1
Izua menderatu ezinik zebilelako ireki zuen Migelek liburua, bertzek lo hartzeko edo ez pentsatzeko irekitzen duten bezala. Ez zegoen hegazkinean ibiltzen ohiturik, eta ez zuen bere baitatik jalgi nahi aireratu arte. Ez zekien zer liburu irakurtzen ari zen ere; orrialde zuriaren gaineko letra beltzetan iltzaturik zeuzkan begiak eta ez zuen burua tarte luze batean bedere goratzeko asmorik, baina ehun bat kiloko hitzontzi kankailua egokitu zitzaion ezker aldean, eta solaserako gogoa zekarren agi denez.
La literatura erran zion tupustean es un laberinto.
Automobil txipi bati jarraiki, batere presarik gabe, abiatzeko pistara heldu zen hegazkina eta maniobra baldar batzuk egin zituen gero. Aireratzeko baimenaren zain, goiti egin zuen motorraren presioak eta, baporezko eltzea irudi, dardara batean hasi ziren bazter guziak. Abaila bizia hartu zuen istantean eta, lurra utzi bezain fite, sabelean gorde zituen gurpilak poliki-poliki.
Los libros hurbildu zitzaion berriz ere son de papel... como las casas japonesas.
Objektu papiroflexikoak ziren bere ustez; paketeak egiteko artearen adar bat, azken batean. Origami deitzen omen zioten jolas horri Japonian: aizturrak eskuratu, bortz bat metro koadro paper mahai gainean hedatu eta, ondoren, bionboa balitz bezala, pleguz plegu tolestu; ez zen bertzerik egin behar. Baina, noski, hobe badaezpada idazten poxi bat jakin eta kontatzeko zerbait edukitzea.
Airean zintzilik, Migelek korapiloa eginda zeukan eztarria. Itsas azpian entzuteko asmaturik ematen zuen xilofonoa Milt Jackson, beharbada nabarmendu zen gero eta ozenago giroan, eta handik tartetxo batera gerrikoa askatzeko baimena eman zioten. Errepideak eta lantegiak atzeman zituen ostarteetan barna ganduturik eta, burua itzuli zuelarik, bertze zerbait erran nahi bide zion bidaideak:
Estas siudades ya no caben en los mapas; cada una nesesita un atlas por lo menos.
Ez erretzeko agintzen zuen seinale gorria itzali eta, zigarro-paketearen bila ari zela, bi azafata azaldu ziren gortinen artetik. Istripuren bat gertatuko balitz salbamendu-jakak nola jantzi behar zituzten azaldu nahi zieten, eta Zuberoako Pastorala etorri zitzaion gogora Migeli. Kabina barruan ezkutatu aitzin arratsaldeko prentsa banatu zuten bidaztien artean eta, lenteak sakelako zapi zuriarekin garbitu ondoren, orrien beltzean murgildu zen.
Halako batean, giroan zebilen musikaren bolumena apaldu eta eztul batzuk sortu ziren bozgorailuetatik:
Atensión señores pasaheros: la noche está estreyada, los astros tiritan asules a lo lehos, y el viento de la noche gira en el sielo y canta. Les habla el capitán Ulises Tamayo. Bienvenidos a bordo.
Aitzinaldeko bidaztiek zurtzuila erakutsi arteraino atera zuten jarlekuaren bizkarretik goiti burua, eta gibelekoak, bekainak kopetatik irteteko zorian, ustekabekoa irensten saiatu ziren. Eguraldiaren berri jaso arte iraun zuten adi eta, xilofonoaren tantak ozendu ahala, batzuk jarlekuetan berriro murgildu eta bertzeek elkarri egin zioten so harriduraz. Bidaidearekin gurutzatu zuen behakoa Migelek.
Hágame usted el favor, compañera.
Aldamenetik iragan berria zegoen azafata eta, jira egin zuelarik, nork deitzen zion asmatzen saiatu zen. Eskolan bezala altxatu zuen bidaztiak hatza, eta Migelek zer behar ote zuen galdetu zion bere buruari: aspirina bat izaten ahal zen, edo baso bat ur, edo afaria noiz ekarri behar zioten bertzenaz; ez zuen asmatu, zeren...
Acá al fondo, la guagua se menea erran zion hondamendiaren ertzean balego bezala. Es presiso que me encuentre ubicasión ayá adelante.
Azafata gustatuko zitzaion beharbada, edo bazterrak endredatzeko gogoa izanen zuen. Lekuz aldatuko balute ia hobe, haren ordez atso berritsuren bat, agure zurrungariren bat edo haur jakintsuren bat ekartzen ez bazioten. Egunkariaren gibelean ezkutatu zen berriz ere Migel, baina belarri bat utzi zuen hala ere kanpoan.
Es que lo mismo no hay plasas ihardetsi zion bere onetik atera gabe, nahiz ernegu poxi batekin, emazteki gazteak.
Escúcheme ahalegindu zitzaion amore eman nahi ezik.
Hase rato lo escuché, compañero erran zion gogor samar, eta etorritako bidetik egin zuen alde.
Inaudito iruditu zitzaion bidaztiari.
Aitzakiaren bat behar zuen albokoarengana hurbiltzeko, eta erantzun gisa erakutsi zion irria probestu zuen bere bizitzaren berri ematen hasteko. Alberto Jose zuen izena, Camaguey hirian jaioa. Hiru hilabete eman berri omen zituen Madrilen beka bati esker. Ikasle izateko tenorea joana zeukala iruditu zitzaion Migeli. Ez zuen kontuan hartu zertan egiten zuen lan, baina terminologia industrialari buruzko biltzar batetik zetorren.
El papel abiatu zitzaion gupidarik gabe, por ehemplo, estrasa, hihiénico, Manila, seboya...; de aluminio, de fumar, barba, de plata...; ignífugo, impermeable, aislante, secante... ¿Usted sabe cuántos términos esisten para designar los papeles?
Asmo onez ari zen, baina buztanetik zintzilikatu eta Tarzan izanen balitz bezala, zabuka ibili nahi ote zuen egin zitzaion Migeli; beraz, ez zuen erantzuteko lanik hartu.
Dosenas de miles azaldu zion bere jakituriaren tamainarekin harriturik.
Alemaniako industria astunari heldu zion gero. Arras kezkaturik omen zebiltzan hango sindikatuak langileek makinen izenak ezagutzen ez zituztelako. Charly deitzen zioten edozein tramankuluri Ipar Ameriketako yankiek Vietcongeko gudariei bezala eta, anabasa horretan galdurik, izugarri ugaltzen ari ziren istripuak. Siemens enpresak, konparazione, bi terminologo zeuzkan plantillan, eta hainbateko emaitzak erdietsi omen zituzten denbora labur.
¿Usted sabe en qué tanto por siento desendió la siniestrabilidad de la empresa?
Ezetz ihardetsi zion Migelek. Nora begiratu ez zekiela, lenteak erantzi, zapi zuria sakelatik atera, kristalei hatsa bota eta garbiketa lanetan hartu zuen sosegu.
Un quinse por siento. Es tremendamente importante yamar a las cosas por su nombre; y por sierto... ¿cuál es el suyo?
Miguel.
Izena ez ezik deitura eta Iruñean bizi zela ere eman zizkion jakitera; eta erdaraz Pamplona erraten ziotela ohartu zelarik, ez zuen konprenitzen ahal zertan ari zen Nafarroako semea uztailaren hasmentan sanferminetatik hain urrun.
Estafeta karrikan bizi zen Migel, apartamentu txipi batean. Akuran eskuratzea espero zuenari esker menturatu zen Habanara. Sanferminetako astearen ordainetan eman ziotenarekin aski izan zuen hegazkinaren txartela hartzeko, baina asmo luzeagoak zeuzkan, eta bere lagun baten eskuetan utzi zituen etxeko giltzak.
Astebete lehenago, Taconeran, La Vienesa kafetegian gosaldu zuten. Azken hari-muturrak lotzeko eta agur egiteko asmo hutsarekin elkartu ziren egun hartan, baina kafetegitik irtendakoan, besotik heldu eta intentzioz betetako behako samurretan desegin zitzaion Ainhoa. Aspaldiko lagunak izaki, ustekabean harrapatu zuen Migel eta, gainera zetorkion entzierro emozionalaren beldurrez, bi pauso egin zituen gibelera.
Ez zuen hegazkineko solaskidea azalpenekin aspertu nahi izan, baina eskarmentu makur bat irentsi ezinik zebilela erran zion. Ez zuen umorerik jendartean murgiltzeko, eta itsasoa tartean paratzea otu zitzaion, azkenaldiko buruhauste batzuk bakardadean hausnartzeko. Erdi broman erdi serio ari zen Migel, eta berehala ezabatu zuen oraino oroimenean zebilkion gomuta.
Alberto Josek bihotzez eskertu zion arrotz baten aitzinean erakutsitako konfiantza eta Migelek, bidaidearen eskuzabaltasuna ikusirik, Turismoko Sailarekin konpondu gabe zeukan kontu baten berri eman zion, sei bat hilabete betetzeko asmotan baitzetorren Habanara, hilabeterako baimena bertzerik ez zekarrela.
No es fásil, compañero erran zion, arazoaren garrantziaz oharturik, a menos, Miguel, que usted disponga de su permiso con derecho a residensia; pero, aguarde un tanto...
Azafatak afaria banatzen ari ziren, airean geratu zen solasa. Entsalada irri-emangarria, zinger azpiko xerra mehea eta gasna txipi borobil gorri bana paratu zieten mahai tolesgarriaren gainean eta, hegazkinetan pisuak erabateko garrantzia duenez, umeek jolasteko erabiltzen zituzten plastikozko koilara, sardexka eta labana eman zizkieten paper zurian bildurik. Ardoa ala garagardoa hautatu behar izan zuten, eta laranja bana ekarri zieten postrerako. Isilik iraun zuten dena akitu arte, eta afalondoko zigarroa erretzen ari zirela, bere eskaria zertan zen jakin nahi izan zuen Alberto Josek lehengo azafata bazetorrela probesturik, zeren...
Me se pone tremendo dolor de cabesa gaztigatu zion desesperatuki.
Ulises Tamayo kapitaina bera hurbildu zitzaion zer zuen galdezka. Angolako edo Namibiako frontetik heldu berria zirudien. Tratu ezin hobea eman zion endredamakilari. Egia errateko, kontuan hartzeko moduko fa sostenuto baten eraginpean egoten ahal zen, baina biziki egokiak iruditu zitzaizkion aberkidearen arrazoiak, eta lepotik heldurik abiatu ziren elkarrekin gidari-kaiolara bidean. Aitzin aldeko gortinen artean galdu zituen Migelek urrunean, eta handik luzera hasmentako hitz ozena ezagutu zuen bozgorailuetan:
¡Aeromosa!, un puchito de café; bien tinto.
Irria heldu zitzaion ezpainetara Migeli eta, bakardadean asperturik, bidaideak jarlekuaren gainean utzitako liburuari erreparatu zion. Ekialdeko ipuin bilduma zen; Buda potolo bat ikusi zuen azalean apatx jesarririk, patxadan, zoriontasunezko behako inozoaren gibelean soraio. Ipuin bat hautatu eta irakurtzen hasi zen. Ez zitzaion sobera interesatu eta loak hartu zuen bigarren pasartea akitu aitzin. Ordu luzeak eman zituen lo, eta iratzarri zelarik Alberto Jose zeukan aldamenean.
Es un asunto de cohones erran zion terminologoak, ametsik egin ez zezan, pero descuide, si usted quiere, yo me hago cargo de todo.
Erraten ahal zen arazoaz hausnartzen eman zuela gau osoa, baina nafarrak ez zuen harengandik miraririk espero. Hala ere, Alberto Josek bere asmoak azaldu zizkion, eta taxu miko bat bazutela onetsi behar izan zion Migelek bere buruari. Horrela, bada, urte erdia Habanan eman nahi bazuen, bertan bizitzeko baimena eskuratu beharra zeukan derrigor; baina lanbideren bat izan ezean alferretan eginen omen zituen ahalegin guziak.
Migelek ez zekien zer deliberatu. Yo me encargo de todo erran berri zion; beraz, ez zuen kubatarraren asmo onaren aitzinean hesirik paratu nahi izan eta, noizbait, asmo zehatzagoak ere proposatu zizkion gainera; alegia, irakasleren bat ezagutzen zuela unibertsitatean eta bazegoela muturra sartzeko aukera bat. Aurki teatroari buruzko ikastaro trinko bat antolatu behar zuen hark, eta mesede bat zor zionez, azterketa gaindituz gero, baimena ez ezik Habanan etxebizitza akuran hartzeko eskubidea ere bereganatuko omen zuen.
Eguna argitu ez zuen arren, gosaria eskaintzen ari ziren azafatak. Kafesnea eta opila zeuzkaten mahai gainean zain, eta mutu egin zuten legea. Zigarroa piztu orduko bisita-txartela eskaini zion terminologoak. Izen-abizenak irakurri zituen Migelek, eta azpian: Licenciado en Lingüística Aplicada por la Universidad de La Habana. Ordaineko txartelaren zain geratu zitzaion terminologoa, baina bidaideak errelojuari begiratu zion azalpenik eman behar ez izateko. Alberto Joserekin trabatutako azafata inguruan zebilen, eta Migelek Habanara iristeko zenbat denbora falta zuten galdetu zion. Ordu erdi inguru bertzerik ez zuten behar izanen. Abiatzean egin zitzaion korapilo bera sortu zitzaion zilkoan.
Sienfuegostarrak goiti beheiti begiratu zion Ulises Tamayo kapitainaren ordezkariari:
Disculpe, aeromosa, tengo entendido que la compañía acostumbra obsequiar a los pasaheros diversos artículos publisitarios. No tendrá usted algún bolígrafo, algún ensendedor, en fin... algún souvenir para mi pequeña.
Kalapitak saihestu nahi dituenaren aurpegia erakutsi zion azafatak, baina ez zion ezetzik erran. Aitzineko gortinen gibelean eman zuen denbora pixko bat eta, bueltan, Caney 8 años idatzirik zeraman arkatza sartu zion alkandoraren sakelan. Ez zion eskerrik eman, eta kokotseko bizarrekin jardun zuen jolasean emaztekia lekutu arte. Luzaro gordetako hasperena bota zuen ondoren, eta arestian emandako txartela bueltatzeko eskatu zion Migeli.
Hotel Sevilla, Calle Trocadero, idatzi zuen txartelean, eta beheitiago: jueves, 7 de julio, 8 de la tarde.
Ez erretzeko agintzen zuen seinale gorria piztu zen, eta Alberto Josek hautsontzi txipian itzali zuen zigarroa. Inguruko bidaztiak, urduri, gerrikoak lotzen ari ziren, eta Migelek ere lotu zuen berea, jausgailuari lokarria paratzen ari balitzaio baino beldur handiagoarekin. Eskailerak jaisten irudi, hegazkinak mailaz maila egin zuen beheiti, eta karamelu bat onetsi behar izan zion Alberto Joseri.
Milt Jacksonen xilofonoa ia isildu arte apaldu eta pilotu nagusiaren hitzak entzun zituzten:
Atensión, señores pasaheros: soy el capitán Ulises Tamayo. Les hablo en nombre de toda la tripulasión. Confiamos que el viahe haya sido de su agrado. Un saludo.
Leihatilan barna begira, itsasoaren urdin turkesa eta urak lurraren ertzean utzitako apar zuria ikusten ziren gauaren azpian. Ezkerreko hegala jaitsi eta ukondo zabal bat marraztu zuen hegazkinak. Irrati baten tripa zaharra zirudien zuritasun bat bereizi ahal izan zuen Migelek gero eta nabarmenago itsas bazterrean.
La Habana erran zion Alberto Josek harrotasunez.
Ilunpean, airekoa hurbildu eta jaitsi ahala, irratia hiri bihurtu zen eta, udal argiteria ikusi zuelarik, izartegia buruz beheiti zegoela bururatu zitzaion. Azkenean, eskuarekin ukitzeko moduan, kablez jositako karriketara, etxe gaineko terrazetara, zuhaitz eta automobil zaharretara hurbildu zen hegazkina eta, handik harat, aireportuko dorreak harrapatu zuen kontrolpean.
Orduko zabalik zeraman sabela eta, piztiaren bat harrapatzeko bezala, kanpora atera zituen gurpilak. Airea bere lekuan utzi eta lur hartu ondoren, bizpahiru jauzi eman zituen. Esku-zarta jotzeko gogoa egin zitzaien bidaztiei. Abaila bizian joan zen puska batean eta, luze gabe, indargabeturik, Jose Martiren erretratuari so geratu zen.