Aurkibidea
Hamaika
Gure aitatxi Emilianok erakutsi zidan semaforoa gorriz gurutzatzen, oinez ikasi eta handik ez askora. Bidaia bat egin aurretik, zer ekartzea nahi zuen galdetzen nion. “Hiri batera bazoaz, lurrean topatzen duzun torloju bat. Mendira bazoaz, hezurren bat, ahal bada kaskezur bat”.
Donibane auzoko egongelako armairuetako heldulekuetan jartzen zituen, hari batekin lotuta, eta papertxo batekin: aurkitutako hiriaren izena eta data.
Pilarri ez zitzaion gustatzen torlojuak hor zintzilikatzea, baina ez zuen ezer esaten, heldulekuetako batean gure osabak Veneziatik ekarri zion ebakigarri bat zeukalako jarrita berak ere. Besoak eta zangoak hari zuri bati lotuta, metalezko bolatxo batean bukatzen zen, eta tiratzen bazenuen besoak eta zangoak altxatzen zituen.
Sarritan ekartzen genizkion ardi eta aharien kaskezurrak aitatxiri. Esaten zigun baietz, ongi zegoela, baina bilatzeko handiagoren bat.
Josteko makina, plantxa, kartetarako tapiza edo zamau handia armairutik ateratzean, ebakigarriaren bolatxoek eta torlojuek elkarrekin egiten zuten zarata.
Behin, Abodiko magaletan geundela, behor baten kaskezur erraldoia topatu genuen. Aitorrek mendiko makila sartu zion eta mendian behera joan ginen kotxeraino. Donibaneko balkoian egon zen luzaro, gure amatxiren madarikaziorako, baina aitatxik esan zion urte osoan egoten zirela hor berak maite ez zituen loreak, zergatik ez ote zen egongo, aste batzuez, behor baten burua. Egia zen, amatxiren jardinera erraldoiek dominatzen zuten terraza handi hura.
Gure aitatxi hil zenean, amatxik berdin egiten jarraitu zuen ordura arteko guztia, salbu eta terrazako loreena. Egun batetik bestera zaintzeari utzi zion.
1944an, Torres de Elorzetik Arrasatera aldatu zen lanera Emiliano. Mekanikari lanak egiten zituen fabriketan, eta iluntzean marrazketa teknikoa eta mekanika ikasten. Pilar ezagutu eta elkarrekin hasi ziren irteten. Gero Juan Luis Arregi enpresaria ezagutu eta Arregik enpresa berri bat sortzea proposatu zion.
Juan Luis Arregi Garaik kapitala jarri zuen, Emiliano Etxarte Aginaga mekanikaz arduratu zen. Enpresari Manufacturas A.C.E.-S.A. Fabricación de serruchos de carpintero, llanas de albañil y otros artículos de ferretería izena jarri zioten: A Arregirena zen, E Etxarterena. Garai hartako dokumentu batzuk gorde zituen Emilianok.
Paper horiek Emilianoren bizitzako porrot handiaren kontakizuna dira. Aurreneko paperean, Juan Luisek ziurtatzen du 1944rako Emiliano mekanikari gisa ari zela lanean Gasteizko Beato Tomas de Zumarraga kaleko 2.ean.
Emilianok Pilarri bidalitako maitasun gutun bat dago A.C.E.-S.A.ren enpresa paperean idatzia. Gutun truke handia izan zuten garai hartan; bereziki Emilianok idazten zion Pilarri, Gasteizko eta Oñatiko lantegietatik. 2020an Aitorrek paperak txukundu zituenean, gutun horien inguruko oharrak hartu zituen. Aitorrek idatzi zuen Pilarrek ama izan aurreko Emilianoren maitasun gutun guztiak gorde zituela, Aitorri irakurtzeko aukera eman ziola, baina irakurri ostean bere aurrean apurtu zituela, pasarte intimoegiak zeuzkalako.
1944ko gutun bat dago, Emilianoren aita Fructuosok Emilianori igorria, zeinetan esaten dion baietz, herentziako 11.000 pezetak emango dizkiola enpresa berria martxan jartzeko. Gutunaren beheko aldean, Emilianok zera idatzi zuen 2000ko uztailaren 7an:
Aitor – eskritura hau nahi baduzu gorde ezazu
Halako batean, gurutzatu behar ez nituen bi sekuentzia gurutzatu zaizkit buruan. Nik banekien Pilarrek, Zuhatzuko bainuetxean lanean ari zela, harremana izan zuela Benigno izeneko gizon batekin. Aitorrek, Pilar hil eta gero gauzak lasaitze aldera, miresle bat izan zuela esaten zuen. Argazki mordoa atera zizkion, marrazkiak egin zizkion, horietakoren baten interpretazio erotikoak egin daitezke, Pilarren lanerako arropak baitauzka jantzita marraztutako emakume batek, baina gona kenduta. Gizona ere erdi bilutsik agertzen da. Benignok maitasun gutun mordoa idatzi zion garai hartan eta Pilarrek bizitza osoan gorde zituen, baita Emiliano hil eta gero ere.
Beti irudikatu nuen Pilarrek gizon harekin izandako harremana Emiliano ezagutu aurretik gertatu zela, baina bitartean izan zen. A.C.E.-S.A.ren Gasteizko bulegotik 1944ko ekainaren 27an Zuhatzura bidalitako gutun batean, Emilianok Pilarri aipatzen dio haien behar handienak asetzeko eskatzen diola Jainkoari igandeko mezetan. Aste hartan, Pilar lanean eta Benigno ostatu hartuta zeuden. Benignoren orduko gutunen bat gorde zuen Pilarrek.

30 argazki baino gehiago egin zizkion Benignok Pilarri, sarritan Pilarren lankideekin ateratzen zuen, beti zeuden denak alai. Bainuetxea iragartzeko argazkietako batean ere agertzen zen Pilar.
Gordetako hurrengo gutuna, 1945eko azaroaren 22koa, amiltzearen hasiera da. A.C.E.-S.A.ren paperean idatzia dago, baina Iruñetik dago bidalia Arrasatera, eta Emilianoren letra ez da aurrekoetan bezain ederra. Ospitalean dago eta medikuak esan dio ohean egoteko gutxienez bi astez. Emilianok umorez proposatzen dio Pilarri erizain lanetara joan dadila. Perede sendagileak sintomen berri ematen dio gaixotasuna, tuberkulosia, aipatu gabe.
Emilianori pisua jarri zion Juan Luisek Gasteizen, Tomas de Zumarragaren 2.ean. Pilarrek langile guztien ametsa espero zuen: miseria atzean uztea eta ongi bizitzea, Gasteizko etxe eder batean.
Baina Emilianok bi urte emango zituen Nafarroako ospitalean tuberkulosiarekin. Haren aitak eta amak ez zioten bisita egingo behin ere. A.C.E.-S.A. betirako geratuko zen atzean.
Bitartean, Emilianori, pneumotoraxak egiten zizkioten sendatzeko: saihetsen artean orratz luzeak sartzen zizkioten barruan zeukan airea atera eta kanpokoa sar zedin. Nahiz eta ibilbide oparoa izango zuen enpresa baten parte izateko ametsa amiltzen ari zitzaion, Emilianok beti kontatu zituen pozez bi urte haiek, sukaldariekin eta medikuekin izandako tratu atsegina. Tartean, Ceferina Fontellas ezagutu zuen, Abarzuza liburu-denda euskaltzaleko sortzaile eta langilea, gero Pilarren laguna egingo zena euskarazko mezetan.
Aukera zuenean, Emiliano ospitale inguruan paseatzen zen eta asko estimatzen zuen ospitaleko kaperaren arkitektura. Luxua iruditzen zitzaion gaixoek halako eraikuntza bat izatea eskura Iruñetik hain urruti zegoen toki hartan.
Garai hartan tuberkulosia izan zen 80etan hiesa izango zena. Aitorrek ere izan zuen, bederatzi hilabetez, Bartzelonatik Iruñera itzulitakoan, Udal Ikastolarekin hasi berritan.
Emiliano gaixorik egon zen bi urteetan, Pilarren senide gehienek esan zioten utz zezala gaixo zegoen gizon hura, ez zela Gasteizko enpresa bultzatzeko gai izango.
Eta Pilarrek eutsi egin zion. Uko egin zion maite zuen Gasteizko etxe eder hari eta, trukean, ijitoen Iruñeko kalera joan zen. Senarra, txukun joango zen enpresa baten sortzaile izatetik, lantegi handietako mekanikari izatera pasatuko zen.
Emilianok bizitza osoan eramango zuen Pilarrek berari itxoin eta bizitza erosoago bati uko egin izanaren zama, gaixotzea norberak egindako hautu bat balitz bezala.
1948ko maiatzaren 15ean eman zion alta Santos Huarte Los Arcos medikuak Emilianori.
Emiliano hil zenean, Pilarren erretiro-pentsio exkaxa zertxobait igotzeko, arkeologia lanak egin behar izan zituzten, ezkondu aurretik Zuhatzuko bainuetxean lan egindakoengatik konpentsazioa jasotzeko.
1950ean itxi zuten bainuetxea.
Juan Luis Arregi Arabako enpresari inportante bat izan zen. Oso dirudun bilakatu zen, hedabideak ireki eta itxi zituen, 1958 eta 1998 artean sarritan izan zen Alaves futbol taldeko presidentea.
Emiliano Etxarte Torfinasa eta Imenasako mekanikaria izan zen, baina 1975era arte, inoiz erabili ez zuen pisu bat eduki zuen bere izenean Gasteizen.
1975ean gutuna igorri zion Juan Luisek. Haren idazkariak ez zuela lortu Emilianorekin harremanetan jartzea eta, nahiz eta pisua Emilianoren izenean egon, berez, Juan Luisena zela eta orain saldu egin nahi zuela. Trukean 100.000 pezeta emango zizkiola ere esan zion.
Azaroko egun euritsu batean, Emilianok autobusa hartu eta Gasteiza joan zen, notarioarenean esatera uko egiten ziola pisua bere izenean egoteari. 100.000 pezetei ere uko egin zien, ez zen joan Juan Luisek Afrikako safarietan ehizatzen zituen animalia disekatuak zeuzkan museoa bisitatzera, eta arratseko eskualde-trenean itzuli zen. Handik bederatzi egunera hil zen Franco.