Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Aurkibidea
Sarrera. Koldo Izagirre
Gure poesia kultua herabe izan da umorea erabiltzera, hain segur errazkerietarik eta, oro har, olerkaritza folklorizatutik urrundu beharrez. Iduri luke jasoagorako asmo horretan beldur hartu ziola irriari, poetek umorea anitza dela ez balekite moduan, edo «gauza serioak» beti zurrun adierazi behar balituzte bezala. Menturaz gure lehen poeta modernoek bazuten halako oka bat poesian baino prosan aspertzeraino landutako Mariz, Peruz eta gehienbat oker ulertzeetan oinarrituriko algarez, Lizardiren txinparta batzuk ditugu salbuespen ia bakarra. Barne-arrazoi hau menostu gabe, egia da euskaldungoak ez zituela oso urte gozoak bizi izan XX. mendean, eta horrek ere edukiko du zerikusia gure poesiaren seriostasunean. Gero Arestik ekarriko zuen aire sozial berria mintasun dramatikoz heldu zen, tonu epikoa behar zen herriaren kontzientzia inarrosteko, beste ildo garrantzitsua, poesia existentziala, bortxaz ageri zela itun. Horrek guztiak eta berez dauzkan balioek egiten dute Rafa Egigurenen poesia lana, laburra izanagatik, garrantzitsu. Eguneroko bizitza eguneroko hitzetan, esanen genuke ematen digula Egigurenek, baina gauza arruntek daukaten ahalmen poetikoa baliatzen duela. Abanguarda literario guztiek eduki ohi duten kulturaren ulertze festazalearen partaide, mundua jostailuz betea dagoela ohartarazten digu: tren elektrikoak, boeingak, poxpoloak, Pantera Arrosa, zapatak, karrikak, San Juan sua... eta traste hauen bitartez aurreko belaunaldikoen elokuentziaren poesiatik detailearen poesiara egiten dugu jauzi, poetak, oso jario kontrolatuan, hurbil konkretua paratzen baitigu ikusgarri, kapritxoak diruditen erreferentzia pertsonalak, poemaren bitartez orokor bilakaturiko txokoak, gizakiak, bizipenak. Munduaren ganbarako anabasak irudi-sortzaile egin du lehen-lehenik Egiguren, eta halako senak ezinbestean egiten dio aurre esloganari, deklamazioari.
Umore hau, ironikoa izanik ere, ez da hitzen zehar-zentzuez edo azpi-esanguraz baliatzen, ez da lexikoaren erabileran oinarritzen, ikuspuntua, kontrastea eta irudia darabiltza Egigurenek. Bere poesia figuratiboa dela esan genezake, begian jotzen duena. Adierazkortasun handiko metafora plastikoak sortuz, irudiaren eskutik garamatza poetak mezura, eta errealitatea interpretatzeko modu berri bat proposatzen digu ustekabean. Ikusi batean tribialak diruditen gaiak ikuspegi xalo ustekoan erabiltzen dituela, beti dauka fantasiak eta irudimenak agerian uzten duten azpilduraren bat gordea, gure segurtasuna kolokan jartzeko. Ni atzarria, isilpean matxinatua, bigarren plano batean gelditzen da diskrezioz, funtzio estrategiko bat baitauka poema hauetan irriak, errealitatearen modifikaziora gaituenez behartzen, ezkerreko kokapen batetik. Hitzez urri, doinuz apal, behakoz zorrotz, zentzu ludiko handia ageri du Rafa Egigurenek, giñol-antzeko batean murgiltzen gaitu askotan. Eta beharbada hori bera izan liteke, espirituz kritikoa den arren, absurdura ez jotzeko arrazoia. Poesiak esperantzaren zorra ordaindu behar balu bezala.
Rafa Egiguren (Hernani, 1948), oso gazterik hasi zen idazten Zeruko Argiako Gazte Naiz ataleko Hemen, gazteagoak izenekoan (1964). Ikastola modernoetako lehen belaunaldikoa da, eta irakaskuntzan jardun ondoren itzulpengintzan ari da egun. Poemez gainera Ilargia putzuan ageri nobela bikaina argitaratua du, eta Wang Wei, Du Fu eta Li Bai VIII. mendeko poeta txinatarren antologia bat dauka prestaturik, txineratik itzulita.