Kanpaina jotzen
Suposa dezagun edozein goiz neska etorri berria azalpena egiten hasi zen, jatekoari ekiten zion era berean, amorruz, udaberriko edozein goiz, bai. GranVian gora batzu, behera beste batzu, jendetzak itsaso bizia eratzen du. Hor erdian, igeri txarto dakienaren moduan, itotzear, erdi mailako ejekutiboa, presaka, berandu dabil eta; pozik hala ere, bart hormetan taldeko besteekin batera berak ezarririko kartelei begira, harrotasun lasaigarriaz begira eta begira, berauek direlako berandu ibiltzearen zergatia. Partiduaren kartelak direla eta beti harro ibili izan bada ere, are harroago dago oraingo honetako propagandarekin. Lehendakarigaia ze dotore, zelako Puccini trajea igartzen zaion argazkian, osorik agertzen ezdengorputz lerdena jazten berak ere berdintsua erosi beharko du horixe dela okotzaren garbia, buztarri-montura urreztatuko betaurrekoak bikainak direla eta «glamour» esaten zaion zer zehaztezin hori dariola deritzo. Beharbada ez da guapoena, zer esanik ez; orain, hori bai!, ze ondo egiten duen berba.
Bai ondo egiten dauala berba gure kandidatuak. Eguerdion entzun dot irratian berbetan eta...
Hitz egiten, txo, hitz egiten esaten da, garbiagoa da eta!
Alderdikideek halakoxe berriketak egin zituzten bart. Berak, nola nahi ere, filosofi-ur sakonetan murgiltzea izan zuen nahiago, nahiz eta ura hitz blai egon, troupe txikia eskailerak, umorea, baldeak, kartelak, eskobak, trapezistak; ahuntza besterik ez zen falta, gaueko kale-laberinto hartan betetzen ari ziren zereginaren sekulako garrantziaz jabetuta, nonbait. Bere arteko gogoetan ziharduen, atsegin tentelaz gogoratuz kolegio sasoiko adibideak. «Hara bestela inurriak, banan-bana lan egin eta denena batera pilatuz, lurrean jo eta ke».
Halako ostirik! Kontsigna hori ez da gurea.
Ahots goran irten zitzaizkion azken hiru hitzak ozen, bera konturatu gabe. Zertan zebilen, eta ea etxera joan nahi ote zuen galdetu zioten alderdikideek. Berak ezetz. «Aurrera indarrean» esanda, kartelei ekin zien atzera ere.
Kandidatuaren aurpegira doakio pentsamendua goizeon. Haren begiradak urrunean galduta. Hor nola dagoen faroletan eskegita «goragotik so», bada, halaxe begiratzen du etorkizunerantz adimen pribilegiatua izateak ematen dion talaia astraktutik, guztion buruaren gainetik eta guztion onerako.
Guzti honek sinbolismoa duela sinestuta dugu gure heroi anonimoa. Etorkizun argitsua bezain paketsua ikusteak halako islada irribarretsu eta aldi berean serioa ekarri dio begietara kandidatuari, serenitate sakonetako konfidantzaz gure untzia gidatuko duen hurrengo kapitainari, hainzuzen.Hortxe dago,barkukozubianbailegoen,zerumugara begira, ekaitzen erasoetatik jagoten gu guztiok, «lehorra, lehorra» aldarrikatzeko zorian.
Bai ondo egiten dauala berba gure kandidatuak.
Lelo berberari ekiten zioten behin eta berriro, azken kartelak hedatzen zituzten artean. Colon de Larreategi-Mazarredo kantoian lehendakarigaia hormaren kontra izan zuen; lanabesaren muturrean, papereko kokozpetik eutsita, zirt-zart hirulau bider gora-behera eta ezker-eskuin egin eta bertan ondo itsatsita uzteko moduan, laburra susmatzen zuen eternitaterako utzi ere, ondo baino hobeto bait zekien biharamunean banketxearen jabeek hormak ttukun zitzaten aginduko zutena. Berak bere aldetik bankuko lankideei bereziki dedikatutako kartela zen hura, goizean lanerakoan partidukoak ez ziren beste papalerdo erratu guztiek ikus zezaten, lehen kafearen aurretik, Patuak Lehendakaritzarako aukeratutako gizon haren aurpegia. Partidukidearen komentarioa aditu zuen. Berak, aldiz, lanabesaren puntaren puntan zuen kokotsari erreparatu zion. After Shave aurpegi perfektoa zuen eta aurpegiko zulotxoak Hollywood-eko artista itxura ematen zion «gure Gizonari», Kirk Douglas!
Korbataren hautaketan ezin beteagoan asmatu zuela pentsatu zuen bart. Goizeon, berearekin parekatzeari ekidin ezinik, lanerako bidean berriro alderatu ditu gorbatak irudimenean.
Gusto batekoak gaituk, bizar kontuetan lez, kokots...
Pentsamendua kraskatu egin zaio garunetako errepidean, bere karriletik irtendako sekulako trailerrak birrindu duen «kuatrolatas»aren antzean geratzeko. Hautagaiaren aurpegian azuldura nabaria antzematen du. Hazi egin zaio bizarra argazkiko aurpegian kandidatuari. Ezinezkoa. Beharbada txarto egin du lo. Ez baina. Kale osoko karteletan bizarra apur apur bat hazita duelarik ondo begiratu ezik inork ere ez nabaritzeko moduan beharbada, baina hazita halaxe ageri du bizarra kandidatuak.
Mahaira jezarri bezain laster kafea eskatu du interfonoz, horrexetarako bait dagoz sekretariak, ze karajo! Eskerrak solairuan denak partidukoak direna.
Eskerrak entxufeari pentsatzen du, beste horrena nirea baino hobea izan bada ere; bestela, zertarako politika eta politikondoa?
Albokoari kontatzen dio dena.
Lar nekatzen haiz kanpainetan. Kalte egiten dik lo egin barik ibiltzeak. Hoa goizago ohera gaurkoan, nahikoa egin duk orain artekoan eta. Egik larrutan, andrea abandonatuta daukak eta, ze nik neuk halako andrea izanez gero, kaguen politika guztiak! Apolitikoren bat aurkituko dik eta gero hor konpon! Hoa kexatzen partidura!
Zorotzat har lezaketen arren lankideak egin duenaren berdintsu «Edifizio»ra deitzea erabaki du. Hamaikak alderarte ez ei da inor egoten, sekretariak eta atea jagoten ari diren txakur txarto kamuflatuak ezik.
Heroi anonimoa eta lankideak hamaiketakoa hartzera jo duten une berean, «Edifiziotik Edifiziora» jotzen du telefonoak.
Oraingoan pasatu egin zarete burokratak ahots zatarrez, saboteatu egin dizkiguzue kartelak. Mundu guztiaren aurrean salatuko zaituztegu, ze hau ez da kanpaina hasi aurretik emandako hitza betetzea, ezta inondik inora ere.
Tranki, txo moztu egin du hariaz bestaldeko burokratak, geureak ere saboteatuta agertu dira goizeon. Bizarra hazten zaie, unetik unera, astiro baina gelditu barik, gizonezko gure kandidatuei.
Gizonezkoei... jakina gizonezkoei dena, azeri hori, emakumezkoek ez dutelako bizarrik, zuen partiduko atso zaharrek ezik!
Intsultatu barik, no te pases edozoaz bestela «kanpaina jotzera» txistea egin gura izan du, solaskidearen adimena gehibaloraturik; denok gaude barku berean, hala da ze, ze osti egin behar dugu?
Nik uste, kandidatuek bizarra moztu beharko luketela oraintxe bertan, ea karteletan ere desagertu egiten diren iletxo madarikatuok. Ados?
Heroi anonimoaren lankideak ere bere begi harrituez ikusi du egia, «Edifizioetan» telefonoak eskegi diren une berean. Astun egingo zaie goiza, artegatasun jakinguratsuz betea, harik eta hirurak jota kaleratu ondoren edifiziora azalpen bila joan ahal izan arte.
Barre egin zuen etorri berriak, azalpenetan etenaldia eginez. Doinu epikoa ezarri zion ostera kontaketan.
Bizarrak desagertu egin ziren karteletako aurpegietan benetakoetan desagertu ziren aldi berean. Hautagairen batzuk labaina erabili zuten; besteek, aldiz, bizargailu elektrikoa. Istripuren bat ere gertatu zen. Alkategai hark, belarripeko larrualde mamitsuegian sartu zuen aitzurra, sakon, jugularreraino ia-ia. Karteletan ere odoletan ikusi zuten oinezkoek. Araldeak inguratu ziren kartelotara. Hondamena.
Laupabost aldiz moztu zuten bizarra hautagaiek gauerako. Baten batzuren aurpegietan nabariak ziren sarraskiaren ondorioak. Harako erregek baino gorriago zuten aurpegia, hazkureak zorarazi behar zituen eta egun bakar batean edan ohi duten guiski baino lozio boteila gehiago erabili zuten.
Baten batek boikoteatu egin zien kanpaina, antza. Terrorismo hutsa, noski. Gainera, zenbait aldetan ezzuen eraginik izanhautagaiek bizarra behin eta berriro mozteak.Hasierako misterioari bigarren hau gehitzen zaio, bada. Hirugarren misteroia, aldiz, sabotaia amaitu, hasi bezala amaitu zela izan zen; besterik gabe. Ordurako, hala ere, partiduek gizonezkoen aurpegirik gabeko kartel berriak ekoizten igaro zituzten egunak eta diruak. Kalte sikologikoak galera politiko bihurtu ohi direnak bestalde, neurtezinak izan ziren. Hautagaien itxura maiestatikoak, geu gara estabilitatea aldarrikatu nahi diguten aurpegi estableek, igeriketa-lerroan nabaritu zuten torpedoa. Brrum!
Torpedoarena egin eta zutitu egin zen. Don Diegoren «posea» egokitu zuen.
Nola mendeetan zehar Partenon tenploa, hala geu, oreka armoniotsuari eusten, koloreak, formak eta edukiak bat egiten dituen izpirituaren leku pribilegiatu honetan.
Atzera jezarri zen.
Hara, berau duzue marketinaren bidez iragartzen zaigun mezua, propagandek adierazi nahi digutena. Eroalea ei da mezua. Eroalea aldatuz, mezua ere aldatu dugu.
Bizarra hazten zaio, kontrol gabe, txiza, kaka eta norkdaki besterik zer egiten duen honi. Ez diozue Olinpoko inolako jainkori ematen botoa!
Hara zer dioten orain.
Mezu berri honekin, gorbatarik edo sujetadorerik ez baina, estu lotu gabeko alkondara erabiltzen dugunon aro berria hasi da, kondatu dizuedan moduan, gitxi gorabehera.
Txalotu ere egitekotan izan nintzen azken hitzok Nosferaturen platereko litekeen azken kaneloni ferdeska irentsi eta batera bota zituen. Saman behera pasaraztearren beneno hura, hegaztiak legez luzatu sama, ttua irentsi eta bularra atera behar izan zuen. Ballet haren azken mugimenduari esker, lautada somatu nion alkondarapean, muino ttiki pareak doi-doi desorekatua. Yogurta mermeladaz eta aguakate zatitxoez, denak katilu berean, halako nahastea eragiteari ekin zion, amorruak gaindituta galdetu zionean Zitronak:
Guzti horrek zer zerikusirik dauka jantziaren gorabeheragaz. Joder tia, ez dakit nola zaren nahastura nazkagarri hori irensteko gauza.
Osasuntsua eta saludablea da. Geuk saboteatu genituen kartelok. Eta ez zaitez nire jatekoarekin sartu.
Isa Billik hartu zuen azalpenen txanda. Duncanek bazterretik begiratzen gintuen, miserikordiaz eta kupidaz, halako desorduetan zer zela eta ari ote ginen berbaldi amaitezinean preso.
Argazkietan diran aurpegietako bizarreri benetako aurpegiak dituan kanbio berberak eragiten deutsezen ukendua asmatu dau geure taldekide batek. Ustebako deskubrimendua izan da. Neska hori nor dan, ez deutsuet esango. Nahikoa izan behar dozue gure artean Mari esaten deutsogula jakiteagaz... hasi zitzaigun, luze izan zen azalpena egiten.