Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

29

 

Uribarriko zinta mekanikotik behera jaitsi zen galtza motzetan, azkeneko boladan ohi bezala, astean hirutan. Aspaldi ibilia zen lasterka, baina gero utzi egin zion lana arrazoi baino areago aitzakia. Baina azkeneko urtean —bere buruari aitorrarazi nahi ez bazion ere— Iñigoren arazoa zela tarteko hasia zen berriz ere Ibaizabalean zehar lasterka, tentsioa jaisteko-edo.

      Miren Akerretari afera azalarazi ondoren, harrigarria egiten zitzaion Josebak ezer ez sumatu izana: bidaiak, lana eta Dolutan filma aitzakia kale egindako egunak, Iñigok deitu ziolako bat-bateko desagerpenak (erdibidean egindako zitak; horiek izaten ziren hoberenak, desioa potinka, autoan elkartu, eta galtzak orkatiletan bilduta hautsiapur korritutakoak) saiatzen ziren bakanetan larrua jotzeko nekezia, eta, batez ere, intimitate eza. Ardailak hartu zuen intimitate eza nabarmenegia izan eta Josebak ezin izan zuela ez ohartu ohartu zenean. Udaletxeko eskaileretan tenkatu zituen giharrak, inguruan autobusari espera zuen jendeari ezaxola. Astebete zeramaten hitz egin gabe, auskalo zergatik haserretu zelako, noiz eta haien urtemuga egunean. Zein dramatikoa izaten zen batzuetan!

      Eguzki firrinta ageri zen zeruertzean. Txandalaren lepokoa jaso zuen freskotasunetik babesteko. Eguraldi sanoa zegoen, Bilbon ez ohikoa. Iruñetik faltan zuena horixe baino ez zen: eguraldia. Edo hobe, hango eguraldiaren sanotasuna, hotz ikaragarri hura, aireari halako purutasun bat eransten ziona. Bilbon bakanak izaten ziren horrelako egunak, esana zion eitbko meteorologo Urko Aristik, Bilbo zulo bat zelako eta itsasoaren hurbiltasunak pertza baten antzeko bilakatzen zuelako, umel eta narras.

      Giharrak mugitzen nabaritu zuen. Ezkerreko orkatilak min pixka bat egiten zionez, indarrez eman zituen bi pauso eta desagertu egin zitzaion. Bizkarra ongi zuen, lepoari eragin zion bitan nagiak astintzeko, besoak luzatu zituen, aldakak. Eta korrika hasi zen. Zubiak agertu zitzaizkion: Zubizuri, La Salve, Arrupe pasarela, Deustuko zubia. Euskalduna ezin zuen ikusi baina bazekien han zegoela, eta iritsi eta pasatu egingo zuela Zorrotzaurre bidean.

      Lehendabiziko aldiz otu zitzaion erabaki bat hartu behar zuela. “Aitatxo edo amatxo aukeratu”. Irrigarria iruditu zitzaion garunak, ezin jakin oso ongi zergatik, zegoen ataka izendatzeko erabiltzen zuen modua. “Aitatxo ala amatxo”. Joseba seguru azalpen psikoanalitikotan galduko zela. “Kronika bat egiteko ezer interesgarria ez, ez bazen Iñigorekiko nabari zuen posesio sentsazio itzel harengatik ez balitz; Iñigo berea, eta soilik berea zelako hura, berea objektu bat bezala; edukitzeak berak nagusitasuna ematen zion; kronika hortik eramango zuen, Josebak maite zituen nagusi eta menpekoen arteko istorio haien bidetik; nagusiak eta esklaboak, eta bien arteko harremanak, Foucault eta gay kinkila hura guztia”. Nahiz eta, onartu behar zuen, eraiki zutena, marikoikeria guztia gorabehera, nahiko txukuna izan. Beharbada behingoan marika egin beharra zuen.

      Bi egun zeraman lasterka egin gabe eta gorputzak eskertu zion. Batzuetan bi egunetan segidan egiten zuenean, nekea nabaritzen baitzuen, gogoak gorputza urratsak ematera behartuko balu bezala; ideia ailegatzen zen lehendabizi, mugimendu automatikoa izan beharrean, eta gero garunaren prozesu nekez eta nahasiaren ondoren giharrek, gluteoek, abduktoreek, grazilek, bikiek, tibialek hanka altxatu eta aurrera botatzen zuten, harri bat botatzen zen bezala; eta atzetik, baldar, bizkarra zetorren, eta besoak, deltoideak, dortsalen laguntza. Lasterka egitea borondatearen ekintza bilakatzen zen, eta bukaeran, borondateak nekea eta nagia bentzutu ondoren, izaten zen zinezko lasterka egitea, gihar mugimendu eta arnasa hartzearen arteko dantza hura, plazer antzeko, eta ez sufrimendu. Baina egun hartan alai zihoan, bigun nabari zuen gorputza, hankak arin, giharrak tenk abiadura eta zoruaren erasoei aurre egiteko.

      Berehala iritsi zen Zubi Zurira. “Aitatxo ala amatxo”. Ez zuen hanka sartu, besterik gabe Iñigorena gertatu egin zitzaion; bestelako... ez zen hitzarekin ausartu. Joseba kidea izan zen beti, Iñigo, aldiz, zerbitzatzeko zuen joera harekin, errepide bazterreko hotel hartan itzuli eta atzealdea eskaini zionean... Gaydar bidezko zita —aitortu beharra zuen—, irakurri zuen aipu hura akuilu —“felizmente casado y armarizado; buscando similar para vivir la cara B de nuestras vidas”— bidali zion mezu arrunta eta baldarra, Gaydar eta antzeko kontaktu orrialdeak bikotea daukalako bizkarrak gordeta dituenaren axolagabetasun urduriz erabiltzen baitzituen. Galdetu izan baliote zer gustatu zitzaion Iñigorengandik, ez luke jakingo esaten, haren bereganako lehiakortasun saiatua, etengabea eta aldi berean neurrikoa, “niaren losintxa” zehaztuko lioke Josebak batzuetan zuen gauzak aztertzeko zorroztasunez, “zeure buruari aitortzeko gai ez zarena”. Ze Iñigori Donostian gelditu eta Miarritzeko Formule 1 hotel horietako batean larrua jo ondoren Euskadi Irratiko esataria zela aitortu zionean —“ustekabe itxuran baina parada aukeratu eta prestatuaz”, Joseba atzera— begiak argitu zitzaizkion, eta ordura arte gazteleraz izandakoa euskaraz izan zen.

      Gustura zihoan, hankek segitu egiten zioten; bizkarreko min arinak ez zuen galarazten; abiadura egokia zeraman; eta paisaiak, Ibaizabalean aurrera agertu zitzaion baporeak eta atzetik marrazten zuen uharak, lasaitu egin zuten. Ez zeukan aukeratu beharrik. Horrela bizi zitekeen, ez baitzion inori traizio egiten. Garunetik traizio hitza iragan ahala, azkarrago eman zituen oinkadak. Etxe-eraikinak, Aduanaren fatxada, eraikin gorria, Isozaki Dorreak. Iñigori ez zion adierazi Josebak ez zekiela ezer beraiez; adierazgarria eta adierazia nahasten ziren, eta ondorioz bata zein bestea berdin zirela sinetsaraz daitekeen eremu horretan mugitu zen urtebetean, Josebak bazekiela aditzera eman eta, aldi berean, “amorante” bat izatea onartzen zion harreman bat eraikitzeko gauza izan zirelako —Joseba eta bera— harrotasuna arrazoi Iñigoren bizitzatik gainetik zegoela sinetsirik.

      Ohartu zen bukatu zutela La Salveko zubia pintatzen. Guggenheim agertu zitzaion ezkerretara, lcdren Sound of Sand diskoko funkiaren airera. Iñigori ez zitzaion gustatu gizon batekin ezkonduta egotea. “B aldea? Niretzat dena da A aldea” bota zion harrotasun ukitu batez, nahikoa mugarria paratu baina ez uxatzeko. Ze hasieratik gustatu zitzaiola onartu behar izan zion bere buruari —batez ere menpekotasuna onartu eta atzealdea eskaini zionean— gustuak bizitzarekin bat egiten zuen une horretan, gehiegi axola gabe, gustuko izaten den horrek ordura arte sortu eta eraikitakoa eraits dezakeelako igarpenari batere kasu egin gabe, edo, beharbada horrexegatik, eraisteko igarpena izan, izan zelako.

      Ezkerreko ipurmasailean min pixka bat egin zitzaionez, kostatu egin zitzaion hurrengo urratsak ematea. Ezkerreko hankaren oinkada laburtu zuen inpentsan, babesteko edo. Behin joanak ziren Iñigo eta bera lasterketara Hendaiako hondartzara. Gero luzaketak egin zituzten alde nudistaren parean. Axi oso gizon sentitzen zen, errugbi talde bateko kide, jokalaritik jokalarira gorputzen elkarrizketa bat sortuz sorbalda berna luzaturantz luzatzen zuen bitartean. Kide eta, hori gustatzen zitzaion gehien, menpeko. Menpeko-kide, gizontasuna domeinatu balu bezala. Gero bainua hartu zuten, eskuak urpean zirri egin zioten elkarri, gizon orroak botatzen zituzten bitartean. Ura hotza zegoen, apiril hasiera zen eta. Axi akordatu zen La Salveko zubiaren azpitik ateratzen ari zela, titiburua ukitzen saiatu zela, baina, orduan herabetasunari egotzi baina gerora armairutasunari zegokiola erabakirik, Iñigo igerian atera zela, ihesean hankak astinduz aparra aurpegira botatzen ziola.

      Bere buruan uxatzen saiatu zen galdera sortu zitzaion ipurmasaileko mina jabaltzen zitzaion bitartean: utzi egin beharko luke Joseba? Mirenek ia agindu zion aitortza desegokia egin zitzaion. Zer irabaziko zuen Josebak aitortzearekin? Zer irabaziko zuten? Ustekabean sartu zen bidegorritik baina gustatzen ez zitzaionez, belarrezko parterretik jauzi egin eta oinezkoen bidetik jo zuen ordu horretan jende gehiegirik ez zegoela baliaturik. Barandillara hurbildu zen. Guggenheimen sabaietako batean eguzki printzek halako firrinta bat egiten zuten, eta eraikina lurretik altxarazi bezala egin zen ia espaziontzi bilakatuz. Orain hobe erantzuten zion gorputzak oro har eta, bereziki, bernek. Oinkada egokia berreskuratu ahala nabaritu egin zuen oinpean zapatilla garestien aparraren materiala. asics (Anima Sana In Corpore Sano)-Foam, beltzak eta berde minak. Buruko zurrunbiloari ihes egiteko pixka bat azkartu zuen erritmoa ipurmasailaren kexari kasurik egin gabe. Geroz ere, berak ez zuen ezer txarrik egin. Ez zuten ba Josebak eta berak Iñigoren aukera sinatu San Frantziskotik bueltan Lekunberriko jatetxe hartan zuela... hemeretzi urte inguru ? Zeru hodei batek gogoko hodei batekin egin zion bat. Bai? Aukera hura sinatu zuten? Berak argi esan zion nahiago zuela ez jakin, eta biak entenditu zuten, itun hartan harremanak sortzeko aukera ere bazegoela. Egia da gero Josebak hura esan zuela: “Sentimenduak nahasten badira, agerian jarri behar da”. Baina hura esan beharrekoa zen. Gainera sentimenduak tartean zebiltzala ohartzerako berandu zen, horregatik beragatik, sentimenduak tartean zebiltzalako... baina igual Mirenek arrazoi zuen, Josebari aitortu beharko zion; pentsatze hutsak erritmoa jaitsarazi eta larritasuna egin zion estomagu ahoan, eta kartak erakutsi beharra zeukan... baina zer... beharbada hobe zen erabakia hartzea... eta Josebarekin jarraitzea erabakiz gero —ideia bera gezurrezkoa iruditu zitzaion— hobe zen ezer ez esatea; total, zertarako Josebari sufriarazi. Eskuinetara Deustuko Unibertsitateko fatxada nagusia zuen. Aurrerago Deustuko zubiaren egitura griskara eta Botikazar institutuaren eraikin itsasontzi formakoa, bere leiho borobil eta guzti. Txikia zenean Uribarritik aldentzen zirenean zubi hura zen muga; harantzago joatea gurasoen aginduei ez entzunarena egitea zen. Behin egin zioten eta Deustuko Erribera ertzeraino ailegatu ziren. Errepide ertzetik ageri zitzaizkien itsasontzi bakanei so egin zieten, zaman ari ziren, garabi txikiak hautsiapur mugitzen. Beste aldean, aldiz, handiagoak ziren garabiak, eta animalia erraldoien moduan mugitzen ziren, ontzi atal eta txatarra garraioan. Ez ziren harantzago egiten ausartu.

      Deustuko zubi azpitik iragaterakoan pozik hartu zuen itzala. Berotzen hasia zen. Ijaretan oinazea nabaritu zuen, gorantz, bular aldera, eta, beherantz, ipurmasaila aldera hedatzen zitzaion. Urratsak laburtu zituen, eta ezkerreko eskuaz ipurmasaila ukitu zuen, horrela oinazea jabalduko zitzaiolakoan. Baretu egin zitzaion; arreta Euskalduna jauregiaren fatxada herdoildura eraman zuen; laukiak begiratu zituen arnas erritmoari laguntzeko. Ongi zihoan, baina oinazeak burua gorputzari lotuta eusten zion, ezin zuen beste batzuetan bezala —horregatik hasi zen berriz ere lasterka egiten— gogoa airean erabili, batetik bestera, handik honantz inon gelditu gabe dantzan, budistek, bizitzaren metafora, aholkatzen zuten moduan, ez baitzitzaion —erraza zen esatea— ezeri atxiki behar, atxikimendua txarra baitzen, bidetik aldentzen baitzintuen. Bidea Joseba ote zen galdetu zion bere buruari, edo Iñigo ote zen. Iñigo, zer eskaintzen zion Iñigok artasuna domeinatzen zuelako sentsazio ahaltsu hartatik aparte? Utziko zituen andre eta umeak berarengatik? Gogoeta osatu ahala ergela iruditu zitzaion, ilusio faltsu bat, eta, lotsagarri egin zitzaion Josebarekin horrenbeste urtez eraikitakoa ezeren truke “saltzera” zihoalako asmoa bera ere. Zer eskainiko zion Iñigok? Ezer ez. Zer eskaini zion orain arte? Asteburu batzuk, larrualdi zoragarriak —redios, ze larrualdiak!— eta ezer gutxi gehiago, nahiz eta, halaxe aitorrarazi nahi zion bere buruari, filmeko irudi eta elkarrizketetan Iñigok artasun hartatik harantz hondo korapilatsu eta nahasia zuela iradoki, eta horixe zuen gustukoen, katramilak askatzea. Urtebetean bitan edo destolestu zuten geroa, bikote harreman hasi berrietan eternitatearen moduan eremu funts gabeko eta balizko hura, balizkorik bada; baina bitan leku berera ailegatu ziren: “Zu ere ezkonduta zaude”, Iñigok; “Bai, egia”, Axik. Eta bata bestearen besoetan murgiltzen ziren berriz ere, gauzak okertuz gero bata bestearen minaren arrazoi izan zitezkeela ohartu barik, amodioan ohi den moduan. Lehendabiziko aldiz aitortu zion bere buruari maiteminduta zegoela, Josebaz bere garaian egon zen moduan. Eta ipurmasailetik ijaretan gora egiten zion oinazeak ezkerretara egin zuen estomagu ahora non larrimina egin zitzaion etorkizunaren beldur. Gogoetak uxatu zituen borondatearen indarrez eta oinazea baino ez zitzaion gelditu. Eskuinetan Deustuko Tigrea eraikinera ailegatzen ari zen. Perspektiba horretatik burua baino ezin zuen ikusi. Haurtzaroa berriro. Eta zeinen erraldoia iruditzen zitzaien tigre hura txikiak zirenean, eta zenbat lekutatik so egiten zioten, eta nola irudikatzen zuten oihanaz inguraturik. Ordura arte ez zion urari erreparatu, marea gora zegoen eta handiturik zetorren itsasadarra, eta arre. Oinazeak gorputza bainoago gogoa zamatzen zion, harria zirudien, gora bota eta berriz ere giharren minetara kateaturik. Pentsatu zuen Josebak berehala lotuko zituela zerabilen katramila —zer egin?— eta ipurmasailetik, ijaretan gora ezkerreko bularraldera paratu zitzaion halako haize antzeko hura. Ez mina, oinazea, herstura baten moduan, bularralderantz. Kostatu egiten zitzaion ezkerreko hanka altxatu eta aurrera jaurtitzea, oina lurrean paratu eta haren gainean gorputza zamaturik eskuinekoa botatzeko orekari eustea, gorputzak kordoka egin baitzuen une batez, zer egin ez baleki lez, grabitatearen kontrako legeak berriz ere ikasi beharrean. Pentsatu zuen Euskalduna zubira iritsitakoan iragan egingo zitzaiola oinazea. Arrazoirik ez zuen hori ez kontrakoa pentsatzeko. Gogoeta klasea Josebarena ematen zuen. Zergatik pasatu behar zitzaion oinazea Euskalduna zubira ailegatzean. Zer pentsamendu magiko mota zen hura? Bizitzak emandakoa, erantzun zion bere buruari. Oinazeak pasatu egiten zirelako, eskarmentua izan bazuelako. Iñigok ere pentsamendu magikorako joera zuela iruditu zitzaion. Edo beharbada utzikeriarakoa. Harritu egiten zuen aita izateak, familia bat osatu eta mantentzeko beharrezko adorea, afana eta lehia izateak berarekin horren... utzi, pasibo azaldurik. Ia ukitzeko moduan irudikatu zuen berrogei urte bete berritan, bizkar sendoak, utzikeriazko jarrera, bizarra, kaskamotza, ilajea bularrean, berezko beso sendoak, begi nabarrak... Esanen luke oinazeak hankartera halako joan-etorri bat egin zuela. Euskalduna zubira ailegatu zenean —harritu egin zuen umeen jolas parkeko txirristan eskale bat panpina hautsi baten moduan lotan ikusteak— oinazea jabaldu barik ijaretatik gora egiten zion min bilakatu zitzaion, hainbeste, gelditu behar izan zuen nahiz eta jakin —zapatila hobe lotzeko, bakanetan egin zitzaion barea edo goragalea edo dena delakoa zela— ondoren hasteko nagiak hartzen zuela, eta akiturik nabaritzen zuela bere burua, are egiten ari zeneko hura zentzugabekeria iruditzen zitzaiola. Gorputz enborra makurtu zuenean zintzilika egin zion begien parean lepoan zeraman lauburuak, hura ere Josebaren oparia. Ezkerreko ijarari heldu zion baina minak gora egiten zion, eta beste batzuetan nahiko izan zuen eskuaren epelak ez zion ezertarako balio izan, han jarraitzen baitzuen min zorrotzak labanazo baten moduan.

      Altxatu eta lasterka hasi zen geldirik gehiago irauten bazuen berrasteko adorerik izango ez eta etxera oinez itzuli beharrak eragingo zion hoztearen beldur. Jabaldu egin zitzaion mina urratsak bata bestearen atzetik ematean. Erritmoa azkartu zuen pixka bat. Hortxe segitzen zuen, baina jasateko modukoa zen.

      Berehala egin zion gogoak azkeneko bi asteetako obsesiora: aita ala ama aukeratu beharra. Iñigoren gorputz ar harekiko zuen posesio oldarrak —berea zela erakusteak ez ezik beste batzuek larrua jo diezaioten mailegu uzteak— Josebarekiko amodioa erakutsi zion perspektiban: beti izan ziren kideak Josebak harremanean berak agintzen zuela esanagatik ere. Haren gutxiagotasun konplexuaren ondorio zen gogoeta hura. Iñigo, aldiz... Behin baino gehiagotan bere buruari egindako galdera egin zuen atzera: nola zitekeen bi seme-alabaren aita eta senar zintzoa horren, horren pasiboa izan ohekidearen eskuetan borondatea paraturik objektu bilakatu arte. Eta bat-batean konprenitu egin zituen behin edo beste tuamo.net-en iragarririk agertu eta ezin ulertuzko haiek: “Quiero un macho que me anule la voluntad”, “quiero que un macho decida por mí”.

      Deustuko Erriberara hurbiltzen ari zen. Minak ipurmasailean hasitako sustraiarekin zer ikusirik ez zuen umea bota zuen deltoidean, aurrerantz eta atzerantz. Atzeranzkoak bizkarraren ezker aldea hartu zion, ia bizkarrezurreraino. Aurreranzkoak besoaren luzeran barna egin zion, sorgor, hatz erakusleraino. Kezkak hartu zuen ezkerreko hanka luzatzen zuen bitartean. Ia oreka galdu zuen eskuineko hanka luzatzeko gorputzaren zama ezkerrekoan bermatu zuenean. Eskuinetara begiratu zuen arraunlarien elkartearen egoitza zekienera. Itxita. Irekita zegoen beste egun eguzkitsu batzuk gogoratu zituen. Ezkerretara San Mames berria. Lantokia aurreraxeago. eitbren egoitza, hori ere, berria, distirant, borobil. Ordu eta erdigarreneko bertan egongo zen, berriak bildu eta erredaktore lanetan. Minak bularraldera egin zion sastakai baten moduan. Ez zen gauza izan urratsik emateko eta hormaren kontra bermatu zen gorputza makurturik. Bularrari heldu zion. Baina babesa ez zen etorri. Minak hor jarraitzen zuen zorrotz bularraren ezker alde osoa harturik. Belaunikatzeko gauza izan zen. Aita ala ama? Nor zen aita? Nor zen ama? Azkenean konprenitu zuen Iñigo eta konprenitu izanak interesa galarazi zion. Utziko zituen emaztea eta seme-alabak? Beharbada marika bat izaten ikasi beharko luke, eta lasai bizi. Marika bat. Konortea galdu zuen bi eskuak bularraren ezkerreko aldean loturik. Sirenak entzun zituen. Zapatila gorri batzuen ardaila. Ezin zuen arnasarik hartu.