5
Hirurotarik neroni ninduan futbolzale bakarra!
Azaroak 15 ditu gaur, hego haizeak astindutako 15 gau oskarbi eta sargoritsu. Beharrean norentzat nabilen kontatu diot Estanis Acevedo Gomez Sasari, ez dut gezurrik nahi arlote honekin. Ia dena argitu diot. Ez sartu bezain fite, baina. Ardo botila garestia ekarri dut besapean. Bartzelonako ekintzaz galdetu diot adarretatik ibili gabe, telefono madarikatuak ezustean jo baino lehen. Ez da harritu, bisitaren aiduru egon da egun hauetan guztietan.
Lehenago etorriko hintzela uste nian.
Are zahartuxeagoa begitandu zait, beherakada fisiko handia sumatu diot. Zakur baten moduan egiten du eztul etengabean. Lan-mahaiaren gainean utzi dut ardoa, lan-tresnen ondoan. Bunkerra antzera topatu dut. Mahai gaineko paisaia iruditu zait arras aldaturik, pieza ñimiñoez betetako borroka-eremua ematen du.
Erlojugintzaren Waterloo, ala?
Hala esan nahi badiok...
Eta zein dugu bataila?
Erloju bat muntatu behar diat piezaz pieza.
5.000 piezatako puzzlea dirudi.
Erlojurik sinpleenak 60 pieza ditik. Bihurrienak 1.200 baino gehiago izan zitzakek. Nik 400 ingurukoa osatu nahi diat erretiroa hartu aurretik.
Erlojugileak inoiz ez zirela jubilatzen entzuna nuen.
Bada, oker habil.
Txokor bat ere atera dut berokiaren poltsikotik.
Nahi duzu? Kubakoa da.
Sasaren begi nekatuek estimatu egin dute oparia. Leiho ondoko flexoaren argipera eraman du.
Hiri bost axola Gordon Banks, bistan zagok etsipena nabari zaio tonuan, bisita bien arteko denboran bere buruari gezurra esaten aritu da.
Ez, ez da zehazki horrela. Baina egia da batez ere Andreirekin arduraturik nagoena.
Orduantxe haizatu dut gure harremanarena. Eta orduantxe maltzurtu zaio irribarrea. Gora egin du nabarmen. Hainbeste ezen segundorik galdu gabe 1964ra joan baitzaio gogoa. Dimitri, Norvegiako banderapean, Folke Bernadotte zamako zaharrean heldu da Bartzelonako portura Andrei eta bera baino egun batzuk lehenago, leku bat behar dute hirian. Adiskide du marinel bat, deus esan beharrik gabe erraztuko die buelta premiazkoa bada. La Vanguardia Española erosten du Sasak goizero. Saltzaileak ezagun du daborduko tergalezko trajea janzten duen kanpotar atsegina. «Neu ere tergalzale amorratua nauk», esan dio konfiantza hartutakoan, «jaketarako batez ere». Sasak gorroto du tergala, aukeran lihoa edo kotoia nahiago ditu. Alpaka edo tervilorra bera. Ez du ulertzen zergatik beztitu behar duen tergalezko traje bat, dimitrikeria hutsa da.
«Burgosen petrolioa zagok!», esan dio egunkari-saltzaileak.
«Bai, zera! Non?».
«Valdeajos izeneko toki batean. Eta entzun zer dioen kazetak: Bilboko gizon inportante batek bisitatu dik hobia. Petrolio-bidea eraikiko dik Nerbioiraino».
«Gure alkatea ez duk izan, orduan».
«Egia bada, Bilbo Espainiako katalizatzaile bilakatuko duk, Lambretta honen motorraren pare bederen».
Bartzelonarrak aldizkari baten lehen orrira eraman du eskuin eskuko erakuslea. Dimitrik eta Andreik harekin berba doiak trukatzeko agindu diote Sasari. Erraz garbitu, zimurrei mukertu, arraiari eutsi eta 800 gramo besterik ez diren tergalezko prakei buruz mintzo den kazeta-saltzaileak piperpotoa du paraturik atzealdean, komikien ondoan.
Pisuan 1964ko ekaineko La Vanguardia Española lagun fidela da, kasik ez baitira kaleratzen. Gracia auzunean lortu dute alokairu merkea. Sano etxe beroa da, eguerditik ilundu arte jotzen du eguzkiak leiho zabaletan. Korridore luze batek ebakitzen du pisua iparretik hegora. Andreik urratsez urrats neurtu du. Hamalau metro behar ditu.
«Roy Emersonek garaitu dik Conde de Godo tenis txapelketa. Lehen kondea gurean jaio zela ziok saltzaile berriketariak».
«Eta ez dago ezer Europako Futbol Kopako partidari buruz?».
«Gaurkoan ez, behinik behin. Baina begiratu nortzuk ageri diren Godoren ohorezko palkuan!».
Andrei kazetara makurtu da apur batean. Kataluniako kapitain jeneralaren ondoan, Juan Antonio Samaranch Cabanesko markesa dago.
«Hori ez duk gure afera!», moztu du lehor Dimitrik.
Soslaiz behatu dio Sasak, ailegatu direnetik aldatua ikusten du, ozpindurik, ezin du ezer esan, den-denak kirioetatik ateratzen baitu. Egun bakar batean karrikaratu da Dimitri, moilaraino joateko. Andrei ere artega samar begitantzen zaio. Ulergarria ere bada. Berriro ekin dio.
«Etzi Deborah Kerr iritsiko duk Donostiara. John Hustonen La noche de la iguana aurkeztu behar dik Zinemaldian».
Isila erantzun atzera ere. Popatik hartzera bidali ditu biak bere baitarako. Dimitrik izorratzen du gehien. Egongelako apalategian bidaia-liburuen bilduma dago, ilustraturik. Auzokidea zeharo murgildu da En la noche y entre los hielos, Africa al día, Entre los gauchos eta antzekoak irakurtzen. Estilo ingeleseko salan irensten ditu, lukiaren ehiza agertzen duen sofa tapizatu okrean eserita, ohe bihurtzen du gau batean baino gehiagotan.
Dimitri ez zuan Bilboko bera, ez eta Andrei ere. Beldurra eta zalantza nagusitu zitzaizkiean, eurek halakorik sekula aitortuko ez luketen arren.
Ze ekintza mota zen?
Sabotajea.
Eta jomuga?
Europako Txapelketa, Nou-Camp futbol-zelaian. Katalan talde batek lagundu behar zigukeen. Dimitriren ezagun baten bidez kontaktatu genian eurekin. Dimitrik berak katalanei asmoa agertu eta eurei bururatu zitzaiean modua.
Sasak aurrera jarraitu du kontakizunarekin. Pisutik hurbil jo eta jo ari dira militarren turutak. Bat-batean telefonoak jo du. Andreiren oihuak bakea hautsi du aparatua eskegi ondoren.
«Aginduak zeuzkaagu azkenean!».
«Zer diok?».
«Normandia gurea duk!».
Dimitrik eta Sasak berehala bihurtu dituzte begiak kidea saltoka dagoen tokira, isilpean gordetzekoa da ekintzaren izena.
Normandia? neronek goititu dut ahotsa oraingo honetan. Sasa olio berezi batez zipriztintzen ari da Orient garesti bat.
Hobe gutxi larregi baino argitu dit soa erlojutik kendu gabe. Normandia izen ezin hobea zuan. Urte hartan bazituan 20 urte aliatuak hango hondartzetara lehorreratu zirela. Mundu osoan ari zituan Normandia gora Normandia behera. Eta gure ekintza ere bazuan nola edo hala lehorreratze hutsa.
Sasaren erantzunak ez nau bete, sinetsi nahi dut ekintza bera ez zegoela lotuta sinbologia mengelari. Berbetan segitu du nik ezer esan baino lehen.
Besterik ere bazegoan 1964an.
Beste hamaika Normandia, jakina.
Ez! nire gaztetasuna nabarmendu du behakoaz. Gogo txarrez onartu diot keinua. 56 ditu berak, Andresek adina. Nekez imajina ditzaket elkarrekin. Kaleetako hormetan, afixetan, egunkarietan, irratietan, telebistan... nonahi zegoan lelo bat: 25 Años de Paz. Francoren erregimenak ere betetzen zitian urteak.
Ulertu dut, urtemuga esanguratsu bi.
Baina zergatik ekin Bartzelonan? Eta zertarako?
Sasa miserable hutsa dut, betokertzat hartu nau orratz konpontzaile hits honek. Gustura ari da nirekin, nabari zaio, denok merezi dugu kapitain jeneral bizitzan behin bederen, Conde de Godoren palkuan Cabanesko markesaren alboan zegoen hura bezala, dominak paparreratu.
Denbora hartu du erantzun baino lehen, gibelean garaipen handia du.
Koadro ederra zegoan marko haren barnean: 1964ko ekainaren 18an, Francok Bilbo bisitatu behar zian bigarrenez 37ko garaipen historikotik. 17an bertan Sobietar Batasunak eta Danimarkak Eurokopako finalerdietako lehen partida jokatu behar zitean Bartzelonan; Espainiak eta Hungariak bestea Madrilen.
Hirugarren urteurrena. Ugari. Lar, aukeran. Eguna alde batera, ez dut ageriko loturarik ikusi bisitaren eta txapelketaren artean, Bilbon geratzea bazeukaten. Sinkronia ezin hobea aitortu diot, hala ere: 17koa hurrengo egunetako kazetetan nabarmenduko zuten.
Bartzelonako eta Madrilgo finalerdiak Europa mailako gertaera inportanteak zituan, atzerriko prentsa erne ibiliko zuan. Pultsua zuan.
Horra ailegatzen nauk, esan dut nire baitan. Sasa zurezko aulkitik altxatu eta, nigandik apur bat urrundu ahala, ozenago mintzatu zait:
Atzerriko kirol-erreportariek aukera baliatuko zitean mende laurdena balantza batean pisatzeko, bestelako kronikak idatziko zitiztean bueltan, beti entseatzen dituk halakoetan.
Paper eta aldizkari metara bildu da. Futbol-zelai baten argazki zuri-beltzezkoa erakutsi dit.
Nazioetako Europako Koparen lehen txapelketaren fase finala Parisen jokatu zitean 1960an. Lev Jashin Armiarma Beltzaren Sobietar Batasunak irabazi zian. Final-laurdenetan Espainiak gorriak birrindu beharko zitian, gobernazioa sendotu hamarkadaren atarian. Francisco Francok, ordea, herrendu egin zian lehiaketa, Espainiak ez zian herri komunistaren kontra jokatu. Boikota egin zitean Sasak arnasa hartu du epaia eman aurretik. Beldurra ziean komunistei. Baina hangoei barik, bertokoei!
Esanak zer pentsatua eman dit. Dwight D. Eisenhower Ike pozarren egon zitekeen urtebete lehenagoko bisitaren ostean. Lau urteko saltoan setatu naiz segituan.
Eta 1964an okerreko kukuak jo zion galegoari erabaki dut. Espainia-Sobietar Batasuna, bigarren kopako finala, non eta Madrilgo Chamartin futbol-zelaian. PCUSek ez zuen-eta boikoteatu!
Okerreko kukuak jo? Ez uste! Lau urte geroago Francok erregimena zabaldu behar zian. Zeren bidez eta urtemuga baten bidez, mende laurdena. Eta garaipen batekin. Munduari esan: Hemen gaude!
Eta Espainiak galdu izan balu?
Baina ez zian galdu. Gainera, orduko hartan ez zian atzera jotzerik. Gorriak baino gehiago zirela erakutsi beharra zegoan etxean. Hura zuan bakea 25 urte geroago.
Berriketa eten du Sasak. Bartzelonara joan zaio gogoa berriro. Bazkalostean karrikaratu da, Manspons-era, eta handik St. Lluich-era. Tarte laburra du Travessera de Dalt kaleraino. Bidean gomutara etorri zaio La Vanguardia Española-n ikusitako iragarki laburra, galdutakoen atalean: Extraviado en la calle Travessera de Dalt resguardo número 53.582 a nombre de O. F. contra la Caja de Ahorros y el Monte de Piedad de Barcelona, dentro del libro «El desembarco de Normandia». Se ruega devolución. Se gratificará convenientemente. Teléfono: 2269134 Señor Serrabor. Ezin sinestekoa ematen du, oraindik ezagutzen ez duen kide katalanari galdetu behar dio zenbatek telefonatu duten galdezka.
Irten aurretik mailu baten lez aritu zaio Dimitriren ahots kirrinkaria. «Ez galdu! Inorekin ez hitz egin! Susmotan bahago, hanka! Ez kale egin!». Dinbi eta danba. Andrei irri-karkailetan hasi da, errekaduen mutikotzat hartu dute. «Zergatik ez zoazte zuek?».
Ossa 175 baten burrunba hotsak uxatu egin ditu gogoetak eta Travessera de Dalt kaleko kurloiak. Sasak agudo asmatu du nor den. Bi metro luze izan behar du, albinoa, sudur kakoa.
«Hona hemen informazioa».
Katalan hilkarak atoan eragin dio azeleragailuari. «Laguntzarik behar baduzue, badakizue non gauden». Segituan ospa egin du kalean behera desagertu arte. Sasa harri eta zur gelditu da, informazioa berbaz eman ordez, paperezko gutun-azal handian sartu dio. Pisuko egur ustela ostera ere zapaldu aitzin, West Side Story ikustea deliberatu du. Buelta ederra da, portutik hurrean pantailaratzen dute. Itzultzean kargu hartuko diote. Berdin zaio, edozein modutan hartuko diote. Metroz joan da. Zinema aretoaren aurrean jende ugari bildu da. Herritar sano normalak begitandu zaizkio, paranoia zer den ez dakiten horietakoak. Bekaiztu egin zaien unean, Dimitriren lau berba etorri zaizkio akordura: «Ekintza denik eta zehatzen!». Ekintza denik eta zehatzen, barre egin du bere kautan, egunean baino egunean laburrago hura.
Ossa 175eko morroiak emandako gutuna zabaldu nian. Urduri baino areago, dardaraka. Ez nian pisura bueltatu arte itxaroterik izan Estanisek kortxoa kendu dio ardo botilari. Jakin-mina eta mendekua, bietarik apur bana. Zinema aretora sartu baino lehen zabaldu nian, portuko mutiloi batean eserita.
Sasa alferrik ahalegindu da gutun-azala kontu handiz irekitzen, goitik urratu zaio. Hiru orri daude barruan makinaz idatzita.
Lehen ekintza: Sobietar Batasunaren ereserkiaren partiturak bahitzea. Moilako zamakoetara joan zaizkio begiak. Laster itzuliko da Folke Bernadotte Marseillatik, Norvegiako bandera lasaigarripean. Suediako eta Turkiako trapuak ere begiztatu ditu, Argo eta Ankara. Itsasoari begira, sabotajearen gaineko zalantzek asaldatu egin dute. Antolatzaileek ez daukate Sobietar Batasuneko ereserkiaren partiturarik. Musika kontserbatorioan ere ez daukate. Joan Espriu musikari eta melomanoak badu bat.
Sasak barre egin du bere kolkorako, zer leporatuko ote diote faxistek.
Eskuz berrogeita hamar partitura kopiatzeko agindu diote. Partiturak udal-bandako zuzendariari eman behar dizkio aste honetan. Helburua: partitura kentzea musikariari. Bigarren aukera: bandako zuzendariari ostea.
Pisura bueltatutakoan Andreik oihu egin zian.
«Beharrezkoa bada, Joan Espriu bahituko diagu!».
Lehenago besotik oratu dio Dimitriri, asesinatu nahi du Sasa. Ilundu du pisura itzuli denerako.
«Non ostia ibili haiz?».
«Arratsalde osoa eman diagu larri-ikaran!».
«Irakur ezak bigarrena, kakarraldo nazkante horrek!».
Hala esaten zidaan Dimitrik, larru beltzagatik.
Andreik bortxaz kendu dio Sasari orria. «Bigarren ekintza!». Bigarren ekintza: Sobietar Batasunaren bandera bahitzea. Ez dago Bartzelonan SESBen banderarik eta enkargatu behar izan dute. Bandera Oriol Tarradellasen tailerretan josi dute, baina dagoeneko Futbol Federazioaren bulegoetan dago. Partidaren egunean eramango dute Nou Camp futbol-zelaira. Zelatan ibili beharko duzue egun horretan.
Dimitrik proposamena berriro irakurtzeko eskatu dio, astiroago. Gela zeharkatzen hasi da urrats ttipiez. Leitzen amaitu baino lehen, baina, bere erabakia jakinarazi die. Bigarrena. Sasak adostasunezko keinua egin du. Andrei soilik da lehenaren aldeko, ezetza bazuen Espriu kabroiak galdetutakoan.
«Partitura berria konposatu nahi ziek faxistei sobieten nota hunkigarriekin!».
Banderarena nagusitu da. Sasa zafratzeko imintzioa egin du Andreik, bigarrenaren alde egin du Dimitriri dion beldurragatik.
«Bandera bakarra zagok, baina auskalo zenbat partitura idatzi dituzten dagoeneko», ulertarazten saiatu da Dimitri. «Gainera, etekin handiagoa atera ziezaiokeagu bigarren ekintzari. Ostea ez duk bururatzen zaidan ekintza bakarra».
Nou Camp beldurgarriko anfiteatro nagusian ikusi ditu Dimitrik igitaia eta mailua lau haizetara.
«Lehen zatiaren hamargarren minutuan haizatuko diagu lapurtutako trapu gorria».
Andreik eta Sasak elkarri behatu diote, harrapatu beharra dago enbidoa. Andreik hautsi du isilune laburra.
«Hori kartzela segurua duk».
«Eta tortura!», gaineratu du Sasak ahots ikaratiz.
Eta ea burutik joan zaion, porturatu denetik aldrebestua ikusten du, zer eman dioten Folke Bernadotte horretan, Marseillatik kontu onik ez. Dimitrik ezentzuna egin dio, derrigor, osterantzean berotu beharko du. Soslaiz begiratu dio Andreiri. Amuan neurriko trapua dago hura bezalako olagarro batentzat.
«Espainiak ikusiko dik! Munduak!».
Andreik salto egin du karnata gainera, ez da inor baino mendreagoa.
«Eta Brigada Politiko Sozialekoak badatoz, zain izango gaituzte».
Sasak ezin ulertuzko suizidio baten aurrean ikusi du bere burua. Une erabakigarria da.
Eta hor ikaratu ninduan zurrut egitearekin batera hotzikara antzeko bat eman dio. Debalde saiatu ninduan zentzatzen. Hanka egin gurako nian. Ekintzaren porrota nian desio. Martirioan ez zagok mozkinik!
Denak egin du gainez, sobera ezagutzen ditu Sasak deskarrilatzen diren trenak, Andreik parranda mordoan ikusarazita. Hark eta Dimitrik muturrera eramango dute zein baino zein jardun beharra. Nahastean ahalegindu da etsi-etsian:
«Bandera barik sobietek ez ditek partida jokatuko. Iraina duk!».
«Jokatu egingo ditek, lasai», azken hitza azpimarratu du Dimitrik mespretxuz. «Antolatzaileen moduak geratuko dituk agerian. Geuk aterako diagu behar duen tokian».
«Eta sobietei gustatuko ez balitzaie geuk ordezkatzea?».
«Ulertuko zigutek. Eta barkatu ere bai».
Sasak azken kartutxoa erre nahi du.
«Katalanek ez zigutek horretan lagunduko».
«Baietz lagundu! Horiek ez dituk hi bezain kikilak!».
«Eta ezezkoan, doazela zakurraren salara!», gaineratu du Andreik oilarturik.