Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—9—

 

Kennedy ostatuaren aintzineko mahain erronda batetan jarririk zen Gaxuri buruz joan nintzaion, autotik jautsirik, ahal bezain laster. Bospasei segundaren beranta nuela nabari zen, eta Indurainek Romingerri ebatsi zizkion 42ren kasuan nola, harro sentitzen nintzen ordea. Barkamena eskatzeko kinkan nindagolarik, Gaxu aulkitik zutitu zen.

      — Tenorian hiz no!

      — Baia? Uste ninan...

      — Ta ba! Baduia zeiten hartzeko aizinaik?

      — Araiz ba.

      Seiak pasatuxeak ziren eta De Saint Martintarren jauregian zazpietako beharrak ginen. Garagardo baten edo biren hurrupatzeko astia bagenuen, eta atertu ere ez zen euriaren laguntzarekin gero abiatuko ginen Auzitegiko Karrikan zeuden handiki haien ikuskatzera. Gaxu parean nuen, eta erraiak berriz desiraz koropilatzen zitzaizkidan. Hasperen etsitua eskaini zien Gaxuk uhar temazuer:

      — Guazen bameat!

      Bata besteari so ginauden ixilik. Zer erran? Nondik hasi? Gaxu tabernako leihotik kanpora beha zegoen. Gaxuren begien urdin eztian bermatzen nituen nereak, eta saiatzen nintzen inguruko elementu natural batekilako parekotasuna bilatzen. Urdin arraroa zen. Urdin arina. Kasik uhargia. Azkenean, erabaki nuen, urdin hura hain laket zitzaizkidan apirilako zeruen kolore berdinekoa zela. Oroitzen nintzen, Massena etorbideko bide kurutzean, Ivrytik heltzean, noizean behin hiriko ortzaiz mugatua gisa horretako urdinezkoa zela. Martxo hastapena izan arren, apirilako ortzeen lehiaz, mututasun koropilatsua hautsi nuen:

      — Urdinaren edertasuna...

      — Zer derasan hik?

      — Hie begien miresle nun...

      — Kotxinos! Ta lana?

      — Ba, preseki, zeit ikasiuna?

      — Ta hik?

      — Erran hik lehenik!

      — Ale...

      Irriño bat marraztu zuten Gaxuren ezpainek. Hitz xerkatzen ari zen, gure mintzairak gogo onez oparitzen zizkigun hainbeste «aukeraren» artean. Egoeraren aipatzeko ehun mila ahalmen bagenituen, eta bilatzearen bortxaz, «lur jota bueltatzen ginen» eleustasunera. Bapatean «Bueltatu» pentsatu nuelarik, gogora jin zitzaizkidan behin Egunkaria-n irakurri euskaltzain baten solas zuhurrak: «Hizkuntza nazionala egin behar badugu, ez nago prest Iparraldera hizkuntza espainiarraren eramaiteko...». Amiñi bat errudun nintzen, dudarik gabe, «bueltatu» burutu zitzaidanean, baina zerbitzariaren hurbiltzeak nere pentsaketa linguistikoak ebaki zituen:

      — Bi garagardo.

      Ddestuka manatu nuen, bi behatz erakutsiz, badaezpada. Neskatoxeak planttan ulertu zuen. Kontent nintzen. Ulertua izaitearen zorionak behialako erruduntasuna ezabatu zuen nitan, eta mentalki euskaltzainaren kopeta txalotzen nuen. Gaxuk, zirudienez, hitzak hautatuak zituen:

      — Izan nun Aipazarrotarren etxen, ta han erran datane etzutela Maienaren berririk aspaldi huntan, ezkundu zela ta desagertu. Itorrotzeko kusinaren ganat bildu umen zunan...

      — Ba, hori bera salatuatan Ameztoi jaunak.

      — ... ta izan nun Itorrotzen. Aipazarro zaharrak señalatu lekian huntzostoek ietsi harri metaat bezik eztinat hatzeman!

      — Ordian?

      — Ago, ikusi inat aizoko etxekanderia, ta zeiten jakinian zunan...

      Gaxuk, Colombok bezala, jean-eko gibeleko sakelatik karnet ttipi bat ilki zuen, eta orrialdeak itxulikatuz, hasi zen kondatzen:

      — Emazte hua, ohit dun, haurra zukenan, bena ohit dun...

      — Zertaz?

      — Ba, Iabarneat, goiz batez...

      — Harri meta haen izenaun duaikae?

      — Bai... Iabarneat jin zela neska gazte lerden bat, mihisiak bezein xuri, trenpu txarrian, hantik fite usu ikusi zela Itorrotzeko Jauna Iabarnian, ta gio fama kurritu zela Donapaleuko maasin batian sehi hartu zutela...

      — Baha... i. Hiru hilaatez eon zunan beaz Iabarnian?

      — Itorrotzeko Jaunak, Oiergin dien etxalde batetan ezarri zinan, ta hantik Donapaleurat...

      — Seur hiza?

      — Bixtan dena! Oiergin geindi iili nun atsalde ootan!

      — Alabade! Ta?

      — Han e etxian ordez harri meta bat. Ta hik?

      — Pundu berian gitun, ingurukan; Donapaule artio baakine, ddio fritsik ez, etzauna drole hiri?

      — Hatzik eztiun no!

      Gaxu zinez kezkatua zen. Karneta plegatu zuen, eta zegoen tokian kokatu. De Saint Martin anderearekilako solasak agian zerbait ekarriko zigun. Esperantzaz beterik, bi garagardoak ordaindu genituen.

      Errepublika Plazan ginen berriro, eta Auzitegi Karrikara makurtzeko orduan gelditu nintzen. Maite nuen Gaxu. Amodioaren zurkaizteko agian ez zen arrazoin baten premiarik. Arriskuaren hegian konturatzen nintzen, Su ta Garren emanalditik landako dantzen berotasunaren ondorioz, Gaxutik demendrena urrun, bakartzen eta haren sahetsean segurtasun pilixkaz jabetzen nintzela.

      — Datz lov’... —murmuzikatu nuen, eta Gaxuk ahurra sorbaldan pausatzen zidalarik, urratsa arinagotzen zitzaidan.

      De Saint Martintarren jauregian ginen. Allande Oihenarten omenezko oroitarria irakurri genuen, eta harriturik ikusi gure jendeen gazteluak Xiberotar ospetsuaren hegazpe berdina zuela.

      — Alo...

      — Haundikietan gitun ddio!

      Txilintxa jo genuen. Sehi arropetan bezti zen neska batek ideki zigun atea. Lorez galanki apaindu lobiro batetan sartu ginen. Sehia mintzatu zen:

      — Iuka! Nor ziztela erran behar dakotet?

      — Amaia Ezpeldoi eta Gaxu Pekotx —ihardetsi zion Gaxuk.

      Sehia, arrunt abiatu zen baratzean barna. Ez ginen batere egokitzen gaztelu ttattunaren munttoari. Arras trapuak ginen. Jendehasak. Gaxuri so egin nion. Karkazail ixiletan lehertu ginen.

      — Ez giniena aldatzia hobeko?

      — Ederragoiik baduia?

      — Horiun no!

      Irriak sartu genituen sehiaren gibeletik, eguerditan mintzatu emazteak bulkatzen zuen paralitiko aulki batetan, andere higatua etortzen miretsi genuelarik. Errealitatearen egiazkotasunetik kanpo ginen osoki. Zangoak apurtuak zituen emaztea eleari uztartu zen:

      — Ze ne parl an bask kavek...

      — ...me doberman. Egizu kaalak bagina bezela!

      Ez nuen zailtasun handirik susmatu emazte maikatuaren hitzen hurrentzeko. Doi bat kexu nintzen ordea. Emaztearen botzak nere haserrea kolokatu zuen:

      — Lukuzeko Jaun Konteen harikoa niz, Nafarroako Erregeen ondokoa!

      — Gaixo Nafarroa, paralitiko aulkitan! —gaineratu zuen hiski Gaxuk.

      Tristura zerbait irakurtu nuen lagunaren ahorpegian.

      — Charlotte De Saint Martin niz —andereak hizketan zarraikan—, eta hau Marie Sophie, alaba!

      — Gau on —erran genuen biek, eta nik bisitaren haria ehun nuen segidan:

      — Maiena Ameztoi...

      — Bai, baakit zendako hor zizten, ahalgea ekani zien gue etxeat!

      — Non da uai?

      Etxekandere gazteak lau keinuz sukaldera bidali zituen sehiak, eta larruzko jargi oparoetan ttottoarazi gintuen.

      — Auhalduko girea?

      — Ez, ez, presan gitzu.

      Gezurra zen, baina hatsa nekez hartzen nuen, eta arrats osoa kabale gisa tratatua izaiteak nere urgulua kolpatzen zuen. Gure ezetzak Charlotte afruntatu zuen.

      — Alo, auhalduko zizte guekin, ta heen lo inen, gue gumitak zizte!

      — Baginakien noizbeit nahaskeria jinen zitzaikula! — erantsi zuen Marie Sophiek, etxe-zola begiztatuz.

      — Bakea bezik eztugu nahi —gehitu zuen, sehier lekua utziz, mahaina zilarrezko baxeraz estal zezatentzat.

      Gaxu pentsamenduketan itorik zen bitartean, egongelako hormak kukutzen zituzten liburu-apaler beha nindagon.

      — Maite tzu liburiak? —galdetu zidan Charlottek, paralitiko kaderako errota ezinago ontsa urinestatuen gatik, hurbiltzen ere entzun ez nuenak.

      — Bai —matela xifritu eta inkietaren gana itzuli nintzen—. Heinbat, bai...

      Arrapostuaren emaiteko unea luzatu zuen Charlottek:

      — Ba, uai eskolan ikasiik, denek leit dezakete!

      — Dolu uzia?

      Ixildu nintzen. Lehenagoko nobleziak eta XIX. mendeko lur-burgesiak beti esker txarrez onhartu zuen eskola publikoaren bitartezko «jakitatearen» hedatzea, kultura unibertsalaren —frantsesaren, prefosta!— pobretze entsegu moldean. Zena zela, ez nezakeen Charlotten dolua parteka edo karreat, erdal kultur egituraren agortze mailaz axolarik ez nuelako. Bagenekien, gurea «pobrea» eta «pobreena» izan arren, amodio-ikaraz, txipiroiez, txakoliñez, dantzaz, eguzkiz eta euriz arradan hanpaturik zela, gureak bederen, nornahitasuna bezainbat zernahitasuna, ainiztasun airosaren zurrunbiloa hazten zuela, eta buru(ga)(ja)betasuna lortzear zegoen herriko jendeak ginela.

      Begi klixka batez ebatsi nuen Gaxuren ardura: kaskoa hazkatuko genuen askatasun egunean, «asko gara, beraiek sinestarazten digutena baino askoz ere gehiago» xuxurlatzeko xedea geneukan, eta Gaxuk, nere ezpainen kantari jarraituz, «baina erakutsi egin behar diegu» azpildu zuen. Elkarri so baratu ginen: egunkarietan slogan metaforikoak irakurtzearen bortxaz barneratzen genituen «olerkiak» ilkitzeaz harriturik. Irri mugan ginauden.

      Mahainean plantatu ginen. Sehiek ekarri zituzten antzera gibelez hornitu azietak: bakoitzarentzat bat. Etxean naka-naka janen nuen jaki eztia; ordea, De Saint Martintarren gazteluan asetzeko kalipua idorturik neukala iduritu zitzaidan. Parean tilingo zegoen margoari itzatu nuen begirada: larrazkenean, laborari bat oteka itxuratzen zuen. Antzera gibelkia, ogi xerra fin batetan hedatzen nuelarik, Charlotte mintzatu zen:

      — Tipikoa da, folklorea...

      Eztul batek ihes zegidan. Alabaina, tipikoak ziren gure haur-denborako nekezia eta izerdiak manera horretako handikiendako: orokorki tipikoak geratzen ginen neurrian, bizitzeko eskubidea genuen. Gaizki nintzen. Gaxuk emekiño garbitzen zuen azieta. Bahituak ginen. Egonkaizkeria gainditzeko indarretan higatu nintzen, eta galdea pausatu nion, aho-huts zen Charlotteri:

      — Maiena Ameztoi aipa zaguzu.

      Andereak, zintzurra arinki karrakatu zuen.

      — Ene senarra amainatu zien.

      — Amainatu?

      — Ba, ingañatu.

      — Ta?

      — Expaantxetan, haur beharretan agitu zun.

      — Ahalgea! —moztu zuen Marie Sophie zurbailak.

      — Otoi! —Charlotte asaldatu zitzaion—. Arren Marie Sophie! Albert ene senarraren ama ahalge-minez hil zun, berroi urte beantago!

      — Iaun zin ba hale!

      Charlottek ez zuen nabaritu azaldu nuen ironia itsusia.

      — Maiena xarpail hua Aantxu Paueko zozoetxean ezarri ginien, bena Donapauleko kalonjearen urrikalmenduz, ospitalean sartu gintzin...

      — Eri zena?

      — Ez, baakizu, gordeik hobe bitzien.

      — Ze ukan zien? Semia ala alaba?

      — Semia, semia, baakizu nola den gue familietan; semiak hartzen tzi aitain segida, ta jada alaba bat bagintzin, Marie Sophie. Gaixua heen eon tzu, enekin, ezkundu gabe, maasinian lanian...

      Marie Sophieri beha nindagon. Ixilik ari zen xerri-farzituaren jaten, herraz eta handikeriaz eiharturik. Ahoa ideki zuen:

      — Kanpañetako sehiak, kaalak bezela...

      Ez genuen «probokazioari» erantzun. Horma-sutsua eta kafea lauazkatu zituzten gero sehiek. Handik harat, hitza guti plegatu genuen. Momentuko bagenuen aski ikasirik. Biharamonean berean Donapaleuko ospitale berrira joaitekoak ginen, han lekuko adindu baten atzemaiteko lehiaz. Marie Sophie braustan jeiki zen mahainetik, eta Charlotte zimelduaren kadirari lotu.

      — Uai, guazen pausatzeat, zien kanbera eakutsiko dautziet!

      Kuluar ilun eta luzeetan zehar ibili ginen, bikote arraroaren atzetik. Nafarroako erregeen semeen semeak, eta zirudienez, semeetan semeenak zirenen taula pintatuek argitzen zuten murruetako tapizeria ubela: Lukuzeko eta Atarratzeko jaun konteak, Nafarroako Margarita, Albreteko Janeta, Agaramuntes zenbait.

      Gelara heldu ginen. Atea murgildu zuen Marie Sophiek erranez:

      — Ohe huntan loiten zizien Allande Oihenartek eta Erdoiako Joanak!

      — Mihisiak e ordukuak duaike?

      — Ixil zite derru peexa!

      Marie Sophie ez zen arraileriant. Nere trakako «haur mukuzuak» ez zituen laket. Borta gure destrenpuaren bizkarrera blastan hertsi zen.

      Guhaur ginen. Preso. Zutik. Muturik. Gaxu hurbildu zitzaidan, eta hatsa hatsari zariola, Donapaleuko kiroldegiko aparkalekuan nola, besarkatu ninduen, eta galdezka lerratu nintzaion:

      — Maite hut, ehadila sekulan niganik urrun...

      — Nik eztinat amodioan sinesten! Buluz hadi!

      — Haaai... leihatila hortaik eskapatzen bagine?

      — Mentsa hiza, buluz hadi ta haui ene ondoat!

      — Maite nuna?

      — Hik maite nun, eztea aski gaurko?

      — Bai, bixtan dena...

      Ihes ametsez nindagon. Auzoko teilatuetan euria kolpeka asmatzen nuen. Gaxuren gorputz leuna neukan sahetsean, eta ihausteri sentimentalaren lehen joaldia nitan pindarka. Gaxuren besoetan kokatu nintzen galde gehiagorik gabe, gauaren lotsa zen umearen gisa. Lepo-ondoan Gaxuren ezpainen hezearen eztia sentitzen nuen, eskuak hitzarleku debekatuetan kurutzatzen eta larruak larruari juntatzen ziren, urruntzen, berriz biltzen sekulan hautsi beharko ez zuen batasun izerditsuaren sustatzeko. Ontsa nintzen Gaxurekin.

      Gorputzak bereizi zirenean, ohizko nere antsia sakona jaukitu zitzaidan: lekurik ez zegoen guretako sortu gintuen lurrean. Allande Oihenarten ohean, gogaidura igan zitzaidan zintzurrean gora: egoera ez zen aldatzen..., Euskal Herria zinezko giz-herria zen..., kezkatzekoa bazitekeen hainbeste gizarte, gizona-gizon, gizonki, semeen semetatik baidator semea, hegoaldeko edo iparraldeko anai... hitzegiten zen une oroz irratietan, egunkarietan, mitinetan, denetan, jendaldearen erdia ahanzten zen.

      Haserre nindagon eta «behingoz maite nuenaren» bularren arteko amodiozko arroiletan lerratu nuen hatsanga epela.