Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

11

 

Ernesto Che Guevarari buruzko materiala bildu behar zuen, eta Casa de las Américas zen leku egokiena horretarako. Virgilio Monteroren gomendiozko gutuna zeukan sakelan eta gauzak espero bezala bideratuz gero liburu sorta eta bideoren bat edo bertze eskuratuko zuela uste zuen. Ez zegoen urrun; oinez ere joaten ahal zen, baina fardel handi samarra gertatzen ahal zitzaion, beharbada, lepoan ekartzeko, eta Chevroletaz oroitu zen.

        Newtonekin hitzordua egina zuen hotelaren aitzinean.

        Ate nagusian zegoen Migel kristaletik begira. Ohi ez bezala, berant zebilen gidaria, eta errelojuari erreparatu zion behin eta berriz. Aspertu arte iraun zuen zain, eta azkenean telefonoz deitzea deliberatu zuelarik, eskuak koipez beterik agertu zitzaion txoferra, sosegurik hartzeko astirik gabe automobila izorratu zitzaiola eta bazter batean utzi behar izan zuela errateko, betilun. Aldameneko karrikan zeukan aparkaturik; beraz, bertze zereginik gabe, elkartasuna adierazteko bertzerik ez bazen ere, Newtonekin abiatu zen.

        Aitona zahar bat zegoen espaloira ateratako aulkian zaindari, eta giltza finkoak eta ingelesak ikusten ziren lurrean barreiu automobilaren inguruan. Ahotzar bat irudi, altxaturik zeukan kapota, eta arretaz erreparatu zion Migelek motorrari. Noizbait, azaldu zion Newtonek, aski izaten zuen bujiaren bat berritu, polearen bat paratu edo txinboren bat aldatzea, baina denboraren poderioz torloju bakar bat ez zeukan bererik, eta motorra kexu zen.

        Atzerrian egindako automobilak ziren bertan zebiltzan gehienak, eta ordezko piezak eskuratzea izaten zen lan zailena. Txatartegietan metatutako automobilak miatzera hurbiltzen omen zen, eta itsasontzi txipiren bat desegin berri zutela jakinez gero ez zuen bisita egin gabe utziko. Errepide bazterrean atzendurik zegoen traktore bati esker zebilen Chevrolet zaharra, eta etxeko garbigailu zaharraren piezak ere egokitu behar izan zizkion behin.

        Erreminta eskuan, metalezko dragoiari hortzak konpontzen ari zitzaion dentista saiatua ematen zuen Newtonek. Eskuak sakelan, albotik beha, enbarazu bertzerik ez zion egiten Migelek; ez zen bere bizikletari katea paratzeko gauza, eta ez zion erranen zein tripa puskatu zitzaion.

        Airean ikusi zituen goiz hartako asmoak.

        Hala ere, bazegoen denbora, eta biharamunerako utzi gabe egin nahi zuen Ainhoaren enkargua, atzendu baino lehen. Egonean asperturik, etorritako bidetik egin zuen alde eta hoteleko terrazan hartu zuen atseden. Egunkari bat edo bertze izan ezik, ez zuen azken aldian deus irakurri, eta libururen bat eskuratzeko gogoa egin zitzaion. Zerbitzaria, hau da, unibertsitateko irakaslea irudi zuen aitona agurgarria inguratu zitzaiolarik, berari galdetzea otu zitzaion non erosten ahal zuen libururik. Baina lehenik kafea eskatu zion, eta bi izotz puska botatzeko ere bai. Ordu laurdena ongi bete arte ez zen agindutakoa erreklamatzen menturatu. Zerbitzaria aldameneko mahaia jasotzen ari zela probestuz, kafearena oroitarazi zion ahalik apalen.

        — Ya lo escuché, compañero.

        Ez zion, beharrik, barkamenik eskatzeko agindu. Migeli, langilearen harrotasunaren aitzinean herabe, gupida eman zion bere buruak. Oharrak eragina izan zuen eta, handik pixko batera, edaria mahai gainean zeukan. Hustu zuen baso luzea eta, ingurura begira, Únicamente poesía irakurri zuen parez pare zeukan dendan. Edaria ateratzeko baino hagitzez arinago ibili zen zerbitzaria kontua ekartzeko orduan eta Migel, dirua utzi eta karrika zeharkatu ondoren, dendan sartu zen zokoak harrotzeko asmotan. Atalburuak adierazten zuen moduan, olerki liburuak ziren gehienak. Eliseo Diego izeneko idazleak argitara emandako obra bat hartu zuen esku artean. Idazleak berak sinaturik zetorren aitzin-solasa eta, irakurtzeari ekin behar ziola, itsasoak eta ronak marrantatutako ahots sakona entzun zuen gibelean.

 

                ...apártenme esos espehos

                que la muerte presume...

 

        Arnas sakoneko hitzak ziren, baldinbaitere, baina Migelek oraino ez zekien zein belarritatik ari zen entzuten. Itzuli zelarik, haizegoak pizturik zirudien bizardun batekin egin zuen topo eta Nicolas Guillen, Dulce Maria Loynaz, Jose Lezama Lima eta bertze hiruzpalau autore gomendatu zizkion bihotzaren erditik, zeren...

        — Escuche, compañero —erran zion gogaidetasuna erakusteko asmoz—, yo también soy forofo de la poesía.

        Olerkia tentsio altuko literatura iruditzen zitzaion eta, adibide gisa, bere azken lanaren berri eman nahi zion. Edozeinek bazekien milioi bat sei zerorekin idazten zela, baina hamarra sei aldiz berretuz gero, bat-bateko goi-argitasuna ematen zuen aditzera, eta bizitzaren barne-muinetan biltzen zuen arima. Nolanahi ere, arrunt garai errebesak omen ziren olerkari batendako eta, atsekabean lagun azaldu zitzaion.

        Usted debe de escribir también..., ¿o me confundo?

        Ezetz ihardetsi zion, ez zuela idazten, baina liburu-denda batean egiten zuela lan. Jakin-mina piztu zitzaion olerkariari. Urtean zenbat liburu berri argitaratzen ziren, ale batek zenbat balio zuen batez bertze, egilearen eskubideengatik zenbat jasotzen ahal zen eta bertze mila gauza azalarazi zizkion eta, azkenean, bigarren eskuko libururik saltzen ote zuten egin zion galde. Migelek erran zion apal batzuk bazituztela horretarako bereziki, baina eskaria murriztua zela, eta kentzekotan zeudela.

        Aspaldi ari omen zen habanarra Migel bezalako lankide baten bila, eta sekulako mahuka zeukan berarendako, zeren...

        Armen plazako arkupetan libro de vieho saltzen omen zen egunero, eta dendari gehienak lagun zituen. Edozein titulu topatzen ahal zen bertan eta, nahi izanez gero, hamar aldiz merkeago eskuratuko zizkion, zeren...

        Bazeukan itsasoan zebilen lehengusu bat, eta urtean lau aldiz Bizkaiko Golkoan ematen zituzten zenbait egun; sotoa bete liburu igortzen ahal zion itsasaldi bakoitzean.

        Izugarri estimatu zion bereganako konfiantza, baina ez zeukan konpromisorik hartzerik liburu-dendaren jabearekin kontsultatu gabe, ez zuen deus ere deliberatzen ahal. Aldi onari atzaparka lotu behar gatzaizkiola oroitarazi zion solaskideak, eta errefrau zaharrek ez omen zuten gezurrik erraten. Pazientziaren mugetan zebilen orduko Migel, eta agurraren lehen peonak hasi zen mugitzen. Olerkariak ez zuen amore eman nahi eta, partida galdu baino lehen, bertze alde batetik jazartu zitzaion:

        — Usted ha de saber, por otra parte, que también soy colesionista numismático; de modo que, sin ningún compromiso, por supuesto, si usted pudiera presindir de alguna moneda, de algún seyo postal...; en fin, perdone si lo molesto.

        Elkarrekin irten ziren dendatik eta, diskrezioz badaezpada, ehun pezetako bat eta lau edo bortz txanpon eman zizkion eskura. Olerkariak ez zuen hitz egokirik topatzen zenbat estimatzen zion erakusteko, eta hori, kubatar baten kasuan, arraro samarra ez ezik kezkagarria ere izaten ahal zen; horrela, bada, neurriz kanpoko eskerrak alde batera utzi eta presaka zebilela erran ondoren, Newtonen bila abiatu zen aldapan beheiti.

        Automobila zegoen lekura heldutakoan, ez zuen inor ikusi bertan, eta bidean gurutzatu ote ziren pentsatu zuen hasmentan. Gero ukondo bat atzeman zuen Chevroletaren azpian ageri, eta egoera larria zela iruditu zitzaion. Oin bi ikusi zituen mekanikariak motorraren aitzinean eta, adiskidea ezagutu zuelarik, kanpora jalgi zen fite. Aurpegia koipez zikin, trapu zahar bat zerabilen eskuetan, eta esperantza gabeko keinua atera zitzaion. Migelek errelojuari erreparatu zion; baita Newtonek ere, baina ez zeraman eskumuturrean, eta ez zuen zer ordutan bizi zen jakiterik izan. Kopetan goiti joan zitzaizkion bekainak Migeli, eta habanarrak azalpen bat eman behar izan zion, zeren...

        — Se me escacharró.

        Alamar izeneko auzotik hurbil zegoen hondartzara joan omen zen bezperan mulata zoragarri batekin, eta olatuekin jolasten ibili ziren arratsalde osoan. Itsasora sartu aitzin, lehengo erreloju zaharra zeukalakoan, eskumuturretik kendu eta poltsikoan sartzeko asmotan hasi zen, baina Migelekin aldatutakoa zela oharturik, ez zuen gorde. Urpean erabili ahal izateko moduan egindakoa zela erran zionez, soinean zeramala murgildu zen. Itsasazpiko arrainak ikusten aspertu eta gero, lehorrera irten eta bina daikiri hartu zituzten guanozko babes baten itzalpean. Arrats apal, automobilean sarturik, bazter lasairen baten bila abiatu ziren jolasean jarraitzeko, eta zirkuko kontortsionisten eran jardun omen zuten gibeleko jarlekuan gaua lurraren gainean pausatu zen arte. Mundura jaisteko tenorea zela konturatu zirelarik, errelojuari begiratu zion Newtonek. Ezin izan zuen orratzik ikusi, ganduturik zegoen kristalaren azpiko barnealde osoa.

        — ¡Tremenda catástrofe!

        Oraino ez zuen konpondu, baina automobila abian paratzeko gauza baldin bazen, nola ez zuen, bada, gandu hondar bat barreiatzen asmatuko? Automobilaren giltzari eraginez arrankatzen saiatu zen mila bider, baina ito egiten zitzaion; berriz ahoz goiti etzanik, herrestan gibeleratu eta Chevroletaren azpian galdu zen.

        Alde egitea deliberatu zuen Migelek.

        Hotelerako bidean, liburu-dendan ezagututako endredamakilarekin egin zuen topo bigarren aldiz. Arestian izandako solasarekin aski bazuela iruditu zitzaion, eta aitzakiaren bat asmatzen saiatu arren, makurtu egin zitzaizkion asmoak. Jose Antonio Echevarriari, hau da, iraultzaren alde jausi zen lehen martiriari eskainitako oroitarria ezagutu nahi zuela erran zion Migelek.

        — Eso está hecho —ihardetsi zion olerkariak—, estaba seguro que usted era de los nuestros.

        Hurbildu egin zen, ikusterrean. Unibertsitateko ikasle baten aurpegia zeukan, lenteak eta guzi, baina jaioteguna irakurri zuen Migelek oinarrian eta kontuak atera zituen; hiruretan hogei eta bi urte izanen zituen, bizirik balego.

        Aitzindariari so, aitorpena egin zion laguntzaileak:

        — Entiendo su desconfiansa, pero no soy lo que usted supone.

        Turismo Saileko funtzionarioa zela eman zion jakitera: aberriaren etsaiek ez zutela amore ematen sekula, eta adi egon beharra zegoela, inoren mende jausi gabe irauteko. Guantanamon berean zeuden yankiak, eta oporraldi baten aitzakiarekin iraultzaren kaltetan saiatzen ahal zen Iparraldeko edozein mertzenario zital, zeren...

        — ¡Estamos amenasaus!

        Horregatik, jenero txarrarekin gogor eta mundu osoko lagunekin atsegin portatzea maite omen zuen kubatarrak, eta zalantza izpirik izan ez zezan, gonbita egin nahi zion Colina hotelean berean, adiskidetasunaren izenean elkarrekin topa egiteko.

        Ate nagusia zeharkatzean ¿Cómo le fue, Ricardo?, erran zion taxiak gobernatzen zebilen atezainari; ataria gibelean utzi eta Migelen ondotik aldendu gabe, ¿Dónde tú te escondes, Ramonita? galdetu zion harreragile bati; eta barraren aitzineko aulkira igo baino lehen, ¡Tiempo sin verte, Lásaro! erran zion zerbitzariari agur gisa.

        Olerkariak, bildumagileak, funtzionarioak edo dena delakoak kubalibrea eskatu zuen eta Migelek mojitoa. Baina batzuetan gauzak ez dira irudi duten bezalakoak izaten, zeren...

        — ¡No te quiero más ver por acá, pendeho! —erran zion gonbidatzaileari kafetegiaren ardura zeraman kapitain nagusiak errukirik gabe eta bekozko, behakoa trebeska.

        Inozo aurpegia paratu zitzaion hasmentan Migeli.

        Baina luze gabe pentsatu zuen Lásaro, Ramonita eta Ricardo asmatutako izenak izaten ahal zirela edo, bertzenaz, kafetegiko arduraduna, komisioren bat bitarteko, tartean ibiliko zela azpilanetan.

        Jende argia zebilen Habanan, Migelek ordaindu behar izan zuen olerkariarena.

        Oraino bazeukan aski mojito bertze tarte baterako eta, ontzia eskuan harturik, terrazara jalgi zen sortutako giro nahasitik ihesean. Aulkian jesarririk, gose dagoen katuaren marrua sumatu zuen tripetan eta, zerbitzaria hurbilean zela probestuz, Aporreado de tasaho eskatu zuen, zer zen jakin gabe.

        Goizeko kafea baino bizkorrago ekarri zioten eguerdiko legea eta, akitzen ari zela, Newton ikusi zuen, koipez beterik, urrunean zetorrela.

        Garagardo botila txipi bat edan zuen tragoan, baina ez zion jatekorik onetsi. Automobilarekin ez zuen karrerarik ateratzerik izan, eta haserre zegoen. Infernuko deabru beltza ematen zuen. Etxera omen zihoan, berehala dutxatu eta gainetik beheiti aldatzeko.

        Goiza hutsean joana zitzaion Migeli, baina hitzordua lotu nahi zuen zorioneko Casa de las Américas hartara behingoz heldu eta Ainhoaren enkargua behar bezala betetzeko.