2
“Zenbat eman dizu?”.
“300, baina ondo nagoela esan dit medikuak, Joseba”.
“300? Ostia! Asko da!”.
“Zer egingo zaio; hori utzi zidaten gurasoek herentzian. Baina ez dizut hori kontatu nahi”.
Eta Miren Akerretarena kontatzen hasi zaio Axi Josebari, Agape jatetxean, Bilboko Hernani kalean, 19. urteurrena, edo 18.a —bigarren hasiera hori beti izaten da zalantzazkoa—, ospatzen ari direnean, azken boladan gehiago egoten baitira Bilbon Iruñean baino; laguna ere mugitua zaie aspalditxo, Begoña Bilbon izaten baita Kultura Sustatzeko zuzendari karguko lanek uzten diotenetan; eta Txato ere bertan dabil.
Josebak Axiri erantzun dio Muñoz Eugik poeta ingeles baten poemak —Andrew Motion du izena— itzultzeko agindu diola, ama hamazazpi urtez koman izan eta idatzitako poemak. “Badago bat Natural Causes deitzen dena, oroimena galdu duen musikari baten ingurukoa. Imajinatu: gaixotasun batengatik oroimen berriak egiteko gaitasuna galtzen du Clive Wearingek. Youtuben dago bbck egindako dokumentala, haluzinantea. Orain betikoan bizi da. Poema oso polita da:
Paratu ontziak egiten: hortxe
hartutako plater bakoitza lehendabizikoa da.
Lo eginarazi arratsalde osoa
eguzki errainuz ereiniko erietxeko zoruetan
eta hiru segundoro esnatuko zaizu
bere desesperazio berri-berrira.
”Edo horrelako zerbait. Oraindik ez naiz itzultzen hasi”.
Axik ogiari heldu dio, eta puska bat ahoratu bitartean Josebak begietara so egin eta berehala nabaritu du Axi trostan, zamalka gero, galopan.
“Nik kristoren berria kontatu dizut, Mirenek zuri bakarrik kontatzeko baimena eman didana, eta zuk Muñoz Eugik agindu dizun ez dakit ze poema aipatzen didazu. Entzun didazu... nire adiskide Miren Akerreta Glencreen egon da Gatazkaren beste biktima batzuekin, eta zuk Muñoz Eugiren ez dakit zer poema eta zer moema ere aipatzen didazu?!”.
Enbata bezala egin zaio Josebari. Sardexka uztean platerak txirrin egin du, eta hemeretzi urtetako zaunkak —halaxe esaten dio Axiri berari— etorri zaizkio gogora, ezdeuskeriengatik lehertutako beroaldiak, brausteko itzelak, arrazoi ez argiko haserrealdiak.
Josebari azken boladako bizkarreko mina zorroztu zaio, eta arnasa hartu du; bizkarra tenkatu eta nagiak ateratzen saiatu da, baina gerri aldean giharrak gogortu egin zaizkio.
Atzera egin du bere baitan. Urrutitik agertu zaizkio jatetxea, zoru lustratuaren bukaeran ageri diren ondoko mahai txikituak, afaltiarren aurpegiak; lauso, barra laburra, han, zerbitzariaren joan-etorri ia mitikoak, eta Axi mahaiaren beste aldean kondairazko lurralde antzinako batean bezala.
“Zergatik egiten didazu garrasi? Zu whatsappean aritzen zara egun osoa!”.
“Ez dizut garrasi egiten, bakarrik esan dizut nik gauza garrantzitsu bat kontatu dizudala eta zuk txorrada bat atera didazula”.
“Zaunka egin didazu beti bezala, eta esana dizut ez egiteko zaunkarik”.
Ondoko mahaiko afaltiarren arreta eurenganatzen ari direla ohartu da Axi, eta isildu egin da. Orein solomoari erreparatu dio, inguruan dituen patatei, ilarrek egiten duten distira olioztatuari. Aparra bezala jaitsi zaio haserrea eta mokadua atondu du sardexkan. Solomoa eta patata bi, brillant, guritsu, ardora ahorantz. Zaporean kontzentratu da. Haragiaren kerua, pataten irintasuna, baratxuriaren lurrin urruna. “Momentu berezia duk harendako, urtemuga”, pentsatu du, berarendako ez bezala, berak ez baitu sinesten urtemugetan eta txorrada horietan.
Josebak amore eman eta barkamena eskatzea pentsatu du, haien arteko urtetako dinamikan bera izan baita barkamena eskatzera jotzen bakarra, ahalegin gehiegirik eskatzen ez diolakoz, paradoxaz, barkamen eskatzen dutenak izaten baitira benetan barkamen eskatzen ez dutenak, ezen eskatzearen eskatzez ariketaren ezaugarriekin doiturik, teknika, erritu eta ezagutza egokiei esker benetakotasunik gabe eskatzen baitute. Aldiz, Axiren kasuan, barkamen eskaerak nortasunerako —harrokeria hutsez edo nortasun ahul baten ondorioz, babes beharrean— hartutako oholtzatik jaistea eskatzen du, neurri batean nortasuna papurtzea.
“Barkatu” ahoskatu du Axik.
Axik gustuko ez duen zerbait egitea atera zaio Josebari, eta eskua laztantzekoa egin du ernegatu dezakeela neurtu gabe. Eta Axik ez du eskua aldendu, ez dio goi oholtzatik ostia txarrean begiratu; aitzitik, bertan utzi du eskua, orein puska batekin sardexka, patata eta ilarrez inguraturik, plater zurian zain duela.
“Barkatu ahoskatu duzu” egin dio ironia Josebak.
“Zure ni bezatzeko lanei esker” erantzun dio Axik, pareko ironiarekin.
“Kontatu Mirenena” eskatu dio, ez, ez dakielakoz, egunero irakurtzen du Berria lanera sartu aurretik, baizik eta Josebak asko gozatzen duelako Axirekin gutxitan izaten dituzten elkarrizketa luze, abarotsu, otordu ostekoekin, areago maitasunaren islatarako dituelako, ezen ez ezer interesgarritarako.
Eta Axik Miren Akerretarena kontatuko dio. Egoki, kronika bat egiten ariko balitz bezala, lasai, Josebari egindako erregalia moduan, bai baitaki gustuko dituela maitasunaren sasi-antzezte horiek.
Postreetarako aitatuak dituzte Mirenena; Andrew Motion-en poemak; oroimenik gabeko gizonarena —“Motionen poemetan bizitzaren bat-batekotasuna, aldakortasuna, ezustekotasuna azpimarratzen da bukaeran” zehaztu dio Josebak batzuetan izaten duen hitz egokiarekiko zurruntasunarekin—; Begoña eta —halaxe esaten diote— KulturaSustatzekoZuzendaritasuna tarteko Muñoz Eugirekin izan duen liskar publikoa: Axi, Begoñaren aldeko, gertatu denaz axolagabe, lagunen aldekoa izan behar delako beti; Joseba, Muñoz Eugiren aldeko, ustez arrazoia alde duelako, agerikoa baita etb-1 kakazaharra dela eta Eusko Jaurlaritzak euskal literatura sustatzeko egiten duen ahalegina exkaxa baino exkaxagoa dela; Txatoren sareetan eroritako azken ligea; Lander eta Lokarriko lana, Lander eta sexuaren zulo beltzetan ezkutaturiko praktika desberdinak, Lander eta sexuaren zulo beltzetan ezkutaturiko praktika desberdinetan saiatzea nobioa aurkitzeko esperantzarekin.
Axik poltsatxoa erakutsi dio Josebari. Kokainaz hitz egin dute, izan zuten bolada hartaz, ia astebururo kokaina hartzen, afaltzera atera, parranda, zigarroz ito, eta, zorionez, nola aldendu zituen bizitzak, Joseba Axi baino gehiago, duela lau urte-edo hartatik eta bizimodu lasai —tabakoa ere utzi zuten— baina aspergarriago batera bideratu, Axiren zaputzerako. “Krisi ekonomikoa ondo etorri zaigu” egin du ironia Axik, Josebari ironia krudela irudituko zaiolako usteaz ezaxola.
Lehendabizi Axi joan da, eta gero Joseba. Kopa bana eskatu dute.
“Uste dut gureaz mintzatu beharko ginatekeela” bota du Josebak, espantu kutsua ironia azpimarratzeko erabiliz.
Axik, erronkari eutsi dio begiak harridura keinu nabarmenegiz zabaldurik: “Gurea!!!”.
Barre egin dute biek, gurea hori urtetan erabili duten gaia balitz bezala, baina norbaitek galdetuko balie gertatu eta gertatzen ari zaienari buruz asko solastatzen diren, biak ala biak ezezkoan ados egongo lirateke. Josebak, zeinaren gainean erori baita urteekin bikotearen singladura, gutxiegi iritziko lioke, eta Axik, ez gutxiegi ez lar, besterik gabe: “Behar dena”. Kontua da esantzat eta jakintzat jo dituztela urteekin sortutako aztura eta hitzerdiak.
“Eta zure ustez zer gertatzen zaio gureari?”.
Eta orduan Josebak urteak aipatu ditu —egon da Muñoz Eugiren “Urteak badoaz” poema aitatzeko, baina nahiago izan du bere horretan utzi—, eta monotonia, eta elkarrekiko arreta eza, eta gero eta gehiago kostatzen dela autoa edo autobusa hartu eta Iruñetik Bilbora —Axi mahaiaren beste aldean, argifokupean, guapo dago, imintzioka ikusi duenean— eta Bilbotik Iruñera ibili beharra, eta ilusioa jarri beharra, eta...
“Ilusioen kutxa hutsik dago”, Axik.
“Ilusioen kutxa?”.
“Bai, ilusioen kutxa. Onartzen dut azken boladan zerbait falta zaigula”.
“Sexua, besteak beste”.
“Bueno, boladak izaten dira sexu askokoak eta sexu gutxikoak” laburbildu du Axik.
Josebak baiezkoa egin dio, senak zerbait ez dabilela ongi aditzera ematen dion bitartean.
“Askokoak edo gutxikoak. Orduan kanpoan maiz larru jotzen ari zara?” galdetu du Josebak, erantzunaren beldur.
Ustekabean harrapatu du Axi galderak, ezohikoagatik galdera beragatik bainoago.
“Bueno, ez, ez da hori. Baina egin genuen akordio hartan gauza hauetaz ez mintzatzea onartu genuen”.
Josebak onartu behar izan dio, ez diotela elkarri hor zehar izan dituzten sexu harremanez inoiz hitz egin, Txatoren harridurarako, eta Kennethena gertatu zenetik ez dutela inoiz hirugarren bat ekarri haien ohera. Eta hori kontatutakoan Txatok behin iradokia etorri zaio gogora, alegia, harreman homosexual bat, marika izan zen Txatok erabili zuen hitza, eramateko moduari dagokionez, beharbada zintzoagoa —eta iraultzaileagoa— dela bikote harremana egiaren gainean eraikitzea, “Egia elkarri gauzak kontatzea da” zehazten ziola. Josebak —ordurako irakurria zuen Foucault—, egiaren indar inposatzailearekin erantzun zion, egia esan beharraren beharrak eragin zitzakeen bikote arteko gaizki ulertuekin, eta, gero betikoa, Txato ernegatzen zuenarekin, “Egiarik ba ote dago?”. Eta Txatok baietz erantzun zuen: “Egia dago, eta ez erantzun nik noizbait nire amoranteak engainatu ditudala esanez, engainuak egia badela onartzen du, eta zure sinplekeria filosofiko horiek ez”.
“Bai, baina igual akordioa alda daiteke” esan dio Josebak. “19 urte paktu bat errebisatu gabe...!?”.
Axi gotortzen nabaritu du Josebak.
“Zertarako errebisatu nahi duzu akordioa? Zer aldatuko luke? Zer jakin nahiko zenuke, zenbatekin oheratu naizen 18 urtetan? Norekin oheratzen naizen orain? Hori agindu dizu zure Foucault horrek?”.
“19 dira; norekin ala zenbatekin? Norekin oheratzea ezinezkoa duzu, printzipioz ezin duzulako errepikatu”.
“19, igual du. Norekin ala zenbatekin? Igual du”.
Josebari Axiren txango sexualei buruz jakin nahi izatea tontakeria iruditu zaio. Gogoak atzera egin dio Josebari, San Frantziskotik itzulitakoan banandurik egon ziren hiru hilabete haietara. Hara zer hiru hilabete! Ez zuen sekula horrenbeste min izan. Hasieran errealitateak zentzua galdu zuen; gero, ezin sinetsirik ibili zen bolada labur batean; ondoren sumina egin zitzaion, suminetik herra Axirekiko eta munduarekiko; eta, azkenean, tristura sakon bat. Batetik bestera jauzika ibiltzen zen egunaren buruan mila aldiz goitibehera batean bezala. Axik ez zion Iruñea eta harremana zergatik utzi zituen adierazi. Bigarren hilabetera arte ez zion kara eman, ez zituen bere deiak erantzuten, eta gerora, hiru hilabete haien ondoren, “bera prest egon zenean” deitu zion eta erdibidean gelditu ziren, “erdibidean-edo”, Lekunberrin, lehenago bideberri nazionalaren ertzean egon arren Sakanako autobidea egin zutenetik bazterturik gelditu zen aspaldiko jatetxe batean. Ordurako zazpi kilo galduak bazituen ere, lasaitzen hasia zen, hobeki lo egiten zuen, eta lanean, ahalegin handiz, kontzentratzeko gauza zen. Beste kontu bat zen bizitzari zentzua ematea. Zenbat aguantatu zuen Txatok! Akordatu zen lotsa eman ziola argal azaltzeak, laidoaren seinaletzat zituela berak sufrimenduaren eraginez galdutako kiloak, beste batek amodio handiaren erakusgarri lituzkeenak. “Kontuz ibili ezean utzia izateak barne homofobia lokartua esnatzen baitu, norbere buruaren gaineko gorrotoz eta lotsaz edo uztailearekiko gehiegizko herraz” laburtu zion Txatok, euskaraz behartu gabe aritzen zenean ateratzen zitzaion Erriberako azentu harekin, justu orduan, amodiotik gorrotorako bidea segundo baten buruan ehun aldiz egiten zueneko hartan.
Eseri zirenerako Josebak jakin zuen itzuli egingo zirela, ez ordea, hark amestutako baldintzetan, Axirenetan baizik. Barkamena eskatu zion Axik, baina hitz-erdika, ardura bere buruari barik izate abstraktu bati egotzirik. “Badaude nire nortasunean zuri min egin dizuten hainbat gauza”. Stop. Tartea egin zuten isilik. Josebak leihotik ageri zen zeru zatia bilatu zuen, kukuka ari ziren eguzki printzak. “Baina larrua jo bakarrik; sentimenduak sartzen badira, esan egin behar da” laburtu nahi izan zuen Josebak. Ez, ez du inoiz kontratupean horrelako jakinminik izan.
“Arrazoi duzu, baina niri gustatuko litzaidake bion artean beste norbaitekin enrollatzea”.
“Esan nizun ez nuela hirukoterik egingo San Frantziskokoaren ondoren” moztu du lehor Axik, tonua pixka bat gora.
“Aizu, eta negoziatu?”.
“Zer negoziatu behar da nahi ez badut?”.
Hori da Axi. Gotorleku bat batzuetan, ez badu zerbait egin nahi, ez du egin nahi, eta kito; harendako ez dago erdiko biderik, bere burua negoziaketetan sartzerik, beharbada saia gintezkerik. Ez, ezetz da. Akabo.
“Baina zergatik ez duzu nahi? Zer gertatu zitzaizun San Frantziskon?”.
Zartako bat bezala izan da galdera Axirendako. Zertan ari da hau orain sekula egin gabeko galderak egiten? Ez dute ba utzi eta berriz hartu zutenetik adosturiko bizimodu bat osatu bikotearen lege idatzibakoei jarraiturik? Ez zaie bada ongi joan? Zertara dator etengabe gogoeta egin behar hori? Azkeneko 19 urteetan ondoan, aurrean, atzean, gainean, azpian, alboan izan duen bisaiari so egin dio: oraindik gazte mantentzen da, ez du zimur gehiegi, begi urdinek traza argitzen diote, bixar urdintzen hasiak halako eite interesgarri bat ematen dio; eta beherago oraindik jarraitzen du itxuroso, beharbada, bera ez bezala, gizenegi, lodikerak txintxilikatzen hasiak. Maite du. Maite du? Maita daiteke norbait 18 urte ondoren?, edo 19?, igual du! Seguru dago Josebak baietz erantzungo lukeela. Maite du, nahiz eta maitasun hura...
Berak ere ez daki zer gertatu zitzaion San Frantziskon. Zer ostia!? Zertara dator galdera orain? Urteak dira Kennethez akordatu ere ez dela egiten. Iñigo igaro zaio gogotik hanka puntetan. Iñigo. Iñigo. Apalategiari eusten dioten metalezko barrak; bertan argiak egiten duen distira; whiskiaren errainu gorrixkak; ginebra botilen ardora koloretsuak; ardo botilen ilara ordenatuak, label zurixken fita urreztatuak, brillant; kamareroaren mugimendu zehatz eta geldoak basoak lehortzen; mahai gehienak jada ilunpetan, hegi berdexkak agerian. Iñigo. Galdetu behar dio zer iruditzen ari zaion oparitu dion Bestela Izanik liburua, Josebarenez, euskal literaturaren azken hita. Axi... koadroen hurrenkera ordenatua, zutabearen arrakala zurixkak, zoruaren kolore beltzaxkaren laztasuna...
“Nik uste dut ondo gaudela erabaki genuen harekin” esan du Axik.
“Nik uste dut ezetz. Bata bestearengandik aldentzen hasi gara. Begira sexua”.
Josebak gauza horietan sinesten du, berak nahiago du egunean bizitzea.
Egunean, hori da hitza.
Kamareroak zeharka so egin die. Bezero bakarrak dira jantoki ilundu berrian, haien mahai gaineko argia da izekita dagoen bakarra. Axik irribarre egin dio. Ohartu da Joseba ohartu dela berak kamareroari irribarrea egin diola, eta libertigarria iruditu zaio, zeloek Josebari eragin diezaioketenaz sadikoki gozatuz.
Josebari oraindik harrigarria egiten zaio Axirekin hizketan aritzen denean izaten duen tunel batean egotearen sentsazioa, ez bertan dagoenean —orduan haien arteko bikotea baino ez da, gorabeherekin, liskarrekin, alegrantziekin— baizik eta bukatutakoan elkarrizketatik burua jaso eta munduari egiten dion lehengo begiratu aldian dena arrotz zaiolako sentsazioa, haien arteko intimitate hura —behartua ziur aski— balitz bezala errealitate bakarra, eta gainontzekoa ametsezko mundu ulertezina.
Mahai gainean dute kontua. Axi Bilbora etorri zenetik ez dute diruaz inoiz hitz egin; “Horrenbesteraino gara klase ertaina” pentsatu du Josebak. Iruñean bizi izan ziren garaian bazuten bien arteko kontu korronte bat alokairua eta gainontzeko etxeko gastuak pagatzeko, baina “banandu” zirenetik —Josebak tonu adarjotzailean batzuetan erabiltzen duen hitza da— ez dira inoiz diruaz mintzatu, batak besteari noizean behin egin dizkion maileguak gorabehera.
“Nik badakit zer gertatu zitzaizun San Frantziskon. Eta duela gutxi jakin dut niri ere antzekoa gertatu zitzaidala” arrapostu egin dio Josebak Axiri.
“Joseba, ez jo hortik! Egunean, moñoño, egunean bizi behar da. Bost axola San Frantzisko!”.
Lamiak tabernara jo dute bigarren kopa hartzera. Eta handik Highera, nahiz eta Josebak ez duen gustuko. Seguru asko ireki zutenetik —hirurogeiko hamarkadan izango zen— aldatu barik dago: azulejo zuriak, ispilua, komunak —dutxa antzeko batek inoiz egin gabeko praktika sexualak iradokitzen ditu—, goian gela iluna, labirinto exkax bat, non argiak piztean jendea agerian geratzen baita bere zereginetan, prakak orkatiletan bildurik, batzuk-batzuk kamisetak goraturik eta alkandorak zabalik, baten bat, ausartena —eroena esanen luke Axik— biluzik. High erreginatxo baten modukoa da, baina “Oraingoan denbora gainetik pasatzen ari zaio” pentsatu du Josebak, “eskabadora baten moduan”. Ia ez dago inor. Gazteek, eta zaharrek haien atzetik, Badulakera jo dute, duela zortzi urte inguru ireki zuten taberna moderno, hobeki dekoratu, garbi eta gela ilun gabeko batera; edo etxean gelditzen dira, aplikazio informatikoek haragia etxera eramanda. Eta telefono aplikazioetan, Lander gizajoari begiratu besterik ez dago, “Marika ergelak baino ez! Orain etak marikak hiltzen hasi behar zuenean, zer eta utzi”, esaldi harrigarria Lokarrin bakea eraiki nahian dabilen batendako.
Barraren muturrean ohiko parrokiano egin dituzten lauzpabostez gain, Highen ez dago inor. Josebari oka egin zaio. Entzuna da jabearen xurkeria kondairazkoaz, eta hala ere ongi joan zaio duela lauzpabost urte arte. Zenbat istorio gertatuko zen bertan, eta, horregatik da taberna hori ahitze bidean den animalia espezie baten moduan babesteko zerbait.
Bi zerbeza eskatu dituzte. Ez dute elkarri ezer esateko, nahiz eta biek susmatu erabili duten elkarrizketa ez dela bukatua. Josebari egin zaio gaia ateratzeko deliberoa sendotasun gutxikoa izan dela, bere burua lasaitzeko amarru antzeko bat, hurrengo egunean, bixamonaren menpe, ez duela ezer aitatuko, ez hurrengoan, ez hurrengoan, ez hurrengoan; eta horrela jarraituko dutela azkeneko 18 urteetan bezala, bikoteek, makinek bezala, duten inertziaren indarraz, ongi antzean, baleko, are pozik ere.
Josebak barra izkinara begiratzean Oskar Iruñekoa ikusi uste izan du. Zeharka begiratu du. Bera da. Urteak daramatza Bilbon atzera-aurrera, eta ez du inoiz ikusi... beharbada San Frantziskora egindako bidaia hartatik. Gero akordatu da entzun zuela ez zela Bilbon bizi, Sevillara alde egin zuela, marikiten nomadatasunaren arrazoietako nagusienari jarraiki, bikotekideen atzetik mundua batetik bestera korritzera.
Irribarrez hurbildu zaie, hatzarekin seinalatzen dituela. Josebak erabaki du guapo dagoela, hogei urte zaharrago, baina hor daude sorbalda zabalak eta ilajea, Higheko foku mortuen argitara, ilunxko.
“Oraindik elkarrekin!”.
Eskua eskaini dio Josebari eta, behin helduta, elkar besarkatu dute. Josebak besoen indarra nabaritu du, bizkarreko giharren sendotasuna, eta beroa, beti harritzen baitu besarkadetako denboratxoan sortzen den beroak.
Oskarrek Axi besarkatzera jo du besoak zabalik.
“Ez nauzu ezagutzen...” laxatu da Oskar.
Eta orduan Axiren aurpegia argitu egin da oraindik ere Josebari harrigarria iruditzen zaion egia berdaderoz, ezen berdaderoa egiten baitu Axiren eta Axik adierazten duenaren artean tarterik ez izateak, desiratzen duen desira eta Axi gauza bera balira bezala; aldiz, Josebarendako beti dago tarte bat, askotan desira hori desiratzera behartu duelakoz bere burua; edo desiratzen duena “eraikuntza lanetatik” datorkiolakoz, desioaren iturriaren ontziak jarioa duelakoz.
“Aspaldiko!”.
Ez dutenez elkar ulertzen, Axik barraren sarrerako aldera joateko keinua egin du eta segitu egin diote.
“Zenbat denbora!” bota du Oskarrek.
Denbora pasatua da haren gainetik, baina ez lukete txarrerako izan denik esango, baizik eta oinarrian dagoen trazaren alde-edo, zimurrek, haragiaren erortzeek, ilajearen bakantzeak —orain ikusi du buru ia soildua duela—, eskuetako larruazalaren laxatzeak alde egin dutela, gorputz horrendako gaztaroa pasatu beharreko aroa izan eta adinean aurreratuxea izatea berezkoa balitz bezala.
“Iruñea utzi zenuenetik elkar ikusi gabe” laburtu du Josebak, azkenekoz San Frantziskora zihoazen bidaia hartan ikusi zutela ezkutaturik.
Oskarrek irribarre egin du.
“Nik uste dut gayakanpada hura izan zela azken aldia. Amerikar batekin zeundeten”.
Axiri gogoak atzera egin dio une batean. Zerbezari heldu dio gorputzak gogoeten bide malkartsuei itzuri egiteko helduleku moduan.
Kenneth! Gehiegitan agertzen ari da San Frantzisko gaur gauean. Galdetu baliote akordatzen den hartaz, ezetz erantzungo luke; gogoratzera jarrita, Kennethekin gertaturikoaz akordatzen dela, Iruñean izan zuten aste nahasi hartaz, baina gero San Frantziskon gertaturikoa errealitatearen halako azpil ilun bat baino ez da, azpilak beste azpil bat estaltzen duela. Horixe aurpegiratzen dio Josebak, errealitatea, arazoak esaterako, konpontzeko ez duela muinera jotzen, ez arakatzen, ez aztertzen, ez eta irtenbiderik aurkitzen ere, azpil bat paratzen diola errealitate horri, “Eta azpilez azpil errealitatea tinta tanta lodiz zipriztindutako koadroa bilakatzen joango zaizu harik eta erabat ilu...”.
“Bai eta ostiak ere!” erantzun dio aipatutakotan, inoiz irribarrez-edo; behin, gogoan du, haserre, “mamia ukitu zuelakoz”, Josebaren ustez. “Berriketak”, haren erantzuna.
“Eta zuk, zer bizi klase?”.
“Noiztik...? Juanillorengandik? Ala, homosexualitatea bide, mundua aldatu nahi izan genuenetik?”.
Irribarre egin die.
“Ala zenutenetik, ze ni ez nengoen nireekin. Ze Juanillok esaten zuen moduan, jo dezagun larrua nahi dugunarekin, baina nik jotzen nuenean, muturra, istilua eta bekain beltza besterik ez. Baduzue haren berririk?”.
Josebari iruditu zaio antsia arrasto bat geratu dela dilindan galderaren ondoren.
“Honek esango dizu... uste dut badutela harremana”.
“Betiko moduan”.
“Joder, Joseba, betiko moduan... Oskarrek ez du jakingo ezer hari buruz noiztik, 93. urtetik?”.
Joseba lotsatu egiten da oraindik ere Axik jendaurrean errieta egiten dionetan, izan ere, badaki Juanillo eta Oskar...
“Ez, ez, egon gara bizpahiru aldiz, onesean. Hasieran kalean ikusi eta ez genuen elkar agurtzen, baina hemen bizi nintzela behin topo egin eta mintzatu ginen, eta gero beste behin elkarri deitu... baina gauzak hausten direnean...”.
Isildu egin da.
“Bai, aldarrikatzen zenuten ligeak lagun bihurtzeko gay jendeak zuen joera hura ona zela eta abar” jarraitu du Oskarrek.
“Zenuten...?” egin dio irribarre Josebak.
“Genuen” onartu du Oskarrek. “Baina ni berehala ohartu eta dezepzionatu egin nintzen; gauza bat da teoria, beste bat praktika. Eta orduko Herri Batasuneko nire militantzian ez bezala, zailagoa zen gaytasunarekin iraultzarekin baino koherenteagoa izatea. Bi gauzak nahasten zirenean gainera. Nafarroako ehgamen gehienak Batzarrekoak zineten...”.
“Neroni ez” erantzun du Josebak.
“Neu ez nintzen ezta ehgamekoa ere!” bota du Axik, baso hutsak seinalaturik beste zerbeza bat eskatuko duelakoa eginez.
“Eta zu non ibili zara urte hauetan?”.
Eta orduan sorbaldak ñarrotu zaizkio, eta begiak lausotu. Dos Hermanasen bizi izan dela: “Bertako batekin” —euskara zein itsusia den batzuetan erreferenteak seinalatzeko orduan, pentsatu du Josebak—, “ni baino hamabost urte zaharrago batekin, Manuelekin; Juanillorenaren ondoren ohartu nintzen zaharragoak gustatzen zitzaizkidala”; eta hamar urtez-edo bikotekide izan zirela, baina gero ahitu egin zela hura, eta beste hamar urtez bizi izan zirela elkarrekin bikote izan gabe —bikote bizimodua eginez baina bikote izan gabe—; eta duela urtebete edo beste zerbait behar zuela eta Bilbora etortzea erabaki zuela; “Informatikoa naiz, badakizue, eta lana topatu dut. Eta orain hemen, bakarrik”. Burua altxatu du Josebak tabernaren hondora begiratzeko. Betiko parrokianoak. Kamareroa, gaztea, hartza, guapoa, bizarduna... denentzat ere gazteegia. Konspirazioan ematen dute barraren bukaerako parrokianoek. Seguru larunbatero etortzen direla, eta barraren ertzean haien bizitzatik salbatuko dituen gizonaren zain daudela. Haserretu egiten dute Joseba, berak ez bezala, ez baitute haien alde borroka egiten, ez dute haien bizitza eraikitzen, ez dira berrasmatzen, hitz batean, ez dira marika. Axiri begiratu dio harro. Ilaje beltza, aurpegi zorrotza, adimena... uxatu egin ditu sualdiak, bikotearen gaineko gogoeta eta norabidea bere lepora bota izana, azken boladako nagia eta utzikeria, oso ongi jakin ez baina susmatzen ez duen zer edo zer. Harro sentitu da bere bizitzaz, baita Oskar kontatzen ari denarekiko. Nola liteke bikotea bukatu eta beste hamar urtez elkarrekin jarraitzea?! Txato entzun du errietan, bikote bat da bik bikotea direla erabakitzen dutena.
“Manuel gaixotu egin zen, gaixotasun larri bat dauka, eta gelditzea erabaki nuen; baina halako batean, hil ala biziko ebakuntza egin behar ziotela, nire buruari galdetu nion zer egiten ari nintzen han... eta Manuel uztea erabaki nuen. Hasieran ez zuen onartu nahi, baina orain gaixotasuna egonkortu denean... Ez nago ongi, dena dela” bota du halako tokian halako aitorpenak Joseba eta Axirengan sor dezakeen atzerakoa kontuan hartu gabe.
Axik pentsatu du: marikek, diren lakoak direla, beren bizitzaren gainean halako laburpen borobilak —espantuak nortasunaren araberakoak dira— egiteko demaseko joera dute. Eta Joseba poztu egin da, Oskarri —barraren ertzean dauden beste horiei ez bezala— bizitza eraikitzen lagunduko diolako espantuzko laburpenaren borobiltasunak, sendotasunak, are desegokiak.
“Asko akordatzen naiz azken boladan, eta batere gorrotorik gabe diot...”.
Axik eta Josebak zeharka elkarren begirada bilatu dute taberna zuloaren ilunean, Josebaren pozerako, maitasun adierazpentzat jo baitu, egunerokotasunaren aztura bainoago, “ez nago ongi, dena dela” baino zerbait borobilago eta, beharbada, larriagoa datorrela igarririk.
“Akordatzen naiz, Juanillorekin utzi ondoren Iruñeko ehgamekoek bizkarra eman zenidatenean eragindakoaz. Garai hartan zuk eta Txatok berariaz aipatzen zenuten Etika Marika hartako puntu batekin akordatu naiz askotan: marikak leiala izan behar du beste paria batzuekin, beraz bikotekidearekin leiala izan behar du; horrek esan nahi du egiak eta justiziak gauza guztien gainetik egon behar dutela. Eta nire kasuan... ez dakit...”.
Axik ez du atzera ahoskatu nahi izan bera ez zela ehgamekoa, egokitasun sozialerako duen dohaina gidari.
Joseba desenkusatan hasi da zizaka, duela hogei urteko kontuak zuritu beharrak eragindako ezustekoa eta antzinako errua akuilu.
“Lasai” eskua sorbalda gainetik bota dio, “ez ditut kontu zahar haiek atera nahi, baina hori erabili dut buruan. Bilbon bizi garen nafarren bazkari bat egin beharko genuke!”.
“Ok, esango diot Txatori!”.
Josebari iruditu zaio Oskarri gogoa ilundu zaiola. Axi seguru dago. Ilundu ez, belztu.
Nahiko mozkorrik etxe atarira ailegatu direnean ere ez dute Oskar aitatu.
“Aizu” bota dio Josebak, “ohartu naiz Bilbora bizitzera etorri zinenetik berriz ere elkarrekin bizitzeko esperantzatan bizi izan naizela, 19 urtez hor izandako zerbait dela. Eta badakit oso zaila dela, baina nola sentitzen naizen jakin dezazun nahi dut”.
Axik ezin du sinetsi. Ze gau arraroa! Zertara dator hori orain.
“Ez dugu ba eztabaida hori afaltzerakoan bukatu?!” bota du ia garrasika.
“Nola bukatu?! Gure harremanaz mintzatu gara. Eta niri hori esan gabe gelditu zait”.
Josebak Axiren sualdia enbataren moduan sortzen nabaritu ahala urruntzeko ahalegina egin du, gero eta urrunago gogoa, Axi gero eta txikiago, haren haserrealdia gero eta ñañarroago.
“Zu beti igual... gauzak bukatutakoan berriz ere ireki behar”.
Atea zabaldu eta lekua egin dio.
“Ez naiz igoko” bota dio Josebak.
“Pikutara!”.
Eta portalean barna desagertu da, “300 mailako kolesterolarekin” pentsatu du Josebak sadismo ukitu batekin. Josebak Uribarriko plazari so egin dio. Isil dago. Distira egiten dute argiek; harantzagoko eraikinak itzal ilunak dira. Uste ez bezala, alkoholaren anestesiaren hondoan ez dio Axik min egiten, Oskarren akusazio ia arbinduak baizik. Bueno, Axik ere bai, haren nagusikeriak, haren oldarrak, beraren gaineko haren itzalak. Mina baino areago, zaputza. Beherantz hasi da txinbilin-txanbalan. Autorantz. Kontuz ibili beharko du gidatzerakoan. Badaki bide luzea duela Iruñeraino.