Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—19—

 

Donapaleuko Aldaka batzoki «abertzale»ko kontuarrean nindagon. Garagardo botoilatxo orlegia eskuetan tinko neukala, ametsari eman nion bidea. Gaxu urrunago zegoen lagun zenbaitekilan elestan, eta bakarrik nintzenez, Guk taldearen haraintzineko kantu ederren melodiak buruan, eguna nola iragan zitzaidan aztertzen ari nintzen... Hortzez Eta Haginez... Lagun Bat zorionez... Aurkituko Dugunez... xuxurlatzen nuen, oihuka beldurrez, eta konturatzen nintzen, Gixunetik Aldaka ostaturainoko denbora tarrapataka higatu zitzaigula.

      Aturri hegia utzi genuen, sekretu frangoren geriza, eta ezagutzen nituen jende askoren bilgune harrigarri, Samatze eta Bidaxunen gaindi, Arrutara heltzeko. Han zeuden gure autoak. Samatzetik Bidaxunera gindoazelarik, vtten gainean ixilik, Herri Hustuen Iparraldeko Sindromeak jo ninduen, artozango hirotuz estali zelaietan zehar, ipular batean edo bestean etxe erorien paretik pasatzean: nehortasunik gabeko etxe horiek garai airosagoen lekukoak ziren seguraski, eta haien sukaldeak geroago Frantzian edo Ameriketan barna bareiatu haurrez mukuru zitezkeen.

      Oroitzen nintzen, behin, nola Oragarre Larraldeko funts abandonatuak bisitatzean, halako agerinde hitsak katestatu ninduela: huntzostoek jan labetegiko hormetan biziaren izerdi zaratatsua aditzen nuen. Zarata baino gehiago, Korsegako Kanta Polifonikoen oihartzunaz betetzen zitzaidan golkoa, negarrari ildoa idekitzeraino. Pariatzen nuen, segidan, ilargi osoko gauetan, etxe horretako jabeak beren eremuetara itzultzen zirela, berriz ere mesturaz ase eta sasien zein naharren mendea madarikatzeko. Momentu haietan banekien polifonia ohiak erlastuak edo arhestuak zirela. Eta haizeak atea buntzetan kurrunkarazten zuen, nere asmakizuna ebakiz.

      Gixunetik Arrutaraino ez nuen Gaxuren botza hauteman. Ba omen zuen aski lan vttaren bulkatzeko ahaleginekilan. Gaitzeko fleitean nintzen ni, arrabazkaz aserik, baina Gaxu meleka-mutur-zuriak ez zuen Maiena Ameztoiren molde zaharreko gosaria jastatu ere. Hainbat gaixto harendako. Aldakan, Gaxuk ez zuen axolarik, mundua lehertzen zitzaiola zirudien emazte batekin elekan ari zen artetik, maitasarrez gainditu sohakoak botatzen zizkidan.

      Gogoratzen nintzen oraino, Donapaleura iritxi ginela, justo «merkatu tenoreko». Zortziak aldera Kolegioko tabernako moleskinezko jargietan pausatu ginen. Jendea tole biltzen ari zen, eta kafearen usain kilikariak batasun linguistikoen itxura hedatzen zuen. Goilareak kikera hegian jotzen zuenero, biarnesezko «qu’et aprei»ak kaskoinezko «hildu-diabl ho» eta euskarazko «alaxinkua» hitzekin nahastekatzen ziren, jendarte ahantzien mintzairek gugan nostalgia hazi artean. Mahain peetarik ilkitzen ziren xitxa eta gita umeen piupiuen musikak. Urrunean, ostatuko atea zabaltzen zenean, ardi edo axuri marraka bat nabaritzen genuen. Herots umilek burzoraturik bezala, amoros, Gaxuri beha egon nintzaion. Goizeko ordu rnalgoa hautatu zuen neskak erraiteko:

      — Baakin, gordezka iiltzeko ta, eztin balio.

      — Zek?

      — Ba, gu bien lotura hunek no, bena seur izan hadi...

      — ...ez dizudala iñoiz gezurrik esan...

 

            ...zaude ziur ezin izango zaitudala ahaztu iñoiz

            aitortzen dut izan zarela ene bizitzaren onena

            baina orain maitia lehen bai lehen aska gaitezen!

 

      — Ehua hiza? Ze aiz kantuz?

      — Aire eder batez apaintzen dinat une gogor hau!

      Irriz hasi zen Gaxu, «aitormenaren» zamaren dorpeaz libratuaren gisa. Lana, heinbatean, erraztu niolako zoriontsu nintzen, eta pozik berdinki Maiena Ameztoi kausiturik, Felixi Suhastiren trastuez itxuraldaturik. Emaztearen aulkiak eta binperrak zilaturik, gainera bozkariatzen nintzen binperraren zati baten ezkutatzeko nuen erabakiaz. Min aski bazegoen lurraren azalean, minduria lagun proximoaren bihotzetan txertatu gabe. Bestalde, kafea arraiki hurrupatzen zuen Gaxuri, nola agertuko nion nere sentimental-politiko-kultural eginkizunak abestien bidez jasangarriagoak bihurtzen zituela Hertzainak taldeak. Ez zuen ulertuko menturaz, deusik ez zegoenean, esperantza hurritzen zenean, kantore bat aberastasun erraldoia zela, nehork ebasten, pribatizatzen, monopolizatzen ahal ez zuen altxorra.

      Aldaka batzokian gutizia piztu zitzaidan: gazteiztarrak entzun gogo nituen. Baina Jojo eta Ramuntxoren zinta ezarri zuen zerbitzariak. Josu Muguruzaren oroimenezko ahaideak taberna keztatua bete zuen, mendeku latzaren antzera. Eresiak ukamilak tinkarazten zituen, «...ezin dugu hori onetsi!» errepikatzen genuen, zintzurrak kordokaturik.

      Garagardo bekaitz bat manatu nuen, eta Gaxuren etxean gastatu nuen arratsaldeaz pentsatzen hasi nintzen. Dutxaturik, orduan, Jeffi eta Mailuxi telefonatu nien, beren susmoak baieztuz espartin-trafikoari buruz. Biek auhaitera gomitatu ninduten. Pettekorekin denbora gehiago iragan nuen:

      — Bai, ama hatzeman datazu beaz, nun bizi da?

      — Gixune-Tastuan, Aturri hegian, etzitu sekulan ahantzi!

      — Uste nien, errana zatazien, hila zela...

      — Ez, izakozu bisitaño bat, kuntent ukezu.

      — Xahartia duaike.

      — Ehe, azkar tzu oono, izpütia erne alo!

      — Mertzi hanitx.

      Pettekok segunda parrasta bat eman zuen, telefonaren besagiaren pausatzen. Arrunt, ordea, linea hutsik zelako seinalea behatu nuen. Tristuraz hanturik —hauxe bizitzearen malur gordina!— eginbeharrak konpliturik, Gaxuren apartamenduko kanapean luzatu nintzen, loaren haiduru. Orlegitasun hezearen amets hatsangaren hegalek deika iratzarrarazi ninduten. Gaxu nuen sahetsean.

      — Ze aiz?

      — Ametsa! Hatsa! Itotzear nintunan! Oihenian!

      — Auxilik, kalma hadi, otoi, ura ekaiko denat.

      — Hiltzear...

      — Ametsa ametsa bezik eztun ddio.

      Begi ziloak torratzen nituen, eta ura kontre-zilo irensten zuenaren pare, urmaeletako jori ilunegia botatzearren eztulka ari nintzen. Antsiaren ziztek larrua ikarazten zidaten.

      — Xiberoa ments dinat, Gazteluko Ikurrina!

      — Sarri juain hiz, nahi baun.

      — Seidan.

      — Aldakara abian gitun gaur.

      — Ah!

      Errealitatera jautsi nintzen. Eguna azken eki-orratzek argitzen zutela oharturik, Gaxuk auhari arina apailatu zuen biendako.

      Aldakako gela hertsian nindagon orain, Kaxianoren dantza-aireak barne thepoa balakatzen zuela. Kontuarrean zutik, ideiak naikatu nituen. Adineko gizon baten aldamenean nintzen. Gizonak ardo gorria edaten zuen, eta hutsak godaleta kartzelatzen ziolarik, behatz puntaz perekatuz mintzo zitzaion bitrezko gauza uhargiari:

      — Ni nuk! Haui! Anua haui otoi! Enuka ezautzen!

      Gizonaren soak nerea kurutzatu zuen. Moltsa ideki nuen eta gizonarentzat xopina bat eskatu:

      — Oizu, Jauna, eazu...

      — Bain aspaldi enutela Jauna deitu...

      — Zue osaarrirat!

      — Hi! Hi! Anua! Jin hata engoitik!

      Solasak murritzak ziren. Ahoak emana ahala hargatik, gizona kantan lehertu zen, begi izkinan malko ahalgegarria zangopilatuz:

 

            Sortu niz Amikuzen oihenen artean

            Muga bat omen dela dioten partean

            Iraztor eta xarak diren bitartean

            Eskuara gal ez dadin gure uhartean

                  hatsa ekartean

                  gure jendartean

                  hor bizkitartean

                  plazer ezartean

            Denek irauten dugu ixil anartean

 

      Gizon izen-gabearen ahots hautsiak zauritzen ninduen. Hitzak betikotzat zizelkatuak nituen kaskoaren egurrean. Gizonaren koplak nereak —Gaxurenak ere nolazpait— ziren. Mihiak bapatean vodka doblea galdetu zidan. Zintzur-iraizaira desiratzen nuen, gizonak bigarren bertsoa iharrosi zuelarik:

 

            Jotzetik gelditzean kaiolan bihotza

            Jinen denean bihar gure ondikotza

            Emaiguzue berriz eremu zorrotza

            Arto elgez estali Amikuze hotza

                  Betiko atrotza

                  Elearen motza

                  Irauteko lotsa

                  Errekan izotza

            Nahi dut herioan herri honen botza

 

      «Herri Honen Botza» errepikatzean, Otsagabia ahoskatu nuen, Amikuze Aintzina Bizi erakundearen bestan aditua, Xiberoan noizdanik ez nintzen sartu kalkulatuz. Heriotz-Hurranaren ingumak haizatu nitueneko ohartu nintzen, Aldaka jendez mukuru zela, eta sahetsean nuen gizona nonbait, perekatzen zuen basoan agian, urturik zabilala.

      Santxo —kamioi gidaria...— Gaxurelikan solas eztika ikusi nuen, eta papoan, jeloskeria xoilaren zimikoa jasan, haragia urratzear. Begirada Donapaleuko ikastolako iragarkin batetan tilingotu nuen, memoria zihikatuz: komunazilo ixtorioa batengatik 1977an nahi ukan zutenean Amikuzeko ikastola zerratu Seaskaren aldeko lehen manifestaldiak hiru mila pertsona bildu zituen Baionan.

      Hogei urte berantago, «herri honen botza» prefabrikatu zaharkituetan preso zatxikaten, Amikuzen bai eta Xiberoan berdin, «herri honen botza» hegatza noiz buru gainera eroriko zain zegoen Donapaleun eta Maulen zango-sagarretaraino bustirik uhar bortitzetako egunetan. Lekukoak ginen. Zor zitzaiguna ere ez ziguten emaiten, sasipublikotasunaren izenean ezetz zioten, zenbaitek publikotasunaren ahalak desbideratuz, sakelak lotsagabeki betetzen zituzten bitartean. Beste vodka zehargi bat eskualatu nuen.

      Mozkortzen ari nintzen. Mozkorrak matelak berotzen zizkidan. Gaxu xekatzen nuen orotan, mintza-guraren hedatzeko. Hitzegin beharra neukan, behar-gorria. Agian oporretara joanen nintzen laster, herioaren muinetik ahal bezain urrun, gaztetasuna indar errepresibo gisa erabilia zen Kaliforniara, edo Arizonako zein Koloradoko basamortuen bakardade bakunaz gozatzera.

      Egunkariak idekitzean, arrakasta eta gloria aintzinatzen zen guneetara eskapatuko nintzen, hemengo astekarien dolorearen ahanzteko: «Ilabete hunen 9an, goizari buruz, exti-extia, pausatu da, 86 urtetan, Mendi-Bixtako Xantxo... Zonbait egun lehenago, ezagutza osoan hartuak zituen sakramenduak...» Vodka kluk batez ahoratu nuen, mihipean eta zintzurrean behera freskuraren hazle. Xiberoalat nahi nuen. Zale. Zalu.

      Aldakatik atera nintzen tipus-tapasean, Gaxu Santxorekin etxeratua zela ohartu nintzenean. Aldakako atean elkarri musuka ari zen bikotearen kontra mustupilka lehertu nintzen. Murtz-murtz ozenak hautsi nituen, eta neska ez zen sobera kontent:

      — Ti vua pa ukua?

      — Mua?

      — Ue, me te Amaia tua?

      — Ua...

      — Ti se, te nül, ti vua, te halü!

      — Halü mua?

      — Halüzina kua; tü me rentr didan!

      — Presan nun!

      — Ta xarrrabia, fo borroke ozi, bataile, ja le bul ti vua.

      — Ddia? Depüi kan?

      — Depüi ka ja süi ervenü da Parri.

      — Desole!

      — Ja le bul ti vua.

      — Okey, okey, salü.

      Eskapatu nintzen, neskaren hiraren ondorioetaz beldurra nabarituz; honek ere erranen zidan aspalditik banekiena, heinbat nül nintzela. Anarkista-burgesak bere gizona arratinkatu zuen, eta argi zurbailetan mutikoaren ezpainek neskaren mihia bilatzen zutela ikusi nuen. Kasu egiten ahal nukeen naski, jendeak kupleak sustut kuskatu baino lehen, baina vodka goxagarriaren meneko nintzela onhartzekoa nuen. Teiebixtek —625 lerrotan...— egunero erakusten ziguten amodio zoriontsuaren eredu monolitikoa ahantzi nuen eta, trixtura batek kateastaturik, Thiers karrikan barna abiatu nintzen.

      Astiro-astiro urratsek espaloi bustiak aztalkatzen zituzten. Aurpegirik gabeko herrialdean banindoan, aurpegirik gabe, ahurrik gabe, ahotsik gabe, gerorik gabe orozbat. Burgesiak turixtak erakartzearren, zuela bizpahiru urte, Mixel Etcheverryren zintak jartzen zizkigun, eta gaurkoan garai aldaketa susmatuz, Hirigoyen anaien kantuez hornitzen zituzten hiriko bozgaragailuak, ilusioaren oraino errealago sortzeko. Euskaldunari debekatzen zitzaion bizitzea, non ez zen turixmoaren onetan. Paisaiak eta ahaide tipiko-progresistak baizik ez zituzten zilegitzen. Oroitu nintzen, gauaren minean, behin, Izturitzeko harpeetako haiduru-gelan sartzen zuten gure herriari buruzko bideoan ez zela begitarte bakar bat ageri, irriz edo negarrez, bakar bat ez. Otsozelaiko ziloan ez zen euskaldunik, kromagnon arrunt bat eta olentzero txarpil bat salbu. Gaineratikoa gastronomia zen: han ikus azaloreak! eta han urdaiazpikoak! horretxetan antzera gibelkiak!

      Ukatze historikoak gohaintzen ninduen. Tripak aurdiki nituen Thiers kalearen erdian, gorputza husteraino. Hezurrak gelditu arte. Gu desterruan, presondegietan, langabezian, ahalgetzen, gosetzen eta vodka merkez egarritzen. Ixilik, Maiena Ameztoi maneran. «Urxo xuria errazu» kantua altxatzen bide zen, noiztenka, ilunaren zerrailuetarik, genozidio gerizatuaren kontrako konzientzien ahots xumearen pare. Erresistentzian aterbetzen ginen bizkitartean. Eta Gaxu... Gaxu... Gaxu... Astebete abantxu iraun zuen maitasun herbaila.

      Xiberoalat joan behar nuen. Agudo.