Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Aurkibidea
LEHENENGO ZATIA
Iturriko mamuak
pragako bigarren ipuina
Belarraren ardura
hungariako lehen ipuina
Bederatzi egun
BIGARREN ZATIA
Eszterren iturria
danimarkako lehen ipuina
Koipea zarete
danimarkako bigarrena
Ortozik eta zikin
budapesteko bigarren ipuina
Lanbrotan
HIRUGARREN ZATIA
Iturria lanbrotan
zuricheko ipuina
Egurra eta soka
suitzako bigarren ipuina
Ozpinarena
varsoviako lehen ipuina
Ehiza ez da erantzuna
Pedro Iturriaren Poloniako etxean egon gara gaur. Ez genuen gauza handirik espero, berandu heltzen garelako beti, gaur ere bai. Baina desberdintasun txiki bat egon da gaur: etxeko jabearekin hitz egin ahal izan dugu. Etxe berean bizi da, aurreko atean. Ingeles ulergarria egiten izan du, pianoa dauka etxean, txelo handi bat pianoaren ondoan, infusioak eskaini dizkigu.
Beste desberdintasun bat: astea ere ez da Iturria joan zenetik. Inoiz ez gara horren hurbil ibili. Leire Barturenek hurrengo helbidea arin topatzen badu, ezinezkoa izango da Iturria ez harrapatzea; ezin izango du alde egin, laurogei urte ditu laster.
Kontratua ere erakutsi digu etxeko jabeak. Leirek esan zigun bezala, Iturriaz aparte, A. Pienaar izena agertzen da paperetan. Bekozkoa ilundu du Sorok. Barrundatu dut A. Pienaar hori ezagutzen duela, galdetu egin diot. “Alan” esan du Sorok, besterik ez, haserre eta nekatuta; beste alde batera begiratu du. “Alan, of course” esan du etxeko jabeak, eta zutundu egin da, emaztea ari zelako une horretan egongelan sartzen. Etxe aurreko dendan erositako pastak ekarri ditu, eskaini egin dizkigu, hilabete osoan jan ezingo genituzkeenak. Berehala agurtu ditugu etxeko jabea eta emaztea, bueltarako autoan ez dugu asko hitz egin.
Sheraton hoteleko hallera heldu garenean, Mazurek ikusteko gogoa zeukala esan du Sorok, gelan utzitako katu bat balitz bezala, edo pelikula bat, antzezlan bat. Elkarri begiratu diogu Eszterrek eta biok igogailuko ispiluan.
Gauza da Mazurekek ez duela ezer egiten, ezin dugula harekin ezer egin. Gizonak lo egiten du batez ere, ematen du ez duela lehenago egin, umetatik, lehen mozkorretatik. Kantatu ere apur bat egiten du, ez hasieran bezala, ez hain argi, hain alkoholizatu. Jan ere asko egiten du eta erraietako gasak askatzen ditu, edozein zulotatik, edozein momentutan. Korridorera irten behar izan dut nik inoiz, Soro bainugelan giltzapetzen da... Eszterrek guk biok baino tripa sendoagoa dauka, mugitu ere ez da egiten, barre egiten du asko jota.
Esan nahi dut Mazurekekin ezin dela apenas ezer egin: ezin da hitz egin, ezin da kartetan jokatu, ez ditugu bere kantuak ezagutzen... Gelan egoten da lotan, jaten, guri begira... Begirada leuna du, hori ere egia da, begirada laukia, seinale txarrik gabea, sinbologiarik gabea. Hala ere, ez dut Sororen gogoa ulertu, zergatik, zertarako nahi zuen Mazurek ikusi.
Horregatik nahigabetu da Soro beste inor baino gehiago Sheratoneko gelara sartu eta ez dugunean Mazurek topatu. Ez zegoen oheetan, sofan, lurrean, bainugelan... Nik hasieratik nekien Mazureken moduko pertsona bat ezin dela luzaroan atzitu. Eszterrek jarri duen aurpegiaren arabera, iruditu zait berdin pentsatzen duela. Kableena, baina, ez dugu ondo ulertu, ez berak ez nik: telebistako, lanparetako eta aparatu guztietako kableak moztuta zeuden, aparatuetatik eta hormetatik modu txarrean aterata eta puntu batean etenda.
Mazurekek saltzeko lapurtu dituela pentsatu dut une batean, aitortu behar dut, harik eta zutabe bati lotuta zeudela ikusi dugun arte. Zutabetik leihora egiten zuten kableek eta leihoa zabalik zegoen. Leihotik begiratu eta han ikusi dugu Mazurek, kableak gerrian eta hankartean lotuta, zintzilik, Sheraton hoteleko etxaurrean, bigarren eta lehenengo solairuen artean, mozkorrik, kantuan, bizarrei tiraka, txiza aldean, espaloira tantaka. Hoteleko bost langile behar izan ditugu atzera gelara igotzeko. Batek kableak moztu nahi zituen eta bakea, esan du.
Elizaren ate aurrean utzi dugu Mazurek iluntzean, topatu genuen lekuan, 2.500 euroko traje batekin. Ez dakigu trajea onerako ala txarrerako izango duen... Aldendu garenean, haren ahotsa entzun dugu; ezingo nuke esan kantuan ala errezitatzen ari zen, poeta ezagun baten zerbait... Abots koipeztoa deko kabroiak, esan du Sorok.
— Zergatik gozoki-papera, Eszter? Zergatik eman dio aitak alabari?
— Gozokia ez da erantzuna, Mr. Barturen...