Aurkibidea
Hogei
—Alex—
Pajaritosekin hartu nuen aurreneko kafe hartatik, ostiralero hasi nintzen harekin Bosquecillon topo egiten: ile nahasia izaten zuen, besapeak izerditan, arropa zaharra lurrarekin zikindua, baratzetik zetorren. Beti esaten nion kafea hartu behar genuela ostera, baina sei hilabete joan ziren.
Bi kafesne eskatu genituen berriro.
— 1974ko ekain hasieran Paula izeneko neska bat ezagutu nuen, Katedralean. Polizia armatuek atera gintuzten handik. Gero San Agustin elizarantz joan ginen eta, azkenean, Telefonicaren eraikinean bukatu genuen, Gaiarre antzokiaren atzeko aldean. Polizia zegoen nonahi, jende guztia kolpekatzen zuten, jendeak batetik bestera egiten zuen korrika. Eta, ihes egiten ari ziren 2.000 lagun horien artean, baziren bi elkarri lotuta egon nahi zutenak, ez zutenak elkar askatu nahi. Paulak eta biok atari batean muxukatu genuen elkar, eskua praka barrura sartu nion, bere bi ipurmasailei eutsi nien.
Hurrengo astean erabaki genuen udan, azterketen ostean, Frantziara joango ginela.
Upategi bateko buruari hots egin nion eta handik egun batzuetara bidali zizkigun lan kontratuak. Baina Guardia Zibilak ez zion atzerrira joateko baimenik eman Paulari, haren gurasoak gorriak zirelako; beti zeuzkan arazoak burokraziarekin. Orduan, burkide batek gomendatu zidan deklarazio bat egin nezala adieraziz Paula aldamenean behar nuela, osasunez gaizki nenbilelako. Azkenean idazki bat egin nuen Gobernu Zibilean entregatzeko: “Nire osasuna bikaina denez, nahi nuke nire lagun Paula Etxegoien nirekin etortzea mahats-bilketan Frantziara”. Eta Guardia Zibilak baimena sinatu zuen eta elkarrekin joan ginen. Ez genuen inor ezagutzen Bordele hegoaldeko landa haietan, Creonen aldirietan.
Mahastien jabearen lagun egin ginen. Gainontzeko langileak portugesak ziren eta nagusiak Paula eta biok bakarrik gonbidatzen gintuen haren gazteluan afaltzera. Zilar koloreko betaurrekotxoak zeuzkan eta etengabe egiten zuen barre. Iluntzean biolontxeloa ateratzen zigun. “Je joue comme Rostropovich” esaten zigun eta Txaikovskiren Beltxargen aintzira eta Bachen pasarteak jotzen zituen. Hurrengo goizean afariko ardo goxoaren biharamunarekin egiten genuen izerdi mahatsen gerizpean.
Uste nuen nagusia Paularekin ligatzen ari zela, nahiz eta gaur egun argi dudan, berez, nirekin egin nahi zuela larrutan. Oraindik ez zitzaidan burutik pasatzen gizonekin harremanak izatea.
Mahats-bilketatik itzultzean, Irunen, Espainiako poliziak liburuak aurkitu zizkigun. Kenduko zizkiguten beldur nintzen, sobornatu egingo gintuztela, ala atxilotuko. Bereziki harro nengoen Bordelen Frantziako lcrko kide batek euskarazko pare bat liburu eman zizkidalako. Nik orduan ez nuen zipitzik ulertzen, baina ekartzeko ilusioa nuen. Halere, esango nuke ez zutela diferentzia handirik nabaritu euskarazkoen eta Paularen Marguerite Durasen, Kollontairen eta Rosa Luxemburgen artean. Erregistroa egin zigunak esan zuen, “Se ve que a los muchachos les gusta leer”.
Bidaia hartan ekarri nuen Karl Marx izan zen irakurri nuen Karl Korsch-en aurreneko liburua. Frantses gutxi nekien, eskolakoa, baina banuen gure Cadizko izebak emandako hiztegi bat eta liburua ia itzuli egin nuen. Orduan, pentsatu nuen gure belaunaldiko Ligako asko gertuago geundela, berez, Korschengandik Trotskirengandik baino. Zeren Trotski maite genuen Stalinen kontra egon zelako, kultua eta fina zelako eta, bereziki, sesbek iraultzaile izateari utzi ziola nabarmen ikusi zuelako. Baina Korschek oso garbi esplikatzen zuen nola faltsifikatu zen Marxen hipotesi askatzailea, nola alderdi boltxebikearen izaera militarra bera zen komunismora heltzea ezinezko egiten zuena eta estalinismoa posible egin zuena.
Bidaia horren ostean amaitu zen Paula eta bion artekoa. Manifestazioetan eta ekitaldi politikoetan topo egiten genuen, baina ez genuen sexu gehiagorik izan, ezta solasaldirik ere. Beti egin zaizkit astunak halako bukaerak, ez dakizunean zergatik bukatu diren gauzak eta, beraz, zertarako hasi ziren ere ez.
Niretzat, orduko gehienontzat bezala, masa oroitzapen nagusia Potasaseko meatzeetara joan ginenekoa izan zen. Iturramatik joan ginen oinez Zizurren barna polizien ilarara arte, meatzetik gertu. Ikasleak geunden, etxekoandreak, fabrika potoloetako langileek lan ez egitea erabaki zuten egun hartan.
Poliziaren karga hasi zen. Baina adi, ze han ez zen zaldi gaineko poliziarik, gero jendea kontatzen ibili izan den bezala: ez zen posible. Zaldiek hankak hautsiko lituzkete lur irregular hartan.
Ia korrika itzuli ginen Iruñera 10.000 lagun, eta polizia jendearen kontra hasi zen, pilotakadaka hiri osoan zehar. Fitxatu zituzten 500-600 pertsona, astakeria bat. Oso gaizki pentsatu zen guztia, jendearen bulkadak gidatu zuen, desesperazioak. Eta zuten guztiarekin kolpekatu gintuzten. Ez zen mobilizazio antolatu bat izan. Zeren militanteek, garai hartan, ardiek bezala egiten genuen, geure buruan, mobilizazio batek gero eta antolakuntza gutxiago izan, orduan eta autentikoagoa zen.
Oso sasoi desberdina zen; militanteak jende oso determinatua ziren eta zerbait ez bazuten jasaten guztiari egiten zioten aurre: poliziari, militarrei, eskirolei, apaizei, epaileei, kartzeleroei.
Nire bizitzako garai dibertigarriena izan zen. Ez bakarrik barre asko egin genuelako. Maskararena gertatu zen eguna bezalakoengatik ere bai.
Ligako asanblada bat egin genuen Arrosadiako elizan. Sartzerakoan kartoizko maskara bat jarri genuen, haurrek bezala, gomatxo batekin inork ez zezan jakin nor zen nor. Bi ordu-edo generamatzan, ez dakit zenbat, ze ez nuen erlojurik eramaten inork ez zezan jakin hor nintzela. Eta, halako batean, hitz egiten ari zenaren goma puskatu eta maskara erori zitzaion. Txema zen, zuri geratu zen, isildu eta atzean eseri zen. Luzaroan ez zen haren ahotsik entzun asanbladetan.
Beste uneren batean egoera dibertigarria izango zen, barrez lehertuko ginen, baina testuinguru hartan izutu egiten ginen. Salatzen ahal zintuzten, torturatu, joan zintezkeen kartzelara.
Aitor zen gainontzeko erakundeetakoekin harreman ona zuen bakarretako bat, oso capillas zen. Normalena zen beste erakundeetakoen laguna ez izatea. Oso sektarioa zen giroa. Baina Aitorrek beti azpimarratzen zuen axola zuena egiten zena zela eta ez zein zen ustezko zure joera politikoa.
Ni bestelakoa nintzen, atsegina zitzaidan jendea nuen gogoko. Gerora ppko batzorde iraunkorrekoa izan den tipo baten oso lagun egin nintzen. Eta garai hartan ptekoen oso lagun izan nintzen, baita Larga Marcha hacia la revolución socialista-koena. Larga Marchakoak bikainak ziren, oso giro ona izaten zuten.
Medikuntza fakultatean hogei bat militante ginen eta Letretan 200. Hemen denek zekiten nor zen nor. Bazen orduko Ezker Abertzaleko tipo bat, high class, ni baino bi urte zaharragoa, eta bazen gerora ginekologo ospetsu izango zen emakume bat, maoista zena. Gero Zaragozatik etorri zen Larga Marchako batekin ezkondu zen emakumea, familia oneko tipo bat zen jatorrian, baina erakundeak Authin lan egitera bidali zuen.
Nik ez nuen sekula garagardo bat edan Aitorrekin. 75-76ra arte debekatua zegoen, baina bestela ere, Aitorrek ez zuen maite, asko jota kafe bat.
Iruñera iritsi nintzenean Club Atlético Universitarion eman nuen izena. Egun batean bakarrik joan nintzen mendira. Oso jende modernoa zihoan Club Atléticora.
Ez nuen mendia maite, baina horri esker hasi nintzen politikan sozializatzen. Kaptaziorako toki bat zen eta, aldi berean, behin kaptatuta ez zenuen zure kideekin sozializatzeko baimenik. Alkoholiko Anonimoetan bezala.
Club Atléticon ezagutu nuen Pepe, gorria zen. Haren ama Pastora deitzen zen, Mujeres Comunistas-ekoa; gerra aurretik mitinak ematen zituen Pasionariarekin: langile masak pizten zituen.
73ko Maiatzaren Lehenean pasadizo bat izan genuen. Asalto bat egin genuen Ligakoek: Sarasate pasealekuan trafikoa mozten hasi ginen. Irurtzungo burkide bat agurtu nuen, Inasako langile bat, langile batzordeetan zegoena. Manifestazioa aurrera zihoan: hogei metro, ehun, berrehun. Orduan lau sekretak lurrera bota zuten Inasakoa eta Pepe eta biok ziztuan joan ginen sekreten kontra. Banatzen saiatu ginen baina ezin, Inasakoa jipoitzen ari ziren. Guri ukondokadak ematen zizkiguten. Azkenean, Pepek eta biok ostikoak jo genizkien poliziei eta lurrera bota genituen laguna askatzeko.
Bosgarren sekreta bat iritsi zen korrika Inasakoaren bila eta nik zangartekoa egin nion eta amildu egin zen. Manifestazioak aurrera segitu zuen. Erori berri zen poliziak pistola atera, hiru tiro airera bota eta Pepe eta bioi apuntatu zigun, Inasakoari eusten zion bitartean. Segidan, gainontzeko sekretak gerturatu eta Inasakoa eraman zuten. Bakarrik geratu ginen Pepe eta biok kale erdian.
Ez nion hau inoiz inori kontatu: ez burkideei, ez emazte ohiari, ezta alabei ere. Nire asmakizun bat ez ote zen izango hasi nintzen pentsatzen duela urte batzuk. Filmen bat gaizki txertatuko zitzaidala memorian.
Gero hamarkada batzuetan ez nuen Pepe ikusi. Lehengoan Kale Nagusiko liburu-dendan egin nuen topo berarekin eta esan zidan Espainiako Lehenengo Errepublikaren segidoreak zirela haien etxean, Ameriketako iraultzaren oinordekoak, “gizaki guztiak berdinak gara eta alderdiek horri kalte egiten diote” eta rollo hori.
Eta orduan galdetu nion, “Badakizu nor naizen?”, eta esan zidan, “Nola ez dut jakingo, ia akabatu gintuzten 73ko Maiatzaren Lehenean”.
Niretzat polizia bat beti izango da zata arrunt baten modukoa. Hegazti izanda, txoritik gutxien duen animalia. Begi beltz bukatu gabe horiekin, buru erraldoi eta moko txikiarekin, luma kriptiko horiekin, lokatza eta orbela dirudi. Baina, bereziki, zata arruntaren kantua. Polizia bat hitz egiten entzuten dudan bakoitzean, berdin zait hitz bakarra esaten badu, esaterako, “siga” errepide kontrol batean, nik zata arruntaren zarata entzuten dut, iluntzearen espektroa, ezkutuko piztia miserable bat.