Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—17—

 

Arrutako plaza ahitu genuelarik goizeko hamekak ziren. Erakusten ez nuen haserreak iraizten zidan golkoa. vttaren gainean Oragarrerateko maldan behera jaustean, abiadura handian, ahalge berriaren hitzak errepikatzen nituen nerener: nitaz trufatu dela... amiñaat... bena trufatu hale... eniz estonatzen... Barneko pikoak hontzen utziz, Auieneko zubian, gibelera sohako bat bota nuen eta ikusi Gaxu doibat urrun zela, patarraren lerrostasunak lotsaturik bezala. Amikuzeko oihaneko kurutzunean igurikatu nuen neska. Samur zen Gaxu sahetsera jin zitzaidalarik hatsanga.

      — Mentsa hiza! Arrunt ehua hiz hi!

      — Ni?

      — Zomat xoxua hizan...

      Bermatu nintzen eta, oharpena antzu bailitzan, bide hertsian zehar abiatu ginen, kiwi peza baten bazterretik pasatuz, oihanean seinalatua zen Bartetako xendraren hartzeko. Bidea, zilokaz betea, gogorra zen, baina kaskora hatsanturik heldu arren, udatiarrentzat plantaturik ziren ttottogi batetan jarri nintzen. Haiduru.

      Zigarreta emekiño bildu nuen. Begiak zerratu nituen: argiak udalatu tauladetan Etxamendi eta Larralde kantari asmatzean, Otsagabia aireak nahasi ninduen. Euskara gaalduuuu, erdaraaa saaaartu zaioteeeee, eeeee, jota zaharra, labanaren gisa, jazarri zen nigan. Mintzairak linboetan ahanztearen alorrean, naski, ulermena zaila zen eta ulertzeak desagertzearen onhartzea ekartzen zuen. Hogenaren laurdena gurea zen, heriotz tiria gure baitan kokaturik baitzegoen baina beste hiru laurdenak? Noren meneko ziren hitzen geroa segurtatzeko ahalmenak? Galdeak galdetegi ziren. Kolera jabaldu zitzaidan. Errudunen bilatzeak ez zuen balio, esku-artean geneukan hizkuntzarekin moldatu behar genukeen, honekin oihukatu, kantatu, negar egin, kexatu, oldartu, dudatu eta azken hatsa aurtiki, zapi zikin baten maneran.

      Oihaneko zuhaitz baten abar buluzienean, martxo hunkigarriko bigarren astean, kukua abeslari hauteman nuen. Zigarreta erhi-puntan trabaturik, geldo geratu nintzen: kuku... kuku... kuku... xoriaren deiarekin batera, inguruko mendi mazeletako iratze eta ote idorrak erretzen zituzten laborariek piztu suek hedatzen zuten usaina zetorkidan. Iraupenaren premia genuen. Labakietan barna «Gaixo Gaxu» xuxurlatu nuen. Arrutako destrenpuaren ondotik, baketzen ari nintzen, herrialdeak jagoitik aski pairatzen zuela nabarmenduz. Gaxurenganako aiherkunde auher bezain sakona desagertu zitzaidan.

      — Holakua bita bizia! —erran nuen zigarreta buhako bat tiratuz.

      Kea, kanpoa ikararazten zuen labakien keari juntatu zen, eta Gaxu hurbiltzen sentitu nuen, akiturik, bizikleta iguñetik zatxikala. Zurezko jargian luzadan etzan zen.

      — Hola bita bizia! —ahapezkatu nuen.

      — Hi! —Gaxu bankatik banpez jeiki zen—. Mentsian hiz eun ala?

      — Argizeitu kanbiua un...

      — Kalma hadi. Jeloskor hiza?

      — Ez, ehadila inketa.

      — Esplikatuko daunat...

      — Zendako... eztezaun beden adixkidantza andea!

      — Ze filosofia! Ze urgulia!

      — Bakiaman. Guazen.

      — Iuka nezan e!

      Erdaraaa saaartuuuu neukan buru zokoan txintxetaturik. Gixunerat bagindoazen, eta baginuen oraino malkar bortitz frango igaiteko. Anartean, Amerikak bihikatzean —Mari Ameztoiren faltaz— arrestarik gabe jaustearen plazerraz gozatzen nintzen, xendra aberasten zuten zilokoketan ez traukatzeko, zigi-zaga zenbait kudeatzen nituela. Arrunt Bartetan ginen.

      Uhane ibaiak alferki urestatzen zituen ihiztoka ohietan zehar ginabiltzan. Errekak gogoa udalatu zidan beste behin. Gaurkoan arto-zango ustelduz estali elgeen ipularretan atzoko etxaldeak huts ziren. Ez zen xorien ttiuttaz besterik aditzen. Uzkinazoak eta pika-beleak eremu hauen nagusiak ziren. Bakarretan miruen eresi mingotsak beha zitezkeen, ungarri metan xirikordatu xixareaz goseti eta gutiziatsu.

      Tratur handi bat zetorren bidetik, aintzineko burdinazko sardea ensilajez kargaturik eta Bardotzeko juntan artzain batek bere ardiak pentzera eramaiten zituen, gogorik gabe, mekanikoki. Bardotzeko plaza ixilpean zegoen. Elizaren maldan gelditu ginen, edateko eta ogi puska banaren jateko.

      — Hea ze hatzemanen duun Gixunen? —elea irun nuen.

      — Ze xekatzen duu justo?

      — Zeit...

      — Akitia hila nun deia...

      — Goorrena itekua diun oono.

      Gaxuk ez zuen segitu. Hatsa ozenki hartzen zuen. vttaren puntara igaiteko keinua marraztu nuen, eta partitu ginen Bardotzeko Postaren eskuinaldetik Gixunerantz.

      Ordurarte ateri egon zen zeruak malkoz busti zuen lurra, eta lurreko bizitzale ginen izaki xoilek ez zuten ihes egiteko manera izpirik. Haizeak ortzeak xahutu bezain laster, eki leinuru ahulak berotu zituen gure gorputz tranxituak. Kulumeko xarak trebeskatu genituenean, beleak zirurikan mirestean, amodio mina iratzartu zitzaidan. Baina, bidea ahuspatzen zuten ote-liliz gorde munho apalak izartzean, berdetasun ikaragarriak kartzelatzen zizkidan begiak. Orlegi eta hori ziren bazterrak. Hondarrean, ahanzmena oparitzen zigun hosto atera berrien zoramenak. Gaxu nere parera hurrandu zen.

      — Bide hau eninan ezautzen.

      — Eza?

      — Ederra un, eztun etxeik e.

      — Basabortu perdiain erdian gitun.

      — Biak bakar-bakarrik...

      — ...ote-lilien erreinuan!

      Bihurgune batetan sanpez gelditu nintzen: beherean bartak lerratzen ziren, eta ortzaizean hain laket zitzaidan Aturri ibaia zehaztu nuen, ilargia bezain zilar, ezpataren iduriko, maitasare nagi bezain zabal. Oroitzapenetan hazkaokan ari nintzen. Abantxu ginen.

      — Zeri so hiz? —galdegin zidan Gaxuk.

      — Han, Aturri, eztea hunkigarria?

      — Ba, bo...

      — Aturri hain hüilan üken eta deüsere eztakigüna.

      — Hara!

      Laudorio unean Aturriz bestaldeko burdinbidea inharrosi zuen bidaialari tren herotsak. Txuku-txu auherraren oihartzuna ordoki idekiak irensten eta zilimandrinatzen zuela, Gixuneko lehen etxeen sahetsetik iragan ginen. Aturri begimentzean gogoa airostu zitzaidan. Ibaia bizi hobe baten amets guzien ama edo amaizuna zen. Aturritik Ebroraino hedatzen zen gure herria, eta urrandiak batera nahiz bestera ixurtzen ziren, lurren zauriak goxatuz aldikal. Aturrik Xiberoa osoa, Benafarroa eta Lapurdi zituen kontsolatzen; Nafarroaz, Bizkaiaz eta Arabaz arduratzen zen Ebro erraldoia, Tuteran gaindi, Tarragona zola hartan delta moldean bareiatzen zena. Gipuzkoak, Kantauri Itsasoarekin zeuzkan harremanak, aparteko probintziaren berezitasuna lantzen zuen bitartean. Aturrik Baiona hazten zuen urez eta gatzez, hiria bataiatzen zuen, herriminaren oligoa gabarretan merkatari zabiltzaner mailegatuz. Gaxuk ebaki zidan «bizi hobe baten ametsa»:

      — Eztuuia bazkaiteko tenoria?

      — Araiz —ihardetsi nion pentsakor.

      Arinki bazkaltzeko geratu ginen, lau platanek mugatzen zuten Gixuneko plazaren gerizan. Lurrean jarri orduko, oharkabean, Gaxuk pott presatu bat eman zidan.

      — Bauna kopeta! Ze aiz?

      — Ze gerta re...

      — Haai...

      Goizeko haserre bulta zikoitzaren ondotik, sahetsean neukan emaztearen ganako suak labakitu ninduen. Itxinduak labean egon ziren, hauskoaren buhako zainarten zain eta pottaren kerrenak hauts lokartua igiarazi zuen. Alta, banekien, bizitzea gibeltoka eramaiten ahal ez zela: musua onhartu nuen, eta Aturri ibaiak luhertza josten zigularik, gure uren geografia xugunaz hitzegin nion Gaxuri.

      Aturri sabel handia zen: txirripaz txirripa, ezkerretik edo eskuinetik, haranez haran luzatzen ziren erreka beti lodiagoetara ur buztintsuak. Ordea, nola sinets txirripa gardenen destinua amor emaitean zetzala, txirripak beharrezkoak zirela, bederazka munho mazeletan ibiltari eta kalakari? Ur abartxoak herrien birikak ziren, eta Akizen barna zarien Aturri kasko-gogorra, Baionan azkentzen zen, hatsanga. Aztertzeko orduan, miresgarria zen ikastea ibaiak haraintzin urrun batetan emendatuagoak zirela, bortu hezeen ugaritasuna lekuko, eta Aturrik egungo Mississippiaren idekidura zeukala.

      Ordea, Pirineoak —gure hitzetako Ahuñamendiak...— su eta garretan eraikitze garaian, errekak xumeagoak bihurtu ziren, lurrak heinez altxatu zirelakoan. Ingurumenari begira hori irakur zitekeen. Ohe berrietan, hargatik, ibaiek ezpondak higatzen jarraitzen zuten, lehenagoko handitasun lehiaz. Uren memoriak, jendeen memoriarekin uztartzen nituelarik, Gaxuren ahotsa zehaztu nuen:

      — Erran, bena, poesia un hoi!

      — Ezetz, plaken tektonika dela.

      — Uste una?

      Ixildu nintzen. Hatsaren eztera urarekin bihurdikatzen zela gogoratzean, zapalketa buluzien aintzineko denboretako populuen arteko azpilduraren nostalgia hantzen sentitu nuen, laguntza dei baten gisa: herenegun geologikoan bat ginen Irlandesak, Galiziarrak, Bretaindarrak eta Euskaldunak. Orduan ordea, izenik ez genuen; izana ere debekatzen ziguten geroztik estado zentralistetako unibertsitateetako jakintsunek historia liburuak idazteko momentuetan. Basta haria usteldua zen engoitik, eta bakarka irauten genuen planetaren sohako zehargi-pean.

      — Arren —Gaxuri buruz itzuli nintzen—, guazen.

      — Ago... Hirekin laket izan nun...

      — Hobe.

      Alaitasun mikatza gordetzen saiatzen nintzen. Batelak eta gabarrak itxuratu nituen Bokaleko edo Baionako itsasahotik gora etortzen, Gixuneko porturaino, Samarkandan zehar kamelu bizkarrez karreatu biper-beltx zakuz nahiz Flandriako Hansean irun oihal-zetaz kargaturik. Xingarrak eta urde haragi karioak —lunka prefosta...— gezaltzeko gatza ere zekarten. Bizitzea ahalezkoa zen.

      Gixuneko portura heltzean untziz partitzeko desira pausatu nuen, arto-bihikaz hazten ziren kaia-xori trebeen hegaletan. Itsas gazien usainaz troxaturik jiten zitzaigun airea, eta buxkando amoltsua ixkilimatzen zuen amodio-minaren gerrian. Erreitia benedikatzen zuen zubiko burdinatan estekatu genituen bizikletak.

      — Uai, noaiti galdein behar diun.

      — Ze?

      — Batelak been zamaz nun ahintzen dien.

      — Nihok eztaukun deus errain.

      — Ikusiko... banko-txartela enekin dinat ddio!

      Etxe bat hautatu genuen. Aterantz bultzatu genituen urratsak kopet-ilun. Jo genuen. Ixtanpaten buruan gizon trakets batek ideki zigun borta, kexu-aire, euskaraz mintzo entzun gintuelarik:

      — Akeste baskurrail! Tujur de prolem!

      — Mantxut?

      — Deja an 37, pir ojurdui...

      — Otoi... nun da lehenoko batelen deskargatzako lur mihia?

      — A kote de Tastua. Tü se kua? Tü se se kon ve?

      — No?

      — La pe, plü de krim, plü datanta, rie, la pe!

      — Ui, ui, zert... Ze u Tastua?

      — Le lon de Adur! Izi ze la Franz! Perdiu! Hildudiabl ho! Atea begitartera klaskarazi zigun gizonak. Harriduraren menpe lehertu ginen Gaxu eta biok. Irri bat eskapatu zitzaigun. Betiko herra jasanaren irri meharra. Elkar maite genuela ageri zen. Zubira bideratzean Gaxuk elea askatu zuen:

      — Tastua, Aturri hegian, laster han gituken!

      Bizikletak libratu genituen eta, Gixuneko portutik pasatuz, Aturri aldera joan ginen ixilik. Kadenaren xirri-xirri ongi oligostatua baizik ez zen aditzen, eta abiadura kanbiatzean, klixk eztia.

      Arratsaldeko laurak ziren. Eguna eurira zihoan.