Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

24

 

Ohantzean agondurik zegoen Migel, liburu bat esku artean. Aldameneko lanparak Japoniako etxe baten maketa ematen zuen gauaren erdian pizturik. Iruñetik abiatu aitzin hasi zen liburu hura irakurtzen, baina, ia hilabete oporretan emanagatik, hondar bat geratzen zitzaion azkenera heltzeko.

        Ainhoarenean zegoen maizter. Astebete lehenago oreinaren adar-muturrean zuloa egitea baino zailagoa irudituko zitzaion, baina inoiz ez da jakiten noiz, eta are gutxiago emazteki batekin. Etxearen teilatupeko arras ongi antolatu batean bizi zen Ainhoa. Ez zeukan ia altzaririk agerian. Ate koxkor bat ireki behar zen ezker-eskuin telebista ikusteko, eta koltxonak armairu barnean ematen zuen eguna lotarako ordua heldu arte gorderik. Antz handia zeukan Ekialdeko ganbera batekin, baina Nafarroan neguak latz izan ohi dira arrunt, eta han ez bezala, kristala zeukan leihoetan arrozarekin egindako paperaren ordez. Armazoien karratuetan hesiturik papera, zirrituan barna irekitzen ziren horma irristagarriak paratu zizkion solairuari, eta lekuak, horrela, ez zeukan pasillo beharrik. Erosi berritan baino franko handiagoa irudi zuen eta, gainera, tankera eta tamaina desberdinetan banatzen ahal zuen nahi modura. Ez zen Migel zoko hartan sartzen zen lehen aldia, baina orduan ikusi zuen nabarmen Maria Josefak azaldu zion «tarteen arteko teoria» teatral hura begien bistan. Espazioa, papera bezala, pleguz plegu moldatzen ahal zen, eta Ainhoari azaldu behar ziola deliberatu zuen.

        Non sartu ote zen?

        Ohantzetik jaiki eta bila hasi zen. Etxarteko patiora ematen zuen terraza koxkorra zeukan pisuak eta, erosi orduko obrak egin baitzituen, bertan zeukan komuna. Pizturik zegoen argia, eta barandaren aitzinean geratu zen teilaz teila eraikitako itsasora begira. Izartegia lepo zegoen, keinuka zebiltzan bizpahiru hegazkin. Alberto Joserekin oroitu zen bat-batean; itsasontziak ez ezik hegazkinak ere paperezkoak izaten ahal zirela erakutsia zion terminologoak ozeanoaren gainean zihoazela; baina Migelek ez zion agurrik egin nahi izan sartzen ari zela ikusi zuelarik. Eguzkitako lente beltzak zeramatzan, itsuaren plantak egiteko. Aldameneko leihoa libre zeukan arren, beharrik, gibeleko jesarlekuan egokitu zitzaion habanarra.

        Entzungailuak paratu zituen belarrietan ahalik lasterren satorrak. Soinua jaitsi zuen hala ere, kanpoko giroari kasu egiteko. Alberto Josek ez zuen isilik luzaro iraun eta, ondoko bidaiaria irakurtzen ari zela probestuz, enbido txipi bat utzi zuen:

        — De los libros —erran zion— lo que más reclama mi atensión es el papel.

        Ez zen ihardespenik sortu. Aireratu bitartean, hari musikalaren bolumena igo zuen Migelek abioaren furrunda bozatzeko. Ordu laurden inguru eman zuen bakarturik eta, kanpora menturatu zelarik, solasa entzun zuen berriz ere:

        — ...Kraft, cuché, Manila, vehetal, prensado, esétera, sin contar sus derivados, como por ehemplo, cartones, cartulinas, cartonsiyos...

        Bidaideak ez zion, agi denez, espero zuen arreta eskaintzen, eta Migel susmatzen hasia zegoena gertatu zen: afariaren usaina aditzen zen giroan eta, tripulazioa bueltaka zebilela ikusirik, eskua altxatu zuen Alberto Josek.

        — ¡Aeromosa! —deitu zion—, observo que acá adelante una ventana se encuentra disponible. Sería mucho pedir...

        Eragozpenik ikusten ez zuenez, eskatu orduko eman zion baimena. Ezagutuko ez balu bezala jesarri zen adiskide ohiaren alboan, eta hodei gizenak aztertzen eman zuen denbora puska bat. Isiltasunaren ur azpitan igeri eman zituen bizpahiru minutu. Migelek ezagutzen zuen pittin bat, eta bazekien aurki irten beharko zuela azalpetik arnasa hartzera. Alberto Josek imintzio arraro batzuk egin zituen bere buruarekin solasean ari balitz bezala hasmentan, eta ¡Qué caraho! erran zuen noizbait, Una es poco; pero dos, hermano, demasiado.

        Istant bat lehenago, txit fermu, serio agertuko zitzaiola zeukan deliberaturik Migelek, baina ustekabean harrapatu zuen, eta ezin izan zion irriari eutsi.

        — Amor y humor —ospatu zuen terminologoak bidaidearen poza—. ¡Una bomba!

        Emazteki kontuak atzendu gabe, paperezko euskarriaren garrantzia, liburuak —ahaleginak egin behar izan zituen Buda potoloaren irri inozoa burutik kentzeko—, paper plegatuaren artea eta bertze aunitz abar entzun beharko zizkion? Ez, hurrengo goizean iratzarri zen arte ez zion lorik galarazi. Ordubeteko bidea falta zuten, eta biltzarraren berri eman zion, sobera xehetasun aipatu gabe. Eskertu egin zion laburrean azaldu izana. Handik pixko batera, tripulazioa bueltaka zebilela, azafataren aitzinean bere burua nabarmentzeko gogoa egin zitzaion Alberto Joseri berriz ere:

        — ¡Aeromosa! —egin zion dei—. ¿Conose usted por un casual el nombre del comandante de a bordo?

        Ez zion deus erran; behatz bat paratu zion, ezpainetan lehenik, isil zedin; belarrira eraman zuen gero, entzun zezan eskatzeko; eta, azkenik, aitzin aldean zegoen bozgorailua erakutsi zion. Ordura arte musikarekin ohartu gabea zegoen Migel, baina, hura bukaturik, hegazkin guzietan disko bera erabiltzen ote zuten hasi zen susmoa hartzen. Eztul txipi batzuk egin zituen berriemaileak, eta mintzatzen hasi zelarik ezaguna egin zitzaion ahotsa:

        — Atensión, señores pasaheros: lo páharos nocturnos picotean las últimas estreyas que senteyean como mi alma cuando la amo. Soy el comandante Ulises Tamayo. Confiamos que el viahe haya sido de su agrado.

        — ¡El vieho Ulises! —jauzi egin zuen Alberto Josek jesarleku gainean—, estaba seguro.

        Aldian aldiko argi gorri txipi batzuei esker bereizten ziren hegazkinak izarren artean eta, Tamayo kapitaina gogoan, terrazara jaitsi zituen Migelek begiak. Eguna argitu eta gero heldu ziren Madrilera, eta aireportuan egin zioten agur elkarri terminologoak eta biek.

        Ia gosaltzeko denborarik eman gabe, Fokker zahar batek ekarri zuen Hondarribira. Ainhoa, tamalez, ez zegoen zain. Aireportutik Irunera, Irundik Mugairira eta Mugairitik Iruñera, autobusez autobus ibili zen, Estafetako bere txokora ailegatzeko irrikan.

        Etxean sartu zelarik norbait sumatu zuen dutxan. Zilipurdi egin zion bihotzak. Ainhoa bera izaten ahal zen, baina traza handiagoa harrapatu zion bere mendeku emozional makurren batena. Akura hitzarturik zeukala errana zion; beraz, maizter berria izaten ahal zen, eta mila bider madarikatu zuen bere burua telefonoz dei ez egiteagatik. Inondik inora espero ez zuen bertze norbait zen hala ere, eta bigarren aldiz egin zion jauzi bihotzak. Alberto Jose agertu zitzaion toalla gerrian loturik.

        Migelek gibelera egin zuen hark ikusi baino lehen. Ez zen bere gelan sartu, zeren...

        Aleida edo Maria Josefa egoten ahal zen ohantzean.

        Eskerrak eman zizkion zoriari etxeak terrazarik ez zeukalako, zeren...

        Bertzenaz, Arseniorekin ere egiten ahal zuen topo, eta automobilik izan balu, berriz, dagoeneko hasia zitzaion Newton bozina joka.

        Ainhoari telefonoz deitu behar ziola deliberatu zuen erotuko ez bazen. Ainhoak ez zion hitzerdi bat errateko paradarik eman, eta giltzaurrez betetako gurdia bulkatu zion gainera:

        — Hori al duk hire alde egin dugun ahaleginagatik eskerrak emateko modua? Xenofobo alaena! Mulata gaztea izan balitz zer?

        Konfiantza osoko jendearen bidez jaso omen zuen eskaria, eta horregatik eman zion baiezkoa; are gehiago kubatarra zela jakinik, zeren...

        Aholkulari lanak ere egiten ahal zituen jardunaldiei beha.

        Arratsalde hartan berean elkartu ziren La Vienesan. Egunkarian murgildurik zegoen Migel iragan asteetako albisteak ahanzturatik ekartzeko ahaleginetan. Begiak goratu zituelarik, Ainhoa ikusi zuen kafetegiko atean sartzen. Errietan hasteko aitzakiaren bat aurkitzeko zorian zegoela iruditu zitzaion, baina uste ez bezala, muxu eman zion lepotik zintzilik.

        — Nondik atera dituk betaurreko horiek?

        Ustekabean harrapatu zuen; ez zeukan erantzunik prest.

        — Habanako neskaren batek egindako oparia?

        — Ez didan sinetsiko...

        — Ez dira, bada, Cherenak izango?

        — Eta balira?

        Fitsik eduki gabe hordagoa jotzen duenari eskaintzen zaion sinesgarritasun-eza atzeman zitzaion Ainhoari begietan. Hitz bertze eginik, postetxetik zetorrela erran zion.

        — Egurrezko kutxatzar bat zaukatek biltegian nire izenean. Laguntza behar diat berehala.

        Lehentxeago, lepotik zintzilik zeukala, haren bihotzaren jabe bihurtzen ari ote zen egin zitzaion Migeli. Bai zera!, muxuaren erdia baino gehiago Kubako Iraultzarendako izanen zela pentsatu zuen.

        — Oraindik ez diagu leku egokirik aurkitu trasteak uzteko; beraz, bion artean eraman beharko diagu altxorra etxera.

        Alberto Joseren berri eman zion bidean Migelek. Ez zizkion, noski, terminologoari buruzko zikulusaltsa guziak kontatu, baina deabruari berari negar eragiteko gauza zela erran zion. Sinetsezina iruditu zitzaion Ainhoari.

        — Arazo guziak horrelakoak balira... Hire pisua libratu artean —proposatu zion— elkarrekin bizitzen ahal gaituk!

        Irri gozoa sortu zitzaion Migeli.

        Pisura iritsitakoan, iltzeak sartzeko eta askatzeko ere balio zuen bi belarriko mailu bat eman zion etxeko andreak. Errelojua eta bloka eta tabakoa erretzeko pipa atera zituen lehenik eta, gero, bideoak, posterrak eta dozena erdi liburu. Ainhoak espero zuenaren erdia ere ez zegoen kaxa barnean, baina Virgilio, aitortu bertze erremediorik ez zeukan, jator portatu zitzaion. Ametsaren antzeko traza eman zion Migelek ozeanoaren bertze aldetik heldutako opariari, zeren...

        Ez zen samurra Habanan antolatutako zerbait Nafarroan berean, bere aitzinean, gauzatzen ahal zenik sinestea eta, paradari muzin egin gabe, Iruñeko jardunaldiak zertan ziren galdetu zion.

        Zenbait erakunde politiko, ezkerrekoak izanagatik, ez omen zeuden ekimenarekin erabat ados. Haietarik bat, bere kontrolpetik kanpo geratzen zelako ziur aski; eta bertzeren bat, bekaizkeria hutsarengatik.

        — Ez ditek ulertzen, halako urtemuga lau katuren artean bakarrik antolatzea nola den posible.

        Gainerakoak erdibiturik zeuden: indarkeriaren aldeko apologia iruditzen zitzaien batzuei, eta bertzeek, aldiz, hippy talde baten oroimina aipatzen zuten asmoari garrantzia kentzeko.

        — Antzarak ferratzera bidali ditiagu disimulurik gabe.

        Nahiz ezin egokiagoa iruditu zitzaion izartegiaren azpiko gau epel hura txapelaren zaramatikak azaltzeko, deus ez erratea deliberatu zuen, ez baitzekien egindakoarekin harro sentitu behar ote zuen edo damutu. Mingainari eutsi zion badaezpada, txoko ezkutu bat zeukan kaskoan eta, aldian behin, erabili egiten zuen.

        Ez zekien Zuberoako txapelaren mirariaren berri nola eman eta, gauzak arinegi egin gabe, hurrengo eguna arte gibeleratu zuen asmoa. Isil-isilik zegoen gaua, Migelen sekretua gordetzeko prest balego bezala. Halako batean izar iheskor batek zeharkatu zuen zerua, eta zalantza egin zuen bere buruan ere antzeko izarren bat lokatu ote zitzaion.

        Ainhoa bazetorren dutxatik bueltan, eta mundu honetara jaitsi zituen begiak. Ordu erdi emana zuen bainu-gelan giltzaturik; beraz, nahi bezainbat denbora izan zuen prestatzeko.

        Baina Ainhoa biluzik azaldu zen.

        — Arropa janztea ahantzi zain?

        — Oheratu ere egin beharko diagu noizbait... elkarrekin.

        Umorearen laguntza eta maitasunaren beroa izan zuten ohantzean. Elkarren artean esekitako zabuetan ibili ziren zilipurdika. Ikara egin zuen azpiak eta izarrak nahasi egin ziren. Eta noizbait bakoitzak bere baitan hartu zuen lur. Loak menderatu zuen Ainhoa. Akiturik zegoen Migel ere, baina ezin begirik bildu, zeren...

        Alberto Joseri itzuliko bidean entzundako hitzak zebilzkion bueltaka:

        — ¿Usted se imahina, Miguel, que tira de la cadena, comiensa a plegarse la casa y se queda atrapado para siempre, como dentro de un libro?

        Ohantzean agondurik, azkenera heltzeko hondar bat geratzen zitzaion liburua eskuratu zuen. Ozeaniako mapa baino aspergarriagoa egin zitzaion. Argia itzaltzeko irrikan zegoela, gogora etorri zitzaizkion paperezko paretak, zirrituan herrestan zebiltzan ateak, bionbo tolesgarriak eta pleguz plegu biltzen ahal ziren Japoniako etxeak. Iragan ametsen batean atzendutako zerbait berreskuratzeko esperantzan hartzen omen du jendeak lo, baina gau hartan, badaezpada, pizturik utzi zuen Migelek aldameneko lanpara.