Aurkibidea
Hamar
—Judith—
Hemen eta han mendi taldeko argazkietan agertzen zen Judith eta banekien lkiren zuzendaritzan egondakoa zela, 1976an Arantzazuko fundazio asanbladan atxilotu zutenetakoa zela. lcrn ere ibili izan zen lki eratu baino lehen. Txikia nintzenetik zen Iruñerriko mugimendu feministako kide nabarmen bat. Nik berez Silvia Fernandez Viguera elkarrizketatu behar nuen, edo Sagrario Ruiz edo Presen Zubillaga. Baina Silvia Aitor baino bi urte lehenago hil zen, Sagrario urtebete lehenago eta Presen Aitor hil eta urtebetera.
Ez ginen Maisonnaveko leihoen ondoko mahaietan eseri, 70etan lcrn egondako beste bi kide ari zirelako, egunero bezala, kafea hartzen eta bertako Diario de Noticias, Diario de Navarra eta Berria hasi eta buka irakurtzen.
— Hemezortzi bete bezain laster etxetik alde egitea hil ala bizikoa izan zen niretzat. Mercairuñan hasi nintzen lanean. Gero fruituak eta barazkiak saltzen zituzten Zabalguneko denda batean. Eraikuntza enpresa batentzat ere aritu nintzen eta, azken lan urteetan, elektrodo enpresa batean egon nintzen, bulegoan.
Egun batean, Unzuko bi emakume, bi saltzaile, kaleratuko zituztela jakin genuen, sindikatu klandestino bateko kide izateagatik. Elkartu ginen lcrkoak, Ligakoak, ptekoak eta, bereziki, ortkoak, gure sindikatuen bidez. Ekintza batasunerako batzordea egin eta lanak banatu genituen: nork osatuko zituen paskinak, ze lemarekin, non jarriko ziren afixak auzo bakoitzean, ze bilera egingo genituen. Eta merkataritzako greba egitea erabaki genuen.
Lehenengo eguneko goizaldean, 5etan-edo, plastilina eta silikona sartu genien irekiko zutela genekien dendei, karlistenak zirenei-eta. Gero piketeak egiten hasi ginen langileek dendak ireki behar zituzten orduan, 7etatik aurrera. Alde Zaharra poliziaz lepo zegoen, ziztuan pasatzen ziren furgonetekin kale estuetan barrena.
Haurrak eskolan zeudenean hasi ziren greba egin ez zuten dendak zabaltzen. Dendaz denda gindoazen, irekitako guztiak itxi nahian, eta Arrizabalagan sartu ginen, Zapateria karrikan. Denetarik saltzen zuten han, altzariak, etxetresnak, elektrotresnak. Grebaren alde oihu egiten sartu ginen, “Que readmitan a las de Unzu”, “Gaur, greba eguna da”. Saltzaileek lurrera begiratzen zuten eta, halako batean, polizia sartu zen dendara. Gu dozena erdi bat ginen piketean eta dendan hiruzpalau langile. Orduan Pilik esan zien poliziei, “Utzi bakean, bezeroa naizela, zartagin bat erosi nahi dut”. Eta orduan Maruk esan zien, “Utzi bakean, garbigailuak begiratzen ari naiz”. Eta nik orduan esan nien, “Utzi bakean, sukalderako trapuak begiratzen ari naiz”. Eta orduan saltzaileak poliziari garrasika hasi ziren, “Bezeroak dira, bezeroak dira! Zartaginak nahi dituzte! Garbigailuak! Sukalderako trapuak!”. Poliziek gehiago bultzatu gintuzten. Poliziaburuak esan zuen, “Gaizkileak zarete, berdin zait diozuena!”, eta Pili lurrera bota zuten, eskuburdinak jarri zizkiguten, eta atxilotuta furgonetan sartu.
Komisarian hiru dozena emakume elkartu ginen, ugtkoak, usokoak, ni Comisionesen nengoen, eta nire lagun Pili ugtn, baina berez denok ginen troskistak, sindikatu guztietan geneuzkan kideak.
Hiru eguneko greba egin genuen eta bi kaleratuak berriro onartu zituzten Unzun, eta han egin zuten lan handik hiru hamarkadatara denda itxi zuten arte.
Dendetako langile guztiak emakumeak izaten ziren, burdindegietan izan ezik. Gainontzekoetan, janari-dendetan, arropa-dendetan, zapata-dendetan, denak ziren emakumeak. Badakizu? Greba horren efemeriderik ez da, inork ez du gogoan, ez dago historia liburuetan, zeren, noski, emakumeok egin genuen.
Oihal fabriketako greba basatia bezala. Horretaz ez dago ezer.
Mojen ikastetxe batean ikasi nuen nik. Nire familia ikastetxearen parean bizi zen eta hantxe ikasi zuten nire hiru anaia zaharrenek ere.
Niri deitzen zidaten La Pacontraria, beti kontra egiten nuelako, ez nuelako obeditzen, neskatila nintzenetik. Ez dakit nondik zetorkidan harrikada hura. Nire aurreneko piperra katekesian izan zen. Nik ez nuen jaunartzea egin nahi nire ikaskide guztiek jaunartzea egitea amesten bazuten ere. Niretzat jaunartzea gezur hutsa zen, Jainkoa ez zen existitzen eta mojak pertsona ilunak ziren, gaiztakeriaz beteak.
Gainera, elizan zorabiatzen hasi nintzen, ziplo erortzen nintzen mezaren erdian. Abesten nuen bitartean, apaiza entzuten ari nintzela, esan behar zena marmartzen... Egun batean, Arrosadiko parrokian, jaunartzea egin osteko mezetako batean, berriro zorabiatu nintzen eta, erortzen ari nintzenean, eliza argiztatzen zuen zutargi bati eutsi nion. Lotan nengoen, baina fuerte hartuta neuzkan kandelak eta soinekoa erretzen hasi zitzaidan eta gero adatsa, ile luze-luzea nuen, horia. Halako batean, blai esnatu nintzen sua itzaltzeko urarengatik. Meza hortxe amaitu zen. Esan zidaten ur bedeinkatua erabili zutela sua itzaltzeko.
Nire ezinegona oso fisikoa zen, transzendentala.
Nik mojetara joateri utzi eta institutura joan nahi nuen, baina gurasoek ez zidaten uzten. Orduan erabaki nuen gaizki portatzen hasiko nintzela mojek ni kaleratu arte. Egun batean, hamabost urterekin, Labores genuen, irakasten zizkiguten etxeko lanak, eta josi behar genuen poltsa bat. Poltsa egin nuen eta, bukatzeko, ikurrin bat brodatu nuen, handi-handia. Garai hartan kartzelara joan zintezkeen ikurrin bat erakusteagatik. Nik ez nekien zer zen ikurrin bat berez, ez nekien euskaraz hitz egiten, nire familian ez zegoen abertzalerik ezta komunistarik ere, ordenako jendea zen. Baina ikaskide batek Latinoamerikako egunkari baten orria pasatu zidan; han kontatzen zen nola bota zuen Joseba Elosegik bere burua bigarren solairutik Francoren aurrera, Esku Pilotako Munduko Txapelketan, Donostiako frontoian, eta nola oihukatu zuen Gora Euskadi askatuta! Eta orduan jakin nuen Elosegik, urte batzuk lehenago, ikurrin bat jarri zuela Artzain Onean. Nik pentsatu nuen, ikur horri esker, lortuko nuela mojak haserretzea, kaleratuko nindutela ikastetxetik.
Ermitagaña institutura joan nintzen orduan, eta hura Ikasle Batzordeen habia zen. Nire bizitza aldatu zuen. Ikasle Batzordeetan sartu nintzen eta Ligako jende mordoa zegoen, 71 ala 72a izango zen, ze Motor Ibéricako grebarako Institutuan nengoen.
Batzordeetan langileen borrokak babesten genituen. Nire gogokoenak Ligakoak ziren, zorrotzenak zirelako. Eskolako nire lagun handiena, Carmen, Ligan zegoen eta bere zelulako buruarekin harremanetan jarri ninduen. Azkenean, institutuko zelulen buruarekin geratu nintzen, tipa argal bat, altu-altua. Vaguadan hitz egin genuen, batetik bestera, zuhaitz artean. Tipak esan zidan ez nintzela Ligan sartuko, nire orduko bikotekidea etakidea zela baina, berez, poliziaren konfidentea zela eta ibiltzeko kontuz.
Mikel oso mutiko goxoa zen, bizar luzekoa, eta asko maite zuen Benito Lertxundi, mendira gindoazenean abesten zuen. Niri oso gauza elizkoia iruditzen zitzaidan, baina maite nuenez, gustuko nuen bera abesten entzutea. Nire lehenengo nobioa izan zen, harekin izan nituen nire lehenengo harremanak, baina itzal luze bat jarri zioten halako batean eta harekiko konfiantza galtzen hasi nintzen, nahiz eta gerora ez zen demostratu ezer haren kontra. Nik asko maite nuen kontatzen zidan guztia, haren bizitza luzea, ni baino hamahiru urte zaharragoa zelako. Mikelekin irakaspen asko izan ziren kolpetik.
Ez zidatenez Ligan sartzen utzi, lcrra joan nintzen eta han bai, erraz, sartzen utzi zidaten, askoz gutxiago zirelako. Egia da Ligakoentzat ni burges txiki bat nintzela, klase jatorriari galbaheak jartzen zizkiotela, klandestinitatearengatik. Zeren orduan Ligako gehienak obreroen seme-alabak ziren, bereziki industriakoak.
72ko eguberrietan pintaketa erraldoi bat egin genuen institutuaren sarreran margo beltzez: “¡Nguyen Van Dong vive! ¡La lucha sigue!”. Miarritzen euskal errefuxiatuen alde bere buruari su eman zion vietnamdar bat zen Van Dong.
Gure aitaren ama gure aitaz erditzean hil zen. Aita haren anaia zaharrenak hezi zuen, hogei urte zaharragoa zen, hark egin zuen amari eta aitari zegokiena. Horregatik zen zakarra gure aita. Gure ama goxoagoa zen, baina bere buruan beti zegoen Iruñetik alde egiteko gogoa. Azkenean, gure gurasoak Liberiara joan ziren zurarekin dirua egitera, estraktibismo gogorrera. Urtearen parte handi bat Liberian ematen zuten eta ni amonarekin bizi izaten nintzen Iruñean. Oso faltan neuzkan gurasoak, baina haiek ez zeuden nirekin. Malahostia handia izaten hasi nintzen. Gurasoek nire errebeldia gorroto zutenez, nik indartu egin nuen. Gaur egungo gazte bat banintz, terapiara joango nintzatekeen, psikologoarenera, baina ordukoa beste garai bat zen eta langile mugimenduarekin bat egin nuen. Hamabi urte eman nituen iraultza noiz gertatuko. Azkenean, 30 urterekin, unibertsitatera joan nintzen eta Soziologia ikasi nuen.
Hemezortzirekin, gurasoenetik ihes egin nuenean, pisu bat hartu genuen lagun askoren artean. lcrko jendea eta Ligakoa. Ez genuen dirurik eta ia ohe beroen sistemarekin bizi ginen, logelak partekatzen genituen. Bizitza oso garestia zen, hemeretzirekin gidabaimena atera nuen, hilabete osoko soldata ordainduta.
Nire bizitza zen lan egitea eta militatzea. Ez gindoazen ezta zinemara ere. Egun batean “aski da” esan nuen eta El jovencito Frankenstein ikustera joan nintzen. Pentsatu nuen, “Aski da, hau ezin dugu galdu. Asko mugatuko da gure bizitza zinerik ikusten ez badugu, ez dugu irudimena landuko”. Eta zinemara joaten hasi ginen lcrko eta Ligako talde batekin.
Merkataritzako zelulekin batzen nintzen ni bereziki. Batez ere beste lantokietakoak nola zeuden jakin nahi izaten genuen. “Nola daude Potasasekoak? Nola daude Perfil en fríokoak? Zertan lagun ditzakegu? Nola babestuko ditugu?”.
lcrko emakumeok oso paper garrantzitsua genuen. Egia da exekutiban gizonak gehiago zirela eta hitz egitea gehiago maite zutela. Belaunaldi kontu bat ere bazen: Liga muntatu zutenak 40ko hamarkadakoak ziren eta gu 50ekoak.
Merkataritzako zeluletako ia denak emakumeak ginen, osasungintzan ere bai, baina metalean, esaterako, denak ziren gizonak. Eta gero, gure egiturak klandestinoak ziren, beraz, oso zaila zen jakitea erabat zein zen gure erakunde osoaren osaketa. Esango nuke zuzendaritzakoek ere ez zekitela zehatz dena, ze neu ere egon nintzen han, nire garaian hiruzpalau emakume ginen eta zortzi-hamar gizon. Gizonek asko babesten gintuzten, entzun egiten gintuzten, aktibo izatera animatzen. iv. Internazionaleko erakundeetan zentrala zen emakumearen auzia. Ni ez ninduen inoiz inork emakume izateagatik gutxietsi.
1975etik aurrera, Estatuko Ligako beste emakumeekin elkartzen hasi ginen. Guk, Iruñetik, bertan genuen Frantzia eta, horri esker, aldizkariak eta liburuak iristen zitzaizkigun. Nahiz eta Bartzelonan eta Madrilen oso emakume argiak zeuden. Gainera, munduko beste toki batzuetako emakumeekin zeuden harremanetan, nazioarteko bulegoekin zuten lotura, guk asko ikasten genuen haiengandik.
Ipes 76an hasiko ziren martxan jartzen. Kontua zen unibertsitate popular bat sortzea. Zuriñe eta biok topera sartu ginen, merkataritzako grebetan lagun egin ginelako. Emakumeentzako formazioa nahi genuen, ez soilik mobilizazioa, ze hori Koordinakunde Feministan egiten genuen. Baina Koordinakundeak bazuen bere logika. Guk jakiteko gosea genuen, gaiak landu, teoria ikasi.
Koordinakunde Feministan Abortuaren Batzordean nengoen. Bidaiak egiten genituen abortatu behar zuten emakumeekin. Egitura klandestino bat zen. 70en amaiera zen, Franco hilik zegoen, baina arriskutsua zen.
Emakumeen ordezkaritza hasi zen orduan, auzoka. Txantreakotik sortu zen Andraize, hura izan zen egungo Nafarroako emakumeentzako arretarako zentroen hasiera. Han, funtsean, lkiko eta pteko jendea geunden.
Nik ez nuen behin ere abortatu behar izan. Oro har, politikan sartutako jendeak ez zuen abortatzen, bagenekielako nola funtzionatzen zuen kontuak, bagenituen antisorgailuak. Paradoxa bat zen, ze guk egiten genuen abortuaren alde, baina berez kontra zeudenek behar izaten zuten gero.
Behin 1975ean Baionako klinika batean hitzordua hartu genuen, pilulak lortzeko, eta abenduaren 24an eman ziguten. Guri eguna zein zen berdin zitzaigun. Eta hara joan ginen, autobusean Donostiara, auto-stopean Irunera, trenean gero. Baionatik Donostiara itzuli ginenerako, Iruñerako azken busa aterea zen, Gabon gaua zenez lehenago bukatu zirelako. Ez genuen dirurik inon gaua pasatzeko eta apenas zegoen kotxerik Iruñerako bidean. Gauean iritsi ginen, desordutan, gurasoen etxeko guztiek zuten aspaldi bukatua afaria. Baina gu poz-pozik ginen, pilulak geneuzkalako.
Antolatuta geundenok informazio mordoa genuen, kaierak pasatzen genituen antisorgailuen inguruan, obulazioaren inguruan, sexu-heziketaren inguruan. Jende arruntak baino puskaz gehiago genekien. Nahiz eta egia zen preserbatiboak lortzea zaila zela. Eta gero ni asko nekatzen ninduen emakumeak izatea beti kontu horiez arduratzen ginenak.
Nire kasuan, harremanak izatearena ez zen izan, oro har, talka bat gurasoekin. Afrikan bizi zirenean, amerikar asko zebilen han. Nire gurasoak ez ziren jainkojale batzuk. Gure etxeko kalapitak politikarengatik izaten ziren, ez moralarengatik.
Nahiz eta ez zitzaien batere gustatu Mikelekin ibili nintzenean, ni baino hamahiru urte zaharragoa zelako. Latza izan zen haientzat. Mikel etxera etortzen zen nire bila eta etxe pareko kafetegian hartzen genuen zerbait, gurasoek leihotik begiratzen zuten. Baina nik ez nuen hura ezkutatzeko inolako asmorik. Aski nuen kontu politikoekin adi ibiltzearekin, ez nintzen lurpean sartuko norbaiti muxuak emateko, besarkatzeko, liburuak uzteko, hirian paseatzeko.
Gure aita oso bitxia zen. Hil zenean, haren anaiaz irakurri nuen historia liburu batean. 1936an Nafarroako hilketa handien arduradun izan zela jakin nuen orduan. Eta, noski, pentsatu nuen gure aitak uste baino lan hobea egin zuela. Sarritan haserretzen zen, baina ez ninduen behin ere jo.