Mariren miraria
Egunez inprimategi ezagunenetariko batetan eta gauez zientzia ezkutuetan ari zen Mari. Jainko hirukoitzaren mito grekoaren barruan izan zitekeen edukin zientifikoa aztertzen eman ei ditu azken hiru urteotako gauak. Hiru urte eskaini Jainkosa Hirukoitzari eta deskubrimendu handi horren mesedea egin dio berak. Ez nekerik gabe, horregatio.
Hiru urteotan barrena, zuhaitz sakratuen izerdiak bildu behar izan ditu ilargi betea izan dengauetan,gau bakoitzean banatik. Belar izendezinak ebagi ditu zidarrezko segaz zenbat bitxi ez ote duen lapurtu eta urtu, burdin arruntezko halako sega normala zidarreztatzeko, noiz eta ortzean ilargia bera ere Marik erabilitako segaren kurbadura berberarekin agertu izan denetan. Azkenik, eta noizbait, denak nahastu ditu laranja uretan. Gero, geuri ere esan ez digun beste zerbait burutu eta ukendua prestatu zuen. Ukendu hori zertarako ote zen, berriz, berak ere ez zuen jakin, bere asturuak artizarrak iragarri egin zion arte. Ustegabean izan da.
Inprimategira lanera behartu zuten gauez ere, kurroaren asuntoa zein txarto dagoen denok dakigula, ugazabek zer esan berori egin behar izaten da eta. Hauteskundeetarako kartel piloa inprimatu beharra zegoen. Goizaldeko bostak alderantz geratu zen artizarra izarzurtz hango sabai morean. Halako batean, gauerdiko hamabietan inprimatutako lehen kartelei errutinazko errepasoa eman zien. Orain ja denok ezagutzen dugun «bizarraren sindromeak» jota ziren kartelak. Gau hartan egindako guztia errepasatu zuen. Non ote zetzan gakoa, bueltaka bere buruarekin, laborategitik inprimategira eskuak garbitu barik etorri zela konturatu zen. Atzamarrei itsatsirik ekarri zuen Jainkosa Hirukoitzaren ukendua. Hala da ze, ukenduari zor zitzaion miraria. Behin eta berriro frogatu zuen hurrengo egunetan. Ez zegoen zalantzarik, ukendua kartelen gainean zabaldu eta hazi egiten zitzaien bizarra argazkietakoei.
Emakume taldean kontatu zigun -etorri berriak, Birak, hitz egiteko txanda hartu zuen, yogurtezko mokordoa ere sabelean gorde ondoren, sinestuko ote genion bildurrez kaka zeriola, ze aurretik ere askok Mari zorotzat jotzen izan du eta. Frogak aurkeztu zituen. Eta orduantxe sortu zen plana.
Ez dut jantzirik ikusten nik oraindik hemen. Kontaizu arinago ba...
Atzazalak haginkatzen hasi zen Zitrona eta katua neure oinetara bildu zen.
Ukendu kantitate handiak egin eta propaganda karteletan zabaldu, ea hautagaia izateko gizonezko izan beharra oztopo bilakatzen zen, hara gure plana. Planaren akatsa, berriz, ukendutarako dirua nondik atera, ez zen besterik izan. Zidarrezko igitai gehiago, zuhaitzak eta, bidaiak eta, handiak ziren premiak. Frogako ukendu harekin kartel banakak saboteatu genituen baina, ezin gainerakoak hondatu.
Bahiketa, atrakoak, kalea egitea Billiren txanda zen berriro ere, danetarikoa pentsatu genduan. Soluzioa, dana dala, Anak eskeini euskun.Soluzio erraz eta garbia. Morroi erdi zoro batek diru ederretan pagatuko eban halako traje edo jantzi bat lekuz aldatzea. Pentsatu genduan ba beharra geuk egin eta gero trajea saltzea teilatua itoginez josita ei daukan horrexeri fulanoari.
Joder jantzia! Ze jantzi, kaguen fraile-komentuak, batzokiak eta herrikoak!
Paper kutxean eta kolorez inprimatutako panfleto bana luzatu ziguten ahizpek. Katuaren zurrungek zurrun eta zurron rona eskatzera behartu ninduen. Dzanga edan eta irakurri, leidu eta tragotxoa edan, katalogoa irakurri nuen. Panfleto hark zioena eranskin gisa duzue azkenean. Nik neuk, hori irakurri eta atoan erabaki nuen ez nintzela hilko marabila hura, gure herriak Sionisten Zerbitzu Sekretuei, Mossadi, onerako zor dioten bakarra, neure begiez ikusi gabe.
Ondoko lerroak idaztea izan badut, berriz, jakingura horrek azkeneraino akuilatu ninduelako izan da. Eta itxura guztien arabera hain garrantzi handikoa zen jantziaren berri zelan jakin zuten emakumeek, artean ere emakumeok osatzen zuten taldeko kidea izan eta puta fin ziharduen Anaren bidez jakin zutena jakiteak neuk ere, zorroztu egin zitzaidan jakinguraren akuilua. Berriro ere, neska etorri berriak, Elbirak, ihardun zuen. Ezarian ezarian, eta bidenabar, Diruaren inguruko Zazpi Zirkuluekin duen teoria ere azaldu zigun.