Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hogeita bi

 

Angela

 

Maisonnaveko kafetegian geratu nintzen Angelarekin ere. Lehenengo iritsi nintzen, ez nuen ezagutzen, gerora jakin nuen nire alaba zaharrenaren eskolara joaten zirela bere bilobak ere. Nik kafesnea eskatu nuen, izotzekin, eta berak izotzik gabe.

      Larunbat eguerdia zen.

 

 

— Nik alkohola eta tabakoa soilik unibertsitatean hartu nituen. Ze han edaten eta erretzen ez zuten bakarrak Opus Deikoak ziren. Ikasketak bukatutakoan utzi nituen bata zein bestea. Aitorren eta Lauraren klasean ibili nintzen. Elkarrekin egin genituen ikasketa guztiak Iruñean eta Bartzelonan.

      Betirako maiteko dut Aitor, harekin izan nituen nire aurreneko sexu harremanak, unibertsitatera joan aurreko udan. Eta harengatik sartu nintzen Marxen inguruko mundu hartan. Baina, bereziki, harengatik ezagutu nituen Fabrizio de Andre eta haren Storia di un impiegato, 73ko udazkenean. Gero Laura ezagutu zuen eta gure intimitatea desagertu egin zen, baina urte eta erdi eman genuen zelula berean. Luzaroan pentsatu nuen ez nuela halako beste gizonik ezagutuko. Lehenengo maitasunen txinpartak. Gero beste gizon batzuekin ibili nintzen 82an Josu ezagutu nuen arte, laiako gazte bat, hil arte segituko dut harekin.

      Gure familia Erriberri hegoaldeko herrixka batetik etorritakoa zen. Gure aitak Potasasen egiten zuen lan eta ortkoa zen. Ni Juventud Obrera Cristianan hasi nintzen eta gero oicra pasatu nintzen. Aitorrengatik egin nintzen Ligakoa.

      70etako irudirik gogoangarriena Potasaseko martxakoa da. 5.000 lagun, andre zahar euforikoak garrasika, haserre. Arratsean iritsi ginen meategietara eta urrunean kokoteak ikusten ziren, meategien ahoak. Eta landaren erdian, mendixketan, Guardia Zibila.

      Pikoloen miran geundenean hasi ziren pin, pan pun, eta jendeak Zizur Nagusirantz egin zuen ihes. Nahiz eta egon ziren zoro batzuk, bi dozena-edo, poliziaren norabidean joan zirenak. Ni lehertuta iritsi nintzen San Andresko bentara. Han eseri nintzen. Kitto. Ez dakit nola izan zezakeen jende nagusiak grina hori.

      Biharamunean grisak Iruñean patruilatzen ibili ziren, dozena erdi bat furgonetako taldeetan. Ni Pio XII.ean nengoen eta kolpetik sei lechera geratu ziren, atea zabaldu eta kargatzen hasi ziren. Korrika egin genuen erdialdera eta villavesa bat pasatu zen, baina ez zen geratu zegokion geltokian. Orduan harriak hartu eta villavesari botatzen hasi gintzaizkion. Ez zen kristal bakarra geratu.

      Hori zen giroa Iruñerrian 1973 ezkeroztik, Motor Ibéricakoarenetik. 73ko udan, Isabelek eta biok margo zuria lortu genuen, eta han-hemenka eta letra xehe lotuarekin idazten genuen “Un futuro luminoso y cercano, dos, tres, muchas huelgas como la de Motor Ibérica”. Gurera ekarri genuen Che Guevarak Vietnam goraipatzean esan zuena. Pintaketek ez zuten batere irauten, egindako tokitik pasatutako hurrengoan poliziak ezabatuak zituen. Gero Puig i Antich hil zuten garrotean, mutiko anarkista hura. 70etan Francoren aurka arima eta larrua eman zuten guztiak iraultzaileak izan ziren, baina demokratak izan ziren gero tripa bete zutenak.

      Niretzat urte haiek ez dira iragana. Egunero datorkit orduko irudiren bat, kantoi bat pasatzen dut eta estanpa bat datorkit, egun bat, gertakizun bat. Sartzen naiz kotxearekin biribilgune batean eta toki berean 74ko udaberrian gertatutako zerbait datorkit. Zaragozako etorbidea igotzen ari ginen, garai hartan eraikin asko egin gabe zeuden eta beheko alde guztian fabrikak eta tailerrak zeuden. Amaieran Foruen Plaza ikusten genuen, grisen bi dozena furgonetarekin. Armadaren erregimentu bat zirudien. Larga Marcharen panfletoak neramatzan gainean, nire lehengusuak emanak, ni ez nintzen haien militantea baina banatzeko asmoa nuen. Egun hartan ez zegoen manifestaziorik eta orduan pentsatu nuen paskinak gainetik kentzeko modu bakarra airera ahalik eta altuen jaurtitzea izango zela, begira egongo zen edonork ikus zitzan. Eta etorbidea paskinak jaurtitzen igo nuen. Ez zuten kargatu, bestela aurretik eramango gintuzten.

 

 

Politika ez-frankistarekin izan nuen aurreneko kontaktua eajren panfleto bat izan zen. “Tu amigo en la clandestinidad” jartzen zuen. Eta azaltzen zuen zer zen euskalduna izatea, zer zen Euskal Herria, zergatik egin behar zen borroka Francoren kontra. Kontu hori gustatu zitzaidan. Gero Isabel ezagutu nuen eta Larga Marchakoen paperak pasatzen zizkidan.

      73an espediente bat ireki zidaten unibertsitatean, protestetan eta asanbladetan parte hartzen nuelako. Bi hilabetez eskoletara joatea debekatu zidaten. Opusekoak inteligenteak ziren, errepresioa oso light-a zen, ez zintuzten zuzenean kaleratzen. Zuk zaratarik ez ateratzea nahi zuten, ikasturteak jarrai zezala bere kadentzia. Azterketak ohiko deialdian egiten utzi ziguten.

      Gogoan dut irakasle batek Feuerbachi buruz idazteko esan zigula. Ikuspegi marxista batetik hitz egiteagatik suspenditu zidaten. Baina gero ohorezko matrikula jarri zidaten Teologian, zeren pitokeria horiek guztiak ezagutzen nituen. Jaunartzea egindako edozein umek gaindi zezakeen.

      Unibertsitatean gorrotoa sentitzen nuen nafarra izateagatik, niretzat bizitzak zuen zentzu bakarra militatzea zen, kontra egotea. Beste tokiren batean jaio izan banintz, uste dut beste profil pertsonal bat izango nuela, intelektualagoa, baina hori hemen ez zen posible. Ez zegoen horretarako zumerik. Nafarroa kaka zaharra da, Euskadiren periferia da eta Espainiaren periferia da, hona dena iristen da berandu eta gaizki. Eskerrak Trotski eta Mao Zedong etorri ziren 70ak lehertzera. Badu meritua.

      Hori bai, hemen libre sentitzen ginen, hemen inork ez zuen menpeko izan nahi, eta hori la hostia da. Komunista iraultzaile erdien gurasoak cuneteroak ziren. Guk nahi genuen botereak bakean utz gintzala, kitto. Beti zegoen norbait zutik jarri eta “Hau gaizki dago” esaten zuena. Hori basikoa zen, ez orain bezala. Orain gobernuan dagoen ezkerreko politikari batek esaten du “Ez didate gehiago egiten uzten” eta jendeak esaten du “Ados”. Ba ez, garaian esango litzateke “Ba zoaz pikutara, gu arduratuko gara”.

      Beste toki batzuetan jendea zintzoagoa zen, beldur handiagoa zuen. Egia da ere ni ahobero bat nintzela. Gogoan dut fakultatean mutiko batek esan zidala, tiparraco batek, “Ez bota lumak airean, ezingo dituzula jaso”. Eta nik erantzun “Cunetero de mierda”, nahiz eta nire familian baziren karlistak, gorriak akabatzen ibilitakoak.

      Unibertsitatea kabroiez josia zegoen, jende iluna zen, Francoren agenteak zirela uste zuten berez don inorrez batzuk zirenak. Baziren El Americano bezalakoak ere. Beti amerikanekin eta lisatutako praka argiekin janzten zen. Diskurtsoak ematea maite zuen eta hasi aurretik bekainak okertzen zituen, keinu bat egiten zuen eskumuturrekin. Filosofiako ikasgaietan hitz egiten zuen bereziki. Estupendo bat zen, bera librea zela pentsarazi nahi zigun, ze familiatakoa zen jakingo ez bagenu bezala. El Americanok maitasunari buruzko soflamak botatzen zituen, bizitzaren zentzuari buruzkoak, eta gero politikaz ere aritzen zen eta esaten zuen boterea zela auzia. Boterea berez zela kaltegarria eta Erregimena bezain kaltegarriak zirela erakunde iraultzaileak. Antolakunde ororen kontra zegoela zioen, Heidegger eta Ortegaren aipu luzeak zekizkien eta anti-guztia zen. Lotsagabe bat zen, chicobien bat, aurrena pcekoa izan zen, gero psnkoa eta, azkenean, upnk zuzendari orokor egin zuen. Ipuin liburu bat argitaratu zuen behin.

 

 

Fakultatera iritsi ginenerako, bagenekien ze erakunderen artean erabaki behar genuen. Bazen bat ortkoa, Iturria, ze astuna zen, denbora piloa eman zuen gu maoista egin gintezen saiatzen, baina ni Aitorrekin politikaz hitz egiten hasi eta Ligan sartu nintzen. Gainera, nik ez nuen inondik ere gurasoek militatzen zuten alderdian militatzeko asmorik. ort oso alderdi epikoa zen, baina oso ordenako alderdia ere bai. Bizitza osorako ezkontzan sinesten zuten, oso zaharkituak ziren kultur alorrean, kantautoreak bakarrik eta rollo hori, ez zioten esperimentazioari tarterik ematen. Nik iraultza ez nuen bakarrik nahi pobrezia erauzteko eta aberatsak desagerrarazteko. Familia monolitikoa eraitsi behar zen, bizitzak koloretsuagoa behar zuen, dibertigarriagoa.

      Gero eta ere bazegoen, baina ez zeukan gaur egungo irudia, kontu erromantiko bat zen. Carrero hil zutenekoa izugarrizko ospakizuna izan zen. Gogoan dut nola ospatu genuen eta nola ziren gure beldur kalean zeuden poliziak, ez zekiten zer gertatuko zen haiekin. Nik orduan pentsatu nuen etak hala jarraitu izan balu, atentatuz atentatu Erregimena eroraraziko zutela.

      Baina urteekin gero eta gutxiago gustatu zitzaidan hura. Eta ama izan nintzenean, beldur nintzen han sartuko ote ziren semeak, ze ni zeharo euskaldundu nintzen eta semeak euskaldunak dira. Nire senarrari esan nion behin, “etakide izateagatik kartzelatzen badituzte, ni ez naiz bisitan joango”. Ze gauza bat zen almiranteak hiltzea, torturatzaileak-eta, eta beste bat peaje bateko ordainlekuko langilea hiltzea, kuartel batean lo egiten zuen haur bat hiltzea.

      Gure aurreneko semea jaio zenean, oso oinarrizko kontuak nituen argi: ez nuela bataiatuko, hasieratik egingo niola euskaraz, kapitalismoaren kontra egoten erakutsiko niola eta ez nuela leninismorantz lerratuko. Nik nerabezaroan kultura handiagoa izan banu, hasieratik Rosa Luxemburg ezagutu izan banu, ez nintzatekeen leninista izango. Zeren zu ezin zara Stalinera iritsi Leninik eta boltxebike zaharrik gabe. Nahiz eta boltxebike zahar asko zoragarriak ziren, jantziak, konplexuak azken egunera arte.

 

 

Betirako maiteko dut Aitor.