Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

1

 

Maitasunaren Kurba izenez ezagutzen zen hartan aparkatu zuen, Artxandako San Andres gainean, Bilbon utzi zituen lagunak gogotik fauntzen zitzaizkiola. Hiriaren argi iragaziek distira egin zuten autoaren kapot ilunean. Halako aire metalikoa usaintzen zen pinuz osaturiko baso lahartsuan. Han-hemenka zaborra zegoela iruditu zitzaion, paperezko mukizapiak. Bazekien, gehiago aurkituko zituen, bilatzera etorri zenaren aztarna baitziren, izaerarekin ia bat egindako paisaiaren berezko osagaia. Kondoiren bat ere bai. Eskuaren keinu ilaun batez uxatu zituen Txoko Landara zerbitzatzera etorritako ehgameko lagunak. Txato; Juanillo eta Oskar, beti bikote eta beti haserre; Javitxu. La Merced zubian utzi zituen, harriturik, batez ere Txato, Artxandara joateko adorea izan zuelako. Izan zuen, jakinmina akuilu, amore eman eta haiengana itzultzeko tentazioa, “Kenneth, Kenneth!” izen atzerritarra garrasi egiten entzun zituenean, baina erabakia hartua zeukan, hartua zeukanez. Lekua ezezaguna bazitzaion ere berehala hartu zion adakera, eta lurrezko bidean barna abiatu zen. Ez zihoan eroso Txatok jantzarazitako kamisetarekin: 92 ez, 69 bai; nabarmenegi zen marika. Oztopo egin zuen sartu ahala. Bi aldeetara so egin zuen norbaitek ikusi ote zuen egiaztatzeko. Orbaina izatera heltzen ez zen urraduraren antzeko bat utzi zion oztopatzeko joerak, eta ondoren zetorkeen inguruko algarak. Inor ez. Autoa hartzean barrena puztu zion adorea husten hasi zitzaion. Handik aurrerakoa bazekien, egona baitzen Iruñeko Takoneran behin baino gehiagotan, edozeinekin elkartu eta zerrikeria azkar bat egin, eta azken boladan deserrotzen zuen hutsa kudeatu beharra gero, Txatok esanak esan. Ez zekien zertara etortzen zen Txoko Landara, ez jakiteagatik, ez zekien eghamen zer egiten zuen ere. Bere burua onartu, beharbada. Gogoetak uxatu zituen, bazekien ez zirela une hartarako. Bazekien. Bideetan barna ibili zen. Ez zegoen inor. Langa bat agertu zitzaion. Pinu baten kontra bermaturik itzal bat egin zitzaion. Gero zigarroaren txingarra ikusi zuen mugitzen. Bat da, bai. Ez zegoen nahikoa argi gaztea edo zaharra ote zen igartzeko. Uneak urduritu egiten zuen. Desioaren oldarragatik ez balitz ez litzateke bertan egongo, bazekielakoz gerora ez zela ongi geldituko. Txatok barre egiten zion maitasunaz zuen ideiari buruz mintzatzen zitzaionean. “Orduan nobioa bilatzeko hurbildu zara hona?” botatzen zion irribarrez, “hona” horrek ehgam esan nahi zuela.

      Dardara egin zitzaion zigarroaren txingarren aurretik pasatu zenean. Itzalari ez begiratu izanak ergel sentiarazi zuen, erridikulua baitzen haraino ligatzera joan, inor gehiago egon ez, eta ustezko sedukzioaren balizko jokoa errepikatu beharra, bai baitzekien arauak hautsi, aurrean plantatu eta “larrutan eginen diagu” esango balio besteak, arbolapean zegoen beste hark, ospa eginen lukeela arrapaladan. Eta, aldi berean, gorroto zituen Iruñeko Takonerara joan zenekotan ikusteko-edo ia sudurra ukitzeraino aurpegira hurbiltzen zitzaizkion gizonak. Aurrera egin zuen bidean gora, kaskora ailegatu arte. Hiriaren argiek halako itzal-argi fantasmala eransten zioten zuhaitzen artekoari. Zeharka so egin zuen, itzal mugikorra hurbiltzen ari ote zitzaion jakin nahian zigarroari tira egin bitartean. Ezer ez. Ingurura so egin zuen. Beste inor ez. Erlojua. Goizeko lau eta erdiak. Ezkerretara egin zuen, hiriaren argietara. Bere burua irudikatu zuen bestearen begietan. Hiriaren argien kontrako ilun-argiek handiago egingo zutela pentsatu zuen, zabalago. Ez zion bere buruari aitortu nahi izan, baina gizonago pentsatu zuen. Bermaturik zegoen zuhaitzaren atzetik, bidexkak beherantz egiten zuen sasi artean eta gero ebakia zegoen, pixkanaka amildegi bihurtzen zela. Itzala amildegira hurbildu zen. Han egon zen aldi bakanetan berak ere egina zuen itzala egitera zihoana, hurbildu eta behera so egin. Ageri ziren zabor poltsak, ez zekien zergatik zuriak, obra hondakinak, horma zatiak, porlan puskak bereizten saiatu. Zerbait entzutea iruditu zitzaion. Atzera so egin zuen itzala amildegi ertzetik lekutu, argi iragazitara jalgi eta ondoan paratuko zitzaiolakoan. Baina ez zen ezer gertatu. Halako batean ohartu gabe eskuin aldetik agertu zitzaion itzala. Uste baino altuagoa zen. Uste baino sendoagoa. Sorbalden gainean argiek halako distira egiten zuten. Hankak zabaldu zituen, irmoago-edo paratzeko. Parke batean lehendabiziko aldiz ligatu zuenekoaz akordatu zen; beldur berdina, urduritasun berdina, desioaren oldar berdina, gauak eta debekuak desioa matxinatzen ziotelakoz. Mutila ia ukitzeraino hurbildu zitzaion, eta aurpegira so egin zion arakatu nahiz bezala. Mutilarengana ia ukitzeraino hurbildu zen. Pixka bat atzera egitean, mutikoak, pottoka beldurtu bat bailitzan, atzera egin eta, arineketan, alde egin zuen. Bazekien, horrelakoetan, aurrean izaten dena ez dela jendea baizik eta animalia izutu bat; itzal hark nortasunik edo sentimendurik edo gizakiaren arrastorik ez zuela, norbaitekin topo egin eta desioak gidaturiko haragizko tropoilu bat baino ez zela. Bere burua madarikatu zuen halako keinu braustekoegia egiteagatik eta bestea, itzala, mutila, uxatzeagatik. Ingurura so egin zuen aukera galdua beste tropoilu batekin konpondu nahiko balu bezala. Inor ez. Begiratua ezkerraldera itzuli zuenerako itzala desagerturik zegoen. Auto urrun baten burrunba nabaritu zuen. Desio eta zuhaitzez egindako baso hura zibilizaziotik bertara zegoen, nahiz eta leku urrun bat eman.

      Kasko soilduraino egin zuen. Inoren arrastorik ez. Erretzeaz okaturik bazegoen ere, urduritasunari eusteko zigarroa piztu zuen. Pinu baten enbor moztuan eseri zen. Klinex pare bat ikusi zuen. Kasko soilduan norbaitek larrua jo izana irudikatu zuen, harriduraz batera. Begien bistan egingo zuten, batetik bestera desioari jarraiki pasa zitezkeen gainontzekoen bistan. Edo gonbidatuz. Berehala uxatu zuen irudia “gonbidatu” hitzarekin batera, ausardia ezagatik esan gabeko hitzek izaten duten indar ezkutuak beharturik. Hor elkartuko ziren, eta, premiak larriturik, ez zuten hamar metro harantzago zeuden pinuen artera egingo eta, galtzak jaitsirik eta kamisetak altxaturik, arropak biluzik utzitako haragi tartean arituko ziren bi ezezagun, bukatu eta inoiz gehiago elkar ez ikusteko.

      Bere bizitza orube bat bezala agertu zitzaion. Inguratzen zuen basoxka baino lehorrago. Gogora zetorkiona uxatzeko altxatu egin zen, mugimenduak eragin odol jarioak konszientziaren burrunba etengabea geldituko zuelakoan, jakinik, gelditu ez baina beste zarata bat, giharren mugimenduaren zarata, erantsiko ziola.

      Beherantz hasi zen. Behera egin zuen, itzala gorrotatzen zuela; mutila gorrotatzen zuela. Zergatik ez zen gelditu? Bat-batean itsusi sentitu ziren, argalegi, luzeegi, errubioegi, zabalegi, beltzaranegi. Pausoa azkartu zuen. Garunaren alde batek kargu hartu zion emakumeak gustuko zituzten gizonak zoriontsuago izan zitezkeela pentsatzeagatik. Bazekien emakumeekin ibilitako gizonak ez zirela zoriontsuago, bera adibide. Bide guztiak klinexez ereinik zeuden, ezertarako balio ez zuen hazi... Beldurtu egin zuen gogoetak nora eramango zuen pentsatzeak.

      Autoa agertu zitzaion kapotaren distiraren pean. Alde egin baso eskas haren hotzetik! Pausoa moteldu zuen halako batean, ezkerretara, itzala, mutila, ikusi uste izan zuenean, zuhaitz batean bermaturik. Bera bezain nahigabetua egon zitekeen, eta inoiz sentitu gabeko gupida batek hartu zuen. Gelditu egin zen, bai baitzekien hura zela interesaturik zegoelako seinalea. Ondoko zuhaitz batean bermatu zen erridikulu sentituz. Bihotz pilpirak dantzan zeuzkan. Itzalarekiko elkartasunak hartu zuen, bera ere urduri izango zen. Beldurtuta. Ez atzera-ez aurrera gelditu ziren bestearen presentzia erraldoia nabarituz. Bestea. Itzala. Bestea. Mutila. Hiru metrotara zeukan gorputz hura. Ia entzun egiten zion arnasa. Burua altxatu zuen eta zeharka so egin zion. Bera baino baxuagoa zen, indartsua ematen zuen, bizkar zabalak zuhaitzaren kontra bermaturik zegoen, eta gainontzekoa iluntasunean nabartzen zen, gorputzak gauarekin bat egingo balu bezala. Ez zekien zerk erakarri zuen, altuerak, ikusi bainoago igartzen zen errubiotasunak, aire deslaiak. Barre egin zion bere buruari. Artxandako baso ihar hartan zebilen bakarra izateak erakarri zuen. Gorputza beste aldera bermatu zuen zuhaitzaren kontra. Barnean zuten ezinegon eta kanpoko ekintza gabeziaren arteko desorekak denbora luzarazi zien. Zergatik ez zen mugitzen? Zergatik ez zuen mundua mugiarazten? Denbora pilpiretan gelditu zen. Pinu usaina aditu zuen eta lehendabiziko aldiz, lur usain sarkorra, euria egin berritan bezalakoa. Adorea egin eta itzalaren zuhaitzera hurbildu zen. Adorea egin eta hurbiltzeko keinua egin zion mutilari. Eta itzalak ihes egin zion. Atzeko zuhaitzera jo zuen bizkar zabalak mugitzen zituen bitartean. Alditxarra egin zitzaion eta hankak ahuldu zitzaizkion. Gero ostia txar olde batek hartu zuen. Braust batean itzuli eta behera hasi zen, autorantz, itzala eta bere burua madarikatuz. Bilboko argiak itzalita desiratu zituen lotsaizuna nabari ez zekion. Putakumea. Putakumea. Putakumea. Seat 127 berde metalizatura hurbildu zen istapeka. Autora sartu zenean babestu antzean nabaritu zuen bere burua, eta lotsa urruntzen joan zitzaion, oroimenean aspaldi gertaturiko zerbait bezala.

      Arrankatu eta atzera egiten hasi zenean kax-kax entzun zuen kristalean. Balazta egin zuen. Hankarte bat agertu zitzaion leihatilaren parean. Hankarte bat agertu zitzaion leihatilatik behera. Galtzek konkorra estaltzen egindako zimurrei erreparatu zien, josturek marrazten zituzten kurbei, botoien irtenari, zintzilika zegoen hariari. Gora egin zuen begiratuak gero. Itzala zen, aurpegia oraindik ilunpetan. Mutila zen, hor behean, autoan sartuta hankak ilunpetan desagertzen zitzaizkiola. Durduzaturik gelditu zen haurretan bezala, lortu nahi zuena ez lortuak eragindako haserrearen aurrean irrikan izandakoa muturretan eskaini eta haserrearekin zer egin ezin jakinean.

      Leihatila jaitsi zuen.

      “Epa!”.

      Mutilak bazekien durduzaturik zegoela, eta durduzatik sartuko zitzaion, jolas baten moduan, azkenean nahi zuena lortzeko, susmatu bainoago jakin bai baitzekien berezko trebezia zeukala, artean berezko sedukzio indar hura erabat garatu barik baldin bazuen ere.

      Esku bat sartu zuen leihatilatik eta animalia bat sartu balitz bezala izan zen; asaldagarri; inozentziarekin jostari eta sarkor.

      Gidaria autotik atera zen.

      Bera baino altuagoa zen, errubioa esango luke, luzea zabala bainoago, galtza bakeroak eta koadrozko alkandora bat, desegoki, egiten zuen eguraldirako.

      Eman zion eskuaren ordeko, eskua eskaini zion auto gidariak; norberaren gorputz-atalak ez zirela gorputzaren parte iruditu zitzaien biei, atal desberdinak gorputz desberdinekin nahastea ez soilik erraza, baizik eta egin beharrekoa balitz bezala, harmonia eta oreka edertasunaren amarru merke bihurturik. Gorputz atal tropoilu ederra erotismoaren begi zorrotzez neurtuz, bat zetorkiela erabaki zuten, atalen desoreka hark eragiten zien kilikadura akuilu. Eskua hartu zioten elkarri. Epela zuten, eta Itzalari hasieran ahula iruditu bazitzaion ere, halako bigarren kargako sendotasun bat zuen; eskuek atzera egin zuen.

      Bekoz beko, elkarri so gelditu ziren. Gauak halako isiltasun behartu bat hartu zuen. Zarata urruna isildu egin zen une batez. Batari iruditu zitzaion bestea atezuan paratu zela, bat-bateko aldaketa erreparatu gabekoak ustekabekoa —beti desatsegina— nondik ekarriko zuen atezuan.

      Ukabilkada ezti bat botatzeko keinua egin zion, lasaitu nahi antza. Batak ukabilkada bortitzegiaren plantak eginez, atzerantz bota zuen gorputza. Eta gero urduritasuna ezarri zen iltze baten moduan. Batak pentsatu zuen hurbilago baleude berehala egingo luketela eskuek tartea gainditzekoa, baina bi metrotara zeudenez, besoaren mugimendu bat eginez ez lukete elkar ukituko. Pauso bana eman zuten aurrera mugimendu horretan eta orain metro erdira zeuden, ez nahikoa, ordea, besoen hurbiltzeko mugimendua salagarri suerta ez zedin.

      Irri artega iruditu zitzaion, eta ez zitzaion gustatu, bestearen aurrean barrunbeetakoaren nabarigarri; “Estali, ez erakutsi, ahuldadeak ez salatu” adarra joko zion Txatok.

      Besteak, aurreko jolasa jarraituz, bularra uzkurtu zuen izugarrizko mina egin balio bezala. Eta atzera pauso horretan Itzalak jauzi egin zion, eta besoak lepora botaz, musu eman zion mingaina eztarriraino sartzen zuela. Eztulak jo zion, eta bere baitara makurrarazi zuen eztulaldia irriarekin nahasiz.

      “Ia ito nauzu” bota zuen barre artean.

      Hura entzutean laxatu egin zen, eta jauzi egin zuen bestearengana.

      “Horrelakoa zara beti?”.

      Barre egin zuten biek ergel moduan harik eta auto bat hurbiltzen entzun zuten arte. Orduan banandu egin ziren berriz ere, bi ezezagun balira bezala. Autoa kurbak egiten zuen aparkaleku barnean sartu zenean fokupean gelditu ziren gidariaren begien —goseak— gezietara. Autoa, haien gorpuzkerak antzemateko denbora hartu ondoren, mugitzen hasi zen, pixkanaka aparkalekua utzi eta errepidera bideratuz.

      Batak besteari mingaina sartu zion. Besteak batari gingilean hozka egin. Ezerezgarreneko galtzak orkatiletan zituzten, zakilak airean. Autoen burrunba entzuten zen, baina haiei ez zitzaien axola. Gutxi iraun zuen. Eskua, galtzetan lehortu ondoren, “Asier naiz, Axi”, eskaini zion.

      “Joseba”, estutu zion.