11
“Azkenak!” bota zuen Txatok.
Josebak denda batzuk ikusi zituen baserriaren atzeko belardian. Sartu zirenean Eduard ari zen hizketan, fagckoa (Front d’Alliberament Gai de Catalunya), gai ordena azaltzen. Eztabaida hartatik aterako omen zen coflheek (Confederación de Frentes de Liberación Homosexual del Estado Español) aurrera eramango zuen ibilbidea. Martxan zeuden kanpainen balorazioa. Erasoak. Galdera-erantzunak.
Josebak bat-batean konprenitu zuen nondik zetorren Txatoren janzteko manera. Tipoak alkandora koadrodunetik hasi eta kamiseta nabarretara zihoazen, ia bi genero osatzeraino; batetik, koadrozko alkandorak, bakeroak, eta kolore bakarreko elastiko eta goikoak, askotan bibote eta bizarrekin horniturik; bestetik, kolore nabarreko jendea, galtza multikoloreak, elastiko gorri-beltzak, more asko, kolore fuerteak. Emakume-koloreak, ausartu zen pentsatzera Joseba, berehala damutzeko. Txatok askotan esaten baitzion ez zela nahikoa marika, ez zuela nahikoa luma eta beharbada beste modu batez jantzi beharko lukeela. Dena dela, ingurura so egitean, ohartu zen Iruñekoek, berak salbu, bazutela berdintsu jantzita agerrarazten zituen halako ukitu bat: jantzien nabarrak morera jo, eta molde berak eginak balitu bezala. Harro eta lotsatuta sentitu zen aldi berean desberdina eta berdina izateagatik.
Batzar handia irudikatu bazuen ere, hogeita hamar lagun inguru baino ez ziren izango. Sartu zirenerako denak eserita zeuden mendi aterpe ukitua eman nahi izan zioten baserrian. Mahaiak zeuden han-hemenka paraturik, haiek bezalako taldeek jan zezaten. Aretoaren lau hormetan aulki korrituak zeuden, bizkarreko harberarekin. Denbora zeramaten halako eztabaida sorgor eta lurpeko batekin coflheeko talde guztiek. Zeharka ateratzen zen, hitz erdika, ziztada iraingarrietan batzuetan; areago nafar eta bizkaitarren artean; Txoko Landara zerbitzatzera joaten zirenetan eta. Josebak entzunak zituen eztabaidak, eta bazekien La Radical Gai-k eta fagckoek Nafarroakoen alde egiten zutela.
Besarkadak, musuak, algarak. Pedro de Cadi, Eduard, Raisa, Txato, Oskar, Javitxu... Dena zalaparta Markel-La Markeliñe bilbotarraren desesperaziorako.
Joseba aparte egon zen, bitan edo ez zituen ikusi, Bilbon izan zuten bilera batean, baina ez zen nahikoa adiskide Txato, Oskar, Juanillo eta Javitxu bezala haiekin musuka hasteko. Ez zuen nahi gainera, ezpainetan musuka aritu behar etengabeak halako higuin bat eragiten baitzion, Txatok behin baino gehiagotan armairutasuntzat jotzen zuena. “Ez bazina armairuan egongo, ezpainetan musu emateari ez zenioke erreparorik paratuko”. Halakoetan, Joseba, ergel baten moduan gelditzen zen bere baitakoa husturik, sentimenduak igarri beharrean, artean nor den eta zer nahi duen ez dakien haur bat bailitzan; eta susmatzen zuen, han ere, lehenago aek inguruko bere kuadrillan bezala, norberaren izaerari bezainbat amore eman behar zitzaiola taldeko partaide izateko pagatu beharreko zergari; alegia, estetikoki eta etikoki zer zen egoki erabakitzea taldearen eskuetan utzi beharra zegoela.
“Kenneth!” garrasi egin zuen Txatok, mutil perilladun sendo bat besarkatuz. “Etorri zara azkenean?!”.
“Bai” erantzun zuen mutilak gaztelera ingeles doinuz.
Non entzun zuen izen hori lehenago? Ez zen akordatzen baina bazekien nonbait entzunda zuela.
“Eseri, mesedez, hasi egin behar dugu-eta” esan zuen Markel-La Markeliñek.
Txatok-eta, entzunagatik, zutik jarraitu zuten, batzuk-batzuk besarkaturik.
“Nafarrok, jesarri!” oihu egin zuen Markelek. “Arratsalde on. Ongi etorri denok!” agur egin zuen euskaraz eta gazteleraz. Markelek gai ordena laburtu zuen nahiz eta Eduardek lehendik laburtua izan. Lehendabizi, aurreko bilerako akta onartuko zuten. Bigarren, 92 kanpainan egindakoa azalduko zuten taldeek, apostasiaren aldeko kanpaina eztabaidatuko zuten. Eta gero “hemen egoteko arrazoiarekin hasiko gara. Hiru txosten daude, bat La Radical Gai-rena: Marikas e identidad. Bigarrena, Nafarroako ehgamena: Identidad marika-Identitate marika. Eta hirugarrena, Bilboko ehgamena: La liberacion gay y la revolución. Eta azkenik hiesaren kanpaina aitatuko dugu azkar, Madrileko aurreko bileran nahikoa eztabaidatu genuen-eta”.
Markel zenbat zeuden kontatzen hasi zen orduan: 28.
“Klaro, argi zegoen. 28” ebatzi zuen Eduardek, gaztelera katalan doinuz.
La Radical Gaiko Pedro de Cadi altxatu zen eta 92 urteko fastoen kontra egindako ekintzak aletzen hasi zen. Bartzelonan izan zirela fagc eta La Radi hitzaldi bat ematen; jende asko egon zela. “Bilerak izan ditugu 500. urteurrenaren kontrako taldeekin. Ekintza gehienak udan izan dira eta. Sevillan ia-ia jo egin gintuzten. Elastikoak arrakasta handia izan du” gehitu zuen, 92 Ez 69 Bai kamiseta seinalatzen zuela. “Gure ideia izan zen eta arrakasta izan du”.
Gero Markelek Apostasiaren Aldeko eta Soldaduskaren Kontrako kanpainetakoak aletu zituen.
Lau taldetan banatuko ziren, zazpina.
Batzuk areto hartan gelditu ziren, besteak areto erraldoira abiatu ziren; katedral batenak ematen zuen sabai altuak, leiho gorak, harberazko hormak, solibo ilunak.
Josebak aulki-mahai batzuk zituen aurrean. Esanen luke ez zirela bertakoak, nonbaitetik ekarriak baizik, eskolakoak izateko itxura baitzuten. Hurbildu ahala txikiegiak zirela ohartu zen, berarendako behintzat. Markel-La Markeliñe atzetik zetorren, hizketan atertu barik. Itzuli zenean hantxe agertu zitzaizkion seiak, nabar baina aldi berean kolorge, egin gabearen forma lausoetan, bere baitakoaren ispilu. Horregatik harritu zuen zeinen zehatz ageri zitzaion Pedro de Cadiren nortasuna ez eze gorputzaren forma, azala eta inguratzen zuen airearen arteko muga. Josebak ez zekien Pedroren eta errealitatearen arteko muga zorrotz hura nondik zegoen eraikita, esanen luke, barnetik kanpora eta ez alderantziz, hark errealitatea zegoenera indarrez bulkatu balu bezala; eta esanen luke lumagatik zela, manera eme eta espantuzko haiek objektuari forma ematen lagundurik, norbera errealitatearen jainko sortzaile bihurtzen zutela; hala ere, Txatok luma mugak norbera sortzeko baino bazterrak iraultzeko baliatzeak desorekatu egin zion argudioa, Txato oso Txato baitzen, Erriberakoa. Bera, aldiz, etsi zuen, munduaren eta norberaren arteko mugak garbi ez zituen zera bat zen, “armairutasuna” zio, entzun zuen Txatoren pepitogrillo ahotsa bere baitan.
Eseri eta egokitu zitzaizkion eztabaida kideei so egin zien: Pedro de Cadi; Markel, ez zen La Markeliñe pentsatzera ausartu; La Radiko mutil gazte bat, Toño, ze majoa; behin edo beste hitz egindako mutil oiartzuar bat, Jon, iturgina, uste zuenez; Bilboko ehgameko mutil txikitxo, gizentxo, antiojodun bat, Lander; ezagutzen ez zuen beste bat...
Eta burua altxatu zuenean hantxe ikusi zuen areto erraldoia zeharkatzen Kenneth: kaskamotz, bizar errubio. Leiho goretatik argi izpi batek ile urrekararen gainean distira egitean, Josebari zerbait asaldagarria iruditu zitzaion, ez zuen jakinen esaten zertan, ez zuen jakinen esaten nola, ez zuen jakinen zer, baina zerbait iragan zen bere baitatik. Eta halako batean ardailak harturik Axi han egotea desiratu zuen. Egun argiko ametsetan galdu zen noraezean, bere gogoak gora egiten zuela leihoetaraino, muga gandutuak lausotu eta airearekin nahasirik gora eta gora. Pedro de Cadik mugak horren zehatz-argiak izanik, beharbada ezin zuen berak bezala gora egin eta etorkizun zoriontsu bat ez bada atseginago bat asmatu. Oinaztura bezala iragan zitzaion gogotik heterosexuala izateko desira eta oinazturaren atzetik ostotsa nola Txatoren irribarrea, eta barre algara “intentatzak, intentatzak ba! Heterosexuala? Erdiak ergelak dira-eta!”.
Izuak hartu zuen, ehgam Nafarroako inor ez zegoenez, berak defendatu beharko zituen haien proposamenak. Beno, berez Txatorenak ziren. Eta berak itzuli baino ez zituen egin, alferrik itzuli ere. Gogoa joan-etorrietan katramilatu zitzaionez izerditan hasi zen, zer esango zuen pentsatzen.
Kenneth. Halako deserosotasun urduri bat eragin zion. Eta barne-barnean zergatik jakin bazekien ere, ez zen ausartu zerabilena garunaren eremu konszienteetara ekartzen, ekarritakoak eraginen zionaren beldur.
Ondoan eseri zitzaion, atzerritar hezi eta herabe bati zegokiokeenaz bestela, baimena ahoz eskatu beharrean gorputzarekin berarekin aulki korrituan tokia eginez. Harritu egin zuen, ia ezagutzen ez bazuen ere, bestelakoa irudikatzen zuelako, bere modukoagoa, ahulagoa, ziurtasun gutxiagokoa, “armairuagoa” entzun zuen Txatoren ahotsa.
La Markeliñe ez zen haiek bezain azkar eseri. Prozedurari buruz mintzatzen hasi zenean zutik zegoen eta goitik behera so egiten zien, sermoia botatzen arituko balitz bezala. “Hiru txosten daude: ehgam Nafarroa, ehgam Bilbo... bueno, Bizkaia, eta fagc Bartzelona. Irakurrita dituzue, baina komeniko litzateke norbaitek bakoitzaren laburpen arin bat egitea”.
Josebari iruditu zitzaion garaia zuela esertzeko, baina Markel ez zen eseri. Imintzio teatral batez hartu zuen areto itzela, espazio hutsa, denen buruak eta nortasunak.
“Joseba, zeuk egingo duzu Nafarroakoaren defentsa?”.
Ez zen ausartu baietz esaten, buru makurtze batekin nahikoa izan zen.
“fagc...”.
“Guk... nik...”. Eduard altua zen. Luma zerion baina azkarra zen; pentsatze hutsarekin damutu zen esaldiaz Txatoren ahots tatarra gogora ekarri gabe, “luma dario baina azkarra da!”.
Eduard eta Joseba izanak ziren behin baino gehiagotan elkarrekin, Bartzelonatik Iruñera hitzaldi bat ematera etorri zenean lkik antolaturiko jardunaldi batera, eta Joseba bere herabetasunetik harekin adiskide izaten saiatuagatik Eduardek ezezkoa ematen zion. Ez ezezko argi bat, ez ahoskatu gabeko ezezko nabarmen bat, ez, baizik eta taldean egotean aintzat ez hartzearen ezezkoa. Bazekien noiz desterratu zuen Eduardek mapatik. Txato eta bera —ehgameko lehendabiziko bileraren ondoren izan zen— A la Cargatik goizeko lauretan, etxera beharrean ligatzeko asmoz-edo, Takonerara joan eta jipoitu zituztenean gertatutakoarengatik. Hurrengo astelehenean bildu eta egin zituzten salaketa haien artean —Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen Batzordean egon ziren, besteak beste— Euskalerria Irratitik hots egin zioten elkarrizketa baterako; eta Josebak ez zekien nola, ez zekien zergatik, aek-ko lankideekin konpartitzen zuen pisu hartan zegoen Eduard, eta irratitik deitu ziotenean ezagut ez zezaten aurikularrean painelua paratzen ikusi zuenean bota zion begiradan jakin zuen Eduardendako hutsaren hurrengo bilakatu zela, ezezkeria bat.
“Bilbotarrok hasiko gara”. Eta Markelek banan-banan aletu zituen beren txostenaren nondik norakoak: “Denok gara bisexualak, gizarte patriarkalaren askatasun ezak behartzen gaitu homosexual ala heterosexual izatera. Beraz, ez gaude identitatearen alde. Beste mugimenduekin batera egin behar dugu aurrera, denok askatuko gara elkarrekin, ezin gatzaizkio identitate bati lotu. Euskal Herriarekin batera askatu behar dugu denok ere”. Markelen ahotsa erabakigarriago bihurtu zen jardunean aurrera egin ahala, ideiak izendatzen zituen neurrian borobiltasuna harturik ia objektu bihurtzen zirela, eta, hala, ematen zuen askapena mahai gainean ageri zela, inguratzen zituen harria baino sendoago, edo identitate zehatz gabe bisexuala identitate sendo, zurrun eta azal latzekoa bilakatua zela. Usaina ere paratu zien, Kennethen gorputz izerdituaren usain min antz baina aldi berean atsegina estaltzeraino. Markel-La Markeliñek errealitateak sortzen zituen.
“Nola frogatzen duzue bisexualak garela?”. Harri handi bat bezala erori zen Eduarden galdera mahai gainean, azentu katalanak arrasto bat uzten zuela.
“Freudek denok bisexualak ginela erabakita utzi zuen. Beraz zergatik mugatu behar ditugu geure buruak sexu bakarrera, noiz eta gizarte kapitalistak eta patriarkalak murriztera eta erreprimitzera jotzen duenean”. Errime mintzatu zen Markel, urteetan egositako pentsamendua balitz bezala. “Beraz, askapen mugimenduaren zeregina askapena bermatzea beharko luke izan, ez mugatzea, eta orduan geure buruak gay gisa zedarritzea murriztea litzateke”.
Josebari egin zitzaion Txato hemen balego dagoeneko aulkian ezin sosegaturik egongo litzatekeela, eta urduritasuna areto itzeleko airez betea lukeela, tximak eta ezinegona alde batetik bestera mugiturik. Eduardek, aldiz, zurruntasunari eusten zion, eta beharbada, egin zuen Josebak, zurruntasun hura gizalege katalanaren egonarria baino ez zen, euskaldunok munduan egoteko maneraz oso bestelakoa, eufemismo bat erabiltzeagatik, lasaiagoa, zuhurragoa, seguruagoa, espantu gutxiagokoa.
“Gainera ezin ditugu gainontzeko mugimenduak —emakumeak, ekologia, auzo mugimenduak— bazter utzi..., gure identitate bat osatuko bagenu mugimendu horietatik aparte ibiliko ginateke. Hau da”, Markelen gaztelera ederra iruditu zitzaion Josebari, “bi errealitate bananduko lirateke, alde batetik, marikak, zuek esaten duzuen bezala, eta bestetik, gainontzeko jende heterosexuala. Bueno”, zuzendu zuen, “bere burua heterosexualtzat duena, baina bisexuala dena”.
Eduarden aurpegian irribarrea marraztu zela iruditu zitzaion Josebari. “Baina orduan zergatik izendatzen duzu zuen burua gay?”. Eta ehgam akronimoaren hitzak ahoskatzen hasi zen banan-banan: Euskal Herriko Gay Mugimendua.
Markelek Lander Bilbokoaren laguntza bilatu zuen; gaztea zen, eta ziur aski bileretan berak egiten zuena egiten zuen, segikeria, alegia, buruzagiak esandakoari jarraitu itsu-itsuan, areago, buruzagia adiskide bilakaturik, adiskide ez bazen parranda eta gizonetan aritzeko kide, kontra egitea ezinezko suertatzen zenean.
“Badakit nora zoazen...”.
Ez omen zitzaion egokia iruditzen sexualitatea identitate “kartzela” batean atzipetzea, preso bat balitz bezala, horrek azkenean norberaren burua mugatzea ekarriko zuelakoz, ez bakarrik gay jende bezala baizik eta, baita ere, iraultzaile bezala. “Gainera, konfrontaziora eraman gaitzake”, gehitu zuen Lander gazteak, “beste mugimendu askatzaileekin orain aliantza estrategikoa behar dugunean. Gu gay gara, baina bisexualak izatea da helburua”.
Markel-La Markeliñe argudioaren irmotasunaz seguru zegoenez, garailearen keinu olinpiko batez esan zuen: “Ez dezagun eztabaida aurreratu. Aurkeztu beste bi txostenak, Iruñeak eta fagck, eta eztabaidatuko dugu gero”. “Marika izateaz mintzo diren horiek!” bota zuen igartzen zaila zen zerbaiten kutsuz, mespretxua?, amorru itoa?, samina?, urguilua?, pentsatu zuen Josebak. Ez zuen jakinen, baina halako zerbait iruditu zitzaion; esanen luke, ez zela bera izan ohartu zen bakarra, nahiz eta oharkabez edo ezjakintasunez identifikatzen jakin ez. Iruditu zitzaion, beharbada, Bilboko guztiak zeudela haserre haien txostenarekin. Harritu zen Oskarrek, Ezker Abertzalekoa izanik, nola onartu zuen identitatearen aldeko txostena, Ezker Abertzalearen lerro ofizialak, gauza hauetaz kezkatzen zen neurrian —gutxi— Bilbokoen lerroa jarraitzen baitzuen, alegia, Markel-La Markeliñeren lerroa.
“Nor ausartuko da?”.
Eduard hasi zen: “Guri berdin zaigu marika hitza, gay hitza edo dena delakoa. Baina guretzat oso garrantzitsua da izen baten inguruan identitatea sortzea. Identitatea —errepikatu zuen, besteei begiratuz tarte teatral bat eginez, zeina zio Josebari bururatu baitzitzaion buruzagiek, zela Txatok, zela Markelek, zela Pedro de Cadik, zela Eduardek, antzerkiaren tekniketan sakondurik sendotzen zutela boterea—, identitatea sortu behar dugu. Txostenean identitate hori zertan den zehazteko proposamena egin dugu fagcn”.
Oso egoki mintzo zen telebistako esatari baten moduan, ez Axi —ahots lodi belusezkoarekin zerbaitez konbentzitu nahi zuenean— bezain ongi, hala ere.
Zirena izanik —gizonak gustatzen zitzaizkien gizonak—, horrek ekartzen zuen arbuioari kontra egin beharko litzaiokeela. Identitate hori gizarteari kontra egiteko erabili beharko litzatekeela, identitate horren bidez gizarte justuago bat eraikitzen saiatzeko; baina horretarako marikoiak zer ziren —hitz hori erabili zuen— zehaztu beharko litzatekeela. “Guk ere asko eztabaidatu dugu horretaz, eta orain dugu aukera Ameriketan eta Frantzian aurrera eramaten ari diren borrokekin bat egiteko” argudiatu zuen.
“Zuen txanda, Joseba”.
“Bueno... gu...” zezel egin zuen, bere buruaren ohartze itzelak hartzen zuen bitartean, oraintxe bertan urduritasunaren urduritasunez nor zen, non zegoen, nolakoa zen, zein izan ziren haurtzaroko gorabeherak, aurrean agertu zitzaizkion eragozpen. “Bueno... gu... orokorrean konforme gaude fagcren proposamenarekin”. “Uste dugu ez dela nahikoa”, harriturik zegoen bi hitz baino gehiago josi zituelakoz, “denok bisexualak izatea, eta besteekin batera joatea. Guk identitatea eraiki behar dugu”; ongi zetozkion orain txostenak itzultzen eman zituen orduak, nahiz eta horrek berak areago erakutsi profesionaltasuna ezen ez barneko sentimendua, “ez gara bisexualak, gu marikak gara; gizarteak baztertu egiten gaitu, eta bazterketa hori erabili behar dugu gizarteari kontra egiteko. Eta hori egiteko, premiazkoa da identitatea”.
Orduan agertu zitzaien areto erraldoiaren beste aldean Txato, txinbilin-txanbalan, ileorde gorrixka dantzan.
Josebak galdetu zion bere buruari zergatik zen horren izutia, beste arlo batzuetan ausartago zen, lanean-eta. Onartu behar zuen, Axirekin ibiltze hutsak ausartago egin bazuen ere, hari beldurraren ahuldadea erakutsi izanak nagusigoa eman ziola Axiri eta babesgabeago egin bera.
Txato zutik gelditu zen, besoa Kennethen gainean bermaturik. Josebari otu zitzaion, Txato eta Kenneth larrua joak zirela ordurako. Eta horrek mina egin zion. Hamalau begi zituen gainean. Eta profesionala jalgi zitzaion plazara: “Esan bezala, marika hitza proposatzen dugu ezkerretik, antikapitalismotik, marikoitasunetik identitate harro eta erasokorra sortzeko”. Itzulpenetik gogoratzen zituen hitzak.
Isiltasuna egin zen. Txatok ongi ikasitako umeari bezala begiratzen zion, losintxez.
“Eta abertzalea?” galdetu zuen Markelek.
Joseba berehala ohartu zen izenondo hura ahantzi zitzaiola; barkamenik ez zuen, ehgam Nafarroako bilera istilutsuaren ondoren. Oskarrek indar egin zuen identitatea zertan zetzan definitu behar zeneko paragrafoan aipa zedin. “Ez gara ba abertzaleak” galdetu zion Txatori Iruñeko gaztelera doinuko euskara txantrear hartan: “Ez gara ba abertzaleak?”. Txatok “Ni ere euskalduna naiz” erantzun zion Tuterako euskara baztandartuan, zeinera dena delakoagatik —askotan itxura eta piuragatik— euskaldun izatea zalantzan jartzen ziotenean jotzen baitzuen, zenbat eta itxiagoan hobe. “Erran dautzut, neroni ere euskalduna naiz”. Orduan abertzale hitza ere agertu behar zuela laburtu zuen Oskarrek, eta hala idatzi zuen Juanillok, egun hartako idazkariak. Josebak, hala ere, halako susmo mesfidatia nabaritu zuen hitzarekiko, ez luke jakinen esaten Bilbokoak ere abertzale agertzen zirelakoz, edo lkikoek —Txato, Juanillo, Javitxu— oraindik hitz horren ingurukoak erabaki barik zituztelakoz, edo besterik gabe abertzale hitz hutsak ez zuelakoz Nafarroako errealitate ugaria jasotzen.
“Eta abertzalea” esan zuten Josebak eta Txatok, batera eta euskaraz.
Barre egin zuten besteek.
“Hombre, ez jarri horrela!” egin zituen haserretu plantak Pedro de Cadik. “Hobe horrela aitatu: gay identitatea estaturik gabeko nazioen alde dago. Nolakoak zareten!”.
“Ze ongi esana, neni!” egin zion arrapostu Txatok barreka. Horixe zela esan nahi zutena, eta halaxe paratuta zegoela Nafarroakoen txostenean.
“Baina, Txato, zer egiten duzu zuk hemen?” bota zion Markel-La Markeliñek. “Zure taldea bestea da!”.
“Ai, nena... nolakoa zaren!”. Etorritako bidetik alde egiten hasi zen. Bat-batean galdor gorrixka zastako batean itzuli zen. “Ahaztu egin zait... paperaren eta boligrafoaren bila etorri naiz. Ez baitaukagu”.
Berriz ere barre egin zuten denek. Eta Txatok, zazpi lagun begira ari zitzaizkiolako harroturik, areto nagusia iragan zuen txinbili-txanbala pasarelan balego bezala ileorde gorrixkari —bere berezko ilearen pareko, bestalde— dantza eraginez.
“Ella es la más” seinalatu zuen Pedro de Cadik.
Txatok eskua aldakan paratu eta “entzun dizut” bota zuen garrasika, eztabaida kideei atzera barre eraginik.
“Eten desegoki horren ondoren..., eta alferrikakoa”, identitatea kartzela bezalakoa zela laburbildu nahi izan zuen Markelek berriz ere; azken finean homosexual guztiak ez zirela berdinak, ez estilo berekoak, ez maila sozial berekoak, eta identitateak horiek guztiak berdindu egingo lituzkeela, eta horrela bi klasetako homosexualak egin: lehen mailakoak, identitatedunak; bigarrengoak, gabekoak.
Argudioaren zorrotzak hitzik gabe utzi zituela iruditu zitzaion Josebari, edo bera behintzat hitzik gabe utzi zuen; izan ere, Txatok sortutako txostenaren ahulezia horixe baitzen: gay identitatea beharko lukeen hori gizonak gustatzearen ezaugarriaz gain ez zuela beste ezerk betetzen; eta hala onartu behar zuen, garun zolan aitortzera ausartzen ez bazen ere, askotxo iruditu zitzaiola itzultzen ari zen unetik bertatik pelukera —ihes egindako femeninoak ardaila eragin zion— ikasi gabeko batek egina izateko.
Pedro de Cadik erantzun zion, identitatea ez zela ezaugarrietan oinarritzen. “Denok talde berekoak garelako kontzientzia da identitatea. Horren ondorioz homosexual guztiek berdinak irudi lezaketela, alegia, berdin jantzi, berdin portatu, berdin hitz egiten dutela, baina hori identitate horren adierazpidea litzateke, taldetasun horren partaide zarela erakusteko ikurra, baina hori ez litzateke berez etorri behar; denok gara espainiarrak, baina ez gara berdin portatzen” bukatu zuen.
Azkenekoa harria bezala erori zela ohartzean atzera egiten saiatu zen Pedro de Cadi. Josebari lehorrera ezin ailegaturik zebilen igerilariaren modura agertu zitzaion, arnasestuka, burua uretatik gora mantentzeko beharturik. Esanen luke, haren estutasunari denek —La Markeliñek barne— erreparatu ziotenez, ez entzunarena egin ziotela.
Amerikako Estatu Batuetan eta Ingalaterran homosexualek identitateak sortutako taldetasun hori bazutela erantsi zuen Eduardek.
Toño agertu zen aretoaren sarreran. “Bukatu duzue? Berandutzen ari zaigu”.
Baiezkoa egin zuen Markelek gainontzekoei kontsulta egin gabe. Eta altxatzen hasi zen ingurukoen harridura bisaiei kasurik egin barik.
“Unibertsaltasuna beti zerbaitez beterik dagoen nolakotasun negatiboa da”. Hegel bota zuen Eduardek hitzetik hortzera.
Norbaitek zer edo zer esateko esperoan gelditu zen, baina batzuk konprenitu ez zutelako, beste batzuk Markel-La Markeliñek autoritate naturalez altxatzera bultzatu zituelako, Pedro de Cadiri esaldia zentzugabea bihurtu zitzaiolako, mahaia utzi zuten denek eta aterantz abiatu ziren.
Josebak erreparatu zion Kenneth oraindik eserita zegoela. Atzera egin zuen. Eskua sorbaldan paratu zionean, giharrek bakarrik izan zezaketen gogortasun beratzak zartakoa eragin zion besoan gora. Desiorako prestatu zen, eta ailegatu zitzaionean, ez zuen jakinen esaten non egin zion habia, garunean ala gorputzean edo bien artean, armairutasunagatik oraindik gauzatu gabe zuen zubi nahi horretan.
Kenneth altxatu egin zen. Lehendabiziko aldiz —kamiseta estu samarra zeramalako agian— erreparatu zion Josebak aurpegiz behekoari, alegia, gihar, kirio, azalez egindako zera horri, zeina maiz aurpegiera amultsu, zorrotz edo zurrun batek estalarazten baitu. Sendoa zen, forma ederra zuten bular aldean bi hegal bezala hedaturiko giharrek, besondoetako deltoideek marrazturiko mendiek eta bularrak gerrirantz egitean atonduriko lerroek. Zermina nabaritu zuen, ez zekien zerbaiten nostalgia ote, edo izan ez zuen baina gerora izan zezakeen zerbaiten mina. Erabaki bat hartu zuen, nahiz eta zertan zen oso ongi entenditu ez, Kennethen gorputzaren eta bere gorputzaren artean zegoela esanen zukeen.
Besteak areto handiaren atetik desagertzean, sorbalda gainetik bota zion eskua eta lepoa erakarri zion bere bularrerantz, indartsu eta aldi berean samur. Usaina nabaritu zion, irudikatu legez mina, baina ezti ukitu batekin. Petxuko ilaje errubioa irudikatu zuen une batez, eta ileen artean gorderiko atxon poltsak, esku batek edo ezpain batzuek ukitzean lehertzeko prest.
“Ohartuko zinen gustuko zaitudala” bota zion ingeles doinuko gazteleran.
Joseba isilik gelditu zen.
“Ok. Ongi dago. Nonbait ere, aldrebes, ez”.
Kennethek zartako bat jaso bezala laxatu zuen eta aretoan barna hasi zen aterantz. Giharrek tenkatuago ziruditen, ipurdiak dantza egiten zion bakeroetan, gerrian bildutako alkandora koadrozkoa txinbili-txanbala zebilkion bizkarra mugitzean. Bazuen Iruñeko sexshopean erositako film porno amerikar bateko aktoreen antza; eta hemengoongandik desberdina ematen zuen, ez janzkeragatik —koadrozko alkandoradunen taldean zegokeen—, baizik eta, pentsatu zuen Josebak, jarrera ozarregiagatik, gizontasunaren erakustaldiak ia berezkoa ematen zuelakoz, nahiz eta, arreta nahikoa paraturik, zerbait bilatua, eraikia, osatua izan. Txatoren emetasunaren ifrentzu.
“Espera... Nobioa dut”.
“Eta... zer axola dio horrek? Politika eta identitatea ohetik hasten dira”.
Josebak konprenitu bazuen ere, ez zuela konprenitu agindu zion bere buruari. Areto erdian gelditu ziren biak ala biak, sabai-leihoaren pean; Kenneth bitan banatzen zuen argiak, atzeko alde ez-argituaren muga-itzala kaskamotzean ageri zitzaion, gorputza bitan zatituz, lege moral baten antzera, ona eta gaizkia bezala, pentsatu zuen Josebak, eta orduan gorputz osoa argitara erakarri zuenean, Joseba, oharkabean, itzaletara atzeratu zen.
Josebak besoak zabaldu zituen ezintasun keinuan. Edo zalantzazkoan, edo malmutz. Abegia izan zitekeen, baina adiskidantzazkoa besterik izan ez zitekeen kolpetxo bat eman zionean sorbaldan, biak elkarrekin abiatu ziren bilera aretorantz, eta Josebak Axirekin sentitutakoa sentitu zuen, elkarrekin oinez ibiltzean, pausoek bat egiten zutela, halako erritmo doituan, batasunaren bidean.
Denak eserita zeuden sartu zirenerako. Josebak berehala erreparatu zion Txatoren begirada galdetzaileari, eta ez ikusiarena egin bazion ere, bazekien zerbaitez ohartu zela; Txatok, beldurra ematen zion pentsatzeak, berak baino gehiago baitzekien bere buruaz azken boladan; eta, hala, gidatua baino areago zuzendua sentitzen zen, ezen susmatzen baitzuen jada ez zela joandako bi urteko Joseba Aldaz hura —armairumari bat— baizik eta oskola erantzi ondoren Axirekiko —zalantza egin zuen— atxikimenduz osaturiko tropoilua. Atxikimendua. “Ergela”, botako zion Txatok, “zerbait gehiago ere bazara! Norbait behar armairutik ateratzeko, notejode!”. Atxikimendua, errieta egin zion bere buruari, ausartu gauzei berezko izena ematera: m. a. i. t. a. s. u. n. a. Beharbada, Nafarroako ehgameko guztien artean, Oskar litzateke Axirekiko sentitzen zuen oldarrari izen hori ematen ausartuko zen bakarra, Oskarrek Juanillorekin zituen gorabehera sasiengatik maitasunaren objektua —hartu eta utzi zebiltzan umeak kukuka bezala, eta haien harremana areago zen sufrimendu errenta, beste ezer baino— zalantza dantzan izaten zuelako-edo, ederki entenditu zuen sentimenduaren izaera eta izendatzeko lotsa galdu zuen. Txatok aldiz “ergelkeriak” esanen zion, “maitasuna? zure burua erabat onartutakoan... orduan... txorradak”.
Haien ondoan eseri zirenean, Txato, Oskar, Juanillo —biak ala biak ondo-ondoan—, Eduard eta Pedro de Cadi zituzten aurrean, hankak gurutzaturik denak, harik eta Markelek seinalatu —“a ze marika kuadrilla!”—, barre algara egin eta deslotu zituzten arte, gizonezko jarrera gizontsuagoa hartuz, erdi adarjotze erdi benetako; hankak zabaldu zituen baten batek, erpurua petrinatik zintzilik, eskuak hankartean egiten zituen zimurrak ukitzen zituela besteren batek.
“Hori, hori, gizonago” oihukatu zuen Markelek haien artera.
Kennethek bizkarraren beheko partean, ipurdi masailek osatu errekaren hasieran, eskua paratu zionean, arminaz gain lotura sekretua nabaritu zuen Josebak. Bien arteko intimitate denendako ezkutu eta, aldi berean, ia publikoak, erakunde sekretu bereko partaideen anaitasun sendoa sentiarazi zion, eta gero, traizionatzen ari zelako segurantziak izerdi hotza eragin. Axi. Geroago etorriko zen. Besapetik erori zitzaion tanta kamisetaren zimurretan barna. Beldurra eta irrikaren arteko zerbait. Edo beldurragatik irrika zen zerbait zela esan zitekeen.
“Gizonago”, altxatu zen Txato, “gizonago ez, marikago, marikago!”.
Eskuekin keinu fauna egin zuen, aretoaren arreta erakartzeko aktore iaio batek eginen lukeenaren modukoa. Eta Josebak ez zekien nola, baina erdietsi egin zuen, nahiz eta —behin baino gehiagotan ito zuen gogoeta— nahiz eta pelukero hutsa izan, ikasketarik gabeko tuterar arlotea. Klasista, alaen klasista! Bere buruaz lotsatu zen Kennethi galtzek eta kamisetak agerian uzten zioten tartea baliaturik erpurua ipurdi errekan sartu zionean. Ez zegoen kontraesanik gogoetaren eta ekintzen artean, jaiotzen ari zitzaion natura berri haren —ez luke jakinen nola izendatu— eta artean izan zenaren —tropoilu noragabea— arteko kontraesanak ahultzen ari zitzaizkion.
Epela zegoen, haragia bakarrik egon zitekeen moduan, 36-37 gradu arteko hura gauzen ordenan beste ezerk izaterik ez balu bezala.
Mutiko euskaldun txintxo, herabe eta isilaren izaerak —“armairumari” Txatorenez— eskua Kennethen gorputzetik apartarazi zion. Istiluak usaindu zituen, sudurra ukitzekoa eginez erpurua zuloetara gerturatu zuenean. Izerdia. Eta beharbada gantzaren atxon urruna, eta kakaren aire bat, dilindan. Axiri ipurdia ere bazela konbentzitzea zenbat kostatu zitzaion akordatu zen. Batzuetan, hasieran batez ere, desioak —bi zakil tentetan more eta gorri ageri zen desio hark— ezin zuenez bi gorputzen arteko aurkikuntza eta esperimentazioan bide egin —bere ipurdia aldiz hasieratik izan zen Axiren jolastoki— bat-batekotasun eta azkarkeriaz bukatzen zuten, bakoitzak bereari eraginez, hartzen zituen irrika hartaz lehenbailehen libratu nahi balute bezala.
“Ez dakit merezi duen talde txikietan aipatutakoa eztabaidatzea. Zuzenean bozkatu egingo dugu”.
“Ez dugu bozkatuko, hauek jardunaldiak dira; hau ez da coflhee”.
Denek ulertu zuten Markelen zehaztapena, nahiz eta Txato bezalako batzuek, gehiengoa alde zutela susmaturik, nahiago luketen huraxe erabaki-tokia izatea.
“Bai, hau ez da erabaki-tokia, baina hemen eztabaidaturikoak pisua du”.
“Joera internazionalak markatzeaz gain”, Eduardek.
Barre egin zuten denek.
Eta orduan Markel ghettoaren kontra hasi zen. Marika hitzak identitatea ezarri nahi duen neurrian —“nik ez dut nire burua marikatzat, esaterako” zehaztu zuen— identitate horren barnean sartzen ez zirenak, “lumarik ez dutenek” gehitu zuen gero, “ez daukate lekurik”. Identitateak ziur aski ghettoa indartu zuela, erantsi zuen gero. “Eta badakigu ghettoa nolakoa den, negozioak, itxitura, giro lizuna —Txatok eta Eduardek irribarre egin zuten hitzaren airera—, eta iruditzen zait gay mugimenduak ez duela iluntasunik behar, baizik eta kanpora, argi-argitara ateratzea”.
Pedro de Cadi altxatu egin zen mintzatzeko. Identitateak ghettoa indartzen zuelako arrazoia hutsala zela argudiatu zuen. “Segur aski, ondorioa homofobiak berak sortua da, iruditzen baitzaigu gure artean biltzen bagara gizarte heterosexistaren arbuioa, are gehiago gorrotoa, jasoko dugula. Bat”, pausa teatrala egin zuen, “daukagun eztabaida hau bera ghettoa egon delakoz sortu da, homosexualak, bueno marikak, elkarrekin bildu direlako taberna, plaza eta saunetan; bi, heterosexualengan pentsatu behar ote dugu beti? Garaia da gure kabuz pentsatzen hasteko. Popatik hartzera heterosexualak”.
“Ez, gustatu egingo zaie-eta!” bota zuen norbaitek.
Denek barre egin bazuten ere, Pedroren suhartasuna dilindan gelditu zen, argudioen borobilaren pean susma zitekeen harrotasunezko jarrera kiribil bat bezala dantzan.
“Hori” bota zuen Txatok, ezin isildurik. “Marikak” gehitu zuen.
Markelek arrapostu egin zion: “Ezin dugu iraultza egitera bakarrik joan. Bakarrik, galduta gaude; nik aldamenean nahi nituzke gainontzeko taldeak: feministak, antimilitaristak —zergatik egiten ditugu, bestela, kanpaina antimilitaristak—; zergatik mugatu behar dugu desioa, zergatik bakarrik gizonak. Gay mugimendua identitatearen bidetik segituz gero irla isolatu bat bihurtuko da, eta bakardadera kondenatuko ditugu gure buruak, eta...”.
Orduan hitzetik hortzera “ergel bat zara!” entzun zen. Batzartu guztiek so egin zuten hitzen iturriaren bila. “Ergel bat zara!” berretsi zuen Juanillok, Josebaren ustearen kontra, Txato egina baitzuen garrasiaren iturri.
Oharkabean berriz ere Kennethen ipurdi errekara joan zitzaion eskua, ez zekien ezarri zen girotik ihes egiteko bide bilotsu ala ardailarekin burutzeko sostengu, azken boladako bere nortasuneko kinkaren eguneroko ogi. Zergatik behar zuen eskura haragi puska bat —gizon haragi puska bat zehaztu zion bere buruari duela urte eta erdi horrelakorik aitatzera ere ausartuko ez litzatekeela jakinik— inguruan istilu usain hutsa aditzearekin. Zartakoz jota bezala lekutu zuen eskua Axiren izena gogora etortzeaz bat. Deseroso nabari zuen bere burua, ezin eutsiriko bizioa izan eta erorialdian errudun sentitzen zenaren antzean. Traizioa. Identitatea eraikitzeko betebeharrak hartzen zituztenean gaitzat, Axik —hura haizezkoagoa zen, desiren mendeago zegoen, eta zentzu horretan zuzena eta egin beharrekotik urrunagoa— zergatik egin behar ziren horrelakoak gogoz kontrara galdetzen zion beti, politika ez bailitzateke nahikoa arrazoi ohean beste norbait sartzeko; Josebak, aldiz, desiraren iraultze eta eraldatze etengabeaz argudiatzen zion, teorikoki beti teorikoki, bien artekoa beste modu batez eraiki beharra azpimarratuz.
Pentsamendu horiek bultzaturik, eskua berriz ere ipurdi errekara eraman zuen, Axirekin hizketatzera deliberaturik.
Oskar zurturik zegoen Juanilloren ondoan; Txato, bisaia zurrunaren atzean, pozik; eta Eduard eta Pedro de Cadi, ez zuen jakinen esaten.
Juanillo pasatu egin zen, baina, hala ere, La Markeliñe iraindu zutelakoz, bozkarioa ez, baina halako pox ximur bat nabaritu zuen, besteen gaitz aspaldi esperatuak eragindako pox errudun hura.
Markel mutu zegoen, norbaitek defendatuko zuen zain. Isiltasunak luzexko jo zuen. Josebak hatza beherago sartu zuen Kennethen errekan. Hark so egin zion, lehendabizi irribarretsu, gero begietara, tinko; tinkoegi, Txato ohartu eginen zen, hainbeste. Pikutara Txato! Axirekin hizketatzeko deliberoa sendotu zitzaion, eta ezustean poxa poz bihurtu zitzaion, dena, baita zerabilten istilua ere, ongi zegoelakoz, ipurdi bilo haietan, Kennethez gain Axi ere bazegoelakoz.
Santi altxatu egin zen. Ia bi metro, gizenkerak zintzilik, izugarrizko luma.
“Neskak... neskak... ezin dugu horrela segitu. Ni giputza naiz, eta ez dugu erakunderik; horregatik gaude hemen Inaxi, Mikaela eta neroni. Iraindu ez, Juanita. Gainera uste dut...”. Eta hartan luzatu zen: ez zutela erabaki behar, eztabaida baino ez zela, gero erakundeek beren erabakiak hartuko zituztela, eta coflheek hemengo eztabaida kontuan harturik erabakiko zuela zer bultzatu, “eta hala ere erakunde bakoitza autonomoa da!”. Esku erraldoien mugimendu eme batekin mintzaldia bukatu zuenean txalo zaparrada jaso zuen.
“Uste dut Estatu espainiarrean atzean geldituko ginatekeela ez bagara identitatearen rolloan sartzen” bota zuen Eduardek. “Bueno hemen dugu... amerikar bat”. Eta Kennethi begiratu zion.
Josebak bere gorputz adarren bat-bateko kontzientzia harturik, arakatu behar izan zuen non zuen bakoitza eta batez ere non zuen ezkerreko eskua. Hantxe agertu zitzaion, bere, izterraren gainean, esku ahurra goraka, hatzak barnerantz, erpurua eta txikerra puntetan elkar ukitzen zutela, gorriturik, izerditzen hasia, Kennethen izerdi eta gantzaren usain gazien lurrunetan bildurik. Baina ez zuen egin. So gelditu zitzaion, Kennethen gorputzaren mugimenduak nabaritu zituela.
“Iruditzen bazaizue itxiko dugu eztabaidarena eta hiesaren kanpainaren harira egindakoa bildu, eta gure gonbidatuak San Frantziskon eta Act Upen gertatzen ari dena laburbildurik, bilera utziko dugu. Bazkaldu eta dena atondu behar da arratsalderako”.
Pedro de Cadik egin zuen ekintza eta hitzaldien laburpena: La Radical Gaik ateratako fanzineko azalak pizturiko eztabaida —penetrazio bat ageri zen eta “Así es la vida” leloa azpian—; Madrilen eta Bilbon gobernuaren eta osasun sistemaren utzikeriaren kontra egiten ari ziren hitzaldiak; gizartean seropositiboek sufritzen zuten estigmatizazioaren kontrako kanpaina; Osasun Ministerioaren aurrean egindako karteladak... “Denok ere badakizkizuen ekintzak. Nik nahiago dut jakin Ameriketan zer gertatzen ari den”.
Kenneth altxatu egin zen. Eta esan zuen, iruditzen zitzaiola hemengo gobernuek hobe tratatzen zituztela gaixoak; beharbada gaixotasunak indar handiagoz jo zuela Ameriketan, eta aebetan bazter utzi zituztela, gizarte heterosexualarekin zerikusirik ez balu bezala —esaterako tratamendu esperimentaletan ez zutela emakumerik onartzen—. “Bigarren mailako amerikar moduan tratatu gaituzte; eta jendea hiltzen eta hiltzen ari da”.
Josebari errebelazioa egin zitzaion: “Kenneth seropositiboa da!”. Hortxe koska. Gero beldurra, eta atzerakoa. Seropositiboa, seropositiboa, seropositiboa. Beldurrak hartu zuen. Amildegia egin zen beraren eta ordura arteko gantz usain gozodun gorputz haren tartean. Beldurra. Beldurra tren baten modura, aurrera eta aurrera, txistu eta txistu.
“Badakit beharbada hau ez dela leku egokia atzo ailegatu zitzaidan eskutitz bat irakurtzeko, baina eztabaida pizteko interesgarri izan daiteke. Nola portatu den Bush Administrazioa gibdunekin eta zein kasu gutxi egin dion orain arte izurriteari”. Abuztuaren 19an Errepublikarren Konbentzioan irakurritako diskurtso bat omen zen, irakurri barik laburtu egingo zuena. “Mintzaldia Mary Fisher kongresistarena da. Familia aberats eta errepublikano batetik dator, eta Partidu Errepublikarraren Konbentzioan gibduna dela aitortu du eta Bushen Administrazioari azaldu dio hiesa ez dela gay edo beltzen kontua. Nonbait telebistan eman dute, hunkigarria izan omen da eta idatzi didan adiskidea jota dago”.
“Errepublikarren Konbentzio batean?” galdetu du Eduardek.
“Hies zurrumurrua du izenburua. Eta egia da balore errepublikano horiek guztiak ageri direla: familia, askatasuna, gupida... Bush loriatzen du gainera, baina horrela beharbada Act Upekook lortu ez duguna lortuko du, hiesa agenda politikoan sartzea; izan ere, diskurtsoan azaltzen du hiesa ez dela gayon kontua bakarrik, eta bere seropositibotasuna aitortzen dio munduari”.
Txatok ez zekien zer pentsatu: alde batetik, ez zen ausartzen Kennethek iradokitakoari kontra egiten; eta bestetik, susmoa zuen aebetako Alderdi Errepublikarrari hiesaren kontrako borrokan zerbait egin zuela aitortzea iruzurra zela.
“Baina nor da putaxka hori. Gure etika lapurtu digu!” egin zuen garrasi Txatok.
Kennethek sorbaldak altxatu zituen. “Esan dizuedan bezala, duela egun batzuk gertatu da eta adiskide batek bidali zidan argitaraturikoa...”.
Josebari iruditu zitzaion Kennethek, kanpotarra izanik, izkin egin nahi ziola eztabaidan bete-betean sartzeari.
“Niri, aldiz, ez zait horren gaizki iruditzen” egin zuen arrapostu Juanillok, “azken finean gibdunei laguntzeko balioko die. Ni ez naiz inoiz izan aebetan baina iruditzen zait andre horren diskurtsoak... gainera aberatsa izango da seguru...”. Juanillok Kennethen baiezkoa bilatu zuen. “Andre horren diskurtsoak milaka sentsibilizazio kanpaina baino gehiago balio du. Hobe geundeke hemen ppkoek...”.
“Eta psoekoek” egin zuen garrasi Markelek.
“Eta psoekoek horrelako bat egingo balute”.
“Baina... Bush loriatzen duela esan du Kennethek. Denok dakigu aebetako Gobernuak ez duela ezer egin oraintsu arte. Bai, estigmatizatu. Eta Act Up ez balitz izan berdintsu egongo ginatekeen”.
“Gainera” aurreratu zitzaion Txato, Markelekin ados egon beharrak sumindurik, “Act Upek egindako borrokaz jabetu eta indarra kentzen dio. Familia, umeak... Etika Marikaren kontra doa”.
“Bai, konturatzen naiz” gehitu zuen Markelek, “gibdun guztiak anai-arrebak direla eta... berriketak. Ez da egia, ez da gauza bera seropositibo aberatsa ala seropositibo pobrea izatea”.
Txato ohartu zen arrazoi ezberdinengatik zeudela kontra Markel eta bera. Markel, hbk agindu bezala, klaseen rolloarengatik; eta bera, homosexualitatea arma gisa erabiltzea hutsala bihurtzen zuelako diskurtso puta hark.
“Bai, baina berdin hiltzen dira pobreak zein aberatsak” esan zuen Kennethek. “Baina neurri batean, andre horrek errepublikarren aurrean hori dena esateak adierazten du hiesa gizartearen arazoa dela”.
“Nik ezin dut eraman” pontifikatu zuen Markelek, “Seguru familia, eta balore errepublikar fatxa horiek guztiak aipatzen dituela”.
“Denok ez gara ba heterosexualak!” aurpegiratu zion Txatok, “familia daukagulako gara bisexualak”.
Izorra dadila pentsatu zuen Josebak pentsatu zuela Txatok. Ez zuen gustuko Markel lubakiaren alde berean izatea.
“Gainera, Kenneth, zer gertatzen da orain arteko hildako guztiekin?” galdetu zuen Eduardek. “Jende askok lagunak eta bikotekideak galdu eta ezin izan dute haien hiletetan izan, ez diete onartu dolu egitea, eta asko andre hau bezalako jendea izan da. Horiek ukatu diete marikei behar bezala lurperatzea”.