Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

13

 

Bilera zalapartan bukatu eta hornidura aferak konpontzen emandako orduetan urduri nabaritu zuen Josebak bere burua, ustekabekoa etortzen ikusi eta aldi berean desiratu eta ekidin nahiak sorturiko urduritasuna.

      Kalera atera zen Kenneth eta besteengandik urrun, ustekabean harrapatu eta arropak nahasi-tropoiluan kalera atontzera jotzen duenaren larritasunez. Eskua kaskotik pasatu eta zerura so egin zuen. Goizeko eguzkia lainotu egin zuen, berunezkoa zirudien zeruak; eta haiei eguraldi ona izatea komeni zitzaien, uda mineko eguraldi zoragarri horietako bat, Axi transparentziatik jalgiz ekarriko ziona. Axi. Ordura arteko urduritasuna korromio moduko zerbait bihurtu zitzaion; digestio txar baten antzeko; Axirekiko harremana lehen aldiz tripetako arazo batekin alderatzearen alde komikoak ez zion irribarrerik eragin.

      Zarata entzun zuen. Kuadrilla bilbotar bat zetorren, furgoneta batetik azken trasteak jaisten. Musika mahaia zirudien, platoak, kableak, eta disko sorta bat zekartzan mutil beltzaran txiki batek. Orain artean erreparatu gabea zen, non egon da sartuta mutil hori, zeinak brausteko azkar batez Axi zein Kenneth kendu baitzizkion burutik? Diskoak besapean harturik baserri erraldoian barneratzen ikusi zituen, mutiko beltzaran txikia, eta atzetik, azkenera, mutiko beltzaran txikiaren ipurdi txikia, esandakoa bukatutzat jo eta tarte batera datorren koda baten antzera. Traizioaren itzala nabaritu zuen bigarren aldiz; bi traizionatu zituen oraingoan: Kenneth eta Axi; edo hobe esanda, Axi eta Kenneth. Txatok esango lioke, behin baino gehiagotan entzun zion, marikak, marika izateagatik beragatik, berez direla puta, hiru, lau, bost gizon gustatzen zaizkiela aldi berean, eta berez direla infidel, ez ordea desleial, Etika Marikaren hirugarren puntuak dioen moduan, “hamaikarekin jo dezakezu larrua, baina maitatu, bakarra; eta bi maite badituzu, biek jakin behar dute, egia baita etikaren lehendabiziko puntua”. Josebak irribarre egiten zion, azalpenean —edo Txatoren beraren izaeran— egon zitekeen hiperboleak gauzak izan daitezkeenaz harantzago zuen kutsu probokatzaileari erreparaturik.

      Barna sartu zen eta areto nagusian egon ziren aulkiak eta mahaiak mugitzen hasi zen, ordura arte bilera areto izan zena jangela bilakatu behar baitzuten. Ez zen lan zaila, dena den. Markel-La Markeliρe Eduardi esaten ari zitzaionarengatik jakin zuen baserria batez ere udalekuetarako erabiltzen zela, eta maiatz-ekaina parean izaten zutela beteen. Erraza egin zitzaion umeak batera eta bestera irudikatzea. Bere haurtzaroa baino askoz errazagoa, haurtzaroa zaila egiten baitzitzaion, susmatu bai baina bere buruari aitortu nahi ez zizkion arrazoiengatik, zeinak artean Axiri baino ez baitzizkion iradoki nahi izan, lantokian Begoρarekin izandako eztabaida batek hasitako sokaren segida. Sarrionandiaren haurtzaroaren gaineko eztabaida batekin hasi ziren, Muρoz Eugi tartean zutela, Begoρa Sarrionandiaren gaineko tesia egitea pentsatzen ari baitzen, eta Begoρak eta Muρoz Eugik izaten zuten topikorako joera zio —ez zen akordatzen—, zera esan zuen: “Haurtzaroa da gure paradisua”, Sarrionandiak berak esandako adagioa, topiko bat. Eta etxerako bidean, Sariotik Jarautarako bidean zeuzkan 45 minutuetan, Iruρeko kaleetan barna, urdaila hutsik zuela, bere nortasunari buruzko errebelazio moduan agertu zitzaion haurtzaroko konturik batere ez gogoratzearen arrazoia. Zentsura bat, urteetan bere buruaren eraikinean zimendu oker bat zegoelakoari ez erreparatua eginik, okerra ikusi bai, baina konpontzeko gai ez zela ohartu zen, konponketek eraikina bertan behera ekar zezaketelakoz. “Zergatik zara horren konplikatua?” galdetu zion Axik errebelazioa azaldu ondoren. Durduzaturik gelditu zen. “Horren konplikatua?!”, desilusio batek hartu zuen Axirekiko; bera betikoan erori zen, pixka bat apartatu, eta bere baitan bildu, eta egun batzuetan Josebaren munduan barneratu. “Zergatik zara horren konplikatua?!”. Axi oinarrizkoagoa zen, eta haurtzaro zoriontsua izan omen zuen, eta Axik ez zuen arazorik ikusten berak ikusten zituen tokian.

      Auto pare bat ailegatu zirela entzun zuen aulki eta mahaien zarataren gainetik.

      “Neska, hire senarra” entzun zuen Txato, kuzkurturik aulki bat lurrean uzten ari zela. “Ipurdia horrela paratuta, zeren bila ari haiz?” entzutera deliberaturik, tartexka kostatu zitzaion Txatoren ahotsa isildu zela ohartzea. Burua altxatu zuenean Txato areto erraldoiaren sarreran zegoen, irribarreka.

      “Azkar ba...” presatu zuen. Txatok batzuetan Axiren kontra egiten baitzuen, eta besteetan, aldi hartan bezala, alde.

      Arnasa hartu bitartean Kennethen bila egin zuten begiek. Aulkiak eta mahaiak mugitzen ari zirenen artean ez zuten jo.

      Mesfidati jaitsi zen Axi autotik bidean pilatu zitzaizkion gogoeten eraginez; kostata eman zioten jai, sartutako aparteko ordu guztiak haizatu behar izan zituen, eta azkenera, Miren Akerreta nagusiak eman zion jai, ez zekien nola esan, maite zuelako, edo gustuko zuelako, edo merezi zuelako, hasi zenetik jo eta su lanean aritu zelako, edo, gogoeta josebakorra bazen ere bururatu egin zitzaion autoan, Miren Akerretak susmatu zuelako berari, bera... homosexuala-edo zela, edo gizonak gustatzen zitzaizkiola, eta, Josebak iradoki bezala, Miren Akerreta kamioizalea izateak sindikatu berekoak egiten zituelako. Bai, mesfidantza. “Zergatik etorri behar izan dute Gayakanpadara. Zer egiten dute haiek hemen, zertarako etorri dira, eta batez ere, zer egiten du Josebak lanean opor eguna hartu eta txorradez hizketan goiz-goizetik?”.

      Ez zuen zentzurik, eta damututa zegoen. Galduta nabaritu zuen bere burua, eta galduta egoten zenetan, urduri; ez zuen ulertzen Josebaren ehgamen aritzeko beharra, eta zeuzkan asmo haiek, eta batzuetan esaten zituen hitz potolo haiek, Iraultza Marika eta. Euskaldun izatearekin nahiko ez balitz bezala. Mesfidati egon zen aipatu zionetik, “jornada batzuk, gero Gayakanpada”; jornada entzun zuenean, berehala jakin zuen handik istilua etorriko zitzaiola, eta ezezko borobila eman zion; ez zekien, ordea, zergatik eman zion barikutik igandera arteko tartean baiezkoa. Josebak ez zela ezer politikoa izango konbentzituko zuelako, eta hortik sortuko zelako gerora izan zuten eztabaida sutsu hura, zeina gogotik uxatzen saiatzen baldin bazen ere, noizean behin etortzen zitzaion. Beharbada horrexegatik zegoen bertan, hanka sartu izanak ahuldadea erantsi ziolako bere jarrerari: “Euskalduntasuna ez bezala, homosexualitatea ez da politikoa”. Edo horrelako zerbait. Edozein kasutan nahikoa Josebak lau ideia lotu eta jardunaldi haiek homosexualitatea politiko egiten hasteko zirela erantzuteko, mundua “marika izatetik” —erantsi zuen— begiratzen hasteko. “Eta zer da hori?” galdetu zion, eta Joseba ez zen gauza izan mundua marika izatetik begiratzeak zer esan nahi zuen adierazteko. Txorradak. Gainera, iruditzen zitzaion zenbat eta ehgamen gehiago aritu, orduan eta luma gehiago hartzen ari zela Joseba. Eta ez zitzaion gustatzen. “Mundua euskaldun izatetik —beno, euskaldun, vasco edo dena delako— begira daiteke, baina marika izatetik begiratzea, zer da? Mundu guztiak gay izan behar duela? Homosexualen artean bakarrik izan beharko lituzketela harremanak?”.

      Josebak luma handiagoa zuela iruditu zitzaion baserri itzeleko atetik ateratzen ikusi zuenean. Ikusten zuen aldiro ez bezala, oraingoan ez zitzaion hura berea, ondasuna, jabetza zelakoa egin buruan.

      “Hartzarena” bota zion, erdi bidetik.

      “Bai” irribarre egin zion Axik.

      Bere baitakoaren kontrara-edo indartsu besarkatu zuen, Josebak adar jotze pribatuan “hartzarena” bataiaturiko besarkada. Joseba beso sendoen tartetik askatzen saiatu zenean tinkoago eutsi zion harik eta hark —ezagutzen zuen eta bazekien ez zitzaiola lot zezaten gustuko— inarrosi eta keinu leun baina sendo batez baztertu zuen arte.

      Elkarri begira gelditu ziren. Irribarreka. Axik pentsatu zuen bazegoela gizon harengana erakartzen zuen irrika indartsu bat, ezin zion uko egin, dexentetan beste baten eskuetan egotearen ahuldadeak amorrua eragiten bazion ere. Joseba oharturik zegoen horretaz, eta, bere buruari onartu behar izan zion amorruz ia, horregatik zegoen han.

      Txato sortu zen atetik agurrak builan, “Kaixo, neska!”. Hurbildu ahala ezpainak eskaini zizkion musu emateko, nabarmenago keinuak Axi nardatzen zuela susmaturik. Ondoan gelditu zitzaien, aurpegia gorantz Axiren muturrari ezpainak eskainiz, indarrak emaitza emango zuela zekienaren segurantziaz. Amore eman zuen Axik azkenean, eta pixka bat makurturik, musu arin bat eman zion gogo txarrez.

      Hiru auto zetozen bide estuan aurrera. Abiaduraren motelak adierazten zuen ez zutela bidea ezagutzen. Banan-banan aparkatu zuten, bi Opel Corsa eta Peugeot 205 beltz bat.

      “Hemen da Gayakanpada?” galdetu zuen auto bateko gidari kamiseta itsatsidun gihartsuak.

      “Nena, galdetzea ere” bota zion Txatok barrezka, Nafarroako Erriberako azentuaz. Algara egin zuten denek.

      “Madrildarrak gara; bueno, gu. Hauek, Valentziakoak. Galduta geundenean topo egin dugu”.

      Eguzkiak kukuka egin zuen halako batean.

      “Eguzkiak ere irribarre egiten du zuen etorrerarekin” bota zien Txatok.

      Sartzeko agindu zien, Pedro de Cadi-eta barnean zeudela. Zakutoak eta motxilak atera zituzten maletategitik. Talde nabarra egiten zutela pentsatu zuen Axik, mutil gihartsu pare bat, ilaje harroz eta mallaz jantzitako beste pare bat, txintxo antzean jantzitakoa, alkandora koadrodunak...

      Hirurak bakarrik gelditu zirenean Axik pentsatu zuen batzuetan hiru zirela, eta hiru gehiegi zirela, Txatoren puska handiegia zutela haien bizitzan, nolabait esatearren.

      Elkarri so egin zioten. Ez zuen Josebarengan kideko begiradarik ikusi eta ernegatu egin zen. Josebaren eskua bizkarretik botata sartu zen baserrian logelen bila.

      Literaz beteriko hiru areto handien artean txikiena aukeratu-ez aukeratu ibili ziren harik eta Axik galdetu arte: “Baina kanpoan jar daitezke dendak, ez?”.

      “A bai! Jarriko dugu kanpoan? Nahiago duzu?”.

      “Bai, intimitate gehiago izango dugu. Ez dugu Txato inguruan izango”. Eta Txatori buruzko eztabaida antzu bezain ergeletik ihes egin nahian zera esan zuen: “Mirenek berria atontzeko eskatu dit, saiatuko dela Donostiara bidali eta Teleberrian sar dezaten”.

      “Zer?”.

      “Hau! Zer izango da bestela?”.

      “Gayakanpada Euskal Telebistan eta Irratian? Ez dut uste”.

      “Bueno, ikusiko dugu. Mirenek esan dit saiatuko dela. Ez duzue nahi, ala?”.

      Baiezkoa egin zion Josebak.

      “Baina ez komentatu ezer. Beharbada ez dute-eta nahi izango”.

      “Bai, homosexualitatea ez dago modan”.

      “Erredakzioan zurrumurrua zabaldu da, etak aita mehatxatua ote daukan”.

      “Noren aita? Mirenena? Joder!”.

      Bietako bati ere ez zitzaion bururatu esateko beste ezer, eta denda jartzera abiatu ziren. Di-da batean jarri zuten Axi gauzarik modernoenak edukitzeko zuen antsiak erosarazirikoa. Eta barnean sartu zituzten motxilak. Josebak zapatak kendu zituen, eta Axiren atzera-aurrera gelditurik, eserarazi eta musu eman zion. Biak etzan ziren zakuen gainean barrezka, zergatik jakin gabe. Patilletan pasatu zion mingaina Axik, beti egiten zion. Ilea usaindu zuen Axik, koipe eta gatz usaina, eta, beharbada, keru min baten aztarnak, atzean, atxona garunaren zokoetara ailegatzean. Josebak zakila ukitu zion galtzen gainetik. Saiatu zen bakeroen botoi ugariak askatzen, baina esku dorpeek ezin zutenez, Josebak kontzentrazioa galdu zuen. Eguzki lauki batek ehunean jo eta barnea argitzen zuen. Axik patillak utzi eta botoiak lasatu ondoren, ia jauzika atera zen zakilerantz erakarri zuen Josebaren burua. Josebak ahoratu egin zuen. Han aritu zen tarte batez, Axik begiak eguzki laukian iltzaturik zituen bitartean. Oraindik ez ziren plazerak senaz ahaztera eramaten zaituen une horretan. Beharbada, azkeneko boladan ez zuten horrelakorik lortzen, lana edo betebeharren zamak eraginda, akaso; edo elkarren gorpuzkeretara ohitzeak, zeinak plazeraren berezkotasuna atzendu eta eraikitzeko zerbait bilakatzen baitzuen: areago mailaz maila eta geruzaz geruza osatu beharreko eraikin baten moduko zerbait, ezen ez pasioaren indarrez braust batean sorturiko haragizko gauza. Josebari nahigabea egin zitzaion, eta Axiren zakila utzirik, bera ere ahoz gora etzan zen, eskua Axiren buruan pausatua.

      “Gauerako utziko dugu” bota zuen, lasaitu ezinezko urduritasunez.

      “Bale” erantzun zion Axik, eta hanken eta bizkarraren gainean bermaturik ipurdia altxatu eta zastako batez igo zituen galtzak gerriraino. Zila geratu zitzaion agerian, Josebari gustatzen zitzaizkion ilexka beltzak, bilo. Bien eskuek egin zuten topo Axiren zilean. Batena bestearenganako keinu, bestearena, bere burua ezagutzeko imintzio. Josebak eskutik heldu zion.

      Harritu egiten zuen azken boladan zeinen itzuli-mitzuli gutxi ematen zizkien Axik gauzei. Hala, ba ongi; bestela, ba ederki. Orain bezala. Kezkatu egiten zuen Joseba, zeinak uste baitzuen, nahiz eta bere buruari aitortzen ausartu ez, eta aitortuez gero, inondik inora ametitu ez, gauzen garrantzia sortzen duten kezkaren araberakoa dela.

      “Zein da plana?”, Axik.

      “Bazkaldu duzu?”.

      “Autoan jan dut zeozer”.

      “Ba jendea sortzen hasiko da. Seietan ongi etorri ekitaldi bat egingo da, gero bederatzietan afaria, eta ondoren dantza”. Eguzki lauki azulari so gelditu zen, gogoa borborka. “Nahi duzu larrua jotzea?”.

      Axi ustekabean harrapatu zuen galderak. Ez al zuten ba ezezkoa erabaki?

      “Ondo da” erantzun zuen Axik.

      Berehala ohartu zen esandakoa anbiguoa zela, baiezkoa izan zitekeela, edo ezezkoa, baina ez zuen gogorik argitzen hasteko. Ezezkoa erabaki zuten, argi zeukan.

      “Ondo da? Zer, bai ala ez?” galdetu zion Josebak, erresumina nabari zitzaiola ahotsean.

      “Ez dugu ba ezetz erabaki? Batzuetan...”.

      Amorrazioarengatik igotako ahotsaren bolumenaren gainetik kremaileraren zarrasta entzun zuten. Biek egin zuten zeuden egoeraren azterketa azkarra, hutsean harrapaturiko batek eginen lukeen moduan. “Homofobia” pentsatu zuen Josebak, hemen zakilak kanpoan balituzte ere, haragi gorri eta zutituaren lotsa baino ez litzatekeela izan beharko erabakiz, eta, ez homofobiak beharturiko errua. Gogoetok Axiri kontatzeak eragingo liokeen ironia ia segurua garunaren atzeko eszenatokitik iragan zitzaion.

      “Putakume bat”.

      Biak batera altxatu, eta eserita gelditu zirenean, Oskarren beso gihartsua ikusi zuten sartzen. Gero burua, patilla-biboteak, sorbaldak, bular oparoa.

      Axik ukondoarekin jo zuen Joseba. Oskar malkotan zetorren.

      “Putakume bat. La Radicaleko errubio batekin harrapatu dut gure dendan larrua jotzen, oraintxe bertan”. Oraintxe gehitu zuen, orduantxe gertatu izanak berebiziko garrantzia balu bezala. Josebak eta Axik elkarri begiratu zioten, bata bestearengan kontsolamendu hitzen baten bila edo, besteari gertaturikoa haiei sekula santan gertatuko ez zitzaielako pozten zirela ezin onartuz, hala ere.

      “Konponduko duzue” Josebak bota ahala, Axiri erdeinuzkoa egin zitzaion Josebak batzuetan leku komun eta hitz arruntetara jotzeko zuen joera.

      “Bolada txarra daramagu. Atzo bertan izugarrizkoa izan genuen. Ni Ezker Abertzalekoa omen naizenez, ez omen nago Nafarroako ponentzien alde. Eta beste batzuekin larrua jo nahi ez dudanez, Bilboko ponentzien alde nagoela aurpegiratu zidan. Eta nik ez dut beste batzuekin larrua jo nahi, ni harekin nago maiteminduta. Eta hark jotzea ere ez dut nahi. Kaka puta!”.

      Axik berehala irudikatu zuen Juanillo nagusikeriaz esaldi haiek ahoratzen.

      “Bueno, badakizu... gauzak horrelakoak dira... igual bikotea eramateko modua planteatu beharko zenukete” esan ahala, iltze baten moduan nabaritu zuen lepagainean Axiren begirada Josebak. Ate irekitik belarraren usaina sartu zitzaien; promesa bat egin zitzaion Josebari, ez zekien zerena, ordea.

      “Hori ez da kontua” bota zuen Axik, “zergatik aldatu behar dute bikotea eramateko modua, ez badu nahi?”.

      Oskar atezuan zegoen, gorputz lerdena zurrun eserita bien artean, haiengan irtenbideren bat topatzeko antsiaz.

      “Hori ere egia da, baina Juanillok beste modu batera eraman nahi duela argi dago, ez?”, Josebak.

      Oskar isilik gelditu zen. Sendotasunak, gizontasuna azpimarratu barik, haur deslaiaren itxura areagotu baizik ez zion egiten, gorputz handi eta gihartsuaren indarra berez malkoek errenditzeko sortua balitz bezala, ahulak indartsua bentzutzeagatik, ahulago.

      “Ez dugu hitz egin. Berak esaten du beste gauza batzuk bizi nahi dituela eta nik ere egiteko beste gauza batzuk. Baina nik ez dut nahi”.

      “Utzi”, Axik.

      Oskarrek ez ulertuarena egin zuen. Istant batean Oskarrek kilometroak, munduak, unibertsoak egin zituen urrutira.

      “Utzi?”.

      Ez zuen ulertzen, Juanillorengandik alde egiteko aukera ez zitzaiolako garunaren mapan ageri, ez mojoi moduan, ez ihes senda moduan, ez kolore moduan, beharbada, elkarrekin zeramatzaten bi urteetako ohiturek etorkizun oro kolonizatu zutelako..

      “Bai, utzi!”, Axik.

      Oskar noraezean nabaritu zuten, hitzek esanahirik ez balute bezala, soinuen mezu dezifragaitzean inbuluzkan.

      Buruari eragin zion mugimenduan ezin antzeman izan zuten baiezkoa edo ezezkoa edo, besterik gabe, entzun zuelakoa baieztatzeko keinua zen. Begiak beterik zituen.

      Axi Josebari esatea egokitzen zitzaion kontsolamendu hitz batzuen espera gelditu zen, ez Oskar haren adiskideago zela uste zuelako, baizik eta adostu gabeko itunean horrelakoak Josebaren ardura bilakatu zirelako haien arteko bikotean. Baina Josebak eutsi egin zion isiltasunari. Suspirio egin eta altxatzen hasi zen Oskar. Josebak eskutik heldu zion.

      “Zer egingo duzu?”.

      Bizkarrak altxatu zituen.

      “Lasai”.

      Baiezko keinua eginez desagertu zen dendatik eguzkitara. Denda barnean igarri egiten zen zerua oskarbi zegoela, zuela ordubeteko laino kirikariak faundu egin zirela.

      Elkarri so egin zioten, bakoitza beretik, Oskarrendako erantzunen baten bila.

      Joseba gizajoka hasi zitzaionean —asko sufritzen ari zela, eta ez zuela merezi eta Juanillo oso gaizki portatzen ari zela—, “Bere errua da” moztu zion Axik, Joseba ahoan lau hortz utzita. Joseba ez zen ausartu pentsatzera haien artean horrelakorik gertatuz gero, jarrera berdina izango ote lukeen Axik, orduan ere “bere errua da” esango ote lukeen; zurrunago nabaritu zuen azken boladan, bien artean lortzen ari ziren orekak —oreka eta asperduraren hasiera batera zihoazela onartu behar zuen— Axi malguago egin beharrean gotortzera eraman izan balu bezala. Beharbada, ezagutzen ari zen Axi zurrun hura —besteen ahuldadeak konprenitu eta onartzeko ezintasunak harritzen zuen gehien— hor egon zen beti, eta orduan, elkarren aurkikuntza bukatzear zegoela —gorputzen azken zimur, zulo eta zirrikitu arakatuak zituzten jada, ezer galdetu aurretik bestearen kilika tokiak bazekizkiten—, hasi zen agertzen norberaren eitea.

      “Zuk erraz ikusten dituzu kontuak: utzi!”.

      “Ez badago pozik, eta argi dago ez dagoela, hoberena uztea, zuen bikotea eta politika nahasteko kontu horietan sartu beharrean. Eta Juanillo... bueno, Juanillok berea egiten du”.

      “Bai, hura bikote berria osatu nahian ari da, beste bizitzeko modu bat, heterosexualek agindutakoaz bestela”.

      “Bale. Eta orain Etika Marika aipatuko didazu!”.

      Axi gotortu egin zen. Urduri paratzen zuen hainbatetan izan zuten elkarrizketa ergelak. Marika. Politika. Bikote berriak. Baina hala ere asteburua pozik iragateko deliberoa egin zuen, eta patilletara eraman zuen eskua.

      “Goazen kanpora!”.

      Dendatik eguzkitara atera zirenean Oskar ikusi zuten baserri erraldoian sartzen. Basoari erreparatu zioten, itxia zen, pinuak ageri ziren baso zeharrean, gorago berde desberdinek uhin maiztasuneko erritmo antzeko bat markatzen zuten landaretzan. Eta harantzago, harkaitz batzuk.

      Axik eskuin aldera so egin zuenean Juanillo ikusi zuen dendatik ateratzen. Ez zitzaion gustatzen horrelakoak erabiltzea baina Txatok esanen zukeena etorri zitzaion gogora: “Hara, larrualdiaren ondoren zeinen erlaxatua dagoen!”.

      Juanillok ikusi zituenean agurtu egin zituen eskuak altxatuz. Gero esku horrekin berarekin heldu zuen La Radicaleko mutila eta baserrirantz abiatu ziren. Joseba —beti bezala beste zerbaitetan, pentsatu zuen Axik—, ohartu ez zenez, ia jauzika hasi zen begi eremuan sartu eta nor ziren erreparatu zuenean. Espantuka itzuli zen, horixe zen gutxien gustatzen zitzaiona, espantuka aritzen zela, eta zuen hiperbolerako joera. Seinalatu egin zizkion. Axik irribarre egin zuen bere baitarako. Josebak berriz ere seinalatu egin zizkion. Axik baiezkoa egin zion gogo gehiegirik gabe.

      “Ikusi dituzu?”.

      “Agurtu egin gaitu, Joseba. Ateratzean” gehitu zuen gero.

      Joseba isilik gelditu zen, hortik jarraituz gero, sasitara zihoala susmaturik. “Ez zara ezertaz enteratzen” esango zion, eta hortik sortuko zen istilua, eta asteburu hartan bakea behar zuten. Bakea, azken boladan gehiegi eztabaidatzen zutelakoz.

      “Kontua da ez dela zintzoa”.

      “Nor ez da zintzoa? Oskar?”.

      “Juanillo ez da zintzoa. Txatok esan zidan hasieratik oheratzen dela beste batzuekin. Eta Oskarrek ia harrapatu zuen batean, erabaki omen zuen esatea. Ni seguru nago Txatok behartuko zuela, ez dakit ba, horrela ezin ibili dela esanez edo”.

      “Hara... bikote modu berriak eta Etika Marika! Baina zergatik ezin da horrela ibili?” bota zion Axik ironiaz, jakinaren gainean izanik besteei gezurra esatea —betidaniko klasiko bat bestea zure bikotekidea denean— ongi ez zegoela, baina, aldi berean, Joseba zirikatzeko gogoak eraginik, Juanilloren portaeraren zintzotasun gabeziaz zalantzan.

      “Horrela aritzeak heterosexualak bezala aritzea esan nahi du” ebatzi zuen Josebak, artean botatakoa ustez benetako arrazoia izateaz gainera ergelkerien zakuan ere sar zitekeelako susmoak beharturik, lehorregi.

      “Hara!”, Axik ezin izan zion karkailari eutsi, “hara, hara, hara! Buztan arintasunak definitzen duen taldea, alegia, kristo guztiak kristo guztiarekin jotzen du larrua, eta, orain, batek gezurra esan duelako espantuka?”.

      “Kontua ez da zenbatekin jotzen duzun larrua. Zenbati esaten diogun gezurra baizik”.

      “Bai, bai, konprenitu dut. Eta batek, ez egia eta ez gezurra, ez badu nahi bere bikotekideak beste batzuekin larrua jotzerik, zer? Oskar, porejemplo”.

      “Ba... saiatu aldatzen...”.

      Josebak bazekien eremu arriskutsuan sartzen ari zela, eta askotan gertatzen zitzaion bezala, argudioen antolatzean, arrazoien indartzean hark baino indar gehiago zuela baldin bazekien ere, galdu egiten zituen eztabaidak nahiko lukeena atzendu eta Axiren moduak gero eta gehiago sendotuz, bikote bat ez baitzen bakarrik maitasunaren guda zelaia, ikuspegi klasikoak azaldu bezala, baizik eta bertan bizitzeko eraikin bat osatzen joatea; gelen ordenamendua erabaki behar zen, dekorazioa, janariak, bertako bizimoduaren usadio eta ohituren arteza moldatu eta legeztatu behar zen bikotekidearendako, baina, batez ere norberarendako. Eta Josebak bazekien, zela Axiren oldarrarengatik, zela bere tartekako koldarkeriagatik, zela bakeagatik dezentetan gelak eta altzariak, usadioak eta ohiturak besteak proposaturikoak —are beharturikoak— izateak zilegitasun arazoak sortzen zizkiola; eta gero, Axiren durduzarako, desgaraiz, eraikinaren formari, dekorazioari eta ohiturei buruzko zalantzak azalarazten ziren, “Axi abantaila hartzen ari” zitzaiolako akusazio inplizitua airean.

      “Zergatik aldatu behar du Oskarrek? Zergatik ez Juanillok?”.

      Josebak ez zuen elkarrizketak aurrera egitea nahi. Eguzkia eta ongi pasa zezaten nahi zuen. Ez zitzaion axola Juanilloren eta Oskarren istorio zikin hura.

      “Eta zergatik ez elkarrekin ibiltzeari utzi?”.

      “Hori ere ez litzaizueke ondo irudituko!”.

      “Litzaizueke...?”.

      “Ai” bota zuen Axik. Eta gero Joseba besarkatzeko gogoa egin bazitzaion ere, masailak heldu, eta Ai errepikatzearekin konformatu zen, guraren eta egin zuenaren arteko tartea errepresioak eragina zelako Josebaren balizko oharmenari muzin eginik.

      Baserriak eta inguruak inurritegia ziruditen zebilen jende kopuruagatik, guztiak atzera-aurrera, ardailatsu; halako indar ekin bat nabari zen, ia uki zitekeen giro lodia, usnaturik, erotikoa ere dei zitekeena; jertse eta kazadorak kendu zituzten batzuek, eta tirantedun kamisetetan ageri ziren. Berdin egin zuen Axik, beroa nabariturik; Joseba, uzkurtu egin zela erreparatzean areago bulartu zen baso berdearen kontra, etorri izanaz pozik, dena ongi, oso ongi zegoela erabakita.

      Baserrira sartu zirenean tarte bat behar izan zuten begiak ilunpeetara ohitzeko. Ixkina batean, oholtza txiki eta baxu bat paratzen ari zitzaizkien Iruρekoak.

      “Gure mutilak!” bota zuen Txatok.

      Gure eta mutilak hitzek berritu egin zioten Axiri behin baino gehiagotan Josebari esandakoa, Iruρeko ehgamekoek kuadrilla bat, kuadrilla itxia, bezala funtzionatzen zutela, asko ibili ez arren dezente ezagutzen zituen Pili arrebaren Lekunberriko kuadrillaren antzera; eta, Josebak hasieran hala ikusi nahi ez bazuen ere, denborarekin onartzen hasia zen; Lekunberrikoan, Joseba beraren hitzak ziren, sorbaldan emandako txapladen pareko ziren ezpainetako musu behartu eta nazkagarri haiek; han zakarkeria —kuadrilla barneko estatusaren erakusgarri— eta adar jotze iraingarriak zirena, leuntasuna eta neskaka eta nenaka aritzea zen hemen; baina taldea osatzeko modu berdinak ziren, azken finean: atxikimenduak erabatekoa izan behar zuen. Axik bazekien Txatok bazekiela hori, horrenbeste azkarra bazela, baina ez zuen ametitu nahi.

      Oholtza jartzen laguntzen hasi ziren haiek ere. Nahikoa lan izan zuten. Axi ohartu zen Josebak zeharka kasu egiten ziola Oskarri. Lan eta lan ari zen lanak bere baitakotik salbatuko balu bezala. Juanillo ez zen ageri, ez areto nagusian ez bilera egin zuten aretoan. Torloju batzuen bila hara abiatu zenean Kenneth ikusi zuen Lander bilbotarrarekin. Zeloen antzeko zerbaitek hartu zuen, baina uxatu egin zituen berehala Axitasunean gordez, alegia, bera eta Axi elkarrekin zeudeneko besarkada amultsuan.

      “Oso mutil guapoa ezagutu dut” bota zion Axiri, dardara nabariezin bat ahotsean.

      “A bai?”.

      “Ezetz asmatu?”.

      Axik begirada hedatu zuen areto erraldoian barna. Eta berehala jo zuen itua: perilla, giharrak, kamiseta tiranteduna, koadrozko alkandora gerrian loturik, atzerritar itxura.

      Begiez seinalatu zuen Axik bekainak pixka bat altxatuz. “Oso ongi ezagutzen zaitut”.

      Axik horren azkar asmatu izanak Josebari, uzkurra eragiteaz gain, zeloak mugitu zizkion.