Aurkibidea
Hamabi
—Juan—
Aitor hil zen egunean, posta elektroniko asko jaso genuen beilatokiak halakoetarako prestatzen duen helbidean. Pandemiako legezko egoeragatik mugitu ezin zen jendearenak ziren. Juanena izan zen jaso genuen mezu luzeena, asaldatuena. Hainbeste dolumin ohar jaso genituen, bakar bat ez erantzutea erabaki nuela, ezta harena ere. Lau urte beranduago, helbide elektroniko hura baliatu nuen harekin harremanetan jartzeko. Laurak insistitu zidan, gelditu behar nintzela gizonarekin, “diziplinatua delako”, eta ulertu nuen horrekin esan nahi zidala Iruñeko unibertsitate garaietako gauza gehiagoz oroituko zela.
Gure hitzorduaren aurretik bi posta bidali zizkidan. Batean, Aitorren argazkiak zeuden. Bestean, bere argazki bat, une hartan bertan egina, iritsiko nintzenean nor zen jakin nezan. Honakoan Maisonnave itxita zegoen, beraz, aldameneko kafetegi batera joan ginen. Kafesne bana eskatu genuen.
— Aitorrek proposatu zidan Ligan sartzeko. Ez nengoen alderdiaren aparatuan, baina gauza askotan parte hartzen nuen, antolakuntzan laguntzen nuen, tendentzian nengoen.
Ni hantxe geratu nintzen, inoiz ez nuen militante izateko pausoa eman. Baina Ikasle Batzordeetan parte hartu nuen, cen esaten genien. Gonbidatu bat sentitzen nintzen.
Uste dut geundena baino mehatxatuagoak geundela uste genuela. Noizean behin norbaiten etxean elkartzen ginen eta ekintzak babestu eta antolatzen genituen, edo koiuntura aztertzen genuen. Maiatzaren Lehenean parte hartzen genuen, eta greba orokorretan. Gure zereginaren funtsa zen langile mugimenduak egiten zuenari adi egon eta oihartzuna ematea unibertsitatean.
73an etorri nintzen Iruñera ikastera. Bartzelonan jaio nintzen, gure aita militar frankista bat zen. Lizentzia hirukoitzean matrikulatu nintzen: Historia, Filosofia eta Pedagogia. Klasekidea zelako ezagutu nuen Aitor. Urte hartan, unibertsitateko ikasturtea aldatzea erabaki zuen Julio Rodriguez Martin Hezkuntza ministroak: urtarrilean hasi zen irailean hasi ordez. Bitartean, borondatezko eskolak izan genituen lau hilabetez: ikasleak campusean geunden baina ez genuen inolako betebehar akademikorik. Zer egiten genuen? Jendea ezagutu, solastu, mendira joan, maitemindu. Eta Franco nola eraitsi eta iraultza nola egin pentsatu. Ondoren jakin nuen ministro hura Francoren gogorrenetakoa zela, baina harekiko esker ona besterik ezin genuen izan, zeren hilabete haiek balio izan ziguten jendea geureganatzeko eta protesta antolatzeko. 74a hain ona izan bazen, Rodriguez Martini esker izan zen; oharkabean, abantaila taktiko bat eman zigun. Handik gutxira egotzi zuten, batek daki zergatik.
Iruñera iritsi nintzenean ez nengoen inolako mugida politikotan. Bartzelonan salestarretan ikasi nuen eta, gero, moja moderno batzuenean. Azkoienekiko lotura handia nuen, 4.000 biztanle zeuzkan, Nafarroa hegoaldean. Gure aita hangoa zen eta udan etortzeko ohitura genuen, lagun asko egin nituen. Berez, han bakarrik neuzkan lagunak, nahiago nuen Nafarroako jendea. Bartzelonan oso argi geratzen zitzaidan ez nintzela hiri kosmopolita horren parte.
Garai hartan uste nuen politika gauza bat zela eta filosofia oso bestelako zerbait. Kristoren desengainua izan nuen. Opusen eskoletan ezin zen arnastu. Filosofiaren irakaskuntza zeharo kontserbadorea zen, egun osoan ikasten genuen Santo Tomas, teologia egitera behartzen gintuzten. Apaiz batekin kalapita izan nuen, infernuaz hitz egiten baitzigun haurrak ginenean salestarrenean bezala. Eta Aitorrek den-dena azaltzen zidan: ze erakundek nahi zuten diktadura suntsitu, ze talde klandestino zeuden Iruñerrian. Eta parte hartzen hasi nintzen ni ere. Ez hark bezala, hark ikuspegi estrategikoa zuen, nik neure modura ekiten nion. Aitor Ligak campusean zuen helduleku bat zen, lider bat. Harekin izan nuen harreman politikotik sortu zen, gero, harreman pertsonala. Niretzat Iruñea deskubrimendu bat izan zen. Nahiz eta beldur handia pasatu nuen. Gure aitak jenio bizia zuen eta zerbait jakin izan balu hilko nindukeen.
Gainera, poliziek atxilotutakoek gauzak kontatzen zituzten. 76ko urtarrila nire bizitzako une erabakigarrietako bat izan zen. Aitarekin haserretu eta etxetik alde egin nuen. Filmetako eszena batean bezala. Osabei esan nien mendira nindoala, gauean deitu nien esateko ohar bat utzia nuela mesanotxean arrazoia azalduz.
Gure aita Bartzelonatik etorri zen nire bila. Gogoan dut Aitor haserretu egin zela. Umekeria bat iruditu zitzaion, Ikasle Batzordeen segurtasuna ezbaian jar zezakeena. Aitorrek arrazoi zuen, baina niri aitarengandik banatzea axola zitzaidan soilik. Aita anaiarekin etorri zen, anaiak aurkitu ninduen. Zorionez gure aita hain zen bere buruaren jabe, hain zen soldadu, inoiz ez zela laguntza bila poliziarenera joango berak konpondu behar zuen zerbait konpontzeko. Topatu nindutenean etengabe errepikatzen zuen “Familia que reza unida, permanece unida”. Baina nik berez entzuten nuen “Como te pille, te frío a palos”.
Gure aita Bartzelonara itzuli zen. Egun batean, Aitorrek esan zidan kontzientzia soziala izate sozialak determinatzen zuela. Nik ulertu nion familia girotik alde egin nahi banuen lan egin behar nuela, ezin zidatela gurasoek dirua eman eta ezin nintzela osaba-izeben etxean bizi. Lanean hasi nintzen ikasi bitartean. Nire bizitza aldatu zen 76 hartatik aurrera. Nire campuseko politika desagertu zen. Baina hain istilu intentsoak hasi ziren hainbeste hiritan, aurreko eskema guztiak zartatu zirela: martxoaren 3koa Gasteizen, Jurramendikoa maiatzean. Nafarroa guztia zegoen amnistiaren alde, askatasunaren alde. Kalapita zegoen denbora guztian. Gero etorri zen 77a, Atochako atentatuena.
Eta ni Ligatik aldentzen joan nintzen. Beti egon nintzen erakunde askoren ertzean. Larga Marchakoengana gerturatu nintzen, gero lagun batzuk Partido del Trabajo de Españan sartu ziren, pten. Ni beti nengoen erdian. Iruditzen zitzaidan guztiek zutela arrazoia. Nik mundu hura desagertzea nahi nuen: salestarrena, poliziarena, enpresariena, gure aitaren mundua. Eta ziur nintzen nire lagunek boterea haien esku bazuten, mundua sekulakoa izango zela. Nahi nuen unibertsitateko irakasleek irakasle izateari uztea, militarrak desagertzea, moralak bakean utz gintzala. Nahi nuen parranda egin eta ongi pasa. Francoren garaia kaka zaharra zen, grisa, ezin zen inon egon. Eta egon zintezkeen kasuetan ere, berez, debekatua egongo zen seguru. Hain zen proiektu pobrea, alde zeudenek ere ez zutela harengan sinesten.
Ikasle Batzordeak utzi nituen. Lanean hasi nintzenean, ezin izan nuen ikasketekin jarraitu. Eraikuntzan hasi nintzen lehenengo. Gero transportista batekin, banaketa lanetan. Handik gutxira itzuli nintzen unibertsitatera, baina Magisteritzara. Neure kabuz egin nuen, zeren nik zortzi ordu egiten nituen lan, baina apunteak lortzen nituen, apurka gainditu nuen dena.
Aitor, Laura eta Angela Bartzelonara joan zirenean, harremana mantendu nuen. Sarritan joaten nintzen hara ni ere, senideak neuzkalako oraindik.
Baina gero, inoiz ulertuko ez nuen zerbait gertatu zen zuen aitarekin. Bartzelonatik itzuli zenean arnasketa-gaixotasun bat izan zuen. Ez dakit zer, baina larria izan zen. Gorde egin zen, ez zuen inorekin geratu nahi. Arduratuta nabaritzen nuen baina ez zidan ezer esaten. Eta azkenean ohiko harremana galdu genuen.
Nahiz eta asko estimatzen nuen, bagenituen desadostasunak. Oso edukatua zen baina oso irmoa. Izaera aldetik, liderregia zen. Niri deserosoa egiten zitzaidan, ni kontrakoa bainintzen. Niretzat desberdintasunak ez ziren arazo bat. Uste dut jendea den bezalakoa dela. Zuen aita intelektualki sendoa zen, jantzia. Ongi hitz egiten zuen, baina ez zen intelektualki umila.
Eta gero Komunisten Liga... troskistak oso erradikalak ziren eta sarritan ez nengoen haiekin ados. Bai Aitorrek, bai troskistek, maoistek, amaieraraino joan nahi zuten. Ez zituzten gauzak pixkanaka aldatu nahi, kanpotik erorarazi behar genuen frankismoa. Marxistak ziren, badakizu? Gogor-gogorrak. Ezin zen ezertan zalantzarik izan. Posibilismoa ez zen posible. Gure mendi taldean Aitor eta Carlos zeuden, bi liderrak: bata troskista zen, bestea maoista; bata euskalduna, bestea ez; bataren ama errepresaliatutako familia batekoa zen, bestea militarren semea. Aitorrek izandako bi maitale Carlosekin ibili ziren gerora. Bi muturrak ziren. Nik asko ikasten nuen eta zuzen nenbilela uste nuen: ez nintzen bakarrarekin erabat lerratu behar.
Hori izan da nire akats larriena: jende guztiarekin izan dut harreman ona. Eztabaida sutsuak gertatzen zirenean atzean geratzen nintzen. Ez nituen maite. Ez nuen maite aisialdi osoa politikak hartzen zuenean.
Niri bereziki parranda gustatzen zitzaidan, ateratzea, ardoa. Zuen aita zen parranda gutxien egiten zuena. Badakit Lauraren ondoren beste bikotekide bat izan zuena Bartzelonan, gerora psikoanalista izango zena. Bitxia izan zen hori, andre hura, Maria, Aitorrekin egon ostean Carlosekin egon zen. Badakit Laura haiekin ikasten zuen katalan batekin elkartu zela gerora, seme-alabak izan zituztela.
82tik aurrera irakasle izan nintzen eta berrikuntza pedagogikoaren kontuetan egin nuen topo zuen aitarekin. Gauzak nola egiten ari ziren azaldu zidan, euskarazko lerroetan askoz aurreratuagoak zeuden gaztelerazkoetan baino. Zuen aita erreferente teoriko bat zen.
75ean Burlatan bizi nintzen. Jende asko pasatu zen handik eta akaso arrisku handiegiak hartu genituen. Martinekin bizi nintzen, Ligakoa zen hura ere, eta jende asko gonbidatzen zuen etxera. Behin banku bat atrakatu berri zuen mozolo bat izan genuen bi egunez gordeta. Barre algaraka ematen zuen eguna. Aitaren beldur izatetik Estatuaren beldurra izatera pasatu nintzen.
Abel ere sarritan etortzen zen etxera, oso tipo deliberatua zen. Mendira gindoazenean harmonika eta gitarra jotzen zituen. Baina manifestazioetan guztiz eraldatzen zen. Poliziak Burlatako Kale Nagusia ezkutuekin eta furgoiekin bitan banatzen zuenean, Abel izaten zen ateratzen lehena, Ligako bi lagunekin batera. Errugbian ariko balitz bezala botatzen zituen harriak: pauso batzuk ematen zituen atzeraka, oin puntetan, biratu eta zeukan potentzia guztiarekin jaurtitzen zuen harria polizien kontra. Txakurrak sutzen zituen.
Poliziaren kargak manifestazioa zartatu zuen batean, isilpeko agente batek Abeli zangartekoa jarri eta lurrera erori zen, atxilotu egin zuten, hiru egunez izan zuten ziegan. Ateratzean esan zigun zauri guztiak erorketakoak zirela. Nik ez nion sinetsi. Aitorrek Ligako abokatu bat lortu zion. Etxean ongi etorri jai bat egin genion, cavarekin, eta Abelek esan zuen: “Hemendik aurrera kitto, ez dute jakingo nork botako dizkien harriak”. Eta hala izan zen, egun hartatik aurrera, bere dantza egin aurretik, biratu eta harria bota aurretik, alkandora erantzi eta buru-beroki bilakatzen zuen. Bularra bistan zuen manifestari bakarra zen.
Manifestazioak zeudenean ni jendartean ezkutatzen nintzen. Erregimena erori aurretik, ez zen gaur egungo zentzuan manifestaziorik egoten, berez, asaltoak egiten genituen. Mercaderesen gelditzen ginen, 8etan. Eta halako batean bizpahiru ateratzen ziren, txaloka, kontsignak oihukatzen. Berrogei lagun igotzen ginen Txapitelatik Gaztelu plazarantz. Poliziak kargatu aurretik 200 laguneko manifestazio bat 300 metroz egitea lortzen bagenuen, arrakasta handi bat zen.
76an atxilotu ninduten, eraikuntza alorrean egiten nuen lan. Bi hilabeteko greba egin genuen, basatia izan zen. Eguberrien ostean, itxialdia egin genuen lanean ari ginen eraikinean, Foru plazako Rural Kutxaren dorreetan. Barrikadak egin genituen. Ur bidoiak eta kontserba lata mordoa eraman genituen, bereziki babarrun gorriak, kanpingasekin zuzenean berotzen genuen lata. Polizia etorri zen baina ez zuen gu ateratzea lortzen, eraikinari tiro egiten zion goizez eta arratsez. Balek egituraren kontra jotzen zutenean, soinu lehor bat entzuten zen. Adreiluak jarri genituen ez zitezen igo. Mozolo bat zegoen lantaldean, Fede, ia egun osoa egoten zen mozkor eta, polizia zetorrenean, hirugarren solairuko ertzera joan eta pixa egiten zien. Poliziek “¡hijo de puta!” egiten zuten oihu.
Ohiko greba basatia izan zen. Soldaten igoera lineala eskatzen genuen. Konbentzituta geunden emango zigutela eta ia dena eman ziguten. Baina ez zen lan greba bat izan, beti ziren greba politikoak. Frankismoa eraitsi nahi genuen. Egunero zeuden asanbladak Zaragozako etorbidean. Orduan negoziazio batzordeari soilik uzten zioten elkartzen.
Grebaren hirugarren egunean gobernadore zibila nekatu egin zen. Hotz handia egiten zuen. Niri berdin zitzaidan guztia baina han seme-alaba txikiak zeuzkaten langileak zeuden. Orduan polizia sarrarazi zuten, guztiarekin guztion kontra.
Ni ez nintzen unibertsitatetik pasatutako bakarra han, bazen beste gazte bat, Salvador. Medikuntza ikasi zuen eta gero sartu zen eraikuntzan lanera. Politizatuenak gu ginen. Gazteagoak ginen, ez genuen senideen zamarik.
Eraikuntzan jende oso zaharrak ere lan egiten zuen. Suntsitutako pertsonak zeuden, Julian bezalakoak, ez zuten hitz egiten. Salbuespena zen esaten zigunean “Yo lo que me digáis”. Dibertigarria zen poliziak iraintzen zituenean, beti esaten zuen “¡Aldeanos!”. Hori zen esateko zuen gogorrena, ahotsik gabe geratzeraino egiten zien oihu: “¡Aldeanos! ¡Aldeanos!”. Hamarretakoaren zorroan beti zeramatzan xaboi pote bat, toalla txiki bat eta zilar koloreko orrazi bat labana bat bezala irekitzen zena: bazkaldu aurretik apaintzen zen.
Nik ez nuen garbi beste langileek ulertzen ote ziguten, baina ez nuen inoiz sentitu engainatzen genituela. Gainera miretsi egiten gintuzten. Niri berdin zitzaidan haiek ba ote zekiten zer gertatu zen Kronstadten 1921ean. Agian, berez, baimen ordainduak eta soldata igoerak besterik ez zuten nahi. Eraikuntzako langileak fabriketakoen oso diferenteak ziren. Inoiz ez ziguten ezer aurpegiratu, galdera asko egiten zizkiguten, distantziarekin baina interes handiz, liburuak uzten genizkien eta ez zizkiguten itzultzen. Inoiz ez genien galdetu irakurtzen ote zituzten. Ligako erdiak obreroak ziren, benetako obreroak. Trantsizioak guztiok hondoratu gintuen. Baina, bereziki, jende hori hondoratu zuen. Julian bezalako jendea.
Polizia sartu zenean, neure burua ez defendatzea erabaki nuen. Jo egin gintuzten eta komisariara eraman, paretaren kontra jarri gintuzten, zangoak zabalik, mehatxatu egin gintuzten. Belarrira egiten ziguten garrasi. Baina komisarian ez gintuzten ukitu, polizia etorkizunaren beldur zen, eta atentatuena. Guk kideak salatzea zen nahi zuten bakarra. Askatu egin gintuzten, ez gintuzten identifikatu ere egin. Liderrak bakarrik geratu ziren preso. Haiei galdeketak egin zizkieten eta kolpekatu egin zituzten. Gobernu Ordezkaritza dagoen tokian gertatu zen, artean ez zen Chinchillako komisaria existitzen.
Niretzat nardagarria izan zen poliziek haien artean zuten kidetasuna. Jotzeaz, umiliatzeaz eta torturatzeaz irri egiten zuten. Greba hark erakutsi zidan ezetz, jende horren proiektu politikoak aurrera eginez gero, kontrarioak pertsona izateari uzten ziola, tratu txarrak ematen ahal zenizkion animalia bilakatzen zela eta, beharrezkoa bazen, desagerraraziko gintuztela. Polizia haren gainean eraiki zuten geroko demokrazia.
Garai konplikatuena Burlatan bizi nintzenekoa izan zen, bereziki 77ko Amnistiaren Aldeko Astea. Iruñerrian 20.000 lagunek egin genuen greba eta bospasei lagun hil zituzten. Ezagunena Jose Luis Cano izan zen, jipoituta hil zuten, eta gero, gainera, tiro egin zioten buruan. Hantxe, Xabier karrika eta Caldereriaren izkinan. Gaztea zen, gure adinekoa. Gobernutik argudiatu zuten mutikoak harri bat bota zuelako hil zutela. Euskadiko 500 tokitan egon omen zen kalapita: manifestazioak, piketeak, grebak, itxialdiak.
Kalapita egon zen egun horietako batean, Carlosek etxera jaitsi gintuen nire andrea, Victoria eta hirurok, bere Dos caballosean. Burlatara iristean kotxea aparkatu genuen, baina irratia entzuten geratu ginen barruan, arratsalde hartan Iruñean gertatutakoaz ari ziren. Halako batean, poliziak inguratu gintuen, pistolekin apuntatzen. Eskuak garondoan jarri genituen, ateak ireki zizkiguten eta atera egin ginen. Paretaren kontra jarri gintuzten. Hantxe hilko gintuztela pentsatu nuen. Han bertan bizi ginela esan genien, ukondoarekin balkoia seinalatu nuen. Dokumentazioa eskatu ziguten. Carlosen karneta erditik tolestua zegoen. Eta poliziak garondoaren kontra jo zuen, “¡Qué mierda de carnet es este!” oihuka behin eta berriro. Eta dokumentua lurrera bota zion. Carlos ez zen mugitzen. Nik otoitz egin nuen ahapeka ez zedin mugitu. “Mugitzen bada hilko dute”, pentsatu nuen. Dispositiboaren buruak, oihu egiten zuenak, karneta hartzeko esan zion, makurtu zedila. Makurtu zenean, txakurrak bultzatu egin zuen eta Carlos lurrera erori zen. Bitartean irratia entzuten zen.
Alde egin zuten gero. Nik uste huts egin geniela. Iritsi zirela pentsatuz komando bat topatu zutela eta ikusi zuten gizagaixo batzuk besterik ez ginela, jende arrunta. Komando bat izan bagina, agian hilko gintuzten.
Gero jakin genuen gure etxetik oso gertu poliziak sarritan joaten ziren taberna bat zegoela.
Handik hilabete batzuetara gertatu zen Germanena, 78an. Ni ez nintzen haren laguna, nahiz eta sarritan etorri izan zen gure etxera. Bera eta orduko neskalaguna. Baina ez genuen ia inoiz solasaldirik izan. Gero ospetsu bilakatu zen, hil zutenean. Heriotzak badu zerbait ikonikoa, halako batean norbaiten argazkia, norbaitek lehenago egindakoa, idatzi zuena, eztabaidaren bat, behar lukeena baino gehiago nabarmentzen da, gehiegi, neurria galtzen du guztiz. Ez genuke ausaz hil den norbait heroi bilakatu beharko.
79ko garraiolarien greba guztiz bestelakoa izan zen. Dena zen ordenatuagoa. Ni negoziazio batzordean nengoen eta manifestazio bat deitu genuen. Orduan gobernadore zibilak haren bulegora deitu ninduen. Esan zidan manifestazioa ez egiteko, kargatu egingo zutela. Asanbladara joan nintzen gobernadoreak esandakoa kontatzera. Baina kideek esan zidaten ezetz, manifestazioa egingo genuela eta egin genuen eta gobernadoreak berriro deitu ninduen, urduri zegoen, esaldiak bukatzean mahaia kolpekatzen zuen.
Ni ordurako ez nengoen Ligan, pte ingurura pasatua nintzen, nahiz eta ez nintzen inoiz militantea izan. Halere, haien sindikatuan afiliatu nintzen, csuten. Gero ccook babestu ninduen eta gero labek. Nik negoziatu nituen 78ko, 79ko eta 81eko hitzarmenak. Ez nekien ezer, ez negoziatzeaz, ez sindikalismoaz, ez iraultzaz eta, ordurako, aski garbi nuen frankismoa ez zela desagertuko, gehienez soldatak igotzea zela gure borroka.
Agian, gaurtik ikusita irrigarria eman dezake garaian hainbeste erakunde txiki egotea, eszisioak eta hori guztia. Baina, egia esan, garai hartan iraultza posible zen eta gaur egun ez. Horregatik diot kariño handia 70eko hamarkadari.
Nik ez nuen inolako harremanik euskararekin. Iruñera iritsi nintzenean apenas nekien existitzen zela. Banekien ikaskideren batek hitz egiten zuela baina, nire irudian, Nafarroa iparraldeko landa eremuko zerbait zen.
Unibertsitatean hasi nintzenean ulertu nuen euskararen eta iraultzaren arteko lotura. Aitorrek Mikel Laboaren Brechten diskoko letrak pasatu zizkigun, niri esan zidan letrak irakurtzea hautazkoa zela, eta apirilean hitz egingo genuela. Apirilaren 1ean etxera etorri zen eta atera zuen paper bat, txikia, berak eskuz idatzia. Alde batean Eusko gudariak zuen eta bestean Internazionala euskaraz, Gabriel Arestik itzulia: Maiatzaren Lehenerako ikasi behar nituela biak. Nik ez nuen ulertzen zer harreman zuen Eusko gudariak-ek, niretzat nazionalismoaren kontu bat zen abesti hark, nazioarteko iraultza sozialistarekin. Baina erabateko konfiantza nuen Aitorrengan. Eta ikasi nituen. Duela ia 50 urtetik ez ditut berriro abestu, baina uste dut oraindik badakizkidala.
Hemen euskararen alde pnvkoek eta ezker iraultzaileak egiten zuten. Are gehiago, gerora euskara irakasle ala kultur teknikari izango ziren mordoa, aurretik, troskistak izandakoak dira.
Gero bai: 80etan egon zen lan egiteko euskara ikasi zuen jendea. Baina 70etan dena zen platonikoa. Dena zen benetan nahi zenuelako, maite zenuelako, baita hizkuntzaren kontuan ere. Nik ez nuen ikasi baina bitxia da, 80etan irakaskuntzan hasi nintzenean, nire lagunak euskal lerroetakoak ziren. Eta gaztelerazko ikastetxeetan egon naiz eta nire lankide askok arraro begiratzen ninduten han Erriberan. Nire alabak euskaldunak dira, biak.

A, argazki hau. Ez dakit zergatik gonbidatu ninduten ni, baina Donostiara joan ginen, 74ko urtarrilean-edo. Pixka bat lehenago hil zuten Carrero. Kontxi, Mercedes, Maripaz eta laurok gaude. Aitorrek egin zuen argazkia. Mercedesena badakizu? Munduko Medikuekin Mostarren zegoela kalaxnikov batekin hil zuten 1995ean.
Ni ez nintzen Ligako gainontzekoak bezala janzten. Niri gustatzen zitzaidan midi gabardinak janztea, belauneraino iristen zirenak. Gustatzen zitzaizkidan lepo altuak, pata de gallo prakak. Ikasle arruntak bezala janzten nintzen, Opusekoa nintzela pentsa zitekeen. Zuen aitari laukidun alkandorak gustatzen zitzaizkion. Egia da osaben etxetik alde egitean bestela janzten hasi nintzela.
Agian garai hartaz esateko dudan bakarra da gure aita putakume bat zela.