitzaien. Ez zituen arkitekturaren gaitz guztiak zertan bizkarreratu. Nekanek garaile ikusi zuen bere burua. Ideologiak ito egiten zuela iruditu zitzaidan, baina bere ahotsak, nireak ez bezala, ez zuen dardararik egiten.

        Senideren bat arkitektoa delako edo izan delako ailegatzen dira gehienak ogibide honetara. Merkataritza-erregistroko langileak legezkoak gara arkitektook, badugu eskuratutako eskubide bat lanbidean. Nire kasua ere bada, hein batean, gurean hiru aparejadore eta ingeniari bi egon baitira. Nekanerena oso besterik zen. Bilboko Jose Antonio Primo de Rivera etorbidearen 55 metro koadroko apartamentu batean munduratua zen. Gelako leihoek autobidera ematen zuten, non milaka autok sartu-irtenak egiten zituzten egunero meniarik gabe, dezibelio-musikaldi jasangaitza sortuz eta hesi gaindiezina eraikiz. Talaia hartatik, beldurgarri zeritzon hiriari. Ez, ordea, berreskuraezin. Behiala plan gabetu arren, hiri bizigarri eta atseginago bat aldarrikatzen zuen. Bere berbei politikari saiatuen prediku ustelen kutsua ez eze, tonu bera ere bazerien, halako moldez, non zinikoetan zinikoenak limurtzen baitzituzten sinestun bihurtzeraino. Haatik, ez zuen luze jo.

        Baporeetan maitemintzen da jendea. Haserretu egin ginen gu, ordea, non eta Bilbon, Botxo itsasontzian. Udaletxeko zubitik Abraraino zen bidaia. Isidro Olalde arkitektoa kentzen ari zitzaion hautsa hiriari itsasadarreko alde bietan, hogei urte lehenago zer egon zen eta hogei urte barru zer egongo zen. Nekanek maite zuen jeans beltzak eta alkandora gorria soinean zeroatzan arkitekto demodé hura, Gantxegi beste. Aldez edo moldez kontserbatu beharra zegoen Ibaizabaleko patrimonioa. Itsasadarraren izenaren kontuan ere azaltzen zen haren alde, Nerbioi hobesten nuen nik. Erandio parera iristean aurka egin nion Olalderi. Errazkerian ari zen. Fede bakarrean bataiatu nahi gintuen denok. Krensek bezalaxe, neuk ere banituen itsasadarrak sortutako irudipenak. Hura barik, nire galdera zorrotzak Nekane hartu zuen estu. Zirt edo zart egin beharrean ikusi zuen bere burua. Bondage-a finitua zen. Abrara heltzerako itsasontziaren barruko bazter batean nintzen, euria ari zuen goian-behean liskar samingarriaren adierazle. Olalde hantustea kanpoan zebilen blai eginda berba eta berba. Nekane haren ondoan zakur esaneko baten lez. Kantauriko uretan biratutakoan itsasontziak Portugaleteko moila batean laga gintuen, Bizkaiko Zubiaren parean. Bakarrik bueltatu nintzen hirira.

 

 

— Guggenheim Museoak Gehry zaukak; Metroak, Foster; Zorrotzaurrek eta itsasadarreko zubiek, Padovano! Estrategikoa duk afera!

        Zokorako agindua zen, Andres Peruarena Ahab pulpitutik jaitsia zen itsasoratzeko prest, ni marinel bilakarazirik. Berak akabatuko zuen balea. Padovanoren laguntzailearen kide berriaren eskuin eskua bihurtua nintzen.

        Egun batzuen buruan baieztatu nituen susmoak. BMW Z3 Roadster modelo distiranta hartu berria zuen Andresek, Zorrotzaurreko proiektuari esker karreraren gorenean zegoela adierazteko modu tamalgarria. Horteren tropelean kokatzen zuen auto gorri metalizatuak. Bulegoan ginen. Zeharo itxuraldaturik zegoen. Altzariak —batzuk berriak, lan-mahai obalatua kasu— tokiz aldatuta ageri ziren. Landare hostotsu ugari ere bazeuden. Aparatu elektronikoek eragindako energia negatiboarekin zuen zerikusia denak. Feng shuiaren bikaintasunak luze eta zabal aletzeari ekiteaz batera, 1998ko Casado Morales baso bete ardo eskaini zidan. Baietz esan nion. Ez naiz inoiz ardo beltzari oso emana izan, baina azken aldi hartan zaletzen ari nintzen. Ukoak, gainera, ez zuen deus mudatuko. Ozpin garesti hark pritzkerdun eta pritzkergai zirtzil guztiak gainditzen lagundu behar zidan. Philip Johnson soilik salbatzen nuen, laurogeita hamabi urterekin Kio Dorreak eraikitzearren.

        Andresek zurrut egin eta organigrama berria erakutsi zidan. Carme —Enzo Padovanoren izenean—, Nekane —Bilbo Eraikirenean— eta bera —Peruarena & Del Valenean— arduratuko ziren handik aurrera. Kanpoan gura ninduen.

        Nire ibilbide motza errepasatu nuen une hartan: Turtziozko Larrarte baserria, babes ofizialeko etxe batzuk Enkarterrietan eta industria poligono bi Amurrion. Horretaz gain, kolaborazioak Leioako Medikuntza eta Odontologia Fakultateko estalkiak erreformatzeko lanetan, laguntza ingeniari batzuei Vinalopo eta Agueda ibaien gaineko zubietan, hala nola ekarpenak Morlanseko hiri-zubiaren proiektuan. Eta Seat Leon bat ere banuen.

        Bulegotik irten nintzenean Santiago Calatravaren zubirantz, suizidioaren ideia absurdua etorri zitzaidan. Zubitik behera salto egiteak distira zekarkion arkitektoari. Marea gorak erabakitzen zuen itsasadarraren itxura. Urak Abrarako bidea hartua zuen minutu batzuk lehenago. Bare jaisten zen. Jauzi egin banu, txonbo bat baino ez nukeen lortuko ur zikin haietan. Gertagarriagoa zen laprast egin, burua maspildu eta, ospitalerako bidean, DYAren boluntario baten esku izerditsuetan hiltzea. Pentsatze hutsak zentzeko gogoa kendu zidan. Gainera, hiltzen banintzen mesede handia egingo nien Udalari eta Calatravari berari. Hobe elbarri geratzea.

        Antzezle bi barrura eta bat kanpora. Andresek ez zidan azalpenik eman. Ez zen bere estiloa. Afera estrategikoa zela errepikatzera mugatu zen. Hartan Hirigintza zinegotziaren eskua ikusi nuen, hiru berba haiek ez ziren nagusiaren bulegoan sortuak. Hala solastatuko zitzaion bilera batean, halako irmotasunez, non Andresek doinu zerutiarra antzemango zizkien eta bere buruari sinetsaraziko zion bere parte-hartze zuzena ezinbestekoa zela proiektuak aurrera egingo bazuen. Baina hitzen jatorria edozein izanda ere, aldaketa ez zen kamutsa. Nekane Bilbo Eraiki estudioaren marka zen, etxegile dirdaitsua. Poxi bat ezagutzen banuen, ez zuen Enzo Padovanoren ezein proposamen aintzat hartuko. Ala bai? Testu bera antzeztu behar ote zuten aktore berriek? Bazitekeen Bilboko bi estudioek hitzezko akordio bat izatea Enzo Padovanori ekimen orotan men egiteko. Nolanahi den ere, hiruko hartu-emana zen sortua.

        — Emea-arra-emea!

        Irri karkaila batez azpimarratu zuen. Hitz haiexekin mintzatzen zen seme-alabei buruz ere.

        — A-B-A!

        Bere izena idatzi zuen errotuladore urdin batekin arbelaren erdian, letra larriz. Barre egin nuen nire artean. Kabroiak ni ez ezik, Imanol del Val bulegokidea ere zokoratu nahi zuen. Beste bi estudioekin, aldiz, oso bestela jokatu zuen. Bere izenaren ezkerraldean Enzo Padovano (Carme) izkiriatu zuen eta Bilbo Eraiki (Nekane) eskuinaldean. Sobera argi ez balego bezala, gezi bana noratu zuen biengana.

        — Zubi baten lez, ulertzen duk?

        — Eta heu haiz zubi hori.

        — Hala duk.

        Beste biek ere jarri ahal zuten euren izena erdian. Ez zitzaidan kontu hutsala begitantzen. Andresek proposatutako irudiari zegokionez, nik neuk argi nuen: Padovanoren ezkerrean zein eskuinean zeuden Peruarena & Del Val eta Bilbo Eraiki, norberaren leku zehatza ez nekien baina. Carmek modu bertsuan ikusi behar zuen zubia. Eta Nekanek ere sumatu behar gintuen alboan, polizia lan zikinetan zetorren itxura batean. Zena zelarik, zubia irudi makurra iruditzen zitzaidan. Baneukan neurea, geometrikoa.

        — Hirukia. Modu horretan bertize guztiek elkar ukitzen ditek.

        Zalantza handiak nituen mota definitzerakoan. Ekilateroa eta eskalenoa ziren egokienak. Batetik, egoerak berdindu egiten gintuen. Bestetik, oso estudio diferenteak ginen, hala tamainan nola ideologian.

        Andresek, aldiz, hiruki isoszele baten aurrean geundela erabaki zuen. Bera euskarri ezin sendoagoa izaki. Barre egin nuen ostera ere. Aldaroka irudikatu nuen hirukia, epileptikoa zen Andres. Lantzean-lantzean izaten zituen krisiak, alkohola neurririk gabe edaten zuenetan batez ere. Gizagaixoa dardara batean hasten zen, ahotik lerdea zeriola. Hortzek mihia zauritzen zioten. Dibertigarrienetarik bat lan-afari batean sortu zitzaion. Gironakoak ziren afaltiarrak, kargudun publikoak. Udaleko norbaiten bidez geureturik genuen autobus geltoki berriaren diseinua. San Vito dantzari ekin zion halako batean Andresek, plateraren gainean koreografia ederra sortuz. Imanol del Val zirkinik egin ezinik gelditu zen, aulkian zeharo lotua. Hala gertatzen zitzaion beti une larrietan. Gironar baten laguntzarekin lurrean paratu nuen nagusia, fetu-jarreran, eta burutik oratu genion. Handik gutxira beste gironar bat agertu zen sukaldetik, arraina garbitzeko labana aldean zekarrela. Baietz-ezetz aritu ginen dardarizoak joan arte.

 

 

Artiach galleta-lantegi zaharrean ezarri genuen lehen hitzordua azaroaren 3an. Nekanek hautatu zuen topalekua. Gaztigu hutsa zen. Abrako lehorreratzea etorri zitzaidan akordura, euri zaparradek Olalderen federa bihurtua zuten ordurako. Lantegirako bidean burutik kendu ezinik ibili nintzen. Ez nekien larregi. Baziren zazpi urte bere sokako profesional batzuekin batera Bilbo Eraiki sortu zuenetik. Estudio horizontala omen zen, arkitektura sozialari emana buru-belarri, zerikusirik ez edozelan ere Peruarena & Del Valekin. Andresek eta Imanolek erdeinua zieten Nekaneren lankide askogurei, batez ere hitzaldietan eta ezkerreko kazetetan bere burua nabarmentzen zuen Andoni Beitiari. Olalderen besoetakotzat jotzen zuten, iraindu ohi zuten. Harri eta zur geratu ziren jakitean haren ordez Nekane ariko zela gurekin. Arrazoi bat bazegoen, behinik behin. Bilbo Eraiki bulegora sartu baino lehen, Nekane Surbisa errehabilitaziorako udal-elkartean aritutakoa zen. Eskarmentua zuen birgaitze eta berritze lanetan. Hark ongien adierazten zuen nondik jo nahi zuen estudioak Zorrotzaurren.

        Itsasadarrak soilik ez, eguraldi zakurrak ere gogorarazi zidan Abrako hura. Bota ahalean ari zuen. Gure asmoa Zorrotzaurren barna ibiltzea bazen ere, Nekane jaso eta auzoko taberna batera sartu ginen. Ebaki bero bat hartzeko parada eskainiko zidan bederen. Andres mintza eta mintza ari zen, Enzo Padovano bera balitz bezala, neska bien arteko zubi. Jeans urdin marruskatuak zituen soinean. Neskek, ordea, funts apur baten alde egin zuten. Carmek ehun frisatuzko brusa eta gonazpiko itxurako gona marroia zeroatzan jantzita. Nekanek, berriz, puntuzko jaka beltz bolantedun batez, pailazo antza zuen. Tabernariak ez zigun begia gainetik kentzen. Lekua fabrika-guneetako taska horietako bat zen, lehen kolpean lohi iruditzen zaigunetakoa eta bigarrenean hanka egiteko eta atzera ere ez sartzeko gogoa ekartzen digunetakoa, sinetsirik bizi baikara bizitza ezin dela horren apalgarria izan.

        Carmeren harrera adeitsuari barreño ziniko batez erantzun zion Nekanek. Kafesne beroari hurrupa txikiak eman eta harira jo zuen itzuli-minguruetan galdu gabe. Karpeta bat atera zuen larruzko zorro batetik. Penintsulako plano zehatzak ziren, zer eta non. Hari zuzendu zion lehen galdera, begiratu barik, paperak ordenatzen ari zen bitartean. Zorrotzaurreko kultura-gune batekin zer gertatuko zen jakin nahi zuen. Menorcarrak sorbaldak goratu zituen. Aurrenekoari beste hamaika itaun jarraiki zitzaizkion. Aspertu zenean, Padovanoren lanak juzkatzeari ekin zion.

        — Pinamonti zubia azken urteetan arkitekturak ezagututako gehiegikeria nabarietako bat dun. Londongo Milurteko zubia salbatuko niken lehenago.

        Zeharbidez behatu nion Andresi. Batera eta bestera banatzen ari zen espantuzko irriak. Barre egin nuen neure kolkorako, zubiaren erdian zen dardarizoa. Gorputzak marianito kargatu bat eskatu zidan. Galga jarri nion neure buruari, ordea. Pinamonti Norman Fosterren zubiarekin alderatzea lekuz kanpo zegoen. Nekane lotsagarri ari zen; lotsagarri bezain zuzen. Padovanoren aberrazioak ospe txarra zuen arkitekto eta ingeniarien artean. Baita Udalean ere. Andresi esker jakin nuen, hilabete batzuk lehenago, bat baino gehiago azaldu zela han Padovanoren aurka Pinamonti auziagatik. Zaha Hadid sutsu defenditzen zuenik ere bazegoen.

        — Zubiak auzune bat ezereztatu din. Auzunea zubira moldatu: arkitektura ulertzeko modu xelebrea, gero eta zabalduagoa egun.

        Ateri zegoelako aitzakiaz, kanpora irteteko proposatu zuen Andresek. Udaleko auto-biltegira heldu ginen di-da batean. Garabi urdin-laranjak joan-etorrian zebiltzan. Baita taxiak ere, Zorrotzaurre taxi-gidarien paradisu bihurtua zen. Orubearen parean lazunetan zebiltzan haur batzuk. Aldian-aldian karpa erraldoi batek salto egiten zuen blaustada ikusgarriak sortuz. Aurrera segitu genuen. Mefesa lantegiaren aurrean kalakan ari ziren egunero biltzen ziren arrantzale jubilatuak. Deustuko Kanalari begira dagoen estratara iristean, Nekanek, begirada itsasadarrean tinkaturik, Iñaki Uriarte arkitektoa ekarri zuen hizpidera:

        — Ez da Zorrotzaurre soilik Zorrotza aurrean dagoelako. Bere etorkizunaren aurrean ere badago —Gainontzeko berbak Andresek eta biok bakarrik entzun genituen—. Ez dugu pinamontirik ametituko.

        Nagusiak larridurazko keinua egin zidan. Nekanek Olalde bezainbeste miresten zuen Padovano Andresek. Berritzailerik bazen, sienatarra.

        Zorrotzaurreko muturrera heldu ginen. Udalean irla bihurtu gura zuten askok penintsula. Botikazarrean sortu behar zen hiri-izeberga. Tema zen, baita guretzat ere. Lantegi, tailer, jauregi, moila, orube eta etxe guztiak zerrendatu genituen, zorioneko kultura-gunea barne.

        Gauean Andresek hots egin zidan telefonoz. Ahotsa marrantaturik zuen.

        — Erne ibili beharko diagu Nekanerekin. Urrunegi joan duk. Bide batez, erreparatu diek ipurdi-mamiei?

        Gizenago, zahartuxeago, ederrago.

 

 

— Urrunegi!

        Hitz bera ezpaineratu zuen azaroaren 25ean. Boza oraindik erlasturik zuen arren, orroka ari zitzaidan bekoz beko bulegoan.

        — Urrunegi!!!

        Hilabete lehenago agertu ziren aurreneko aldiz star italiarraren izen-deiturak prentsan. «Enzo Padovano hautagai sendoa Zorrotzaurrerako», zioen Deia egunkariak. Andresek ezinbestekotzat jo zuen, ikusi beharra zegoen jendearen erantzuna. Bonba txipi bat. Harekin jardungo zuen Bilboko estudioaren aipamenik, aldiz, ez zen ageri. Detaile hark ez ninduen batere harritu, ospeak lanjerra zekarren. Hilabete geroago, Ahab bihurturik nuen zuzendaria, Gara eta El Correo Español kazetak erakutsi zizkidan haserre bizian:

        — Zer dakik honi buruz?

        Moby Dick-ek arrazoi mordoa zuen kezkatzeko. Atzamar lodi eta erakusleek dardarka eusten zieten kazetei. Garak Zorrotzaurreren argazki bat zekarren lehen orrian, Enzo Padovanoren erretratua El Correok. Irakurtzeko agindu zidan. Artikuluen arabera, Peruarena & Del Val eta Bilbo Eraiki estudioak laguntzen ari zitzaizkion Enzo Padovanori Zorrotzaurreko aurre-proiektua zirriborratzen. Italiarraren asmoen berri ere ematen zuten. Batean zein bestean azpi-jokoa eta bezerokeria leporatzen zizkioten udal-gobernuari.

        Andresek makina bat bider madarikatu zuen Nekane. Haren kafe kikara telegrafiatzen ari zen mahaiaren gainean. Desenkusatu egin nintzen, hark beste nekien azken batean.

        — Hots egiok Carmeri.

        Ez zidan aditu, gogoa zeharo lausoturik zeukan. Ordu hartarako jakinaren gainean egongo zen, gainera. Padovano etorri zitzaidan burura. Andresek berak baino garrantzi gutxiago emango zion argitaratutakoari, ohituta egon behar zuen halakoak irakurtzen. Ni iritsi baino aurreragoko eszena irudikatu nuen. Goizik deituko zion Hirigintza zinegotziak amorru betean, harenak ziren urriko Deian irakurri genituen berba arranditsuak. Auzia ez zen Enzo Padovanoren prestigioa, udal-hauteskundeak zetozen 2003ko maiatzean. Zer galdurik bazuten denek, baita Bilbo Eraikik berak ere. Artikuluek ez zioten Nekaneren bulegoari mesederik egiten. Haietako batean udal-gobernuaren interesei saldu izana egozten zioten.

        — Hau guzti hau urrunegi joan duk.

        Leporatutako dena ukatu zuen Nekanek. Penintsulan bertan lotu zen Andresekin, Casa de Madaleno alboko plazañoan, auzoko hauspoan. Andres iturri aurreko bankuan geratu zen, Itsas Museorantz zihoan belaontzi bati beha. Berehalaxe, esku biekin gabardina beixa zarratu eta harat-honat ibiltzeari ekin zion. Izozturik zeuzkan oinak. Sei gradu behar zuen. Hezurrak blaitzen zituen haize hotzak jotzen zuen iparretik. Inor ez zebilen kalean, tailer eta lantegietatik etxera itzultzen ziren beharginak salbu. Andresek kazetetako artikuluak zeramatzan aldizkari baten barruan. El Correorenak egin zion minik handiena, Garan gehien gorrotatzen zuen pertsonaren iritzi mespretxagarria zegoen arren; Ignacio Zabala Garai Zorrotzaurreko auzo-elkarteko kidearen gogoeta laburra zekarren, beste batzuenen alboan. Dimitri goitizena ez zekarren izen-deiturekin batera, erretratua soilik lerro bakanen gainean. Andresek hitzen autoreari zegozkion zenbait zertzelada besterik ez zizkidan aitatu. Ez zekiela ugari. Auzokide-elkartearen frankotiratzaile zebilen, ez zien auzoei ezertan laguntzen. Batekin baino gehiagorekin berba egina zen. Inork ez zuen begi onez ikusten, mozkor hutsa zen, endredamakila, eroa.