12
Sugandilak larrutzeko moduko sapa errukigabea baitzen Habanan, bazter-bazterretik ibili zen hiriko espaloietan. Onbuak, zeibak, palmondoak eta elefantearen oina irudi zuten zedroak bereizten ikasi zuen Migelek oinezkoei galdezka.
Ilunabarrean, atsedenaldi baten premian, Vedado erraten dioten alderdi dotorean zebilela, El Gato Tuerto irakurri zuen goiburu batean, eta egarria egin zitzaion. Ateko gortinak bildu eta barneratu zelarik, ustekabean harrapatu zuen freskurak, baina aldi berean izerdiarekin nahasitako lurrinaren usaina hasi zitzaion sudur-zuloetatik sartzen. Argi motel batzuk bazterretan, tertziopelo gorrilunez jantzirik zeuden hormak. Ilunpetan ia, apaletako botilak baizik ez ziren ikusten ahal. Oin luzeko aulki batean jesarri eta begiak ohitu ahala, kanelaren, tabakoaren eta errautsaren koloreko bezeroak agertu zitzaizkion, gero eta nabarmenago, barraren gibeleko ispiluan.
Antigoaleko gramola dotore bat atzeman zuen zoko batean. Izenen arabera, bertako taldeak ziren gehienak; ez zuen Antonio Machin bertze inor ezagutzen. Eskua sartu zuen poltsikoan eta oinetakoen lokarriak sekula lotzen ez zituen komandantearen aurpegia ikusi zuen txanponaren gainean zigilaturik. Ulertzen zaila egiten zitzaion paradoxa errebesa sumatzen zuen diru hartan. Aunitz atzerritako elastikoetan, posterretan eta eskolako koadernoetan bezala, Kubako diruak ere haren irudia zeraman.
Aparatua abian, diskoaren maniobrari erreparatu zion. Melodia hasi aitzin gizonezko gazte bat hurbildu zitzaion solas bila. Ez zuen susmorik ateratzeko batere arrazoirik, baina, arrotzaren paranoiak bitarteko, dolarraren usainean edo Barne Sailaren agindura zetorrela egin zitzaion.
¿España?
Vasco erran zion sustrai gabeko atzerritar kaskarinaren gisa portatzeko tentazioari amore eman gabe.
Bekainak harrotu zituen kubatarrak eta, Newtoni ez bezala, Espainia, Frantzia, Euskal Herria... eta bertze mila lardabiori buruzko ikuspegi orokorra eman behar izan zion.
Eso significa que ustedes se comunican ¿en español o en fransés?
También en vasco.
Escuche, compañero, usted debió naser en la torre de Babel. ¿No traho alguna gramática, algún disionario...?
Ihes egin ahal izateko desenkusa asmatzen saiatu zen; baina ez omen dago txiripa gabeko pasadizorik, eta barraren bertze muturrean, zeharka begiratuz, Aleida ezagutu zuen. Adiskide giroan ematen zuenez, Migel ez zen menturatu beregana, eta ordaintzera zihoalarik, Aleida bera hurbildu zitzaion, bakarrik ote zebilen galdez.
Elkarrekin irten ziren karrikara, Habana Zaharrerako bidean. Etxeko mandarrarekin jantzitako emaztekiak eta elastiko gabeko gizonezkoak ikusten ziren balkonetan freskuraren peskizan. Katedral kolonialaren ondoko terraza batean hartu zuten atseden libre ageri zen mahaiaren inguruan.
Aleida erizaina zen operazio-gela batean, eta ospitaleko lankideak ziren barran berarekin solasean zeudenak. Aste hartan arratsaldeko txanda egokitu zitzaion eta, lanetik irten ondoren, gibelean utzi berria zuten ostatuan bildu ziren urtemuga baten aitzakiarekin. Gustura zegoen lanean, baina ez zuen edozein hoteletako igogailuan goiti eta beheiti zebilen morroiak baino gehiago irabazten, eta amorrua ematen zion: No hay derecho. Ozeanoaren bertze aldean halaxe gertatzen zen jakin nahi zuen. Edaria eskatzeko zeukaten oraino, eta parentesia egin zuten zerbitzaria mahaitik aldendu arte.
Ahora, Miguel erran zion orduan Aleidak, sería bueno que tú me preguntaras, por ehemplo, si tengo gana de tomar alguna cosa.
Triple sec bat nahi zuen, eta añejo luzea eskatu zuen Migelek. Liburu-denda batean urteak zeramatzala kontatu zion, baina beldur zela ez ote zuten kanpora igorriko berak nahi baino lehen. Akitzeko arriskuan zegoen leinua zen irakurlearena; aldizkariei eta ikasleendako fotokopiei esker bizi ziren. Ogibidez aldatzeko tenorea ez ote zitzaion heldu ari zen hausnartzen azken aldian eta, korapilo hori askatzeko sosegu bila, bidaia bat egitea egoki izaten ahal zela deliberatu zuen.
Izarren azpiko solasean, osabaren galdea egin zion Aleidak.
Nortasun handiko pertsona ez ezik hitz aspertuan jarduteko ere mintzaide ezin egokiagoa iruditu zitzaiola eman zion jakitera Migelek.
Un buen jodedor erran zuen ilobak.
Migeli ohiz kanpoko adierazpena iruditu zitzaion osaba batendako, baina irri egin zion erizainak; solasean ongi konpontzen zen edozeini deitzen zitzaion modu horretan Kuban. Adieraren nahasteak eragindako giroan, maitasunari buruzko kontuak ere azaldu ziren eta, galdera zehatzetatik urrun eta erantzun garbirik gabe, bihotzean maizterrik ez zeukala adierazten saiatu zitzaion bata bertzeari. Aldamenekoaren gezurra sumatzen zuen Migelek, baina bera ere tranpi koxkorren bat gordetzen ari zen; egiak denbora behar izaten du azaleratzeko, eta zerbitzaria bueltan zetorrela probestu zuen denbora puska batean isiltzeko.
Edariaren bizigarriak konfiantza eman zion Aleidari, eta Arsenioz gainera aspaldiko asaba zaharrak ere hartu zituen ahotan. Asturiasen jaioa zuen amaren aitona, eta ez zuen zahartu nahi itsasoz bertze aldeko familia ezagutu gabe.
Nahiz urrun samarretik abiatu, Migelek ez zuen bere burua asmo ezkuturen baten aldeko sareetan nahasirik ikusi nahi, eta bere itzalaren azpian galdu zen ezarian. Istant bat bertzerik ez zuen behar izan Aleidak lagun berria zertan zebilen jabetzeko. Aspaldi zekien landareak ez direla tiratuagatik goizago heltzen; beraz, hedatu berri zuen jokaldia gibelera bildurik, No es fásil erran zion, zeren...
Tú sabes..., sin este terronsito de asúcar, lehos de mi cocodrilo verde, debe de haser mucho frío.
Aitzina zihoazen orduak, eta Migeli akidura ari zitzaion metatzen, baina handik lekutzeko gogorik ere ez zuen. Bazekien giroaren berotasun lodiak ez ziola gau hartan lo hartzen utziko.
Aldian behin ordu txipiren bat jotzen zuen katedralaren dorreko kanpaitzarrak, eta hotelera itzultzeko autobusik gabe geratu arren, ez zen sobera larritu. Etxera erretiratzerakoan, kortesiak agintzen duen bezala, lagun egin nahi ziola erran zion erizainari, eta denboraren axola gabe abiatu ziren elkarrekin. Azken tragoa proposatuko zion ostaturen bat zabalik harrapatuz gero, baina denak itzalirik zeuden orduko.
Trocadero karrikara iritsi ziren eta, zopa-ontzia irudi zuen balkon dotore bat ikusitakoan Aleidaren etxeko atarian zeudela konturatu zen. Ez zuen zintzilik gelditu nahi, eta taxi bat bilatzen hasteko tenorea zela aipatu zion.
Incapturable irri maltzurra sortu zitzaion erizainari ezpainetan.
Debaldetan zebilela konturatu zen Migel. Oinez abiatu bertze erremediorik ez zeukan, eta patuaren eskuetan utzi behar izan zuen bere burua, zeren...
Etxean ba omen zegoen lekua franko, eta igotzeko gonbita egin zion Aleidak.
Irrikatzen zegoen, baina plantak egin zituen, alegia, ez zuela konpromisoan paratu nahi. Hotela, gainera, ez zegoen hain urrun. Urrats bat gibelera eta aitzinera bi egiteko prest zegoen Migel, baina erizainak ez zion astirik eman, eskaileretan goiti eraman zuen besotik heldurik.
Eskuak sakeletatik atera eta besaulki batean jesarri zen Migel, gauzak argitu zain. Aleidaren portaera aztertu nahi zuen nola jokatu deliberatu baino lehen. Etxera heldu bezain fite, ordea, komunera sartu zitzaion, eta asmatu ezinean ibili zen. Kokotsa igurtzi, izterrean hiruzpalau zarta eman eta zurtzuilean bildu zituen besoak nagiak kentzeko. Sofaren gainean etzatea ere otu zitzaion, baina ez zuen nabarmen gelditu nahi, eta Partagas bat piztu zuen.
Amaiezina gertatu zitzaion egonaldia eta barrandan ibili zen. Noizbait ate kirrinka entzun zuen, eta zimikoa sortu zitzaion zilkoaren gibelean. Pausoak aditu zituen gero eta hurbilago pasilloan barna, eta aldizkari baten babesean gorde zuen burua Migelek. Ustekabean harrapatu dutenaren plantak egiteko prest zegoen, baina abiatu aitzin egongelako argia itzali zion Aleidak eta, begiak goratu zituelarik, oinutsik, atearen erroan zeukan zain.
Escucha, chico, como ya tú no te des prisa...
Eskerrak eman zizkion zeruari ilunpetan egon izana, zeren...
Ez zuen ispilurik behar izan gorri-gorri zegoela jakiteko eta, bere onera etorri zelarik, etxeko maizterra ez zegoen atean.
Ausardi hondarra bilduz, erizainaren gibeletik abiatu zen, argia pizturik zeukan logela bakarrera.
Ekialde urruneko irudiz apaindua zegoen bionbo zahar baten bertze aldean ezkutuka zebilen Aleida. Etxeko patioan arropa zintzilikatzen ari balitz bezala, blusa, galtzak, bularretakoa eta kuleroak paratu zituen bederazka bionboaren goiko ertzean eta, aldian behin, oin bat, belauna, ukondoa uzten zuen agerian.
Aguarda un tanto, Miguel proposatu zion bihurri, que ya tú vas a ver cómo adivino el color de tus matapasiones.
Acabo de comprármelos en unos almacenes, cerca del Malecón.
Entonses es fásil. Sólo hay seis modelos en venta, que yo sepa.
Elastikoa erantzi zuen Migelek; nahi baino denbora gehiago eman bide zuen ahaleginean eta, burua lepotik atera zuelarik, biluzik agertu zitzaion parez pare. Pauso bat eman zuen aitzina; gerrikoa askaturik zeukan orduko eta, bidearen erdian, orkatiletara irristatu zitzaizkion galtzak. Igarkizunak atzendurik zeuzkan, baina erizainak ez zuen parada alferrik galdu nahi izan, eta jolasari jarraitu zion:
Lo mismo da que hagas trampas, mi amor.
Irritsaren mugetan, ez zegoen galtzontziloen kolorearekin distraitzeko moduan, eta ez zion sobera kasu egin. Ohantzean sartu eta, elkarren usainekin mozkorturik, zirrara luze baten zurrunbiloan murgildu ziren, desioaren mende zamalka. Emazteki guziak ez dira berdinak, zeren...
Inolako zalapartarik gabe hasperen egiten du batek, eta bertzea, aldiz, irudi du gertakaria irrati bidez ematen ari dela.
Aleidak, olatua lehertzeko zorian, aparraren gozotan ezin laketurik, ¡sándalo! erraten zuen behin eta berriz:
¡Sándalo seleste!
Sosegu hartu zutelarik, bataren besoa bertzearen bururdi, nor bere baitara itzuli zen. Ez zion sandaloaren berri eskatu; biharamunean ere edukiko zuen aukerarik. Baina oheratu aitzineko igarkizuna ere argitu zain zeukan, zeren...
Ez zitzaion buruan sartzen planteamendua.
Nola asmatzen ahal zuen ezagutzen ez zuen zerbait? Urteetako ezjakintasuna baino samurragoa omen da istant bateko ahalkea; beraz, loak hartu baino lehen, bere galtzen azpiko misterioaren berri galdetu zion.
Irratia entzuteko eta hotsa grabatzeko ere balio zuen traste zaharra zegoen apal baten gainean, eta hura pizteko agindu zion Aleidak. Ohantzetik jaiki eta play zanpatu ondoren, berarengana itzuli zen azalpenaren esperoan. Ezkutukoak argiturik, ikuskizuna errematatzeko giro egokiaren bila zebilela uste zuen Migelek, eta bolero, mambo edo bertze salsaren baten zain geratu zen, baina ez zegoen halakorik. Aparatua abian, ohaidearen ahotsa ezagutu zuen orkestra baten ordez, eta bere irri maltzurrari begira hitzok entzun zituen:
Se me hase que son..., asul seleste con estreyitas plateadas.
Izarrak lokatu eta lurrak ikaran paratzeko moduko harridura egin zitzaion keinuan, nahiz eta ez zegoen zertan Sherlock Holmes izan hainbateko korapiloa askatzeko. Aski izaten ahal zen galtzak behar baino beheitiago edo elastikoa behar baino goitiago eramatea galtzontziloa agerian uzteko; baina zer arraio egiten zuten hitz haiek grabagailuan gorderik bere zain? Ihardespenaren premia nabarmendu zitzaionez begietan, hitza atera aitzin muxu batez mututu zuen erizainak. Arrunt unaturik omen zegoen eta, Mañana, Miguel erran ondoren, bizkarra eman zion.
Argia itzali eta denbora puska batean ez zuen loak hartu. Aldian behin automobil baten argitasunak harrapatzen zuen gela barnea, eta Aleidaren gorputz beltzarana uzten zuen agerian. Berari bezala giroari ere izerdi fina zerion, eta arnas sosegatuak gau osoarena irudi zuen. Ez zekien zein ordutan bizi zen, baina ez zuen ematen hainbertze falta zenik eguna argitzeko. Leihoak ikusten uzten zuen zeru puskan beltzak urdin bihurtzeko zorian zeuden, eta distira galtzen ari zitzaion izarren zilarrari.