15
Bozgorailuetatik Benito Lertxundiren kanta bat zetorren. Eta handik gutxira La Markeli๑eren ahotsa entzun zen, “Kaixo ongi etorri lehendabiziko Gayakanpadara”. Jendea, egiten ari zena utzirik, zutitu, eta zegoen tokian gelditu zen; estatua baso bat ematen zutela pentsatu zuen Josebak; batzuk bere baitara bildu ziren, beste batzuek gora begiratzen zuten, beste batzuek euskararen arrarotasuna dezifratu nahi zuten. “Espero dugu aurtengo hau ongi ateratzea eta urteetan errepikatzea. Ongi etorri, beraz, askatasun —hitza azpimarratu zuen bolumenak gora eginda— espazio honetara”. Ez dago esan beharrik jarrera homofobo guztiak tokiz kanpo daudela hemen. Gay jendeok ghettotik kanpo harreman normalizatuak izateko sortu dugu. Lehendabiziko urtea izateko jende dezente etorri da, gehienak gizonak, hala ere”. Axik aretoan zeuden neska bakanak bilatu zituen: kamioiak. Miren Akerreta adiskide eta erredaktore burua etorri zitzaion gogora; hemen egon beharko zuen. Esan gabean elkar ulertu zuten biek, Mirenek Axi gizonekin oheratzen zela; Axik Miren neska batekin hasi berritan zebilela, hango nabarmenkeria haiek guztiak gabe. Ingurura so egin zuen, berriz ere, Mirenek albistegietarako eskatu zion badaezpadako kronika hari nondik helduko..
Markel mintza-ederregia zen, euskara joriegia eta dotoreegia erabiltzen zuen.
Gero, esandako guztia bota zuen berriz ere. Asko gustatzen zitzaion bere burua entzutea, mikrofono batetik bazen, hainbat areago.
Gaztelera ere dotorea zuen ordea, hiztegi zehatza, egoki esaldi orotan, euskaldunek zuten hitz zakuak erabiltzeko joeraz bestela. “Askatasun eremua”, “Gu, ehgam Bizkaia”, “Espero dugu...”, “Ongi pasa baina batez ere izan aske!”. “Eta marika iraultzaileeeaaakkkk!” garrasi egin zuen norbaitek. Josebak apustu eginen zuen Txato izan zela, baina Txato ezkerretara zegoen eta garrasia eskuinetatik etorri zen.
Afaltzeko esertzeko orduan ailegatu zenean, Josebak uste izan zuen Axi ohartu egingo zela Kennethen inguruan eserarazi nahi zuela, eta zalantza egin zuen non eseri; eta erabaki zuenerako, Axi bere erabakiaren esperoan zegoen Josebaren asmoez oharturik, Kenneth Txatorekin eserita zegoen, Pedro de Cadi eta Eduardekin batera. Bazekien suarekin jolasean ari zela, baina jakiteak kitzikatu egiten zuen, Kennethen gorputz lerdenak baino areago, edo Axirekin partekatzeak sortu irudi lizunak baino areago desira bere baitara bihurturik, desirak berak kitzikatzen zuen gehien. Baina jada ez zuten tokirik.
Bazter gelditu ziren. Axik ezezagun bat zeukan aurrean, ezkerretarantz Cadizko ezdakitzer; haren ezkerretara, Eduard, eta harantzago Txato, eta gero Kenneth. Eta harantzago, Oskar. Eskura, hitz egiteko moduan, Juanillo eta haren La Radical Gaiko amorantea. “Hala amorantea! Behin larrua jo eta amorantea!” entzun zuen Axi bere baitan.
Axik eskertu egin zion Josebari berak egingo ez zuena egin izana. Mutil atzerritarrarengana ailegatu zenean “nire nobioa... Asier; Kenneth, San Frantziskokoa”.
Axi lasaitu egin zuen Kennethek Cadizko mutiko harekin zerabilen dena delako hizketa tarteko —apustu eginen luke homosexualitatea zela, nola ez?— eskua eman eta bekain altxatze arin batekin konformatu eta berera segitu izanak. Bazekien orduan Josebari belarrira hurbildu eta “zer, ez dizu kasurik egiten?” botako balio, hura, faltan harrapaturik, urduritu eta izerditan hasiko zela; areago begiratzearekin bakarrik lortuko zuen gogoak agintzen ziona egitea, neurri batean zeloak jota baitzegoen, ez Josebak Kenneth gustuko zuelako —nabarmentzeraino nabari zitzaion eta berari ere gustatu egiten zitzaion bizar errubio eta bizkar zabal haiekin— baizik eta Josebak alde egin ziolakoz.
Afaria ez zen bizitu. Pedrok eta Kennethek haien artean segitu zuten hizketan, Txatok Eduardekin jardun zuen, Lander bilbotarra mutu zegoen eta Axiren ezkerrekoak bere ezkerretakoen eremura lerratu ziren. Biak ala biak gelditu ziren aurrez aurre, nahiz eta bata bestearen alboan izan; eta ez zeukaten zertaz hitz egin, ez baitzeukan zentzurik han etxeko arazoez mintzatzeak, edo familiaz, edo lanaz, edo ohiko beste gai batez.
“Zer moduz lana?” itaundu zion Josebak, galderaren azpian ironia erantsiz.
“Ondo”.
Eta han utzi zuen Axik, hobe isilik ergelkeriatan aritzea baino.
Baina, une baten ondoren nahiz eta interes gehiegirik ez izan bota zuen: “Zer moduz joan da bilera? Konpondu dituzue munduko homosexualen bizitzak?”.
“Homosexualon”, arrapostu egin zion Josebak gogogabeturik Axiren komentarioa afariaren mekanismoa koipeztatzeko modua zela jakinik.
Joseba zaputzak hartu zuen, gogoaren zolan —gogoak bihotzaren moduan zola izateraz, jakina— esperantza handiak zituen asteburu hartarako, ez zekien, Axirekin errutina bihurtzen ari zitzaion harremanaren hegaka haste bat edo, eta zola-zolan azkeneko bi hilabetean ernetzen joan zitzaion desira lauso bat, denborarekin zehazten Kennethen gorputzean gauzatu zena. Ikustearekin bat gustatu zitzaion, berehala ohartu baino areago nabaritu zuelako gorputzak hari ere bera gustatu zitzaiola, desioa ispiluarekin indarturik nartzisismo ariketan barneratuz.
Axik susmatzen zuen zergatik zegoen Joseba zapuzturik, eta horrek errabia eragin zion lehendabizi, berarekin ez zuelako nahikoa —libertitu egin behar zuen, ondo pasatu, gay-politikan (sic) aritu, noiz eta zuela urtebete berarekin nahikoa baino gehiago zuenean—; gero, ordea, Josebari zer gertatzen zitzaion igartzeak nagusitasun epel bat eragin zion, lehen amodio bidez esku ahurrean txori baten moduan harrapaturik zuen Joseba hura, nortasunaren ezagutzak zemaion iragartzeko abilidadearekin harrapatua baitzuen. Sorbaldatik pasatu zion besoa horregatik, oraindik ere berea zela aldarrikatzeko.
Areto nagusian musika paratu zuten. Jendeak bat-batean elkarri so egin zion, ustekabean harrapaturik, zer egin ez zekiela. Altxatzen hasi zenean Markelen ahotsa entzun zuten bozgorailuetatik: “Mesedez, altxatu baino lehen mahaiak bildu behar dira, bukatzen duzuenean etorri denok areto nagusira, festa hasteko sorpresa dugu-eta! Mesedez”.
Pedro de Cadik gazteleraz “Ai ze matraka bi hizkuntzekin!” bota zuenean isiltasun deserosoa egin zen.
“Bi hizkuntzen asunto hau nahiko matrakosoa da” desenkusatu zen, ingurukoen elkartasuna jasoko ez zuela jakinda.
Josebak uste izan zuen orduan Axik uste zuela Txatok zer edo zer esan beharko ziola Pedro de Cadiri. Eta berak ere hala uste zuen, Txatok bere gaytasunaren gainetik euskalduntasuna paratu beharko zuela, eta zerbait adierazi.
“Nena, hemen bi hizkuntza mintzatzen dira” bota zion Eduard katalanak.
“Barkatu, ez naiz oso egoki aritu”.
Gauzak biltzen hasi zirenean bajillaren txintxin soinuak zigarroen ke eta ahotsen zarataren artetik oihartzun egiten zuten harrizko hormetan, eszena guztiari soinu parentesi bat ezarriz. Zarata ia zurrumurru bilakatu zen, eta gero ia isiltasun, jende guztia egiten ari zenean buru-belarri. Orduan ozenagoa egin zen oihartzuna. Josebari iruditu zitzaion txintxinek bizi hartu eta gora egiten zutela ia Bachen Mi minorreko Mezako koru bihurtzeraino. Irreal sentitu zen eta Axi ukitu behar izan zuen materiaren mailara jaisteko. Orduan ohartu zen Kenneth ere haien ondoan ari zela gauzak gurdi handitan biltzen. Goizeko gantz eta izerdi usaina egin zitzaion gogoan, baina, sudur mintzak behartzean, tabako eta janari hondakinen usain nahasiak baino ez zituen aditu. Irribarre egin zion Axi ohartuko ez zelakoan. Ez zekien zergatik sentitzen zen horren errudun. Ez ziren inoiz mintzatu haien artekoak nola izan behar zuen. Gauzak etorri bezala —Txato entzun zuen belarrian xuxurloan: “Erakutsi dizkiguten bezala”— etorri ziren, mintzatu gabe ulertu zuten bien artekoa zela harremana, eta ezin zela beste inor sartu; Josebak ametitu behar zuen ordura arte ez zuela beharrik izan, ez zen inorekin oheratu, eta, bazekien Axi ere ez zela inorekin oheratu. Pentsatu ahala erridikulu samarra iruditu zitzaion segurantza hura. Elkarrekin bizitzeak ez zuen bat aratz egiten, Txato, berriz ere, oraingoan irribarre maltzurra ezpainetan. Haien ingurukoa bukatu zutenean ardailan abiatu ziren areto nagusirantz. Axik erreparatu zion mutil atzerritarra haiekin zetorrela. Areto nagusira ailegatu, eta, eszenatokiko argi ahul bat izan ezik, dena ikusi zuenean zarata ozena zurrumurru bihurtu zuen jendeak. Zurrumurrua isildurik, arreta egin zen. Bitartekoak exkaxak ziren, mikrofono bat zegoen erdian, boa gorri bat zintzilik zuela eta, Axik begiak ezker-eskuin mugitu zituen, bozgorailu exkax batzuk. Hirurogeiren bat izango ziren, eta, bataren eztula, bestearen xuxurloa, besteen zurrumurrua nekeza egingo zitzaien denen belarrietaraino ailegatzea. Bizkar aldetik mugimendua sumatu zuten eta itzuli egin ziren. Kenneth zuten atzean. Eta atzeagotik hiru zetozen. Peluka gorri luze bat ageri zen jendearen buruen gainetik. Hurbildu ahala emakumez jantzita zetozela ohartu ziren. Txato egin zuen lehendabizikoa: soineko beltza zeraman, larruzko lepoko zuria eta buruan peluka zuri luzea, lepoaldean lepokoarekin nahasten zitzaiona. Dantzan zetorren besoak zabalik jendea bere baitan hartu nahiko balu bezala. Atzetik, Eduard iruditu zitzaion Axiri, peluka errubio bat eta gona motza. Ondotik pasatu zenean zuztarrak egin zitzaizkien hanka meheak. Eta ondoren altuena, ezagutzen ez zuen mutil bat orain arte erreparatu gabea.
“Nor da?” galdetu zion Josebari.
“Santi Altxu. Errenteriarra”.
Altua eta gizena. Bizarra zeukan. Peluka gorria, ia gerriraino erortzen zitzaion. Gorputzaren bolumen handia lepo atzean loturik zeraman halako ehun nabar batek estaltzen zion batere graziarik gabe; izter mardulak ageri ziren soinekoa izan nahi zuen oihal zarpail haren azpitik eta, gorputz erraldoi haren bukaeran, eszenatokira igotzean erreparatu zion, zapata takoidun gorriak.
“Gabon” hurbildu zen Santi Altxu mikrofonora.
“Gabon” erantzun zuen jendeak.
Besoak mugitu zituen, erakuslea gora, eta bozgorailuetatik halako musikaska bat ailegatu zen, gitarra akustikoa, flauta, bateria antzeko bat.
Hirurak hasi ziren koreografia egiten —besoak altxa, gero jaitsi, gero aldakei eragin batera eta bestera Giorgio Aresuren taldeko dantzariak bailiran— ahoarekin bozgorailuetatik zetorrenaren kantatzeko itxurak egiten.
Tenํa un novio en Alsasua,
ella vivํa en Tolosa.
No se veํan gran cosa
por culpa de la distancia.
Pero como no faltaba amor,
ni el descuento de familia numerosa,
meti๓ sus trapitos en una bolsa
y se fue a coger el tranvํa,
un buen dํa, qu้ alegrํa...
Axik letrari baino atzeko afixei erreparatu zien. Batean “Ezbai jardunaldiak / Jornadas de debate. coflhee. el color rosa de la lucha” ageri zen idatzita gizon gazte baten irudiaz lagundurik. Txano antzeko bat zeraman, belarritako borobil handiak eta hiruki arrosa kopetaren erdian.
Musika azkarrago eta jostariagoa bihurtu zen.
Alegria, Ikaztegieta,
Itsasondo, Legorreta,
Ordizia, Beasain, Beasain apeadero.
Ormaiztegi, Gabiria,
Zumarraga, Legazpia,
Brinkola
Hirurek jauzi egin zuten melodiak kio egiten zuen bitartean Brin-ko-la.
Zegama y Alsasua.
Ondoko afixak “Faxismoaren aurka” zioen, eta nazi batzuen argazkiaren azpian Hiruki arrosa batek esbastika bat txikitzen zuen.
Y en la plaza se citaban,
se veํan y se miraban.
Y a la hora de la verdad
no hacํan nada de nada.
Siempre en el mismo tranvํa,
and้n primero, segunda vํa,
siempre el mismo maquinista,
siempre el mismo interventor,
que de ella se enamor๓.
Y le dejaba fumar,
y asomarse por la ventanilla,
descender del tren en marcha,
poner los pies en la silla.
Y con billete de segunda
le dejaba viajar en primera.
Y al final le mont๓ un piso
en el coche litera.
Beste afixa batean “B๓rrate” paratzen zuen. “La iglesia justifica la pena de muerte y la guerra. La iglesia llama a la discriminacion de las personas por su condici๓n homosexual. B๓rrate”.
Alegria, Ikaztegieta,
Itsasondo, Legorreta,
Ordizia, Beasain, Beasain apeadero.
Ormaiztegi, Gabiria,
Zumarraga, Legazpia,
Brinkola
Berriz ere jauzi egin zuten denak jauzi egitera animatuz besoekin.
Zegama y Alsasua.
Como en muchas otras canciones
aquํ tambi้n hay moraleja:
Eskuekin gauzei neurria adierazteko keinua egin zuten.
Mแs vale tener un novio en la Renfe
que un novio de vํa estrecha.
Leloak aurrera egin zuen: Alegria, Ikaztegieta, Itsasondo. Legorreta... Brinkola ailegatzean —ikusleek bazekitenez— jauzi egin zuten. Txalo eta txistuekin bukatu zen ikuskizuna. Txatok mikrofonora hurbildu, eta garrasi egin zuen:” Orain, nenas, ongi pasa. Bihar aktuazio gehiago”.
Besoa sorbalda gainera bota zion Axiri Josebak. “No al 92 sํ al 69” paratzen zuen beste afixa batek. Harritu egiten zuen haren giharren mardulak, zerbait gogorra eta aldi berean biguna ukitzea bezalakoa zen, eta ez zen bakarrik giharren mardulari buruzko zerbait, ez, beste zerbait zen. Behin Txatok esan zion bezala: “Bai, gihar tonua baino ez da hori. Batzuek, zure Axik bezala, handia dute, beste batzuek, zuk eta biok esaterako, txikia”. Eta titira bota zion eskua gero, eta giharra atximurraren indarrera zeinen erraz berazten zen nabaritzean ez zitzaion gustatu. Ardailak hartu zuen, eta batzuetan gauza ezezagunek, edo besterik gabe, ustekabekoek sortzen zioten eremu nabar horretan topatu zuen bere burua.
Axik irribarre egin zion tren bidaiariak nola jaisten ziren begiratzen zuten bitartean. Santi Altxu takoiekin jaisteko nola moldatzen zen zain zegoen, eroriko zen esperantza aitorrezinak gogoa losintzen ziola. Epel nabari zuen Josebaren besoa sorbaldan. Oraindik ere izugarri gustatzen zitzaizkion Josebaren eskuak; etzanda zegoela zakila hartu eta, txandaka, eragiten ziotenean indartsu eta erraldoi iruditzen zitzaizkion; haiek begiratzeko propio burua altxatzen zuen. Ez zuen esanen esku-lana egindako batenak zirenik, baina ez eta eskuekin boligrafoa hartu baino egiten ez zuen batenak ere.
Eskua Axiren sorbaldan zuela sorbaldan beste esku bat nabaritu zuenean, berehala jakin zuen Josebak norena zen eta zer nahi zuen. Eta, hortik aurrera zer egin behar zuen jakitearekin bat, gogo zurrunbiloa gelditu egin zitzaion, gauzak luzaroan esperatu eta prest dagoenaren lasaitasuna egin zitzaiola.
Eskuinetara so egin zuen. Hantxe, bera baino baxuago, perilla errubioa, koadrozko alkandora irekia eta kamiseta zuriaren peko gihar sendoak, begiak ilunpetan, eskua, aukeran txikiegia. Irribarre egin zioten elkarri.
Josebak, arestiko bakea birrindurik, oinak mugitu zituen orekaren bat bilatu nahian. Ez, ez eta ez. Zuela segundo batzuk ziurra eta egiteko modukoa zirudiena, ezinezkoa bilakaturik honezkero. Kennethek eskua kendu zionean sorbaldatik, Joseba nahigabeak hartu zuen. Baina zergatik ez? Ez zuten ba beste mundu bat sortu behar? Zer haiei heterosexualen arau ergelak? Kennethen eskua sorbaldara itzultzea desiratu zuen, eta animalia baten moduan bertan gera zedin, mugimendu txikien bidez haren bizitza aditzera emanez.
Atzetik pasatzen nabaritu zuen. Sorbalda ukitu zion jende askoren artean bide egiteko ukitu moduan. Axiren ezkerretara jarri zen eta besoa bota zion sorbalden gainetik. Axik zeharka begiratu zion, eta irribarre egin. Bazekien zer gertatzen ari zen. Ezezko erraldoi bat sortu zitzaion. Zergatik? Baina aldi berean, halako berotasun batek hartu zion hankartea, odola hara zihoakiola irudikatu zuen “Faxismoaren aurka” irakurri bitartean. Santi Altxu trinkilin-trankalan hurbildu zen oholtza ertzera, airean paratu zuen hanka bat, zapata gorria ikusi zion Axik, eta halako batean beste hankak oker egin zion. Burua begi bistatik desagertu zitzaion. Axi mugitu egin zen pixka bat erori ote zen ikusteko. Lurrera ailegatu baino lehen lerrokoek hartu zuten bere pisutasun guztian. Barrez lehertzear zegoen bi mutilen besoetan, Txato inguruan zuela. Biren bi beso zituela sorbaldan nabaritzeak odolaren jario burrunbaria azkartu zion. Biren bi beso.
Kenneth kanpo aldera hasi zen jendearen artetik. Elkarri begiratu zioten Josebak eta Axik. Haren atzetik hasi ziren.
Aretoaren atarira ailegatu zirenean bizkarra ukitu zion Josebak Axiri.
“Seguru zaude?” galdetu zion atzera itzuli zenean.
“Zuk hala nahi baduzu!”.
“Ez da nik nahi izatea ala ez. Zuk nahi izan behar duzu”.
Axik ez zuen baiezkorik esan, buru keinu arin bat egitearekin konformatu zen.
Joseba beldurrak hartu zuen. gib. Hiesa. Axiri esan beharko zion, baina noiz? “Orain ez, desdeluego”.