Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Gurutzatuok

 

—Gurutzatuok emakumerik gabe ohi ditugu basamortuak zeharkatu, mendi gailurrak gainditu, itsasoak alderik alde ibili beste laguntzarik gabe, zaldia, ezkutaria eta gainerako zaldunenaz ezik, atzean jarraitu zaizkigularik giza aldrak, pekatariak, zin-hausleak, lapurrak, emagalduak, sasi eremitak, elbarrituak, urkamendiragaiak, legedunak, bidelapurrak, erahileak eta beste, guztiek bizitza non berriro hasi helburu, lurralde kristaugarriak bilatzen, Jainkoak bekatuak barka eta loria eternala eman diezaien helburu. Emaztea eta semalabak sorterrian utzita, haragi minak jo ohi gaitu gu ere, pekatuaren ondorio dena pekatuak deitua izaten bait da; inoiz, grina lizunari uko egin ezinik, hala zaldia edota ezkutariarekin nola jarraitzaile aldrako emakumezkoekin egin behar izan dugularik pekatu.Horrexegatik dahain zuzen ere diola Ramon Llullek:

«Pizti guztien artean bilatu zen ederrena, arinena, gaituena lan handiari eusteko, gizonari zerbitzatzeko egokiena. Eta nola zaldia den nobleen eta komenigarrien gizonaren zerbitzurako, horregatik izan zen hautatua zaldia animalia guztien artean eta emana gizonari, zeina beste hamaika gizonen artean hautatua izan den; eta horregatik gizon hari ematen zaio izena zeina den zalduna».

—Pekatuzko lohitzean narraz eta arrastaka ibiliz zikindu ondoren, penitentzia egitea dagokigu bioi. Zoaz alboko gelara eta egizu otoi; gau osoan ahal baldin baduzu, hainbat hobeto, gure arimen aldeko erreguz, arren, nik neuk egingo dudan bezala.

        Hitzok entzutea besterik ez zuen falta neskak, zalduna zorotzat jo zezan.

        Alboko gelara ostendu zen, bada, aginduari men eginez. Espermak, han barruan, larritu egiten zuen, gero eta areago, harik eta okalarria jasan ezinik komuneko zulotik botazuen arte. Berak ere zer zen ez zekien zera irten zitzaion, behazuna edo. Zaldunaren lantza landaturiko zaurian isuritakoa arretaz garbitu zuen. Ohean sartu zen. Jantzi gabe zegoen manikia etorri zitzaion burura. Gelako lekurik hoberena hartzen zuela eta, ulergaitz egin zitzaion. Zartada-hots arin eta arin baino bitxiagoek atera zuten gogoetotatik.

        Zizt! Zart! Zizzzt! Zart! Airea ebakitzen zuen zerbaiten ziztua lehenik eta kolpe-hotsa ondoren aditzen zuen, behin eta berriro, zizt! zart! zart! Arnasotsak ailegatzen hasi zitzaizkionean berriz, ikaratu egin zen.

        Jagi eta atera jo zuen, zerrail zulotik barrendatzera. Narda eragin zion ikusi zuenak.

        Gerritik behera biluzirik eta gerrian bertan marapilodun soka bat estututa —geuk azaldu genion arte, ez zuen jakin zilizioak zer diren Anak—, zazpi adartxo malgu dituen larruzko zartailuaz bere lepoa zigortzen ari da gurutzatua. Odolezko latsak ugaltzen zaizkio sorbaldan, galtzarbetan, gerri inguruan. Estuago egiten zaio unez une arnasa. Zoroa! Halako eraginik «kokak» berarengan, ezta sekula ere!

        Gelako atea badezpada ere krisketaz itxi eta bere bainugela partikularrak ez zuela gelakoa baino beste sarrerarik konfrogatu zuen ere Anak. Hala egitean zuzen jokatu zuela erizteko zioa laster antzeman zuen. Atea jo zuen zoroak.

        —Pekataria zara zeu ere. Utz nazazu zigor zaitzadan, edo bestela zigor nazazu zeuk ni. Arren, pekatari hori, damu ezazu egindakoa!

        —Jainkoak zigor zaitzala, ez nik. Suemango diot gelari isiltzen ez bazara, zoro hori!

        Ez zion aterik zabaldu, jakina. Nekatu zen exekutibo yuppi irtena, azkenean ere, fraile negartiaren ahotsaz alferrik egin eta egin dei eta aldarri, aldarri eta dei. Isildu egin zen. Ateko zerraila zuloan zehar kirikatuz atzera ere, ohe aurrean belaunikaturik ikusi zuen pekatari damutua. Piztuta zuen kandela bakarraren argipe durduzuratiak eragindako itzal-argi horiskez inguratuta, difuntoaren mamua baino hilobiaz haruntzagokoa eman zion.

        Jakingurak jota, gelako armairuan miatzeari ekin zion Anak. Argazki-liburua aurkitu zuen. Txikitakoak, kolegioko maila guztietako urtez urteko gelakideenak, Unibertsitatekoak, «tuno» jantzita, ezkontzakoak, umeekin —hiru ziren, bai, susmatu bezala—, ehizean, afarietakoak, ohizko oroitzapen igartuak zeutzan bertan.

        Beste tiradore bat atera zuen. Alkanfor usainak eskua sudurrera ekarri eragin zion. Tuno jantzia zegoen bertan. Zuzenbide fakultatekoa. Abokatua-edo genuen gizona. Tira! Hurrengo tiradoreari ekin zion.

        —Kristo eta Lenin!

        «Cofradia de la Santa Cruz» delakoaren uniformea zen hura; KKKekoaren antzeko txano konikoa, tunika luzea —moreak biak—, sokadun sandaliak eta turutatxoa, beronen eskutokian lotuta zegoelarik nongouniformea zenzioenbanderatxoa. Beraz, tipo huraBazko Igandearen aurreko larunbat iluntzean urtero Bilboko kaleetan behera, ez dakit non abiatuta Hirugarren Zirkuluko —Dirua zaintzen duen Sinesmeneko— katedraleraino astiro astiro etortzen ikusten zen prozesio hartakoxe partaidea zen.

        Orratz-ziztada bezain bortitza etorri zitzaion mina eskuturretako zainetara, oroitzapenak jo zion zartadaren ondorioz. Odola bera ere mindu zitzaion.

        Turuta eta danbor hotsek erritmikoki neurturiko zarataren barruan desfilatzen ikusi zuen infernuko irudi hura bera zeukan buruan Anak; han aurrean, apezpikua ekisaindu eta guzti, abade aberastasunez jantziak, monagiloak zirial eta gurutze zidarreztatu astunarekin; atzerago, turutalariak eta atabalariak militar erara lerrokatuta eta tiradorean zetzanaren berdinak ziren jantziz estalita gorputzak eta buruak; ostean, oinutsik asko, sandaliez jantzita oinak besteak, denak arropa berdinez, kofradiko enparauak, umeak ere tartekoak zirelarik; azkenean, jende jarraitzailea, larruzko soinekoz eta urrezko gorbatorratzez babestuta soin pekatariak. Trafikoa moztuz munipek bidea ematen zioten korteiuak egundoko dardara eragin zion arartekoan; eta oraingoan ere, jantzi izukor hura begien aurrean izatean, alde egiteko premia larria etorri zitzaion, bihotzetik urdaileraino burdindu zitzaion estura sendarrean labanduz bezala. Zelan alde egin baina? Hurrengo goizerarte eutsi beharko ote zuen bertan, galderak larritu egin zuen.

        Larridura izu bilakatu zitzaion laster. Gizonaren aldarriak aditu zituen lehenik eta kolpeak atean laster.

        —Irten edo atea behera botako dut bestela —gizonaren ahotsaren gainean zartailua aidean eragitearen ziztada-hotsak nabari zituen.

        Anak leihoa ikusi zuen salbaziorako bide bakar. Erdi jantzita, bere gauza guztiak eta oheko manta harturik, hari buruz joan zen, denbora irabaztearren gizonari ziotsolarik:

        —Egon mesedez, komunean nago eta.

        Leihoa zabaldu eta itsasoko usaina etorri zitzaion, umel eta epel.

        —Gau giroa dago eta, popatik hartzera, kanpoan egingo dut lo —zioen bere artean.

        Tartetxoa zegoen beheko belartzaraino. Defentsa pertsonalerako klaseetan ikasitakoa birgogoratu zitzaion. Belaunak nasaitu, salto egin, behea ikutu eta epa! gorantz, zutunik. Hantxe zegoen, bada, ihes egiteko prest. Akre ere han agertu zitzaion, usnaka. Jabearen usain bera aditu behar izan zion, milizkatzen hasi bait zitzaion.

        —Akre, Akre! —burdinezko hesian gora egin zuen eta handik berriro jauzi kanpora. Geldi hor, geldi hor!

        Danbada itzela entzun zen. Uhuka alde egin zuen hontz pareak han urrean. Atea behera bota zuen azkenean ere. Leihoan agertu zen gizona. Gerritik gora ikusten zen gizona, soina biluzirik eta zartailua eskuan, amorruzko puzkadatan eta arnasoska.

        —Akre! —deitu eta han agertu zitzaion txakurra—; alde egiten utzi duzu?

        Uhurietan urtzen zen txakurra jabearen ahots zemaikorraren beldurrez. Ana ezkutaturik zegoen, gizonak zer egingo zain. Ez zuen ezaguna ingurua, ez zekien nora alde egin. Gizonak leihoa itxi eta barrura egin zuen. Argi guztiak iraungi ziren ostean.

        —Tira, Ana, baketan utzi haugu eta, egin lo.

        Eta halaxe hartu zuen loak; ofizio horretan arriskuak itzelak direla eta, hasi beharko ote lukeen beste diru iturriren baten bila, iturri epela, haize hegoa, iturri epela, kantu isilean galduta akordua.