Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—20—

 

Mauleko Gaztelu gainetik aire freskoa zetorren, baina lainoen artetik arratsapaleko ekia erregin zegoen. Martxoan egunak luzatzen zihoatzin. Ameztoi zaharrarekilako hitzordua seietan finkatua genuen aintzineko neskenegunean, Europa ostatuan.

      Eguteran jarri nintzen, tenorearen haiduru. Parean neukan Urdiñarbeko Maskaradaren iragarkina begiztatzean, zin egiten nuen, hurrengo igandean Mauleko plaza arrosean frisat iruten eta prediku zorrotz eskaintzen ariko zirelarik, joanen nintzaiela ikustera. Txülülaren arra-entzuteko lehiaz nintzen, udaberriaren jitea itxuratzen bailuen. Mundu aiherkorrarekin bakea sinatzeko estakuruz, behin betikoz.

      Xiberoan —etxean...— sartuz geroztik, zainak anpletu zitzaizkidan, eta egoera lasaikiago nakusan. Gaxurenganako amodio antzuen horbainak ahanztear nindagon, aste baiezkorra bizitu nuela erantsiz. Ordea, oihanean zehar ahosabairatu herioaren kalzio-gustua ez zidan edaten nuen Irulegiko ardo eztiak ezabatzen. Hortzetan bermatzen zen kalzioa. Izpirituan. Giñarretan. Esku ahurretan. Kalzioa orotan. Untzia, urperatze zorian utzi nuelako Donapaleuko gau-zurian, kontzientzia txarra hazten zitzaidan bihotzean. Dudaz beterik nintzen. Gogoa etziko maskaradaren alaitasun ankerrean uztartu nuen.

      Zetor eztulkariaren herots engoitik ezagunak inharrosi ninduen. Ameztoi horretxetan zegoen. Traturra meriaren ondoko aparkalekuan pausatu zuen gizonak, eta matoaz lagunduz, tabernako aixolberantz hurbildu zen kezkati.

      — Ba düzüa berriagorik? —galdegin zidan ahots hautsiz.

      — Ba Jauna, ba düt zerbait. Burrat bat eskentzen deizüta?

      — Plazereki. Non da ene emaztea?

      Eskakizun zaluegia tilingatu nuen. Bizkitartean, solasean ari zen zerbitzariaren denbora terrentaz baliatu nintzen beste bi «gorriren» manatzeko. Kontuarraren gibeletik kasko-pelatuak ekarri godaletak bisean bis edukitzean hitzari ekin nion:

      — Atzaman düt Maiena, Gixunen, Tastuan.

      — Gixunen? Zer ari da han?

      — Erretretan düzü, bizi osoa lanean erauntsirik.

      — Eneki egon ba zen, ez zizün lan beharrik ükenen!

      — Ba pentsa! Zutaz oritzen dela erran ditazüt.

      — Nitaz? Zerendako ez da jin Sarrikotarat orduan?

      Ameztoi samurtzen zen. Ez nekien zer egin uholde berriaren jabaltzeko. Ixiltasunaren leihoa ideki nuen, eta zenbait minutaren buruan gizona bere hatzetaratu zen:

      — Bena?

      — Utz nezazü mintzatzerat pürü! —jaukitu nintzaion, eta zirudienez Ameztoiek entelegatu zuen.

      Kondatu nion, Gaxuren presentzia aipatu gabe prefosta, Donapaleutik Gixunerainoko bidean ikasia oro, nola Tastuako sukaldean agertu zitzaidan hainbeste aldiz kurutzatu Felixi Suhasti hura, hondarrean, Maiena Ameztoi iheslaria zela.

      — Semerik ba düa? —moztu ninduen laborari unatuak.

      — Bai, bat, Petteko, Ilarren ezkontürik dena.

      — ...

      — Pettekok ondokorik ez dizu.

      Tristura irakurri nuen Ameztoiren begitarte xifrituan. Ahal izan balu, une hartan etxean telebistaren atzean gorderik zatxikan akordeoia hartuko zuen, ahaide minkor baten jotzeko. Ordez, mahainean behatzak mugitu zituen, bakardadearen attabalaren gisa.

      — Ungüruko bi laborari handiek partekatüko ditizüe beraz ene lürrak, hiltzen nizanean. Etxaua saferaren eskü dükezü: ez dizüe besterik egürükitzen, hil nadin, hil nadin...

      — Ez zira hortan ez orano!

      — Tzai ene ehortzetetarat.

      — Bai, jineko nüzü.

      — Jakiten ba düzü...

      — Xiberoko Botzean erranen dizue bai arauz!

      — Han, segür, erranen düela.

      Ameztoiek basoa kluk batez hustu zuen. Hari so nindagon. Adin batetaratzean, jendeak munduaren kitatzeari pentsatzen zion, erdainurik gabe, bizitzeari uko eginez, egunerokotasun dorpeaz axolagabeturik. Munduarekilako urruntasun naturalak hotzez emokatzen zizkidan zainak. Ikara kukutu nuen. Gizona zutitu zen.

      — Pakatü behar zütüt.

      — Otoi! Ez düt deusere nahi!

      — Bena bai, haurra, nahi zütüt pakatü!

      Ameztoiren larderiaz lotsatu nintzen eta haren urratsetarik jalgi nintzen ostatutik. Zetor traturraren parera heldu ginen. Ogi zaku bat igitzen susmatu nuen, eta gizonak zakua oparitu zidan.

      — Oizü, zurentako!

      Zakuaren barnera behatu nuen. Bildots bat bazegoen, eta bildots amoltsuaz gain, Sarrikotan hain estimatu nuen etxeko ardoz bete botila bat. Bildotsak trabatuko ninduen arren, ez baitzen baratzerik alokatzen nuen egoitzan, esker-milaka plegatu nintzaion, ardoa zela medio sustut:

      — Ez düzü zerik gaixoa —ihardesten zuen Ameztoiek.

      Mututasun hunkigarria autoen azantzek baizik ez zuten nahasten. Tipus-tapas traturraren ttottoan finkatzean, Ameztoiek hitzegin zidan:

      — Ez ditazüt mentüraz oro salatü, bena lan hona egin düzü.

      — Heltübada...

      — Zinez.

      Hits neukan golkoa. Izpiriaia alan. Ordea, moturra turtur-tur piztu zen Zetorra bidean bultzatuz. Keetan desagertu zen Ameztoi akitua, bakardadez okitua. Nere eginkizuna horretan bururatzen zen, eta arin sentitzeko partez, pizu neukan gogoa. Bildotsa besapean —Jinkoaren bildotsa... urrikal Jauna!—, pentsamendukan, Peko Arrüaren 76. zenbakian zegoen nere bulegora bideratu nintzen.

      «Urrikal zakizkigu» errepikatu nuen, bildotsa bulegoko jargiari estekatu nuelarik. Hazinda umila, lurrean hazkaokan ari zen aztaparrekin. Nonbait min nuen. Halarike, larunbat hartako Egunkaria hostokatu nuen, telebistako kroniketan asti gehixot galduz, eta iduriz jostari zabilan bildotsari, irakurri arau, orrialde zatiak emanez. Paperak muturraz xitxikatzen zituen, eta ixtant batez, Mauleko burgesen moldean, nere burua neskenegün arratsaldez Peko Arrüan paseiatzen imajinatu nuen, soka baten puntan Ameztoiren bildotsa neramala.

      Agerinde surreaslistegia zela konsideratu nuen, eta kabalea anaiari eramaitea erabaki nuelarik, bortako xilintxak jo zuen. Aulkian plantatu nintzen:

      — Aintzina!

      Hitzak ahotik jazarri orduko, Jeff ikusi nuen bulegoan sartzen. Sekula baino ederrago zetorren Jeff, eta haren beso debekatuen eremuan gerizatzera joaiteko punpea ezeztatu nuen nigan. Erabateko ofiziozkoen moldean, bostekoa tinkatu eta arrunt gaiaren gaxura pirtzikatu genuen:

      — Bon, Jeff, Mauleko Xardoi markako oskiak Gixune Tastuako Aturri ezponda-mihian deskargatzen ditizüe. Gero Amikuzeko oihaneko txabola batetan izenez kanbiatzen.

      — Alabadere...

      — Bai, eta kamionez karreatzen hebenko üsinalaino!

      — Ez düt ahal sinesten.

      — Ata...

      — Ez nizün uste heltüko zinela?

      — Hara...

      Hitzaroa mandotu zen. Jeff so zegokidan. Sohakoaren geldoaz lotsatu nintzen, eta gelako armairu apalean zegoen whisky botila erditaratua argira ilki nuen.

      — Zer eginen düzü.

      — Herotsa! Herotsa! Denek orok jakin dezaen!

      — Ttilika bat nahi düzüa?

      — Bardin ba.

      — Barnearen epeltzeko!

      Godaletak antzutu ziren. Jeff aditu nuen:

      — Goazen Arkadetarat aihariterat...

      — Arren...

      Paltoa jaunstean, Jeffek ideia ona zuela niolarik, bulegoko atea giltzatu nuen.

      Peko Arrüan ginen. Gazodükaren hirian plantatzeko lankien gatik, karrikan ibiltzean, ziloker eta lohi-ixtiluer kasu eman behar genuen. Jeffek kondatu zidan, Maule gazestatzeko obretaz gain, Mitikilen ari zirela hodiaren pausatzen, eta saldoan Mitikileko nekazariek, hedexuriz inguraturik etortzen ziren Ansopose enpresako mekaniker oldartzen zarraitela. Mauleko huxer edo Etxahun-Barkoxeren kantoreko «sarjant» ezagun batek irakurtzen omen zituen, poliziek lekuak hutsarazi baino lehen protestazaleen bareiatzeko eleak. Estado zentralaren indar errepresiboek zailtasunak bazituzten mekanikak enpantxatzen zabiltzanen tapalakatzen. Gisa berean, zion Jeff ezin ixilduak, Larraine gaineko Burkegi meategietan Gaz-Pars-eko bi kide bazeuden meategiaren ilunean entzerratuak, beti ere helburu berdinarekin. Ordea, bihurtzaleek lanak zortzi egunez gehienez gibelarazten baldin bazituzten, bazirudien «industrial desease» gaitzak akabatzerik ez zuela, eta minbiziaren maneran hedatzeko asmatua izan zela, herrietako bizi-txerto guziak errez. Jeffek hatsa hartu zuen.

      Nehoiz hautemana ez nuen ahaide batetan, gauaren zauri idekiari, ahots ahulez, Jeffek harilkatu zuen «Otea Lili Denean» kantorearen haria. Abestiak Xiberoaren eta Amikuzeren auhena biderkatzen zuen. Izpiritua oihanaren itzal-gune mehatxagarrien pentzeetan alan zabilkidalarik, Arkadetara heldu ginen azkenean, eta jadanik mahainean zeudenen artean gorde genituen gure bihotzen eresi mingaitzak.

      — Zer hartüren düzü Amaia? —galdea bitxiki pausatu zidan Jeffek.

      Menüan txipiroiak beren enkrean bazirela ohartu nintzelarik, ez nuen dudatu, airoski ihardetsi nion:

      — Txipiroiak, prefosta!

      Txipiroi hitzak, pastoral bezpera sargorritsu batetan, Harrielgian, jastatu arrainki «delizius»era eroan ninduen. Erretzeko beroa zen orduan, eta augeran, txipiroien tinta beltz boltsak ilkitzen arizan nintzen, bizkaitar berezilari zenbaiten gidaritzapean, errespetu frangorekin, otoitzean nola, txipiroi bakoitzari «urrikal zakizkigu» deiadarkatzeko keinkan.

      Jeffen begi berdeen kurutzatzeak orainera itzularazi ninduen, debaldezko nostalgietan galtzeko betarik utzi gabe. Ekarri ziguten Errioxako ardoak haroa biguindu zuen.

      Jeff mintzo zen, eta loriaturik hari beha nindagon. Zioen: gu eta gutarrak —gora!— tuc, ces, rmi eta gaineratikoek hazten gintuztela, hilabetero anpera igortzekoak ziren paperak betez, assedic eta urssafen menpeko ginela, bizkitartean, nagusien eta aberatsen jokoa, sistema sozialean, formakuntzan, enplegu-sortzetan diru gero gutiagoren sartzea zela, gobernuak nagusien karguen pagatzea arintzen zuela, ele-zuriz maneatu plan sozialak bideratzen zituztela, sindikaten baimen xoilaz, eta gu pikarrai ginabiltzala, langabetuak latz eta landunak zanpatuak, beldurtuak, izkinetan gordetzera behartuak, orok partekatzekoa genuen emaitza amankonumaren % 90a, jendeen % 10ek bekaizki beretzen zutelako, estadoan, Europan edo munduan zehar, so-egizü gehitzen zuen Jeffek, Bidegain lantegiko 55 langile kanporatuko zituzten, lantegia sano zelarik, alta haurrak ez ziren oinutsik ibiltzen ahal, baina, Maulen josteko ordez, haur-oskiak Asian hanitxez merkeago eraikitzen ziren, eta politikariek? hautetsiek «zen pilixka ez eman nahiz, zer nahi hitzemaiten» zuhurritzaren arabera moldatzen ziren, balizko chips üsinak aintzinatuz. Aterabiderik ez zegoela aitortzear zegoen Jeff. Gizonaren ateka gaitzetik jalgitzeko ez nekien zer egin. Galde inoxenteaz ausartu nintzen:

      — Bidegain sarentako, agian, herriko etxeak zerbait proposiko dizü?

      — Zoinen ameslari ziren Amaia!

      — Zerentako ez?

      — Herriko etxeak betikoa oihüstatüko dizü: Bidegain san ari diren langileak ez direla güziak Maulekoak, eta üngurüko herriek ez ba düe lagüntü gei, Maulek berak ez düala deüs eginen...

      Bai funtsean. Miletan arrazoin zuen ohizko arraultze-ta-xingar milikatzen ari zen Jeffek. Solas berdinak, estakuru gisa, entzunak izan ziren haurzaindegiaren, musika-eskolaren edo nolaz ez! ikastolaren auzietan. Irriño bat marraztu nuen, Jeffen harridura kitzikatuz.

      — Noiz hetsiko düe Bidegain sa?

      — Apirilaren 31an, eguerdi t’erdietan xüxen.

      Ezpainak plegatzen narraikan, irresponsable nintzen bezainbat.

      — Zertako erriz ari zira? —Jeffek eskatu zidan.

      — Ba, ni ere, astelehenetik goiti, auher beit nizate.

      — Baia? Ez nüzü estonatzen!

      — Maddik salatü ditazüt, menajearen egiteko, lantokian, bekanika bat erosi züela, ez dütüzü beraz, ene jats-zale talentüen mengoan...

      — Hara...

      — Tanpis!

      Salbatunea luzatu zen. Gauerdira abian ziren ordularietako orratz nagiak.

      Arkadetarik atera ginen behingoz aserik. Jeff hasi zen berriz, «Otea Lili Denean» airearen xuxurlatzen, eta haizeak buhako arinaz, bultzada eman zion ahaideari. Nigarra begian neukan. Usatuzko bihotz-beratasuna ukatuz, lantegi zaharreko andere-kolegak zerrendatu nituen, astelehenean, errainetarik minez, amodioz arranpaz konkorturik, edo haurrez urgulutan —langabezian ez zituztelako behintzat... Gaixoak han Parisen exiliatuak!— lehertuko ziren, lurraren ustel usainaz jabetu ezinez. Kikizai estofatuak, begi-keinu konplizeak, hasperenak, oporretarako proiekto handiak —aurten Costa Doradara...— eguberriko opari gisa mikro-uhindun-labearen esperantzak, eta... eta... eta... eta... beti sosa aipagai. Nazka nabaritu nuen.

      Jeff nere aurrean zegoen tente:

      — Amaia...

      — Arra-jin nintzan herrira, nigarra nuen begian! —xuxurlatzen nuen.

      — Amaia?

      Jeffen ahorpegi durduzatua ahantzi nuen. Alabaina, Matalaz perspektiba —iturria, arrabotea, herriko etxea eta gaztelua...—, lantzerrak kateastatzen zuen mende urratu hauetan, segurra zen behin baino ez ginela biziko, aukera bakan-a genuela, eta zertarako ez erran aldamenean zabilanari, nola edo hala, maitasarrea zor geniola. Auxenetan gerotik gerora ibiltzean galtzen genuen denbora. Axularren arabera pürü.

      Gerotik gerora iragan artean, langabeziaren on-gaitzak jastatzekoak nituen. Ez nuen gauza askoren beharrik egia erran: adiskide zenbait, amodia noiz-behinka eta aditz mutilatuaren oihartzuna ezpainetan.

      Lurra iraultzekoa zen oraino.

      Axularren arabera pürü.