SALBEKO ZUBIA
Deustuko Unibertsitatea eta Abandoibarra lotzen ditu Pedro Arrupe pasabideak, zubi eskasa da. Josulaguna lotsaturik egongo litzateke omenezko aldarea ikusiko balu. Arkitekturari zangotraba eta bilbotarroi zaplatekoa aurpegi betean. Ezkerraldeko ikasleak Ensantxekoak unibertsitatera artez sar zitezen eraiki zuten. Fakultate baten aurrealdea zulatzen du altzairu herdoilgaitzeko sorgin-orratzak. Beste aldean, Guggenheim Museoarenean, Abandoibarrako pasealekuari jo gura dio oldarra itsasontzi modernoaren brankak. Baina itxura espantagarria alde batera, bost metro baino luzeagoko mastadun belaontziei itsasadarrean gora jarraitzea galarazten die. Ederto doakio izen ofiziala, pasabide. Hutsagorik!
Urriaren 8an ezin hobeto etorri zitzaigun Guggenheimera igarotzeko. Henri Matisseren erakusketa zegoen. Carmeren tema zen. Paul Klee etorri zitzaidan akordura, Matisseri buruz ere ez nekien ezer. Zorionez, pasabidearekin zegoen arduraturik. Une batez, iruditu zitzaidan ahots beldurgarri batek salatuko zuela arkitekto eta ingeniari sortzailearen lana. Boz goxo batek eman zuen, berriz, etsiaren aditzera.
Penagarria duk. Bilbok ezer badu, zubi onak ditik!
Iritsi berriaren baiezko borobila zen. Eurek padovanoak eraiki behar zizkiguten, sienatar erako arrupeak. Zorrotzaurreko proiektuak abante eginez gero, italiarraren zordun izango ginen. Ordurako zorretan geunden Gehry, Foster eta Calatravarekin; eta luze gabe, batek jakin, Carme Ferrusolarekin ere; halatsu uste zuelakoan nengoen. Bilboko kaletegia hankaz gora ipini atzera ere. Enzo Padovano star bat zen Italian, arkitekto bezain abeslari, sukaldari eta kirolari ona. Zena zelarik, zubien aipuak Menorcan erakutsitako argazkiak eta ondoren entzundakoak ekarri zizkidan gogora.
Bueltan genbiltzan Salbeko zubian, museoa goitik ikusteko. Thomas Krens Guggenheim Fundazioko zuzendariak urte batzuk lehenago mamu bat ikusi zuen tokitik hurbil ginen. Hamar metrora, hor nonbait. Bizkaiko Diputazioari ziria zelan sartu zebilela, museogintzaren Padovano amerikarrak eraikina ikusi zuen, benetako epifania, non eta Pinillos nabieraren orubean. Gurean baino lehen Madril, Erroma, Salamanca, Sevilla eta beste hamaika leku aztertu zituen Krensek, baita Santander bera ere, gurean kasu egin zioten arte. Eta asmatu zuten arte. Baina hura ez zekien Krensek, eta gainera ez zitzaion inporta. Gau argitsu batean, Salbeko zubitik lasterka ari zela, ikusi egin zuen. Agerpen hutsa industria eraispenarekin batera fedea galtzen hasi zen hirian. Ez zen makala. Krensek gezurra esan zuen, mila bider jokatu dut lepoa, inork ez du korrikarik egiten Salbekotik.
Masailekoa zubi mitikoari moztu zidan Carmek. Ugerdo horri esker zagok Salbe arte-munduan!
Zuzen zebilen, Krensek Salbe bahitu behar zigun. Ez nion, dena den, mitikoarena onartu. Udalaren zigilua zeroan Bilboko zubiei buruzko liburu batean irakurritakoa soilik zekien. Ez zen nahikoa halako aldarrikapenak egiteko. Isilik geratu nintzen, museo ondoko jolas-parkearen txirrista modernoari begira. Carmek hartu zuen hitza:
Zubi honetatik ikusten zitean lehenengoz Begoñako Amaren baseliza itsasadarrean gora zebiltzan marinelek. Ohitura omen zegoan Salbea errezatzeko. Izena hortik.
Liburuan irakurria zuen hori ere. Amatxo esatea bakarrik falta zitzaion, bilbotartu guran zebilen. Eskubidea ere bazuen, noski.
Zubiaren lehen izena ere badakin, ezta?
Espainiako printze-printzesen zubia. Juan Carlos eta Sofia.
Gehry, Calatrava, Foster eta Padovano kaletegian erreguka ari zitzaizkigun bitartean, zubiaren izenak ihesean zebiltzan aspalditik. Salbekoa ez zen bakarra.
24 metrokoa duk.
Metalezkoa. Bilbok badin Golden Gate eta neuk nora jo liburu ofizialetan zertan miatu gabe. Zubiaren irekitze ofiziala eta astebetera, benetako bataioa gertatu zunan. Pinilloseko kontulariak bere burua bota zinan zubitik behera.
Carmek bere buruaz beste egingo balu bezala keinatu zuen. Salbatzera egin nuen soineko ederrari oratuz atzetik. Eskuak gerrian gora irristatu eta bultzada ttipi batez askatu nuen. Hark bizpahiru pauso sano labur eman zituen, hanka-puntetan kasik, balet klasikoaren dantzari batek legez. Arrupe pasabidean geundenean baino zakarrago jotzen zuen hegoak. Haizearen menpe zegoen Carmeren ile horiztatua. Pertsonaia inportantea zirudien. Ohituta egon behar zuen horrela sentitzen; Ferrusola jaunak horrela sentiarazita; Enzo Padovanok berak, menturaz.
Zorrotzaurreko proiektua Carmeri esleitu izana aita-alabarenganako konfiantzaz mintzo zen. Aitari buruz zer edo zer banekien Andresek kontatua. Proiektu bi bota zizkioten atzera epaitegietan Kosta Legea ez betetzearren. Hura gertatu zitzaionean pentsaezina zen itsasotik hamar metrora zegoen hirigintza-proiektu bat arbuiatzea. Geroago Padovano ezagutu eta haren zerbitzura jarri zuen bere burua. Funtsean, ferrusolatarrak ez ziren inor arkitektura munduan, ez eta Menorcan ere, baina entzute handiko arkitektoen itxura distiratsua zuten.
Zinemaldiko aktoreak bezala?
Antza denez, Krensi esker zatozan orain Bilbora.
Ez genuen iruzurgilearen barkazioa merezi. Fedea bueltan zen hirira. Harekin ere baginen zordun.
Salbekoari Guggenheim Zubia deituko zionat gaurgero! Krens Zubia!!!
Ordu batzuk lehenago heldua zen Carme Loiuko aireportura. Aldean bidaia-poltsa handi bi eta ordenagailua. Taxi bat hartu eta hotelera abiatu ginen zuzenean. Bidebarrieta kalean zegoen, Arriaga Antzokiaren aurrean. Erreserba neuk egin nuen, lekua aspalditik begiz joa neukan barrura egundo sartu ez arren. Ostatu txikia zen, ederki erantzuten zien Carmeren eskakizunei. Halakoa nahiago zuen.
Harreragile lepokerrak goiti-beheiti aztertu gintuen. Lepoa jokatuko nukeen bere artean galdezka zebilela zer nolako harremana nuen emakumearekin. Ez nuen ahoa zabaldu, ez eta nire egoeraren berri eman ziezaiokeen keinu adierazgarririk egin ere. Aukera hutsaren erakargarritasunaz pentsatu arren, haren begi ilunei beha lotu nintzen. Elkar ezagutzen genuen aurpegiz. Taberna beretara biltzen ginen maiz. Bisera edo boneta bat janzten zuen estetikaz, nahi hutsaz edo buru soildua ezkutatzearren.
Matisseren lanak ikustera joan aurretik, dutxa bat hartu zuen Carmek. Kontu handiz, ohe-gainean zabalik zeuden maletak lurrean ipini nituen. Pisu handia zuten, egitasmoak adinakoa. Begirada sabai zurian galdurik, etzan egin nintzen. Bizikleta estatiko bat zegoen nire eskuinean. Etsigarria izan behar du pedalei eragiteak bi izarreko hotel bateko gela xumean. Nekagarria, nolanahi den ere. Ez zen luze joan Carme bainugelatik adatsak bustirik irten arte. Soineko laranja eta gomazko zapata beltzak zituen jantzita. Hasperen egin nuen. Ezer esateko betarik eman gabe, Kataluniari eta modari buruzko zer edo zer aipatu zuen. Nik modatik harago neukan hedaturik bandera. Harrerako lagunaren kezkak etorri zitzaizkidan gogora. Haren susmoa ez zegoen tokiz kanpo, Carmek gela singlea zuen erreserbaturik. Ezohiko parea ginen, edo bide hartan genbiltzan behinik behin. Are gehiago, beharturik geunden bikotea izatera. Egitate horrek zalantzak eta ikara piztu zizkidan Menorcan. Ordurako, baina, uxatuak nituen denak. Carmerekin lan egitea ez zen soilik onartu beharreko baldintza, baizik eta egunean baino egunean atseginago bihurtzen ari zitzaidan aukera.
Gure harremanean niri zegozkidan jatearekin zerikusirik zutenak oro. Edo, hobeto esateko, guri, zeren Andres ere Andrei uda hasi baino doi bat lehenagotik bazebilen tartean. Lehen egun hartan gurekin etorriko zen afaltzera. Eta, egoki jateaz den bezainbatean, Martxantxenea, lur segurua izateaz gain, ezinbesteko begitantzen zitzaigun bioi. Jatetxea hari esker deskubritu arren, joatearen poderioz neure-neurea nuen, bereziki Rosa jabearen txanpinoi beteak ogi gratinatuaz, berdel kaneloiak eta sagarrezko txintxorta.
Arratsaldeko azken orduan sakelakoak jo zuen. Andresek ez zuen etortzerik, familia kontu bat sortua zitzaion. Ezin izan nuen imajinatu zein zen, nagusiaren eta bere emazte ohiaren arteko harremanak hutsaren hurrengoak ziren. Hiru seme-alaba zituzten, baina Andresek ez zituen ia ikusten. Egunero haien hutsa sumatzen zuela behin baino gehiagotan adierazi arren, bere burua zoriontzen zuen banaketak ekarritako arinduagatik.
Berria jakin orduko Carme zertxobait atsekabetu zen, alegeratu ni. Berdin afalduko diagu, berdin ez, hobeto, pentsatu nuen. Ez nion Andresi sinetsi. Udan entzundako guztiei kasu emanez gero eta lerro artean ondo irakurriz gero, nire nagusi balea-harrapatzailea Carme limurtzen ibilitakoa zen ekaineko afarian. Bien arteko adin aldea gorabehera, gustuko zuen. Menorcatik iritsi berri, astebete inguruz, terrorismoaren aurkako legea ezarri balidate bezala sentiarazi ninduen, haren gaineko zeinahi detaile, zeinahi berri, zeinahi uste jakin beharrean zegoen. Egoerak, gaitzerdi, ez zuen luzaro iraun. Poliki-poliki Carmerenganako grina epeltzen hasi zen eta abuzturako hoztu samar zegoen. Baina bilboratu baino astebete lehenago, Ahabek arpoi zorroztua erakutsi zidan atzera ere.
Jantokia mukuru zegoen. Atzerritar ugari zeuden, alemanak eta ingelesak gehienak. Eurek salbatzen zizkioten Rosari astegunak. Bulegoan, Andresek barne, denok maite genuen Loewe eta Gucci-ren oihal garestien azpian modu zakarrak ezkutatzen saiatzen zen andra xarmangarria. Ezin hobeto moldatzen zen kanpotarrekin. Haurretan Portsmouth-era deserriratu zuten nebekin batera. Royal Navy-ko ofizier baten etxean eman zioten ostatu. Andresek zioen luxuzko prostituzioan aritua zela.
Erreparatu paretetako argazkiei.
Carmek bistadizo arina eman zuen.
Denetan emakume bat zagok lagun ospetsuekin. Rosa duk, ezta?
Bai. Ezagutzen ditun harekin daudenak?
Tira, batzuk bai. Hemengo hau Eduardo Txillida duk, orain hogei urte esango nikek. Gure aita Txillidazale amorratua duk. Horrako hori, Francisco Rivera. Orain zenbat urte? Eta beste hori begiak itxita ere ezagutuko nikek: Bette Davis. Hala jabea nola aktorea pispaturik zaudek, ez duk uste?
Ordu ttikietan ateratako argazkia dun.
Eta horretan Alfredo Kraus. Behin entzun nioan kantatzen... Baina hilik daude denak?
Bete-betean asmatu dun. Paco de Lucia izan ezik, hilik zauden denak.
Tira, irudi-kanposantua duk.
Antzeko zerbait. Ez zakinagu joandakoei omenaldia ala soka-lasterrerako gonbita den.
Zorionez, ez gaituk aski famatuak.
Gu ez, baina Enzo Padovano bai.
Ba, orduan, hura zigortu beharko diat.
Ezer esan gabe gelditu nintzen. Proiektuari argi berdea eman eta gero, alkateak beste jatetxe egokiago batera eroango zuen italiar prestua, Zortzikora agian. Gaiaz beste egin eta haren izenetik tira egin nuen.
Baduzue zerbait berritan saiatzeko asmorik?
Carmek kopeta zimurtu zuen.
Dagoena baino haratago joaten duk beti artea.
Arteaz ari gara?
Arteaz aritu beharko genikek. Begira ezak ingurura, hemen ez ditek soilik jaten ematen. Baina ez kezkatu, ez gaituk bilbotarrok larritzera etorriko. Gure arkitekturak behar sozialak aseko ditik, dudarik ez egin. Gainera, zuek galga ipintzeko ere bazaudete, ezta?
Bai, noski. Baina ez didan erantzun.
Oraindino ez zeukaat erantzunik. Ez zakiat Padovanok zer duen buruan. Proiektu hau oso luze joango duk.
Horretan arrazoia dun, baina askok ez liketen ondo ikusiko Padovano edertasun hutsalean saiatzea.
Carmek zigarro bat presarik gabe isiotu eta zupada luzea eman zion.
Nekez planifika daitekek edertasuna, ez duk uste? Zelan diseinatu defini ezin daitekeena? Are gehiago itsasadar honetan, non definigaitzago bilakatzen den. Gainera, gure estudioan ez gaituk hutsalkerian edo nabarmenkerian ibiltzen. Kontua duk ondo uztartzea arkitektoaren asmoak eta hiritarren beharrak, espazio publikoak zer behar duen neurtzea.
Ez nuen jarraitu. Inoren uste eta kezketan jartzen dugu geure burua geure ezaxolari bazka emateko. Une hartan zerbitzaria platerak jasotzen azaldu zen; eta haren atzetik, mahairik mahai zebilela, Rosa, distiratsu, ibilera traketsa ezin ezkutaturik. Goitik beherako behatu arina eman zion Carmeri, horren arina ezen oharkabean joan zitzaion. Erantzun moduan, aurkeztu egin nuen. Rosak zer edo zer esan zuen Menorcaren gainean, ez nion kasurik eman. Segituan Andresi buruz galdetu zidan, Carmeri ulertaraziz adiskide mina zuela. Barre egin nuen neure kolkorako. Andresek ez zuen lagunik, ez Rosa behinik behin. Lausenguz bete edo mespretxatu egiten zuten jendez inguraturik bizi zen. Proiektuaren arrakastak gehiago ekarriko zuen bietarik. Kontua zen Andresek ez zekiela ez zuela lagunik. Neuk ere ez nuen lagunik, baina bakardadearen kontziente nintzen. Banuen nire katua: Isoszele. Andresek, berriz, ez zuen sakelakora lan kontuetatik aparte deitzen zionik. Nolanahi den ere, laguntzat ninduen. Lagunik gabeko laguntzat. Borobila, noski, mespretxatu ahal ninduen.
Afalkidea nire trena zela ohartarazi nahi balit bezala begiratu zidan jabeak. Popatik hartzera bidali nuen neure baitarako. Carmek beste zupada bat eman zion zigarroari, luzeagoa, eta hautsontzian amatatu zuen geratzen zitzaiona. Rosak esku-keinu batez agur esan zigunean, hormara begiratu zuen menorcarrak.
Nor dugu hori?
Piru Gainza Athleticeko jokalari ohia.
Carme, Josepen garitoan kontatutako istorio harrigarriarekin akordatu zen.
Dirudienez, Iribar ez duk hona afaltzen etorri.
Bata bestearen atzean, bi hilabete lehenago aipatutako ezizenak, izen-deitura historikoak, tokiak eta gertaera guztiak aipatu zituen zehaztasun handiz. Aurreko egunean narratu izan banu bezala gogoratzen zuen detaile bakoitza. Hura, duda barik, nireganako keinu garbia zen, uste baino gehiago esan gura zuen. Internetera ere sartua zen hobeto jakiteko nor zen Jose Anjel Iribar.
Josepenean izandako azken eztabaida ekarri zuen akordura. «Erdu eta eseri hadi nire ondora!», oihukatu zidan tabernari zabarrak irlatik alde egin aurreko gauean, «gaur Marlborougheko dukea akabatuko diagu behin betiko. Nasdrovia!». Ezin esan Josepek festa bat antolatu zigunik, baina Cala Blancako fiordoaren gaineko talaia zoragarri hartara bildu ginen Carme, egonaldian ezagututako beste batzuk eta neu. Ordurako tabernako ohorezko altzari bihurturik nintzen, irabazita nuen. Josep mozkor zegoen, benetan sinetsita zen gerran genbiltzala. Carmeri so egin zion, estrategia hutsa. «Zer-nola deritzon duke ingelesa kalitzeari eta atezain bilbotarra salbatzeari?». Carmeri ahoa zabaltzeko astirik eman gabe, Iribar Getariakoa zela bota nuen. Lagun batek jakinarazia zidan telefonoz bi egun lehenago. «Getariakoa?», harritu zen Josep. Ezer esan baino lehen, andra ingelesa tartera sartu zen tabernariari saiheska begiratuz: «Getaria is bloody fantastic!». Miss hark ere merezi zuen saririk, ostalariak begitan eduki arren. Mary deitzen zen. Queen Mary distiratsua legezkoa. Tira, agian ez horrenbestekoa. Zena zela, nire aukera urriak Maria haren titipuntetara mugatzen ziren. «Iribar Bilbokoa duk!», erabaki zuen Josepek berehala aurpegi suminkorrez. «Nor egon da Iribarrekin?». Hantxe eman genion lur gorpuari.
Iribar Zarauzkoa duk baieztatu zuen Carmek Piru Gainzaren argazkitik begiak erabat erretiratu gabe.
Ordurako neronek ere banekien. Rosarekin argazkirik ez ateratzearen alde egin genuen topa. Hark eskatuta, istorioaz ez zekien guztia kontatu nion, nire zuzendariari zegokiona salbu. Carmek ez zuen zertan jakin Andres eta Andrei pertsona bera zirela. Hilketarik ezaren jakinean jarri nuen, Dimitriren erokeria azpimarratu, Andrei salbatu eta Sasa delako hirugarren pertsonaia bat sarrarazi. Estanis Acevedo Gomez Sasa, zehazkiago, Atxuriko erlojugilea; hura ere beste bien laguna, edo lagun izandakoa behinik behin; eta hura ere, antza denez, futbolzale amorratua; Gordon Banks Ingalaterrako atezain ohiaren mireslea. Are gehiago, kontaketak ustekabeko norabidea hartu zuen niretzat ere, hirugarrenari merezi ez zuen tokia eskaini bainion.
Arrazoia sinplea zen: Andres-Andreiren inguruko misterioari argi eman beharrean itzuli nintzen irlatik. Zelan edo halan deskubritu behar nuen zergatik zamako batean ezkutatzen zen Dimitri ezizeneko zoro hark hil nahi zuen. Edo, hiltzeko asmorik ez bazuen, zer dela-eta nahasten zuen bere fantasietan. Eta berehala hauteman nuen dena zehazteko biderik egokiena. Dimitrirengana jotzea Andresi galdetzea bezain alferrikakoa zen. Bata ero hutsa zen eta bestea ikertu beharreko subjektua. Sasaren aukera bakarrik gelditzen zitzaidan. Eta horretan Erandioko udal-arkitektoak lagundu behar zidan. Baina bi hilabete joanak ziren eta artean ez nekien ezer pertsonaia periferiko haren gainean. Etsiak hartzen hasia nintzen.
Hurrengo goizean argi bizi batek itsutu ninduen pertsiana goratzean. Ez nuen begien aurrean Menorcako zeru aratza, beste kaletarrago bat baizik, leiho eta ispiluetako islak baliatzen zituena Mazarredo kaletik Aresti poetak madarikatutako izena agertzeko. Izorratu beharko zuten poetek. Bilbo urdina zen. Eta urdinago Padovano bezalako pertsonaiekin. Luze gabe Pritzker Saria jaso behar zuen. Lau urte lehenago lapurtua zioten Renzo Piano herrikidearen mesedetan. Edozein kasutan, bilduma egile bilakatzen ari ginen, Pritzker saridunen bildumazale zeru garbi baten pean.
Barruko patioko leihora hurreratu nintzen garbitutako arropa jasotzen. Ez zegoen ezer, kolore anitzetako gakoak soilik. Ez nuen gomutan ezer kendu izana. Aurrez aurre nituen, ostera, hiru auzokide gazteen elastikoak, alkandorak, toallak, tangak eta galtzerdiak, zein baino zein ilunagoak, gotikoak baitziren hirurak. Isoszele katua ere bazegoen haiei beha, begirik kliskatu gabe, igarriko balio bezala nire nahasteari. Leihoa itxi eta Peiremans-en musika jarri nuen, aldi baterako bandak kalean zuen lan bakarra. Galtzaileei imintzio garbia zen diskoa, ezin egokiago neure burua irabazle sentiarazteko. Sofa higatuan jesarri eta erantzungailura luzatu nuen eskuin eskua. «Berri onak!», hasi zitzaidan lehen mezua. Erandioko udal-arkitektoaren ahots geldoa zen. «Azkenean bazakiat Sasa delako hori non aurkitu. Ez duk erraza izan, uda joan zaidak horretan. Zelan Menorca aldean? Alemaniarrekin ezin eta idia jotzen kalaren batean, ezta? Kontatuko didak. Onak izan». Astopitoak ez zekien Menorcaren eta Mallorcaren artean bereizten, idi ederra bera. Zinez eskertu nuen deia, Sasarengana jo beharrean nengoen betarik galdu gabe. Gordon Banks atezain ingelesaren mireslea, erlojugilea eta alboratua Andreiren eta Dimitriren arteko taberna-eztabaidetan, huraxe baino ez nekien. Nahikoa, dena den, haien artekoa argitzeko. Gainerakoan Sasak, Menorcara joan aitzin udal-arkitektoak kontatu zidanaren arabera, pop taldeari izena ematen zion heroia zekarkidan gogora. Frederick Peiremans erdilari belgikarra 2000ko ekainean heldu zen Realera. Lesionaturik. Egoera tamalgarri hartan jarraitu zuen harik eta urtebete geroago sendagileek ulertu arte piriformearen sindromeak jota zegoela. Peiremansek ez zuen Realarekin partida ofizial bakar bat ere jokatu.
Erantzungailuan bazegoen beste dei bat. Carmerena behar zuen, bigarrenez hoteleraino lagundu ostekoa seguruenik. Oker nenbilen. «Kaixo, Nekane nauk..., Nekane Zuluaga... Hemendik aurrera elkarrekin jardungo diagu Zorrotzaurreko aurre-egitasmoan. Hala adostu diagu hire bulegoko jendearekin. Komeni duk lehen baino lehen lotzea... Kontatuko diat». Beste hirutan entzun nuen Nekane Zuluagaren mezua, aurrenekoan sobera garbi geratu ez balitzait bezala. Boz garratzaren gibelean, haren begi beltz zelatariak eta musu borobila antzeman nituen. Baita aspaldi batean amorruz maitatutako bular eskergak ere. Ez zen adar-jotze hutsa. Nekanek ez zidan inoiz hots egingo harpa jotzeko. «Adostu diagu» zinikoak jabe bakarra zeukan. Ameto eman, etsiak hartu eta entzundakoaren karga neurtu nuen. Lan-taldea handituko zen neurri berean ugalduko ziren buruko minak.
Andresek azalpenak eman beharko zizkidan. Zokoratua nintzen bigarrenez, Peiremans malapartatuaren tokian nahi ninduen kabroiak.
Garabi orok kontrapisua behar dik arrapostu eman zidan telefono-hariaren bestaldetik. Oraingoan ezin diagu ezertxo ere egin, haren estudioak eta gureak lan egingo ditek Padovanorekin.
Kontrapisua? Halakorik! Nekane Zuluagak orbela balitz bezala behera bota zezakeen garabirik sendoena. Hausnartzeari ekin nion. Hurtado de Amezaga kaleko bulego batean zebilen, oposizioarekin lerratuen artean prestigiotsuena. Erabakia politikoa zen inondik ere.
Zubigintzan gabiltzak entzun nion Andresi. Ez ahaztu!
Zubigintzan? Hau ingeniaritza hutsa duk!
Nire orroak Isoszele gaixoa izutu zuen. Salto egin zuen leihotik lurrera eta begiak iltzatu zituen nireetan mesfidantzaz. «Peiremans zoritxarrak jotakoen santua?», xuxurlatu nion animaliari, «Bilboko estudio bi eta Italiako bat. Isoszele makurragorik ez zagok». Ahabek bereari eutsi zion:
Alde onak ere baditik. Nekane Zuluaga arkitekto fina duk. Eta gainera...
Hizketa eten nion. Arkitekto Elkargoak Bizkaiko Saria emana zion berriki. Sari-ematearen ekitaldira ez azaltzera deliberatu nintzen. Hartan ahaleginduko zen Andres Nekanerekin ligatzen. Telefonoa eskegi nuen. Ikuskizun zegoen zelan moldatuko ziren neskak. Carmek bezala, iritsi berriak ere nahiko zuen bere izena letra distiratsuz Zorrotzaurreko moila batean ikusi.
«Akordatzen haiz nitaz?».
Galdera karrankaria zen.