Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—16—

 

Gris iratzartzen ari zen eguna. Jadanik gris. Kafea behar nuen ordu zenbait lehenago iguri gertakarien ordenatzeko. Mahainean bilduak ziren bi gizoner beste bi gehitu zitzaizkien. Solas ozenen oihartzunak aztoratzen ninduen bitartean, baiezkorki pentsatzen nuen nere lanak ez zirela haizelanak, eta suerte edo xantza puska bat egokitzen zitzaidala. Sekulan ez nuen uhina hain alde mantendu, detektibe rüral gisa plantatuz geroztik inkestak luzeak bezain nekagarriak izan arren.

      Neretako jendeen ezagutzeko eta haiekilan mintzatzeko parada zen, langile-zapaldu-explotatu neramazkien orduetan mututasuna nagusitzen baitzen nere kaskoan. Noizean behin lantokiko emazteen eleek gohaintzen ninduten, beren errainetako minak aipatzen zituztelarik adibidez, edo gaua pasaiako gizonen batekin iraganik, kidea arranpaz konkorturik, atseginaren menpe oraino, balentriatan galtzen zelarik. Horiek oro neuzkan buruan, eta lau gizonetako batek osaba adindua oroitarazi zidan.

      Osaba Xemartinekin igandero errepikatzen ziren gatazkak jin zitzaizkidan gogoaren nahastera. Jeinko - Jinko - Jainkoaren ahuspeari plegatu goizetan osaba kexatzen zen, eta sukaldean errege zabilan Euskadi Gaztearen —ze süper xuet!— frekuentzia modulatua kanbiarazten zigun, Irulegiko Irratiaren nahiz Xiberoko Botzaren mezaren galdez karbakan.

      — Zaaazie meza!

      — Bo otto bakiamazu otoi!

      — Nuiz da meza?

      — Uai to...

      Frekuentziak malinki kordokatzen ziren, eta azkenean soinuaren ugarte plantako batera heltzen zen irratiaren orratza. Euskadi Gaztea zaleak samur erraiten zion:

      — Hor dela zue meza!

      — Nuntik da?

      — Pagolatik eun...

      Eta atea banparaziz, sukaldetik ilkitzen zen musika modemoen maitalea, asperduraz buhaka. Xemartinek begimenean zeukan pinta ardoa ondoratzen zuen, godaleta betetzen eta draga-draga husten —Jainkoaren Odolak Zaint Nezala Betiko Bizirako...—, irrati euskaldunetako langileren batek artoski grabatu meza behatuz. Osaba Xemartin bake oeukumenikoan urtzen zen.

      Arrutako ostatuan sahetsean nituenak garaiz hasten ziren edaten, eta ez baso-erdika osabaren antzera. Zerbitzariak arradan bete edalontziak ezpaineratzen zituzten arraiki, eta hurrupatzen bargoek gaxura bezala. Etxekandereak kafea ekarri zidan. Zigarreta bat bildu nuen, amoroski, gauaren minetik, ametsaren hegaletan hurrandu oparia bailitzan. Arrutako plaza agertzen zitzaidan leihotik. Gune desolatu hauek laket nituela kontu-errendatu nintzen, eta milagarren aldikoz eskakizun latzak larrutu ninduen:

      — Nolaz egon ahal izan niz, herritik kanpo, hainbeste denboraz?

      Ote-liliz usantsu bost udaberri higatu nituen. Bost uda, negu ala larrazken. Bizkitartean, burdinbide herdoilatu bilakatu nere neuronak altzairuzko pentsamendu amnesikoaz hazten ziren. Bahituak ziren garaiak minkor zitzaizkidan. Ordea, joan denboraren zenbaketa hurria haizatu nuen golkotik, eta gizonen eleen uhalak uztartu ninduen:

      — Aiuta! Zan duk moimendu sasian!

      — Baia?

      — Jendiak orroaz entzun tiat...

      — Hik errak to!

      — Bi kamiun, 4L-a bat, bazian zirkülazione!

      — Perdiu...

      Zerbitzaria, amiñi bat larderiazu hurbildu zitzaien:

      — Ta ziek, ze ai zinezten han?

      — Ba, gü, basurdeka no!

      — Gauaz?

      — Aha, gauaz ta eunaz ai gitun gü.

      Egia zen sasia, edo Amikuzeko oihana, basurdez emokaturik zela, baina basurdeen aitzakia ederregia zen eta banekien gizonak zertaz mintzo ziren. Agian, plazan geratua zen 4L-a ez zuen nehork ezagutu. Bestela, gizonak espartin trafikanteekin bat baldin bazeuden, nereak aute fera futro zukeen.

      — Hola ai badira gau oroz —segitzen zuten—, basurdeak izitaaziko dauzkune!

      Alegeraki kitzikatzen zuten zerbitzaria. Honek ez zuen mikorik igurikatu arrapostu zorrotzaren emaiteko:

      — Basurde bat bedein hatzemaiten bazinute, azken bost urte hotan eztuzie bihi bat e eho...

      — Xahartzen ai bigira...

      Lan baliosagoetara itzuli zen ostatuaren jabea. Gizonek beren artean zarraikaten:

      — Andere xuria, urrezko orraziaikilan...

      — Fundi baietz, nik gaztetan ikusi nian, ederxkua to!

      — Bakiamak hortik.

      — Ixil hadi, estrañerrak batiuk heen.

      Noski, ni nintzen estrañerra, arrotza. Lau urte, sei hilabete eta bi asteren buruan, nere herrian kanpotarra bihurtua nintzen. Desherritasuna gogorra zen, hargatik hunkigarri zitzaidan gure lurrean ibiltzea maitale katestatuaren gisa. Ezin baina maite halarik ere. Horretan nindagon.

      Oihana, edo oihena erten ginduen eran, ohaide apotuen gordelekua, lurraldearen bihotza zela ohartu nintzen: haraintzineko oxo kixkailduen ahotik, neguko arrastiri hotzetan jasan ipuinetarik, gau hartako gertakari bitxietaraino. Halatan, Amikuzeko oihaneko zuhaitzen itzalpean bidaiatzen ginelarik, sentitzen genuen aldikal barnea durduzatzen, beldurra bezalako zerbaitetaz jabetzen. Guda gunea zen, bake gunea eta kuku gunea, historiako garaien arabera.

      XIX. mendean demagun, Oragarreko, Arrutako eta Ilarreko laborari etxetiarrak altxatzen ziren, dailuak eta sardeak airean, Donapaleuko jaunttoen oihana pezaka saltzeko erabakien kontre. Askotan, sasi komunalaren zati handiak joaiten ziren, sos truk, Donapauleko hirixkako etxe burges ponpoxetan uraren ezarteko. Omen, ikazkinak baziren, eta ikazkinetaz gain urde eta hazinda zaintzaleak, ororena zen eremuan kabaleen hazteko. Aberastasun iturria zen oihana. Azken munduko gerlan, Alemaniako stotik ihes zabiltzanak hor ezkutatzen ziren, eta haien emazte zein andregaiak gauero etortzen zitzaizkien, sareak janariz eta arropaz hanpaturik. Aitortzekoa zen, gaur baino hedadura gehiago zuela oihanak orduan, sekretuago zela berdinki. Denbora haietan tiro hotsak hautemaiten ziren arrats apaletan oihanetik ozentzen.

      Egungo egunean frango murritza zen sasia, 1965ko erremenbramendu edo lurren berrantolaketaren ondorioz. Aintzira proiekto antzuak, arralandatze programak, defrixamendu sailak: oihanaren ahorpegia aldaturik heltzen zitzaigun, arbolen ilunean, iraganaren zama arindu gabe. Noizbait beharko nion Gaxuri oihan misteriotsua erakutsi, honen malden jasta eman, herriaren birikak ziren eremuetan pausatu nere mundu-mina. Oihanetik ateratzean, «zibilizatu» ezinezko Nambikwara baten parekoa nintzen, eta larrua lür usainez josirik neukan.

      Ostatuko gizon elekariek xopina agudo errendarazi zuten. Mahainetik zutitu ziren, umorerik hoberenean.

      — Hik behiak deitziak tuk to?

      — Gaztiak uzten tiat lanian nik.

      — Hunek nahi likek beti manatu.

      — Manatu ta obeitia izan, bi gauza tuk ddio!

      — Auxilik meskila, etxen nausi nuk ba araiz...

      — Ba, etxen nausi, ta gaztek aharrausi.

      Hiru gizon bederen karkazailka lehertu ziren. Ez nintzen segur laugarrenak ez zuela besteen bozkarioa partekatu. Nihaur ere algara biziak berotu ninduen. Etxekanderea deitu nuen:

      — Kafe bat ekaatazu otoi!

      — Bena hiruarrena un! Bat gehiau?

      — Ta bai, iatzartzeko...

      Tarrapataka abiatu zen sukaldera zerbitzaria. vttez —beti nerekilan neraman autoko kofrean...— Gixunera joaiteko, ontsa askaltzea egoki zela pentsatzen nuen. Mailuxek eskaini hatzari lotuko nintzaion. Santxok ere, aintzineko ibiakoitzeko Su ta Garren konzertutik landako sentimenduen uholdeakari, Gixune aipatu zidan.

      Gixunen bazen Erdi Aroan pil-pilean zegoen portu bat, trafikanteek agian gaurko mendean erabil zezaketena. Zendako ez nuen tokia begiztatuko? Maiena Ameztoi Ameriketan zen, eta astia banuen Gixuneraino kurritzeko.

      Berrogei bat kilometra banituen egiteko abantxu, eta sabela hutsik partitzea ez zen hain goxo. Kafearen haiduru nintzelarik, gibeleko leihotik laborari bat, behiak lerroan, hausnarrean jadanik, xuri-beltzeko irudi xuguna, barrukutik alagietara eramaiten segitu nuen nagiki. Soa, ikusgarri bukoliko-ekonomiko —pinta esnea kooperatibek 1,64 libera pagatzen zuten A kalitatekoa izanez gero. Alde horretarik konsideraturik, zirudien euskal herriko behi errentagarri bakarra Bernardo Atxagarena zela...— horietan galdurik nuen, ostatuko ate nagusian dzanpako bortitza nabaritu nuelarik.

      Bortara bihurtu nintzen, eta sinets ala ez, Gaxu miretsi nuen, kanpoko argitasun berriaz inguraturik. Agerinde bat zena? Ez nekien. Gaxu zitekeena neregana hurbildu zen airos:

      Egunkaria eta Egin eosi eztenat...

      Gaxuren gostuko ez nukeen poztasun larriegirik erakutsi. Beste mundu batetan nindagon, martxoko goiztiriek laztandu lainoz eta hostoz burzoraturik. Ordea, segundu laburrez errealitatera jautzi nintzen.

      — Gaxu? Hi heen? Nuntik heldu hiz?

      — Etxetik, enfin, Donapaleutik, no, harzkin jurnalak...

      «Izparringiak» eskuratzen nituen bitartean, Gaxuri beha egon nintzaion, neskaren begietan lotsa harroarazi arte.

      Ixtanpaten buruan, gogoa, gaingiroki irakurtzen nituen hitzetan neukan; tituluak leituz, argazkiak miratzen nituzkeen, eta bi egunkariak osorik jastatzen baino denbora gehiago eman nuen horoskopoaren irensten. Gero Ines Intxaustiren telebista kronika «deliziusa» miliskatu nuen, usaian bezala, bezperan Berbaguren ikusirik gaitzeko fleitian baitzen Egunkaria-ko langilea. Iduritzen zitzaidan ETBko emankizunak su emaiten ziola Ines Intxaustiri, eta su hori laket zitzaidan. Egin-en agurrak eta mezuak estimatzean, Komando Kemandoren farias ezpezialen gibelean, Baionatik «expulsatu», Espainia behere horretako exterminazio kartzela batetan zegokeen Txokoren hitzak ezagutu nituela iduritu zitzaidan.

      Bihotzean ximiko batekilan, prentsaren arrapasatzen ari nintzenean, Gaxuk arroltze eta xingar manatu zuen biendako.

      — Nik ordaintzen dinat!

      — Hobe, ezpitut sos pilik.

      — Hi beti pikarrai iiltzen hiz.

      — Ha-a-ha...

      Egunkariak metan ukondopean ezarri nituen. Ostatuko jabea hurrandu zitzaigun, azietak besogainean, xingar errea ketan zekarkigula. Haragiaren usainak sudur mazelak kilikatu zizkidan. eta Amikuzeko oihanaren aberastasunetarik batez ametsetan kukulbikatu nintzen: urdeak, haritzen maldara bazoatzin ezkurka eta xingar ona eskaintzen ziguten gero, neguaren atarian. Gaxuk nere buaitapen gastronomikoa moztu zuen:

      — E nun easiatzen atzoko?

      — Eeez, zendako?

      — Ba, enizalakuan hitzordurat jin!

      — Ehem.... Baakina aitzinatu giela?

      — Doaike...

      — Eun Gixuneat juain gitzain, hantik haat, alea jacta est...

      Gaxuk ez zion nere erranari kasurik egin. Alta, neskaren berriz ikusteak plazerra sortu zidan, eta arras deliberatua nintzela sentitzen nuen: espartin-trafikoaren giltza bertan harrapatuko nukeen. Sustatzeko partez, Gaxuk, misterioski erantsi zuen:

      — Bitxia hiz hi.

      — Ni?

      Mahainaren zabalak mugatzen zuen eremuari itzatu ziren begiak, ikaran bezala, beldurra gainditzeko lehiaz, hutsa emaiten zuen behakoan tilingo. Amerikak behar nizkion aipatu. Lehen bai lehen. Ordea, Gaxuk asma ez nezakeen hasperenaren funts akituaz ixiltasuna inharrosi zuen.

      — Baakina? —emeki mintzatu zen—. Libro hiz ddio!

      — Norenganik libro niz?

      — Enegatik.

      — Hiregatik?

      — Ba...

      — ...bena ez arras, maitatzen ba hut!

      — Maitatzen...

      Ironiaz errepikatu zuen Gaxuk nik amoroski ahoskatu hitza. Are ilunago zitzaidan neskaren konportamendua.

      — Gixuneat heldu hiz araiz? —deus ez bailitzan jarraiki nuen.

      — Baiki.

      Solas intazuak ziren gureak. Kanpoari begira geratu nintzen. Nahiko nukeen hitza ihalozka erabili Arrutako ostatu hartan, baina soinuak oro ezpainen harresietan behaztopatzen zitzaizkidan. Susmoak baztertuz ordea, Gaxu eder kausitu nuen, sekulan baino ederrago menturaz. Gaxuk elea hezi zuen:

      — Santxo kuutzati nat barda.

      — Barda?

      — Bai, ta gaua haikin ian.

      — Haikin?

      — Hitaz amiñaat trufatu nun...

      — Hummm... —ez zitzaidan besterik atera.

      Ukondopean neuzkan egunkarietan atelatu nuen gogoa. Tituluak berriz irakurri nituen ardurarik gabe. Mundua lehertzen ari zen inguruan. Negar gura nuen. Zintzurra trabatzen zidan histurari uko eginez, Amerikak burrustan lerratu zitzaizkidan.

      — Ameriketan zendu dun Eskual Herria...

      — Zer derasan?

      — Amerikaz bete dauzkune buriak, herria hustu tine.

      — Bena?

      — Maiena Ameztoi e juan dun, bestiak bezela!

      — Me?

      — Gue indarrak dealdetan tun uai... Gixuneat baguatzan?

      — Baa...

      vtta ekarri una?

      — Autuan dinat.

      — Ontsa, guazen!

      Konturatzeke, azietak herriak bezain xahu ziren. Ordaintzean zerbitzariak deitu gintuen:

      — Pasa zazie eun hun bat!

      — Mertzi, arra-jinen gitzu ba.

      Autoetaratu ginen ixilik. Bizikletak kofreetarik ilki genituen, eta hitzik gabe, Arrutako plaza abandonatuz, Amikuzeko oihanerateko norabide hartu genuen.

      Hiriberri eta Burguerako kurutzamenduan, andere konkortuaren agerpenak, Felixi Suhastiren —berrogei urteko baruraldi linguistikoa...— gana hegaldarazi zidan izpiritua.