Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—8—

 

Xiberoalat abian nintzen. Musu hezearen ausikiaz oroitu nahi nuen luzaz, eta arto-zango hirotuak mirestean irustasunaren aitortzekotan nintzen. Haize hegoak bailakatu azken urriaz geroztik ez nukeen gisa horretako arintasunik gozatu. Gaxu laguntzale prestua zen eta elkarrekilan laket ginen. Autoan «Oi Zuberoa» xuxurlatzen nuen, begi urdinen gutizia hasperen bakoitzean bermaraziz. Ordea, mendi lerro misteriotsuetarik urrun nindagon, Gaxurekin hitzartu bezala Sarrikota-Pean gelditzekoa bainintzen.

      Sarrikota-Pea zinezko muga zen: hor, gaineratiko lekuetan euria zenean, ekia agertzen zen zeruen jabe edo, alderantziz, lantzerra hasten zen eztiro, edo Euskadi Irratiko «Ordu Txikietan» emankizunaren oihartzunak desagertzen ziren, Daniren solaskideak huts erraldoira lerraraziz. Egin Irratiko «Igo bolumena» marmarika uhintsua bihurtzen zen hor, Sarrikota-Peko mugan, eta Xiberoko Botza alde guzietarik entzuten.

      Haraintzineko igande goiz batetako Maiteren sukaltarau bereziaz —intzaur saltsa ote?— gogoratu nintzeneko, Sarrikota-Peko plaza grisean nindagon. Ezantza saltokian aterbetu nintzen.

      — Ameztoi Jaunaren etxea? Nondik?

      — Arrüeko hegian düzü, exker har ezazü eta gero münho batetan agertüko zaizü.

      — Esker mila anderea, banoazü arrunt!

      Fiat garajea baino lehentxeago zegoen bide-kurutzunean ezker bihurtu nintzen, eta banindoan, duda menperatzen saiatuz. Bizkitartean, Gaxuk ber gauza egitekoa zuen Undureinen eta sarri biltzekoak ginen berrien batzeko.

      Berantetsia baizik ez nuen une hura. Anartean, atertu zuen, eta autoko leihoa apaldurik, bedats - udaberri - primaderako bazter usantsuetan itotzear nintzen. Mendi umiletan ote-lili eremuak hedatzen ziren, tustaka, inguruaren alaitzeko moldean. Grisa, herriko plazakoa adibidez, horiarekin ontsa ezkontzen zen. Denbora banuen. 4L-a geldiarazi nuen ipular batetan, eta zigarreta bildurik emekiño-emekiño behatz artean erre zitzaidala konturatu nintzen. Ote-lilien usaina itxuratzen narraikan, eta bihotzeko sentimendurik garratzenaren usaina zitekeela susmatzen nuen. Ortze apainduak eder zitzaizkidan.

      Hilabete zenbaitez gazteago nintzelarik, zerupe iheskor berdinaren gerizan, Sukozeko hilerrian azaroa harilkatu zuten harrabots nahasietaz bete zitzaidan burua: orduan, begiak altxatzean, kurloak amiratu nituen, hegoalderako ibilaldi maitagarrian zuzenka hegaldatzen. Martxutatik Behauzerantz zihoatzin karrankalari, eta hotza hotzari teman zabilala, sinetsi nuen ni ere airez joan nindadikeela hegorantz.

      Hego ametsak uxatuz, bideari arralotu nintzaion. Bost kilometra banituen jadanik konpliturik. Eskuinaldean zen etxe muntto batetara heldu nintzen. Han galdegin nuen Ameztoi Jaunaren funtsetarainoko norabidea. Andere lotsati batek ihardetsi zidan:

      — Ane pa d’izi.

      — Redios —ahoskatu nuen xoilik, autoan kokatuz, kexuaren kexuaz.

      Auto kaxkarra patarretan nekatzen zen, eztulka hasten eta moturra berotzen zitzaion. Desesperatzekoa bazen. Baina, zail baldin bazen zail, ez nintzen etsitzen. Sekulan. Arratseko amodioa hitzemanik baitzen. Arrüeko norantzean itzaturik, maldatxo baten gainean, etxe-ttipitto-aitzin xuri bat, lau haitzondoren erdian, iturriño bat... Hura zela segur nintzen. Lobiroan utzi nuen lohiztatu 4L gaixoa.

      Otarrez setiaturik zen Ameztoiren etxaldea, eta zakurrak zaunka gorrian, muturrean behera tua zeriola, etxeko nagusiari iragarri zion nere hurbiltzea. Mainkuka jin zen atarira. Maulen ikusi nion matoa zeraman eskuan, Irriño baten marra irakurri nion ezpainetan.

      — Arrestiri hon, begi-beltx!

      — Bai zuri ere parte hon jauna!

      Borta doi-zabaldutik behiak marrakaz aditu nituen. Barrukuaren aire tepoa jasan nuen aldi berean. Gogaidura keinua manazkitu nukeen, ezen Ameztoiek segidan sukaldera gomitatu baininduen.

      — Tzai.

      — Horra nüzü.

      Lobiroan metatzen ziren laborantxako zernahi tresna hutsal: dailuak, golde nabar herdoilduak, aheak, belar itzultzeko eta nailkatzeko mekanikak, burdinazko errotekilako orgak dimuñ hautsiekilan, uztarriak eta kraxturuak tilingo, pierrotak, ur geldo ustelez bete askak, aitzur-pikotak... Zerrenda luza nezakeen oraino, ez baninduten arnes majiko horiek guziek nere haurzaroko «etxera» pentsamenduz eraman. Hor zeuden lanabes bakoitza zertarako zen banekien, eta gainean ziztaka ari zitzaien herdoilak gure mendea ere kateastatu zuela aitortzekotan nintzen. Ameztoi jauna, nuen begiruneaz harritu zen.

      — Zer düzü bazart horri hola so?

      — Destera higatua ere etxeki duzu?

      — Eta bai, norat urtukiko nüan bada...

      Egiaz, ez nintzen arraposturen baten emaiteko gai, eta kasik Ameztoi jauna eskertzear nindagon, oro artoski zaindu zituelako. Maulen sortuko zen Ondarearen Etxean lekutuko zirena tresna hutsal hauek guziak? Galderak galdetegi, axola guti nuen ondareaz, batez ere euskara oinarrizko ondare bizia zela ahanzten zuen jakintsunen munduaz. Ameztoi jauna ixilik zegoelarik, oilategirateko eskailera pean kofoin zilatua harrapatu zukeen nere soak.

      — Eztia egiten düzüa?

      — Ez, ez orai ez, zaharregi nüzü laneko.

      — Behiak jeisten?

      — Ba, ene doia.Tzai sükalterat!

      Ezkaratzean, berdinki, izerdia kopetetan perlarazten zuten tramankuluak baziren: uztarri uhalak eta aberestalgi plegatuak, akuluak, suburdinak eta kerenak, neurri orotako bertzak, dupinak, kokelak eta pegarrak oilar koloredun moldekoak.

      Ametsaren hildotik Ameztoiren urratser segituz, sukalderateko lau ozkak iragan nituen. Sukaldea iluna zen. Lehenagoko auger edo baxerategian, ura koteraka erortzen hautemaiten nuen, eta ur kotera bederak kasko-hezurra altzeiruzko oihartzunez zaplastatzen zidan. Jantokiaren kantuñ batetan jarri nintzen. Jabeak ardo botila atera zuen armairutik eta bi godalet pausatu zituen mahainaren erdian.

      — Etxeko ardua düzü.

      Ezkaratzean ez nuen brentsarik edo zoanarik ikusi. Atrebentziaz hitzari eratxeki nintzaion:

      — Nongoa?

      — Auzokoa, amiñi bat mingar düzü, etxekoa izaitez.

      — Prefosta.

      Ameztoiek arradan bete basoaren laurdena brauki hustu nuen, iragan nostalgikoaren berriz jastatzeko gisan. Urtero, larrazkenean hautina - aihena - mahastia - miñhardia - miñabesia maldan behera larrutzen genuen, han ere, eta miñataren —lehen arnoa...— edatea amodioarako lehen hatza aurkitzearen parekoa zen, beldurrarekilan, eskuartean zarta zitekeen desira biribilaren antzekoa. Ahosabaia zihikatzen zuen, misteriotsua zen, ezezaguna, mikatza bezain karatsa. Ohartu bide zen Ameztoi jauna ene pentsamenduaren daldaraz eta eleari lotu zitzaion:

      — Ordüan?

      — Ordüan zer?

      Urrun nintzen. «Maite zaitut» ahoskatze ahalgekorraren ikara etxeko «lehen amoaren» hurrupatzeari eransten nion, basoaren xurgatzeari. Gaztain erre zinpartatsuak janez eraiki lurraldean nindagon oraindik.

      — Ordüan? —Ameztoi ez zen bere ideiatik kantitzen—. Maiena?

      — Jüsto! Haren arrastak atzaman ditizügü Donapaleun. 1925eko uztailaren 4an, De Saint Martintarren neskato sartü zenean...

      — Bizirik düzü beraz?

      — Hori, haborokorik ez dakizügü orano, ari gutüzü...

      — ...gütüzü?

      — Bai. Adixkide batek eskükaldü bat emaiten ditazüt. Adixkide segürrak!

      — Hobe!

      Ameztoi jaunak nere ganako zuen iduripen baiezkorra ez nuen andeatu nahi. Elkarren onhartze sakonaren giroa lantzea zegokidan. Solasean narraikan, nabela-ukaldika, min zaharrak idekiko nituelako sentimenduarekin.

      — Non ekuratü zen Maiena, ezkont-gaü haren eta üztailaren 4a artean?

      — Orai hilik düztüi, ahal deizüt salatzen: Itorrotzeko küsünaren etxaltean.

      — A?

      — Maienak haurrik üken düa?

      — Ez beit dakit...

      — Nolaz ez dakizüla?

      — Dagün neskenegüneko hitzartürik gütüzü...

      — Bai, bixtan dena, bai.

      «Etxe-Arduaren» gostuak aho-gaina kilikatzen, eztiki udalatzen zidan. Gizona, heinbat baketurik, neri beha zegoenean godaleta arra-bete nuan eta klika batez agortu.

      — Zer trenpüa! —harritu zen Ameztoi.

      — Behar, eta beharko...

      Ameztoi supazter zokora abiatu zen. Errautsez eta Herria astekari metaz kukutu telebistaren gibeletik kaixa beltz bat ilki zuen, irriño bat ezpainetan:

      — Egürük...

      — Zer düzü hor?

      Uste nuen harma edo zerbait horrelako jalgiko zuela itzaleko zama hartarik. Ideki zuenean, arraposki, italiar markako akordeoi astuna agertu zen, eta Ameztoiek uhalak bizkarrean bilduz «ixil ixilik dago...» itsasturien kantua jo zuen. Burua ezker eta eskuin makurtzen zuen, noizean behin haren begiek nereak kurutzatzen zituztela.

      — Laket zaiztia?

      — Izigarri.

      Ezkoxidurik izan arren, Ameztoi donado - karlos - mutilzahar higatu zen, eta egunerokoaren alegeratzeko menturaz, musikan jartzen zuen fedea. Musikak lauzkatzen ote zion hatsaren iraunahia? Ote-liliz edertu heniko bazterrak gogoratu nituen.

      — Beste emaztegeirik edüki düzü?

      — Bai... Bena, xangreak hüstürik joan zitazün...

      — Parka!

      — Iragana düzü.

      Noski, iragana zen, edo hobekiago erranik, iragana baizik ez zen, urteetan zehar ihardokitzeko, iraganaren zatirik latzenak bederen ukatzekoak baitziren. Maite nuen mendeen higamenak larrantzi jendeen itxurazko axolagabetasuna. Libertatearen seinalea zen. Ameztoiek akordeoiarekin tematzen zarraikan.

      — Dantza piko franko ba düt eskentürik, nik, honeki!

      — Baia?

      Ahots hautsiz kontatzeari ekin zion:

      — Azken aldian, Mauleko ikastolaren XX. urtebürüko apairüan nündüzun...

      — Ontsa jan, ontsa edan, ontsa oritü, hunkigarri züzün bai...

      — Han zinena?

      — Bahai...

      — Nigarra begian nizün.

      Barra-barra ari zen Ameztoi. Bapatean, bestarik besta zabilan elaldia abandonatuz, ordulariari behako bat bota nion, eta arrunt presan nintzen, Gaxurekin neukan hitza ez hutsegin beharrez. Mahain izkinatik zutiturik, Ameztoiek akordeoia supazterrean pausatu eta ezkaratzeko bortaraino lagundu ninduen. Berantetsia bailitzan, despedida hatsanga luzatu zidan:

      — Neskenegün arte ordüan, tzai etxealaino!

      — Nahiago düt Maulen!

      — Biba.

      Xuxurla lerratu zen, eta lobiroko nahas-pila zeharkatuz, autora heldu nintzen. «Zergatik nigar egiiin» linea melodikoa buruan biribilketa eroan bazabilkiola oraino 4L-a piztu nuelarik. Moturraren iratzartzeak irratiari herotsa oparitu zion eta Euskadi - Ekidazu honen xarma finkatzen zuen zurrunbiloan urtu nintzen, bideak bideari atelatzen ninduela.

      Tenorez behar nuen Donapaleun. Xiberoalat jinez geroztik, «heinbat berant» irixteko ohitura hartua nuen, nardaturik bainintzen hitzarlekuetan beti «besteen» haiduru arto bekandatzen artzeaz. Gauza guti errespetatu arren, orduari kasu egiten nion, Maulen ohatu arte behintzat. Gaurkoan amodioaren deia mintzo zitzaidan, eta banekien Gaxuk goaitan egoitea hastiro zuela.

      Seiak ziren xuxen, Sarrikota-Peko plazara itzuli nintzelarik, buruhunean zizelkatu «xehetarzün» balios zenbaitekin. Egiaren erraiteko, gogoa airos nuen, Ameztoi jaunaren «etxe-ardua»ren zimizta etilikoak zirela medio. Etxarriko patar zabaletan argizpi batek trebeskatu zidan izpiritua: hara, erkatzen nituen «etxe-anoa» eta «txakoliña» biak baitziren, nere gostuko, maitasun buluzirako gomitak. Hara, errepikatzen nuen, eta eskuinaldean ohartu nintzen, munhoen erdian, errekaño baten xirripa kartzelatuz, udaran arto hazitakoaren urestatzeko aintzira bat zilatu zutela kartierreko nekazariek.

      Maiena Ameztoiren ixtorioa debalde utziz, pentsamendua lerratu zitzaidan beti bezala: aski ontsa nabarmentzen genuen laborantza mota horrek, ibaiak lehortzen eta lurrak zitaltzen zituela, gerorik gabekoa zela gainera. Arto hazitakoaren ekoiztea adibidez, herenegun ogiarenaren gisa, desagertuko zen, enpresari erraldoien errentabilitate sareetan kokatzen ez zelako. Imajinatzen nituen elge denak, sojaz, araxidaz, marmaroz edo eguzki lorez ereinik, nekazaritza industrialaren ereduer jarraikiz. Zertarako ez kotoinez landatu eremuak? Betiko esklaboak ginatekeen, artoarekin zein kotoinarekin, gutien pagatzen zuten lanetan ariko ziren anaiak, ahizpak, jendakiak, azkaziak, auzoak eta herri osoak. Zakuak bizkarrean dilindan, ekipean, larrua erretzen, heren-mundutar guzien maneran, izerditan, kantatzen ahalko genuen geroan ere:

 

            many rivers to cross...

 

      Egarriak hila nintzela jabetu orduko, Donapaleu sarrerako bide-juntan nindagon, eta duda azpilduz hirirantz bihurtu nintzen, Salbatarre ezker abandonatuz.