Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Zortzi

 

—Patxi—

 

Aspaldi hasia nintzen elkarrizketekin, baina pendiente nuen Patxirekin geratzea: 70etako Iruñerria nolakoa zen ulertu behar nuen hirigintzatik, auzoek zituzten dimentsioak, nolakoa zen eskualdea.

      Patxi eta Mariaren arkitektura estudiora joan nintzen, Iturramara. Ez genuen hartu kaferik eta ez genuen hirigintzari buruzko solasaldirik izan. Txandal urdin bat ikusi nion plastikozko poltsa batean. Eseri bezain laster, poster bat eta kontzertu baten afixa bat zabaldu zituen mahai gainean.

 

 

— ORTren argazkilarietako bat nintzen. Han ezagutu nuen Paco Avizanda eta 1977ko abenduan Super 8 batekin grabatzen hasi ginen, gure aitaren kamerarekin. Franco hilik zegoen dagoeneko, baina dena oso nahasia zegoen, gauza asko gertatzen ziren. Hori dena jaso nahi genuen.

      Dena hasi zen Blas Piñar Iruñera etorri zenean. Nafarroak gorriak hiltzeko errefortzuak behar bazituen, zeukaten guztiarekin etorriko zirela esan zuen. Olite zinemetako mitin batean izan zen, kalearen amaieran, Pablo Sarasate Kontserbatoriotik gertu. Gu parean bizi ginen eta balkoitik grabatu genuen nola iristen ziren, nola irteten ziren faxistak. Fuerza Nuevakoek ikusi egin gintuzten; egiten ari ginenaz konturatu eta kaletik mehatxu egin eta gu jipoitzera igo ziren, kamera haustera. Nik ziztuan armairu baten goiko aldera igo nuen kamera, pisuko atea morroiloz itxi, aulki bat jarri eta komunean itxi ginen. Eskaileretatik entzun genituen builaka. Baina okertu eta 4.eraino igo ziren. Auzokideei egin zieten oihu, auzokideek ez zuten deus ulertu. Aspertu zirenean, alde egin zuten. Ni oso izututa nengoen; garai hartan, frankistek sarritan botatzen zuten jendea balkoitik, halako hildako asko egon ziren komisarietan, etxeko miaketetan. Hala hil zuten Enrique Ruano. Azkenean faxistek Caidosetara alde egin zuten, Karlos III.erantz.

      Hilko gintuztela pentsatu nuen eta, ordea, dokumentu errepikaezin bat grabatu genuen.

      Talka askoko hilabeteak izan ziren: langileak poliziaren kontra, ikasleak sekreten kontra. Talde faxistak frankismoa buka zedin beldur ziren. Dena amaitu zen 78ko sanferminetan, poliziak kargatu eta German hil zuenean. Hori ezagunagoa da. Bien. Ba zezen plazan polizia kargatzen ari deneko irudiak neuk filmatu nituen.

      Material horrekin guztiarekin film bat egin genuen. Resumen de noticias deitu zen eta azpian jarri genuen: Dic – Jul 78 Pamplona, 7 meses de lucha. Hilabete eta erdiz proiektatu genuen egunero, Amaia kalean zegoen zine batean.

      Nire koinatuari esker lortu genuen lizentzia, jabetzaren erregistratzailea zelako eta Jose Maria Areilza ezagutzen zuelako. Ez dakit tipoa ezagutzen duzun. Vamos a ver. Tipo horrek, beste hainbatek bezala, bere bizitza berridatzi zuen 78an, ucdren sortzaileetako bat izan zen eta ministro izatera iritsi zen demokratikoki. Baina 30etan Renovación Españolako konspiratzaile faxisten taldekoa zen, Molaren gizonetako bat Bilbon. Nik ordutik galdetu diot neure buruari zergatik eman zuen baimena gure dokumental iraultzailea proiekta zedin. Ez dakit harentzat ere frankismoa jasanezina zen, guretzat bezala, ala agian iraultza iritsiz gero bere bizia arriskuan egon zitekeela ikusiko zuen eta, akaso, pentsatuko zuen frankista gisa egindakoak konpon zitzakeela filmari baimena emanda.

      Esan nahi dut 1978an gauza oso makal zegoela oraindik. Zentsura oso indartsua zen. Gu ikasle ginen. Estudio bat uzten ziguten ixten zutenean, iluntzeko 9etan hasten ginen grabaketak egiten. Han sartu genituen off ahotsa, abestiak, den-dena.

 

 

      Filmaren afixa Gráficas Irujon inprimatu genuen, tipoak oso harreman ona zuelako gurekin, ortrekin. Oso inprimategi potentea zuen Karlos III.aren etorbidearen perpendikular batean. Bien. Nahiko merke egin zigun ortkoak ginelako, baina beste antolakunde iraultzaile batzuetakoei ere merke egiten zien.

      Tira. Hau pasadizo bat besterik ez da. Beste hau ere erakutsi nahi nizun.

      Kontzertua Iruñean izan zen eta Iruñetik antolatu zen. Sinestezina iruditzen zait, bulegoan daukat eskegita. 1975ean Playa Girón entzun genuenean, lehertu egin ginen. Basatia zen, gauza zeharo berri bat abestien bidez politikaz aritzeko. Hain soila eta halako gaitasuna, ez zuen aurrekaririk: gitarra hartzen baduzu, haluzinagarria da.

 

 

Orain honekin zerikusirik ez duen beste gauza bat erakutsiko dizut.

      1974an Espainiako unibertsitate arteko judo txapelduna izan nintzen eta munduko unibertsitateen txapelketara joan ginen selekzioarekin, Bruselara: brontzezko domina irabazi genuen. Urrea Japoniak irabazi zuen, zilarra Jugoslaviak eta hirugarren, berdinduta, sesb eta Espainia.

      Gure txandala izugarri zatarra zen, baina sesbekoekin trukatu genituen. Hau Uraletako kotoia da, begira, ukitu. Bien. Hil arte gordeko dut. Hura izan zen nafar batek nazioartean inoiz judo domina bat irabazi zuen aurreneko aldia.

      Hamar urte lehenago Tokioko olinpiar jokoak izan ziren, 1964an. Judoan badago kategoria absolutu bat, munstroek jokatzen dute elkarren aurka, imajina dezakezu.

      Akio Kaminaga Japoniako judoka zen eta, inork espero ez zuenean, Anton Geesink judokak irabazi zion, Herbehereetako erraldoi batek, Japonian bertan. Bien. Ba beste judoka japoniar bat egon zen olinpiar joko haietan, Isao Inokuma, beste kategorietan ibili zena eta esan zuena hari zegokiola Geesinken aurka aritzea eta ez Kaminagari. Baina Geesink handik gutxira erretiratu zen eta Inokumak ezin izan zion irabazi. Handik urte batzuetara seppuku bat egin zion bere buruari, samuraiak bezala suizidatu zen.

      Zuk imajinatu, japoniarrak haien territorioan garaituta.

 

 

Nolakoa zen orduko Iruñea? Bien.

      Gure aita aparejadorea zen, ados? Eta Osasunako bazkidetza oparitu zioten 1966an, Sadar futbol zelaia egin zenean, aparejadore lanak egin zituelako.

      Hamar-hamabi urte izan nituen arte Donibaneko futbol zelai zaharrera joaten nintzen etxetik. Berrogei bat minutu ziren oinez, Bigarren Zabalgunetik Donibaneraino. Beste herri baterako bidea zirudien, ze tarte luze hartan, Ziudadelaren gibelean, landak zeuden orduan. Nik banekien oinez, Xabierraldiak egiten nituen haurtzarotik, baina Donibane a tomar por saco zegoen. Pentsa nolakoa zen orduko Iruñea.

 

 

A ze luxua Francoren garaian bizitzea! 74an atxilotu ninduten, borrarekin gogor kolpekatu zidaten sabelean eta bi gau eman nituen kartzelan. Hori zen arruntena politikan bazenbiltzan. Gurekin egon zen euskaraz abesten zuen kantautore bat ere.

      Baina berez militantzian oso gutxi geunden. Gainera, Opusen kontrola basatia zen, basatia. Unibertsitateko asanbladetan, Arkitektura Eskolaren sarrera nagusian, kideak hitz egiten ari zenaren inguruan jartzen ziren, estaltzeko, salatariren bat pasatzen bazen, ez zezan hain erraz jakin nor zen hizketan ari zena.

      72a eta 73a oso gogorrak izan ziren fakultatean. Eta bereziki guretzat, oso karrera exijentea genuelako. Ia ez genuen lorik egiten, dena zen ikastea eta militantzia. Ikasle Batzordeetan hasi nintzen, cenen, eta gero ortra pasatu nintzen. Bien. Zergatik ort? Ba gertuko jendea nuelako, senideren bat, baina, bereziki, kañeroenak zirelako. Esan nahi dut oso ongi antolatutako jendea zela, fabriketan, meategietan, fakultatean. Ordena maite zuten. Nahiz eta batzuetan talkak izan nituen, ze ni oso konprometitua nintzen, baina banuen nire izaera.

      Egun batean, gure zelula burua zen emakumeari Stalin deitzen hasi nintzen. Guk hogei urte izango genituen eta berak 28 ala gehiago. “Stalinek esan du”, “Stalinek agindu du”. Eta zelula buruaren gaineko koadro bat etorri zitzaidan, bilera bat egin behar genuela. Eta bilera oso serioa izan zen, historia lezio bat, Mao Zedongek Stalini ikasi zizkion kontuen ingurukoa. Eta orduan nik esan nion, “Begira, Josemi, aizu, kultur iraultza eta hori dena de puta madre. Baina nik Txinako Iraultzatik maite dut jendeak gosea izateari utzi ziola. Ez naiz banbua jaten hasiko, ulertzen? Nik maite ditut babarrun gorriak, piperrak, eta igande gauetan txistor puska bat eta arrautza frijituak puntillarekin, ulertzen?”. Josemi ez zegoen konforme, baina gu txukunak ginen: afixak egiten genituen, paskinak maketatu, zortzi lagunen artean betetzen genuen Iruñerria paskinekin, argazkiak ateratzen genituen. Beharrezkoa bazen, En lucha osoa egiten genuen, dena: idatzi, maketan sartu, argazkiak muntatu.

      Guri bost pito Stalin, Mao, hori dena. Guri inporta zitzaizkigun Bauhaus, Mondrian eta gero, noski, larrutan egitea, maite genituenekin bidaiatzea.

      Sonatua izan zen zezen plaza bete eta gero 11.000 boz atera genituela. Pentsatu genuen, “Chico, a ver, qué hostias”. Orduan konturatu ginen zozo batzuk ginela. Uste genuen Iruñerrian, Nafarroan, jendeak iraultza nahi zuela, baina jendeak bere pisutxoa nahi zuen, kotxetxoa, jendea kontserbadorea zen.

      Guk Arkitektura Eskolan koltxoneta deitzen genuena geneukan. Erakundetik gertu zegoen jende hori, babesten gintuena. Gure fakultatean ortko bost geunden eta koltxonetan zazpi. Zer iruditzen? Ze iraultza egingo genuen horrela!

      Maria zen hor benetan intelektuala, berak erakusten zizkigun “Karlitos” Marxen gauzak-eta. Mariari esaten zioten La Exótica, ile luzea zeukalako, kixkurra. Eta Estafeta karrikan ganbara bat geneukan, zortzi lagunen artean alokatua. Iruñeko hiru, Bilboko hiru eta Zaragozako bi. Berez, txortan egiteko zen. Han geratzen ginen ligatzen genuenean, toki zoragarria zen larrutan egiteko, hiru sofa eta koltxoi bat geneuzkan baina, azkenean, propaganda gordetzeko erabiltzen genuen, afixak egiteko, En lucha-k gordetzeko. 74tik aurrera ortko Nafarroako propaganda eta logistika burua bilakatu nintzen Nafarroako Unibertsitatean.

      Dogmatismo handia zegoen orduan, baina niri bost axola zitzaidan. Komunisten Ligakoak zeuden, gero etorri ziren laiakoak, lkikoak. Baina benetan izorratu zidana izan zen behin atxiloketa batean easeko emakume batek salatu egin ninduela. Gero atxilotu egin ninduten, eta esan zidaten zergatik eta nork salatuta.

      Niretzat normala zen norbaitek, beldurragatik, atxiloketa batean beste norbait salatzea, baina ostia, gero abisatu. Edo sikiera, nire atxiloketaren ostean bazuen etortzea, azalpenak eman, are barkamena eskatu, zer dakit nik. Ba deus, duela hogei urtetik hilero ikusten dut andre hori Euskadiko Orkestraren kontzertuetan. Ez dit kaixo ere esaten.