Izen baten promesa
Izen baten promesa
2025, nobela
288 orrialde
978-84-19570-49-9
Azala: Alain Urrutia
Hedoi Etxarte
1986, Iruñea
 
2021, poesia
2012, poesia
2008, poesia
 

 

Hiru

 

 

 

Gure aita Komunisten Ligako militantea izan zen gaztetan. Ez nuen inoiz entzun bere buruari hala deitzen, baina gaztaroan idatzi zituen folioak eta kaierak irakurrita, ia zalantzarik gabe esan dezaket garai hartan Aitorrek komunistatzat zuela bere burua.

      Anaia eta biok jaio ginenerako, ezaugarri hori zeharo itxuragabetua zegoen, baina gaztaroko ezaugarriari lotutako mutazio asko zeuden.

      Gure aitak solasaldia maite zuen, ia edozerk sortzen zion jakin-mina: Erdi Aroko fortifikazioek eta xix. eta xx. mendeko Europako talde eta abangoardia literarioek. Hitz egitea maite zuen, Ruben lagunak esango zukeen bezala, “mikrofonoa izatea”, baina bazekien entzuten ere. Nahiz eta batzuetan, irmo, solasaldia eteten zuen, etxeko laurak geundenean. Ez zuen sarritan egiten, asko jota urtean behin.

      Hiru baieztapen utzi nahi zizkigun garbi: euskalduna zen, ez zen espainiarra eta langile klasekoa zen. Baina Aitorrek ni esaten zuenean gu esan nahi zuen, eta gu hori ezin zen eztabaidatu.

      Euskaldun izatearena ebidentea zen Iruñea bezalako hiri batean. Gure haurtzaroan ez zegoen giro bakar bat, ezta familia giroa ere, zeinetan ez ginen sarritan arraro sentitzen euskaldun izateagatik. Ordea, espainiar ez izatearena askoz inportanteagoa zen gure aitarentzat, demostratzen askoz zailagoa baitzen. Horregatik, jarrera kontuei ematen zien zentraltasuna. Espainiarra izateak solasaldiaren tonuarekin zuen lotura: baxu hitz egin behar genuen espainiarrak ez ginelako. Aldi berean, gure aita Andaluziako historiaren apasionatu bat zen, izugarri maite zuen 27ko belaunaldia.

      Euskaldun izaten saiatzearen pasio hark bazuen ifrentzu mikatz bat: gure aitak gorroto zuen euskal munduaren txokokeria, txiki eta berezi izatearen ospakizun giroa, euskal kulturak zuen garapen eta bertute falta. Gure aitarentzat, euskaldun izatea malefizio bat ere bazen, defendatzera behartuta geunden, nahiz eta bagenekien askoz probetxugarriagoa izango litzatekeela beste edozein hizkuntzatan garatu eta jardutea. Eta, gainera, euskaldunek euren burua etengabe ospatzearen kontua zegoen, inolako arrazoirik gabea.

      Espainiar ez izatearena garrantzi txikieneko kontuetan ere islatzen zen. Adibidez, formulario bat bete behar zenean. Naziotasunaren atala hutsik uzten zuen. Dokumentua elektronikoa bazen eta hutsik uzteko aukerarik ez bazuen, frantsesak ginela jartzen zuen, edo portugesak, edo Andorrakoak, edo italiarrak.

      Niretzat, haurra nintzela, okerrena beti zegoen espainiartasunari lotua. Polizia espainiarra zen eta asteburuero ikusten genuen, manifestazioetan: berdin Itoizko urtegia gelditzeko manifan zein Nafarroa Garai osoan euskara ofiziala izatearen aldekoan. Kutrea zena ere espainiarra zen. Armada espainiarra zen eta etxean ez genuen armadarik nahi. Baziren salbuespenak: Mortadelo y Filemón maite genuen, baita, El Mundo-ren haurrentzako separatan, Calvin y Hobbes ere. Familian ikusten genituen La2eko eta Mirentxu Purroyren ETB2ko dokumentalak ere gazteleraz ziren. Eta, aldi berean, Los 40 principales espainiarrak ziren, eta Los Morancos, Iparralderako muga espainiarra zen, eta Guardia Zibila eta Gerra Zibila. Gaitzesgarria zenak eta espainiarra zenak bat egiten zuten: Nafarroako karlistak Espainiarekin zeuden eta Espainiako antifaxistak Euzkadirekin.

      Baina gure aita gehien gogaitzen zuena motiborik gabe haserre egotea zen. Sutu egiten zuen. Eta hiru-lau urtean behin eztabaida gogorra izaten genuenean, une bat iristen zen esaten zuena: “Begira, seme-alaba batez erditzen denean, ama batek egiten duen aurrenekoa da jaioberriak esku bakoitzean zenbat hatz dituen begiratzea. Guk den-denak dauzkagu eta lotsagarria da darabilgun kalapita”. Lotsagarritzat bizi behar genuen serioak ez ziren gaiengatik haserretzea.

      Arrazoizko esaldi bat izan zitekeen, baina niri izu bat ekarri zidan alaba bakoitzaren ernaltzetik erditzera zabaldu zena. Haurdunaldiak aurrera egin zuen, baina nik ez nuen arnasa hartu alabak jaio eta hamar hatzak han zeudela ikusi nuen arte.

 

 

Ez da oso azalpen sofistikaturik behar 1972ko Iruñean Aitor erakunde komunista batean irudikatzeko, 1936ko Gerrako familia galtzaile batean jaio baitzen. Galdera da zergatik bukatu ote zuen oinarri troskista zuen erakunde batean. Kontzientzia handiko pertsona bat izanik, arrazoian oinarritutako hautu bat izango zen.

      Trotskirekiko lotura horrek deriba eta kasualitate geografikoak izan zituen. 1981ean, eraikin huts bat okupatu zuten haurrek, gurasoek eta irakasleek Iruñeko Arrosadia auzoan. Han egingo zuen lan Aitorrek hortik aurrerako bizitza osoan, Hegoalde Udal Ikastolan. Bada, handik 200 metrora, 1992tik 1998an hil zen arte, Seinaleen eta Komunikazioen Teoriako eskolak eman zituen Luis Mercaderrek, Nafarroako Unibertsitate Publikoan. Luis Bartzelonakoa zen eta Parisen erbesteratu zen 1936ko Gerra hasi berritan, gero Sobietar Batasunera joan zen 1978ra arte. Ez nintzen kasualitate horretaz jabetu Aitor hil zen arte: gure aitaren erakundearen inspiratzailearen, zentzu handi batean gure aitak askapenaz zuen ikuspegi partikularra osatu zuen errusiarraren hiltzailearen anaia ondo-ondoan zuen. Egin zuten inoiz kalean topo? Gurutzatu zirenean Aitorrek bazekien nor zen Luis?

      Baina, are gehiago, gure aitak hainbeste miresten zuen Gabriel Arestik Trotskiri buruz idatzi zuen olerki hura ezagutzen zuen? Zer iruditzen zitzaion? Ezagutu bazuen, noiz izan zuen poema haren berri?

 

 

Miguel Usabiagaren Donostia rebelde liburuari esker jakin nuen Trotskik Donostiako Maria Cristina hotelean hartu zuela ostatu 1916ko otsailean. Frantziatik egotzi zuten Naxe slovo (“Gure hitza”) egunkaria argitaratzeagatik. Usabiagak dio bi poliziak lagundu zutela, bata txikia eta adinekoa zela eta bestea heldua eta erraldoia. Paristik Irunera lagundu eta hitza bete zuten: ez zuten Espainiako poliziaren esku utzi. Bidaia luze hartan poliziek solasaldi bitxiak izan zituzten Trotskirekin. Bere ahotsetik kontatzen du Trotskik bere memorietan:

 

      — Gobernuak aldatzen dira baina polizia geratu egiten da.

      Eta estoikoki hasi zen ardoa edaten, botilatik. Gero, botila estaltzen zuen bitartean, gaiari ekin zion.

      — Renanek esan du ideia berriak beti datozela goizegi. Eta arrazoi du.

      Une honetan, eskua ateko giltzarrapoan jarri izan banu kasualitatez, haren begirada zelataria zuzenduko ziezadakeen. Hura lasaitzeko, eskua poltsikora eraman nuen.

      Zaharrak mendeku hartu zion. Orain euskaldunez hitz egiten zidan, haien hizkuntzaz, haien emakumeez, ile orrazkeren itxuraz. Hendaiako geltokira gerturatzen ari ginen.

      — Hemen bizi izan zen Deroulede, gure poeta erromantiko nazionala. Aski zuen Frantziako mendiak parean izatearekin. Espainiako txoko batean setiatutako On Kixote bat zen —eta polizia beltzaranak mespretxu diskretu batekin egin zuen irribarre—. Monsieur, segi nazazu geltokiko poliziaren postura.

      Irunen jendarme frantses bat gerturatu zitzaidan ez dakit zer galdetzera; baina nire laguntzaileak masoien keinu bat egin zuen eta azkar batean eraman ninduen geltokiko irteeretako batera.

      C’est fait avec discrétion? N’est-ce pas? —galdetu zidan beltzaranak—. Irundik tranbia har dezakezu Donostiaraino. Saia zaitez turistarena egiten, Espainiako poliziak ezer susma ez dezan, oso mesfidatia da-eta. Eta orain, elkar ezagutuko ez bagenu bezala, ezta?

      Hotz esan genion agur elkarri...

      Donostian, non itsasoa miretsi eta izututa geratu bainintzen prezioekin, trena hartu nuen Madrila.