Aurkibidea
Hemeretzi
Nire idoloak hil dira eta nire etsaiak boterean daude.
McKenzie Wark
Gure haurtzaroko prentsa-paisaiaren parte ziren lkiren eta emkren oinordekoen Hika aldizkaria eta lcrkoen Viento Sur. Halere, etxeko egunkari eta aldizkari guztiak ez ziren politikari buruzkoak izaten. Baziren euskaraz zirelako bertan zeudenak, Jakin, Argia eta Zabalik, eta oso zirkunstantzialki asteburuetan erosten zirenak, 90etako El Mundo. Baina National Geographic-en harpide ere baginen eta kioskoan Newton deitzen zen zientzia hilabetekari sentsazionalista bat zen garai hartan gehien maite nuena.
2009tik aurrera, sare telematikoak indartzen hasi zirenean, lcr eta mcren ondorengoen Anticapitalistas alderdiko han-hemengo jendea hasi nintzen jarraitzen. Euskal Herritik kanpoko nire adinkideek esaten zutena interesatzen zitzaidan eta, bereziki, gazteagoek esaten zutena. 2023ko irailean iritsi nintzen Jacques Derridaren Spectres de Marx liburura, Zorraren egoera, doluaren lana eta Internazional berria azpititulua duena, aurrez aurre ezagutzen ez dudan Alba antikapiak Instagramen gomendatu zuelako. Doluaz zerbait esaten ote zuen galdetu nion; liburua hasi berria zuela esan zidan eta oraindik ez zekiela, baina nik, ordurako, erosia nuen nire alea.
Aitorrek beti zeuzkan hitz txarrak post-estrukturalistentzat, “iruzur” hitza erabiltzen zuen, saiakera idazleei buruz esan zezakeen hitzik larrienetakoa. Bere liburuen artean ez ditut inoiz topatu korronte horretakoak. Baina ez dakit gehiegi irakurri gabe gaitzesten ote zituen ala, Sartrerekin bezala, dezente irakurri eta gero bidali ote zituen pikutara.
Spectres de Marx hasi aurretik, Derridak eskaintza luze bat egiten dio Chris Haniri. Besteak beste, halakoak esaten ditu:
Pertsona baten bizitza haren heriotza bezain bakarra da, beti izango da paradigma bat baino gehiago eta sinbolo ez beste zerbait.
Eta:
Gogorarazi nahi dut komunista bat komunista gisa, komunista bat komunista izateagatik hil zutela Chris Haniren hiltzaileek, emigratu poloniar batek eta bere konplizeek, duela egun batzuk, apirilaren 10ean. Hiltzaileek berek adierazi zuten komunista bati egiten ziotela eraso.
Derrida, berez, Marxez bainoago, Shakespearez ari da liburuan eta, egia esan, ez dut Barthesengandik bereizten:
Kontuan har dezagun, aurrenik, herentzia baten heterogeneotasun erradikala eta beharrezkoa. [...] Herentzia bat ez da inoiz elkartzen, ez du inoiz bere buruarekin bat egiten. [...] Ondare baten irakurgarritasuna berezkoa izango balitz, naturala, gardena, unibokoa, ez balu aldi berean interpretazioa deituko eta hura desafiatuko, ezingo litzateke oinordetzan hartu. [...] Beti hartzen da oinordetzan sekretu batetik —hala dio: “Irakur nazazu, gai izango al zara?”—.
Hori da Derridaren liburuak ekarri zidana, oinordetzaz pentsatzea, oinordetzak esan nahi zuenaren mina jasatea:
Nola jaso, nola ulertu diskurtso bat, nola hartu oinordetzan, diskurtso horrek ez badu bere burua itzultzen uzten beregandik beregana?

Alegia, oinordetza itzulpen ariketa bat da, geure burutik ateratzera garamatzana. Kontua ez da zerk eragiten digun, baizik eta nola eragiten digun joan zenak. Hala dio Benjaminek:
Iraganak berezkoa du index sekretua, eta haren bidez erdiesten du salbazioa. [...] konpromiso sekretu bat existitzen da izan direnen eta gure artean. Horrela bada, gure zain zeuden munduan. Hortaz, guri zein gure aurreko orori iraganaren eskubide den indar mesianiko ahula eman ziguten.
Derridaren liburuak oso zuzenean interpelatu ninduen: Marxen mamuez pentsatzen ari nintzen hildako Aitorren mamuaz pentsatzeko. Tartean zekarren Victor Hugoren Miserableak-en pasarte hau adibidez:
Zer egin amildegian solasean aritzeaz gain?
Spectres de Marx:
Fantasmaren ekoizpen molde bat ere badago, aldi berean ekoizpen molde fantasmatiko bat dena. Doluaren lanean bezala, trauma baten ostean, konjurazioa arduratu beharko litzateke hildakoa ez itzultzeaz: azkar, egin beharreko guztia egin hilotza lokalizatuta egon dadin, toki seguru batean, hobiratua izan den tokian deskonposatzen, are enbaltsamatuta, Moskun egitea gustatzen zitzaien bezala.
Aitor hil, erraustu, horma-hilobian sartu, eta handik aste batzuetara hitz egin nuen anaiarekin: Aitorren bizi testamentuan argi jartzen zuen erraustua izan nahi zuela, baina 50 urte zituenean egin zuen testamentu hura eta, ordutik, oso sarritan esan zuen nahiago zuela lurperatzea, errautsik gabe. Zergatik aldatu zuen iritzia?
1895ean, Friedrich Engels erraustu eta Mantxako kanaleko Ingalaterrako Beachy lurmuturrean bota zituzten hautsak. Antza, Engelsek egin zuen Marx komunista eta lauzpabost urte kostatu zitzaion kidea toki hartara eramatea. Hamabi urte lehenago, Karl Marx hil zenean, Londresko Highgate-n lurperatu zuten.
Zer esan nahi zuen Aitorrentzat erraustua izateak eta zer lurperatua izateak? Inoiz pentsatuko zuen bere horma-hilobiaren bestaldean Artajo eta Asurmendi egongo zirela? 1969an frankismoaren aurkako atentatu bat prestatzen ari zirela hildako egiko gazte haien ondoan. Aitor baino zaharxeagoak ziren, baina denek egiten zuten bat Eusko Basterraren San Jose plazako lokaletan.
Derridak azaltzen du Marxen espektroak ez direla soilik Marxek idatzi zituenak, baizik eta baita Marxek berak bere baitan zeramatzanak ere:
Gizarte kapitalistek beti egin dezakete lasaitasunezko hasperen bat eta haien buruei esan: komunismoa bukatua dago xx. mendeko totalitarismoen erorketatik, eta ez dago soilik bukatua, baizik eta ez da gertatu, mamu bat besterik ez zen izan. Hura ukatzea beste aukerarik ez dute, ukaezina bera ukatzea: mamu bat ez da inoiz hiltzen, beti dago agertzear eta berragertzear.
Benjaminek Karl Krausen inguruko saiakeran galdegiten zuen “garai berri baten atarian ote geunden”: zoritxarrez, inondik ere ez. Azken epaiaren atarian gaude berez, Arendtek Brecht berreskuratu zuenean bezala:
Badakigu aitzindariak garela. Eta gure ostean etorriko da: izendatzea merezi ez duen ezer.
Iraultzek aurreko iraultzak dakartzate, arbasoek arbasoen iraultzak dakartzate oinordetzan, hildakoak dira oinordetza bera. Hildakorik gabe ez dago iraultzarik, Marxek Luis Bonaparteren Brumairearen hemezortzian dioen bezala:
Gizakiek beren historia egiten dute, baina ez nahi bezala, arbitrarioki, berek aukeratutako zirkunstantzietan, baizik eta lehenik ere badauden eta iraganetik zuzenean heldu diren zirkunstantzietan. Hildako belaunaldien tradizioa mamu bat bezain astuna da bizirik daudenen garunean. Eta, itxuraz egoera eta beren burua aldatzen ari direnean ere ordura arte existitzen ez zena lortzeko —krisi iraultzaileko garaietan, hain justu—, iraganeko espirituei dei egiten diete haietaz baliatzeko, haien izenak, borroka-esloganak eta arropak hartu, eta jantzi beneragarri eta hizkuntza ulergaitz haiek baliaturik historia unibertsalaren eszena berria antzezteko.
Iraultzak izpirituak konbokatzen ditu. Barrikadaz ari denean, zera dio Derridak:
Seme otzan batek aita entzuten du, hura imitatzen du baina ez da deusez jabetzen, horixe ematen du Marxek aditzera [...]. Errazagoa da esatea egitea baino.
Pentsaezina egiten zait liburu hau Aitorrek ere irakurri izan balu ez zitzaiokeenik zorrotza eta zabala irudituko.
Ez dakit ze katebegitan hasi zen hau guztia. Gure amatxi Pilarren aita Ziriakok, apenas irakurtzen zekien Unión Cerrajerako langileak, bertso-paperak erosten zituen xx. mendea hasi berritan.
Eta, ordutik, egunkarien ebakinak, aldizkariak eta liburuak senideen arteko funtsezko kode bat izan dira: gure amatxik artikuluak gordetzen zizkigun, eskelak mozten eta gordetzen zituen, prentsan Arrasate agertzen zenean sukaldeko hormako izkina batean jartzen zuen. Hamalau urterekin Fermin Muguruzarekin zaletu nintzela-eta, berak irakurtzen zituen berripaper guztietan mozten zituen hari buruzkoak eta niri pasatu: Arrasate Press-en, Gara-n, berdin zen non, eta nik kaier batean itsasten nituen.
Nerabezarotik aurrera, Aitorrek berdin egiten zuen nirekin ere: liburuak pasatu, liburuen pasarteak fotokopiatu, interneteko artikuluen estekak bidali. Eta hala egiten nuen nik harekin ere. Aitor hil zenean, jabetu nintzen ez nekiela zer egin larunbatetako Berria-ko zutabearekin: asteroko irakurle isil eta militanteena desagertu zen, baina, bereziki, lerro horiei esker ekartzen zizkidan sarritan ezagutzen ez nituen egileen pasarteak eta gogoetak.
Gure genealogiaren elementu nabarmenetako bat izan da inprimatutako testuen trukea. Agian horregatik, 2016an polizia Bartzelonako Santseko errepideko azken bloke okupatua eraistera bertaratu zenean, hiru lagun kateekin elkarri lotuta eta balkoietatik eskegita zeuden bitartean, turistifikazioaren aurka zabaldu ziren lemez gain (Aturem la gentrificació dels barris, Amb més turisme menys veines, Fem front al turisme), Walter Benjaminen maximarekin ere topo egin zuten:
aquesta tempesta és la que n’anomeneu progrés
Eraikina hustu, eraitsi, eta kale bat egin aurretik eskegi zenetako bat anaia izan zen, Aitorren seme gazteena.