Kristalezko bularrak
Kristalezko bularrak
1990, ipuinak
102 orrialde
84-86766-26-5
azala: Otto Dix
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

ARMIARMA

 

Festa bukatu zen. Seguru aski Beatrice azkeneko bisitekin agurtu-aurreko solasean arituko zen, pentsatu zuen bere gelatik Christophek.

        Festa nardagarria! Christophek ez zuen inor ezagutzen eta marmux, bere pentsamentuetan xortuta egon zen denbora guztian.

        Tortura bat izan zen!

        Negu hartan auto-istripu larri bat izan zuen. Gogoratzen zen elurra ari zuela eta berak, errebuelta batean, frenoa sakatu zuela eta erroitz baterantz amilkatu...

        Ez jakin zenbat aste igaro zuen alkohol pote kristalezko batean kontserbaturiko buru xoil bat zela sentsazioaz...

        Noizpait etxera bidali zuten...

        Eskaiz inguratutako jardin ederra zuen Angeluko auzo erresidentzial bateko villa handi batean bizi ziren Christophe eta Beatrice.

        Istripuaren ondorioz Christophe hanka-besoez erabat ezindurik gertatu zen, eta entzumena eta mintzamena ere arras galdu zituen. Buruari zegokionean, lehen denboretako hainbat eta hainbat detaile ahaztu zitzaiola konturatuta zegoen.

        «Ahuña»ko beheko solairuko gela zabal batean paratu zioten Christopheri logela. Hango ohetik higitu gabe egin zituen lehenbiziko asteak, bertako leihotik lore gorri ugari zuen jardineko bazter txiki-eguzkitsu bat ikus zezakeela.

        Hilabete haietan arreta handiz, amoltsuki erabili zuen Beatricek. Zergatik orain halako beldurra...?

        Gaur, batez ere!

        Beatricek bere zazpi-zortzi lagun gonbidatu zituen festa hartarako.

        Lehen ere beste horrelako batzutan gertatu zitzaiona, pertsona haiek, hasieran, berarekin ere mintzatu ziren, adiskidetasunez esku-zaflak eman zizkioten bizkar-masailetan, ordea berak ez bait zituen ezagutzen harriduraz begiratzen zien: harriduraz, noski! Harik eta besteek, errukiz, begirada bazterkatu eta beren arteko solasean segitzen zuten arte.

        Zein ziren, Beatrice! Zer esaten zizuten, niri begira!

        Jende xori-apaina... Jende leun, eta tolesa!

        Haien autoak demarratzen arituko ziren...

        «Ahuña» beste lau villatarako sarbide ere bazen cul de-sac batean kokaturik zegoen, alderri izkutu batean.

        Christophek bere arnasaren barru-hotsak somatu zituen, bihotzaren taupadekin nor-gehiagoka bizian...

        Beatrice oso alai aritu zen festan, etengabe batengandik bestearengana, irri eginez eta edanez. Christophek, bere txoko isiletik, emaztea armiarma-sare lodi bat ehotzen ari zela inpresioa zuen...

        Bere gelan zen orain, erabateko ilunean, Beatrice etorri eta erantzi eta ohean sarraraziko zuen momentuaren zain.

        Martxoan etxera heldu zenetik ez zion behin ere hutsik egin emazteak, beti jazten, beti erazten, beti komunera laguntzen eta — ume ttiki bati gisa— gosaltzeko ematen. Gelako garbiketa, aldiz, neskame txaparro konkor samar batek egiten zuen, beti izaten bait zuen xahu eta txukun.

        Han, gela-goian, ordea, neskame txaparroak eskobaz iristen ez zuen lekuan, bere armiarma ñabarra zen, etxean begiak irekijzituen momentuan ikusi zuena eta harezkero etengabeko saregintzan aritu izan zena.

        Hilabete batez bere lagunik onena izan zen armiarma ñabarra: iluna... iletsua... bere kasakoa...

        Ohetik eta egunetik egunera ikusi zituen Christophek armiarma hark bere triangelu erako sarean egindako aurrerapenak. Sarea sabaira ongi tinkatu eta gero, ixkin-ixkinean eraiki zuen enbutuan gorde zuen bere burua. Handik atera gabe egun asko! iragan zuen, ez bait zuen, alajaina, neskame xepelak harentzako jangai ziratekeen euli edo moskitorik irits zedin uzten!

        Azkenean, bera jeiki baino lehentxeagoko egun argitsu batean, gelan zebilen euli txatxu bat haren sareetan erori eta armiarmak haren gainera salto eginez paralizatu zuen, Christopheren ezpainetan irribarre bat loratu bait zen...

        Beste behin, medikua etorri zen, ohizko probak egin zizkion eta gero, pozkarrizko zerbait esan bide zion Beatriceri, honek eskuak debotki elkartuz xamur eta xeratsu begiratu bait zion. Handik bi egunetara arrodaulki batean ipini zuten.

        Egun hartatik aurrera bizitza aldakorragoa suertatu zitzaion. Inoiz telebistara begira, inoiz leiho zabalaren parean, jardinera so jartzen zuen Beatricek.

        Beatrice!

        Zer dela-ta jantzi duzu soineko ñabar, apaingarri txuriekiko hori!

        Zer esan nahi zenidan mahaiaz bestaldeko irribarre horiekin!

        Christophek matrailak estutu zituen.

        Noski, Beatriceri esker hedatu zuen Christophek bere mundu berriaren ezagupenen esparrua. Izan ere, udaberriarekin, jardinera ateratzen hasi zen arrodaulkian. Hantxe, guardasol handi baten pean, denbora entretenituago igarotzen zuen Christophek, eta bertan bazkaltzen eta askaltzen ematen zion emazteak.

        Beatrice, aldi hartan, (ordura arte ez bait zen inoiz etxetik ateratzen) bere kanporaldiak maizagotzen eta luzeagotzen hasi zen, eta Christophe, bere etxe-zokotik, ikusi beste deus ezin egin-da, jardineko mozorroekin erreparatzen hasi zen.

        Hasieran, apirila eta maiatzean, jardinaren erdian egoten bait zen, alderdi hartako txingurri motelez elikatzen ziren lur-armiarma txiki-beltz korrikalariak eta intsusi-zuztarretan mukuluka atxikitzen ziren eta amona mantan-gorriek lehiaz jaten zituzten hauts koloreko zorriak zituen denborapasa.

        Ekainez, beroago-ta, Beatrice aranondo azpira eramaten hasi zen.

        Han, armiarmak ziren nagusi!

        Armiarmetarik, beltz ttarrapatariak alde bat, beste bost espezie ezagutu zituen: apenas haririk ekoizten ez zuten luze-trosko batzuk, bait ziren armiarma galkor eta bakunak. Aranondotik jaurtikitako hari ezinago meheetatik zintzilikatzen ziren armiarma gorri-txirtxilak, beren tipitasunagatik zer jaten zuten ezin izan bait zuen sekulan antzeman (horietako bat, bere esku mortu gainean pausatu zen behin, eta hatz artean ibili zitzaion, bere sareñoa hedatuz). Beste bat, ale beltz eta marroa, paretaren zirrikitu ilun-gorde batean altxaturik bizi zen —jardin-festan hain zuzen Beatriceren lagun sudur-harro bati, eskua haren etxe ondoan paratu bait zuen, bapatean aterata susto ederra eman ziona...!

        Laugarren eta boskarren espezieak antzekoak ziren itxuraz eta bizikeraz, biak ziren-eta saredun, nahiz eta sare tajukera oso desberdinak zituzten: batak, kolore horikail zikinekoa, era anarkiko, intuitibo batean ehotzen zuen, besteak berriz, handixeago eta gibelean gurutze-antzeko marrazki txuri bat zuena, zirkulo perfektoa osatzen zuen, ertz-harietatik has eta gero diagonalak eginez eta azkenik erditik kanpo alderako bueltak emanez — ikusgarri zen armiarma tipo horrek, gibeleko hanketariko baten laguntzaz, nola lan egiten zuen.

        Ume antojagarri hura! Eskaien kontra bota ez zuen bada baloia, behin eta berriro! «Eh!» berak hots egin nahi izan zion baina inork ez zuen erreparatu... Tximista batek leherraraziko al zituen!

        Aranondopetik, Beatricek uzten zuen lekutik, burua piska bat jiratuz, armiarma marrazki txuridun haietarik hiru ikusi ahal zituen Christophek oso ongi, eta beste batzuk urrunago. Zela sarearen erdian, zela sare ertz bateko gordeleku egoki batean, armiarma haiek euren hari lirdingatsuetan harrapakinen bat erortzeko zain egoten ziren. Orduan, jauzi batez, armiarmak atxiki egiten zion bere biktimari eta, kilazeroez eutsiz, aurreko hankez itzuliarazten zuen eta zeta hari lodiaz edozein mugimendu galerazten zion. Ondoren, sarean gertatu ziren maketsak konpontzen zituen eta gero, zalukara, harrapakinarengana itzultzen zen eta, bai zulora eramanik, bai sarean bertan, plazer handiz ekiten zion haren barne likidoen xurgaketari.

        Ez ziren txarrak, euliak! Berak ere, jardinean, probatu zuen azken egunetan, paretik pasatu ahala, harrapatzen...

        Afarian ere, inor ez begira-ta, grausk!, bat atzeman zuen!

        Pastelak baino gehiago gustatzen zitzaizkion orain euliak eta!

        Christop hek eztarria lehor somatu zuen. Gora begira zegoen, han sabaian ilargi betearen argitan geldi-geldirik antzematen zen armiarma ñabarrari begira.

        Beatricerekin gogoratu zen ikaraz.

        Beatrice! Arropa!

        Ez al zen etorriko!

        Ikara handia sentitu zuen Christophek, jardineko bere itzalgune hartan lasai-lasai jarririk zegoen arratsalde batean, ikusi zuelarik nola arrosa-sasiko armiarma eme (odol-egarri) batek, egun pare bat deus jan gabe zeramana, bere espeziekide bat ziplatu zuen.

        Sare ondoko arrosa osto batean aurkitzen zen kurubilkaturik emea. Arra — ikusi zuen Christophekemeki emeki hurbildu eta adarraren xoko-moko batean gorde zen. Gero, tentu handiz, emeak kasu egin ziezaion ahalegindu zen: pauso bat aurrera emanik, sarea ukitu bait zuen...

        Emeak, konformidadezko mugimendu lebe batzuk eragin zituen; hartaz arra, lasaiago, harengana menturatu bait zen eta, apur bat limurtu eta gero, jokuan hasi ziren. Ordea pedipalpo-bidezko sexujotzea eta gero arrak lasterka ihes egiten saiatu bait zen, emeak braust! gainera etorri zitzaion, inmobilizatu zuen eta, biktimaren auxi ahulak gorabehera, bertan jaten, xurgatzen hasi zen, errukigaitz.

        Biharamunean haren ordez zango bihurriekiko gorpu bat azaldu zen...

        Armiarma arrak halaxe ibiltzen ziren Ahuñako jardinean, errari eta koloka...

        Christophek bazuen gogorapen urruna, bera ere, denbora batean, horrelaxe ibili izana, neskaz neska, kontu handiz, non ez bait zen beldurrez, bat eta bestea maitatuz, arriskugarrienak ebitatuz, ziren ederrenetan otzanengana hurbilduz.

        Eme batek harrapa bitarte!

        Bera Beatricek harrapatu zuen! Berriz ere, behin ere

        baino zorrozkiago heldu zion sentsazioak... Christophek alde egiteko beharra sentitu zuen — lehen, jardinean bezala, inor ez bait zen bere beldurraz ohartu.

        Ezin zen mugitu! Beatriceren menpe...!

        Paret-arrakaleko armiarma beltzaren gisa irudikatu zuen Beatrice.

        Ahuñan ere emea nagusi! Eta biktima bat, bera!

        Baina... atea irekitzen ari zen! Beatrice! Heldu zen zulora!

        Atean estrapozu egin eta begietan sua zuelarik begiratu zion.

        Bere gorputz luze eta ziraunaz.

        Bere ile ilunaz eta bere aurpegi sekailaz. Hurbildu egin zitzaion. Gizon-gose zen!

        Gorputza berotzen ari zitzaiola somatu zuen Christophek. Izu-laborrituta zegoen!

        Beatrice ohean, bere ondoan jarri zen. Desioz begiratzen zion. Alkandora altxa eta gorputza ukitzen ari zitzaion. Christophe erbail sentitu zen, terroreak atzemanda...

        Zakila! Zakila gogortzen ari zitzaion. Beatricek atxiki zion. Kontuz, arteziaz laztantzen zion. Gero estutu zuen...

        Galtzak!

        Ez! Lehenago, korritzerik nahi ez zuenean, erabiltzen zuen trukoa gogoratu zitzaion: ume bati lepoa mozten ari zitzaizkiola imajinatu...

        Alperrik...!

        Christopheri arnasa biziagotu zitzaion. Ikaraz ikusi zuen Beatricek soineko ñabarra altxatuz gainean jartzen zitzaiola...

        Arrosa-sasiko armiarmari sartu zitzaiola iruditu zitzaion: berak halaxe zuen imajinatu: ipurdi handi, ederra...

        Zortzi zangok atxikitzen zuten.

        Zortzi begik begiratzen.

        Haren sabelalde zabala, armiarma horrible erraldoia...

        Gora, behera, gora, behera, gora... Emea guruin pozointsu batez bizia ateratzen ari zitzaiola, iruditu zitzaion.

        Ikaratuta, jeiki nahi izan zuen orduan: alde egin behar zuen! Ezin zuen!

        Emeak irribarre egin zion eta kelizeroak agiri zitzaizkion.

        Aggh!

        Odol-kolpe bat sentitu zuen...

        Bihotza izan zela, esan zuen medikuak.