Kristalezko bularrak
Kristalezko bularrak
1990, ipuinak
102 orrialde
84-86766-26-5
azala: Otto Dix
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

BAT GUTXIAGO

 

Zorabiaturik esnatu zen Maria. Josune, bere ahizparekin egin zuen amets. Hotel handi bateko marmolezko lurraren gainean zegoen etzanik, eta tipo bat izorratzen ari zen, eta beste gizon errenka bat zeukan zain, berarekin egiteko larrutan. Josune —egiaz hala zegoen eta— bost hilabetez zegoen haurdun eta hura ederki nabari zitzaion etzaniko jarreran, eta halaz ere, gustoz ez bazen, egon-harriz eta lazokeriaz behintzat onartzen zituen gizasemearen oldarrak.

        Joan zen urtebete hura — gogoratu zuen Mariak, bere ohean, begiak piska bat zabalduz— oso txarra izan zen Josunerentzat. Lehengo urtean, Rafa, bere nobioak utzi zuen eta, denbora berean, lan egiten zuen jatetxetik azalpenik emateke bidali zuten. Etxean, orain Maria zegoen ohe ber hartan, bere baitan bildurik, depresioak jota, ezertarako ilusiorik gabe egin zuen Josunek bolada luzea. Gauean ez zuen lorik egiten, eta egunean ohetik jeikitzeko ez zuen indarrik izaten. Gero, udaberrian, hospital psikiatrikoan egin zuen aste pare bat eta gero, handik aterata, herriko San Pedrotan uste zuen berak, Jose, igeltsero txaparro hura ezagutu zuen eta — hogeitabat urte zituela— harexekin ezkondu eta, orain, haren umearen zain zegoen.

        Josuneren falta nabari zuen Mariak etxean. Lehen gela hartako ohe bakarrean elkarrekin lo egiten bait zuten, eta sarritan batak besteari beren arazo eta kontuak esaten zizkioten. Bera baino urte t'erdiz gazteagoa zen Josune, eta izakeraz aski diferente, bera xakerre zen bezala, hura epel bait zen eta betizu. Alabaina, amaren aurrean, gauzak ongi eramaten asko laguntzen zion, lasaia bait zen eta ez zen edozein alferrikako eztabaidatan bera bezala haserregorritzen.

        Egia da, aspaldi ez zuela berak ere amarekin diskutitu. Hondarreko aldian, hilabete bat lehenago, goiz batez, amak egozten zuen kiratsak asaldatu bait zuen, «bainatu beharko duzu ba noizpait ere ama» esan ziolako, ama sumindu zen «utzi bakean eta gustatzen ez bazain aldegin ezan etxetik!», eta bera ere, erantzun haren indarraz harriturik, fuerte mintzatu zitzaion, «ito zaite zeure kakatan gogo baduzu!» «Bizitza zer den ez dakin-da», esan zion amak, begirada galduaz, «hiri ere etorriko zain...» «Saiatuko naiz behintzat horretara ez iristen», ihardetsi zion berak — ordea amaren azken hitz zorrotz horiek barneraino sartu zitzaizkion, maleski: «Hiri ere etorriko zain...»

        Harezkero ez ziren deusetarako mintzatu. Amak zernahi txorakeria egiten zuen: bakarrik hitzegin, kubiertoak beren kajoitik atera eta trapu batez, orduak joan, orduak etorri, garbitu — atzo goizean berriz, makurrago izan zen. Bera lanera joan bait zen Donostiara, ama bakarrik gelditu zen etxean. Goizerdi partean ez zen ba hasi leihotik behera traste botaka: eltze handia bota zuen, eta pasiloko eskultura egurrezkoa, hautsi zena noski, eta bere arropa batzuk... Baten batek udaltzainei abisua pasa zien eta haiek etorritakoan ama berriz orruka hasi zen eta negarka, kosta bait zitzaien lasai araztea. Hitz-motela zen udaltzain batek ziurtatu zion berari, ama hospitalera sartzeko behar zen ordena gaur goizean etorriko zela.

        Ez zeukan eta segitzerik horrela. Bi urte lehenago, amak bere burua sukaldeko gasaz hil nahi izan zuelarik, eta gero ihesi joan eta gauean etxera itzuli zelarik, desberdina zen. Orduan Josune ere bazen etxean. Episodio hura penagarri izan zen, baina penagarriago, ez bait zuten hospital psikiatrikoan ingresatzerik lortu: segituan etxera itzuli arazi zuten, hainbat medikamentuz kontrolaturik. Eta etxean, hark nahi zuena eginez, hala segitu beharra... Estu sentitzen zen Maria, eta beti, zela komunera, zela sukaldera, zela telebistara joan nahi zuelarik ere, amaren gela paretik pasatu behar zuen, ama ohean egoten bait zen, ilunpean, dena —zer zen, dena?— ikusten zuela —eta aurki, eguberrietarako, Dolores, hirugarren ahizpa, zaharrena, Santa Agedatik igual etorriko zen, urtero bezala: hogeitasei urte zituen baina ez zekien hizketan, soilik irribarre gexala egiten zuen, eta berak ahizpa hura anima erratu bat zela sentitzen bait zuen, ebitatu egiten zuen baina gauean, ohean, elkarrekin lo egin behar zuten eta Dolores dorpeki arrimatu egiten bait zitzaion, berak aldamenean animali nazkagarri bat zuela inpresioa izaten zuen, ezin zuelarik eraman...

        Orduan, bapatean, burua kolore eta irudi fantastikoz bete eta nahastu egin zitzaion. Begiak itxi zituen, esku biez oheari eutsiz — berriz ere gaizkia, fondorik gabeko zuloa, eta zirkulo zabal bat antzeman zuen urruti non ondo egon bait zitekeen, eta bera barruan zen, beste zirkulo estuago batean, nondik ezin zen aterabeldurra sentitu zuen, ez bait zuen berak nahi, ez zuen berriz hospitalera joan nahi, hogei urtekin han izandu zen eta higuin zituen hango jendea eta hango usaina eta gaizki uzten zuten pastila txiki haiek; ez, haietarik ez zuen gehiago hartu nahi; oso gaizki uzten zuten... Baina jeiki egin behar zen...

        Bere burua behartuz maindireak apartatu zituen eta ohean eserita gelditu zen Maria. Komoda gainean pilatzen ziren zimurtutako arropa zikin eta garbiei begiratzea ebitatuz, silan, kulero eta atorra batzuren gainean zegoen jertse gorria eskuratu eta jantzi egin zuen kamiseta gainean. Ile luzea zuen, pentsatu zuen, eta egun batetik bestera zikindu egiten zitzaion baina ostiraletan bakarrik garbitzen zuen, «maizago ez da-ta komeni», esaten bait zuen Amaiak, ileapaindegikoak —eta gainera, total, astegunetan zertarako garbituaaaj, begiratu zen ispiluan hankak zapatiletan sartuz, zertarako, bai, neskame lan puto hura eta gero etxeko historiak...

        Ileapaindegi-akademia utzi zuenetik —Amaia, enkargatuarekin, beti argudioka ari zen, eta beste ikasleekin ere ez zen batere ondo moldatzen—, harezkero, zenbat etxe korritu ote zituen, neskame bezala? Dozena bat bai —eta, zein gutxi iraun zuen horietako bakoitzean: bota egiten zuten, gehienetan, hasi eta gutxira, gauzak ez zituelako egiten beraien gustoranagusi nazkagarriak, jende ustela eta harroa, poltsikoan sos batzuk zituztela jaio zirelako berak baino gehiago zirela uste bait zuten! Azkeneko udan, Amarako etxe batetik, arropa batzuk —bai, alkandora txuri-beltz hura, hain zuzen ere— ohostu zituelako denuntzia jarri eta bota zuten agudo. Hurrengoa, oraingoa, nekezago suertatu zitzaion. Eta zin egin zion bere buruari, handik ez zutela botako: beldur handia hartu bait zion, aspaldi, lanik gabe gelditzeari, horrelako aldietan, lehenago, asko sufritu bait zuen, negar asko egin zuen, beste zereginik ez eta etxean, ama ez ikusteagatik bere gelan itxita egon behar zuelako. Orain, etxeaz jabetu zen isiltasun espantagarri harekin, hilabete bat ezin jasango zuen, horregatik oraingo lana — nahiz eta batzutan zaintzen zuen ume negarti erretxin hura bi eskuez jaso eta lurraren kontra zapartatzeko gogorik izan— ordura artekoak ez bezalako arduraz betetzen zuen, umea begiratu ezezik, eta nahiz eta beti ez eskatu, eskoba eta estropajo lanak ere egiten zituela egunero.

        Urrats bat emanez aurrera bere gelako leihoa ireki zuen Mariak eta gero, ohea airera zedin, oheko arropetatik, manta eta maindireetatik beheraka tiratu zuen. Gero berriz ere ispiluaren aurrean paratu eta silan eseri zen nekez, bere buruari begira. Bi eskuez igurtzi zuen ilajea, eta lepoaren bueltako haragi belaskak ukitu zituen: aspaldi gizentzen ari zen, gaizki jaten zuelako — fundamentuz jan beharrean askotan, txokolate eta boilo bat edo magdalenak ekartzen zituen eta, irratiko musika entzuten zuen denboran, haiekintxe egiten zuen afari-merienda, ohetik higitu gabe. Gutxiago, eta hobeto jan behar zuela bazekien, baina borondate handia behar zuen hartarako eta gero, ilusio piska bat eduki edo...

        Ama eraman eta beste inoiz itzuli araziko ez bazuten behintzat, pentsatu zuen, James Dean-en posterrari begira: hospital psikiatrikora sartu eta beste inoiz aterako ez bazen, hilko bazen aurki... Bera gauza sentitu zen, instantean, situazio berri hari frente egiteko, bera bakarrik, inoren beharrik ez bait zuen, etxe zahar hura utzi eta beste bat alkilatuko zuen, bilatuko zuen, edo Errenterira joango zen bestela, han bizi bait zen Lurdes, bere lagun zoro bat arestian gurasoen etxea laga zuena, haren koadrilarekin ibili zen inoiz eta bere moduko jendea zen, jende jatorra — eta hortaz Dolores ez etortzeko ere aitzikia erraz bilatuko zuen, eta familiako inor ez beste inoiz ikusi, Josune izan ezik, hura bai ikusi behar zuen, gaur bertan joango zitzaion edo deituko zion arratsean, hura beti gizona etorri baino lehen telebista ikusten egoten zen eta — ordea, izango al zen bera hartarako gauza, hain zen erraza ez inora ateratzea eta bere buruarekiko konfiantza aldi haiek hain izaten ziren iheskorrak — begi ondoko ximurretan zentratu zuen bista, eta handik begi-begietara pasarazi zuen, eta duda egin zuen, betiko duda, gaitza barruan zeramala uste bait zuen seguru, hala bait zeramaten familiako denek, aitona ezkeroz inor ez bait zen libratu, alkoholak jan zuen aitona, berrogeitaka urtetan atake batek hila, eta amonaz, amarez amaz, ez inork ezer esaten inoiz, puta izan zeneko susmoa, eta aita, aita umezurtza, berak gogoratzen ez zuena, Josune jaio zen urtean hil bait zuen bere burua, Errekalden Doloresek behin seinalatu zion pinu batetik txintxilikatu omen zen, hartan hasi bait zen, uste zuenez, amaren erotzea, aita biziki maite behar bait zuen eta orduan hasi zen moteldu eta lainotzen — gauza izugarri haietarik ihes egin ote zezakeen orain, ez ote berandu, ez ote ezina, bere begiak txabal-txabalik ikusten ari zen ispiluan eta fondo-fondoan, pintta ilunekiko berdeaz eta beltzaz barnera, bueltarik ez zuen eromenaren trazak antzematen ari zen, aspaldiko bisioa, azken urtetako ametsek eta errealitateek konfirmatzen zutena — begiak itxi zituen fuerte, eta ahaleginak egin zituen heriotza gogoratzen zioten irudi haietarik aldentzeko, eta gaurko zereginetan konzentratzeko, hori bait zuen ihesbide bakarra: goizean erosketak egingo zituen, dendariarekin kontakto llaburra, amari buruzko galderak ebitatuz, noski ez zion ezer esango, ja inork ez zion inoiz ezer esaten, gero segituan itzuli eta sukaldeko lanak egingo zituen — orduan, ama somatu zuen sukaldean, kasik hobeto bere logelatik irten ez balitz, sukaldeko irratia piztu zuen, hark ez zekien noski gaur eramango zutenik, pena arrasto bat sentitu zuen Mariak, baso bat esne hartuko zuen harekin eta segidan aterako zen, erabaki hartaz jeiki zen silatik eta galtza txuriak bilatu zituen, non sartu zituen?, komoda gaineko arropak besarkatu zituen eta ohe gainean zabaldu zituen, han ziren, zimur-zimur eginda, aldrebeski jantzi eta bere gelatik atera zen.

        Muturra garbituta sukaldera sartu zelarik, ama bere txokoan jarrita nabaritu zuen, erdi-agurtu zuen baina harek ez zion deus erantzun, bere basoa jasoz bezperako esneaz bete zuen eta irratia instantean ematen ari zen notiziari erreparatu zion: «Goizeko zortzirak baino lehentxeago, bere lanera zihoala kotxez, polizia nazionaleko tenientea zen Miguel Palomino Palacios hiru gaztek tirokatu eta hil dute Donostian...» Pelos, bere lagunarekin gogoratu zen Maria: lehengo astean ikusi zuen, bere leihotik, poliziek herria hartu zuten eta hantxe, kantoi batean Pelos atxilotu zuten eta eskuak paretaren kontra zeukaten — bat etorri zen orduan, agintzen zuena behintzat, eta amorru bizian jo zion Pelosi barrabiletan ostikoa eta «corre, corre!» esan zion beste batek eta hura makur-makur eginda zutitu zelarik bizkarrean danba! danba!, bi tiro jo zioten, marka ederrak utzi zizkioten, eta jendea etxeetatik hasi zitzaien «txakurrak! asesinos! mercenarios!» eta poliziak etxeetara tiroka... «Atentatuaren lekuan hiru kaskilo Parabellum bederatzi milimetrotakoak...» Mariari, orduan, ez bait zekien nola, barru-barrutik atera zitzaion komentario sinplea:

        — Bat gutxiago!

        Espero ez zuena, amak erreakzionatu zuen, parrezka hasi bait zen, parre eroa harena, akaso Mariaren hitz sinple haiek nolarebait grazia egin ziotelako, akaso gelditzen zitzaiola uste zuen azkeneko alaba hura mintzatzen entzuteagatik soilik — zena zela ere, parre haiek mindu zuten Maria eta zurrut egin zuen bere basotik, esnearen freskoa nabarituz ahoan —orduan somatu zuen etxe inguru hartan ohizkoa ez zen baina nondipait ezagun zitzaion auto baten ate baten hotsa eta, leihoko gortin xarea korrituz, kanpora behatu zuen, eta udaltzainen autoa ikusi zuen: hitz-motela zen udaltzaina, eta inoiz ikusi ez zuen beste gizon adintsuago bat jeitsi ziren autotik eta beren atarirantz abiatu ziren.