Speed gauak
Speed gauak
1991, nobela
154 orrialde
84-86766-37-0
azala: Joel Peter Johnson
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Zazpi zirkuluetan

 

Ana Luisak puta egiten du lan. Emakumezko den aldetik askapenerako lehen pausotzat jotzen bait du berak diruz independientea izatea. Ez du edonon iharduten, hala ere, ondo ezagutzen duen geografian baino, Diruaren Bigarren Zirkuluan hain zuzen.

        Lehenengo zirkulukoak ditu bezero. Arkitektoek elkarren berri jakin gabe eta euren mizkerien bidez praktikotasunaz gain beste zerbait bilatu edo adierazi nahi izan bailuten, eraiki dute Zirkulu sakratu hori.

        Gran Viatik begiratuz gero banketxe nagusien egoitzak diren edifizio berberen atzekaldeetan bestelako negozioak dira nagusi. Jantzi dendak —barruko jantzi finak—, okindegiak, ultramarinoak, mertzeriak, merkatua, hots, emakumeena ei den munduko harekikoak hedatzen dira. Monstruaren alde horrexetan bertan dira, baita, saltoki guztiokin nahastuta eta espaloi berberetan tartekaturik, exekutiboek zapaldu ohi dituzten kafetegi eta «ristorante» dotoreak, New Yorkeko cityaren «urruncopia» izanik gehientsuak —nik neuk ikusitako zinemaren arauera—, eta London amestuaren irudi desitxuratua emanik gainerakoek.

        Errealitate bakarraren alde eskizofreniko biak osatzen dituzte guztien artean.

        Berauek dira Lehen Zirkulua, Diru-Jabeen Egoitza eta Aginte-Zubia.

        Goizean goiz hasten da ttukunketa-emakumeen ekina zirkulu honetako alkoholtzuloetan; barteko hondakinak bildu, behea distiratu eta komunak amoniakoz eta lixibaz desinfektatu, eguneko lehen bezeroen zapata beltzen artean lanbasa pasatzeko azkenik. Geroago, emakume portugaldarrek, ijito-umeek, plastikozko hankadun elbarrituak, gazte langabetuek eta era guztietako eskaleek hortxe ihardungo dute, eskean. Laugarren Zirkulutik datoz, handik non herdoila eta ugerra diren nagusi. Laster, arrandegietako mutilek furgoietatik kaxak deszamatzen dituzten artean, txakurren «letxerak» gaizkilez eta Zazpi Zirkuluak ingurutzen dituen Zirkulu Aipaezineko «terroristez» beteta ei doaz. Auzitegira abiatzen diren unean, atso aberatsak dorreak jaustean legez makurtuta dirudunen elizan meza entzutetik irteten direnean, gutxi gorabehera.

        Goizerdi alderantz pil-pilean izango da zeiako giroa. Enplegatuak, «el guisqui y dáme cambios para la máquina y para tabaco», eguerdia hurbil usainduko da eta eguneko menu-plateren berri iragarriko da ate-alboetako karteldegi ttukunetan.

        Izotzez zamatuagoak eskatuko dira edariak bazkalostean eta arratsaldea bulegoan eman behar izan dutenek, txiribogara egindako bizpahiru ihesaldiren ondoren, lasaitasunez joko dute —azkenean ere!— arratseko lehen scotch laztana. Bigarren Zirkuluko ateak oraintxe zabaltzen dira.

        Ingeles erako «old tavern» berriak, «Sir Zera» edo Bretainako hiri-izenekoak, haltzari garestiz sailkatutako ihardun-eremuak, oihal astunek erdi itzalduak, musika estereotopikoz zipriztinduak, apaletan errege-sagen izendun etiketadun edari garestiak agerian dituztenak; hor sexuaren bila jezarrita —eta aldi berean, abiadan— diren otsoek ehiza-lekutzat hartu dituzte inguruok. Aukerako ardiak, bildotsak, oiloak, oilandak, edo dena delakoak, ez dira urrun, inguruko sofa neumatikoetan baino. Emakume neumatikoak larruzko jezarleku neumatikoetan.

        Anak ez du halakoetan egiten ia, aspaldiko partez. Roilo txarregiak, tripa handiegiak, brandy larregi eta musika enpagugarriegia. Pop estilokoak ditu maiteago. Exekutiboak ere gazteagoak izaten direlako beste modernoagoetan; halakoek, gainera, badakite kokazko lerrotxoren bat edo beste eskaintzen eta, hobe ez, alderantziz zintz eginda —kanpokoz barrura— holaxe gorputzeratzen den hauts zuri hori izaten da adorea ematen duena tipo-ezezagun-itxuraz-aberats-eta-alkoholez-nahiko-kargatuaren motor indartsuan igo eta —argirik ere piztu barik oraindik— sekulako zapatakada jota azeleragailuari zeretik hartzera joaten ausartzeko, ipurdian burdin goria sartuta baino izorratuago, bederatzirehun lurrun-zaldiren jabe zamalkariaren gerriaren inguruan estutuz besoak, aupa kostalderantz!, Loewen hogeitamar mila pelako gastua egiteko txekea jada sinatuta eta ondo baino hobeto gordeta boltsan. Bostgarren Zirkulua zeharkatu zuten, hots, fabrikaldeak, ibai hilak, mendi erreak, porturen bat, hirulau baserrietxe.

        Pausaldia egin zuen Birak, arnasa hartzeko edo, guzti hau arrapaladan kondatu bait zigun. Beste gintonik bat atondu zidan Zitronak bitartean.

        Beste askotan ez bezala motorrera igo zen une horrexetatik aurrerakoa ere kontatzen hasi zitzaigun taldearen hamabosteroko bileran Ana.

        Beste edozein bezerorekin izandako beste edozein mugida bezalakoa izan zenentz galdetu genionean —hala izanez gero, batzarra amaitutakoan kondatu bait zigukeen kontatzekoa— ezetz, gure bizarkaria —halaxe esaten diogu gure produktu miragarriari— parra-parra ekoiztu ahal izateko diru-iturria bertan zegoela esanik, aurrera jo zuen.

        Esan dudanez, adorea behar izaten da berrogei urte inguruko exekutibo-guiskiz-ondo-bustiaren motorreko atzekaldean igotzeko. Txekeak eta bostmilako kiribikatuan gora irentsitako hauts zuriak —artean ere sudurtzuloan kilikilika zebilkiona— munduari betortzak saman-saman iltzatzeko kemen ezaxolatia eragiten zioten neskari. Hogeitabi urteko ikasleari, goiganbararen jabe izan eta noizean behin bezero garestiren bat aurkituta larrutan egiteko aurkako aurreritzirik ez duen neskari, zer dio gizonezko gehientsuek emakumezkook gainbalioztatu egiten bagaituzte ere? Areago, gainbalioztatu ezezik unibertsitateko gai sasi-intelektualak erraztasunez erabili ohi ditugun neskon aluan barneratzeko irrikan bizi badira eta hala egitearen truke hogeitamar mila pezeta emateko prest badira, ondo baino hobeto. Alabaina, hau ez da taldekide guztien filosofia, Anarena baino. Beharrezkotzat jo dut hau argi uztea. Aurrera egin baino lehen. Galduta nabil. Non gaude? Ene! Bai, motorrean exekutiboarekin batera.

        Bada, motorra geldiarazi, poltsikotik irekigailu elektronikoa atera eta garajeko atea zabaldu zuen exekutiboak. Seigarren Zirkulukoa, aisialdirako etxea, ez ei zen ondo ikusten, argi barik eta hilberri gau hartan. Zazpigarren Zirkulua itsasoa zen. Hantxe berrasten da dena.