Jantzien lapurreta
Nik gartzelatik irtendakoan ezagutu nuen, gainerakoak baino beranduago beraz. Bera eta berarekin ihardun zutenak izan ziren jantzien mugida guztikoetarik harrapatu ez zituzten bakarrak. Hori zela eta, harro agertzen zuen bere burua. Egunkarietan izandako eztabaida eta eritzi-talka zaratatsuaren eragileak nortzuk ta eurak, Kultur-Muturrekoak.
Izenarekin ere gogoratzen naizen legea azaldu zidan, Smith izen arrunta duena, haiz zuzen ere tebeoetako hiru soldadutik batena, bataz beste. Aipatu zizkidan gainerako izen gehienak ez bezala gorde dut berau. Bestela, nire oroimen-neurona ezaxolatiek ez didate ezertarako balio. Lege horrek osatzen du ekintza zuzenaren lehen oinarria, zera «korapilotsuagoa sistima, are errazago, konponezinago eta sarriago matxura», edo antzeko zeozer, buruz esanda eta laburbilduta.
Kafegailua esaten segitu zuen, gaur egun, izorratu eta sastarrontzira jaurti, halaxe egiten da, ezin konpon dezakezu eta; lehen berriz, ia beti ere, eskutxoek ahal izaten zuten konpondu. Lege soil baina sakon hau Marvin ez dakit zer antropologo yankiaren liburuan irakurri dut, ze yankiak nahi duzuna baina, halako zertarako ez dago hoberik; eurek asmatu dute munduan dagoen ia dena, «berakatz psikodelikoa» horren barruan dela.
Hortxe dauzkazu bankuetako alarma sistimak, adibidez; arriskuak ugaritu ahala biderkatu egin dira espioitza-sareok abiarazteko aitzakiak ere: sua, leherketak, zerrail-bortxaketa, kristal-apurketa, kamara-begien itsusketa, kea... Edozein ordutan, zeingura kaletan, alarma-adarren bat jotzen ari da. Zer dela eta? Ustegabekoren bat gehienetan, besterik gabekoa; hara hor kaleak eskandaloz bete eta txakurrak halako sasi-lorratzean inondik etorri ez eta inora ere ez daroana gainera, usaintzen jartzearen arrazoia. Smith-en legea, lagun, Smith-en legea! Kalean, olgatearren edo, autoetako ateak ikutuz datorren umeak abiaraziko dizu alarma, konturatzeke. Ume-jokoa da alarmena. Begira, umetan egiten genuen legez egitea baino ez daukazu.
Egunkariko orri multzoan bildu berbenetako lehergarriak, su eman eta bankuko etartean jaurti. Entzun, txo, lagun, bankuetako etarteak be etarteak dira, ezta? galdetu zidan, aurrera egiteko behingoan. Minutu erdi barru danbadaka hasiko dira lehergarriak sailean eta alarmak chips-irrintzi sostenutoa joko du. Ordurako, poltsikoan daroazun edozein giltzaz, zein buru-orratzaz, hurrengo dendako ateko zerrailan saiatu ondoren, horko «jabearen ahotsak» ere «eztarrihartu» nahi izango du kontzertuan. Sastarrontziak osti ederra jo dezake boutiqueko erakusleihoaren aurpegi gardenean; alarma garramatua suerta daiteke horkoa. Espraiak, berriz, automatikoak, txikika eta «itzulera gabekoak» dira. Hurrengo bankuko kliskadarik gabeko telebista-begi betierne papalerdoari betaurreko beltzak margoztu eta madarikatu egingo dituzu zeure belarriak, ze «dirua gutiziatuago, ulu elektronikoak aluago», The Clash-en kontzertuetarako adinako watioduna du-eta abozgorailua.
Egia da, guzti hau egin orduko hobe duzu semaforo sistima izorratzea. Erraza duzu, benetan. Kalean bertan daude kontrol-kutxak. Sirenei oso ondo datorkie argi horiak kinuka hastea. Azken finean, tekno-popa bera, zer da besterik, burgeseriaren semaforo izorratuei dagokien alarma-hotsen dantza errepikakorra baino? Sinestu hau, lagun, laster desfile militarrak «tekno» musikaz egingo dira. Tira baina, ez gara adarretan eta abarretan galduko.
Sabotaia artea da halaxe esan zidan, bisaia irribarrearen argitasunez aldatzen zitzaiolarik. A! eta arte erotikoa, izan ere. Smith-en legea ezda ezer artelan guztietan kontuan hartu beharreko beste lege hura barik, badakizu, «hondoa eta objetuaren» erlazioaren gainekoa hain zuzen ere.
Argia ez da ikusten, isiltasuna ez da entzuten. Sirena hotsaren gainean zamalkatzen den sirena hotsa, hori zelan nabarmendu ez dago, lagun. Hala da ze, Colon de Larreategiko antigualeko-denda horretako leiharra altzairuzko arrodamanduez tiragomak Euskalduna-ko hartako lehen gatazkakoak, primerakoak, halaxe esan zidan arren ez nion aipatu neu ere bertan ibilia naizenik laupabost aldiz jo eta apurtzean abiarazten den ahausi elektroniko bere buruari berari monotonoki jarraituak, ez du inor asaldarazten horrek. Nahikoa zeregina dute, txakurrek eurek ere, alboko kalean.
Oinezkook, eroslegaiok erakusleihoaz barrukoari so begiak galtzea zeharo ez eragoztearren zelan saldu bestela? zeharka jarrita dagozen burdinak ez ziren oztopo gaindiezina izan nire beso luzenga hauentzat. Mendekua era askotara hartzen da, hotz ezezik. Eskolan gelako adurrazto guztiek «eskeleto» esateko zuten aitzakia, beso luzeegiak izatea, hain zuzen, berori da nire armarik erabilgarriena; eta doazela zakila haginkatzera hortik horrantz.
Traje madarikatu horrek badaki lana ematen. Gainera, ostiral gaua izanik, inguruko alkoholtzuloak putaz, funtzionariz, txaperoz, despedidakidez eta gau-txori-txoro halakoez gainezka izaten direnez, joder!, begiluzez betetzen hasi dela denda ingurua eta ni, gu, denok, artega eta aztoratuta, ez ote gaituzten harrapatuko madero kamuflatuek, ze zuk badakizu halakoei zelako kilikiliak egiten dizkien ipurdian esan dizudan fauna horren erdian ibiltzeak.
Bada, apurtu dugu kristala, hasi da sirenotsa eta burutu dut «ekintza zuzena». Burutu ere, feminitatea apurtzen ei didaten alikate-besooi esker burutu nuen lana, dendako gainerako bitxikeriei jaramonik egin gabe horregatio, nik neureari ekinez.
Ikusi beharra dago ze jantzi kakamokordoa den bera eskuratzearren larrua jokatu duguna. Bularraldean gurutze gorria, lau ertzetan bigarren gurutzearen deseinu idorokatu baino egiten ez duten beste lau gurutze txikiago, dena lihoa-edo ematen duen ehun morkoan josita. Ehunari halako usaina zerion ustel-kiratsaren antzekoa, larregizko alkanforrak ere ezin kendu ziona. Ikuzi barik zegoen urteetan eta, gainera, bularraldean, bihotzaren lekuan, sekulako apurtura zeukan, txarto emandako lau jostorrazkadez josita. Halako jantzi potrozorririk!
Gurutzadetako jantzia dela, museoko pieza, parebakoa, bakana... Bertako batzuren jantziak ere museokoak izango dira hemendik urte batzutara. Baina, zer dira museoak, burgesiaren ideologiaren azken gordelekua baino? Zer dira museoak, menpekotasunaren era sofistikatua baino? Lehenaldi pasatua merkatalgai bihurtzeko bidea eta, beraz, hilen zorigaitzeko lepotik ere negozioa egiteko bide itzela dira etxekok eta enparauak. Museoak terrorismoa dira, ze, halako objetu pilak, izen sortak eta egile andanak, ikaratu besterik ez dute egiten. A! eta beti ere zitaren bat ahora ekartzeko aitzakiatzat balio duela eta guzti hori kontuan izan, harako pintore italiar ero renazentista hark zioen legez... Kakazaharra!
Antigualeko-dendaren inguruan bildutako batzu bai izan zitezkeela museo-piezak. Zertan ez hartu, hil, disekatu eta gero, zera, museora bidali, ohar eta guzti, esanez, «hara, hemen igortzen dizuegu funtzionari, txakur edo ministrari disekatu hau, ondo gorde dezazuen, etorkizuneko belaunaldiek gaurko gizarte hau zoriontsuago egiten duen ordenuaren oinarriak «no(r-l)akoak» izan ziren jakin dezaten».
Galdu egiten dut haria. (Berotu egiten zen teorietan neska, bai, haria galtzeraino). Kontua da han agertzen direla, neu baino histerikoagoak, hiru edo lau neska, traje hori gurea da esanez eta Kristo Gurutzeratuaren erronka sortzeko asmo sendoaz, susmatzen zenez. Horiek bai museokoak, neure artean esan orduko, eskuetara heldu garela. Normala denez, ikusleak no os mateis tias, zer da hau, déjame en paz, geuk ikusi dugu lehenago... Iskanbilaren erdian han egin nuen hanka edo burbila neure mobilette preziatuan (berau entzutean otu zitzaidan haren ezizena, Maribetti).
Beranduago jakingo nuenez, txakurren argi birakor berdeak eskaparatez eskaparate labanduz dendara hurbiltzen antzeman eta behingoan egin zuten alde guztiek, bai «aiskiriek» eta bai trajeguraz geratu ziren beste neskek ere. Kuzkuzeroek ez zutenez ez espaloirik, ez kalerik ez ezer despejatu gura izan, marroiek porrei eutsiko zieten, osti pare batzu erregalatzeko asmotan. Betikoa, azkenean, policía asesina! hogeiren bat metro haruntzago egoteak ematen duen ziurtasunetik misiltzat jaurtita aldarriok, korrikaldiak, errefuertzuak, kepoteren batzu, autoak gurutzatuta eta abar. Beti betikoak betikoan. Gerra «katomikoa», txakurrak ere ordu horietarako katu eta guzti ibiltzen dira-eta, mozoloak halakoak! Katudun baketsuek, berriz, zein kupeletan sartu ote duten burua, euren buruari galdetzen, eskenak errepikatu egiten zaizkielako, delirium tremensean baino sarriago manifaz beteriko hiri edo zulo honetan. Jefaturan, berriz lasai baino lasaiago habitualak, «la de esta noche no va con nosotros», sinestuta, pozarren.
Emakumeok gaineratu zuen izena gorde beharra daukadan beso luzengadun neskak naturak genetikoki geure geurea den akats eta guzti egin ei gaitu, zera, halako gutxiagotasun fisikoaz. Bale, orain arte halaxe izan ote den ala ez, nik neuk ez dakit. Dakidana da, berriz, orain arte lan asko ukatu egin izan zaigula, behar hainako indarrik ez dugula eta. Adibiderik? Miloika, infinitoak, mehatzetan hasi eta kamioi-kabinetan amaituta. Orain, baina, mendekuaren garaia heldu da; eta sasoia izan da. Elektronikak ibilarazten ditu makinak eta elektronika erabiltzeko, garunak besterik ez da behar. Emakumeok ere sabotaiarako bidea dugu, ume mokorik mokoenak duen antzera. Ez da nahikoa «Otordu bilutsia» zein «Yonki» irakurtzea, «Lana» ere irakurri beharra dago eta Toni Negri, Antonia Negri nahiz Antonio Negriren laburdura da. Hala da ze, sabotaiarako kanpai-hotsik aditzen ez baduzu, kanpai-mihiak eurak ere saboteatu egin ditugulako izango da, sinbolo faliko-klitorikoak izateaz gain...
Ez nien belarri barrutik garunetarainoko bidea luzaroagoan eskaini haren hitzei. Azken batean, ni neu, komisaldegian eta gartzelan hartutako ostien igurtziaren ondoriak ezer ere egin barik egon egonean egotearen bestelako igurtzi gozoaz kentzen saiatzen nintzen bitartean. Jantziaren mugida argitzen baino ez nenbilen, filosofia politikoa ikasten barik.
Halaxe jabetu omen ziren jantziaz, Zitrona eta biok Isa Billiren etxean izan gineneko gau berean, Elbira arnasestuka heldu baino minutu batzu lehenago. Elbira bera ere huts egindako lapurretan tartekoa izan zen. Sabotaia hau, Maribettik gurago zuen hitz hau lapurreta baino, kate luze bateko azkenetarikoa izan zen.