Aurkibidea
Zazpi
Bizitza ez da aski eta horren aitorpena da literatura.
Fernando Pessoa
Txabik kontatu zidan nola joan ziren Aitor, Patxi eta bera Jorge Oteiza bisitatzera. Eta nola jaso zuen hori guztia Miguel Pelay Orozcok 1978ko Oteiza. Su vida, su obra, su pensamiento, su palabra liburuan. Ale bat eskuratu nuen. Azal-hegalean jartzen zuen 600 orrialde eta 750 argazki zeuzkala, 32 koloretan. Itziarren eta Jorgeren argazki bat zegoen deskribapen teknikoaren gainean, elkarri bizkarra ematen; biek zeramatzaten betaurrekoak: ikustekoak, Jorgek; eguzkitako beltzak, Itziarrek.
Seigarren atalean kontatzen zen bisita, Oteiza y los jóvenes izenekoan.
Hala hasten zen Pelay Orozco:

Goiz batean Frantzia etorbideko 33. zenbakian azaldu nintzen. Iritsi nintzenerako, Oteiza hiru gazterekin ari zen solasean. Hori izaten da ohikoa. [...]
Hiru gazteak heldugabeko artistak ziren; haietako bi Bilboko Arte Ederren Eskolatik zetozen eta hirugarrena Arrasateko gipuzkoar bat zen, hitz-jarioz euskara hitz egiten zuena, baina zeinaren gaztelaniak azentu nafar indartsua zuen, Erriberakoa. Azken honek Iruñean ikasten zuen.
Harrigarria iruditu zitzaidan Pelay Orozcorentzat Iruñerriko gaztelera Erriberakoaren antzekoa izatea, baina ez zen zalantzarik: Txabik eta Patxik Bilbon ikasten zuten eta Aitor Iruñean bizi zen, eta haren euskara inongoa bazen, Arrasatekoa zen, amatxi Pilar han bizi izan zelako Iruñera joan arte.
Pelay Orozcok kontatzen zuen gero Basterretxea ikustera joan zirela, baina Basterretxea ez zegoela Hondarribian, goiz hartan Bellochera joana zelako, nahiz eta Txabiren oroitzapenean Basterretxea han zegoen. Basterretxearen baserrira sartzean, baserritar zahar bat gerturatu omen zitzaien eta eguraldiaz-eta hitz egin zien. Agian Txabiren memoriak baserritar hura Basterretxea bilakatuko zuen.
Oteizak Basterretxearen etxeko artelanak erakutsi zizkien. Pelay Orozcok aitortzen du:
Eta idatzirik utzi nahi nuke, inoiz damutu banaiz nirekin magnetofonoa ez eramateaz, egun hartantxe izan zela.
64 urte zeuzkan Oteizak bisitaren egunean. Aitor adin horrekin hilko zen, Jorge beste 31 urtez bizi izan zen.
Kontakizunaren amaieran, Oteizaren hitz sutsuak jasotzen ditu Pelay Orozcok. Hiru ikasleak, kazetaria bera eta hizlaria hunkituta daudela. Alde egiterakoan, gazteetako batek esan zuen emozionatu ahotsarekin:
— Gehiago ikasi dut gaur goizean ikasturte oso batean Bilbon baino...
Txabik esan zuen esaldi hura.
Merced kalean presentzia handia izan bazuen ere, ez diot inoiz jaramon berezirik egin Oteizari. Inguruan toki nabarmena duen eta segurutzat ematen duzun zerbait bezala tratatu dut. Etxean Oteizaren liburuak zeuden, parkeetan Oteizaren eskulturak, egunkarietan agertzen zen.
Horregatik iruditu zitzaidan deigarria nola zutitu zen Arbulu Gasteizko Txagorritxuko bere egongelan, esan nionean Aitor, Txabi eta Patxiren txangoa liburu batean jasota zegoela. Bi pauso eman eta tapa gogorreko liburu bat atera zuen. Pasartea aurkitu aurretik, Arbuluk esan zuen, “Joder, nik uste dut hor esaten dela gazte horietako batek gehiago ikasi zuela egun hartan, Bilbon ikasturte oso batean baino”.

Aitorrek bota gabe zeuzkan paper gutxi horien artean 1972ko egunerokoa dago, plegu-laurdeneko tapa gorrizko kaiera. Uztailaren 26an hasten da. Lehenengo sarreran aipuak daude, poemak dira ia guztiak: Aleixandre, Perez Infante, Bergamin, Alberti, Miguel Hernandez. Maitasunaz eta politikaz idazten du: “Jackson eta Elosegi irakurri ditut. Bata eta bestea kontsekuenteak eta amaierara arte errebeldiarekin hoberena bilatzen”. Bakardadeaz ari da, irakurriko dituela “Marx, Lenin, Mao, Marcuse, Pablo Iglesias...”. Maite duela jakitea iraultza munduan irabazten ari dela apurka. Lagunekin dauzkan solasaldien laburpenak egiten ditu, nazio auziaz, adibidez: “Zutik 61ak egia asko esaten ditu. A.k dioenaren antza dauka”. Nik ez dakit nor den A. Pertsona batzuk izenekin agertzen dira, lagunak, desiratzen dituen emakumeak, senideak. Baina gero badira lehenengo hizki horiek, nik garai hartako senide eta lagunekin identifikatzen ez ditudanak.
Egunerokoaren zatirik handiena enkontruen kontaketa bat da: norbaitekin egon da eta honetaz eta hartaz aritu dira. Irakurketa oharrak eta ametsak ere jasotzen ditu.
Baina azken sarreran, 1972ko azaroaren 19koan, Irunera egin zuten bidaia kontatzen du:
Ostiralean Irun eta Hondarribira joan ginen. Txabi, Patxi eta hirurok goizean. Oteizarekin izan ginen. Aurrena erreakzio bortitza. Larraintzarkoaz hitz egin nion eta Allozko errespontsuaz. Hunkitu egin zen. Den-dena betetzen zuen. Nolako izaera! Hitz egin nuen fronte kulturala egitearen saiakeraz, Debaz, Topaketez, Txillidarekin aurrez aurre jartzeko saiakerez. Hunkiberatasun hutsa da. Zenbat kolpe! Hamabost egunetan materialismo konbentzitura iristen diren seminaristak. etam-koez hitz egiten du seminaristak balira bezala baina estimatzen ditu. Pertsona bat iraultzaile bat, guztiok zapaltzen gaituzte. Esperantza gutxi dauka gazteengan. Ez du dirurik, eskulturak egiten hasi da berriro...
Eztabaidatutako gaiez jarduten du. Oteizak Aitorri esaten dio Akerreta dakarkiola gogora. Basterretxearenera joan direla aipatzen du. Gero, Mendibururenean, Iruñeko Topaketen kontura pcek egindako maniobrez hitz egiten dute. Egunaren amaiera samurra da:
Autobusak eskapo egin zigun. Irunen bi ordu eta erdi egon ginen auto-stop egiten zain eta ez gintuzten hartzen. Goitik behera busti ginen. Esnaolarenean lo egin genuen eta goizeko zazpietako autobusean itzuli ginen.
Oteizak arrazoi du. Javier eta haren andrearekin eta alabarekin egin dut topo. Ostiralekoa esan diot eta esan dit ez zekiela [...].
Hitz asko ez ditut ulertzen. Ezin ditut imajinatu ere. Txabiri erakutsi diot, baina Txabik ere ez ditu ulertzen. Esnaola hori nor den ere ez daki. Garai hartan, Aitorren ama pontekoa Nati, Javier Mario senarra eta Jaione alaba Irunen bizi ziren. Baina Esnaolaren arrastorik ez.
Covid19 pandemiaren itxialdian betekizun bat jarri nion Aitorri: ordena zitzala bere gurasoen paper eta argazkiak. Itxialdiaren ostean, 2020ko ekainean, alabarekin Merced karrikan bisitan nengoela, paper bat erakutsi zidan Aitorrek urrundik. Oteizak bidali zion gutun bat zen. Ez nuen irakurri.
Aitor hil berritan, erruak bultzatuta, sei hilabete lehenago egin ez nuen zerbait konpondu nahian, gutun hura bilatzen hasi nintzen. Aitorren gaztaroa gordetzen zuten lau kaxetan bilatu nuen: eskolako paperetan, unibertsitateko apunteetan, arteari lotutako kaxan, cromlechen krokisen artean, euskal gramatiken apunteen artean, filosofiako oharren kaieretan. Ez zegoen inon. Gero egongelako liburuetan begiratzen hasi nintzen, sarritan gordetzen zituelako liburuei lotutako albisteen ebakinak edo oharrak orrien artean. Begiratu nuen erakusketen katalogoetan, Oteizaren liburu teorikoetan, argazki liburuetan. Liburuak azaletatik banan-banan hartu eta biratu egiten nituen, aurkitzen ez dituzun giltzen bila, desesperatuki, oihalezko zakuari buelta ematen diozunean bezala, detektibe baten miaketan bezala, norbait biziarteko kartzelaz libratzeko froga definitiboaren bila bezala.
Gutuna ez zen azaldu. Anaiak esan zidan, ziurrenik, niri erakutsi ostean, gisa bereko beste zenbait paperekin batera suntsituko zuela. Pilarrek egiten zuen bezala.
Egun batean, lantokian nengoela, Oteiza Museoko zuzendari Juan Pablo Huercanosi aipatu nion aurkitzen ez nuen gutunarena. Biharamunean, 1972ko abenduaren 12an Iruñetik Irungo Frantzia etorbideko 33ra Aitorrek Oteizari bidalitako erantzuna igorri zidan Pablok.

Eskertzen dizut igorri zenidan postala. Quosque Tandemen inguruan dauzkadan zalantzengatik idazten dizut honakoan.
[...]
Aitor
— Eguberri on —
Pelay Orozcoren kapitulua Oteiza y los jóvenes deitzen zen, baina nik ez dakit ezer Aitorren gaztaroaz. Aldi berean, nerabezarotik dudan fantasietako bat Aitorren gaztaroko fantasia bat da berez.
Institutu garaian, espero nuenaren oso diferente gertatu zen zerbait, eta zera esan zidan: “Bai, nik ere, nerabe nintzela, oso diferente irudikatzen nuen etorkizuna. Helduaroan hiri handi bateko ganbara batean ikusten nuen neure burua, oso gauza gutxiren jabe eta inguruko horma guztiak liburuz beteta, kea nonahi eta egun osoa irakurtzen. Eta nire bizitza ez da hori izan eta, horri esker, zuek hemen zaudete”. Zuek anaia eta biok ginen. Buru barruan geratu zitzaidan ziba hura dantzan, ez nekielako aitortza bat zen, enigma bat, bete ez den desira soil bat ala aurpegiratze gogor bat: semeak izateaz damutzen ote zen?
Bada neuk ere, nire oasia eraiki dudanean, oso antzeko ezaugarriekin egin dut: liburuak, irakurtzeko nahi beste denbora eta bakardadea. Aitorrek hiri handiekiko zuen lilura ere partekatu dut. Nahiz eta inoiz ez dudan ulertu, eta Laurari horretaz ere galdetu diot behin baino gehiagotan, zergatik itzuli zen Aitor Bartzelonako bizitzatik: alderdiak agindu zion? Bulkada politiko pertsonal bat izan zen? Maitasunak huts eginda etxera itzuli nahi izan zuen?
Nire fantasian beti egon da Aitor helduak Aitor nerabearen fantasia aipatzean esan ez zuen zerbait: nik, bakardade horretan, norbait nahi nuen aldamenean, maiteko nuen norbait, maiteko ninduen norbait. Eta, gainera, ezinbestekotzat jotzen nuen, behin irratian entzun nuen bezala, hil arte solasaldi bat izateko aukera landuko zuen norbait izatea.
Merced karrikatik alde egin bezain laster hasi nintzen praktikatzen fantasia hura: Gasteizko alokairuzko etxeetan, Berlingo urtean, Iruñeko alokairuetan. Beti erreplikatzen nuen: neuzkan liburuak apaletan jartzen nituen edo, apalik ez bazen, mahaian ala lurrean. Liburu haiek nintzen ni. Bilduma horrek erakusten zituen nire grinak.
Liburuak beti ziren potentzia, beti ziren oraina eta iragana. Baina Merced karrikatik alde egin nuenetik fisikoki aldamenean izan ez ditudan arren, oso presente izan ditut bi liburutako pasarteak. Aitorrek haurtzaroan kontatutako bi ipuin dira.
Bata Bernardo Atxagaren Obabakoak-en dago, Bagdadeko morroia, ipuin palestinar bat. Gaizki-ulertuari buruzko istorio bat da: Bagdaden morroi batek heriotzarekin egiten du topo merkatuan. Morroiak nagusiari zaldirik hoberena eskatzen dio, heriotzak keinu egin diolako, eta gauerako Isfahanera iristen saiatuko da. Arratsean nagusia merkatura doa eta, heriotzarekin topo egitean, galdetzen dio ea zergatik egin dion amenazuzko keinu bat morroiari. Heriotzak esaten dio ezetz, ez diola amenazuzko keinurik egin, baizik eta harridurazkoa: Isfahandik hain urruti zegoelako harritu dela, iluntzean morroia Isfahanen hartu behar zuelako.
Ipuina Cocteaurena da eta, Rubenek esan didanagatik, Borgesek egin zuen ezagun. Cocteaurenaz gain, Somerset Maughamek ere badu bertsio bat, 1933koa:
Bagdadeko merkatari batek bere morroia azokara bidali zuen erosketa egitera eta handik gutxira itzuli zen morroia, zurbil eta dardarka, eta esan zuen: “Nagusi, oraintxe bertan, azokan nengoela, emakume batek eutsi dit besotik eta itzuli naizenean heriotza zen besotik eusten zidana”.
Maughamen ipuinean, Samarrara doa morroia eta ez Irango Isfahanera. Cocteauri irakurri ote zion Atxagak ipuina ala, nahiz eta ez aipatu, Borgesi? Cocteauri irakurri bazion, frantsesez behar zuen, pasarte hori ez zegoelako ez euskaraz ezta, 2009ra arte, gazteleraz ere.
Cocteauk, 1923an, Le grand écart-eko bigarren atalean, ahozko tradizioko ipuin palestinarreko morroia lorezain bilakatu zuen eta irakiarrak persiar. Horregatik zihoazen Isfahanera:
Persiar lorezain gazte batek haren printzeari esan zion:
— Goizean heriotzarekin topo egin dut. Mehatxu keinu bat egin dit. Salba nazazu. Mirariz, Isfahanen egon nahi nuke iluntzean.
Maughamen ipuinean morroia Bagdadetik Samarrara doa: 130 kilometro. Cocteaurenean, persiarra izaki, demagun Teherandik doala lorezaina Isfahanera: 440 kilometro. Baina Atxagaren morroia Bagdadetik Isfahanera doa, alegia, 944 kilometro: gaur egun hamabi ordu dira kotxez. Haurtzaro osoan irudikatu nuen zaldi bat gai zela egun bakarrean 944 kilometro egiteko, haren gainean zihoana bizitza salbatzen saia zedin.
Haurtzarotik eraman dudan beste ipuina Iñaki Aldekoaren Euskal ipuinen antologia bat-ekoa da. Jon Miranderen Gauaz parke batean ipuinean, andre xahar batek hura izutzen saiatzen ari den gizon gazte bat hiltzen du poltsatik ateratzen duen labana batekin. Gaizki-ulertua da ipuin honen gaia ere: ipuin osoan uste duzu gazteak hilko duela xaharra, baina alderantziz gertatzen da.
Hala ere, oihartzun ilun batek estali zuen andre xaharraren mendekua. 2008ko udaberria zen, ordurako Emiliano hilda zegoen eta amatxi Pilar bisitatu berria nuen Donibanen. Bazkalostea zen, kuluxka llaburra egina nuen eta, ia seguru, lekak patatekin eta arrautza frijitua jango genituen sofa gogor hartan etzan aurretik. Baiona etorbidera jaitsi eta villavesa hartuta, Kontserbatoriora bidean irakurri nuen Eider Rodriguezen Haragia liburuko Erle begiak ipuina. Gauaz parke batean ipuinaren itzulera tragikoa izan zen, mendekuaren mendekua. Miranderen ipuina ospakizun sadiko bat zen niretzat: bat egiten nuen kriminalarekin, krimen hori zilegi zelako, ahulagoa zen adineko andre batek gizon gazte eta ahalguztidunaren aurka jarduten baitzuen. Rodriguezen ipuinean, pertsonaia nagusia emakume gazte erakargarri bat da; aireportuan taxia hartu eta gizon taxilariarekin hitz egiten ari da. Taxilaria oso atsegina da, baina emakumea ez da sinpatia hori ulertzen ari. Ipuinaren amaieran, taxilariak emakumea bortxatuko du eta bortxatu ostean iraindu eta bide bazter batean utziko du.
Bi liburu horiek ez, baina Aitorrek hamasei urterekin utzi eta ordutik askatu ez dudan beste bat eraman dut geroztik ohiko logela izan ditudan guztietara: Sarane Alexandrianen Breton según Breton. Laurak esan zidan Bartzelonan 1976-77an gehien aipatzen zuen liburua zela, puskaz, eta, akaso, bere ostean izan zuen bikotekidea psikoanalista izateko arrazoia liburu horretan egon zitekeela.
23 urterekin Brecht irentsi nuen arte, konturatu gabe, Bretonek agindu zuen nire maitasun absurdoenetan, etengabe irakurtzen nituen Gallimardek argitaratu eta azoketan aurkitzen nituen poeta dadaistak eta surrealistak. Nahiz eta sarritan ez nuen ia deus ulertzen; ez proposamen estetikoarengatik, ezpada ez nuelako nahikoa hiztegirik frantsesez.
Horregatik, 2024ko azaroaren hondarrean, France Inter irratiko Marie Richeaux-ek Annie Ernauxi etxeko liburutegian bisita egin eta Nobel saridunaren bizitzako hiru liburu garrantzitsuenetan aurrenekoa Andre Bretonen Nadja zela entzun nuenean, tipula txikitzen ari zen labanak ihes egin zidan eta erpuru punta eta azazkal puska bat ebaki nituen.
Ernauxek horrela justifikatu zuen irakurri zuen pasartea:
Andre Bretonek Nadjarekin topo egingo duenekoa hautatu dut. Parisen dabil eta enkontru hori enkontrua-ren hasiera da, Bretonek berak esaten duenez, irrist egitearen unea da, amildegirantz. Enkontru hori zori objektiboarengatik gertatzen da. Iruditzen zaio kanpoko mundutik zerbaitek hitz egiten diola. Hori da funtsean. Kanpoko munduaren beharra nola elkartzen den barne beharrarekin. Enkontruaren pasartea hautatu dut liburua ez delako horrela hasten. Hasiera itaun bat da: nor naiz? Hori da liburu guztian garatzen den testua: Esadazu nor duzun faltan eta esango dizut nor zaren. Hori da kontua, nor izango duen faltan, norekin ibiliko den sarri. Hori da. Nadjak erakutsiko dio nor den bera. Baina hau ez da psikologia, ezta psikoanalisia ere. Poesia da, bizitza poetikoa, eta uste dut hori dela testu hau zoragarri egiten duena:
“Joan den urriaren 4an, nik soilik igarotzen dakidan arratsalde zeharo nagi eta ilun horietako baten amaieran, Lafayette kalean nengoen: L’Humanité-ren liburu-dendako erakusleihoan minutu batzuez geratu ostean eta Trotskiren azken liburua eskuratu ostean, nire bidearekin jarraitu nuen, harat-honat norabiderik gabe Operarantz. Bulegoak, atelierrak husten hasi ziren, eraikinen goialdeetatik behealdeetara denak ari ziren ateak ixten, pertsonek eskuak estutzen zituzten betetzen hasi ziren espaloietan. Nahi gabe, aurpegiak behatzen nituen, edergarri erridikuluak, ibilerak. Bai zera! Hauetako inor ez legoke Iraultza egiteko prest. Plaza hura gurutzatu nuen, zeinaren izena ahaztu dudan ala ez dakidan, elizaren parekoa. Halako batean, oraindik nigandik hamar bat pausora dagoenean, neskatila bat ikusi dut, oso xumeki jantzia dago, kontrako norantzan dator eta, aldi berean, berak ere ikusten nau ala ikusi nau. Gainontzeko oinezkoek ez bezala, burua tente darama. Hain da hauskorra apenas pausatzen dela ibiltzen denean. Irribarre susmagaitz batek zeharkatzen du akaso bere aurpegia. Kurioski makillatua dago, begietatik hasi eta amaitzeko astirik izan ez balu bezala, baina begietako marra beltzegiarekin ilehori batentzat. Marra, inondik ere ez betazalak (halako distira bat soilik lortzen da arkatza betazalaren azpian kontu handiz pasatzen. Horri dagokionez, interesgarria da zehaztea Blanche Derval, Solangeren paperean, oso gertutik behatuta ere, makillatu gabe zegoela zirudiela. Izango da nik ez dakidala preziatzen kalean oso egokia ez bada ere antzerkirako gomendagarria dena, eta soilik preziatzen dudala, kasu batean, debekatuari eta, bestean, agindutakoari jaramonik egiten ez diona? Agian). Inoiz ez nituen ikusiak halako begi batzuk. Dudarik egin gabe, ezezagunarekin solasean hasi nintzen, onartzen dut, berez, okerrenaren zain. Berak irribarre, baina oso misteriotsuki, eta, esango nuke, egiten zuenaren jakitun, nahiz eta une hartan nik ezin nuen hori irudikatu”.
Hemen den-dena daukagu. Ebidenteki, surrealismoaren helburua: iraultza. Lanaren errefusa, bizitzari zentzua ez diola lanak ematen, eta Nadja deitzen den emakume gazte horrekin enkontrua. Errusieraz esperantza hitzaren hasiera dela dio berak.

Orduan Richeauxek galdetzen dio:
— Nola hautatu dituzu gurekin partekatu nahi zenituen testuak?
— Testu hauek hautatu ditut nire idazketaren kontzepzioan garrantzitsuak izan direlako. Jabetuko zara testu hauek idazkera molde berri baten hastapena direla. Horietako guztiek, edukitik aparte, aukera bat irekitzen dute eta, kolpe berean, bizitzari buruzko zerbait erakusten digute, geure buruei buruz. Kasu honetan, adibidez, testu zeharo ezohiko bat hautatu dut, argazkiak dauzka, ez da eleberri bat, zeharo autobiografikoa da, itxuran desordenatua da, baina, berez, desira da guztiaren hari gidaria, bizitzaren argiztapena.
Adierazgarria da Ernauxek hautatu duen Nadja-ren pasartean Trotski agertzea. Arte iraultzaile independente baten alde testuak markatu zuen nire gaztaroa. Andre Bretonek eta Diego Riverak sinatu zuten, nahiz eta, berez, Bretonek eta Trotskik idatzitakoa izan. Estetikaren eta politikaren ondoeza, arteak ekonomiarekiko eta politikarekiko izan behar duen autonomia, den-dena ulertu behar nuen erabat ulertzen ez nuen testu hartatik. Breton, 30etako artista distiratsuena, Paleolitoko margoak zeuden Lascauxeko kobazuloak bisitatzera eramaten gintuena, maitasuna eta desira eraikitzen lagundu zidana. Eta Trotski, Armada Gorria zuzendu zuen intelektuala, boltxebikeetan kosmopolitena. Eta, ordea, hasieran ez omen zuten elkar ulertu poesiaren eta politikaren iraultzaileek.
Bizi naizen literaturan, euskarazkoan, niretzat garrantzitsuenak diren liburu ia guztiak falta dira: poesia, nobela amaiezinak, llaburrak, saiakerak, gutun-trukeak, eskuliburuak. Uste dut zurztasun hori handiagoa dela aita bat ustekabean galtzea baino. Zeren eta hori baita zure hizkuntzan ez izatea zuretzat ezinbestekoa den mezu bat, forma bat, ideiak, konposizio bat. Horrela ezin da pentsatu. Nire gustuak oso ohikoak dira, konbentzionalak, gazteleraz edo frantsesez milaka irakurle dauzkate. Ez dira aurkitu ezin diren harribitxiak. Eta, gainera, badakit irakurtzen duten euskaldun guztiei gertatzen zaiela: fisikaz jakin nahi dutenei, historiaurreaz, erlijioaz, kirolaren historiaz, xvi. mendeko emakumeen poesiaz, zientzia fikzioaz, arkitekturaz, koiuntura politikoaz, trans auziaz, Japoniako narratibaz, errusierazko klasikoak nahi dituztenei, Marxen, Spinozaren, Freuden ala Simone de Beauvoirren jarraitzaileei.
Katakrakeko irakurle taldean Annie Ernauxen Emakume bat irakurri genuenean, Ariadnek esan zidan, agian, saio hartara ez nuela joan behar: Ernauxek ama nola hil zaion kontatzen du liburuan, doluaren hasierari buruzko liburu bat da. Ez nion lagunari jaramonik egin, liburua irakurri eta saiora joan nintzen. Ernauxek ez zidan Ariadnek espero zuen minik egin. Baina ez nintzen ausartu ere egin galdetzera ea berari min egin ote zion liburuak. Ariadnek 30 urterekin galdu baitzuen aita, Andoni, 2016an.
Ariadne izan da haur-eskolatik helduarora izan dudan lagun bakarra. Azken lan urteetan Aitor eta Andoni bulegokideak izan ziren. Bata eskolako zuzendaria zen, bestea ikasketa burua. Talde bat ziren eta, aldi berean, guztiz pertsona diferenteak. Andoni soinketa irakaslea izan zen betidanik, kirol guztiak domina zitzakeen: saskibaloia, eskia, sokatira, eskalada, pilota. Lau hamarkadatan dantzatu zuen Iruñeko erraldoi afrikarra. Dultzaina eta txistua jotzen zekien, San Lorentzoko jaiak sortu zituen beste lagun batzuekin batera, jotak abesten zituen. Pailazo gisa ere ibili zen Popi eta Zarratrakorekin.
70etan Iruñerriko euskarazko hezkuntzan egindako saiakera baten umezurtza zen Andoni: Herri Ikastolarena; porrot haren ostean joan zen Udal Ikastolara. Gaur egun herrikoitzat jotzen diren Iruñerriko tradizio txiki asko Andoniren okurrentziak izan ziren: berak asmatu zuen eskola askotan ikasturte amaierako jaian egiten den mangerada, hau da, ausartzen diren haurrak goitik behera bustitzea, suhiltzaileen mangera erraldoiarekin.
Aitorrek eta Andonik Hemen eta han mendi taldean ezagutu zuten elkar 70en hasieran. Mendi talde hark hilabete gutxi iraun zuen, baina lagun talde gisa jarraitu zuen aurrerantzean. Ia denek, gero, Komunisten Ligan edo ortn bukatu zuten, nahiz eta baziren, noski, filiazio politiko zehatzik izango ez zutenak, ez garai hartan, ez gerora. Baina denek partekatzen zuten mendira joateko zaletasuna, euskara eta justizia sena. Talde hartakoa zen German Rodriguez, lkikoa, poliziak 1978ko sanferminetan hil zuena.
Aitor Andoniren antitesia zen: melomanoa zen baina ez zuen musika jotzen, herri musika maite zuen baina jotak ez, mendia maite zuen baina ez kirol gisa. Aitorrek literatura eta zientziak irakastea maite zuen eta Andonik ikasle guzti-guztiei uzten zien garbi gorputz bat zutela, jaramon egin behar ziotela, landu, garbitu, txukun jan, gorputzaren trebeziarik gabe bizitzarik ez dela. Andoni sanferminetako ekitaldi enblematikoenen parte zen; Aitorrek sanferminetatik ihes egiten zuen eta aukera zuen bakoitzean txarresten zituen.
Biak hil ziren tragikoki, baina Andonirena hondamendi luze bat izan zen, eta Aitorrena ustekabekoa. Andonik okerrera egin zuenean, begiko konplikazio batetik zangoek huts egitera pasatu zen, potentzia hutsa zen pertsona hura zeharo amildu zen. Aitor zapuztuta egoten zen garai hartan Andonirekin egon ostean. Ia bost hamarkadatako harreman hura enigmatikoa izan zen, besteok ezin genuen irudikatu: zertaz hitz egiten zuten hain luzaro Andonik eta Aitorrek?
Andoni hil zen ekain hartan, gogoratu nuen Aitorrek eta Andonik ordenagailuarekin Hegoalde ikastolako bulegoan egin zuten selfie bat erakutsi zidala Ariadnek 2010ean-edo. “Hara, zahartu egin dira” esan zuen. Eta hala zen. Baina, une hartan, inolako pronostikotan ez zen sartzen bata handik sei urtera eta bestea hamarrera hilko zirela. Ziur naiz Ariadnek eta biok uste genuela 30 urte zeuzkatela aurretik.
Hiletak ere guztiz diferenteak izan zituzten. Andonirena estatu hileta bat izan zen: 500 lagun baino gehiago joan ziren Ziudadelaren gibelera, dantzariak izan zituen, lankide ohien hitz-hartze luzeak, ikasle ohienak, txistulariek jo zuten, Erronkaritik etorri ziren dantzatzera, Hemen eta hango kideek abestu zuten, Lontxok bertso bat interpretatu zuen, senideek hitz egin zuten, egun eguzkitsu baten hasieran izan zen.
Aitorren hileta, aldiz, pandemiaren giroko abendu goiz batean izan zen, neguan, Gipuzkoa eta Arabako lagun eta senideak ezin izan ziren etorri arau pandemikoengatik, erraustu egingo zutenez 25 minutu besterik ez genuen izan agur ekitaldirako, ez ziren ehun lagun baino gehiago etorri.
Aitorren errausketaren aurreko ekitaldia prestatzen ari ginela, anaiak esan zidan “mailua eta igitaia” hartuko zituela. Ez nekien zertaz ari zen. Deskribatu egin zidan. Niretzat hori zapatak konpontzeko tresnak ziren, gehiago lotzen nuen Joxe Ulibarrenaren Etnografia Museoarekin, Aitorrekin bisitatu genuen landa eremuko traste zaharren etxe kaotiko eta surrealista harekin, beste ezerekin baino.
Hor konturatu nintzen: etxean ausazkoak edo soilik estetikoak zirela uste nuen objektu guztiek zuten deszifratzeko esanahi bat. Baina nik, ordurako, galduak nituen pieza horien argazki oinak egiteko aukerak.
“Mailua eta igitaia” Txabirekin egin zuen, 1973ko udan. Merced karrikan batetik bestera ibili izan da, eskaileretan gora eta behera, serie bereko beste bi piezarekin.
