6
Ingalaterra hotelaren ate nagusian zegoen zain, eta Maria Josefa baietz erran zion Migelek bere buruari, baina ziur egon arte itzalpean ezkutatu zen tentuz. Emazteki ederra iruditu zitzaion. Urte batzuk bazeuzkan eta zenbait kilo sobera beharbada. Mahukarik gabeko elastiko fina zeraman, gibelurdinaren kolorekoa, eta praka zurigorri zerrendadunak, bereak baino alabari ebatsitakoak izaten ahal zirenak. Alde batera eta bertzera ari zen zer-suman eta, halako batean, bila zebilenarekin egin zuen topo. Eguzkitako lente beltzak erantzi eta hurbildu egin zitzaion.
Disculpa, ando buscando un señor de lentes con los ohos pegados a la naris.
Ese soy yo. Y usted debe de ser María Josefa.
Ez zela horren zaharra eta, beraz, ez zion errespetuko tratamendua onetsi. Ezaguerak egitean Alberto Jose aipatu zuen lehenik eta behin. Elkarrekin etortzeko asmotan ziren, baina saihetsezineko konpromisoa sortu omen zitzaion azken orduan, eta goraintziak eman zizkion haren izenean.
Oharrak jasotzeko koadernoren bat ekarri al zuen galdetu zion ikastaroaren hasmenta gisa. Ezetzaren aitzinean, kopeta zimurtu zion espantuz beterik. Hurrengo egunean kontuan hartzeko aholkatu zion eta, berehala, hotelean sartu ziren legea egitera. Arabiako tankeran apaindutako jantokian hartu zuten leku. Zerbitzaria etorri bitartean, egindakoaren berri eman zion Maria Josefak. Unibertsitatetik zetorren. Aitzineratu egin omen zuten azterketaren data, baina ez zuen zertan larritu, zeren...
Azaldu nahi ez zion tranpi koxkor bati esker bazekien zeri buruzko lana paratu behar zioten. Arrunt erraza, egia errateko, eta ziur zegoen eragozpenik gabe gaindituko zuela.
«El teatro oriental y su influensia en osidente» eman zion jakitera, isilpean baina: porque incluso un puchero tiene dos orehas, chico.
Alberto Josek egindako proposamena neurriz kanpoko ausarkeria iruditzen zitzaion Migeli, eta behar ez zuen lekuan sartzen ari ez ote zen ere pentsatu zuen. Inoiz ez zen ikasle ona izan, eta ikasitako apurra atzendurik zeukan aspaldi. Atseden hartzeko eta sosegatzeko erran zion irakasleak, zeren...
Liburutegi Nazionalean egon berria zen, eta dagoeneko ba omen zekien Shakespearek baino gehiago.
Egun zehatzik ez zion eman, baina hilabete inguru geratzen zitzaien. Horrela, bada, matrikula sakelan zeukala hiruzpalau aldiz entzun ondoren, ikastetxearen izena galdetu zion Mari Josefari.
La Escuela Nasional de Teatro de la América Latina y el Caribe.
Alkandora zuriko zerbitzari zaharra hurbildu zitzaien galdezka; hortaz, ikastaroa pixko batean gibeleraturik, eskainitako menuari erreparatu zioten arretaz. Aukera faltarik ez zegoen, baina ikasleak ez zituen platerak behar bezala bereizten ahal, eta laguntza eskatu behar izan zion irakasleari. Arraina izan, haragia izan, akitu berri zitzaizkion janariak aipatzen zizkioten behin eta berriz morroiari eta, ezinbertzean, bere lagunak bezala, Arros blanco desgranadito eta Masas de puerco fritas eskatu zituen.
Oharrak jaso eta zerbitzaria sukalderako bidean zihoala, Maria Josefak emandako aholkuaz oroitu zen Migel, eta papera eta lapitza eskatzeko probestu zuen. Irakasleak ez zuen denborarik galdu nahi, eta ikasleak berehala konprenitu zuen bazkari osoan ez ziola hitzik ateratzen utziko. Una muela erran ohi zuen halakoaren aitzinean bertako jendeak, eta halaxe gertatu zen gainera.
Tú debes saber quién fue Aristóteles erran zion, inportazioko zigarro gorri bat piztu eta airean kez marraztutako eraztunak uzten zituela.
Migelek ez zuen hainbertze irakurri, baina liburu-denda batean egiten zuen lan, eta ez zitzaion irakaslearen galdera piperrik gustatu. Ezjakinaren plantak egitea deliberatu zuen. Brasilgo jokalariren bat izaten ahal zela adierazteko zorian zegoen, baina sinetsezina iruditu zitzaion, eta bertze zerbait asmatzen saiatu zen. Ahoa zabaldu behar zuelarik aitzineratu zitzaion Maria Josefa:
¡Tremendo filósofo! azaldu zion, haren obra osoa buruz baleki bezala. Tú debes conoser su Arte Poética.
Ez zuen ezagutzen, eta amorrua eman zion. Ez zuen Greziako pentsalari handia olerkari lanetan ikusten. Ez zen jende adituarekin fidatzen; Maria Josefarekin, ezezaguna izaki, hain gutxi, eta azalpenen bat eskatzeko gogoa egin zitzaion. Bi aldiz pentsatu eta gero, saiakeraren bat izaten ahal zela deliberatu zuen.
Aristotelesen lan horretan omen zegoen gorderik, ¡Una obra paradigmática!, Europako teatroaren iturburua, eta lur horren gainean hartzen zuen Mendebaldeko «drama» guziak oinarri. Maria Josefak, hala ere, bazuen kezka bat, zeren...
Bere uste apalean, maisuak ez zuen zertan jakin hainbertze teatro kontuez eta, gainera buru eman behar baldin bazitzaion inperialismo kulturalari merezi bezala mundua ez zen inolaz ere Greziaren mugetan akitzen.
Es probable, Miguel erran zuen ikaslearen lekuan paratzeko ahaleginean, que tú te preguntes qué es el Oriente.
Eskua sakelan sartu eta iparrorratza hotelean ahantzi zuela erraten ahal zion aitzakia moduan, baina bazekien bertze alde batetik joko zuela; beraz, isildu eta baietz adierazi zion buruarekin.
Absolutamente todo lo que no es Osidente.
Hagitz egokia iruditu zitzaion azalpena. Hondarrik gabeko itsasoan bezala, oin hartu ezinik utzi zuen berriz ere, zer erran jakin gabe. Aitzin solas gisa, Indiako Katakalia, Txinako Opera eta Japoniako Nô antzerkia aipatu zituen lehenik eta, segidan, Baliko dantzak, Afrikako errituak, tarahumarak eta bertze hainbat adibide. Antzerkiz beterik egona zen betidanik mundua, baina Europak bere zilkoari begira eman omen zuen historia osoa, eta hogei mende behar izan zituen mundua biribila izaten ahal zela sumatzen hasteko.
Acaso, Miguel, ¿tuviste alguna ves la oportunidad galdetu zion erantzunik jasotzeko esperantzarik gabe de asistir a un film que yeva por título El nombre de la rosa?
Azken aldian ez zen zinemara joaten, eta ezezkoa eman beharra zeukan berriz. Gezurra erratea ere bururatu zitzaion, baina faltsuan harrapatzen ahal zuen, eta gibeleratu egin zen. Nobela irakurririk ez zuen arren, maiz eskatzen zioten dendan, eta bazuen haren berri. Idazlearen izena etorri zitzaion gogora, eta halakorik ez baitzitzaion aunitzetan gertatuko, bat-batean bota zion:
Umberto Eco. ¡Tremendo novelista!
¡Un cabayo! gaineratu zuen irakasleak.
Ez zekien ziur zertara zetorren zaldiarena, baina antza denez tremendo baino goitiago zegoen zerbait behar zuen izan. Nolanahi dela, ez zuen konprenitzen zer ikusirik izaten ahal zuen italiarraren lanak Aristotelesen obrarekin; ezta Ekialdeko teatroarekin ere.
Irakasleak ikusi berria omen zeukan filma, eta sipnosi luze samarra entzun behar izan zion hainbat xehetasun barne. Ertaroan girotutako kontakizun poliziakoa zela bazekien, baina, protagonisten izenak ez ezik, ageri ziren fraide guzienak ere eman zizkion jakitera.
Eselente broma erran zion Maria Josefak; pero escucha, que ya yo te esplico.
Ordu laurden inguru behar izan zuen zerbitzariak itzultzeko. Ez zekarren janaririk oraino. Edaria paratu zuen mahai gainean eta, Migeli lapitza eta blok txipi bat emanez, jatekoa istantean zetorrela agindu zien. Eskerrak eman eta gero, oharrak hartzen dituenaren plantak egin zituen ikasleak, nahiz eta idazteko erremintak alde batera utzi eta sardexka eskuratzeko irrikan zegoen. Maria Josefak, aldiz, monje zaharrak hartzen zituen ahotan, agi denez, gosea menderatzeko. Ardo pittin bat edan eta filmari lotu zitzaion berriz ere.
Abadia baten giroan gertatzen dira pasadizoak eta, noski, hiltzaile misteriotsu bat dabil isilpean eta ilunpean bazterrak endredatzen. Eguneroko otoitza bazter utzi gabe, aspaldiko liburu zaharrak konpontzen eta kopiatzen ematen dute fraideek bizitza eta, halako batean, anaia bat akabatzen dute; zenbait egun sarrixeago, bertze bat eta, horrela, andana, apokalipsiaren kapituluetan ageri diren zenbait pasarteren harian, denak ere modu bitxi eta errebes samarrean.
Arreta gorde ezinik zebilen Migel, eta oilaskoari lepoa bihurritzeko komentuko hiltzailea agertu zain ote zeuden pentsatzen ari zela, hiru aitona ikusi zituen jantokian sartzen. Ez ziren fraideak, baina kantatzeko asmotan zetozen hala ere, zigarroaren kolorekoak denak, ilea zuri motz-motza, trastez gainezka. Imurtzi egin zion batek gitarrari, marakak tartekatu zituen bertzeak, eta ahaire zahar bat atera zitzaion kantariari eztarri idorretik. Ikasleak lapitza hartu zuen eskuan eta kantuaren leloa jaso ahal izan zuen ia bere osoan:
en un tiempo era colonia
tiempo de consternasión
...
repiqueteaba el tambor
Emankizuna akitu aitzin hasi zen Maria Josefa solasean berriz ere, eta arreta eskaini behar izan zion Migelek. Horrela, bada, arazo teologiko larriren bat zela medio biltzar nagusia egin behar baitute, hainbat anaia ailegatzen dira, bederazka, urrundik abiaturik, parte hartzera. Aitzindari, bertze guziak baino lehen, fraidez jantzitako Sean Connery bizar zuriduna dator, eta tenore horretan, hain zuzen, sortzen da saltsa guzia. Ikerlari lanak berak egiten ditu eta, intuizio harrigarriari esker, hamaika korapilo askatu ondoren, misterioaren bihotzera helduko da noiz edo noiz. Baina bidean zetorren janaria, eta gose handitua zen Maria Josefa aspaldi.
Al fin el prieto... erran zuen ironiaz ...convensió al cosinero.
Entsalada hotz bat paratu zuen zerbitzariak biendako mahaian eta, kortesiak horrela agintzen baitu, eskerrak eman zizkion Migelek. Irakasleak, zain eman behar izan zuten denbora luzearengatik edo, ez zion deus erran nahi izan, baina usain ederreko janaria ekarri zien eta ez zuten solasik apenas egin akitu arte. Atseden txipi bat ere izan zuten hurrengo platera heldu bitartean eta, hausnarketa luzearen ondoren, Migelek hartu zuen hitza:
¿Qué quiere decir prieto?
Nada, chico. Tú sabes que acá, a veses, el sol aprieta con cohones.
O sea, una manera de llamarle mulato.
¿Mulato? egin zuen espantu. Escucha un momento. Mulata soy yo. Ese compañero es por lo menos asul, pero esas son cosas de la cubanía, y es difísil que tú entiendas.
Ez zion gehiago sakontzen utzi, zeren...
Abatetxean ba omen zegoen liburutegi ezkutu bat, fraide itsu zahar batek zaintzen zuena gau eta egun. Apalez jositako labirintoan, amaraunez beterik eta hautsaren azpian, ezin konta ahala liburu zeuden, baina itsuak denborak horiztatutako ale bat gordetzen zuen bereziki. Ez zuen inoren eskuetara hel zedin nahi. Tentazioa denez menderatu ezin den gauza bakarra, jakin-minak egin zuen gainerakoa. Ezin izan zuen liburua nahi bezala gorde, eta anaia irakurleengan hartu behar izan zuen mendeku.
Jainkoaren semeak gizon guzien salbazioaren alde gurutzean bizitza eskaini zuenetik inork ez omen zuen negarra baizik zilegi, baina infernuaren furrinda orroka zebilen azken aldian, eta fede gabeko anaia desbideratu batzuk irriaren bideetan zebiltzan guztiz galdurik. Antigoaleko liburu bat aipatzen zuten aldeko arrazoiak emateko, eta fraide itsuak bazekien non zegoen. Ale bakarra egoten ahal zen mundu osoan; eskuratu nahi zuenak, berarekin eginen zuen topo.
Ya tú debes conoser de qué obra se trata.
Aristotelesek bi ataletan ongi banaturik egin zuen bere liburua, baina filmean ageri zen fraide itsuaren antzeko jendea bitarteko, bakarrak baizik ez zuen iraun; zati batek alegia, zeren...
Bertzea infernuaren zurrunbiloan ito omen zen.
Ondorioz, tragediaren bidetik jo zuen teatroak Mendebaldean eta komedia, aldiz, Gaztelako inkisidore zital batek erre zuen, gupidarik gabe, munduak irririk egin ez zezan.
Azken batean, Ekialdeko teatro guzia baztertu ez ezik, Mendebaldekoaren erdia galdu genuen bidean, eta geroztik arauari jarraitu zioten gehienek. Baina bizitzaren eta legearen artean beti egon omen da tarte franko handia, eta ikuslegoari sekula ez zaio irri egiteko arrazoirik falta izan. Horrela, bada, historiak gauzak azkenean bere lekuan paratzen baititu eta platerean ez baitzuten fitsik orduko, Matusalén bana ekartzeko agindu zion Maria Josefak zerbitzariari.
Topa egitean No es bueno tomarse las cosas tan en serio como ustedes, aholkatu zion irakasleak teatroaren izenean eta etorkizunaren onerako.
Erantzunik gabe gelditu zen Migel; Mendebaldeko kulturaren historiak egindako bide makurraren arduradun nagusia balitz bezala mintzo zitzaion, baina, beharrik, egun hartako bazkariak eta ikasgaiak ere akiturik ematen zuten, eta gerorako planak atera zituen irakasleak berant gertatu baino lehen. Aski izanen omen zituzten lau bazkari orotara. Migel ez zen sobera fidatzen, zeren...
Lehena egin zuten eta oraino ez ziren ia Greziatik jalgi.
Ez batek ez bertzeak ez zuten kaferik hartu eta, Migelek kontua ordaindu ondoren, eguzkipera irten ziren. Astebeteko tartea utzi zuten elkarrengana berriz bildu arte, baina lekua zehaztu gabe geratu zen, eta Maria Josefak hartu zuen deitzeko ardura. Oharrak garbira pasatzeko agindu zion irakasleak, eta ikasleak, zerbitzariak emandako blok txipia sakelatik atera eta eskua goiti eramanik, Maoren liburu gorria balitz bezala erakutsi zion.