Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—14—

 

Bidaxunera heldu nintzelarik arratsaldeko bostak iriak ziren. Maiena Ameztoiren bilatzeko inkestaren erdaitzari tinki uztarturik nintzen, bihotza uhalez inguraturik, egin behar baten gisa barneratzen bainuen lana, sustut Pettekorekin solastatu ondoan, Darrieu edo Larrieu medikua bizirik ala hilik zen norbaiti galdegin baino lehen, Gaxuri —ene begi urdiner!— telefonatzeko erabakia betetzekoa nukeen.

      Autoa Bidaxuneko herri aparkalekuan utzi nuen, eta urratsez-urrats Postara bideratu nintzen. Argi herbailak iluna zilatzen zuen Postetxean, eta enplegatuak burua altxatu zuenean erdeinua irakurri nion begitartean.

      — Deitu nahi nikezu.

      — Ba, zoaza, kabina libro duzu.

      Gizonak erdaraz ihardetsi zidan, hozki. Ez nuen hoztasuna onhartzen. Ulergarri zitzaidan ordea, pobre herresta moldean jantzirik nintzelako eta hezurretaraino bustirik. Gaxuren zenbakia marraztu nuen emekiño. Donapaleuko egoitzan txirrina hamar aldiz marrakatzen entzun nuen: debaldetan. Gaxu atera zen goizean, Arrutako plazan geneukan hitzordua arras ahantzirik. Tristura latzak kordokatu ninduen, alabaina, Ilarreko Lou-Harditenetik Bidaxunerateko xendra luzean, nere gogoa apailatua bainuen Gaxuri eguneko azken berrien kondatzera, eta amodio aitormen iduriz antzua ere prestaturik neukala zergatik gorde? Lantegi ohiko emazteen maneran, hitzen artean hatsik hartu gabe, barra-barra ozenzuan zen-zenaren erraiteko xede fermua nuen. Hitz saldoa, kabina geldoan, ezpainen mututasunetik ez zitzaidan idaroki. Telefonaren aterbe thepotik jalgi nintzen, negar-zorian.

      — Ez dut lortu!

      — Badakit.

      — Agur.

      Postatik kanpora abiatu nintzen, nihauren balizko jendetasunaz dudan. Aministrazione Publikoaren aixolbeetan kokatzen nintzen aldiro zalantzak banituen: emazte edo pertsona baino satorrago nintzen agian, hitzegin zezakeen aberea seguraski ez. Estadoak horrela menperatzen gintuen, sator, zizare, marmutz edo kakamarro xoU ginela sinetsaraziz. Ordea, tsikilihara, duda inharrosi nuen eta gitxetean zegoen gizon milingaren ganat itzuli nintzaion:

      — Nun bizi da Darrieu edo Larneu medikua?

      Denbora eman zuen arrapostuaren nagitzeko. Eskea errepikatu nion hurbilagotik. Enegu latzaren zigilua zekarren ahorpegiko ahoa ideki zen, arto-paperezko zigarretek horaildu hortzak erakutsiz.

      — Erretretan duzu.

      — Baha, bena nonbeit bizi dukezu?

      — Han, lotizamendu berrian.

      Ez nuen gizona eskertu. Karrikan nintzen berriro, euripean. Uharra orain zeharka jausten zen, bizidunak epaitzeko lehiaz. Harritzen nintzen jendeak zenbat indar-azta galtzen zuen, kideen mexpretxatzen, ezazagun eta inutil sentiarazten.

      Alta, ordu batzu lehenago zoriona jastatzen nuen, esperantza amiñi baten itxura, Lou-Harditenetik Bizkaiko Erreitia gaineko zubitik iragaitean adibidez. Bearnesa izan arren, Pettekoren emazteak —derragun arrunt bearnesek euskaldunek nola ontsa jatea laket dutela...— eguerdiko bazkariko kozinatua zuen xamangoa plazerrekin milikatu nuela. Xamangoa, heinean egosia zen, eta laguntzen zion tomate saltsa ezti zitzaidan, Lou-Harditeneko ardo mikatzaren aldean. Gasnaz ase nintzen bukatzeko. Mahainean zegoen puska handia kasik erditaratu nuen, gormant agertzeko lotsaz desjabeturik. Kafea berant baizik ez zen azaldu. Petteko ele eta ele ari zen:

      — Amain ikusteko debekia handiau, ta nik gutizia oono latzau, lehenau baakizu, emaztiak ta haurrak aise...

      — Ba...

      — Donapaleuko apez-nausiain jukutriak, bekatu umen zenain gordatzeko! Beti amain kaltetan, beti haundikien honetan.

      Akort nintzen Pettekoren erranekin. Oroitu nintzen, 1889an nonbait leitua nuen Etcheberry Mauleko apez-nagusiaren idazkiaz: «La femme est un instrument précieux dans les mains du clérgé...». Naka-naka martzikatzen nuen gasna-xerra abantxu aurdiki nuen, perpausak sortu nazkaren eraginez. Baina, ez zuten apezen edo notableen solas larderiazuek ebakiko nere gasnaren azken purruskaraino gozatzeko (auto) determinaziñoa.

      Pettekori so geratu nintzaion, pairatzen genuen munduaz kezkatzen. Gasnak ahosabaian urtzean eskaintzen zidan atseginetik, Independance Day hark josiko zigunera pasatu nintzen: egun hartarik goiti, apezek eta notableek eraikitzen zituzten eredu bortitzak erroz-gora botatuko genituen, bizitzeko makurrak nehoren irririk iraungi ez zezan, gizonek emazteekin, emazteek emazteekin, gizonek gizonekin, haurrek aitamekin, amekin edo aitekin iraun zezaten ingurumenarekin partekatu irustasunean; jagoitik lanean hasi beharko genuen, botere-baltsak, zapalkuntza erro bekaitzak, erdainu-jeinuak oro suntsituz. Gure intelektualak eta politikariak aberetzen gintuztenekin harremanetan higatzen ziren, Independentzia sekulan etorriko ez bailitzan. Baina, gu, heren-mundutar minartuok, segur ginen D-Day haren usainak laster zorabiatuko gintuela; ametsaren ildoa hautsi zidan, gasna-azal gogorrak iratzarri hortzeko minak. Petteko ikusi nuen bisean-bisean eta Pettekoren andrea kikerak eskuan, kafearen zerbitzatzeko prest.

      Bizkaiko bidean sartu nintzen, Erreitia haranaren pareko mazelan gaindi, Hiriberriraino gidatzeko. Kurutze histua altxatzen zen juntara heldu nintzen, eta han behera Villenave-Hiriberrira jautsi.

      Hiriberriko hamabigarren mendeko elizaren maldan, ustez, Felixi Suhasti begiztatu nuen. Keinu arrotzaz elkar agurtu ginen. Alabaina, Bizkaiko Jauretxearen sahetsetik iragaitean, euri arrasalariaren menpe zabilan zaldun plegatuaren agerindeak nahasi zidan gogoa eta urruntxago Felixi Suhastiren itxura konkortua uhar urrikigabeekilan tematzen zela iduritu zitzaidan.

      Iduripenak iduripen, ibaietik jeikitzen ziren laino artean, Hiriberriko eliza erromanoaren aintzinetik, bigarren aldikoz Erreitia trebesatu nuen, Burguerantz. Nafarroako edozein herrixkaren egitea zuen Burguek: karrika bat, bazterretan zurezko balkoiez hornitu egoitzak, elizak eta gerletan zenduen ohoretan landatu oroitarriak baizik ez zuen frogatzen Burgueren frantses izakera.

      Burgue Burgirekin ezkondu nuen, eta duda uxatuz, nion, herri honen eta urrunago zeuden Arankuren edo Akamarreren nortasuna nafartartasunean —txapel gorririk ote?— oinarritzen zela. Nafarroako Erregeak —Ibañetan harriotz zegoenaren menez agian!— eman eskubideen arabera, menturaz Goinafarroaren laguntzaz, emendatuak ziren miresten nuen deserriko jende-gune gaurregun desolatuak, hustuak.

      Konpostelako bidean, Bidaxuneko Agaramuntes handikien itzaleko herritarrak ziren atzoko mugazain linguistikoak, oraingoan, herkideak ziren zaindari ikaratiak. Oragarretik, Arrutan eta Gabadin gaindi, Donapaleuraino zihoan marra visibile et invisibilearen honaindian. Bihar... Eremua hertsatzen zitzaion amodiozko gure mintzairari. Laster hatsanga desagertuko zitzaigun eta ixilik iraun beharko genuen.

      Mauleko eihera amildu baten hormetan idatzi Belatarren zuhurritza zerabilkidan golkoan: «Atzo hala, Egun hola, Bihar ez jakin nola...». Biharrekoaz segur ginauden. Etzikoak eta etzidamukoak hazten zigun esperantxa ordea.

      Bidaxuneko lotizamendu berriari buruz neramazkien hatzak. Erreitia peko arroila idekian pausatzen zen, eta lotizamenduak egun argiz bixta ederra zukeela onhartzekoa nuen. Ordoki xabal batetan herrokatzen ziren etxe guziak antzekoak aurkitu nituen. halako monotonia bat, lotizamenduen monotonia hain zuzen ere. Leihoen koloretarik baizik ez nituen bereizten ahal. apl eta alokazion lojemen zelakoen lauhazkaz betetzen zitezkeen etxeetarik ez zetorren azantz mikorik.

      Harrapatu lehen etxeko baratzeko jela edo xehela bultzatu nuen. Burdinazko ahur tinkatuaz jo nuen atean. Bigudiak kaskoan eta begitartea kremaz estali hogeita hamar urteko emazte batek airea eman zidan. Ez ninduen Postako langileak baino hobeki konsideratzen.

      — Nun bizi da Darrieu edo Larrieu medikua? —galdea irautsi zitzaidan.

      — Darrieu! Ze nahi dakozu?

      — Elestatu, harekin elestatu.

      — Darrieukin?

      — Bai.

      Bilo xut-xutenetik zapata zoletaraino aztertu ninduen, aldi berean kurios eta mesfidant. Azkenean, ihardespena askatu zuen, gogoz kontra bezala:

      — Hortxetako lilitegiaren gibelean duzu...

      «Milesker...» xoilaz bukatu nuen solasaldi zuhurra. Eta xuxen-xuxena lilitegira abiatu nintzen, doibat samur. Etxe umila zuen Darrieu medikuak. Txilintxa inharrosi nuen. Minuta luze bat ahitzez, urratsak entzun nituen bortaren atzetik hantzen. Argizpia hedatu zen jadanik iluna zen baratzean.

      — Gau on! Darrieu medikua zira?

      — Ba, baina baduzu urte frango ez nizala ari.

      — Maiena Ameztoietaz hitzegitera natorkizu.

      — Ala, pentsatzen nuen ba, ez zinela eri!

      — Ez, apentziarik ere ez, osagarri onekoa niz!

      — ...eritu artean! Aintzina! Zauri!

      Egongelan sartu nintzen. Liburuz kukutuak ziren gelako murruak. Enziklopediak eta munduko literaturako obra nagusiak nabarmentzen ziren, laket zitzaizkidan idazleen hitzak oro hor zeuden errauspean ahantzirik. Sukaldetik beharbada, hurbildu zen Darrieu, egongelako mahainean whisky botila bat eta bi godalet pausatuz.

      — Jar zite arren. Karlos higatu niz, ez bita aise ezkuntzea ofizio hau delarik!

      — Alta...

      — Sosa irabazten dutela sendagileek?

      — Bai horixe!

      — Ni, kartier huntan, usu kitorik euntsi nizu.

      Ixilik geratu nintzen. Whiskyaren ixuriaren oihartzuna basoetan hausten zen, eta lotizamenduko gaua zakurrotso baten xanpa elkorrak bete zuen.

      — Zer dakizu —ausartu behar nuen— Maiena Ameztoietaz?

      — Ene sehi izan zela, hogei urtez, jendeek biziki maite zutela, arras esku trebea zuela haurren sortzeko.

      — Haurren sortzeko?

      — Bai, hemen ez zen emaintsarik, erakutsi nakon eta enekilan jiten zen, eguneko edozein tenoretan, emazte goxoa zen Maiena, biziak ez du ainitz lagundu, gaixoa.

      — Erretreta hartu duzularik, norat joan da Maiena?

      — Ameriketara...

      Nere logika moztu zuten medikuaren agerpenek. Bazen hilabete bat baino gehiago Amerikak burumuinean loturik nituela eta hara... horretan bukatzen bide zen neraman inkesta neketsua.

      — Ameriketara?

      — Ba, etxe berri huntan enekin egoitea proposatu nakon, xahartasuna elgarrekin partekatuko ginuela, bena, badakizu, jendeek erranen zutenaren beldur zen.

      — Zuk maite zinuena? Enfin, Maienaz amoros zinena?

      — Bai.

      Izotza jarri zen gure artean. Izotz zuria. Ipar haizeak ekartzen zuena, Siberiako zoko urrunenetarik. Izotza. Hatzikaratuak asmatu nituen behatzak, eta Gaxutaz oroitu nintzen. Neskalagunaren falta luzatuago eta maiteminak astintzenagotzen ninduela sentitzen nuen. Izotza gatik, medikuak goxoki jarraiki zuen:

      — Ez duzu konprenitzen ahal, gaztexe zira hortako!

      Ez nintzaion oldartu eta utzi nuen segitzera.

      — Hitzerdika mintzo ginen, azkenean, amodio ehoa baino nahiago nukeen adixkidantza erre hura...

      — Semea aipatzen zautzuna?

      — Bai, ta nola! Petteko mihiperatzen zitzaion aldi oroz, nigarrez hipaka lehertzen zitzatan...

      — Ameriketara juan zen beraz?

      — Baaa, gaixoa, gaixo Maiena!

      Elea ebaki zen. Whiskyak ahosabaia sutaztatzen zidan. Medikuaren erhi meheetan pausatu nituen begiak. Behatz ausart berek jendeak milaka sendatu zituzten —ardura urririk zionaren arabera— eta askotan hatsaren azken hasperenaren lekuko izan zitezkeen. Maiena zaintzen ahalko zuten. Maiena laztantzen ahalko zutena? Ebakuntzaren urrakotik fidatu nintzen:

      — Bon, ene lana finitzen da hemen. Bazinakiena esposatua zela Xiberoan?

      — Bai. Badakit zerendako ihes egin zuen ere.

      — Senarrak ez dio oraino esplikazionerik kausitu.

      — Senarrak!

      Irriz hasi zen medikua. Alegera faltsu hura lasaitzean erran zuen, Erromatar zententzia xuhurren moduan:

      — Senarrak!

      Lehentze nituen horrelako hitzak behatzen, baina gehienbat, medikuaren solasekin akort nintzela onhartzen nuen. Agiantzen nukeen, mututasunean bermatuz, ihesaren funtsa argituko zidala medikuak; ordea, segreturik segretuena bezala atxiki zuen eta hondarrean, erabaki nuen, nintzen keinkan, zergatiaren funtsak axola guti zuela neretako, Maiena ez bainuen sekulan atzemanen, edo sorte onarekin kondatu beharko nuen.

      Zergatik ez. Lurra biribila zen eta bideak beti nonbait kurutzatzen ziren. Amets itsu batean lerratu nintzen, hitzik gabeko ametsean.

      Whisky botila ttilikaz ttilika erditaratua genuen. Medikuak bere esperientziak kondatzen zizkidan, botz leun eta apalez. Lotizamendua ilunak irentsia zuen jadanik. Ordulariari behako bat bota nion, eta orratzak arratseko hamarretan geldituak ziren. Zutitu nintzen. Medikua bere harrera gozoaz eskertu nuen eta kanporatu nintzen. Ateratzear nindagolarik, medikuak besainga eztiki hunki zidan:

      — Ez duzuia jakin nahi zendako eskapatu zen delako ezkungau hartan?

      — Ez.

      Medikuak so egin zidan, eta haren so uhargian zorion puska bat irakurri nuen. Ezpainak plegatu zituen:

      — Ameriketara joan duzu.

      — Gau on! —lotizamendua burua apal zeharkatu nuen.

      Ez nekien non loak har.