HAIN KOLORE EDERRA ZUEN
Sabina sukaldean bakarrik gelditu zen eta mahaia biltzen hasi zen, harrikoa egiteko.
Aita siestara joan zen. Ama baratzan zen.
Luziano, anai zaharra, dagoeneko mendian. Rufino, gizona, fabrikan.
Xabier eta Santi, bi semeak, lehengusuengana joan ziren herrira.
Eta Jon?
Jon, zergatik segitzen duzu hemen?
Lehengo astean joatekoa zen baina Jesus, anai gaztea, Portugalen igaro zituen bere oporretatik itzuli zen eta «motel nora hoa?, gelditu beste egun batzuk gurekin», komentzitu zuen.
Ederki mozkortu ziren Getariko festetan! Jesusek ez zekien ezer! Zer jakin behar zuen! Baina Rufinok zerbait susmatzen ote zuen... «Egun on», agurtzen zuen Jonek goizero. «Baita zuri're», Rufinok erantzuten.
Norbere katiluarekin... Ez zuten beste hitzik egiten!
Gero Rufino fabrikara joaten zen, eta Jon Luzianorekin, mendira.
Jon, zergatik sartu didazu gorputzean horrelako beroa?
Sabinak begiak itxi zituen, saihetsetan zirrara bat somatuz. Haren besoetan urtu zen, emakumea! Baina bi seme zituen... Oso kontuz ibili behar zuen. Baina Jon...
Eta berotzen ari zen, berriz ere, mutila!
«Sabina... gatza», eskatu zion bazkarian. A ze begirada bota zioten elkarri!
Gau txarra pasa zuen Sabinak azkena: Rufino ondoan, eta Jon agian esna bera ere! aldameneko gelan.
Jon goxoa.
Jon ederra.
Kontuz Rufinorekin.
Soldadu zegoela kastellano bati nabala tripetan sartu omen zion.
Ah bai! Norbait hiltzeko oso kapaza zen. «Egun on».
«Baita zuri're».
«Gaur ere badugu lainoa», saiatu zen bera, bi gizonezkoen arteko izotza puskatzen, leihotik kanpora begira.
«Bai!», esan zuen Jonek, eta ñabardurez beterikako «bai»a izan zen hura.
«Gero arte», esan zuen joaterakoan, Luziano traktorearekin zain zeukala-ta fite samar irten zen eta. Rufino, isilik! Gizon jeloskorra! Nola antzeman zuen...?
Beste anai-arreba eta koñatuekin, eta zaharrekin ere, ederki moldatzen zen Jon. Bakarrik Rufino... Zer nahi duzu ba!
Gizon basustulenka! Inoiz bere emaztea bestela begiratzen ikasiko al zuen!
Fundizioetan gruarekin txatarra deskargatzen imajinatu zuen Sabinak.
Berak hala aurkitu zuen, behin, paper bat eramaten han izan bait zen.
Arratsaldean leher eginda etortzen zen etxera; baina, orduan, belarretan aritu nahi zuen! Hark lasaitzen zuela-ta... Lanean akitu arte!
Azken energia hondarrak eta xoxak...! tabernan xahutzen zituen.
Orduan haserretzen zen... Orduan ematen zuen beldurra!
Hiru urte lehenago, berak supermerkatu batean lan egitera joan nahi zuela esan bait zion, terribleko jipoia jo zion animaliak!
Bazekien bai jotzen!
Harentzat dena libre zen... berarentzat, dena debekatua.
Maitasun kontuan ere halaxe zen: zenbat emakume ibili ote zituen Rufinok...? Berak aldiz Rufinoz aparte gizon bakarra izan zuen eta hura, noski, ezkondu baino lehen: Simon, Leitzakoa, herriko jai batzutan ligatu zuena...
Orain etxean emaztea seguru zuela iruditzen zitzaion...
Deabrua sartu zen barruraino!
Eta ze deabru...!
San Pedro bezperan heldu zen Jon baserrira. Eurak Panderi maldan belar lanak bukatzen ari ziren eta Santi, semea, etorri zen lasterka, «Jesus eta bere laguna heldu dira!» garrasika. Berak Panderin goi xamarretik begiratu zuen baserrira eta hara!, figura txuri bat atarian...
Maisua zela eta euskaraz ikasi behar zuela. Bilbokoa bait zen, Jesusek hango pisuan ezagututakoa.
Baserrirako majo zegoen ba, bilbotarra izateko. Luzianok hala konprenitu zuen behintzat, egun guztian batera eta bestera ibiltzen zuen-eta: ekaina euritsua izan zen-eta, uztailean errekuperatu behar...
Jonek ile motxa zuen, eta mendizalea zen, hango kolore beltz, atsegina zuen...
«Jon!» hots egiten zion berak, goizero, sei t'erdiak aldera.
«Mmmm!», ez zen hura higitzen.
«Jeikitzeko, esaten du Luzianok».
«Banoa», eta esfortzu handi bat eginez eseritzen zen ohean.
Ederra zegoen, goizeko ordu horietan, auskalo zein ametsetatik esnatu berritan... Segi mendira!
Belar berdeak, belar iharrak, jatenekoak...
Sabinak ontziak garbitzen bukatu zuen eta trapuak xukatu zituen.
Sila bajuan jarri zen eta afarirako lekak prestatzen hasi zen.
Belar iharrak bukatzen ari ziren...
Abuztuaren 1ean izan zen. Jonek etxean hilabete zeramala.
Lan handiko eguna zen, mendian belar iharrak pilatu bait ziren, eta orain dena batean jaso beharra zen.
Beste bi anai eta beraietako baten emaztea eta umeak, eta Santi eta Xabierrekin, Luziano gora abiatu zen. Joni eta berari, ganbarara heldu belarrak ondo paratzeko agindu zien. Giro ezin beroagoa zegoen.
Jon galtza motzetan zen, bularra bilutsik.
Bera, koadrotxoekiko soineko arin batez, painueloa buruan.
Izerdi patsetan biak.
Belar sortak baztertu eta metatu eta soketatik askatu egin behar zituzten.
Ganbara bete antxean zenez, leku estu xamarrean ari ziren biak: bultza sortari, askatu soka, jaso txirrika...
Hitz gutxirekin konformatzen ziren.
Lantzean behin, hantxe bazter batean zuten ur tarrotik, zurrut bana edaten zuten, komentarioren bat egin...
Jonen giharreak daldarka gogoratu zituen Sabinak, belar sorta bakoitza bere tokian utzi eta gero. Bizkarra belar izpiez josita zeukan, eta inoiz sorbaldean edo izterrean itsasten zitzaion ezpataren bat bi hatzen artean atxiki eta mazpiltzen zuen amorruz...
Lokarri bat sortu zen...
«Kontuz sudurrarekin!», abisatu zion Jonek, sorta bat heldu zelarik ganharara.
Irriak...
Jonek momentu batean tarroan gelditzen zen uraz bere burua busti zuenean begiratu zioten elkarri.
Orduan ikusi zuen Jonen begietan lehenbiziko tximistazoa. Orduan iñarrosi zuen...
Lana gogor egin zuten.
Eta Jon, bere izterrari begira...
Eta Sabinaren bularraldeko hotzikara...
Halako batean, ganbarako zulotik, mendian belar gehiagorik ez zela ikusi zuten. Kabletik beheiti zetorren azkeneko paketea.
Hura jaso zuten... «Ez, horra ez», esan zion berak Joni, «hemen badago tokia». Indarra egin eta, batak bestearen besoa ukitzen zutela, berak esaten zuen zokora bultzatu zuten sorta.
Orduan, Jon beheraka tira egiteko bestaldean jarri zen eta zirrist, lastoekin labandu eta belar gainera erori zen.
Eguzki zati batek bularrak argitzen zizkion mutilari. Elkarri begiratu zioten.
Ateratzeko laguntza eske bezala, Jonek eskua luzatu zion.
Berea eskaintzea instintiboa izan zen. Jonek tira egin zuen eta bera gainera erori zitzaion. Aurrena jeiki nahi izan zuen, gero berriz amore eman zuen: mutilak presionatzen zuen. Jon suak hartuta zegoen eta su hura berarentzako zen, eta berarengan bapatean biztu zen suarekin bat egiten zuen.
Hain bero zegoen, eta hain kolore ederra zuen, eta hain usain zoragarria Donen izerdiaren usaina, eta lastoaren usaina, eta eguzkiaren usaina, haren gaztetasuna, denak batean bera zorabiatu zen eta Jonek musua eman nahi izan zionean, berak ere ahoa zabaldu zuen eta mutil hura estutu...
Jon xamurra, Jon oldarra, Jon irakitan gainean...
Sabina konkorturik zegoen oraindik.
Ohartzerako bata bestearen ondoan zeuden, elkarri begira. Jonengan, ahoa erdi zabalik, sorpresa, harridura eta jakinmina ikusi zituen.
Aho hartan beste musu txiki paratu zuen berak, zutitu eta jantzi baino lehenago. Afaltzeko arraultzak ere beharko zituztela gogoratu zen Sabina.
Tximinia gainetik egurrezko kaxa jaso eta sukaldetik atera zen.
Hamar egun pasa ziren...
Sabina ikuiluaren ondoko mandiopera sartu zen. Une batez, zerbaitek harritu izan balu bezala, begira gelditu zen emakumea.
Tarro gorrietan aldatutako krabeliñak ikusi zituen. Bezperan aitonak moztutako taketak, haizkoraren ondoan.
Amonaren txerri-belarretarako otarrea.
Eskorga...
Lehen arraultza bildu asmoz makurtzera zihoala nabaritu zuen hotsa.
Jon!
Begietan erabakia zekarren... Berak ezetz, eskatu zion, xoilki. Ez zuen nahi eta nahi zuen! Sudur-hegalek salatzen zuten.
Jonek ondoraino etorriz buruko painueloa erantzi zion.
«Bai».
Sabinari arnasa biziagotu zitzaion. Baina bere ezpainek «ez», esaten zuten oraindik, eta Jonek mirariz atzera egin zezan espero zuen.
Baina Jonek «bai», xuxurlatzen zuen, eta bere eskuek emakumearen gerria estutu zuten.
Orduan Sabinari begiak itxi zitzaizkion eta belaunak ahuldu.
Elkarrekin lurreratu ziren. Jon musuka jaten ari zen!
Eta bera gorputza moldatzen ari zen, larru jo zezaten!
Jonen mugimendu urduri bat antzemanik ireki zituen atzera begiak.
Haizkora goitik behera ikusteko lain...! Rufino!
Jonen odolak itsutu zuen...