Aurkibidea
Bi
—Alex—
Haurtzarotik ezagutzen nuen Alex, gure aitak kariñoz agurtzen zuen manifestaldietan. Nerabe nintzela, mugimendu sozialek antolatutako hitzaldietan ikusten nuen, beti egiten zuen galdera deserosoren bat. Zen pixka bat Colombo tenientea bezala: zutik jarri, kopeta zimurtu, bekainak igurtzi eta inork espero ez zuen iruzkina botatzen zuen.
Aitor hil berritan, kafea hartzeko geratu ginen. Maisonnave hoteleko kafetegiaren amaieran jarri ginen, eta gure aldamenean zortzi udaltzain deseroso, gerriko borrekin eta pistolekin ezin zirelako txukun eseri. Grabagailua piztu eta reci eman nion.
Laurarekin egona ote nintzen galdetu zidan. Ea zer esan zidan jendeak aitari buruz hura hil zenetik, ba ote nekien nolakoa zen gaztetan. Jabetu nintzen ez nuela inoiz ariketa hura egin: niretzat bazen Aitor bat haurra, Iruñeko Katedralaren atean anaia zaharrarekin argazkilari profesional batek Erramu igandero egiten zien argazkikoa; Aitor hark helduen ezaugarriak zituen: arduratsua zirudien, serioa. Gero Aitor heldu bat irudikatzen nuen, gure aita izatear, Iruñeko Udal Ikastolaren osatzean parte hartu zuena. Baina Aitor haurraren eta helduaren artekoaz ez nekien ezer. Banekien, segur aski, Aitor ez zela gazte arrunta izango, baina norbaiti buruz ohiz kanpokoa dela esateak ez du oso informazio argigarririk ematen.
— Ez dakit jakingo ote duzun baina niri Pajaritos esaten didate unibertsitate garaitik. 74ko udaberrian txori ilun bat ikusi nuen teilatu-hegal batean, isatsa gorri laranjatua zuen. Txolarre bat izango zela pentsatu nuen eta, iluntzean, telefonoz hots egin nion Cadizeko nire osabari, txoriez asko zekielako. “Hori buztangorri ilun bat da, ziur”. Osabaren segurtasunak gorituta pentsatu nuen: gure osabak bezala ezagutu nahi ditut txoriak. Orduan erosi nituen nire aurreneko identifikazio gida eta prismatikoak.
Buztangorri iluna txolarre baten tamainakoa da: aurpegia beltz bortitza dauka, superheroi maskaratu bat dirudi. Emeak ere isats gorria du, baina lumak diskretuagoak dira, arreagoak, grisagoak. Antzinako eraikinei esker iritsi zen hirietara, teilatu eraitsiengatik, abandonatutako eraikinengatik, baina orain egiten ari diren fatxada inguratzaileekin izorratu egiten ditugu. Gizakiarentzat txukuna denak naturari heriotza dakarkio.
Ni zuen osaba Iñigoren oso antzekoa naiz: politika maite dut, baina poteatzea eta ortura joatea ere bai, belaunikatzea, belar txarrak kentzea, landatzea, hodeiak begiratzea. Zuen aitarekin solasaldiengatik izan nuen sintonia, ez politikoki bat egiten genuelako, nahiz eta erakunde berean egon ginen. Uste dut zuen aitarentzat auzi intelektuala babesleku bat izan zela, egunerokoan harreman zuzenak egiteko zailtasunak baitzituen. Hori da zuen aita gazte zenekoaz pentsatzean burura datorkidan flasha.
Aitor oso barnerakoia zen, ez dakit zer esan dizuten hari buruz, serioegia zen. Esan nahi dut ezin zenuela izan azaleko solasaldi bat harekin, ezin zenuen komentario fribolo bat egin. Ezin zenuen esan “ze emakume ederra” adibidez, pitokeria bat irudituko zitzaion, edo irakurketa politiko bat egingo zuen.
Pentsatzea maite duen jendeak mundutik ihes egin nahi du pentsamenduaren bidez. Sarritan haien gaitasun intelektuala lotua dago azaleko harremanak izateko ezintasunarekin. Nik ez dakit Aitor gaztea otso bakarti bat ote zen. Zeren eskolan, adibidez, popularra zinen edo bestela popularren esanetara ibiltzen zirenetakoa. Aitorren kasuan, halere, uste dut haren isolamendua ez zela soilik gaitasun falta, uste dut hautu bat ere bazela, hautu intimo bat.
Merced kalean bizi zen Aitor, ijitoenean. Iruñera iritsi ginenean beti esaten ziguten ez sartzeko Merced kalera, jo egingo gintuztela, lapurtu egingo zigutela. Niri bost axola zitzaidan, ze nik banuen tratua ijitoekin txikitatik Andaluzian. Halere, Cadizeko ijitoen aldean, Merced kalekoak desberdinak ziren: desberdin janzten ziren, hizkera oso markatua zuten eta Merced kalean den-denak ziren ijitoak. Balkoietan andre xaharrak ikusten zenituen, beltzez jantzita. Abereak egoten ziren kalean, astoak bereziki, katuak, txoriak zeuzkaten leihoetan, kanarioak ziren asko.
Aitor lehenengo solairuan bizi zen gurasoekin eta anaiarekin, baina gela bat zeukan etxeko goiko solairuan, hirugarrenean. Oso giro hotza dut gogoan eta niretzat, Andaluzian jaioa, kontrastea handia zen. Gure ama Cadizeko probintziako herri batean bizi izan zen, Zahara de los Atunesen. Nik loturak neuzkan Andaluziako beste zonalde batzuekin, nahiz eta gure aita berez Toledokoa zen. Andaluzak oso ibiltariak gara Andaluzia oso pobrea delako.
Merced kaleko giroa hotza zela esan dizut ez nuelako inoiz jakin, adibidez, zuen aitonak maite ninduen ala ez. Iristen nintzenean, egiten ari zena utzi eta eskua estutzen zidan, aurpegira begiratzen zidan, baina ez zuen solasaldirik sortzen. Iruditzen zitzaidan ez zituela atsegin haren seme gaztearen inguruan ibiltzen zirenak. Garbi dut etxe hartako giroarekin ezin zela izaera festazale bat izan. Baina, tira, ni etsaitasun hark ez ninduen batere kikildu.
Unibertsitatera joateko iritsi nintzen Iruñera. Gure aita aseguru enpresa inportante bateko erdi-mailako kargu bat zen, Zurichekoa, eta nik Medikuntza ikastea nahi zuen. Lan arazo batengatik iritsi ginen hona, sexu iskanbila batengatik. Cadizen bizi ginenean, gure aitak sarritan egiten zituen bidaiak Sevillara, eta sexu harremanak izaten hasi zen hango bulegoko idazkarietako batekin, Claudiarekin. Egun batean txortan aurkitu zituen Sevillako Zuricheko buruak. Antza ezkonduta zegoen hura ere, baina txoratuta zegoen Claudiarekin. Gure aitari esan zion ezin zuela kaleratu, langile txukuna zelako, baina hauta zezala Sevillatik urrutien zegoen bulegoa eta joateko hara. Coruñako bulegoa urrutiago zegoen baina, halere, Iruñera joatea onartu zuten, Iparraldeko Zonaldeko buru.
Gure aitak penintsula hegoaldeko sozializazio tipikoa zuen, alaia zen, hiztuna, asko maite zuen garagardoa eta emaztearekin oheratzeaz gain bestelako harremanak ere izaten zituen. Niri horrek segurtasun falta handiak eragin zizkidan, zeren, batetik, gure aita oso maitekorra zen tratuan, baina gero ez zituen egiten edozein aitak egin behar zituenak. Adibidez, beti joaten nintzen auzokide baten aitarekin Cadiz futbol taldea ikustera, gure aitak ez ninduen sekula eraman.
Iruñera iritsi nintzenerako sexu harremanak izanak nituen eta hori hemen ez zen gertatzen. Gainera, koloredun alkandorak janztea maite nuen eta zapiak jartzen nituen lepoan. Jende batek uste zuen homosexuala nintzela, hemen urte osoan oso ilun janzten baitziren. Horrez gain, gogoko nuen dantzatzea, edozein musika gainera, irratian jartzen zutena ala melomanoei atsegin zitzaiena. Musika entzun eta segituan hasten nintzen sorbaldak altxatzen, gerriak mugitzen, ukabilak airean jartzen nituen, erritmoa markatzen nuen buruarekin, begiak itxi eta abestu egiten nuen. Garai hartan ez zuen inork dantzatzen Iruñean, jendea makilak bezalakoa zen eta oso gaizki ikusia zegoen mugitzea, ongi pasatzen zenuela erakustea, Aitor ere horietarikoa zen, ez nuen inoiz dantzatzen ikusi.
Kaleko jendeak segituan ikusten zuen kanpotarra nintzela, nire azentuarengatik, eta mespretxuz begiratzen zidaten. Baina unibertsitatean alderantziz gertatzen zen: Iruñekoa ez bazinen eta bertako unibertsitatera bazindoazen, uste zuten estatus handiagoa zenuela, eta ez zintuzten diskriminatzen. 72an Iruñean beltzak ikus zenitzakeen toki bakarra unibertsitatea zen, Afrikako jende oso dirudunaren seme-alabak izaten ziren, eta ikasketak bukatutakoan alde egiten zuten. Urteekin erabat desagertu zitzaidan azentu andaluza.
Amadeo Salvatierrarengatik egin nintzen Komunisten Ligakoa, orduko ezkerreko langileen liderretako bat. Handik urte batzuetara psoen bukatu zuen.
Egun batean Media Lunan egin nuen hitzordua harekin, kontaktu baten bidez. Politikatik maite nuena odola ote zen galdetu zidan. Garai hartan langile mugimenduan ekintza zuzena ere egiten zen: atrakoak, bahiketak; pistolak zeuzkaten eta granadak. Ni beldurtu egiten ninduen horrek guztiak, gaizki egiten nuen. Nik nahi nuena eztabaidatzea zen, irakurtzea, iritzia ematea.
Beste egun batean Donibaneko eremu abandonatu batean eman zidan hitzordua Amadeok, hiriaren amaieran, Ermitagañan ia; orain orube haietan etxebizitzak daude. Hitzordua kotxe zahar batean zen, Seat 600 ilun batean. Sastraken arteko soroa zeharkatuta egin nuen Baiona etorbidetik ibilgailuraino, gauez, 300 metro izango ziren, gehiago ez, baina amaiezina egin zitzaidan, izugarri beldurtua nengoen inguruko eraikinetatik norbaitek ikusiko ninduelakoan.
Apenas zegoen argiteriarik, baina nahikoa ikusten zen eta, aldi berean, eszena komiko bat zen, guztiak dramatismoa gehitzen ziolako, euria ari zuen, goibela zen giroa, nobela poliziako gainantzeztu baten antzekoa zen dena. Kotxean sartu nintzen, puru usaina zegoen, tapizeria hezea, bilera egin genuen. Siniestroa zen, polizia ager zitekeelako, baina irrigarria ere bazen. Nire bizitzako bilera garrantzitsuena izan zen. Orain ez dut solasaldia zehazki gogoratzen, baina bertan egoteko modua, zera iniziatikoa, zerbaitetan ari ginela zirudien. Espainia simaurtegi bat zen eta Iruñea nazkagarria. Ni azazkal-mozteko batek beldurtzen ninduen baina, mundu harekin bukatzearren, nire arima guztiarekin egingo nukeen talka polizien brigada oso baten kontra. Hain zen kaka zaharra garai hura, kotxe kirasdun hartan hitz egiteko batzea ekintza subertsibo bat zela, jipoitzen ahal zintuzten, belarria barruraino puska ziezazuketen borra-kolpeekin, oinazpia zigarroekin erretzen ahal zizuten.
Uler dezaket nondik utz daitekeen irrigarri kotxe hura, eszena hura. Baina hori egiten duenari, 50 urte geroago, kaka zahar hura desio diot, gure mundua, eta ez pijoena, garaian ere bai baitziren. Guk Franco akabatu nahi genuen, baina pijoak ere akabatu nahi genituen. Guztiarekin ahalegintzen ginen, gehiegi eztabaidatzen genuen, gutxiegi antolatu. Bakarrik geunden, zaharrek ez zuten iraultzarik egin nahi eta guk ez genekien nola egin.
Seat haren atea ireki eta irteteko keinua egin nuen, baina gabardina trabatuta geratu zitzaidan. Hasieran pentsatu nuen Amadeok eusten zidala, eta begiratu egin nion. Amadeo aurrera begira ari zen nik noiz ihes egingo zain. Fuerteago tiratu nuen orduan, baina gabardina ez zen ateratzen. Azkenean urduritu eta hain gogor tiratu nuen, gabardina zati bat urratu zitzaidala, abiadura-kaxara trabatuta zegoen.
Garai hartan Bahía tabernan juntatzen ginen, Garcia Castañon kalean. Bilera politikoak tabernetan egiten ziren. Etengabe geneuzkan bilerak, asko sekretuak, bata bestearen ostean. Sarritan bitarteko batekin geratzen ginen, burkide batekin, hark jakiten zuen ibilbideko hurrengo puntua zein izango zen, eta han hurrengo punturaino eramango gintuen beste burkide batekin elkartzen ginen. Hala, ilara bat sortzen zen, batzuen eta besteen arteko tarte handiarekin. Askotariko hitzordua deitzen genion teknika horri. Horrela poliziak ezin zuen bilera desartikulatu, eta norbait atxilotzen bazuten, agian bilera bertan behera geratuko zen, baina ezingo zuten bileraren lekua topatu, eta ia ezinezkoa zen norbait atxilotzea nahiz eta filtrazioren bat izan.
Hala maitemindu nintzen ni, barru-barruraino. Kide batekin nindoan askotariko hitzordu batean eta Bigarren Zabalguneko izkina batera iritsi ginen. Han hasi ginen burkide bat segitzen asanbladaraino. Ilehoria zen, arropa beltza zeraman, oso deigarria, pauso gogorrak ematen zituen eta adatsak erreboteak egiten zituen. Ni orduan Nicorekin, Velvetekin abesten zuen emakumearekin, zoratzen nengoen eta iruditu zitzaidan haren antza zuela. Kalez kale joan ginen, gehiegi gerturatu gabe, haren aurpegia ikusi gabe, eta hipnotikoa izan zen: toki berera gindoazen baina ez nuen ezagutzen. Inoiz ez zen ezer gertatu emakume haren eta nire artean.
Behin, askotariko hitzordu batean, kide serio bat tokatu zitzaidan aldamenean. Hurrengo kidea segituko genuen tokira bidean, fakultateko emakume bat atsegin nuela aipatu nion. Tipoa haserretu egin zen, nik esandakoa tokiz kanpo balego bezala. Azkenean Gazteluaren gibelean izan zen bilera, kalean egun argitan. Uda zen eta hamabost bat geunden han, bero egiten zuen. Nik maite nuen uda, baina banekien Iruñean uda fartsa bat zela, gero urria itzuliko zela eta harekin hiri ilun hura.
Egun batean Juani, Aitorren ikaskide bati, esan nion iraultza Iruñera iritsiko zenean negua argiagoa eta beroagoa izango zela eta arropa gutxiago jantziko genuela, nahi beste dantzatuko ginela eta uda osoa irakurtzen emango genuela lan egiteko beharrik gabe. Iraultza ez zen iritsi, udazkena urtero dator eta 50 urteren ostean komunista izaten jarraitzen dut.
Ligan ezin genuen harreman pertsonalik izan gainontzeko militanteekin. Aurretik ezagutzen bagenituen, ezin genuen lagunartean politikaz jardun. Baina gu politikaz aritzen ginen egun osoan, liburuez eztabaidatzen genuen, esaldiz esaldi, “hemen hau esan nahi du”, “ez, beste hura esan nahi du”.
Kide batekin liatzea arau-hauste larria zen. Ezin zenuen sexurik izan zure zelulako neska batekin. Eta harremanak izan bazenituen, ezin zenuen zelula harekin osatu. Absurdoa zen, zorrotzegia, gainera arau horiek Liga fundatu zutenek jarri zituzten eta gu baino askoz zaharragoak ziren. Guk kontrakoa egiteko gogoa genuen, kide askorekin sexua izatekoa.
Behin nire zelulako neska batekin liatu nintzen, txoratu egiten ninduen, baina diziplinagatik ez genuen berriro egin. Bera ni baino askoz konprometituagoa zen. Eta agian ez ninduen berriro araua hausteko bezain gogoko.
Azkenean Ligatik egotzi ninduten. Ez nuen ulertu zergatik, zeren niretzat troskismoa zen leninismorik askeena, baina antza ez zen nik uste nuena bezain librea edo ni ez nintzen iraultzak eskatzen zuena bezain diziplinatua. Nik Kollontai aipatzen nien, desira liberazio gisa eta gauza horiek.
Handik hilabete batzuetara berriro onartu ninduten Ligan. Bizigrina handia nuen, niretzat dena zen gauza bera: dantzatzea, irakurtzea, sexua, eztabaidatzea. Garai hartan maite ez nuen bakarra mendian gora eta behera ibiltzea zen. Oso aspergarria iruditzen zitzaidan, ez-dakit-noraino joatea, nekatzea, zikintzea. Ni hiriko animalia nintzen, txikitatik nahiago izan nuen igerilekua ibaia baino, hiriko baratzeak maite nituen baina ez nintzateke inoiz herri batera bizitzera joango.
Fakultateko urte haiek oso dramatikoak izan ziren: maitasunean, manifestazioetan, afixak jartzen, gauean pintaketak egiten, paskinak banatzen. Denbora guztian ginen Trotski ala Ramon Mercader, dena zen bizitza ala heriotza. Eta nahiz eta oraindik fusilatzen ahal gintuzten, inoiz ez nuen pentsatu niri gertatuko zitzaidanik edo lagunen bat hilko zutenik, asko jota hilabete batzuk kartzelan.
Medikuntza ikastea izan zen nire desgrazia, fakultate hartan ez baitzegoen kontzientzia iraultzailerik. Gurekin egoten zen Fernando, poliziak Sanferminetan hil zuen Germanen anaia zaharra. Gero bazen mc maoistako tipo bat, Franco hildakoan pcen sartu zena. Baina Medikuntzan giro gogorra zegoen, karlista asko zeuden, karlismoaren bi aldeetakoak, zoratuta zeuden denak, arriskutsuak ziren, ilunak, 36aren oinordekoak.
Gazte bat, Jose Luis Cancho, Valladolideko komisariatik amildu zuten 1974an, hilzorian utzi zuten. Burkide batek eta biok pintaketa bat egin genuen fakultateko komunetan, “¡Cancho vive!”, eta mailu bat eta igitai bat. Cancho pce(i)koa zen eta orduan zurrumurru bat zabaldu zen esaten zuena pce(i)ko militanteak zeudela Medikuntzan. Garbitzaileek pintaketa kentzen zuten iluntzean eta goizero berriro egiten genuen, egun bakoitzean komun desberdin batean. Guri berdin zitzaigun mutiko hura ez izatea gure erakundekoa, komunista bat zen eta poliziaren kontra zegoen.
Nirekin pintaketa egin zuen gizon hori izango zen, handik urte batzuetara, eta ospitaleko lankide ginenean, larrutan egingo nion lehenengo gizona. Bitxia izan zen niretzat ze, unibertsitatea bukatu, gaztaroa atzean utzi nuela uste izan eta lanean hasi arte ez nuen bulkada hura izan gizonekiko.
Unibertsitateko bigarren ikasturtean Barricadas deitzen zidaten, ez nik noizbait barrikada bat egin nuelako-edo, baizik eta behin Arkitekturako asanblada batean esan nuelako obreroak eta estudianteak “barrikadaren alde berean” geundela. Nahiz eta sarrien El Gaditano deitzen zidaten eta, gaur egunera arte, Pajaritos.
Gero politika zeharo aldatu zen, nik troskista izaten jarraitu nuen, eta txorien zale amorratu bilakatu nintzen. Nire gogokoena apo-hontza da, hemen inguruan dagoen hontzik txikiena. Gaueko harrapariak dira eta hirietan bizitzea maite dute, nik bezala. Niretzat apo-hontza udaren soinua da, udazkena hastean hegoaldera alde egiten baitute. Oso txikiak dira, apenas dauzkate hogei zentimetro. Duela ez asko, Golem zinemetatik itzultzean, aldamenetik pasatu zitzaidan bat hegan Antoniuttiko patinodromo ondoan. Luma kriptikoak dauzkate; horri esker, oso gertu izanda ere, ezin dituzu ikusi.
Bada apo-hontz bat uda Iturramako zuhaitz batean pasatzen duena, Manneken Beer-eko terrazatik gertu, harrigarria da.