Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

9

 

Tenorez jaiki zen hoteleko bufeta probesteko asmoz. Denetarik jan eta edan ondoren irten zen karrikara, bapo, eguzkiaren erasoa hasi baino lehen. Aberriaren aldeko eslogan biribilak eta irudi galantak ikusi zituen hormetan nabarmen, baina merkatu librearen paradisuan ez bezala, apenas ageri zen iragarki komertzialik. Erregimenaren ezaugarri izaten ahal zen, edo jenero faltaren ondorioa bertzenaz.

        Dendak bakan eta aukeran murritz iruditu zitzaizkion kontsumoan hezitako kalekumeari. Espaloiz espaloi ibili zen luzaro erakusleiho bakarra ikusi gabe, etxeetako behe-solairuetan ere jendea bizi baitzen Habanan. Ile zuriko emazteki beltzak eta pergamuzko aitona zimelak zebiltzan burdin sareen gibelean etxeko lanetan edo egunkaria irakurtzen.

        Aldian behin kafez betetako zakutzarren bat edo lihozko soineko zuriren bat azaltzen zitzaion bidera, eta estanko dotore batean ere eman zuen denbora-tartetxoa tabako usainaz gozatzen.

        Itzalpetik karrikara irten zelarik, eguerdiaren zama jausi zitzaion gainera. Argiaren dardara atzematen zuen urrunera beha, eta aihotzarekin urratzeko moduko aire pisua zegoen giroan. Izerditan blai heldu zen hotelera. Ez zegoen goseak, eta kafetegian sartu zen bazkaldu gabe. Añejo luze bat eskatu zion zerbitzariari. Cohiba mozkote bat erre bitartean, siesta koxkorra egin eta arratsean Habana Zaharrera joanen zela deliberatu zuen. Hurbil hartan, ordea, norbait zebilen bere bila eta, burua itzuli zuelarik, vermouth batido baten aitzinean, bakarrik, Maria Josefa ikusi zuen. Ordubete zeraman bertan. Ailegatu bezain fite harrerako apalategian begiratu zuen, baina Migelen gelari zegokion gakoan ez omen zegoen giltzarik, eta telefonoz behin eta berriz hots eginagatik ere inork ez zion erantzuten. Arraro samarra iruditu zitzaion eta, badaezpada solairura abiatua zelarik, hoteleko poliziak ez zion igogailuan sartzen utzi.

        — Estoy hasta la crica de tanto pendeho —erran zion haserrearen sutan kiskaltzen—. Nos tratan como si fuéramos escolares.

        Ilea kizkur eta harro, ardoaren koloreko atzazalak, hildakoak pizteko moduko lurrina zerion. Egunkari puskekin jositakoa irudi zuen soinekoa zeraman gainean. Hurrengo hitzordua bi egun geroago zeukaten Marianaoko jatetxe batean, baina bertze zerbait sortu omen zitzaion, eta arratsaldeari zer edo zer kentzeko asmotan zetorren Migelengana, zeren...

        Gelan aireztailurik ba ote zeukan galdetu zion Maria Josefak.

        Helikoptero baten tamainakoa bazuela azaldu zion, eta hozkailu txipi bat ere bazegoela edariz gainezka.

        Ez zuten artabururik atzeman bidean. Igogailuan sartu zirelarik bizpahiru katu ikusi zituen Migelek harrera-lekuan bazkalondoko kuluxkan erdi-lo, eta bere solairura heldutakoan, berriz, txoriak zebiltzan aire zabalean, txioka, hotelaren hegaletako pasilloetan barna hegan.

        Aireztailua abiarazi zuen, baina ez zuen argirik piztu nahi izan. Oinetakoak erantzi eta bainugelako galdea egin zion Maria Josefak; espaloietako galipota bigundurik zegoen beroarekin, eta takonak gobernatu ezinik ibilia zela erran zion. Itzuli bitartean, zumitzezko bi besaulki egokitu zituen bazter batean, eta iragan eguneko ikasgaian noraino heldu ziren saiatu zen oroitzen. Istant baten bueltan zeukan irakaslea aldamenean. Zigarroaren keari begira, aspaldiko filosofoa ekarri zuen mahaiaren ingurura, zeren...

        Aristotelesen liburua galdu eta zenbait mende geroago, arabiarren bitartez heldu zen halako batean —erdia, bedere— Arte Poética bedeinkatu hura kristauen artera, baina garai hartako itzultzaileak ez omen ziren arras fidagarriak; beraz, gaur egun ezagutzen dugun bertsioa, Maria Josefaren ustez, urrun samar ere egoten ahal zen jatorrizko lan hartatik.

        — Un buen día, tú sabes, ayá por el siglo XVI, a un tal Ludovico Castelvetro se le ocurrió abrir la obra del gran filósofo, pero la interpretó, más o menos, como se le puso en la pinga.

        Edan berri zuen pattarrarengatik, beharbada, edo bazkaldu gabea zegoelako, logalearen arriskua sumatu zuen Migelek. Hozkailura hurbildu zen erremedio bila. Bulgariako ardoa, Txekoslovakiako garagardoa, Kubako rona eta Sobiet Batasuneko xanpaina erakutsi zizkion bisitariari. Ikasleak aski zuen garagardo hotza, baina Maria Josefak nahiago zuen xanpaina, eta, kortesiak agintzen duen bezala, lagun egin behar izan zion.

        Interpretatzen jakin ez zuen irri susmagarria eskaini zion Maria Josefak, tentagarri, ezpainekin. Idor zeuzkan Migelek bereak eta, trago bat edanez, begietara behatu zion zuzen, zer pentsatu jakin gabe.

        Solasaren haria berreskuratu ezinik ibili zen irakaslea tarte batean, baina sasian endredatzeko beldurra egin zitzaion Migeli eta behakoa aldendu zuen gaizki ulerturen bat gertatu baino lehen.

        Teatroaren bidera itzuli eta etengabeko inguru-minguruetan zorabiatu ondoren, Ludovicoren berri eman zion Maria Josefak. Hiru lege nagusi ezarri omen zituen maisu zaharrak eta, tamalez, ia inork ez zion aurka egin. Europan bezala Ekialdean ere asmaturik zegoen orduko teatroa, baina aspaldi hartan inori ez zitzaion burutik pasatu ere egiten Mendebaldearen mugetatik kanpo kulturaren aztarrenik egoten ahal zenik.

        Una lástima.

        Elastikoaren besapean gero eta zabalago ari zitzaizkion bustiduraren aztarnak nabarmentzen Migeli, eta bigarren larruazal bat irudi zuen Maria Josefaren soinekoak bizkar aldean. Ez omen dago premia bezalakorik irudimena zirikatzeko eta, hozkailuaren atea ireki zutelarik, freskura ez ezik, beroa ematen ez zuen argi-puntu bat erantsi zioten giroari.

        Aireztailuak sargoria barreiatzeko bertzerik ez zuen balio, egia errateko; horrela, bada, barnean botila epeldu baino lehen, xanpainarekin bete zituzten kopak berriz ere. Irri egin zion Maria Josefak begiekin, eta bertze pixko bat edan behar izan zuen Migelek zer egin deliberatu bitartean, zeren...

        Antzerkiarekin zerikusirik ez zuen zerbait zebilen giroan, eta susmoak gero eta nabarmenagoak ari zitzaizkion bihurtzen; beraz, ozar eutsi zion behakoari; mugaren ertzean, ordea, gibelera egin zuen irakasleak, eta solasera bueltatu ziren.

        — Unidad de espasio, unidad de asión y unidad de tiempo —omen ziren Castelvetroren ardatz errebesak, eta laburbiltzen saiatu zitzaion.

        Adibide bat eskatu zion ikasleak, eta erantzun baten ordez, bertze galdera batekin ihardetsi zion Maria Josefak:

        — Ya tú debes haber visto un gran film de intriga que, si mal no recuerdo, yeva por título La soga.

        — John Ford —menturatu zen zalantzan.

        Ezetz adierazi zion keinu batekin, eta isil-isilik gelditu behar izan zuen zuzendariaren izena entzun arte. Izenburuak western baten oihartzuna zekarkion oroimenera, baina ez omen zen, eta zekorraren moduan harrapatu zuen laxoan. Migel asperturik zegoen hainbertze galderarekin, iruditzen zitzaion trufa egiten zuela bere ezjakintasunaren kontura, eta nekez eramaten ahal zuen bere amorrua disimuluz.

        — Alfred Hitchcock —bota zion xake-mate emateko bezala—. ¡Un cabayo!

        — Ese señor vestido de negro, que cuando menos esperas, aparece en sus propias películas.

        — No es el único. También a Velásques le gustaba salir en sus obras, o a Servantes en sus libros. Pero a lo que íbamos...

        Egileak bere karreraren hasmentan egindako filma zen, zuri-beltzean, eta James Stewart aktoreak egiten zituen detektibe lanak.

        Ohi bezala, hildako bat dabil bazterrak endredatzen eta, kasu honetan, bi lagun gaztek egin bide dute krimena, etxean berean, lagun arteko besta batean bildu baino zertxobait lehenago. Intriga areagotzearren, salan dagoen kutxaren barnean ezkutatzen dute gorpua, baina, jakina, ikerlariak —gaizkileen tutore ohiak— korapilo errazenetik hasi eta mordoilo errebesenak askatu ahala, gorpua, zauria eta arma uzten ditu agerian. Egilea oraino egongelan dagoela frogatzen du gero eta, azkenean, noiz, nola, zertarako eta nork egin duen azaldu ondoren... aretozainari deitu eta argiak pizteko baimena ematen dio.

        Azken batean, betiko trikimailu poliziako nahasia bertzerik ez zen; ez zuen gehiago kontatzerik merezi, baina hiru legeak betetzen omen zituen guztiz eta, Maria Josefaren uste apalean, bertze adibide paradigmático bat zeukan Migelek begien aitzin, zeren...

        Castelvetroren arabera, antzerki bakoitzak historia bat eta bakarra kontatu behar zuen eta, hori gutxi balitz, ez zuen egun bakar batetik goiti irauten ahal. Obrak, ezta hori ere, eta gainera, agertokiaren esparrutik kanpora jalgi gabe.

        Apartamentu baten muga barnean grabatu omen zuen zuzendari potoloak bere «soga» osoa; beraz, pozik egoten ahal zen Aristotelesen epigonoa bere ausardiarekin. Etenik gabe, antzekorik ez duen kamera-lana bitarteko, segidan filmatu eta josturarik ez zeukan sekuentzia luze bat bertzerik ez zuen behar izan eta, ondorioz, ekintzaren batasuna ere betetzen zuen; nahiz eta zazpikiren bat edo bertze azpijokoren bat nabarmentzen saiatu behin baino gehiagotan.

        Irri egin zion Maria Josefak, sudurrarekin oraingoan, baina hasperena ere izaten ahal zen, eta Migel lenteak garbitzen entretenitu zen, irakaslea bere jardunera itzuli arte.

        Era berean gertatzen zen hirugarren legearekin ere, zeren...

        Grabatzen emandako denbora filmaren iraupenarekin bat zetorren doi-doi, hau da, ordu eta hogei minutu, edo, bertze modu batean errateko, abiatu aitzin xehetasun txipienak ere programaturik zeuzkan zuzendariak eta, sosik sobera ez gastatzeagatik, beharbada, ez omen zuen zeluloide metro bakar bat xahutu.

        Ustekabean harrapatu zuen Hitchcocken zekenkeriak, baina aitzakiarik gabeko adibidea zen, eta Migelek ez zuen ulertu bertze erremediorik izan.

        Hitchcockek film hartan egin bezala, garai bateko antzerkigile gehienak —inuxente halakoak— Castelvetroren bideari jarraitu zitzaizkion mendez mende. Baina, hala ere, sekula ez da ardi errebelaturik falta izan lurraren gainean: 1930. urtean edo, Baliko dantzari batzuk heldu omen ziren Parisera, eta zalagarda piztu zuten antzerki giroan. Antonin Artaud izeneko aktore gazteak gidatzen zuen aldi hartan Alfred Jarry taldea, eta txunditurik geratu zen emankizuna ikusi zuelarik. Urrundiko ekarpen iritsi berriaren argitan, guztiz erratua iruditu zitzaion Mendebaldean urratutako bidea, eta 1938an liburu bat eman zuen argitara, Le theatre et son double, lege zahar guziak hankaz goiti paratu zituena.

        — El asunto es que el fransés se lió tremendo canuto con las unidades de Castelvetro —azaldu zion gogaidetasunik ezkutatu gabe— y le prendió candela.

        Asiako hegoaldera abiatzeko gutizia egin zitzaion aktoreari. Agi denez, ez zuen behar bezainbat sos bildu, eta Mexikora aldatu behar izan zituen asmoak. Aristoteles, Castelvetro eta konpainiaren berririk gabe aspaldiko ohitura eta bestak gordetzen zituzten leinuak ezagutu nahi zituen, eta Tarahumara izeneko batekin egin zuen topo. Eskarmentu eta ezagutza berriz gainezka itzuli zen indiarren artetik, eta Parisen bertze liburu batean eman zituen argitara.

        Viahe al país de los tarahumaras —zuen izena—. Pero tú debes saber también otra cosa.

        Aunitz urte geroago, mendeak hiruretan hogei urte baino gehiago zituelarik, Bartzelonako etxe batek aipatu liburua argitaratu zuen. Francoren diktadurari ez bide zitzaion gustatu, eta debekatu egin zuen. Are gehiago, zeren...

        Nahiz orduko hilik egon, idazlea bera deitu zuten auzitara.

        — ¿Imahinas a Antonin Artaud —erran zion irri maltzur bat ezkutatu ezinik—, tremendo surrealista, por sierto, muerto de risa en medio de semehante comedia?

        Aharrausia egin eta zurtzuilera eraman zituen Migelek eskuak, nagiak ateratzeko ahalke balitz bezala. Ez zekien noiz eta nola, baina bazekien non amaituko zuten. Hasperen egin zuen gero Maria Josefak, eta ahulezia susmagarri bat nabaritu zitzaion begietan. Hala ere, Castelvetro zeukaten oraino lekuko, eta ikasgaia burutu beharra zegoen.