Bizi nizano munduan
Bizi nizano munduan
1996, nobela
176 orrialde
84-86766-64-8
azala: Jim Buckels
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—18—

 

Aturri hegiko gabarren haiabide hertsian eraman genuen oraino oren bat, Tastua etxearen lekukatzen, ibaiaren xuxurla eztiaren lagungoarekin. Lainoen artetik agertzen zen argizeitupean, Aturrik mirail sakona zirudien. Azkenean Tastuaren parera heldu ginen. Gaxu ixilik zegoen eta neri bihotza punpeka ari zitzaidan.

      Nor zen Tastuako egoilierra? Zerbait zekiena espartin trafiko ahalgegarriaz? Gizonak ala emazteak idekiko zigun atea? Tastuako baratzea bururatzen zuen lur-mihiaren puntta Aturrian mainatzen zen eta arras egokia zirudien untzitxoen deskargatzeko gune bezala. Astean zehar urmael ustel-urrinduen nahasten ibiliak ginen, Tastuan agian esperantzarik auxienen itotzeko. Izialdura gaindituz, zakurraren zaunka haserretuak ahantziz, egongiako jela murgildu genuen aterbeko bortan joiteko. Haiduru ginaudelarik, Gaxuren mututasunak misterioa eransten zion egoera jadanik aski lotsorrari.

      Bulta baten buruan, karrelajean herrestan zetozen urratsak aditu genituen. Borta zabaldu zen, eta trapu higatuz beztitu emazte konkortua azaldu zitzaigun. Emaztea ezagutzen nuen. Egun oroz Donapaleutik Gixunerateko bidean kurutzatzen nuen Felixi Suhasti zen. Harridura markatzeko unean hitza hartu nuen:

      — Zu heen?

      — Ta bai.

      — Etzirea Felixi Suhasti?

      — Bai.

      — Diubiban! Holakoik oono!

      — Ze nahuzie?

      Ez genuen erantzunik harilkatu. Etxez engainatu ginelako segurtamena nuen. Joaiteko prest nindagon. Felixi Suhastik ordea, gaua zenez, aterbetzera gomitatu gintuen, euriaren kidegoko oroitzapen eztien izenean. Ura plisti-plasta jostatzen zen etxe gibeleko belar handiekin. Argizeituak marra zardaia moldatzen zuen ortzearen iluna kilikatuz. Mintza-ahalmena tinkatzen zidan ibaiaren magiak. Gaxuk besaingoa hunkitzean, amets gaiztotik iratzartu nintzen:

      — Haui barneat, ehadila kanpuan eon!

      — Nahasiik nun.

      — Haui Amaia... —errepikatu zuen Gaxuk, amoltsuki eta Gaxuren itzala zangopilatuz, ezkaratza izan zitekeen gela batetan aurkitu ginen.

      Arrantzale-sare xeheak tilingo ziren ezkaratzeko hormetan eta mimenez xirikordatu sareek argia gainditzen zuten, kanpo-aldean mamu beldurgarrien gisa luzatzeko. Sukaldeko beroa jaukitu zitzaidan. Mahain zabalean mizpira lehorrak nabarmendu nituen, eta sagar erdi-zimelduen minkatz urrina zoko orotara gohaingarri hedatzen zen. Felixik hitzegin zuen.-

      — Ze kariz jin zizte hunaartio?

      — Ba...

      — Ez ene ikusteat araiz?

      — Beharba...

      Sukaldeko kedar usainak zihikatu zizkigun sudurrak. Haraintzineko buhameek hangarpeetan egiten zituzten mimena hondarrezko suen gutizia hazi zitzaidan gogoan. Ber denboran, euria hasi zen teilatua kolpekatuz, eta buhameak bidez-bide ibiltzen itxuratu nituen, udaberriko hezetasunak zamalkatzen zituela. Kea zinez ederki uztartzen zen uharren uhalekilan. Amodio-mina piztu zen nere golkoa udalatuz eta Gaxuri hurbildu nintzaion.

      — Gaxu, galdiak gitun.

      — Bai.

      Gaxuren besoa sorbaldan pausatzen sentitu nuen, xori ausarta bezain arin. Supazter erraustunean zegoen zuzulu zizelkatuan jarri nintzen akiturik. Lozahar nindagon, eta su hurranak, matelak gorritzeaz gain, loaren deia eskaintzen zidan. Gaxu nere aldamenean ttottotu zen, gorputzek laster erreko zen egur puska berdina moldatzen bailuten. Felixi Suhasti, vsototik itzuli zenean, urinez hanpatu dupina ekarriz, doibat bermatu ginen. Sardeskaz kitzikatu urin malgotik, lunka zati gottor bat ilki zuen.

      — Enekin auhalduko ziztea?

      — Ba, menturaz, gaua iziu!

      — Zer hel ere...

      Felixi Suhastiren oharra ordena zen abantxu, larderiaz bete botzaz mintzatu baitzitzaigun, gutariko bakar baten gaitziarazteko dudarik gabe. Sutondoan kuxkurtu ginen, suaren txintxek eta leihotik aditzen ziren Aturriren murmurio eztien kulunkaren pairatzale. Felixik armairutik jalgi zartaginean urina ixuri zuen eta lunka beroarazi. Elea finkatu nuen:

      — Iziarri maite izit lunka!

      — Gauza hunak laket hik e.

      Irri xehea ezpainetan, Felixik lunka inguratzen zuen zartaginean. Kerrenarekin itxinduak igiarazten nituen, otea lili denean ahaidea marmarikatuz, eta otetik gaztain-garbotsetara hegaldatu zen nere izpiritua, eta padera zaharretan gaztainak zirt-zart zartari amestu nituen. Zoriontsu nintzen. Gaxuk ere begiak zohardi zituen. Maitagarria zen Felixi.

      Azkenean, biharamoneko uzten ahal genuen lana eta Tastuako aixolbeaz gozatzea baizik ez zitzaigun geratzen. Etxelarren pindarrek herrialde hustuaren muineraino eraman ninduten. Hitzegiteko enbeia gorria nuen. Zauriak frango fite horbaintzen ziren alabaina. Felixik mahainera bultzatu gintuen.

      Portzelanazko azietak aintzinean, basoak ardoz beterik, eta lunka mahainaren erdian: irustasunaren ehuntzeko zorian ginauden. Felixik xerra finetan mozten zuen lunka. Hiruak apairu «deliziusaren» haiduruan plantatu ginen besoak kurutzaturik. Bizitzea zaila zen, eta astean barna jasan ixtorio minkorrak oro birrindikan igortzeko asmoz nindagon.

      Burua altxatu nuen, eta Felixi Suhastiren tximineian zegoen argazki batetaz ohartu nintzen. Iduritzen zitzaidan argazkiko potikoa nonbaitetik ezagutzen nuela. Hamar urteko mutiko polita zen. Potreta zaharkituari hegiak horitzen ari zitzaizkion. Gogoa iraultzen nuen hatz ahul baten bila. Deus ez zitzaidan jiten. Lunka parean nuen, ketan, usantsu, gosearen zorroztarri legez. Agian ez zen buruaren nekatzeko unerik hoberena.

      Gateiluko haragia miretsi nuen, benedikazione baten maneran. Haragia ahoan urtzen hasi zelarik, Gaxuri so egon nintzaion, baina ez zuen Gaxuk nerearen gisako klimax gastronomikorik partekatzen. Felixi ez zen konturatzen sortzen ari zen nahaspila griñatsuaz. Argazkia aurrean neukan eta godaleta husten nuenero begi batez aztertzen jarraitzen nukeen. Azietak lehor zirenean, Felixik erran zigun:

      — Arren, tia zazie amiñaat gehiau...

      — Ez, aseik nizu —aitortu zuen Gaxuk.

      Nik ordea, bi lunka xerraz hornitu nuen gateilua. Ikaragarriko janiza nabaritzen nuen. Asezina iduri nukeen. Ahotra bakoitzak ahosabaia alegeratzen zidan, falanga ahanzteraino. Felixik, idortukal, basoa arradan betetzen zidan. Lunka arraposki martzikatzearen azantzak baizik ez zuen ixiltasuna hausten. Auharia bukatzear ginelarik, gasna atera zuen Felixik. Egiazko zorionean ihalozka nindabilala konturatzen nintzen. Gaxuk ohera joaiteko bere nahia agertu zuen, eta Felixik logelara lagundu zuen ezbairik gabe.

      Felixi desagertu zen minutaz baliatu nintzen, etxeko ardoak kiribilkatu pentsatzeko ahalmenaren ordenatzeko, eta argazkiko potikoa errealitateko norbaitekin josteko. Hara... banekien... Petteko zen... Kapetut... Hura zen... Zer ari zen Pettekoren potreta Felixi Suhastiren etxeko tximinei gainean?

      Argazkiari beha atzeman ninduen ganberatik itzuli zen Felixik. Aurpegia gogortu zitzaion. Aldaketaz ohartu nintzen baiki eta, uneaz balia, galdegin nion-.

      — Zue familiako noait duaike?

      — Ene semia —ihardetsi zidan bortizki.

      Ezpainak tinkatzen zituen oraingoan Felixi Suhasti deitzen nuenak. Segitu behar nuen derrigorrez, zakutik edo zorrotik zerbait jakin.

      — Zure semia? Petteko?

      — Bai.

      — Beaz, Maiena Ameztoi zira?

      — Bai.

      Ixiltasuna astun egin zen. Hitzez agor niraun nik ere. Felixi Suhasti omen zena zuzuluaren gainean plegatu zen, urteen zamaz leherreginik bezala.

      — Menturaz baakizu...

      — Zer? Ameriketara partitu zinela erran datazie.

      — Ba, hoi kundatu izit Darrieu meikiari, hain zerbitzutik ilki nizalaik, ta, izena ta izana biak kanbiatu tzit, Felixi Suhasti pobre herresta bilakatu nizu.

      — Bena zendako? Zue semiak uste izi hilik ziela!

      — Mintzatu uzia Petteko?

      — Bai, Biaxune artio seitu zitut, ta han zure hatzak galdu tzit.

      — Gaixua!

      Dorpea zen suaren beroa. Maienak hitzegitea deliberatu zuen:

      — Xuikita iten ai nintzalaik, agertu zun, atsalde hartan, bedezia ene gielian, amainari, arropak altxatu ta, De Saint Martin Jauna, lotsaz nintzun, oihukan, trufaz erraiten zin nihor etzela etxen, sartu zatazun, ta elki zun, hanpuros...

      Bortxaketa arruntaren azalpena jasankaitz zitzaidan.

      — Etzinen zu hobendun.

      — Ez, bena, sehi baten hitza...

      — Alainan... —eskapatu zen nere ahotik, harriduraz hanturik.

      Galde bat banuen oraino pausatzeko Aturri hegian balakari:

      — Zendako ihes iili zira ddioztik?

      — Makurra karretzen nintzin...

      — Makurra!

      Sukaldeko ordulariak hameka orenak jo zituen. Bide eurizuan zehar Felixi Suhasti deitzen nuenak, etsiturik, erabaki zuen oheratzeko tenorea zela. Ez zegoela halako presarik pentsatzen nuen arren, obeditu nion. Sutondoa akulatu zuen eta gela erakutsi zidan.

      — Ohe bat bezik eztukezie biendako!

      — Juain zu ba...

      Amirun urrina zeukan ganberan nindagon. Gaxuren sahetsean etzan nintzen. Gaxuren marmazika aditu nuen:

      — Ze miseria! Eztun mundia aise kanbiatzen no!

      — Ta oono hik ixtorioaren buntza hutsin dun...

      — Ze buntza?

      — Bihar salatiko denat.

      Trixtura hitsa irakurtzen nuen Gaxuren hatsartzean. Hurbildu nintzaion. Mekanikoki baieztu zuen pott bat oparitu nion. Orduan, jantzi hezeak kenduz, nere aldetik loari eman nintzen.

      — Gau hun Gaxu.

      Argia hil zuen Gaxuk. Handik laster esku daldarrakorra sentitu nuen larruaren hazkazale, bakardadearen kontrako deiaren gisa. Neskak besoak ideki zituen eta haren bular leunetan pausatu nituen ezpainak.

      — Azken aldia diun ez?

      — Bai, seurraski bai.

      — Damutiko zaun beharba?

      — Notaki...

      Amodioaren dolua, betiko dolutegi.

      Kamioi herotsak entzun nituen gauean, Mirepeix ugartetik zetozen arraunen flok-flok zaluak ere. Bazen mogimendu Aturri hegian. Uste nuen jadanik goiza zela, eta lo-eskasez, trinkili-trankala jeiki nintzen. Beztitu. Kanpora begira gelditu nintzen itzalean. Iluna zen oraino. Argizaiolak urrunetik balantzakari heltzen zitzaizkidan.

      Ondoko ganbaran azantza hazten zen. Urrats egoitxak kuluarrean. Maiena zutik zegoen. Sukalderatu zen. Argia piztu eta hil zuen lau aldiz. Maienaren ekintzaren ondoramenez, Aturri gaineko argizaiolak urtu ziren eta kamioiak tarrapataka bide handirantz abiatu. Iduritu zitzaidan gidarietako bat ezagutzen nuela —oihalaren zatiak oro biltzen zirena Tastuako loiroan?— faroen pean argiztaturik.

      — Redios! Santxo?

      Burutazio sakonetan higatxi nintzen. Zertan zabilan Santxo gune hauetan? Eta Su ta Garren konzertuaren ondoko fleitian Santxok salatu zidanaz banpez oroitu nintzen. Mentalki errepikatu nituen Santxoren agerpenak:

      — Juan behainat laneat, Aturri hegirat.

      Puzzlea osotu nuen: Mailuxen erranak, Jeffen kezkak, Amikuzeko oihaneko txabola hartako tramankuloak, gaurko gertakizunak... Espartin trafikoaren minik minenean nintzen. Bide luzea egiten zuten espartinek, Asiako lantegietarik —Europako kapitalez eraikiak menturaz...— Gixuneko Aturri ezponda ezti honetaraino. Jakinahia neukan. Gaxu iratzarrarazi gabe, sukaldera jautsi nintzen. Maiena kafesnearen edaten kausitu nuen. Ikusi ninduenean hormatu ziren emaztearen ahurrak:

      — Badakizü...

      Durduzatzeko heinean zegoen. Bai, banekien, noski.

      — Ze irabazten düzü seinale horik egitez?

      — Jatekoaren erosteko doia.

      — Zer nahitarako prestik zira ala?

      — Ez otoi holakorik aipa Pettekori... Senarra bizirik düta?

      — Bai, bizirik düzü, Sarrikota Pean.

      — Damü düt...

      Galde bat banuen egiteko, nitaz erraz burlatu zen andere xaharrari:

      — Zendako sinetsarazi ditadazü Felixi Suhasti zinela?

      — Berrogei urtez ene gibeletik ebili dütüzü, senarra, semea, eta hainbeste jente. Ikusi gei nizün eia zü nitara heltüko zinenez...

      — Heltü nüzü, ez zure bidetik, bena heltü nüzü...

      — Biba!

      Maienaren izatearen itxura berriak desgostatzen ninduen. Mauleko espartingileen jukutrien konplizea zen, esku-makil mantsoa, mantsoegia agian, eta munduan zehar horrelako frango bazirelako, enpleguak galtzen ziren eta langile xumeak pikarraitzen. Maienaren begiak busti ziren:

      — Erraiezü, bizirik nizala...

      Sortaldetik nakusan argintzioak hunkitu ninduen. Erabaki nuen xixtan, sekretua zainduko nuela, gostaia-gosta. Zenbaitetan jakitea ez zen ahaltzea, eta hobe zen ixilik egoitea. Ixtorioaren parte bat baizik ez nien Pettekori, senarrari eta Jeffi kondatuko. Maienak gatilua luzatu zidan.

      — Oizü arrabazka, ezne xorta batekin!

      Bezperako mezturaren hondarrak plazerrekin jan nituen, etxean lehenago orratxa nola milikatzen genuen oroituz. Goizeko seietan Gaxuren inharrostera abiatu nintzen. Gaxuren buluztasunaren miremenak beraztu zidan bihotza.

      — Haui, guazen uai...

      — Nun hintzan oono?

      — Sukaldean, Maienaikin solasean.

      — Holako mihi-luziaikin eztinat konpreitzen nola hihaur hizan.

      Alabaina, nihaurentzat ere misterioa zen. Misterio apala dagoeneko.