KRISTALEZKO BULARRAK
Urkijo kaleko etxe alokatu batean bizi ginen laurok. Lehenbiziko pisuan; gure gainean beste bi pisu zeuden, eta gure azpian, litxarreria denda baten ondoan, udaletxeko zergak biltzen ziren bulego txiki bat.
Auzo hartako kale printzipala zen Urkijo. Beti jendez irakiten...! Goizez, haren espaloiak etxekoandre presatuz eta mordoxkatan bilduta apal mintzo ziren lanik gabeko gizonez betetzen ziren. Arratsaldez, ama gaztez eta umez marruma izugarria. Gauean berriz, ni beren errukigabekeriagatik beti beldurtu nauten mutil gazte kuadrilak irteten ziren. Nik, txikitan, kukurrukaturik ohean, haien mozkor-orru eta burrukak entzuten nituen, eta kanpoko argiek gelako sabai-paretetan proiektatu itzaletan presentzia misteriotsuak ikusten nituen. Eta katuak. Sinisgaitza da, gure auzogune hartan zenbat katu zebilen. Ni, gau batzutan katakera ziren eme haien marroek esnatzen ninduten eta hantxe, gure etxeko kantoian, ume koxkor bati sabela irekitzen ziotela, imajinatzen nuen.
Luziak, berriz, oso ondo egiten zuen lo. Zenbat orduz egiten zuen...! Eta amak, arraboska, noizpaiteko batean jeiki zedin lortzen baldin bazuen ere, atzera bazkalondoan arratsaldeko klaseetara gabe bere ohean sartzen zen Luzia aldebateko plazerrez. Niretzat, ikusgarria zen Luzia nagiak ateratzen zituenean esnatu eta gero. Eta berak ere, ni begira nintzela jakinik, luzatu egiten zituen momentu goxo haiek, irribarrez eta gogoan atxikita gelditu zaizkidan oihuska zoragarri batzuk eginik.
Bion gelak elkarren ondoan zeuden, etxe gibelean, gure leihoek parez pare beste etxe bateko leihoen kontra jotzen bait zuten, inor gutxi igarotzen zen kale ziztrin bat erdian.
Agian ume baten ametsak horren leku estuan kabitzen ez zirelako neure barnera begira jarri nintzen ni; uste dudanez, hamaika urterekin idatzi nuen nire lehenbiziko poema.
Gure aitak «Elur» izeneko argitaletxearentzat lan egiten zuen eta, hortik ezer gutxi ateratzen baldin bazuen ere, bihotz-gaitz larri bat izanik, pentsio bat kobratzen zuen ni oroitzen, hirurogei mila pezetatakoa.
Aitak ez zuen ia inoiz etxetik kanpo lanik egiten, eta eguna liburuak irakurtzen eta haiei buruz oharrak hartzen ematen zuen. Haren liburuteka etxeko beste geletatik apartetxo zegoen, sarreratik abiatzen zen korridore oker batek zeramalarik hara. Gela hura zen bestalde etxekoetatik ekialdera jotzen zuen bakarra. Horregatik ere goizeko eguzkia txit maite dudalako, neure opor eta jaiegunetan, aita kanpoan zenean, hango besaulki bigun eta lekutsuan eseritzen nintzen, zirela Salgari eta Verne, zirela geroxeago Poe, Lorca edo Xolojov irakurriz.
Ondikoz, gure aita gizon debila zen, eta bere tristealdietan alkoholera jotzen zuen ardura. Liburutekan jasoa whisky botila bat izaten zuen baina okerrena bere lagunekin irteten zelarik izaten zen, mozkormozkor eginda itzultzen zen eta, hitzik esateke, adurtsu eta mudurri sartzen zen ohera. Nik, amagatiko penaz eta aitak egin zezakeenagatiko beldurraz, apenas lo egin nezakeen horrelako gauetan.
Amaren irudia beti koadro urdin txikiekiko amantala jantzita gogoratzen dut, sukaldean, gixatzen edo sos batzuk irabaztearren egiten zuena kanporako arropak josi eta petatxatzen. Beti egoten zen aita edo arreba oraindik etxera heldu ez zirela-ta arrankuraz. Nerbiosoa zen eta ez zekien isilik egoten. Ni, askotan, bere aieneak ez aditzeagatik, liburu bat hartu eta arratsalde osoa pasatzen nuen nire gelan itxita.
1985eko uda hartan nik hamazazpi urte nituen eta Luzia, arrebak, beraz, hamabost. Ni unibertsitatean sartzekoa nintzen eta Luzia, berriz, Santa Clarako Institutoan ari zen oraindik.
Ordea Luzia ez zen batere estudiozalea. Amak behartuta joaten zen Institutora baina, hark askotan egiten zuena zen, hara gabe, lagun pare batekin elkartu eta kafetegi batera edo gure etxetik goraxeago zegoen parke moduko batera buelta bat ematera joan.
Luziak dantzaria izan nahi zuen. Dantzaria... erabat. Hawaira edo Afrika beltzera joan behar zuela esaten zuen eta, horrelako paradisuez hitzegiterakoan, aurpegia botz-argitu egiten zitzaion. Luziak bazuen, aita gurekin oroitu zen batean erregalatuta, tokadisko bat, garai hartan arratsero piztu ohi mena. Dozena bat disko besterik ez zuen: Miguel Bosé, Dire Straits, Benito Lertxundi... Azkenean, haien kanten letra gehienak arras ikasi zituen, goraki eta noiznahi errepikatzen bait zituen. Luziaren gela kantari posterrez apainduta zegoen. Poster haietako batean bi gazte, larrubixirik, musu amoltsu batean elkartzen zirela oroitzen naiz.
Egun kaskar batean aitak, ez bait zen beti alabarekin ulerkor, kasualidadez haren gelara sartu eta poster hura ikusitakoan «umekeriak!» egotzi zuela gelditu zait gogoan.
Luzia pertsonalitate handiko neska zen. Harro zen bere buruaz, eta zeukan indar hura dudarik gabe etxean beste inork ez geneukana erakustea gustatzen zitzaion. Mutilak are bera baino zaharragoak ziren mutilak ere menperatu egiten zituen haiei beti gustatzen ez zitzaiena, sentsualitatez beteriko bere lazotasunaz. Beraz grina zitezen, besteen desiogai izatea zen bizitzan gehien gustatzen zitzaiona. «Nire ipurdiak erotu egiten dizkin», aditu nion behin Maria, laster bere gurasoekin Madrilera bizitzera joan zen bere lagun onenari esaten biak gogoratzen ditut, arrebaren ohean jarrita, bata bestearen ileaz jolasten, mutilei buruz...
Gure auzo hartan bazen diskoteka bat, «Granada» izena zuena, Luzia asteburuetan hara joaten hait zen lagunekin dantza egitera. Bere unerik atsegintsuenak haiexek izango zituen. Aste egunak berriz, eta beharrak behar, paseatuz, lo eginez, disko haiek entzunez, eta ispiluaren aurrean, bere buruari begira igarotzen zituen. Ikasi itxurarik ere ez zuen egiten, eta asignatura suspendituen zerrenda ekartzen zuelarik etxera, amaren ateleka eta gero, instant batez muturtu egiten zen baina, gero segituan «ze ongi, bat aprobatu dut!», esaten zidan niri, xoro-xoro, eta hurruna atzera pozez kantari somatzen nuen bere gelan. Nik halaxe maite nuen arreba baina amari, jokabide axolagabeti hori zelajkausa, hainbesterainoko kezka barneratu zitzaion, ze zorionez, aldi bakar batean Luzia psikiatragana eramatera iritsi hait zen.
Ama alaba galduta zegoela sinistuta zegoen. «Neska zirrista, edozein egunetan haurdun etorriko zaigu».
Niri kejatzen zitzaidan gehienetan, aitari ez bait zitzaion horrelako saltsatan bustitzerik gustatzen. «Mutilak xoratzea gustatzen zaio esaten nion nik, zer du txarrik horrek?» «Zer du txarrik, zer du txarrik? erantzuten zidan amak, mikatz-muxinki. Ikusiko dugu!»
Gure familiak, gainerantzekoan, ez zuen ongi funtzionatzen. «Elustondo» jatetxean egin genuen bazkariaz gogoratzen naiz. Aita, ama, Luzia eta laurok joan ginen. Gogoratzen naiz Luziak, momentu batean, aitaren familiako senide batzugatik, haiek «zahar momorro» batzuk zirela komentatu zuela. Aita harritu zen baina, beragatik, hain zegoen uxkur eta errebes, pasatzen utziko hait zuen, amak ordea, ez gisa hartan hitzegiteko, egin zion arrebari errixta. Luzia defenditu zen, aita amaren alde jarri zen... Azkenean, denok nik ere parte hartu hait nuen, arrebaren alde haserretu eta postrerik hartu gabe aldegin genuen handik. Oso ondo gogoratzen naiz zeren eta hura, motibu bikoitzaz egin genuena, izan ere Luziak hamabost urte bete zituen, eta nik egun haietan honakoxe beka erreusitu nuen, zeren eta hura, diot, lauon azkeneko «bazkari familiarra» gertatu bait zen.
Etxea ama eta Luziaren artean polarizatuta zegoen. Maiz, Luzia eta biak arropa kontu hutsal batengatik hasten ziren eleketa. Igual kolore bizi eta gona motxmotxekiko soineko bat jantzi zuen arrebak eta hura aldatzeko, esaten zion amak. Ezetz, ez zuela aldatuko, Luziak. «Zergatik joan nahi duzu horren probokatiboa? Zergatik ez zoaz zure adinekoak bezala?», kejatzen zen ama, begibera. Luzia gauza haiekin desesperatzen zen. Behin bere gelan mukerraldi haietako batean oihuka aldarrikatu zuenez, amak inbidia zion, zaharra bait zen eta gizonek ez bait zioten gehiago begiratzen.
Nik uste dut bizimodu hertsi eta gexalak, batetik, eta horrelakoetan naturala ere baden alabagatiko beldurrak, bestetik, eraman zutela ama Luziaren nortasun ireki eta antsigabeko hura onartu nahi ez, edo ezin izatera.
Noski azkenean gura zuena egiten zuen arrebak: pasa eta gero ordubete duda-mudaketa, gehienetan bere galtza bakero beltzak eta kotoizko brusa txuria jazten amaitzen zen. Neska polita zegoen! baina, haiek zikin bazituen, edo ez bazuen bere gustokorik topatzen, akabo ziren etxeko bakeak!
Uda hartako larunbat umel batean, ama eta biok enkargutan ibili ginen eta, itzultzerako, Luzia ez zen etxean. «Granada»n izango zela, esan zigun aitak. Gau hartan izorratu zuten. Zazpi edo zortzi mutil izan ziren, auzokoak, hamalau-hamabost urtekoak, batzuk berarekin Institutoan ibilitakoak. Nabala baten mehatxuz pinudi batera eraman eta bata bestearen ondoren bortxatu zuten.
Ondoko aste bietan, ez zuen Luziak etxetik ezertarako atera nahi izan. Bapatean, haren bizi nahia, haren boztasuna zeharo suntsitu ziren, arront gaixkitu zen eta besteok ez ginen behar bezala kontsolatzera iritsi: amak txarki, gogor erabili zuen orduan, bronka latza izan genuen etxean; aita berriz ere alkoholean errefuxiatu zen eta ni, zor, imixila bezala gelditu nintzen, ez bait nuen arrebarentzako maitasun hitzik aurkitu... Abuztuaren azkeneko astean Californiara etorri nintzen.
Engoiti, amaren malkoez lausoturiko gutunen bitartez izan nuen Luziaren berri. Ikasketak utzi zituen eta, itxuraz, ikaragarri ahul eta meihar gelditzen ari zen. Lehengo lagunekin ateratzeari utzi eta mutil motorizatu bat bide zen, askotan, etxera bere bila joaten zena. Mutil harekin alde egin omen zuen, gero, ustez Andaluziara, ez bait genuen haren beste berririk izan.
Gutun horietan ez zidan aitaz ezer esan sekula (aitak berak «musuak» sinatzen zuen inoiz), baina nik, amets batean, delirium tremensarekin hospitalera zeramatela ikusi nuen.
Lehengoan, belar-gau batean, Luzia agertu zitzaidan etxeko korridorean. Haren begizulorik, haren masail agorrak, haren irribarre maxkala... Harekin hitzegiten saiatu nintzen baina berak, pikatzen ari zela antzeman niola ulertu bait zuen, ebitatu ninduen...
Badakit koldar hutsa naizela, ez bait dut inoizko oporretan hara itzultzeko adorerik izan minak atxiki nau. Behin baino gehiagotan, hamalau urte zitueneko Luziaren argazkiari begira, bere dantza-ametsak eta bere sotiltasuna gogoan, burua almohadan ixkutatuta negar egin dut.
Hiru urte luze hauetan, Luziaren neska usain mehe eta xarmanta emeki emeki galduz joan naiz.
Amari bada urtebete idazten ez diodala: karrera ez bukatzea erabaki nuenetik, hain zuzen ere. Lehengo apirilean Kristalezko bularrak, nire lehen ipuin sorta argitaratu nuen; aitari bidaliko nioke, baina galdu dut esperantza. Gauez, ahal dudalarik, idatzi egiten dut. Egunez, Olympic zumardiko «Amhorangi» jatetxe korearrean lan egiten dut, sukaldean.