EZPAINETAN IRRIBARREA
Ja ez naiz ia inoiz ateratzen. Nire gela honetan egiten dut denbora gehiena. Mahaira eserita, edo besaulkian, edo ohean etzanda, irakurtzen edo lo. Orain, osabak hilabetea darama hospitalean eta otorduak ere bakarrik egiten ditut. Osabari bisita egin eta, gainerantzean, ogia eta esnea erostera irteten naiz soilik. Ez dut beste nora joanik. Ez bait dut lagunik, nik. Nahiago dut etxean egotea. Hamasei urte ditut. Ez dela normala, esan liteke, adin honetan, etxetik atera gabe. Baina, nik ez bait dut maite kalea. Jendeak pena ematen dit. Hemen hobeto nago. Ez nago ondo, sufritzen dut, triste nago, baina kanpoan, zer ikusten dut? Izaki errukigarriak, izaki mengelak. Bizitzaren miseriaz inkonsziente direnak, arin mintzatu, erraz barre egiten dutenak. Pena ematen didate. Goizean ikusten ditut, ogitarakoan. Ogi bat, esne bat, eskatzen dut. Sud-ouest, mesedez. Egunkariaren titularrak irakurtzen ditut, notiziaren bat. Espezie triste bat gara, egunero dakusat. Noski, barre egiten dugu. Nire gelatik aditzen ditut, inoiz, auzo gazte batzuk barrezka. Edozer aski dute barre egiteko. Nik ez dut barrerik egiten. Irribarre soit bat dibujatzen da, inoiz, nire ezpainetan. Aitak antzeko espresioa dauka, jaso dudan haren argazki batean. Umore onez izan behar zuen egun hartan. Nire aitaz gogoratzeak min egiten dit: badakit haren antza dudala. Hura bezala naiz hits, hura bezala betizu. Fisikoz ere haren iguala naiz, zurbil eta meiharra. Eta hark bezala orduak igarotzen ditut besaulki zahar batean jarrita. Bere zapatilez, bere bata beltzaz, bere gorra madrileñoaz gogoratzen dut. Tximurra zen, akala, asko edan, asko erre, eztul asko egiten zuena. Amak lastimaz begiratzen zion sukaldetik. Ni konturatzen nintzen, neure silatik, begirada horietaz. Seme bakarra nintzen ni. Gasteizen bizi ginen, etxe zahar batean. Nire ama hemengoa zen, Dax-ekoa, aita berriz Barakaldokoa, baina Gasteizen entxufatu behar izan zuten, ez dakit zein bulego lanetan. Gizon absurdoa zen. Ez nuke noski ezergatik ere esango aita maite nuenik. Beti izan zitzaidan arrotz. Ezin dut gogoratu momentu bakar bat ere non biok lasai mintzatu bait ginen. Erlats aditzen ditut haren ahotsaren oihartzunak: amari afariagatik errixta egiten bait zion, moldegabeki, edo koñaka izkutatu ziolako. Amak egonarriz zeraman. Aita baino dexente gazteagoa zen. Tipo mozkor harekin oker egin zuela konprenitu zuen noski, poliziarekin alde egin bait zuen. Hamaika urte nituen nik orduan. Niri ez zidan ezer esaten inoiz. Beldurra zidan. Umeek, orohar, izutu egiten zuten. Nitaz, arraro nintzela esaten zuen. Zomorro-zomorro, esaten zidan. Animali batetaz hitzegiten den moduan hitzegiten zuen nitaz. Sofako neure txokotik fijo-fijo begiratzen bait nion, berak ebitatu egiten zuen gure begiraden enkontrua. Bere ezintasuna, bere eskalapoinkeria amarekin deskargatzen zituen. Hitz erdiz, suge gisa, jeneralean. Ordea samurtuz gero jo ere egiten zion. Nik ikusi nuen, eskolatik bueltan, beste inor ez etxean, amari ileetatik tira eta lurrean arrastaka zerabilela.
Amak oihu egiten zuen. Begiak ubelduta zituen, sufrimenduarekin. Ttikia zen ama, pollita zen. Ile motza ibiltzen zuen. Ezpainak gorriz pintatzen zituen, eta hazkazalak ere bai. Ipurdi handi samarra zuen, baina galtzak jazten zituen, aste egunetan. Etxean beti amantalarekin ibiltzen zen. Larunbat-igandetarako, bazituen soineko estanpatu batzuk lore askorekin. Lana larri egiten zuen etxean. Gelak alokatzen hait zituen, kanpoko jendeari. Mutil itsu bat egoten zen fijo, plazan kupoiak saltzen dituen horietakoa. Gero polizi bat etortzen zen askotan. Cacereseko langile gazte batez ere oroitzen naiz, estudianteren batez eta gero, gau bat edo beste egitera heldu zirenak: enpresa txar bateko gizon ñarro bat, bere maletinarekin, larrujole galduak... Halaxe bizi ginen gu. Indibiduo haiekin afaltzen genuen sukalde ondoko salatxoan. Itsua eta Cacereseko hura edozein zozokeriagatik aritzen ziren elemele buruz buru. Polizia berriz beti isilik egoten zen. Aita zen aluena. Denok afaltzen ari ginen igual eta bera bere txapuzak egitetik etorri eta «Alavés, campeón!» esan eta bere besaulki xare-xikin hartan jartzen zen eroso, egunkariari begira. Gero tankera hartako beste xinplekeriren bat esango zuen akaso, ustez-eta besteek horrelako komentarioak apreziatzen zituztela. Gizajo bat zen. Eta alkoholizatuta zegoen. Ardoak lainotu zuen. Bere begiñoez korritzen zituen egunkariko orriak, komentatzeko moduko deus ote zegoen. Futbolaz hitzegiten zuen. Orduan bakoitzak esango zuen zerbait, baita poliziak ere. Gero berriz isiltasuna. Caceresekoak, gaiztoa bera, axeka egingo zion itsuari, hau ez bait zen neskekin ibiltzen. Itsua saminduta joango zen bere gelara, langilea kalera, polizia igual geldituko zen telebistara begira. Aita lo mozorrotzen zen. Edo errixta hasten zen amaren aurka edozer zela eta. Igual nire aitzikiaz hasten zen. Aber ez al zuen, amak, niri matematikak erakusteko ordu pare bat atera behar. Ama ahalegintzen zen baina, ez bait zen iristen. Aitak ateleka egiten zionean bera beti egoten zen isilik. Ezagutzen bait zuen. Bazekien sapuztuz gero peligroso zitekeela. Bazekien mokerraldi batean hiltzeko gauza ere bazela gizona. Nik ere banekien, baina pantailako anuntzioei begira disimulatzen nuen. Inoiz ez nuen ezer esaten. Beldurra neukan. Aitaren beldurra, baina ez aitarena bakarrik. Jendearen beldurra neukan, gizonezkoena batez ere. Kaleko mutilena. Horregatik ez nintzen Gasteizen ere kalera ateratzen. Salan egoten nintzen, logaleari eusten, aita eta ama eta polizia lotara joaten ziren arte. Hantxe bait neukan nik ohea, sala koipetsu hartan. Lo txarto egiten nuen, gauez asko sufritzen nuen. Bizimodu atsekabetsua zeraman amagatik, alkohola erretzen eta gaiztotzen ari zen aitagatik, eta ni berriz inork ez ninduelako maite. Amak ere ez dut uste maite ninduenik. Zergatik alde egin zuen, bestela, ni bakarrik utzita? Polizia maite zuelako. Ni hementxe nintzen uda hartan, osabarekin oporretan. Inork ez zidan ezer ere esan. Irailean Gasteiza itzuli nintzelarik arront zikin atxeman nuen etxea, eta aita sofa gainean lo zegoen, lazo eta narrats. Ama bilatu nuen, baina ez zen inon ere azaldu. Negar egin nuen, uste bait nuen aitak hil egin zuela ama. Baina aita ez zen esnatu. Eguerdian etorri zen itsuak esplikatu zidan gertatutakoa. «Gorka, uste dut zure amak ihes egin duela». Poliziarekin. Gizon altu bat zen polizia, matrail sendokoa. Heriotz samur bat desiratzen diot, neure amari bezala. Sastako bat izan zen niretzako hura. Eta, zer egin nezakeen? Aita txoratu egin zen, ez zuen inor ezagutzen eta zarrapoka ibiltzen zen etxean. Eroetxera sartu zuten negu hartan. Ez dut harezkero ikusi. Ni osabagana etorri nintzen. Etorri eta segidan gaixorik erori nintzen, tripako min izugarriez, kaka beti odolez nahastuta egiten bait nuen. Urtebete egin nuen ohetik altxatu gabe. Aldi hura aprobetxatu nuen, osabaren eta bere liburu zaharren laguntzaz, frantsesa ikasteko. Gainerantzean, etxe itsusia ez da. Txikia da baina, badu bere xarma. Trafiko gutxiko auzategia da hau. Atariaz barnera, badago eskaratz bat, landare batekin, eta gure etxea eskaileretan gora dago. Behean atso odolgose bat bizi da. Madame Démon izena du, berak erregatzen du eskaratzeko landarea. Madame Démonek haginak erauzten ditu baina, osabak dioenez, malefizioak ere egiten ditu. Gure pisuak egitura berezia dauka: solairu batean sukaldea dago, komuna, eta nire gela hau. Goiko solairuan osabaren gela dago bakarrik. Patioan dutxatzen gara, neguan inoiz behinka, udan oso maiz. Hemen, bigarrengo urtean eskolara joan nintzen baina, irakasleek esaten zutenaz ezer gutxi jabetzeaz aparte, beste umeek ere erretxazatu egiten ninduten, estraino eta gibelkari nintzelako. Zatarra, esaten zidaten, piorrea bait neukan, eta neskek ez zidaten begiratzen. Hala behintzat, uzten eta uzten joan nintzen eta azkenean erabat laga nion eskolari. Ahoa madame Démonek sendatu zidan: belar-ur mikaitz batetik edan arazi zidan denbora luzean. Xixareekin okerrago da. Horiei gustatzen zaie nire tripa erikoia. Arratsero erasotzen naute eta ez daukat nola ezerreztu. Ikaragarrizko hazkurak nozitzen ditut, eta hori ez da okerrena. Ahuldu egiten bait naute, eta penarazten. Xurgatzen naute, bizia ebasten didate. Gauean xixare-korrok egin ohi dut, ezin bait naiz haietaz ahaztu. Lehen baratxuriak jaten nituen eta hil egiten ziren infernuko harrak, baina hil zitezen geroz eta baratxuri gehiago jan behar izaten nuen azkenean ordea, kontrako efektoa izandu zuen, baratxuriak, hil gabe, asaldatu bezala egiten bait zituen, niretzat okerrago zena. Gauza bera, ederki moldatzea alegia, gertatu zen osabak erosi zidan medizina gorri batekin, eta gauza bera egun osoa kalabazen pipitak janez egin nituen aste haietan ere. Behin iratzeen erroak biltzera joan nintzen Houdin-go basora, aldiz eta tratamentuak iraun zuen egunetan sabel errabiaturik eta izerditurik ibili eta gero, handik hilabetera gabe atzera hementxe neuzkan xixare putakumeak. Landare horien eta besteren propietate vermifugoen berri J. Sébillot-en Chapitres de la medicine populaire des Landes et Pyrenées, osabak etxean duen liburu zahar eta dotorean ikasi ditut. Horrelako liburu anitz dauka osabak etxean, bere aitonarenak omen ziren gehienak (XIX. mende bukaerakoak, asko), baina oso aspaldikoak ere badira, hala nola laudare kontu hauekin erlazionaturik 1789ko Étrange et curieux discours sur la plante qu'on dit mandragora, Laurence Catelan-ena, edo 1716ko Tous les démons ne sont pas de l'autre monde, Michel Berbiguier-ena. Aurkitu dudan libururik berriena aldiz, Claude Seignolle-ren Le diable dans la tête, baina hau seguru aski osabaren beraren eritziz bere aitak eta ez aitonak eskuratuko zuen, 1952ko fetxa bait dauka. Libururik gehientsuenetan horrelakoxe deabrujeta infernu kontuak aipatzen dira, baina ez da guztiz bestelakorik falta, hortxe dut esate batera espainolez berau La mística ciudad de Dios, milagro de la omnipotencia, abismo de la gracia, María Agreda-rena, egia esateko irakurtzen hasi eta segituan aspertu ninduena. Etxetik ez bait naiz apenas ateratzen, liburu horiekintxe ematen dut denbora, dagoeneko bizitzaren zenbait alderdi ilunez normala den baino gehiago dakidalarik. Gehiegi ez ote naizen liburu artean iharduten, esaten zidan osabak, tabernatik bueltan. Nik irribarre egiten nion eta «gehiegi?», galdetzen nion, harrituta bezala. Argaltzen ari naizela ere, astean behin gutxienez esan dit joan deneko urtean. Osaba ona da. Kuriosoa da. Beti eramaten du jantzita txapela. Etxea lotarako, usina beharrerako eta taberna denbora pasarako, bere bizitzak ez du beste misteriorik. Arratsaldeak Le Corbeau tabernan ematen ditu bere lagunekin kartetan. Etxean, bere ohea egiten du goizean eta gainerantzeko lanez neu arduratzen naiz, badut horretarako astirik eta. Orain hospitalean dago. Lehengo hilabetean istripua izan bait zuen. Adreiluak egiten dituzten tailerreko teilatuan ari zen uralita konpontzen, hura hautsi eta lurrera jausi zen, bizkar hezurrean zenbait kalte nozituz. Orain, egunero joaten naiz beragana, ordu pare batez konpainia egin eta kontu batzuk esan. Atzo, haserre irudiko, baina mingostasuna estali ezinik, bere lagun horiek tabernakoez ari zen ez direla benetako lagunak, aitortu zidan, bat ezik ez bait zaizkio ikustera joan. Bere lankideez ere moker azaltzen da. Batzuek, hospitalera bisitan joan ezezik, lantegian istripua zela eta greba egun bat egitea ere proposatu zuten, zeren eta osaba eta ez du lantegi horretan kasu bakarra izan behar, lehen, tornoan aritzen bait zen, orain dela gutxi eta jendea sobera zegoelako igeltsero ipini zutelarik, horretarako behar adinako esperientzia edo prestakuntza izan gabe ordea, eta horrek atsekabetu du, komiteko gehienek ez zuten greba egiterik onartu. Arrazoia du osabak. Lagun gutxi dago. Nik, adibidez, ez daukat batere. Ez naiz eskolara joaten, ez dut lanik egiten. Bilatu egin genuen, lana, osabak txerri granja bat daukan bere lagun batengana bidali ninduen eta gero beste bisita pare bat eginda nago baina, ez bait naiz jende horrekin gustora sentitzen. Jendearekin sentitzen naiz gaizki. Orduan, etxean, neure gelan egiten ditut ordurik gehienak. La Race basque, étude anthropologique, R. Collignon-ena irakurtzen ari naiz orain. Gustatzen zait, zenbait xehetasunetan, ni ere bait naiz, aitaren aldetik, arraza horretakoa. Noski, ale bitxi, endakatu xamarra naiz ni. Aitaren arrastroa ote da...? Lehen, duela bi edo hiru urte, batzutan, fenomeno izugarri estrainoa gertatzen zitzaidan. Ni kanpoan nengoen, gauez, baina-ta behin patioan ere gertatu zitzaidan, eta bapatean petxua daldarka hasten zitzaidan, esku ahurrak eta hankapeak izerditan, buruko min eramangaitza, eta orduan hezurrak handitzen eta okertzen zitzaizkidala somatzen nuen, eta sekulako indarraren jabe sentitzen nintzen. Osabari ez diot inoiz tutik ere esan horretaz. Barre egingo bait luke, jakinez gero. Ordea, egia hutsa da. Ilea ere sentitzen nuen latx, eta uluka egiteko gogoa eta baju-baju egiten nuen, inork ez nintzan aditu. Oharkabean, horrelakoetan, min handia egin nezakeela iruditzen zait. Sehaska-ume bat jan nezakeela, adibidez. Ni naiz, galdetzen dut, ala demonio bat jabetu ote da nitaz? Bigarrena uste dut, ni horrelakoa ez nintzen bolada baten gogorapena gelditzen bait zait. Baina indar gaizto hori nagusitzen ari zait. Jende askori gaizkia desiratzen diot. Nire eskolako lagun bat hormartetzen nuela imajinatzen dut igual, hala nola protagonistak Fortunato hormartetzen duen The Cask of Amontillado-n. Gure auzo ere baden osabaren lantokiko bat labean erretzen ari nintzela aritu nintzen pentsatzen aurreko batean eta agreablea zen, egia esatera. Segur, jendeak antzematen dit zerbait. Arraro begiratzen didate. Beldur, pena didate. Eta nik ere, pena sentitzen dut eurez. Denez. Bakarrik neska pare batek ernarazi didate bestelako zerbait, desioa, esango nuke. Neska txiki bat bazen gure eskolan, Lili, beltxarana, nik maite izan nuena baina, ez bait nekien nola adierazi, azkenean beste bategatik utzi ninduena. Hark txit sufrituarazi ninduen. Hari nire hortz handiak gustatzen zitzaizkiola esaten zidan, eta nik irribarre egiten nion, isilik eta pozik. Harezkero ez dut beste lagunik izan. Nire begirada neskaren batenarekin topatzen bada, segituan apartatzen dut, izukoi. Alta bada, lehengoan kontrakoa gertatu zitzaidan. Tren geltokian izan zen. Geldirik zeuden merkantzia trenei begira nengoen, zaldiak, metalak, hildako oiloak zeramatzatenak. Lagun batzuk korrika zebiltzen, beren fardelekin presaka, eta zazpietako trena gelditu zenean bagoietako jendeari erreparatu nion, jende ilun, jende arrotz, jende irribarretsu, jende buru-xilo, inor ez bait zen ohartzen heriotza zela azkeneko parada. Segadunaren hatsa nabaritu nuen orduan nik, eta gazte samar zirenei bultz egiten ziela, konturatu nintzen, eta zahar samar zirenei bihotza zapaltzen ziela. Jende askok nabari du, ohartu naiz, Hark hanka batetik heldurik daukana. Halako batean, emakume batek distraitu ninduen. Ume batekin zihoan, gero gizona ere ikusi nion. Hark ere begiratu zidan, argi izpi batez, baina bera izan zen bista segituan bazterkatu zuena. Emakume berezia zen. Orduan erantzi nuen. Arropez, ilez, haragiz erantzi nuen, eskeletoa ikusi nion. Eskeleto ederra zuen, arras kraneo polita. Harekin bai gustora larrua joko nukeela, pentsatu nuen, eta hurbiltzekotan egondu nintzen, baina lotsak galerazi zidan. Jendeari hezurrak nola ikusten dizkiodan harrigarria da. Atzo eguerdian bertan, osaba hospitalean garbantzuak jaten ari zela, okotzak erritmikoki mugitzen zituen hura hilotz bat zela iruditu zitzaidan. Beste bi alditan, kanposantuan izan naiz. Han ikusi ditut, hil direnen ondoan, oraindik bizi direnak, euren tonbak, euren izenekin. Irribarre egiten dut, bizi direnek ez bait dituzte gauza horiek ikusten. Noski, horrela esanda, ametsa dirudi baina, nik badakit, hori benetakoa dela. Izan nintzen azkenekoan udaberri aldean, aitzur batez lur kentzen aritu nintzen hilarri batzuren ondoan, eta eskeleto batzuk atera nituen. Osabaren aitonarena hantxe zegoen behintzat, harrak jotako liburu bat zeukala eskutartean lurperatu bait zuten. Kasu hauek ez dira noski batere mireriztekoak, horrelakoez anitz liburu idatzi bait da, bat aipatzekotan A. Calmet-en Dissertation sur les apparitions des spectres dans l'Hongrie, la Bohemie, la Moravie et la Silesie aipatuko nuke. Oraingo lurperatzaileak gizon gazte, errubio eta mozkorra txunditurik begiratzen zidan, ez bait zuen ulertzen, baina nik ez nion jaramonik egiten. Neure munduan ari nintzen, neure munduan bizi naiz. Osabak ez dit ezer esaten aspaldi. Badaki nolakoa naizen eta ez zaizkio nire gauzak sobera gustatzen. Monsieur Leproux hiltzen ari da, esan nion behin. Monsieur Leproux gure kalean bizi zen, etxe batzuk beherago. Nola dakik, esan zidan osabak, ez bait zuen hartaz ezer aditu. Usaina, esan nion. Nola usaina?, esan zidan. Ate azpitik ateratzen da usaina, ihardetsi nion. Usain gaiztoa, erantsi nuen. Osabak izu-larri begiratu zidan, akaso, pentsatu nuen, ezagutzen zuelako ongi Leproux hura, haren pekatuen berri bazekielako. Gure alderdi honetan, bestalde, herio lurrina nabari da beti. Hemen jende gehiena zaharra bait da irakurri dudanez, Europa guztian izan behar du hola. Dena den, ni, nire edadekoek sentiarazten naute arrotz. Nolaz ez diren ohartzen? Eta, zein ozarki azaltzen diren, begirada urgoiaz, «ni ez naiz hilko», esanez bezala. Eta abioan doaz, Egun horretarantz. Eta umetto ttikiak: lore sortu berrien usaina daukatenak. Horiek maitagarri dira baina, aldi berean, penagarrienak, zeren eta horiek ez bait dakite ezer, ezer, ezer... Horren naute tristatzen haur jaio berriek, non askotan horietako batekin ez topatzeagatik etxetik ez irtetea nahiago bait dut. Etxean, hildakoek egiten didate konpainia lasaia. Hildakoek, joan zirenek pisu handia daukate nire baitan. Hemen, Dax-en dago nire amaren familia. Osaba eta biok izan behar dugu enbor zaharretik bizi garen azkeneko fruituak, baina niretzat ez gara bakarrak. Etxean, kalean somatzen dut beste haien itzala. Batzutan, Yzosse-ko bide zaharrean nabilelarik, gertatu izan zait hango harriak kontuz zapaldu beharra, haien azpian asasinaturiko nire arbasoren bat egon zitekeela inpresioa bait neukan. Hainbeste dira, mendez mende, muga mehea urratuz bestaldera joan direnak. Alditan, osaba irudikatzen dut hilik, eta jendearen horri buruzko solasak ere bai. Bestetan, neure burua ikusten dut postura horretan. Eta hilda banengo, pentsatzen dut, zer esango luke honek, eta hark? Tipo uxaka zen, tipo misteriotsua. Zer esango luke nire amak, jakingo balu? Ez du negar egiten, penaz begiratzen dit eta badoa. Askotan ikusi ohi dut neure burua horrelaxe hilik, kutxa triste batean, eta ondoan Bela. Lehen, lagunik ez dudala esan dizuet. Baina badut Bela. Bela ez al zait haserretuko, aipatzen hait dut, nirekin bizi da, nire buruan. Ez dit hitzegiten, baina triste dagoelarik soka mehe batez estutzen dizkit burumuinak, eta pozik dagoelarik saltoka hasten zait, zoro bat bezala. Orain, gose dela somatzen dut, hortz karraska hasi hait da. Haragia eta gailetak eskatzen dizkit. Haragia gordinik gustatzen zaio, pasatu xamarra. Gailetak, esnearekin. Egun hauetan ez naiz horixe besterik jaten ari, eta Bela ongi dago. Zoko-zale da Bela, baina batzutan arinaldi batean belarri batetik atera nahi ote duen, somatzen dut, eta bera ikustearren joaten naiz ispilura lasterka baina Bela atzera kukuldu egiten da, momentuaren zain. Ispiluan neu azaltzen naiz bakarrik, zuri-zuri bisaia, begizulo sakonak, sorbaldetarainoko ilea.