DEUSTUKO ZUBIA
Desio ditut azal zurbila urre merkez mozorrotzen duten emakume ingelesak, Norwicheko urte ahaztezinei zor. Desio ditut fucking gora fucking behera zango luzeak eta bular oparoak eguzki galdaz gorritzen dituzten Liverpoolgo neska bizizaleak. Desio ditut aldaka zabaleko andre heldu manchestertar mozkortu zaleak eta larrua tatuaje lotsagabez belzten dituzten dublindar gazteak ere. Desio ditut Walkers Salt & Vinager eta Walkers Cheese & Onion patata frijituak bezainbeste desio ditut. Desio ditut ilunabarrean azazkal horiak erpeak lez zorrozten dituzten nerabe itxurako unibertsitarioak. Desio ditut working class-eko lirain kalapitariak eta upper class-eko zatar handiusteak. Eta desio ditut, baita ere, taberna honetara ausartzen diren gorputz ederreko mutilak, banderarik gabe.
Ur gardena bare sartzen da fiordo mediterraneora. Lohia da bere garbian, estolda-zuloa da itsasertza Menorcan. Bizileku bihurtua dut hondartza gaineko behatoki aparta. Ez dut gomutan nola heldu naizen talaia honetara, inork ekarri nauen. Guardasol baten azpian nago etzanda, martini bat, olibak, irlako egunkaria eta París no se acaba nunca liburua alboan ditudala. Kazeta ez dut irakurtzen, jaiak non diren jakiteko ez bada, zaldi trostariak jende artetik dantza eroan ikusi gura ditut. Aldian-aldian albisteetako izenburuei erreparatzen diet, Ferreriesko bidea eskatu dute ehun lagunek, volem solucions, desviament ja! Bereizgarri hutsa da Última Hora de Menorca hau. Liburua, ordea, maite dut, aperitifa bezainbat kasik. Hogei urte lehenago munduratu banintz, neuk ere ihes egingo nukeen Parisa. Rue bateko ganbara hautseztatuan biziko nintzatekeen. Horma umeletan, Toulouse-Lautrecen La Goulue; sabaia, pitzatua; eskaileretan, argi barik; kafe eta kruasana Pigalleko terraza batean. Logela bataiatuko nukeen andre batekin oheratu aldiro: bilo sarriko ostalariaren chambre-a ezpain haragitsuko irakaslearen chambrea larru beltzeko vedetteren chambrea argazkilari ttattarraren chambrea, madame, mademoiselle, gal zaitezte Maurice Boudetenean erositako satinezko maindireetan. Edo, beharbada, euskaldun ezkertiarren batzar amaigabeetara bilduko nintzatekeen ezinbestez, galbidean betiko, begi sukartsuzko musugorriaren logela onenean.
Ez dut Paris ezagutzen. Hara barik, Menorcara etorri naiz. Loak hartu arte ematen ditut goizeko eta arratsaldeko ordu luzeak hondartzako taberna honetan eta, haizeak Afrikatik jotzen duenetan, gauekoak ere bai, deus probetxuzkorik obratu gabe. Ingelesak ditut lagun denbora osoan. Eguna urratu orduko azaltzen dira lehenengoak eta arratsaldean lepo daude klinika pribatuetako itxarote-gelak. Anaia txikia beste uharte bateko ospitalean dabil beharrean, zerri esaten diete larrialdietako atetik kiskalita sartzen direnei, pig.
Goardasol gorri beraren azpian babesturik, bere zantarrenean, emazteki berdintsuak nituen desio urtebete lehenago, 2002ko ekainean, nahiz eta bestelako asmotan muilatu. Hura arkitektoen irla zela sinetsarazia nion neure buruari, ezinbesteko deserria bolada baterako. Menorca. Menorca. Menorca. Han topatuko nuen nirean udako jai-giroak ukatzen zidan bakea. Egunsentian ur epeletan murgildu eta segidan, nagiak bazterturik, gogoz beharrari ekin. Gezurra, ez beste. Ez dago munduan martiniek eta olibek gobernatutako erbesterik.
Porturatu berri, banuen goitizena Josep Puig-en txiringitoan. Sion hartako jabe berritsua neure gisako alproja zen, Abraham tripontzi asegaitza, balakari arriskutsua, gezurti lotsabakoa. Bigarren goizean gomaz forratutako largabistak inposatu zizkidan.
Han harrapatzen ditiagu, ikusten duk?, alde honetako olagarro estimatuenak.
Lehen arratsaldean bertan filmatu nuen National Geographic-erako dokudrama. Ordurako erosiak nituen betaurrekoak eta tutu horia, neu ere banintzen Cousteau. Josepek adierazitako tokitik hurbil neska bat olagarrotan zebilen. Lau metro ur azpian, desorekatu iritzi nion borrokari. Gazteak berrogei segundoan behin igo beharra zeukan birikak airez beteko bazitzaizkion. Milagarrenean neskak olagarroa arroketako ezkutalekutik aterarazi, gorantz behartu eta, eskumuturretik behin eta berriro askatuz, ur azalaren kontra tontotu zuen kolpeka.
Zeharka begiratu nion Josepi. Ezin nuen inondik ere olagarrotan irudikatu. Irensten oso bestelakoa izaki. Bere gordelekuan zefalopodoek makina bat izen, gustu, forma eta kolore zeuzkaten. Ciutadellako andre batek Josepen epopeia gastronomikoen gidoilaria prestatzen zituen tabernazuloko sukaldean.
Octopusaren azkentzeak eta Bastille haren asaltoak erakutsi zidaten nondik nora zabaltzen ziren irla hartako lurrak. Hiru egun joan ostean, ez nuen beste frogarik behar. Bilbon, aldiz, bero zetorren ikasturtea. Ordurako gureturik genuen Zorrotzaurreko egitasmo handian lan egiteko gonbita. Enzo Padovano arkitekto ospetsu italiarrari lagunduko genion. Hark izenpetuko zuen hurbiltzea. Frank Gehry orduko, Bilbon bazegoen aduana arte munduan.
Buruko min franko ekarriko ziguk enkarguak esan nion Andres Peruarena nire bulegoko zuzendariari Menorcara joan baino aste batzuk lehenago. Asmatu beharra neukan ikaratan zegoenetz.
Woman aldizkariaren ale bat irakurtzen ari zen Andres. Jacquetta Wheeler modeloari egindako elkarrizketa bati kasu emateko eskatu zidan. Milurtekoaren manikitzat jo zuen, halako memelokeriaren bat, Mario Testino handiaren musa. Ez nion jaramon egin. Bezperan aitzakia bera baliatu zuen ligatzeko beste bulego bateko arkitekto musuestuarekin, Mutualiaren ofizina-edifizio berria inauguratu ondorengo festan. Ile kirruko neska luzanga zen, Andres baino askozaz gazteagoa. Inork ez omen zion erreparatzen. Agian arkitektoa ere ez zen. Nolanahi ere, nagusiarentzako ehizaki egokia.
Andresek mahai gainean laga zuen aldizkaria. Kotoizko jaka amerikarraren ezker mahuka goititu zitzaion zilarrezko erlojua agerian utziz. Seiko bat, uste dut, emazte ohiarengandik gordetzen zuen objektu bakarra.
Artikoan barrena dabilen itsasontzia duk Udala. Ez aurrera ez atzera geratu duk izotzetan harrapaturik. Blindatutako kroskoa puska zezakek presioak. Eta geuk kraskatu behar diagu horma. Ulertzen duk?
Uste nian zubigileak ginela.
Zubigileak, izotz hausleak... berdin ziok!
Zer eraiki berdin zitzaion Andresi. Padovano arkitektoaren sinadura eta gure estudioaren itzala ikusiko ziren Zorrotzaurreko penintsulan. Sinbiosi eredugarrian ariko ginen. Nekez leporatuko zioten Udalari beste gehrizazio bat. Eta nekez esango zioten Andres Peruarenari iturgin. Fusioa zen. Mestizajea. Lanaren bikaintasuna nabarmenduko zuten denek. Eraikinak aldrebeseko ahoskeraz beztitzea salatuko zuen baten batek. Padovano zail samarra zen, lar luzea. Ze haren izena eskaini beharko zioten penintsulari, edo zubi bati behinik behin, portuz portu zurtzak munduratzen laguntzen duen marinelaren antzo, hango Padovano horko Padovano hemengo Padovano. Gurea ez baitzen lehendabiziko kairatzea. Beste batzuek famatua zuten lehenago harena. Eta geuk ere Padovano. Eta harekin batera, izen ez ofiziala.
Andresek aldizkaria itxi zuen zutundu aurretik. Neskari buruzko komentario bat egin zuen ahapeka. Zer edo zer satsua. Portadari begiratu nion, Kylie Minogueren erretratua zekarren. Hari buruz ere aipatu zuen zerbait. Eta hura ere zantarra. Kupitu egin nintzen, argi geratu zitzaidan ez zuela aurpegi zorrotzeko neskarekin oheratzerik lortu. Padovanoren proiektuaz mintzatuko zitzaion behin eta berriz, italiarra estrategiko bilakatua zen. Sekretua izanagatik, haren berririk ez zuen arkitektorik ez zegoen jada gurean. Andresi esker neurri handi batean. Eta neuri esker ere bai, zertarako uka.
Deus ez nekien Padovanori buruz, salbu eta arkitektura-kazetetan eta Interneten irakurgai zegoena. Andresen antz estetikoa hartzen nion: Carolina Herreraren jaka erosoak, Tommy Hilfiger eta Ralph Lauren-en alkandorak, marra turkesadun fularrak, Neil Barrett-ek diseinaturiko zapatilak, kaskoa ile-gogortzailez bustia, azala beti beltz eta patilla zabaleko eguzki betaurrekoak. Eta hura bezala, fetuccinien zale amorratua. Arkitekturaren Berlusconi moduko bat. Handia edozein kasutan, Pritzker sarirako hautagaitza erakusgarri. Hainbat hilabetez jardun beharko nuen bere aginduetara. Hiru edo lau bider soilik ikusiko nuen, laguntzaile batekin ariko nintzen Zorrotzaurreko aurreproiektuan, izendapena ofizialdu arte bederen. Alferrikaldu ezineko aukera nolanahi den.
Putakumeak barra-kode berriko arkitektura saldu nahi zigun garesti, artearen klonazioaren aldeko gara aspalditik. Padovano bat genekarren gurera, ez zen ezer berrian saiatuko. Baina nik ulertzen nion, aldeak bakarrik ez baitira zubiak mugatzen dituztenak. Eta zinegotziari eta nire nagusiari ere konprenitzen nien, antzina ametitu ditugu estandar orijinalak gure bizitzetan. Banekien noraino iristen ziren itsasgora eta itsasbehera momentu hartan hirian. Itxuraz bare zetozen itsasadarraren urak, Errusiako itsaso izoztua bezain laño. Baina itsasorik jelatu eta lasaiena ere traidorea da, olaturik gabeko Mediterraneoa bezalatsu.
San Joan bezperan ailegatu nintzen Ciutadellako portura Bartzelonatik. Maisu italiarrarekin ikasteak ez eze, bestelako zereginek ere kitzikatzen ninduten. Paradisuak ere badu infernua. Hitz funtsezkoenak zerrendatu nituen itsasontziko logelaren mahai gainean Menorcako mapa zabaldu aurretik: eguzkia, hondartza, taberna, isiltasuna, festa... Zerrenda itxi baino lehen, gin eta gazta ere sartu nituen. Zordun nintzen Padovanorekin. Opor-goseak Sienatik urrundu eta irlara eroan behar ninduen.
Porturatu bezain laster sortu zuen uhara luzea ontziak, gau argitsuan ezagutu nuen Josep Puig. Tabernari mihiluzea mozkorturik zegoen, korroskadak botatzen zituen ahotzarra zabaltzen zuen aldiro. Biharamunean ez zen nitaz akordatzen. Hirugarren eguneko goiz ederrean duke ingeles bati buruz mintzatu zitzaidan egunkariaren gainetik, zergak ez zeuden barne tabernazulo hartan.
Ez duk Mambrú se fue a la guerra entzun? Mambrú se fue a la guerra qué dolor, qué dolor, qué pena...
Josepek ahotsa goititu zuen bezero guztiek entzuteko moduan, urrunera bota nahi zuen aingura. Barre-zantzoka hasi zen gure ondoko emakume zatarra. Hurbiltze imintzio hutsa zen, ontzi bila zebilen. Josepek behatu ere ez zion egin. Urte mordoa zeramatzan bidaia haietan, zamatzat jo zuen arrotz zurbila. Ez zuen inondik ere ontziratuko, deabruzko duke ingelesarekin bakarrik zegoen arduraturik. Neuk eskaini beharko nion geroago teilatupea.
Tragoa jo nion martiniari. Izerdi-patsetan nengoen. Lehorreratu ostean bero-sapak ordeztua zuen itsasoko haize kirria. Hoteleko toalla zuri batekin kopeta bustia xukatu eta eguzki-krema zabaldu nuen gorputzean. Josepi kasu eginez gero, Mambruk ere bazuen eguzkiak kiskalitako epidermis ingelesa, irlako aristokrata.
Kanta Luis XIV.aren soldadu frantsesek asmatu zuten John Churchill Marlborougheko I. duke ingelesari barre egiteko.
Atzera ere egin nuen zurrut. Andrazko ingeles motzari erreparatu nion. Ez zen hain motza. Ile mataza luzea eta popa zabala zituen, eta pareo esmeralda bat soinean. Apartamenduko ohean imajinatu nuen niri bizkarra emanda, desio ditinat hire garagardoaren aparra eta hire grina gaiztoen isuriak, neronek botako dinat estatxa, aritu herrikideaz gura badun, desio haut.
Josepen berriketa urrikigabeak nire pentsamenduetatik atera ninduen.
Frantsesaren beharrean gabiltzak irla honetan.
Frantsesen alde hago?
Britainiarren kontra! Winston Churchillen aita Marlborougheko 7. dukea izan zuan. Marlborough s'en va-t-en guerre, Mironton, Mironton, Mirontaine, Marlborough s'en va-t-en guerre, ne sait quand reviendra...
Frantsesez ere bazekien zerri aluak.
Burura etorri zitzaizkidan umetako makina bat kanta. Pello Josepe. Pello Josep. Pere Josep. Hamaikagarrenez egin zidan traba. Kabroia gupidarik gabe hiltzen ari zen haurtzaroko misterioetako bat. Azken zurruta jo eta hondartzan eguzkitan zeudenei so egin nien. Largabistak ohitura bilakatuak ziren ordurako. Ez zegoen ezer nabarmentzekorik, okerreko lekuan nengoen. Josepek, nire zelatari adi, gizon bi seinalatu zituen, ingelesak itxura batean. Uretara sartzen ari ziren garagardo bana eskuetan, astiro. Largabistak noratu nituen beraiengana. Bietan zaharrena zirudienak king hitza zeraman tatuaturik sama aldean; zigarreta bat erretzen ari zen bestea, bibotedun tripaundia. Ura gerrialde parera ailegatu orduko, gelditu egin ziren. Tabernariak erronka jo zidan, «baietz zigarrokina uretara bota!». Aristokrata berriak sartuak zitzaizkion largabistetara. Soslaiz begiratu nion, eskarmentuz ari zitzaidan. Ez nuen deus esan. Erlojua atera nuen poltsa batetik.
Carme Ferrusola, Padovanoren laguntzailea, berandu zetorren. Bazen astebete egunero galdetzen niola neure buruari nolakoa zen arkitekto italiarraren eta gure bulegoaren arteko estekaduraz kargutu behar zuena. Berrogei edo berrogeita bost urteko emakumetzat jotzen nuen, altua, gizentzen hasia, noiz goxoa noiz gorrotagarria, zorrotza bere eginkizunetan, apur bat histerikoa, maratza eta esangina bere star-arekin.
Ikusi duk?
Ingeles tripontziak karga hondoratu zuen Felipe V.aren bergantin usteldu bat balitz bezala. Mambru bueltan zegoen hooligan bilakaturik, lagunaren tatuajea ez zen mehatxu hutsa. Barre egin nuen.
Josep, ezagutzen duk Carme Ferrusola?
Carme Ferrusola? Eta ingeles madarikatu horiei buruz, zer diok? Beren estolderia zaintzera zatozak. Zerri hutsak dituk!
Pigs. Portugal Italy Greece Spain. Mediterraneoa Europako urdaldea. Josepen tabernan The Sun irakurtzeak halako abantailak zekartzan. Frantsesik, aldiz, ez zen berban ageri, errespetuzko imintzio garbia historiari. Baiezko keinua egin nion, eurak zerriak.
Ingelesak egun batean hiri zikin bateko enplegu bulegoan zaudek eta hurrengoan hegoaldeko hondartza garbietako uretan sarturik. Inperioaren egungo moduak dituk.
Lasaitutakoan, galdera luzatu nion ostera ere. Gogo txarrez onartu zidan, gogaitu plantak disimulatu gabe, kolonialisten alde desorekatzen ari nintzen balantza. Aukeran ingelesen buruak kolpatuko zituen olagarroenak balira bezala. Amore eman zuen. Bazekien nor zen Carme Ferrusola.
Ciutadellan bizi duk. Lantzean behin txiringitora biltzen zaidak. Arkitekto famatu baten estudioan zabilek beharrean.
Enzo Padovano.
Hori ere sartu duk hona behin baino gehiagotan.
Padovanoren itzala zen Carme Ferrusola irlan, eta neu beraren lankidea, italiarra uharteratu arte. Ez nuen deus ere andrazko harekin lan egitearen kontra, baina ez ninduen lar erakartzen. Eszenifikazio huts baten aurrean nengoen arren, Padovanorekin berba egiteko irrikatzen ari nintzen. Carmerekin barik, italiar burgoiarekin desio nuen, barne-mintzo batek ziostan hark mozten ahal zizkidala hegoak. Pritzker sarigaiarekin, berriz, bazter geratzen zen hipokresia. Diseinua erabakita zegoen aurre-proiektua enkargatu aurretik, haren zubiek famatua zuten munduan. Itsasadarraren ezaugarrietara ez moldatuagatik, Padovano batek hiriagotu eginen zuen Bilbo, zeinek duda egin.
Udalak ere argi zuen.
Eta Andres Peruarena nire zuzendariak ere bai.
Oraingo honetan izotz hausleak gaituk! Ez, are zehazkiago, ontzi izotz-hausle bateko marinelak! brankatik aritu zitzaidan Ahab kapitaina Menorcara abiatu aitzin.
Hala esaten nion Andresi, Ahab, Melvilleren pertsonaia gogoan. Ez ikararik ez zirrarik sorrarazteko gai ez bazen ere, bulegoko lan-mahaiaren atzetik ito behar zuten obsesioei buruz pontifikatzea maite zuen, zubigile orok gisa. Suminaldietan John Hustonen filmeko irudiak etortzen zitzaizkidan gogora erreskadan, Gregory Peck biboterik gabeko bizardun zoroa.
Artean buruan bueltaka Minogue edo Wheeler, Andresek leiho aldera egin zuen. Euria zarra-zarra ari zuen itsasadar ondoko pasealekuan. Hasperen sakona egin zuen, Calatravaren zubia izan ezik, hura guztia bere bizitzako lan arkitektonikoa balitz bezala. Diruzale zeken harroa deitu zion arkitekto valentziarrari. Begiak haren zubitik Udaletxera eroan zituen, eraikinaren paregabetasuna azpimarratuz.
Udalak pribatizatua dik lehiaketa publikoa xuxurlatu nion erantzuna entzutearen plazer hutsagatik.
Andres lan-mahaiaren larruzko besaulki urrekaran eseri zen atzera ere. Eskuak besoetan bermaturik, gibelerantz jausten utzi zuen gorputza. Apo-begi irrikatsuekin aztertu ninduen une batez, adierazi nahiko balit bezala nire buru soildua baino gurago zuela hamaika bider bere ile sarri likatsua. Zalantzak zituen nire tonuarekin.
Hala behar dik!
Konplizitatezko keinu batekin lasaitu nuen. Eskifaiakoa nintzen. Padovano ospetsua eta Peruarena & Del Val arkitektoak elkarrekin ariko ziren, kontrola zegokigun, itxura. Neuri ere berdin zitzaidan. Proiektua bizkarreratu ezean beste batzuek bereganatuko zuten, lehorrean zubiak eraikitzen urdindurik genituen bizarrak aspalditik.
Handik aste batzuetara, Mediterraneo erdian nintzen branka zorroztuaz izotza zelan apurtuko.
Eguzkiak erre egiten zuen Carme Ferrusola heldu zenerako. Barra ondora bildu zen azal dirdaitsuzko emakume meharra seinalatu zuen Josepek. Ez nion arkitekto antzik hartu. Lehen begi-kolpean ni baino bost urte gazteago iruditu zitzaidan. Praka bakeroak eta kamiseta zuri marraduna. Tabernariak deitu eta lepoa jiratu zuen Padovanoren laguntzaileak. Andrazko ingelesa ere bihurtu zen gugana, zeharo aspertuta. Foster's edo Strongbowk asebetetako upel ederra agerian uzten zuen loredun bikini zuri-gorria zeraman jantzita. Geroko utzi beharko nituen harekikoak, zeren Carme, pauso bakoitza ondo neurtuz, geunden tokira hurreratu baitzen. Mugimendu azkar batez eskuin esku izerditua igurtzi nuen praken atzealdean. Bostekoa emateaz batera elkarri so lotu ginen ezer esan barik, haren begitarte xaloarekin liluraturik ni.
Josepek hiru martini atera zituen azpil batean eta barrura joan zen. Heinz-eko beans, saltxitxa, hirugihar, arrautza eta patata frijitu izoztuen ordua zen. Hoteletako igerilekuetan gelditzen ez diren ingelesek txiringitoan hartzea maite dute, eguzkiak erreta, Barcelona edo Real Madrideko elastikoa soinean. Enzo Padovanoz galdetu nion Carme Ferrusolari. Zabal-zabalik zeuzkan begi urdinak. Eskuak jaso zituen harritu samar. Arkitekto italiarra bere belaontzian zebilen, jakinaren gainean egon behar nuen. Eta banengoen. Erantzunik ez dakarren galdera horietako bat baino ez zen. Irrikan nengoen haren itsasontzira sartzeko. Estekaturik zuen hamahiru metro luzekoa Cales Covesen. Egun batzuk lehenago hegoalderantz abiatua zen Ciutadellako portutik eta, irlako kala guztietan ainguratu ostean, portu berera sartuko zen iparraldetik. Ontzirik ez genuenok itsasertzetik ederretsi behar genuen paisaia. Gehienez ere, kostaldean zehar bidaiak antolatzen zituzten katamaranetara igo gintezkeen, hiru orduz itsas hondoak erakusten zituzten marinelekin gin zurrutak konpartitu.
Carmek hurrupa ttikia egin zion edariari. Ile-kalparra kulunkatu zion haize-zirimolak. Adats argi leuna zuen. Neure buruari galdetu nion zenbat martini zituen edanda toki hartan; zenbat Padovanok berak. Esaten omen zuten homosexuala zela. Pritzker sarigai maritxua.
Carmek gogoetatik atera ninduen. Egun batzuk lehenago Bilbon izan zela bota zuen brastakoan.
Bilbon?
Andres Ahab zuzendaria begiztatu nuen atzera ere itsasontzi-aurrean, balea hiltzaileak baino ur sakonagoetatik jotzen zuen erasoa beti. Birritan joana zen Sienara, han erabakiko zuten Carmeren bisitarena.
Zorrotzaurre toki ikaragarria da. Han eraikitzea hiriari bihotza aldatzea bezala da.
Horixe bera dio Andres nire nagusiak.
Afari batean aipatu zuela onartu zuen. Erantzunari igarri arren, non afaldu zuten galdetu nion. Carmek nekez ahoskatu zuen jatetxearen izena, lar luzea, tx mordoa. Jandako zapoa ekarri zuen akordura, nahikoa edozein ahoskera aldrebeseko izeni argi egiteko. Zizeroneak hara eraman izanak ez ninduen batere harritu, hilean behin afaltzen genuen estudioko lankideok beren-beregi prestatutako jangela pribatuan. Hura lur sakratua zen. Mesfidantza sentitu nuen.
Besterik esan baino lehen, Josepek bukatutzat eman zuen gaizkiulertua aipu absurdu batez.
Bilbora joatekotan, Iribar bisitatuko nuke.
Jose Anjel Iribar?
Madrilen ezagutu nuen aspaldian, hotel berean egon ginen. Hik heuk, Carme, zer deritzon?
Bertan akabatuko nukeen tabernaria. Duke ingelesaren ostean, Athleticeko atezain ohia. Nahikoa nuen. Alta, non edo non gordeta nituen oroipenak ekarri zizkidan. Goardametaren erretratua paratzeko asmoz, Jesukristo oheburukoaren gainetik kendu zuen fededunik egon zen Espainian hirurogeiko hamarkadan. Orduantxe sortu ziren makis berriak. 1964ko Nazioetako Txapelketak katoliko bat baino gehiago aberetu zuen, biraoa adierazpide berrien bidez zabaltzen ari zen Estaca de Baresetik Creusera. Artesiak ageri ziren nonahi, kaleetan asko unibertsitateetan ugari lo-geletako hormetan ehunka. Kristau mordoak gurutze meheak eraitsi eta Iribarren erretratu zabalak ipini zituen. Atezaina politika kontuetan nahastu ondoren soilik bueltatu zen gurutze bat edo beste lehengo tokira.
Haurretan Iribarren argazki izugarri handi bat ikustera joaten nintzen Bilboko El Corte Inglesera. Zuri-beltzezko geldiketa zen, aurretik astrapalarik gabe pasatzera derrigortzen zuen. Ezkerreko eta eskuineko zutoinak lotzen zituen gorputzarekin, langa bihurturik, zubi. Atea txikiagotu egiten zuen, estutu, josi. Egun malapartatu batean argazkia kentzea erabaki zuen inork. Eta egun hartan bertan ahaztu nintzen atezainarekin.
Ez nuen Josepen gezurra sinetsi, baina akordura etorri zitzaidan egun batzuk lehenago entzundako istorio bat.
Atezain handiari buruz baldin bada, edozer entzuteko prest nagok!
Carmek etsipen keinua egin zidan, benetako zubiak genituen zain. Tabernari koipeztoak eskuak igurtzi zituen, xake-partida nahi zuen nirekin, Karpov eta Kasparov.
Hura baino dotoreagorik ez duk egon! Hire argazki horrek Juri Aleixevitx Gagarinek baino hamaika bider gehiago eman dik mundu-bira.
Besterik erantsi gabe, Josep salto batean barruratu zen, olibak prestatzera. Carmek besapean zeraman liburura joan zitzaizkidan begiak. El puente de Bizkaia. Portugaleten ere izan zela argitu zidan. Beste zubi eseki transbordadore batzuk ezagutzen zituen Warrington, Middlesbrough, Osten, Rendsburg eta Rochefort-Sur-Mer, gehienak argazkietan ikusiak, baina Nerbioikoa bezalakorik ez zegoen. Konplimendutzat hartu nuen. Ez zidan, baina, astirik eman haren dohainak azaltzeko. Banan-banan hiriko zubi guztiak aletu zituen, itsasadarrean gora hutsik egin gabe. Abratik La Peñaraino hiria bete zubi.
Bilbo zabaldu eta ixten duen kremailera luzanga da ibaia.
Zuek ere baduzue antolatzea Maoko fiordoan. Gure itsasadarra bezain luzea da. Edo luzeagoa.
Zabalerak aukera mordoa kentzen dio, baina hor dago erronka.
Zalantza egin nuen. Padovanoren laguntzaileak carmeak eraikitzea amesten zuen, beste barra-kode bat zubirik gabeko lurraldean. Barneraturik omen zituen star batekin lan egiteak zekartzan abantailak. Gaixoa. Josepek asmoa baieztatzeko aukera kendu zidan.
Zer kontatu behar diguk Bilboko mitoari buruz?
Iribar bilbotarra da? Ez al da donostiarra?
Jose Anjel Iribar bilbotarra duk!
Trago luzea jo nuen istorioa kontatzeari ekin aurretik, Carmeri begira, erakarri nahian. Irlaratu baino egun batzuk lehenago gertaera baten berri eman zidaten, eta bertan Iribar ageri zen. Kasualitatea zen hain egun gutxian haurtzaroko aztarrena nire bizitzara sartzea ostera ere. Futbol zelaietako ateak eskuineko eta ezkerreko zutoinak elkarrengana hurbilduz malgutzen zituena Bilboren eta Menorcaren arteko zubi ere banuen. Kasualitate polita, inondik ere.
Orain astebete izen sobietarreko pertsonaia biri buruz hasi zitzaidan kontu-kontari lagun bat. Dimitri eta Andrei.
Eta zein da atezainaren eta errusiarren arteko lotura?
Isilik egon hadi behingoz!
Ederto gogoratzen nituen lagunaren Erandioko udal-arkitektoa berbak, batez ere hilketa baten ingurukoak. Doi kontatu zidan hiltze lazgarria, hiltzailearen azalean sartuta, gertaerak narratu behar diren moduan. Hildakoaren gorpuan hamaika aizto-zauri agertu ziren. Dimitri delakoak bizkarrezurrean jo zizkion Andreiri lehenengo hiru labankadak; belaunen atzealdean sastatu zituen laugarrena eta bosgarrena. Zauritutakoa belauniko geratu zen, aldaroka, zerion odolak behegaina lohitzen zuela. Dimitrik goitik begiratu zion, erronkari, erantzun baten eske ariko balitzaio bezala. Andreiren begirada argazki batean pausaturik zegoen. Makurrarazia ez zegoen bere burua umiliatzeko prest. Amorruaren amorruz, Dimitrik gibelaren parean beste aiztokada bat eman eta Andrei ziplo jausi zen lurrera. Artean beste bost geratzen zitzaizkion hamaikara ailegatzeko.
Baina zer ikustekorik du honek guztiak Txoporekin?
Josep berantesten hasia zen. Zorionez, eguerdia ez eze, arratsaldea eta gaua ere bazituen. Carmek gustura zirudien. Atezainarekin arduraturik egon ez arren, irrikan zegoen hiltzaile odolzalea nor zen jakiteko. Enzo Padovano baino lokarri naturalagoa bihurtua zen Iribar. Eta ez soilik gure artean. Andrazko ingelesa ere bagenuen entzule, gazteleraz zekielako seinale. Hark geroko lana erraztu behar zidan.
Tabernari zurruteroa bereari bihurtu zitzaion.
Txopo! Haren osteko atezainen goitizenak, ordea, zeinek gogoratu! Neronek ez behinik behin. Luzea da, gero, arbolaren itzala!
Udal-arkitektoak ere erabili zuen ezizena behin eta berriro Iribarri buruz mintzatzeko. Aitzin-solas luzean aurkeztu zizkidan Andrei eta Dimitri. Ezinbesteko sarreraren ondoren, korapiloa askatu zuen: hilketak zerikusi zuzena zuen futbolarekin. Asmoz, behinik behin, hamar kolpe eta hiltzekoa ziren, inondik ere hamaikako odoltsua. Dimitriren eta Andreiren arteko harremanaren sustraian futbol atezain bi zeuden: Lev Jashin Armiarma Beltza errusiarra eta Jose Anjel Iribar Txopo euskalduna. Dimitrik Armiarmaren balentriak goraipatzen zituen eta Andreik Txoporen ekintza gogoangarriak laudatu. Udal-arkitektoari kasu eginez gero, Dimitrik, kontrakoa aitortu arren, bere atezainaren nagusitasuna erakusteko kalitu zuen Andrei.
Luzea da, gero, arbolaren itzala! errepikatu zuen Josepek. Eta hura bezain luzea Herioren eskua. Albert Fish! Jeffrey Dahmer! Ted Bundy! Charles Manson! Richard Ramirez! Albert de Salvo! Henry Lee! Lucas & Ottis Toole! Andrei Txikatilo! Luis Candelas! Higinia Balaguer!
Ostalariak ezker-eskuin behatu zuen. Bezero guztiak adi zeuden.
Eta Unabomber!!! Denak hiltzaile historikoak!
Aukeran Dimitriren sastada hilgarriak nahiago neuk Josepen erretolika baino, bazuen aspergarritik. Eta bazuen beldurgarritik errusiar gizon mozkoteak. Hilketa bakarra aitortu izanak askatzen zuen serial killer-a izatetik. Ez nion lagunari galdetu gorputzaren zein ataletan xakitu zuen Dimitrik animalia hamaikagarrenez. Sastakatzeek Txoporen azken geldiketa zekarten. Ekintzaren balio sinbolikoaz mintzo zen hiltzailea, Iribar ez da besamotza. Azken geratua ez zegokion hildakoaren atezainari, hiltzailearenari baizik, Armiarma Beltzari, ederto zekien Dimitrik.
Biharamunean lokamuts batek itzarri ninduen. Andrazko ingelesaren burrunba espantagarriek belarriak zulatzen zizkidaten. Biluzik nengoen, belauniko, Andrei bezala bosgarren edo seigarren sastakada jaso baino lehen, ipurdi iletsua eta oin-zola zikinak haren begi-makarrei so. Dar-dar batean nengoen, lotsatuta. Emakumeak zer edo zer ulergaitza murduskatu zuen, iparraldeko azentu ingeles batez. Zerua berunkara zegoen. Haren musua belzten zuen argi grisa sartzen zen leihotik. Zerbait tragikoa gertatzear zegoela pentsatu nuen. Ohikoak ziren ekaitzak, baina ez goizeko lehen orduetan. Haize zakarrak txiringitoaren hamakak mugitzen zituen. Deus ez egiteko erregutu nion.
Iratzarri nintzenean andrazkoa lo-zorroan ikusi nuen nire ondoan. Bilbotik ekarritako iratzargailuari behatu nion. Bederatziak ziren kasik. Salto batean zutundu nintzen. Ez nuen Carmek itxoiterik nahi. Ciutadellan geunden lotuta lanari ekiteko. Ezer esan barik sartu nintzen dutxara. Konketa gainean zeuden emakumearen lepoko eta eraztunak. Zurrungaka entzuten nion, xuabe-xuabe. Neure buruari agindu nion geroago emango geniola elkarri xaboia, ondo genekien batak bestea non eta zer ordutan aurkitu. Zerotik hastea bezala izango zen, gure artean gertatutakoaz deus gutxi gogoratzen bainuen. Haren izena ere ahaztua nuen.
Carmek ez zidan hartaz galdetu. Eskertu nion zinez, kidetasun froga hoberik ez nuen espero. Elkarlan bikaina burutuko genuen Enzo Padovanok eta Andres Peruarenak parada ematen baziguten. Lehenik eta behin, Iribar aipatu zuen. Lengoaian nabaria zen konfiantza. Berbetan goxoa zen Carme. Astiro hitz egiten zuen, hanpatu gabe, hitzei bere tonua ematen, hango azentu markatu batez. Josepekin katalanez egiten zuen.
Tabernan hitz egin beharko diagu geroago geldiketa historikoaz.
Estudio txiki bat zeukan Padovanok Ciutadellan. Izugarri eskertu nuen, maiteminduta nengoen ordurako hiriarekin, Maok baino mila bider gehiago erakartzen ninduen. Atari bateko plakan Ferrusola Arkitektoak ageri zen. Aita eta alaba bakarrik ziren irlakoak, beharrean beste arkitekto bik ere baziharduten baina. Padovanoren uharari zerraizkion italiarrak ziren. Bulego txiki argitsu batera sartu ginen. Paul Kleeren erreprodukzio batek besterik ez zituen hormak janzten Carmek ohartarazi zidan harena zela; isilik geratu nintzen, zer nekien nik Kleeri buruz. Laket-portura ematen zuen leiho batera hurbildu nintzen. Oskarbi zegoen zerua, bero-sapa jasanezinezko beste egun bat zetorkigun gainera. Azken yate eta belaontziak portutik aldentzen ari ziren. Padovanoren belaontzira joateko aukeraz galdetu nion Carmeri. Barre zabala egin zuen. Barnerakoia baino areago, sano itxia omen zen sienatarra.
Carmek San Anton zubiaren argazkia atera zuen karpeta batetik. Hurbildu egin nintzaion. Marzana moilatik egindakoa zen. Trafiko ugari zebilen Erriberako merkatuaren inguruan. Lehenaren ondoren, Abrarainoko zubi guztiak azaldu zitzaizkidan, aurreko egunean bezala. Banekien lehenago edo geroago ostera ere galdetuko zidana, bertatik ibili izanak ematen zion hizpidea.
Ikaragarria iruditzen zaidak hain espazio txikian hainbeste zubi diferente egotea!
Ez dun ikuspegi kamutsa.
Hain dituk desberdinak San Anton eta Salbekoa! Eta biak ala biak funtsezkoak izan dituk hiriaren garapenean. Pena duk portuaren arrastorik ez izatea.
Portu barik, moila hutsak zauden. Simulakroek haien funtzioa betetzen diten. Edozein kasutan, gure lana ez dun ez portuak berpiztea ez itsasadarra zubiez jostea.
Noski, baina ez diok heure buruari galdetu ze ekarpen egingo dioten gureek?
Gure ekarpena proiektu handi baten oinarri sendoak ezartzea dun.
Carme irrikan zegoen jakiteko zer neritzon Udalak Enzo Padovano aukeratu izanari. Zelan edo halan bazekien italiarra Andresen gustukoa zela, baina zalantzak zituen nirekin. Izorratu beharko zuen. Leihora bueltatu nintzen. Bartzelonatik zetorren itsasontzia sartzen ari zen portura. Halakoak ikusi nahi zituen Andresek Zorrotzaurreko eta Deustuko moiletan. Hil edo bizikoa zen afera. Proiektuari haginka egiten bazion, hiriaren zati handi bat menpean jarriko zuen. Eta gero beste hamaika enkargu etorriko zitzaizkion erreskadan. Batek daki, Starck edo Pellirekin behar egiteko parada. Sizarekin. Koolhaas eta Mendes da Rocharekin ere bai. Pritzker saridunen ezkutaria.
Duda egin nuen Carmerekin, ez ote zituen amets berdinak. Lepo tunisiarreko elastiko berdea zeroan soinean. Madari itxurako bular sendoak igarri nizkion. Sano polita zen. Adats luze horaila, begi iheslariak, esku leun eta atzamar finak, atzazal berdeak, gerri estua, sabel zapala, zango luzeak, boz kantaria. Nahikoa. Zer ekarri ahal zidan harreman batek? Arkitektoen arteko istorioek laburretik hobe. Gaizkiulertu batengatik ia epaitegian amaitu zen harreman luze bakarra nuen nire curriculumean. Haurrei buruz berba egiten hasiak ginen bikotekidea eta biok, ez niokeen neure buruari inoiz barkatuko. Gogotik kendu nuen Carme. Norekin eta Padovanorekin itxi behar nituen proiektuaren nondik norako nagusiak. Usteak, baina, oker jo behar zidan.
Gaur goizean hitz egin diagu. Ez duk opor-egunak bukatu arte porturatuko.
Opor-egunak bukatu arte? Zer esan nahi dun?
Astebete, nik uste. Bi, gehienez.
Konprenitu egin nuen. Padovano putakumeak Bilbon frankizia merkea zabaldu ez ezik, azpi kontrata ere ezarri nahi zigun. Andres nagusiarekin gomutatu nintzen, «guk egiten ez badugu, beste batek egingo dik». Orduantxe ulertu nuen dena. Zorrotzaurreko proiektua osatu ostean soilik azalduko zen italiar dirdaitsua gurera, alkateak-eta antolatutako zirkura. Beste kabroi hark bazekien, ondo zekienez.
Ihes egiteko premia sentitu nuen, Josepen babeslekuan kukutu. Proiekturik eza zen aurreproiektuaren ezaugarri nagusia. Bilboko kode berriak iraungitze data zeukan. Materialak, formak, izenak..., den-dena zegoen erabakita aldez aurretik, Carme Ferrusolak halakorik aitortu gura ez izan arren. Itsasadarrera zelan egokitu, hura zen buruhauste bakarra. Eta ez zirudien itzela. Hartaz Carmek eta biok arduratu beharko genuen. Baina uste okerra hura ere. Peugeot 205era sartu bezain laster bigarren zaplastakoa eman zidan.
Irailera arte ez gaituk hasiko. Gure elkarlana atzeratu egin duk. Bilbon lan egingo diagu elkarrekin.
Eta nork dio hori?
Carmek isilik gidatu zuen Josepen tabernaraino. Ahaben barre algarak entzun nituen ozen. Dimitrik Andreiri adina sastada emateko desiratu nuen. Neronek ere asmatuko nuen zio bana: lehena, Carmeren bilerarena ez aipatzeagatik; bigarrena, gure jatetxera eramateagatik; hirugarrena, Padovanorekin jardungo nuela sinetsarazteagatik; laugarrena, Bilbora bueltatutakoan hileta jotzen ibiltzea aurpegiratzeagatik: «Ez hadi kexatu! Hire lankidea ezagutu duk, ideian sakondu eta, gainera, opor-egun batzuk ordaindu ditiagu!»; bosgarrena... Hamaika guztira. Hamaika zio odoltsu. Horrenbeste banituen.
Hondartza gaineko taberna zapaldu orduko Josepek oihuka hartu gintuen, egun osoa gure esperoan egon izan balitz bezala. Lagun batzuekin zegoen, berbetan eta aperitifa hartzen. Goardasol handien azpian zeuden, eguzkiak kiskali egiten baitzuen. Bere aulkitik zutitzeaz batera, Iribarren azken geldiketa imitatu zuen negargarri. Azken martini zurrutak behar nituen nik. Eta azken aukerak ederto baliatu. Batera eta bestera begiratu nuen emakume ingelesaren bila. Ez zegoen.
Amaitu beharra zagok Dimitri eta Andreiren istorioa. Azaldu behar didak zein den Andrei garbitzeko benetako arrazoia.
Carme Peugeotera sartu zen. Geroago telefonoz deituko zuelako keinua egin zidan. Urruntzen ari zen autoaren atzealdeari iltzaturik geratu zitzaizkidan begiak.
Ados, heuk irabazi. Atzo kontatu nian moduan, orain astebete Arkitektoen Elkargotik irteten ari nintzela, Erandioko udal-arkitektoa, aurpegi beteko kide guria, kalakan hasi zitzaidaan: «Badakik zer gertatu den herriko moila batean? Kargaontzi bat txatarrarako behar dik enpresa batek. Izatez, txatarra flotagarria duk, neuk ikusia. Urte mordoa zaramatzak moilan estekaturik. Han bizi ez arren, Dimitri izeneko ero bat itsasontzira joaten duk egunero, aspalditik gainera. Herenegun udaltzainek kanporatu zitean. Ez duk lehen aldia, baina ez zirudik oraingo honetan Ziridinieva-ra berriro bueltatuko denik».
Ziridinieva?
Hamasei urte daramatza moilaturik dike lehorrean, herdoil hutsa, badago zer hustu eta garbitu. Hainbatetan haizaturiko Zipreko bandera zarpaila, lehendik ezkerraldean metatutako bobinen kobreak lohiturik, zeremoniarik gabe eraitsi eta komandantziaren kaxoi baten barruan gorde dute. Dimitri bakarrik geratu da hilerrian, ugerraren ofizial, Sobietar Batasuneko ikur barik, Jugoslaviaren aurkako finalean Jashini ateratako argazki bat du paraturik ohatze gainean. Iltze bakarreko Jesukristo kirasdun bat ere badago aurreko paretan hamabi apostoluak lagun, denak lepamozturik. Jesukristo aguretua da, hezetasunak eta zurminak apaldurik, duintasunik gabekoa, Txislenko, Ivanov, Ponedelnik, Korneev eta Jusainov deabru errusiarrek behin eta berriro gezi errealistez zulaturik. Beste aldean, Jashin atezainak apostoluek fede barik botatako baloi guztiak gelditu eta moilara bidaltzen ditu, non Angolako banderapeko beste zamako bat eta Santurtziko atoiontzi zaharra gainbeheraren bazka diren. Dimitri, vodka zurrutada batzuk jo ondoren, so geratu ohi zaie betiko galdutako baloi horiei, Nasdrovia, Nasdrovia, Nasdrovia!!! oihukatu eta edalontzia UGTren Jesukristo iraingarriaren irribarrean hausten duelarik. Segidan, fitxategi bateko goiko tiraderan sartzen ditu puskak harik eta gainez egiten duen arte. Behekoetan, berriz, oroigarri mordo bat du: herriko tailerretako, tabernetako eta moldiztegi bakarreko pizgailu nahiz egutegiak, PSOEko goxoki bigunduak, Club Deportivo Sestaoren giltzatakoak, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren gutunak, garai bateko argazki eta erretratuak, nondik aterea den ez dakien Rolling Stonesen txapa, labana suitzar bat, jatetxe baten propaganda orria, egunkarikoek elkarrizketatu zuteneko paper zatia, urrezko luma bat, Buenos Aires zinema aretoko sarrera Novecento-rena, andre baten hil oharra, begietarako mozorro beltza, Buenas Noches zerbitzuko beste orri bat, burdinatxoak, ogerlekoak eta abar.
Dimitri atxilo hartu duen udaltzainetako bati esker jakin du udal-arkitektoak gertatutakoa. Ez die aguazilei kontra egin. Istilurik gabeko kanporaketa izan da, zoroa ez da menturaz horren zoroa. Itsasontzia ez da irabazi-galdu parametroetan sartzen, zertarako tenkatu. Goiz edo berant, Ziridinieva bota beharreko estadioa da. Bata bestearen atzetik, detaile eta guzti harrotu ditu Dimitrik Andreiri emandako aiztokada guztiak. Udaltzainak ikaratu egin dira. Ez dakite zer sinetsi. Zer gerta ere, Ertzaintzari deitu diote. Haiek baino lehen beste udaltzain bi ailegatu dira. Eta eurek eman diete, eman ere, ustezko hiltzailearen eta hildakoaren berri.
Eta?
Itxaron apur batean, Josep. Eman istorio honi arnasa poxi bat eta, bide batez, atera hurrengo martinia. Ustezko hiltzailea eta hildakoa aitatu ditiat. Baina itxaron beste apur batean. Zeren, nire harridurarako, hilketa haren nondik-norako guztiak azaldu eta gero, udal-arkitektoak aitortu zidaan ez zegoela halakorik. Ez zuan ez hiltzailerik ez hildakorik ere.
Zer diok? Adar-jotze hutsa zen dena?
Hori baino makurragoa.
Ez diat fitsik ulertzen.
Josepi erantzun aurretik egun batzuk lehenagoko gogoetara bildu nintzen. Andrei bizirik zegoen. Beste aguazilek baieztatu zutenez, hilketa lazgarria Dimitriren irudimenean soilik bizi zen. Ez zegoen, bada, hamaikako odoltsu beldurgarririk. Argitu gabe gelditzen zen Jose Anjel Iribarren eta Lev Jashinen inguruko ika-mikak ere Dimitrirenean bakarrik bizi ziren ala benetakoak ziren. Desengainua ezin ezkutaturik nenbilen. Erandioko udal-arkitektoari begiratu nion itxaropenez.
«Andrei...», etsitu plantak egin zizkidan lagunak. «Bai eta zera ere! Andrei, Dimitri..., ezizenak guztiak!».
«Argi izan diat hori hasieratik».
«Dimitri, Ignacio Zabala Garai deitzen duk. Begi malmutzeko ero horrek ez dik inor akabatu, sinetsidak. Andrei goitizenaren gibelean, Andres ezkutatzen duk».
«Andres?».
«Hire bulegoko zuzendaria».
«Andrei, Ahab kapitaina?».
Josepi zuzendu nintzaion, martiniari azken tragoa jotzen niola.
Fedea eman ezinik nengoan. Nor ote zen Ignacio Zabala Garai Dimitri? Ze harreman zuen Andres Peruarenarekin? Hasperen egin nian. Txoporen eskuin eskuko atzamar luzeak gose zituan oraindino.